Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Kurtso honen hasieran euskal udalek jardunari berriro ekin diote testuinguru zail eta konplexuan, osasun-, gizarte-, eta ekonomia-erronka hirukoitzarekin. Covid-19k dena aldatu du. Birusa ez da betiko hemen egongo, baina aldi batez berarekin bizitzen ohitu beharko dugu, osasunean eta ekonomian ahalik eta inpaktu txikiena eragiten duela ziurtatuz.

Krisi honen irtenbideak konpromiso kolektiboa eskatzen du gizarte gisa; eta, berriro ere, euskal udalok urrats bat egiten dugu konponbidearen parte aktibo izateko. Pertsonengandik hurbilen baikaude, herri eta hirietako errealitatea eta aniztasunaren ezagutza pribilegiatua baitugu.

 

Gorka Urataran, EUDELen Elkarteburuaren audioa

Konpromiso partekatu honetatik, EUDELeko Batzorde Eragileko alkateok adierazpen hau sinatzen dugu mezu bikoitza helarazteko, lehena, gizartearentzat; bigarrena, gainerako erakundeentzat.

Lehenik eta behin, elkartasuna eta erantzukizun soziala, indibiduala eta kolektiboa arren eskatzen ditugu.

Udalerria da elkarbizitza eta gizarte-harremanak ehuntzen diren espazioa. Gure herri eta hiriak dira “normaltasun berrira” iragateko eta pandemia elkarrekin gainditzeko lekua. Beraz, beharrezkoa da denok gure osasuna eta gainerakoena, gure seme-alabena eta gure adinekoena zaintzeko konpromisoa hartzea.

Osasun-larrialdi egoeran ezinbestekoa da arauak zorrotz betetzea eta arduratsuak izatea osasun-agintarien gomendioei jarraituta. Zuhurtzia eta arreta une oro eta leku guztietan, etxean, kalean, lanean, klasean, familia- eta lagun-topaketetan, merkataritza-, kultura-, kirol- eta aisialdi-jardueran…

Udal-eremuan eragile askok hartzen dute parte, eta orain, inoiz baino gehiago, horien guztien arteko elkarlana eta koordinazioa funtsezkoa da, tokiko engranajea, komunitatea, ibilarazteko.

Udal, elkarte, gizarte-erakunde, merkataritza eta ostalaritza, enpresa eta pertsona ekintzaile, familia… guztiok, gazte eta nagusi, lagundu dezakegu eta lagundu behar dugu gure udalerriak ingurune osasungarriak eta seguruak izan daitezen, batez ere pertsona eta kolektibo ahulenentzat.

Izan gaitezen solidarioak, zaindu dezagun gure eta ingurukoen osasuna. Babes ditzagun gure udalerriak, bizitzarako, ongizaterako eta oparotasunerako leku eta topaketa izaten jarrai dezaten.

Bigarrenik, udalak eragile giltzarri gara euskal erakunde-sisteman, eta, horrela izanik, Euskadiren susperraldian eta eraldaketan dugun parte-hartze aktiboa aintzat hartzea eskatzen dugu, betiere udal autonomia errespetatuz, eta Toki Erakundeen Legean aurreikusitakoaren arabera, finantza-nahikotasuna errespetatuz.

Gobernu-maila ezberdinen elkarlanean, osasuna babesteko, ongizatea bermatzeko eta familia- eta enpresa-ekonomia babesteko toki-erakundeek duten ezinbesteko eginkizuna balioestea eskatzen dugu.

Udalok ere bagara erakunde giltzarriak eraldaketa sozial, digital, energetiko eta ekologikoa gure herri eta hiri bakoitzean gerta dadin. Garapen Jasangarrirako Helburuetan edo Green Deal Europako itun berdean zehaztutako jomugen ildotik.

Horregatik guztiagatik, Euskadirentzat aurreikusitako ezohiko funtsak euskal udal guztietara irits daitezen eskatzen dugu.

Era berean, Euskadik duen foru-berezitasuna defendatzen dugu, udal-sistema eta -egitura bereizi baten bidez, Ekonomia Itunean oinarrituta. Marko propio honen defentsan, euskal udalok ezin dugu bereizkeriarik jasan gure finantzaketa indartzeko aukerei dagokienez.

Erakunde hurbilenak izanik, herritarrekin benetako konpromiso irmoa hartzen dugun garai honetan, gizartearen eta planetaren erronka berriei aurre egiteko baliabide egokiak behar ditugu.

Hauek dira EUDELeko Batzorde Eragiletik euskal alkateen izenean helarazten ditugun mezuak. Helburu partekatu batetik sortzen diren bi mezu, guztion onerako lan egiteko helburutik, herritar bakoitzaren onerako. Haren konfiantzak bultzatzen gaitu herrialdea aurrera eramateko atsedenik gabe lan egiteko konpromisoan. Udalok lehen lerroan jarraituko dugu, eragile guztiekin elkarlanean, elkar hartuta, gure lehen lorpena gizarte osoaren baterako ekintza izango baita.

Bilbon, 2020ko irailaren 10ean.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuen (EELZ) erabiltzaileei gogorarazten zaie maskara erabili behar dutela laguntzaileek etxeetan zerbitzua ematen dieten bitartean, adierazitako egoeretan maskara erabiltzetik salbuetsita badaude izan ezik.

Osasun Sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduak ezartzen duenaren arabera, 6 urtetik gorakoek maskara erabili behar dute nahitaez, orokorrean; Aginduaren Eranskinaren 1.3.4. puntuan, zehazki, honakoa adierazten du: “Bizikideak ez diren pertsonen kasuan, espazio pribatu irekietan zein itxietan egindako bileretan edo sortutako taldeetan maskara erabiltzea gomendagarria izango da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsita ere”.

Jarraibide hori bera Osasun Sailak eta Osakidetzak prestatutako agirian ere jasotzen da: Gomendioak. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak “Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI” izeneko Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatzen duten bi aginduak, Osasun sailburu Nekane Murgarena eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltran de Herediarena, eta Iñigo Urkullu Lehendakariaren dekretua argitaratu ditu gaur, astelehena, abuztuak 17. Hala, Iñigo Urkullu Lehendakariak hartuko du bere gain “Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI” izeneko Euskadiko Babes Zibileko Planean jasotako larrialdiko jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa, Covid-19ren hedapenaren ondoriozko osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean. Hauek dira hiru arauak:

Osasun Sailak hartutako erabakia jakinarazten zaizue non, Eudelen elkartebuari komunikatu ondoren, udalei eskatzen zaien udalekuak ixteko.

COVIDaren datuen bilakaeraren aurrean, hori da Osasun Sailak eta Osakidetzak gaur hartu dituzten prebentziozko eta behin-behineko neurrietako bat, hala nola eguneko zentroen aldi baterako itxiera, eta egoiliarren irteerak murrizketa eta bisitak mugatzea.

Atzoko egunean, Osakidetzak egindako 4.997 PCR probetan 115 kasu positibo detektatu ziren: 9 Araban, 43 Bizkaian eta 63 Gipuzkoan.

Testuinguru horretan, berriz ere erantsi da udalentzako gomendioen dekalogoa, euskal udalerrietan komunitate-transmisioa prebenitzeko.

Osasun-agintariek bereziki azpimarratu dute, Udalen lankidetzarekin herritarrak eta tokiko kolektiboak kontzientziatzeko, maskara nahitaez erabili behar dela, eta zorrotz bete behar direla epidemiaren hedapenari eusteko ezarritako neurriak.

Bilbon, 2020ko uztailaren 16an. Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak eta Jose Antonio Santano eta Nagore Alkorta elkarteburuordeek adostu dute beharrezkoa eta egokia dela udalei dekalogo bat ematea, Euskadiko udalerrietan COVID-19aren transmisio komunitarioak prebenitzeko gomendioekin. Pandemiak eragindako egoera era koordinatuan kudeatzeko Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin EUDELek duen lankidetza estuaren barruan egin da dokumentua.

 

AUDIOA JEITSI

Dokumentu honekin, EUDELek eta Osasun Sailak agerian jartzen dute udalek, gizartearengandik hurbil egonik, egiten duten lana zer garrantzitsua den jendea kontzientziatzeko eta erantzukizun indibiduala nahiz kolektiboa eskatzeko, autobabesari eta kutsatzeak hedatzearen prebentzioari dagokienez.

Elkarlana, elkartasuna y “komunitate-sena”

Dekalogoaren testuinguruan, Gorka Urtaran elkarteburuak hiru mezu helarazi ditu egungo egoera ikusita eta udalek pandemiaren transmisioa prebenitzeko duten eginkizuna ikusita:

Lehenik, adierazi du alkateen “kezka handia” bizilagunen osasuna babesteko. Gorka Urtaranek udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanaren balioa azpimarratu du, Osasun Sailarekin izandakoa bereziki.  “Konfiantza izan dezakegu gure osasun-zerbitzu publikoetan eta lan handia egiten ari diren Osakidetzako langile guztiengan”.

Bigarrenik, udalen eginkizun inportantea nabarmendu du udalerriko gizarte-eragile guztiekin, merkatari, ostalari, elkarteekin koordinatzeko“Baina hau ez da nahikoa” adierazi du, “herritarren lankidetza behar da, ezinbestekoa da guztiok inplikatzea, erantzukizun kolektibotik eta norberarenetik” “Elkartasunez, elkarri lagunduz, eta, azken batean, komunitate-senez”.

Gaur bidali zaie dekalogoa alkate guztiei, eta, bertan, antolakuntzari buruzko jarraibide orokor batzuk ematen dira, udalen jardun zuzena orientatu eta indartzeko, betiere, herritarren eta udalerriko eragile sozialen inplikazioa kontuan hartuta. Neurrien zerrenda batez ere udari begira eginda dago, festak edota baimen gabeko jarduera oro egitea eragozteko, jende-pilaketak eragin baititzakete, eta, ondorioz, epidemiari eusteko ezarritako osasun betebeharrak eta neurriak ez betetzea eragin.

Gomendioak udalerri bakoitzaren berezitasunetara egokituko dira, tokiko autonomia oinarri hartuta, eta, betiere, eboluzio epidemiologikoari erantzuteko une bakoitzean indarrean dagoen araudia errespetatuz.

EUDELen udalentzako jakinarazpena, gaur euskal alkateei bidalia, herritarrei maskara erabiltzeko mezua indartzeko:

Datorren uztailaren 16an, ostegunarekin, omenaldia egingo zaie pandemiaren biktimei, eta COVID-19aren aurka borrokan aritu eta ari diren osasungintza-langileei eta pertsona eta kolektibo guztiei.

Egun horrek sinbolo ere izan nahi du, gizarte gisa dugun baterako erronka honi erantzuteko eremu guztietako erakunde guztien elkarlanaren sinbolo.Egun, prebentzio- eta babes-neurriak gaixotasunaren hedapena geldiarazteko tresnarik eraginkorrena direla dakigu guztiok.

MASKARA, bereziki, bada eta izaten jarraitu behar du beharrezko eta funtsezko elementua gure herri eta gure hirietako eguneroko bizitzan. Tokiko erakundeetan gure eginkizuna giltzarri da hiritarrak maskara erabiltzen kontzientziatzeko, norbera babesteko eta besteekiko elkartasuna izateko.

Udalak funtsezkoak gara maskararen kultura udalerri guztietara zabaldu dadin. Gure mezua biztanleengandik hurbilago egon daiteke, horrekin bizitzak salbatzen lagun dezakegu eta, ondorioz, osasungintza-langile guztiek egindako lana indartu.

Gure ustez, horixe da, hain zuzen ere, gure osasuna eta gure bizilagunena babesten eta zaintzen duten pertsona guztiei egin diezaiekegun aitorpenik eta esker onik zintzoena.

Hortaz, uztailaren 16ko omenaldiaren markoan, udalerrietan egin litezkeen ekitaldi eta mota guztietako ekimenak direla, EUDELek Euskadiko udalak gonbidatzen ditu maskararen erabilera sustatzera eta gogoraraztera hiritarrei zuzendutako ohar eta/edo adierazpen publikoetan.

Gorka Urtaran

EUDELen Elkartebu

  • Beldur Barik programaren barruan, uda garaian errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jarrerak bultzatzeko helburuaz egin da
  • Kartel bat eta eraso sexistak prebenitzeko gida bat jarri dute eskuragarri jairik gabeko uda berezi honetan erabiltzeko

 

“Eraso sexistarik gabeko uda” kanpaina, eraso sexistak prebenitzen laguntzeko sortutakoa, Beldur Barik programaren barruan kokatzen da, urtero Emakundek bultzatu, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak laguntzen duten gazteei zuzendutako kanpainan, hain zuzen ere.

 

Aurreko urteetan jaietako eraso sexistak prebenitzeko kanpaina egin da, baina Covid-19aren pandemiak eragindako aurtengo egoera berezia ikusita, kanpaina ez da jaietan oinarritu baizik eta udan, orokorrean.

 

Eraso sexistak prebenitzea guztion kezka da: herritarrena eta erakundeena, bereziki tokiko eremuko erakundeentzat, hiritarrengandik gertuen daudelako. Horregatik, eta udan ere errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarduerak bultzatzeko helburuz, Beldur Barik programaren barruan zenbait material eskaini zaizkie EAEko udalei haien bidez herritarrak gai horrekin sentikortzera eta inplikatzera zuzendutakoak. Kartel bat eta eraso sexistak prebenitzeko gida bat.

Udalei bidalitako material hauekin, indarkeriaren kontrako irudi bateratu bat bilatzeaz gain,  lortu nahi  da herrietan lan-prozesu ezberdinak sortzen joatea,  gazteekin,  aisialdi-giroetan eman daitekeen biolentzia sexuala antzemateko, prebenitzeko eta hari aurre egiteko banakako zein taldeko erantzunak garatzeko.

Kanpaina bultzatzen duten jarrera aktiboa eskatzen dute emakumeak errespetatzen ez dituzten edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra.  Errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrera. Eta gazteei espezifikoki baina hiritar guztiei deia egiten diete euren inplikazio eta jarrera aktiboarekin, udan ere jarrera sexistarik gabeko espazioak sortarazten laguntzeko.

JEITSI KARTELA