Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Hilaren 31n argitaratu zen EHAAn 2018ko uztailaren 30eko Agindua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira immigrazioko teknikarien kontratazioaren jarraipenerako eta erakunde publikoek immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko oinarriak eta laguntza horietarako deialdia egiten baita 2018. urterako. Argitaratutako iragarkiaren esteka digitala bidaltzen dizuegu honekin batera.

EHAA:https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2018/08/1804387e.shtml

*Oharra: Kontuan hartu behar da aurtengo deialdian, lehenbiziko aldiz, tramitazio telematikoa ezartzen dela.

  • Udalei informazioa eta laguntza teknikoa emango zaie Eraikinen Ikuskapen Teknikoen tramitazioa arintzeko eta, ondoren, Euskoregite plataforman erregistratzeko
  • Etxebizitza Sailak 460.000 euro bideratuko ditu jardunak finantzatzera
  • Eraikinen Ikuskapen Teknikoa funtsezko tresna da bizitegi-parkea baldintza egokietan mantentzeko eta eraikinak birgai daitezen eta hiri-eremuak biziberri daitezen sustatzeko

Etxebizitza Sailak eta EUDELek hauteman dute Euskal Autonomia Erkidegoko udal ugarik zailtasunak dituela Eraikinen Ikuskapen Teknikoak (EIT) kudeatzeko eta, gero, erregistratzeko —araudiak ezartzen duen moduan—.Izatez, udal ugarik aditzera eman du haientzat karga handia dela kudeaketa horren ondoriozko zeregina eta zailtasunak dituela lan karga hori bere gain hartzeko. Hori da, hain zuzen ere, gaur goizean Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Imanol Landa Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) presidenteak sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren jatorria. Lankidetza-hitzarmenaren helburua da udalei beharrezko informazioa eta laguntza teknikoa ematea, EITen kudeaketa koordinatua egiteko Euskoregite plataforman erregistratzetik abiatuta —udalek beraiek egin behar baitute hori—.

EUDELeko Elkarteburu Imanol Landak azaldu duenez, “Etxebizitza Legeak jabeei eurei egozten die beren eraikinaren ikuskapen teknikoa gauzatzeko betebeharra, eta udaloi dagokiguna da aurkezten diren EITak erregistroan inskribatzea eta ondorengo kudeaketa egitea.” “Hitzarmenaren xede nagusia da udaleko pertsonal teknikoari baliabideak, prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea. Era horretan, EAEko Udal guztiek beharrezko laguntza teknikoa izango dute, beren-beregi gai honi erantzuteko prestatua, udalerri bakoitzaren ezaugarri berezietara egokiturik.” azpimarratu du Imanol Landak.

Zentzu horretan EUDELetik, beraz, udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko solaskidetza eta koordinazioa antolatuko da. Gainera, prestakuntza-saioak sustatuko dira, funtzio hauetan jardungo duen pertsonal teknikoaren gaikuntza sendotzeko.

HITZARMENA

Lau urteko iraupena izango duen hitzarmen honen bidez, Etxebizitza Sailak bere gain hartuko du EITak hobeto kudeatzeko beharrezkoak diren baliabide materialak diseinatzeko eta ezartzeko zeregina, udalek dituzten beharrak kontuan hartuta. Era berean, Sailak konpromisoa hartu du Eraikinen Ikuskapen Teknikoen erregistro integratuaren plataforma (Euskoregite) mantentzeko eta horren eguneratzeak udalen esku jartzeko. Bestalde, EUDEL arduratuko da Etxebizitza Sailaren eta udalen arteko bitartekaritzaz eta elkarrizketaz. Gainera, udalerrietan funtzio horiek betetzen dituzten langileen trebakuntza hobetzeko prestakuntza-jardunaldiak sustatuko ditu.

Etxebizitza Sailak bere gain hartuko du jardun horien kostua, 460.000 euroko kontu-saila bideratuko ditu aurrerantzean.

Euskadik Europa hegoaldeko parke eraiki zaharrenetako bat du. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 163.642 eraikinen % 43 1961. urtearen aurretik eraiki ziren, 2011ko erroldako datuen arabera. Hortaz, 70.000 higiezinek baino gehiagok dute 50 urtetik gora, eta 2020an kopuru hori 89.000 eraikinera arte iritsiko da.

Etxebizitzari buruzko Legeak garrantzi handia ematen die EITei, funtsezko tresna baitira bizitegi-parkea baldintza egokietan mantentzeko eta eraikinak birgai daitezen eta hiri-eremuak biziberri daitezen sustatzeko. Etxebizitzari buruzko Legeak ezartzen du bizitegi-erabilerako eraikinak unean une zehazten diren bizigarritasunaren eta segurtasunaren arloko eskakizunetara zein irisgarritasunaren arloko eskakizunetara egokitu beharko direla eta egokitzapen hori pertsonal eskudunak egindako ikuskapen teknikoen bitartez egin beharko dela.

Ildo horretan, eraikinen ikuskapen teknikoko txostenen ondorioz finkatutako konponketetarako edo birgaitzerako neurriak eta jardunak adierazten diren epeen barruan ez gauzatzea arau hauste oso larritzat jotzen da, baldin eta jardun horiek berehalakoak edo premia handikoak badira. Eta 50 urtetik gorako eraikin eta etxebizitza guztiek EITa pasatzeko betebeharra ezarri da. Halaber, eraikinaren EITa edukitzea ezinbesteko baldintza izango da Etxebizitza Sailak birgaitzearen, energia-efizientziaren eta irisgarritasunaren arloan ematen dituen laguntzak eskuratzeko.

Eraikinaren kontserbazio-egoera

Euskal Autonomia Erkidegoan 2012. urteaz geroztik indarrean dagoen Eraikinen Ikuskapen Teknikoa da higiezinen kontserbazio-egoera zehazteko aukera ematen duen tresna bakarra; izan ere, eraikinaren beraren eta ur-hornikuntzako eta -hustuketako instalazioen egitura- eta eraikuntza-kontserbazioaren egoera jasotzen du, eta, eraikinaren egoerari buruz ez ezik, energia-efizientziaren eta irisgarritasun unibertsalaren arloan hobetu ahal izateko aukerari buruz ere informatzen du.

Horrez gain, etxebizitzei legez eska dakizkiekeen arlo horietako oinarrizko baldintzak betetzen diren ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa ematen die administrazio publikoei, eta, hartara, birgaitzeko eta biziberritzeko neurri egokiak hartzeko aukera ematen du.

Arriola sailburuak oso balorazio positiboa egin du EUDELekin lortutako akordioari buruz: “Badakigu EITak aurkezteak ahalegin gehigarria eskatzen diela udalei, udalek baitute hirigintzaren arloko eskumena; hori dela eta, baliabide ekonomiko handiak bideratu ditugu udalei haien udalerrietan EITak kudeatzen eta, gero, erregistratzen laguntzeko”. “Herritarrek”, erantsi du, “jakitun izan behar dute EITa pasatzea dela haien eraikinaren segurtasuna bermatzeko modurik onena, baita askoz ere kostu handiagoko konponketak aurrezteko modurik onena ere, autoen azterketa teknikoekin gertatzen den bezalaxe. Horregatik, udalekin soinez soin lan egin nahi dugu parke eraiki seguruagoa, irisgarriagoa, energiaren arloan efizienteagoa eta bertan bizi direnentzat erosoagoa edukitzeko”.

Ildo horretan, Iñaki Arriolak jakinarazi du Sailak ia prest duela EITei buruzko beste dekretu bat, orain arte indarrean dagoen araudia eguneratzen eta argitzen duena, eta laster Gobernu Kontseiluari igorriko diola honek onar dezan.

Parte-hartzaileak: Imanol LANDA, EUDELeko Elkarteburua eta Getxoko alkatea, Jose Antonio SANTANO, elkarteburuordea eta Irungo alkatea, Garazi Lopez de ETXEZARRETA, elkarteburuordea eta Errenteriako alkateordea; eta Eudelen Batzorde Eragileko hautetsi kideak.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 12a.

Euskadiko udalerrietako alkateak Vitoria-Gasteizen bildu dira gaur EUDELen Ohiko Batzar Nagusia egiteko; aurten, Arabako hiriburuko Europa Jauregian izan da.

Batzarra EUDELen elkarteburua eta Getxoko alkatea den Imanol Landaren gidaritzapean egin da, eta harekin mahaian egon dira Irungo alkatea, Jose Antonio Santano, eta Errenteriako alkateordea, Garazi López de Etxezarreta, biak Euskadiko Udalen Elkartearen elkateburuordeak.

Bileran garrantzitsua izan da, halaber, EUDELen Batzorde Eragilearen gainerako kideak ere egon izana, baita Vitoria-Gasteizko alkatea, Gorka Urtaran, eta, Bilbokoa, Juan Mari Aburto ere. Donostia/San Sebastiángo alkateak Jaime Dominguez-Macayaren esku utzi zuen bere jarduera.

2018ko Batzarrak Euskadiko Udalen Elkartearen jardueraren balantzea egiteko balio izan du, eta, halaber, udaletan lehentasun diren gaiak gogoratzeko; aldi berean, legealdiko azken txanpa da, ikasturte politikoa amaitu aurretik, eta gero 2019ko udal- eta foru-hauteskundeetara abiatuko da. Etorkizun hurbileko erronkei dagokienez, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea (ETEL) jorratu da, indarrean jarri zenetik bi urte pasatu ondoren.

Bilera, gaur, goizeko 11:00etan hasi da, Gorka Urtaran alkate anfitrioiaren ongietorri-hitzaldiarekin. Ondoren, EUDELen elkarteburuak, Imanol Landak, eguneko gai-zerrendaren puntuak aurkeztu ditu, eta, horien artean, Elkartearen aurrekontua onartu da, 2018ko ekitaldiari dagokiona. Zehazki, 2.958.769 eurokoa izan da guztira EUDELen funtzioak garatzeko zenbatekoa, eta funtzio horiek dira, hala nola, EAEko udal guztiei aholkularitza tekniko-juridikoa eskaintzea eta udal-kudeaketari laguntzeko zerbitzuak ematea.

Imanol Landa elkarteburuak berak Batzarreko kideei jakinarazi die EUDELen zerbitzu-eskaintza berria: aurten, beste behin ere, asmoa da udal txikiei emandako laguntza sendotzea (haiekin egon eta laguntzarako tresnak eman), eta, gainera, udal guztientzako dokumentu-ereduak egin dira, zeinak erreferentziazko ereduak izango diren Euskadiko udalerri guztietarako, orokorrean. Adibidez, Izapideen Eskuliburuak, kudeaketa elektronikora pasatu aurretik, eta Kontratazioko Baldintza-agiriak, Sektore Publikoaren Kontratuen Lege berriari egokitutakoak. Berdintasunaren arloan, eta Emakunderekin lankidetzan, aurten prozedura komuna egin da, uda-arauetan genero-inpaktuari buruzko ebaluazioak egiteko. Urtearen bigarren seihilekoan diseinatuko dira genero-indarkeriako erasoei aurre egiteko aholku-gidak nahiz tokian-tokiko erantzuna emateko eta prebenitzeko protokoloak.

Zenbait arloren artean, EUDELen 2018ko jarduera-balantzean gai hauek azpimarratu dira: tokiko berrikuntza, kudeaketa elektronikoa bultzatzea eta interoperabilitatea oinarri duena; lurralde bakoitzean Gizarte Zerbitzuen Mapak hedatzea; euskararen sustapena udaletan, edo funtzio publikoa, tokiko erakundeen langileentzako ‘Udalhitz’ hitzarmenaren negoziazio kolektiboarekin.

Aldi berean, EUDELek jarraitzen du udalen arteko sareak sendotzen, adibidez Berdinsarea, berdintasun arloko langile teknikoentzat, edo Basqueskola, Euskadiko emakumezko alkate eta zinegotzientzat; horrekin batera, Europan lankidetza-proiektuak bultzatzea, esaterako, Gobernantza onaren arloan Europako Kontseiluarekin egiten dena (ELoGE Zigilua), edo Europako Herrien eta Eskualdeen Batzordearen (CMRE) kide gisa, eta horrek aukera eman dio EUDELi, Bilboko Udalarekin batera, “Berdintasuna, Dibertsitatea eta Inklusioa” konferentzia antolatzeko, ekainaren 11tik 13ra.

Arkaute, 2018ko uztailak 4.

Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak gaur onartu du Euskadiko Udaltzaingoaren bigarren hautaketa-prozesu bateratuko kudeaketa-agindurako hitzarmena, eta lehenengo aldiz sartuko dira hiru hiriburuak. Guztira Euskadiko 26 udalerri atxiki zaizkio borondatez hitzarmenari, eta bertako udaltzaingoei egonkortasuna emateko 226 plaza eskainiko dituzte guztira.

Bigarren urtez jarraian, Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak hitzarmenari borondatez atxikitzea erabaki duten Euskadiko 26 udaletako udaltzaingoetako plaza hutsak betetzeko hitzarmena eta oinarri zehatzak onartu ditu. Iaz hamabi udalerrik erakutsi zuten interesa eta izenpetu zuten hitzarmena, eta guztira 75 plaza eskaini zituzten; aurten bikoiztu egin dira interesa erakutsi duten udalerriak, guztira 26 dira, eta udaltzaingoetako oinarrizko eskalako 226 agente-plaza eskainiko dituzte. 26 udalerri horietako 15 Bizkaikoak dira, 9 Gipuzkoakoak eta 2 Arabakoak.

Segurtasun Sailak EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan abian jarritako ekimenarekin lehenengo aldiz egin dute bat hiru hiriburuetako udalek, eta guztira 110 plaza eskainiko dituzte Bilbon, 28 Gasteizen eta 8 Donostian.

Eta horiei batu behar zaizkie Portugaleteko 12 plaza, Sestaoko 9, Barakaldoko 8, Santurtziko 6, Eibarko 5, Bergarako 4, Plentziako 3, Zumaiako 3, Elgoibarko 3, Gernikako 3, Erandioko 2, Mungiako 2, Berangoko 2, Abantoko 2, Zornotzako 2, Amurrioko 1, Legazpiko 1, Balmasedako 1, Beasaingo 1, Basauriko 1, Ordiziako 2, Pasaiako 3 eta Ermuako 4.

Era honetako deialdi bateratuetan udal-autonomia errespetatzen da, azken batean udalena baita bertako funtzionarioak hautatzeko eta deialdiaren oinarriak zehazteko eskumena, eta udalbatzarena dagokion enplegu-eskaintza onartzekoa eta argitaratzekoa.

Bai aginduan bertan bai oinarrietan, hitzarmenari atxikitzen zaizkion udalek izangaiei eskatu nahi dizkieten baldintzak erabaki ahal izango dituzte, besteak beste, hizkuntza-eskakizuna eta gidabaimen-motak.

Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa librea izango da, eta bertan egingo dira test erako proba bat, gaitasunak ebaluatzeko test psikotekniko bat eta nortasuna ebaluatzeko beste bat. Era berean, proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonala ere egingo dira. Lehiaketa-fasean Udaltzaingoan egindako zerbitzuak baloratuko dira.

Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da izangaiek bete nahi duten plazan eskatutako hizkuntza-eskakizuna baino euskara maila handiagoa egiaztatzen duten pertsonen kasuan.

Aurreikusten da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak uztailaren erdialdera argitaratuko duela LEP bateratuaren deialdia, atxikitako udal bakoitzeko behin betiko plaza kopurua zehaztuta.

Hautaketa-prozesu bateratu honetan izena emateko epea abuztuan amaituko da, eta probak irailean hastea eta prestakuntza-ikastaroari urtarrilean hasiera ematea dago aurreikusita.

Abantailak

Hautaketa-profil berak ezartzea, prozesuetako ezaugarriak bateratzea, hautaketa-prozesuen kostuak murriztea, hautaketa-prozesua egiten den bitartean plazak hutsik ez geratzea eta irizpideak bateratuak izatea dira Udaltzaingoaren deialdi bateratuen abantailetako batzuk.

Hain zuzen ere, datorren uztailaren 27an banatuko zaizkie diplomak Udaltzaingoetako 130 agenteri, eta 75 Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak berak hamabi udalekin egindako kudeaketa-agindu baten bidez egin duen lehenengo LEP bateratuko agenteak dira, zazpi hilabetez Arkauten prestakuntza jaso dutenak.

Joan den ekainaren 11, 12 eta 13an, Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL), Bilboko Udalarekin eta Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluarekin (CMRE) batera, tokian tokiko liderren Europako topaketarik garrantzitsuena antolatu zuen, BERDINTASUNAREN, ANIZTASUNAREN eta INKLUSIOAREN arteko lotura aztertzeko xedez.

“Ezberdintasunek elkartu egiten gaituzte!” lelopean, Konferentzia ekainaren 11n hasi zen, Rigoberta MenchúBakearen Nobel saridunaren hitzaldi inspiratzailearekin, eta ekainaren 13an amaitu zen, egitarauaren 33 saioetatikateratako ondorio nagusien aurkezpenarekin, ehun bat hizlariren eskutik (horietan erdiak baino gehiagoerantzukizuneko goi-karguetan aritzen diren emakumeak).

Europan bakarra den ekitaldi honek 40 herrialdetako tokian tokiko zein eskualdeetako 550 gobernu-hautetsi baino gehiago elkartzea lortu du, EBko erakundeetako ordezkari nabarmenekin (Europako Batzordea eta Parlamentua, Europako Kontseilua edo Eskualdeen Batzordea, besteak beste), eta, halaber, nazioarteko beste erakunde batzuk (hala nola, NBE Emakumeak, Kulturen arteko Hiri Sarea edo Arrazakeriaren aurkako Hirien Europako Sarea).

konferentziaren ondorioak

CMREren Zuzendaritza Batzordeak (Tokian tokiko nahiz eskualdeetako 60 elkartetako 248 ordezkari biltzen ditu, horien artean, EUDEL) ondorioen dokumentua onartu du; bertan, guztira, 17 proposamen egiten dira, emakumezko alkateen eta gizonezko alkateen zeregina nabarmena eta bidezkoa izateko asmoz, bidezkoagoa den gizartea eraikitzeko: udalerri desberdinak, inklusiboak, solidarioak eta jasangarriak, eskubide berdintasunarekin eta pertsona guztientzako aukerekin.

Ondorioen dokumentua (17 proposamenak)

EUDELek eskertu nahi du, bereziki, euskal udaletako ordezkarien interesa eta inplikazioa, Konferentziara bertaratzeko eta hizlari moduan parte hartzeko orduan. Esperientzia-partekatze oparoak eta EAEko jardunbide onek bete zuten ia programaren erdia.

Aldi berean egon ziren mahai-inguruek, eztabaidek eta tailerrek aukera eman zuten Europan dauden tokian tokiko jardunbideaurreratuenak eta berritzaileenak trukatzeko, Konferentziaren hiru arloetako bakoitzean, funtsezko beste balioen oinarri direnak (bizikidetza, gizarte-kohesioa, ongizatea eta udalerrien zein hirien garapen jasangarria, Giza Eskubideen nazioarte markotik).

Alde horretatik, Konferentziak topaleku bat ahalbidetu du, Europa osoko homologoen artean. Bertan, honi buruzko elkarrekintzari eta gogoetari ekin zaio: tokian tokiko gobernuek nola lagundu ahal duten, ekintza bateratutik eta gainerako erakunde-mailekin batera, pertsona guztiak aintzat hartzen dituzten komunitateak eraikitzen.
Material baliagarria

Konferentzia zifratan

550

parte-hartzaile

40

herrialde

100

hizlari

33

saio

4.301

elkarrekintza

350 emakume,200 gizon

60 emakume,

40 gizon

15

esperientzia Euskadin

(tuitak, likeak…)

#CEMRBilbao2018

 


  • Beldur Barik programaren barruan, udalei hainbat material banatu zaie jai giro eta eremuetan errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jarrerak bultzatzeko
  • Kartel bat, dida bat eta pegatinak bezalako bestelako materialak banatu zaizkie

“Eraso sexistarik gabeko jaiak” kanpaina, jaietan eraso sexistak prebenitzen laguntzeko sortutakoa, Beldur Barik programaren barruan kokatzen da, urtero Emakundek bultzatu, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDELek laguntzen duten gazteei zuzendutako kanpainan, hain zuzen ere.

Jaietan izaten diren eraso sexistak prebenitzea guztion kezka da: herritarrena eta erakundeena, bereziki tokiko eremuko erakundeentzat, jaietako espazioetatik gertuen daudelako. Horregatik, etajai-lekuetan eta egunetan ere errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarduerak bultzatzeko helburuz, Beldur Barik programaren barruan zenbait material bidali zaizkie EAEko udalei haien bidez herritarrak gai horrekin sentikortzera eta inplikatzera zuzendutakoak.

Informazio guztia prentsa oharrean. Kapainaren kartela doa erantsita:

KARTELA JEITSI

PRENTSA OHARRA JEITSI

Materialak honakoak dira: Kartel bat, gida bat eta kanpainaren irudia ematen duten pegatinak eta bestelako elementu batzuk, udalaren logoa eransteko aukera ematen dutenak.

Udalei bidalitako material hauekin, indarkeriaren kontrako irudi bateratu bat bilatzeaz gain, lortu nahi da herrietan lan-prozesu ezberdinak sortzen joatea, gazteekin, edota jaietako batzordeekin batera, jai- eta aisialdi-giroetan izaten den biolentzia sexuala antzemateko, prebenitzeko eta hari aurre egiteko banakako zain taldeko erantzunak garatzeko, herri askotan aurretik ere egin den bezala.

Kanpaina bultzatzen duten erakundeen iritziz, jaietan ere islatu behar da berdintasunezko gizartearen aldeko lana, pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen gizartearen aldekoa. Ez alkohola, ez jaia bera, ez dira aitzaki emakumezkoen eta gizonezkoen eta neska eta mutilen arteko harremanak berdintasunezkoak ez izateko, emakumeak sexu-objektu gisa tratatzeko, edo zenbait tokitan segurtasun eza edo beldurra sentitzeko. Hortaz, jarrera aktiboa eskatzen dute emakumeak errespetatzen ez dituzten edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra. Errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrera.

2018ko ekainak 28, Sexu Askapenaren eta LGTB+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, hainbat pertsona, erakunde, elkarte eta kolektibok pertsona guztientzako lekua izango duen mundu bat defendatu eta bultzatzeko egiten ditugun eguneroko borroka eta ahaleginen mugarriak jartzea ahalbidetzen diguten egun horietako bat.
Agerikotasun lesbiko, trans edo bisexualaren aldeko, transexualitatearen despatologizazioaren aldeko edota LGTBI+fobiaren aurkako egunek bat egingo dute gaur, garenak eta garen bezalakoak izateko eta desiratzen dugun bezala desiratzeko (bakoitzak bere moduan) harrotasuna aldarrikatuko dugun egunean.
Aurten ere, Stonewalleko matxinada eta 1969ko ekainaren 28 hartan poliziaren basakeriari eta ezjakintasunean eta aurreiritzietan murgildutako gizartearen zapalkuntza sistematikoari aurre egin zieten pertsona guztiak izango ditugu gogoan. Era berean, gaur egun horri guztiari aurre egiten jarraitzen duten pertsona guztiak gogoratuko ditugu. Izan ere, ezin dugu ahaztu oraindik ere jazarri egiten gaituztela, oraindik ere iraindu egiten gaituztela, oraindik ere gogaitu egiten dugula, oraindik ere aniztasunaren balioa ulertzen ez duten ikuskera itxiak daudela.
Berdindu! Eusko Jaurlaritzaren LGTBI kolektiboarentzako Informazio eta Laguntza Zerbitzua osatzen dugun elkarteok garbi dugu adi jarraitu behar dugula. Gaur egun, EAEn erregistratutako gorroto-delituen laurdenek sexu-aniztasunarekin zerikusia dute. Aurten, gainera, oraindik bizitza oso bat geratzen zitzaion norbait joan zaigu, eta horrek eragin digun minak bat egin du oraindik lan handia dugula erakusten diguten pertsona askoren minarekin. Izan ere, munduan bere sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik diskriminatuta sentitzen den pertsona bat dagoen bitartean, ez dugu atseden hartuko. Gaur egun, ILGA txostenaren arabera, 72 estatuk sexu-orientazioa kriminalizatzen duten legeriak dituzte oraindik, eta 47 legeriatan baino ez da aitorpen positiborik egiten.
Egun hauetan ikusi dugunez, OMEk (Osasunaren Mundu Erakundeak) transexualitatea despatologizatzeko beste urrats bat egin du, beste era batean txertatu baitu transexualitatea GNS-11 diagnostiko-eskuliburuan. Ez da nahikoa, baina espero dugu OMEk zein haren APA homologoak (American Phsycriatic Asociation) beren eskuliburuak aldatzea eta pertsona guztien sexu-identitatea aitortzea.
Berdindu! zerbitzuak, nolanahi ere, aniztasunarekiko konpromisoa sinatu duen gizarte batean bizitzearen harrotasuna helarazi nahi du. Urtez urte, hainbat eremutako pertsonei lagundu diegu eta prestakuntza eta orientazioa eskaini diegu, eta esan dezakegu harrera gero eta hobea dela, eta gero eta gehiago direla sexualitatea aske bizi dezaketenak.
Gero eta gazte gehiagok aurkitzen dituzte heterosexualitatea baino aukera gehiago desirari lotuta, gero eta neska eta mutil gehiagok ikusten dituzte sexu-organoei begiratu ordez eurei begiratzen dieten begiak, eta gero eta gehiago gara horrelako gizarte bat gizarte hobea dela konturatzen garenok.
Hori dela eta, Berdindu! zerbitzuak egun honetan sexu-askapenaren bidean egin ditugun aurrerapen guztiak ospatzera eta gaurko eguna aniztasunaren aldeko egun bihurtzen duten sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldietan parte hartzera animatu nahi zaituzte.