Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Donostia-San Sebastián. Asteazkenean, azaroaren 29an, Donostiako San Telmo museoan, EUDELeko ordezkari eta Urnietako alkate Mikel Pagolak Maila askotako gobernantza, paradiplomazia eta estatuz azpiko erakundeen zeregina EBn” gogoeta jardunaldiaren hasiera ekitaldian parte hartu zuen. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Europako Eskualdeen Batzordeak antolatu zuten jardunaldia, EUDELekin eta hiriburuko udalarekin lankidetzan, Globernance-Gobernantza Demokratikoko Institutuko idazkaritzaren bidez.

Mikel Pagolak, topagune hartan maila askotako erakundeak eta aditu akademikoak elkartu zirela baliatuta, EUDELek eta Europako Batzordeak sustatutako proiektu pilotu berria iragarri zuen, zeinaren bidez hedatuko baitute 9 euskal udalerritara Berrikuntzaren eta Gobernantza Onaren Europar Zigilua (ELOGE).

Urnietarekin batera, hiru lurraldeetako beste 8 udalerrik hartuko dute parte ekimenean, neurri desberdinetakoak biztanleriari dagokionez.

Helburua da udal bakoitzeko talde politiko eta teknikoen artean baterako autoebaluazioa egitea, aztertzeko abiapuntuko egoera zein den tokiko gobernantza onerako oinarrizko 12 printzipioetako bakoitza betetzeari dagokionez, adibidez, herritarren parte-hartzea, portaera etikoa, gardentasuna, berdintasuna, eraginkortasuna eta eragingarritasuna; erreakzio ahalmena, finantza-kudeaketa osasungarria, etab.

Prozesuaren emaitza gisa, udalerri batzuek gobernantza onaren aitortza jasoko dute, EUDELek EAErako Europako Kontseiluaren erakunde baimendu gisa banatzen duen Europar Zigilua eskuratuko baitute.

Urnietako alkateak nabarmendu zuenez, “Prozesua bera da garrantzizkoa. Autoebaluazio honetan parte hartu nahi izatea. Gauzak ongi egiten ari garelako autokonplazentzian ez jaustea, baizik eta lehen eskutik ezagutzeko beste udalerri batzuetako esperientziak eta jardunbide egokiak, horiek emango baitizute zure erakundean neurri horiek ezartzeko eta hobetzeko bidea.”

Autoebaluazioaren ondorengo urratsean (“Benchmarking”) udalerrien arteko konparaketa egingo da, kasuan kasuko indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko, eta erreferentziazko ereduak ateratzeko, beraien lan dinamikak egokitzeari eta udal bakoitzean tokiko gobernantza hobetzeko plangintzetan aurrera egiteari begira.

Zigiluaren proiektuari buruzko INFORMAZIO GEHIAGO

Proiektu hau ere Gobernantza demokratiko eta maila askotakoaren esparruan sartzen da, haren xedea baita erakundeen eta herritarren arteko harremana estutzea udal politikaren bidez, horixe den heinean pertsonengandik hurbilen dagoena. Mikel Pagolaren hitzetan: “Erronka globalek baterako irtenbideak eskatzen dituzte, eta alkateak eta zinegotziak lider izango dituzten tokiko erantzunak. Gu gara hurbilen gaudenak, eta, beraz, herritarren premiak hobekien ezagutzen ditugunak”.

Behetik gorako Europaren aldeko apustua

Jardunaldia ”Herritarrekiko elkarrizketa, Europaren etorkizunari buruzko gogoeta bat” programaren barruan antolatutako hiru eztabaida saioetan bigarrena zen. Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, gizarte zibilak eta Europako Eskualdeen Batzordeak antolatu dituzte eztabaida saioak, hiru hiriburuetan, hainbat esparrutako iritziak biltzeko: unibertsitatea, enpresa, gizarte-harremanak, maila askotako gobernantza eta gazte enplegua.

Hiru saio horietatik ateratzen diren ondorioek Eusko Jaurlaritzak Europaren etorkizunari buruz lantzeko asmoa duen proposamena aberastuko dute. Proposamen hori CdR Eskualdeen Batzordeari, Europako Batzordeari eta haren buru Jean-Claude Junckerri helaraziko zaie, ekarpen gisa. 

Juanjo Álvarez (Globernance) izan zen errelatorea, baina Donostiako ekitaldian izan ziren, orobat, Marian Elorza eta Mikel Antón (Eusko Jaurlaritza), Iker Goiria (Gipuzkoako Foru Aldundia), Juanra Viles (Donostiako Udala), Shaun Riordan britainiar diplomatiko ohia, Patxi Aldekoa eta Henry Labayle katedratikoak, Igor Filibri eta Maite Zelaia.

 

Informazio gehiago: http://globernance.org/

Beldur Barik 2017ko lan irabazleek emakumeen ikusgarritasuna, mutilen erantzukizuna, edertasun kanonak, aniztasuna, ikusten ez diren indarkeriak eta artea ahalduntze feministarako tresna bezalako gaiak jorratu dituzte.

Arrasatetik bidalitako “Hitzetan” lana izan da lehen kategoriako (12 eta 17 urte) lan irabazlea eta “Me dijeron”, Vitoria-Gasteiztik bidalita, bigarren kategoriakoa (18 eta 26 urte). Saritutako lan  guztiak eta informazio guztia prentsa oharrean.

Lan irabazleak deskargatzeko esteka: https://we.tl/cS5KI6pZm1

Informazio gehiago www.beldurbarik.org

Beldur Barik programa, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDEL-ek bultzatutaBerdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa eta finantziazioa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

AVS, Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Sustatzaile Publikoen Elkarteak antolatzen du Bilbon, abenduak 12 eta 13an egingo dugun “Hiri-Birgaitze, Berritze eta Birsorkuntzaren Erronkak XXI. Mendean” gaiari buruzko II. Kongresura.

Jardunaldi hauen gaineko informazioa atxikita doakizu eta helbidean daukazu: ireki programa.

Parte hartzea dohainekoa den arren, aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da tokia antolatzeko: Izena eman

Oharra: IVAP-ek etorri izana ziurtatuko du Kongresua amaitu ondoren. Ziurtagiriak era elektronikoan soilik emango dira.

Info+ 944 058 637

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroak 28. Lantaldeek egindako lanaren berri eman da bileran.  Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga buru dela, gaur elkartu da Polizia eta Larrialdietako Akademiaren Arkauteko egoitzan Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea, eta, besteak beste, udaltzaingoetako agenteen hautaketa-prozesu bateratuari, EUDELekin duen hitzarmenari eta polizia-lankidetzarako Segurtasun Sailaren eta udalen arteko oinarrizko lankidetza-hitzarmenari buruzko informazioa eman du.

Bileran izan dira Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartzia; Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo; Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde  Prozesuen  zuzendari  Eugenio  Artetxe; Segurtasuneko  zinegotziak, Carlos  Zapatero  (Gasteiz)  eta  Martín  Ibabe  (Donostia);  eta  EUDELen izenean, Mungiako alkate Ager Izagirre, Erandioko alkate Joseba Goikuria, Laudioko alkate Natxo Urkixo eta Amurrioko zinegotzi Alberto Artetxe; eta sindikatuak ordezkatuz ELAko Roland Estebanez.

Udaltzaingoak  Koordinatzeko  Batzordearen  bileran  ekipamenduekin,  berdintasunarekin, informatika eta telekomunikazioekin, eta hautaketa eta prestakuntzarekin zerikusia duten gaiez arduratzen diren lantaldeek egindako lanaren berri eman da, eta aztergai izan dira, besteak beste, EUDELekin duen hitzarmena eta polizien arteko lankidetzarako Segurtasun Sailak eta udalek sinatutako oinarrizko hitzarmena ere, EUDELek onartu zuena eta Gobernu Bilerara eramatekoa dena. Polizia prozeduretan eta eginbideetan egindako azken lege-erreformak ere azaldu dira bileran, bai eta herritarren segurtasunaren arloko zigor-araubidea ezartzeko interpretazio-irizpideak eta jardunbide egokiak ere.

Bestalde, erlijioa aitzakiatzat hartzen duen nazioarteko terrorismoaren esparruko poliziaren koordinazioaren   balantzea   ere   egin   da   batzordean,   bai   eta   tokiko   polizia-koordinaziorako batzordeen eta jarduera-plan bateratuen balantzea ere. Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko elkarlanaren arloan Segurtasun Sailak eta udalek sinatutako lankidetza-hitzarmenen bilakaera ere aztertu da.

 

 

2017.eko azaroak 27

Elkarlana eta aktibazioa euskararen erabilera sustatzeko. Horiexek izan dira herri erakundeek datorren igandean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunari begira onartu eta aditzera eman duten adierazpenaren oinarriak. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean irakurri dute adierazpen hori eta, informatu dutenez, datorren igandean ildo horren aldeko apustua berretsiko dute egun hori dela-eta Europa Jauregian izango den ospakizun nagusian.

EUDELen izenean, Aitor Aldasoro, Beasaingo alkateak eta EUDELeko euskara arduradunak parte hartu du gaurko prentsaurrekoan. Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusietako ordezkariak izan dira adierazpenaren gaurko aurkezpenean: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martinez de Luna; Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Mikel Irizar; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Ana de Castro; Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa, Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkarate; eta Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zuzendari Jone Unzueta. Haiekin batera izan dira, baita ere, UEMAko presidente Josu Labaka.

Adierazpen honetan “elkarlanaren” garrantzia nabarmendu dute euskararen erabilera sustatze aldera: “Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana”.

Horrela, adierazi dutenez, momentu egokia da lankidetza hori berrikuntzaren bidetik sendotzeko. “Une aproposa da euskararen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntzaren bidetik sendotzeko. Erabileraren mesedetan. Eta euskarak elkarlan horien guztien premia du. Ezinbestez”, gehitu dute.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izango da datorren igandeko Europa Jauregiko ekitaldi nagusian; eguerdiko 12.00etan hasiko da eta erakundeetako zein euskalgintzako ordezkariak izango dira han.

EUDELen, trukerako tailer bat izan da, udal-hautetsi eta -teknikarientzat, estrategia lerrokatua duten EAEko eta Europako udalak abiarazten ari diren gobernantza onaren arloko kudeaketako tresnei eta praktika arrakastatsuei buruz.

Konrad Adenauer Fundazioaren lankidetzarekin antolatutako tailerrean, EAEko 20 udalek hartu dute parte, besteak beste, hiru hiriburuek, eta, hizlari aditu gisa, Europako 5 hiritako ordezkari hautetsiak aritu dira: Hagen eta Südeifel (Alemania), Moulins (Frantzia) eta Aalto eta Rovaniemi (Finlandia) udalerritakoak, hain zuzen.

Bilbo, 2017ko azaroaren 23a. Gaur, egun osoz, Euskadiko Udalen Elkartearen egoitza eztabaida-gunea izango da, EAEko eta Europako udalen arteko goi mailako topaketa bat egiteko. Praktika onak trukatzeko tailer bat da, EUDELek eta Konrad Adenauer Fundazioak Madrilen duen kanpo ordezkaritzak elkarrekin antolatuta. Azken hori Alemania, Frantzia eta Finlandiako 5 hiritako hautetsiek (gehienak, alkateak) osatutako ordezkaritza batekin batera etorri da, tokiko Gobernantza Onaren praktika aurreratuen berri emateko.

Jardunaldi honetan, Euskadiko hogei bat udaletako 40 udal-hautetsik (alkateak, zinegotziak eta teknikariak) hartu dute parte. Egunean zehar, udal bakoitzaren esperientziak eta proiektuak ezagutzera emateaz gain, Euskadiko eta Europako udal-hautetsiek kezkak, erronkak eta aukerak partekatu dituzte, EAEko eta Europako udalek esparru horretan egiten duten lana aberasteko.

Jardunaldia hasteko, Konrad Adenauer Fundazioaren zuzendari Wilhem Hofmeister aritu da, EUDELen elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landarekin batera. Azken horren hitzetan, “Oraingoan ere, EUDEL trukerako gune dugu, Europako gure auzokoekin jarduteko. Konpromiso argia dugu Europako herrialderik aurreratuenetako batzuetatik iritsi diren erreferentziako ereduak eta praktikarik egokienak zuei eskaintzeko”.

Jardunaldi osoan, Gobernantza onaren arloa aztertu da, hala estrategia politikoaren nola kudeaketa administratiboaren ikuspegitik. Taldeek bost mahai eratu dituzte, lan egin, hausnartu eta eztabaidatzeko, eta, haien bidez, bakoitzak gobernantza onaren printzipioak nola ezartzen dituen landu dute, besteak beste, etika publikoa, gardentasuna, kontuak ematea, herritarren parte-hartzea eta kudeaketa egokia, udal-politikako esparru desberdinetan; hauetan, besteak beste:

  • Tokiko finantzak eta udal-aurrekontuak.
  • Berrikuntza publikoa, modernizazioa, antolaketa-eraldaketa eta kultura-aldaketa.
  • Toki-mailako politika sozialak.
  • Udal-hirigintza eta aldaketa demografikoak dakartzan erronkei –besteak beste, zahartzeari– emandako erantzuna.

EUDELeko elkarteburuak azaldu duenez, “Benetako demokraziak maila askotako gobernantza inklusiboa du berme, instituzioen arteko elkarlanean eta erantzunkideak diren herritarrekiko etengabeko entzunaldian eta hizketan oinarritutako gobernantza. Ildo horretan, etorkizuna gero eta gehiago dago hirietan, eta tokiko gobernuetan, haiek baitira herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak”.

Europako ordezkaritzaren bidaia Alemaniako Konrad Adenauer Fundazioaren Espainiako eta Portugaleko ordezkaritzak antolatu du. Euskadira egindako bisita honetan, EUDELen tailerrean parte hartzeaz gain, bilerak antolatu dira Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin (atzo, azaroak 22, asteazkena) eta Donostiako alkate Eneko Goiarekin (bihar, azaroak 24, ostirala).

Konrad Adenauer Fundazioa 1955ean sortu zen, Alemaniako lehen kantziler federala (Konrad Adenauer) izandakoaren ondare humanistiko eta intelektuala bultzatzeko. Alemaniako fundazio politiko handienetako bat da; herrialde osoan, 70 bulego baino gehiago ditu, eta proiektuak gauzatzen ditu 120 herrialdetan. Fundazioaren xedea da demokrazia, zuzenbide estatua eta merkatuko gizarte-ekonomia bultzatzea, elkarrizketaren eta kultura eta erlijioen arteko trukearen aldeko apustu irmoa eginez, bakea eta askatasuna sendotzeko.

Euskadiko udarrietan Gobernantzaren arloko Europako Bikaintasun Zigilua (ELoGE) ezartzeko EUDELen proiektu pilotua

Bestalde, saioaren hasieran, EUDELeko arduradunek hurbilketa bat egin dute gobernantza onaren kontzeptura, EAEko eta Europako esparruan. EUDELen eskutik eta Europako Kontseiluarekin elkarlan estuan EAEko udalerri batzuetan testatzen ari diren metodologien eta tresnen adibideak aurkeztu dira, besteak beste, Gobernantzaren arloko Europako Bikaintasun Zigilua (ELoGE). Proiektu pilotu horretan, hiru lurraldeetako 9 euskal udalek hartzen dute parte.

CoEk proposatutako tresna (Benchmark) metodologikoki egokitu ondoren, 2017an, esperientzia pilotu bat jarri da abian, eta EAEko bederatzi udalek hartzen dute parte. Horrenbestez, gobernantza oneko 12 printzipioekin zenbateraino lerratzen diren jakin nahi da, eta, hala badagokio, hobetzeko planak ezarri nahi dira, hemendik gutxira printzipio horiekin bat egin ahal izateko. Proiektua ez da gertaera bakartutzat hartzen, etengabeko hobekuntzako proiektu dinamikotzat baizik. Izan ere, sare bat sortu nahi da, interesa duten udalek harekin bat egin dezaten, tokiko gobernantza ona lortzeko lanean aritzeko.

“Azken batean, udal adimendunak (Smart Cities) eraiki nahi ditugu, gobernantza on eta adimendunaren bidez, hau da, pertsonak, printzipioak eta balioak erdigunean jarriz, eta bikaintasuna bilatuz, herritarrek emaitzarik onenak izan ditzaten”. Imanol Landa, EUDELeko elkarteburua.

Beldur Barik programa, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDEL-ek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa eta finantziazioa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

2017ko Beldur Barik Topaketa Eibarren ospatuko da abenduaren 2an, larunbatean. Jaiak balioko du urte osoan zehar, euskal geografia osotik gazteekin garatutako lanari amaiera emateko. Topaketan Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

Edizio honetan 371 izan dira aurkeztutako lanak, 62 udalerritakoak. Horietatik 275 lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Bigarren kategoriari dagokionez, 18 eta 26 urte bitartekoa, 96 lan aurkeztu dira. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri-bozkaketarekin herria-saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla (Beldur Barik webgunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa eskuragai:http://beldurbarik.org/eu/2017-lehiaketa-lokalak/).

Indarkeria sexistak eragiten dituen desberdintasun faktoreen identifikazioa

Aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela. Aurten jorratutako gaiak oso anitzak izan dira. Jorraturiko zenbait gai hurrengoak izan dira: beldurraren pertzepzioa (gai hau udalerri askotako jaietan Beldur Barik Gunearen programaren bidez jorratu den gai bat izan da), edertasun arauak, gizarteratze desberdindua, maitasun erromantikoa, gorputzen dibertsitatea eta ahalduntze kolektiboa. Gaiak anitzak izan badira ere, jende gazteak aukeratutako gaien bidez ikusi da gero eta sakonagoak direla indarkeria sexistari nola egiten dioten aurre azaltzerakoan.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Nahiz eta gazteengan indakeriak eragin handia izaten jarraitzen duen, geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko.

Beldur Barik bezalako programek laguntza eskaintzen diete gazteei indarkeria sexistaren identifikaziorako tresna horien eskuratzeko. Gazteen jabekuntza eta indartze prozesuak errazten dituzte, eta, gainera, ezberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna indartzen dute. Nesken ahalduntzea bultzatzen da eta ere berean hausnarketa prozesu horiekin, mutilek egoera horietan duten protagonismoa eta ardura identifikatzen dute. Jarrera matxista betikotzen duen korporatibismo maskulinoari aurre egiten diete, indarkeria eragiten duenaren gaineko interpelazioaren beharra identifikatzen da ere, beraien konplizitate eza agertuz. Mutil bezala dituzten pribilegioen birplanteamendu bat egiten dute eta neskekin aliantzak sortzen dituzte benetazko berdintasun bat lortu eta indarkeria matxista gainditzeko.

Eibar, Beldur Barik Herria

Abenduaren 2an Eibarren ospatuko den topaketan, eztabaidak, formazio tailerrak eta ikuskizun ugari ospatuko dira. Tailerrak Portalean izango dira eta sari-banaketa Coliseon. Doaneko autobusak erraztuko dira publikoa hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko. Honako helbidean egin daitezke eskaerak: http://beldurbarik.org/es/topaketa-formulario

Honako hauek dira programatutako ekintzak:

  • 16:30-16:50 Ongi etorria, Untzaga plazan
  • 16:50-17:00 Trikitilariak Portaleara arte.
  • 17:00-19:00 Tailerrak: (Autodefentsa feminista; perkusioa; umorea eta aktibismoa; sexua, moda eta reggaetoia; Instagram eta whatsapp; ligatzeko tailerra…)
  • 19:00-19:10 Trikitilariak Portaleati Untzaga plazara
  • 19:10- 19:30: Lunch Untzaga plazan
  • 19:30-19:50: Kalejira
  • 20:00-21:45 Sari banaketa Coliseon Beatriz Egizabal eta Ane Labakarekin.
  • 21:45 Autobusen irteera Eibartik.

Informazio gehiago www.beldurbarik.org

Puntu Lila

Bestalde, Azaroaren 25 ospatzeko (Emakumearenganako Indarkeriaren Eliminazioaren aldeko Nazioarteko Eguna), Beldur Barik programa bultzatzen duten instituzioek dei egiten dute herritarrek puntu lila erabili dezaten eta antolatzen diren ekitaldietan parte hartu dezaten. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.

Maila askotako gobernantza, paradiplomazia eta estatuz azpiko erakundeen zeregina EBn: behetik gorako Europaren aldeko apustua”

Euskal erakundeek bat egiten dute Europako Batzordeak Europaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren inguruan gogoeta egiteko sustatu duen eztabaidarekin

Jardunaldia Europa 2020 Estrategiaren baitan kokatzen da. Eusko Jaurlaritzaren eskutik eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin  lankidetzan Europaren etorkizunaren inguruan egin nahi den gogoetan parte hartu ezazu.
Parte hartu eta lagundu Europa irekiagoa eta lankidetzakoa eraikitzen.

EGITARAUA

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan egingo den “Herritarrekin hizketan; Europaren etorkizunari buruzko hausnarketa bat” izeneko programaren barruan, Donostian egitekoa den kafe-hizketaldian landuko den gaia gaurkotasun handiko gaia da Europan, eta EBren sorrerako balioekin egiten du bat, non demokrazia, askatasuna eta giza eskubideak batera doazen herritarren Europa lortzeko bidean. Horixe da Europako proiektuaren asmo handia, nahiz eta, gaur egun, nortasun-krisi larri batean sartuta egon. Behetik gora eraikitzen joan ahala gero eta legitimitate gehiago eskuratuko duen proiektua izango da; izan ere, estatuz azpiko lurralde-erakundeek gero eta garrantzi handiagoa izango dute Europa integratuago bat lortuko duen aldaketaren eragile legitimatzaile gisa, gero eta interdependenteagoa den mundu honetan, azkeneko joera protekzionistak gorabehera, non soft diplomazia edo paradiplomazia izango den eraldaketaren eragile nagusi.

AZAROAK 29

9:30etatik – 14:00etara San Telmo Museoa, Donostia-San Sebastian, Plaza Zuloaga, 1

Sarrera libre, jarleku guztiak bete arte

Antolatzaileak: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta EK.

Laguntzaileak: EUDEL, San Telmo Museoa

Idazkaritza teknikoa: Globernance- Gobernantza Euskal Institutoa

Jardunaldi buruzko informazio gehiago