EUDELeko elkarteburuak udalen funtsezko zeregina aldarrikatu du Bruselan, EBren agenda tokiko lehentasunekin eta herritarren beharrekin lerrokatzeko.
Esther Apraizek Euskadiko udalerriek emakume politikarien alde eta emakume hautetsien aurkako indarkeria sexistaren prebentzioaren alde egindako lana partekatu du.
Esther Apraiz, CMREko goi bileran
Bruselan, 2024ko ekainaren 18a. EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluak (CEMR) EBko hiriburuan atzo eta gaur deitutako tokiko liderren goi-bileran parte hartu du. Topaketa hau une bereziki garrantzitsu batean egin da, Europako Parlamentuaren eraberritzearen ondoren, eta 40 herrialdetako elkarteetako 150 ordezkari inguru bildu dira.
EUDELeko elkarteburua CEMRko Batzorde Politikoko kidea da, eta Bruselako goi-bilera honetan konpromiso bikoitza adierazi du: Euskadik Europan dituen tokiko interesak bultzatzea; eta euskal udalen politikak eta zerbitzuak Europako abangoardiaren erreferente izan daitezen lanean jarraitzea.
Eztabaidan zehar, tokiko praktika demokratikoek Europa indartzen lagun dezaketela nabarmendu da. EUDELek euskal udalen gobernantza ona bultzatzen du, eta, ildo horretan, elkarteburuak balio demokratikoak eta printzipio humanistak sustatzearen alde egin du: “Gure tresnarik onenak dira ongizatearen, gizarte- eta lurralde-kohesioaren, jasangarritasunaren, berdintasunaren eta aniztasunaren Europako zutabeak babesteko”.
Apraizen hitzetan, “Europak batasuna behar du munduan duen pisua eta eragina indartzeko”, eta herritarren lehentasunetara eta beharretara gehiago hurbildu behar duela gaineratu du. “Europak behar gaitu, tokiko gobernuak beharrezkoak gara pertsonak EBren bihotzean kokatzeko” azpimarratu du.
Datozen urteetako erronka globalen aurrean, EUDELeko elkarteburuak lankidetza eta subsidiariotasuna defendatu ditu, Euskadiko maila anitzeko gobernantzaren eredua adibide gisa jarriz: “CEMRtik udalerriok elkarrekin lan egin dezakegu behetik gora eraikitako Europa baten alde, non tokiko eta eskualdeko eragileek espazio propioa izango dugun trantsizio sozial-demografiko, klimatiko-energetiko eta teknologiko-digital handiei Europak ematen dien erantzunean parte hartzeko”.
EUDELek, bere espiritu europazalearekin bat etorriz, sorreratik aktiboki parte hartzen du tokiko boterea ordezkatzen duten erakundeetan, besteak beste, CEMRn. Euskadiko Udalen Elkartea ere 1985ean Estrasburgon sinatutako Tokiko Autonomiaren Europako Gutunaren sustatzaile sendoa izan zen, eta Estatuan aplikatzeari buruzko Europako auditoretzetan lagundu du.
Emakume hautetsiak
Gaikako ekimenen multzoan, Esther Apraizek EUDELek EAEko tokiko emakume hautetsien ahalduntzearen eta aliantzen alde egindako lana aurkeztu ahal izan die CEMRko gainerako elkarteei.
Alkateen eta zinegotzien sareak bultzatuta, bi ikerketa-lerro egiten ari dira: 2003tik euskal udaletako emakume hautetsien partaidetza bilakaera; eta udal-politikan emakumeei buruzko jokabide sexistak identifikatzea.
Apraizek adierazi du Euskadi Europaren buruan dagoela tokiko gobernuetako ordezkaritza politikoaren orekari dagokionez: egungo agintaldian, toki-erakundeetan dauden emakumeen ehunekoa % 47 da (1.260 emakume hautetsi), Europako batez bestekoa ( % 31,6) baino handiagoa.
Gainera, aurreko agintaldiarekin alderatuta, emakume alkate-kopurua % 15 igo da; gaur egun, 85 emakume daude EAEko udaletan.
Gainera, aurreko agintaldian baino % 15 emakume alkate gehiago dago; gaur egun, 85 emakume daude euskal udaletan.
Batez ere, udalerriko txakurrei, katuei, hudoei eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliei aplikatzen zaie, bertan erroldatuta egon ala ez, eta titularren bizilekua edozein izanda ere.
Tokiko arau berriak 9/22 eta 7/23 legeen ondorioz udalek dituzten eskumenak garatzen ditu, hala nola, identifikazioa eta erregistroa, espazio publikoetako bizikidetza, hilotzak jaso eta desagerraraztea edo zaintza eta ikuskaritza.
Berrikuntza garrantzitsu bat katu-kolonien kudeaketa da. Hemendik aurrera, udalak izango dira katu komunitarioen populazio-kontrolaren arduradunak (CER metodoa)
Zehapenak 100 eurotik (arau-hauste arinen kasuan) 100.000 eurora (oso larrien kasuan) bitartekoak izan daitezke.
Esther Apraiz, animalien ordenantza
2024ko ekainaren 14a. Batzorde Eragileak onartu ondoren, EUDELek euskal udalen esku jarri du etxeko animaliak babesteko 9/2022 legean eta animalien eskubideak eta ongizatea babesteko 7/2023 legean jasotako udal-eskumenak zehaztu eta garatzen dituen ordenantza.
Ordenantza hau hiru lurraldeetako udalek osatutako talde tekniko baten urte eta erdiko lanaren ondorioa da. Dokumentuak, guztira, 47 artikulu ditu eta, horien artean, arriskutsuak gerta daitezkeen animaliei buruzko xedapen espezifikoak daude.
EUDELen baliabide guztiak bezala, ordenantza berri hau gomendioa da eta, udal-autonomia errespetutik, udalerriaren errealitate espezifikora egokitu ahal izango da, udal bakoitzak erabakitzen duen egokitzapenaren bidez, hala badagokio.
Testuaren hasieran jasotzen denez, Ordenantzaren xedea da “udalerrian dauden etxeko animalien babesa, ongizatea eta edukitza arduratsua bermatzeko araubide juridikoa ezartzea, bertan erroldatuta edo erregistratuta egon edo ez, eta horien titular edo arduradunen bizilekua edozein izanda ere”.
Ordenantzaren aplikazio-eremua etxeko animaliak dira, batez ere txakurrak, katuak eta hudoak, baita animalia laguntzaile (artzain txakurrak, erreskatekoak…) eta exotikoak ere. Beren araudiari lotua egoteagatik eta beste administrazio batzuen eskumena izateagatik, honako jarduera hauek kanpoan geratzen dira: ehiza, arrantza eta abeltzaintza, izurriteen kontrola, etxeko animalien merkataritza eta salmenta, gune zoologikoak, tauromakia eta etxeko animaliekin egiten diren ikuskizun publikoak edo jolas jarduerak.
Betebehar eta eskumen zabalagoak
Arau-dokumentu berri hau EUDELen bitartez landu zen eta 2006tik indarrean dagoen ordenantza eguneratzera dator. Azken bi lege autonomiko eta estatukoek animalien jabeen betebeharrak eta debekuak areagotu dituzte. Ondorioz, udalek eskumen handiagoak dituzte animalien ongizateari buruzko araudi berria kontrolatzeko eta zaintzeko.
Ordenantzak zehatz-mehatz garatzen ditu udal-erantzukizunak, hala nola, txakurrentzako aisialdirako guneak edo animaliak establezimendu eta garraioetara sartzeko arauak. Udalen eskumen berrien artean, nabarmentzekoak dira katu-koloniak kudeatzea eta katu komunitarioak kontrolatzea, edo bide publikoan bildutako animaliak aldi baterako zaintzarako udal-zentro bat edo zentro itundu bat izatea.
Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak azaldu duenez, “udalok eremu publikoa arautzeko ardura dugu, baita pertsonen eta etxeko animalien arteko bizikidetza-ingurune gisa ere. EUDELen Ordenantza tresna komuna da euskal udalok gure udalerrietan animalien zaintza eta ongizatea kontrolatu eta sustatu ahal izateko, segurtasun eta osasun publikoko berme guztiekin eta auzo-gatazkak saihestuz “.
Apraizek nabarmendu duenez, udal ordenantza honek jauzi kualitatiboa dakar, animalien ongizatearen kontzeptua barneratu baitu eta izaki bizidun “sentikor” gisa aitortzen baititu. “Ordenantza honek animalien edukitza arduratsua arautuko duten betebeharrak eta debekuak ezartzen ditu, izaki sentikorrak diren errespetutik; gizarte aurreratu batean onartezinak diren portaerak saihesteko, hala nola, tratu txarrak edo abandonua”.
Arau-husteak eta zehapenak
Arau-hauste arinak: ohartarazpena edo 100 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna
Adibidez: mina, beldurra edo estresa eragitea; eskualdaketa aurretik txakurrak eta katuak ez esterilizatzea; behar ez bezala garraiatzea (6. art.); albaitaritza-tratamendurik ez ematea; ankerkeria-eszenak filmatzea edo argazkiak ateratzea; bide publikotik gorozkiak ez kentzea edo fatxadetako eta hiri-altzarietako pixak ez garbitzea; janaria baimenik gabeko espazioetan uztea…
Arau-hauste larriak: 3.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko isuna
Adibidez: lesioak eragitea; tratu laidogarria; publizitate-helburua dituzten zozketak edo dohaintzak; albaitaritza-laguntzarik ez ematea; katua edo hudoa 24 orduz bakarrik uztea eta txakurra 12 ordu baino gehiagoz bakarrik uztea, animalia aireztapenik gabeko ibilgailuetan edukitzea…
Arau-hauste oso larriak: 10.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna
Adibidez: tratu txarrak ematea; mutilatzea; albaitariaren kontrolik gabe hiltzea edo esterilizatzea, animalia etengabe lotuta edukitzea; zigor-lepokoak erabiltzea; alkohola, drogak edo botikak ematea; erasoren bat gertatuz gero, albaitariaren behaketaren pean jartzeko betebeharra ez betetzea…
-Besteak beste, berariaz debekatuta dago etxeko animaliekin haur-jolasguneetan, parke bio-osasungarrietan eta kirol anitzeko pistetan sartzea eta egotea. Debekaturik dago, halaber, animaliak iturri apaingarrietan bainatzea eta zuzenean giza kontsumorako edateko uraren iturrietatik edatea.
-Udalak zehaztuko ditu txakurrak aske egon daitezkeen ordutegiak eta udalerriko eremuak, besteak beste, espazioak, lorategiak, parke publikoak edo hondartzak.
-Oro har, establezimendu (elikagaien salmentakoak izan ezik) eta garraio publikoek animaliei, lotuta eta kontrolatuta, sartzeko baimena emango die, baldin eta barrutiaren segurtasun-neurriak eta higiene- eta osasun-baldintza egokiak betetzen badituzte. Establezimenduak sarrera debekatzen badu, lokalaren kanpoko aldean ikusteko moduko bereizgarri baten bidez adierazi beharko du.
-Berariaz debekatuta dago etxeko animaliak elikagai-saltokietara, merkatuetara eta supermerkatuetara sartzea; baita ikuskizun publikoetako guneetara, igerilekuetara edo osasun-lokaletara sartzea ere, besteak beste.
ANIMALIAK IBILGAILU PRIBATUAN GARRAIATZEA
– Ibilgailuaren atzeko aldean joan beharko dute, eta bide-segurtasuneko araudian ezartzen diren eusteko eta/edo segurtasuneko bitartekoak erabili beharko dituzte. Girotzeko eta aireztatzeko sistema bat izango du, animaliaren erosotasuna bermatzeko.
KATU KOMUNITARIOEN ETA KATU-KOLONIEN KONTROLA
-Hemendik aurrera, udalen eskumena da udalerri bakoitzean katu komunitarioen populazioa kontrolatzea. Horretarako, CER metodoa erabiliko da (harrapaketa, esterilizazioa, markaketa eta itzulera) eta katu-koloniak kudeatzeko programak garatuko dira.
-Katu Komunitarioen Udal Errolda sortu, eta, horretan, Udalak onartutako katu-koloniak inskribatuko dira. Bilduko diren datuak: kokalekuak, elikatzaileak, animalien kopurua eta horietatik zeintzuk dauden esterilizatuta, eta abar.
OSASUN PUBLIKOA
-Partikularrek ezin izango dituzte animalien gorpuak beren kontura desagerrarazi, ezta zaborrontzietan utzi ere. Udala edo animalia kentzeko izendatutako enpresa jabearekin jarriko da harremanetan, eta hark hartuko du kostuaren ardura.
–Debekatuta dago animaliei janaria uztea eremu publikoan, Udalak onartutako katu-kolonien kasuan izan ezik eta horretarako ardura duten pertsonen bitartez.
ANIMALIAK JASOTZEA
-Udalari dagokio eremu publikoan galdutako animaliak jasotzea. Animalia harrapatu eta garraiatzeko, alferrikako sufrimendurik, minik edo larritasunik eragiten ez duten metodoak erabiliko dira.
-Identifikaziorik gabeko animalia bat atxikita egoteko epea 15 egun naturalekoa izango da, udal-zerbitzuan edo horretarako itundutako erakundean sartzen den egunetik hasita. Identifikatu eta erregistratutako animalien kasuan, atxikipen-epea zazpi egun baliodunekoa izango da, titularrari jakinarazpena egiten zaionetik zenbatzen hasita.
ELKARTEAK
-Udalak, legez eratu eta erregistratutako irabazi-asmorik gabeko elkarteekin, hitzarmenak egin ahal izango ditu, animaliak babestu eta defendatzeko, edo arduraz edukitzeaz kontzientziatzeko jarduerak egiteko.
ZAINTZA ETA IKUSKAPENA
-Funtzionario-ikuskatzaileak edo, hala badagokio, Udaltzaingoak, larrialdi luzaezinetan eta arrazoituta, salbuespenezko behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu, interesdunei entzun gabe eta animaliaren ongizatean oinarrituta.
Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CEMR) ekainaren 17an eta 18an bilduko du bere batzorde politikoa, tokiko gobernuek Europako Parlamentuaren agintaldi berrian izango dituzten erronkak eta aukerak aztertzeko.
2024ko ekainaren 13an. EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkatea, Esther Apraiz, EBko hiriburura joango da datorren astean, Europako hauteskundeen osteko funtsezko bilera batean parte hartzeko, CEMR-ko Zuzendaritza Batzordean. Apraizek euskal udalak ordezkatzen ditu Europa osoko 40 herrialdetako tokiko gobernuen elkarteak biltzen dituen erakunde horretan.
@CCRE_CEMR
Europako Parlamentua berritzearekin batera, CEMR-k ordezkari politikoen goi-bilera deitu du ekainaren 17an eta 18an, Eskualdeetako Batzordearen egoitzan. Udalerrien goi-mailako bilkurak tokiko 150 lider inguru bilduko ditu, CEMR-ren babespean dauden 100.000 udalerri eta eskualderen baino gehiagoren interesak ordezkatzen dituztenak.
Europako udalerrien arteko etorkizuneko lankidetza-politikak eta -estrategiak taxutzeko erabakigarria den unean egingo da ekitaldia. Etapa berri honetan, hirien eta eskualdeen arteko lankidetzak beharrezkoa izaten jarraituko du, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeen ahotsa indartzeko eta Europako hurrengo agendan duten eragina handitzeko.
Esther Apraiz: “Udalerrien eta eskualdeen bidez Europako proiektua indartzeko unea da, herritarrak EBko politiken erdigunean jartzeko helburuarekin. EUDELek aukera guztiak baliatuko ditu euskal udalek Europan dituzten interesak defendatzeko, eta tokiko ordezkaritzako erakundeetan parte hartuko du, CEMRn bezala, udalerrien ahotsa zabaltzen baitute eta aliantza globalak indartzen baitituzte. ”
Europako etorkizunari eta tokiko demokraziari buruzko eztabaida
Goi-bileraren agenda ekainaren 17an, astelehena, irekiko da, CEMR-ren Zuzendaritza Batzordearen bilerarekin. Estatutu-gaiak eta gaikako lanak landuko dira, tokiko zerbitzuak hobetzeko hainbat ekimen barne, jasangarritasunetik, berdintasunetik eta emakumeen tokiko gobernuetako parte-hartzetik, lurralde-kohesiotik eta hiriaren eta landa-eremuaren arteko loturetatik.
Ekainaren 18an, Europaren etorkizunari eta lurralde-garapen integratuari buruzko goi-mailako eztabaida-panelak egingo dira. Funtsezko gaiak demokrazia, zabalkuntza-prozesua eta gobernu-mailen arteko lankidetza eraginkorra dira. Eztabaida hori garrantzitsua izango da tokiko gobernuek praktika demokratikoak nola babestu eta garapen jasangarria nola sustatu aztertzeko.
EUDELeko elkarteburuak eta Derioko alkateak gaur goizean parte hartu du, Hernanin, HIRUBE esku-hartze sozialeko kooperatibaren V. urteurrenaren irekiera-ekitaldian. HIRUBEk Gipuzkoako udalerrietan ibilbide luzea du.
Ongietorri instituzionalean, Esther Apraizekin batera, Xabier Lertxundi Hernaniko alkate eta EUDELeko batzorde eragilearen kidea, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Maite Peña Gipuzkoako Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua eta Blanca Cabezudo HIRUBEko Artezkaritza Kontseiluko ordezkaria izan dira.
Bere hitzaldian, EUDELeko elkarteburuak euskal udalek haurren eta familien ongizatearekin duten konpromisoa berretsi egin du, batez ere legegintzaldi honetan onartu berri den Haurren eta Nerabeen Legearekin.
Esther Apraizek azken urteotan metatutako esperientzia balioan jarri du, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialarekin batera erakunde guztiek egindako elkarlanari esker. Apraizek azpimarratu duenez, datozen urteetan “inplikatutako eragile guztien eskutik lan egiten jarraituko dugu, komunitatea ehuntzeko eta adingabeak eta gazteak politika publikoen erdigunean jartzeko”, “haien ikuspegitik, udalerri osasungarriagoak, seguruagoak, inklusiboagoak eta askotarikoagoak eraikitzen jarraitzeko”.
Gizarte zerbitzuen zereginari buruzko hausnarketarako mahai tekniko bat ere izan da jardunaldian, foru aldundietako eta Donostiako eta Errenteriako udaletako ordezkariek osatua.
Esther Apraiz, EUDELeko elkarteburua eta Derioko Alkatea, elkarrizketatu dute gaur goizean Bizkaia Irratiko ‘Goizeko Izarretan’ saioan eta udalen gaurkotasunari buruz hitz egin du.
EUDELen gobernu berriaren zortzi hilabeteen balantzea:
“Erakunde heldua aurkitu dot, profesionalez osatutako lantalde indartsua, argi daukana udalen zerbitzura dauela eta Udalekin elkarlanean aritu behar dala”
ABIAN DAUDEN PROIEKTUAK
Udalentzako tresnen artean, bi dokumentu-eredu: Etxeko animalien babeserako ordenantza- udal-araudia EAEko eta Estatuko legedi berrira egokitzeko -eta migratzaileei harrera egiteko Gomendio-protokoloa.
UDAL FINANTZAKETA-Udalkutxa
Batzorde misto paritarioa (udalerriak eta Bizkaiko Foru Aldundia) berraktibatu da, Udalkutxaren bidez Bizkaiko udalei ematen zaien funtsak banatzeko irizpideak aztertzeko eta “egungo errealitatera eta etorkizuneko erronketara egokitzeko”.
Beste gai batzuk:
Europako funtsak, Lurzoruaren Euskal lege berrira egokitzea, Udalgintza feminista, Euskara.
1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) homosexualitatea ezabatu zuen gaixotasun mentalen zerrendatik. Gertakari historikoa izan zen, eta aurrerapauso itzela sexu orientazio eta nortasun jakin batzuk gizartearen berezko aniztasunaren bereizgarri gisa aitor zitzan gizarteak berak. Azken hamarkadan, maiatzaren 17a LGTBI pertsonen (lesbiana, gay, bisexual, transexual eta intersexualen) aurkako gorroto eta indarkeria mota ororen aurkako eguna bihurtu da.
1990etik hona, asko egin du aurrera legeak, sexu orientazioa eta/edo generoa edozein dutela ere pertsona guztiek eskubide berdinak izateko; LGTBI kolektiboetako pertsonak gainerakoekin berdintzen dituzten legeak onartu dira. Gizarteak ere aurrera egin du bide horretan; oro har, gizarteko kideen sexualtasun motak eta generoa bizitzeko askotariko erak modu irekian adierazi ahal izateko espazio sozialak gero eta gehiago dira.
Legeak aldatu eta gizarteak aurrera egin arren, LGTBI kolektiboko pertsona askok jasaten ditu oraindik orain bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria. EAEko gizarteak, beraz, bide luzea dauka aurrean, berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortuko badu. Zoritxarrez, aurreiritziak, uste faltsuak, estereotipoak, bazterketa eta gorrotoa oraindik ere gizarteko sektore askotan sakon errotuta daude.
LGTBI kolektiboko pertsona askok (nagusiki lesbianek, transexualek, adintsuek edo desgaitasuna duten pertsonek) ezinikusia eta ez ikusiarena egitea jasaten dute, eta horien aurkako eraso fisikoek gora egin dute gure hirietako kaleetan; horrelakoek agerian uzten dute nork bere sexualtasunaren nahiz generoaren arabera bizitzeko askatasun egiazkorik ez dagoela, eta berdintasuna zein bereizkeriarik eza falta direla.
Hala, homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurka borroka egitea askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzea da. Aniztasunak aberasten gaitu; horrenbestez, LGTBI kolektiboko kideek jasaten duten bazterkeriaren eta indarkeriaren aurka egitea gizartearen garapena bultzatzea da; alegia, inklusioaren alde eta bazterkeriaren aurka egitea, eta errespetu zein berdintasun handiagoko gizarte bidezkoa lortzeko bidean urratsak ematea.
Eusko Jaurlaritzak hartua du sexu eta genero aniztasuneko politikak garatzeko konpromisoa. Horretarako, BERDINDU sortu zuen, LGTBI kolektiboari eta kolektiboko kideen hurbilekoei arreta emateko zerbitzua, EAEko gizartean, kideen sexu orientazioa eta genero nortasuna edozein direla ere, berdintasuna indartzea eta berdintasun eza ahultzea duena xede nagusi.
Eusko Jaurlaritzak pertsona guztien eskubideen defentsan irmo jarraituko du, politika publikoetan babes neurriak eta bazterkeriaren aurkakoak ezarriz. Gizarte aniztasunean datza gure sendotasuna; babestu eta indartu beharreko balioa dugu.
Bisita amaituko da ordezkarien parte hartze batekin maiatzaren 17an eta 18an San Salvadorren egingo den foro batean
Delegazioa eLankidetzako, Emakundeko et EUDELeko ordezkariek osatzen dute
Misioa eLankidetzak babestutako NBE Emakumeak erakundearen lankidetza proiektu baten parte da
Vitoria-Gasteiz 2024/05/13
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako, Emakundeko et EUDELeko ordezkaritza bat, Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakundek bultzatutako tokiko hautetsien sarearekin batera, El Salvadorren parte hartzen ari dira, egunotan, udalerrietan lider diren emakume politikarien eta horien ahalduntzearen esperientzien truke batean. “Emakumeak, parte-hartze politikoa eta boterea. El Salvadorren udal mailako berdintasunerako ibilbide bat eraikiz” lankidetza teknikoko ekimen bat da, eta NBE Emakumeak, El Salvadorreko emakume erregidore, delegatu eta alkateen erakunde nazionalarekin (ANDRYSArekin) batera, bultzatutakoa da, eLankidetzaren babesarekin.
Euskal delegazioa honako ordezkariek osatzen dute: ‘Virginia Woolf Basqueskola’ sareko Pilar Legarrak, Asteasuko alkateak, e Itziar Carrocerak, Santurtziko Udaleko zinegotziak; eLankidetzako Noemí de la Fuentek, estrategia koordinatzaileak, eta Maite Garmendiak, lankidetza teknikariak; María Sierrak eta Amagoia Arrietak, Emakundeko berdintasun teknikariek; Eukene de Miguelek, EUDELeko berdintasun teknikariak. Emakundeko zuzendaria, Miren Elgarresta, ostegunean hasiko den foroan batuko da modu telematikoan.
Egun hauetan, euskal ordezkaritzak NBE Emakumeak El Salvador eta ANDRYSASekin batera lantegietan parte hartuko du. Gainera, topaketak izango dituzte herrialdeko emakumeen elkarteekin eta bilerak hainbat udalerritako agintariekin eta teknikariekin. Elkartruke horien bidez, Euskadiko eta El Salvadorreko udalerrien jardunbide egokiak gizarteratu nahi dira emakumeen eta gizonen berdintasunerako tokiko plangintzan, eragin politikoan eta emakume liderren eta politikarien prestakuntza prozesuetan.
Esperientzien trukerako foroa
Bisita bukatzeko, euskal ordezkariek San Salvadorren maiatzaren 17an eta 18an egingo den Esperientzien Trukerako Foroan parte hartuko dute.
Lehenengo egunean, emakumeen aurkako indarkeria politikoaren gaia jorratuko dute. Basqueskolatik, Santurtziko zinegotziak, Itziar Carrocerak, horiek detektatzeko eta prebenitzeko euskal esperientzia partekatuko du.
Era berean, EUDELeko eta Emakundeko teknikariek, Eukene de Miguelek eta Amagoia Arrietak, tokitik eragin politikoa sustatzeko Euskadin izandako esperientziei buruz hitz egingo dute.
Bigarren egunean, bertaratutakoek aukera izango dute entzuteko parte-hartze politikoa eta formakuntza sustatzen dituzten El Salvadorreko zein Euskadiko esperientziak. Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, telematikoki hitza hartuko du Euskadin emakumeen lidergo eraldatzaileak sustatzeko bultzatzen den lanari buruz aritzeko. Bestalde, Asteasuko alkateak, Pilar Legarrak, emakume politikarien prestakuntzari eta agenda publikoan eraginari buruzko ekimenak partekatuko ditu.
Emakume politikarien arteko lankidetza
eLankidetzak El Salvadorreko NBE Emakumeak-ekin harremana du 2012tik, erakundeari lehenengo dirulaguntza eman zionean. 2017an eta 2023an beste bi dirulaguntza eman ziren, betiere udal-eremuan Berdintasuna eta Eusko Jaurlaritzaren eta El Salvadorren arteko lankidetza teknikoa sustatzeko helburuarekin. Salvadorreko udalerrietan proiektu espezifikoak garatzeaz gain, diruz lagundutako ekimenek Emakunderen eta EUDELen lankidetza izan dute. Horren harira, hainbat bilera egin dira Euskadin eta Amerika Erdiko herrialdean bi lurraldeetako teknikariekin eta politikariekin.
Basqueskolako euskal hautetsiek, Emakunderen eta EUDELen bultzadarekin, El Salvadorrekin lanean ai dira 2019tik, emakume politikarien beste sare batzuekin nazioartea aliantzak egiteko estrategiaren baitan. Zehazki, alkateen eta zinegotzien ahalduntzea eta eragina sustatzen ari da udalen agenda publikoan. Helburua da, Berdintasuna zeharkako ardatz gisa kokatzea herritarrengandik hurbilen dauden politiketan, eta horrek udalerri berdintasunezkoagoetan eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoetan eragitea.