Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Bilbon, 2025eko martxoaren 7an. Elkarteburu eta Derioko alkatea Onda Vascako mikrofonoen aurrean jarri da udalerrien gaurkotasunaz hitz egiteko, otsailaren 20an egin berri den Euskadiko Udalen Elkartearen Batzarraren testuinguruan. Apraizek hizpide izan ditu udalen zenbait erronka garrantzitsu, EUDELen 2025eko Ekintza-planean jasotakoak: Udalhitz akordioa eguneratzea, tokiko enplegu publikoa hobetzeko; Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetza etxebizitza-eskubidearen alorrean; eta udalerrietan etxebizitza turistikoak arautzea, besteak beste.

Gernikan Bizkaiko Emakume Hautetsien IX. Batzarra egin den egun berean, Esther Apraizek nabarmendu egin ditu euskal udalek berdintasunaren alde hartutako konpromisoak, EUDELen M8ko adierazpenean  azaltzen direnak, eta behar beste baliabide erabiltzeak duen garrantzia azpimarratu du, feminismoaren lorpenei jarraipena emateko eta gaur egungo bolada erreakzionario eta neomatxistari aurre egiteko.

Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena; hiru hamarkada berdintasunaren bidean

Martxoaren 8rako adierazpena jeitsi

Gaur, 2025eko martxoaren  8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat egin nahi dugu. 1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zuten.

Ibilitako azken 3 hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna. Hala eta guztiz ere, berdintasun-indizeek aurrerapena nabarmena izan dela erakusten dute, berdintasun-politiken araudi- eta erakunde-garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan.

  1. urteurren horrek konpromisoak eta borondateak berritzeko aukera ematen digu, Beijingen adostutako berdintasunaren helburuak lortzeko, beharrezkoak diren baliabideak bideratuz, erronkei eta oraindik dirauten oztopoei aurre egiteko.

Euskal erakundeek eta, bereziki, tokiko gobernuek, 30 urte hauetan metatutako ebidentzia dute, eta horrek agenda feminista globalean oinarritutako berdintasun-politiken bermatu eta legitimatu egin du.

Euskal udalek genero-berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu-mugimenduarekin bat egin dute, emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko apustua eginez. Tokiko eremutik arlo kritiko globaletan aurrera egiten laguntzeko,……. Udalak  ondorengo konpromisoak hartuko ditu:

  • Sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate-Estandarren arabera.[1]
  • Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.
  • Tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.[2]
  • Tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko.
  • Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz.
  • Zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik.
  • Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko tokiko ekintza-planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian.

[1] Ikus 2018ko abenduaren 12koa, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako Erakunde arteko Batzordearena, zeinaren bidez Berdintasun Politiken Kalitate Estandarrak ezartzen diren

[2] Ikus “Udalentzako gomendioak, emakumeek tokiko gobernuetan parte hartzeko baldintzak errazteko”, EUDELek udalei bidalitakoak 2023ko maiatzaren 29an.

  • Ukazio eta desinformazio olatuaren aurrean, Emakundek, hiru aldundiek eta EUDELek beharrezkotzat jotzen dute feminismoari buruzko pedagogia egitea eta berdintasun-politikei balioa ematea
  • Aurten Beiing-eko adierazpenaren 30. urteurrena eta Euskal Berdintasunerako lehen Legearen 20. urteurrena ospatzen dira

Gasteiz, 2024/2/21

“Ni feminista naiz” da Emakundek, hiru foru aldundiek eta EUDELek bultzatzen duten martxoaren 8ko erakundeen arteko kanpainaren leloa. Goiburua “Feminismoa zurekin doa” esaldiarekin osatzen da, eta feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena aldarrikatu eta berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenei balioa eman nahi die. Honekin batera, feminismoaren balioek pertsonen eguneroko bizitzan botere eraldatzailea dutela erakutsi nahi du.

Kanpainaren spota: https://youtu.be/Ie1bbjKZFAM

Kanpainaren MATERIALAK (Kartelak, bideoak, bannerrak)

Kanpainaren aurkezpenean parte hartu dute Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, eta Trinidad Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak.

Mundu mailan ematen ari den ultraeskuinaren erreakzio-testuinguru batean, zeinak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza ukatzen duen, emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzen duen eta berdintasun-politikak mespretxatzen dituen, euskal erakundeek beharrezkoa ikusten dute feminismoaren pedagogia egitea eta nabarmentzea haren ekarpena ongizateari eta eguneroko bizitzaren hobekuntzari. Miren Elgarrestaren hitzetan, “feminismoari eta bere agendari buruzko desinformazioa, beti egon da, baina areagotu egin da azken urteotan, Interneten eta sare sozialen erabilera zabaldu denean albisteak kontsumitzeko”. Nazio Batuek ere alerta horren berri ematen dute, eta, beraz, inoiz baino beharrezkoagoa da berdintasunean eta emakumeen eskubideen alde egindako lana nabarmentzea. Emakundeko zuzendariaren arabera, “feminismoak ongizateari, berdintasunari eta pertsonen eskubideei egiten dien ekarpena aitortzeko unea da, une honetan feminismoa zalantzan jartzen dutenak beren ideiak zabaltzeko bide garrantzitsuak aurkitzen ari baitira, bereziki gazteei zuzenduak”.

Elgarrestaren ustez, gizarteak jakin behar du “feminismoaz ari garenean, eskubideez, askatasunaz, ongizateaz, elkartasunaz, sare eta aliantzez, demokraziaz, ahalduntzeaz, hezkuntzaz eta jakinduriaz, errespetuaz, pertsona guztientzako aukera-berdintasunaz” ari garela. Elgarrestaren iritziz, kontzeptu eta balio horiek guztiak aldarrikatzeko feminismoa berretsi behar da: “Beharrezkoa da publikoki esatea: Ni feminista naiz”.

Bestalde, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak adierazi duenez, “hurbilen ditugun erakundeetatik mekanismo guztiak sustatuko ditugu gizarte berdinzaleago, anitzago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baten aldeko lanean atzerapausorik egon ez dadin. Orain, inoiz baino gehiago, diskurtso neomatxistak gelditu behar ditugu”.

Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak nabarmendu duenez, feminismoak “guztiak hartzen ditu barne, berdintasunaren alde borrokatzen baitu, eta emakumeen eta gizonen helburua da”. Eta aldarrikatu du kanpainaren mezuak herritarrak “ekintzara” bultzatzen dituela, “pertsona guztien eskubideak defendatzeko, batez ere historikoki isilaraziak izan direnenak”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Nerea Isasik bat egin du berdintasunarekiko konpromisoarekin eta feminismoaren defentsarekin, gizarte askeago, bidezkoago eta demokratikoago baten funtsezko zutabe gisa. “Ezin dugu onartu diskurtso erreakzionarioek lortutako aurrerapausoak zalantzan jartzea, ezta benetako berdintasunerako bidea geldiarazten saiatzea ere”, berretsi du. “Feminismoa tresnarik boteretsuena izan da eta da guztiontzat eskubideak, justizia eta aurrerapena bermatzeko. Horregatik, gaur inoiz baino gehiago, feminismoa aldarrikatzen dugu harrotasunez eta argitasunez “.

Bere hitzaldian, Bizkaiko Berdintasun zuzendari Trinidad Vicentek ziurtatu du feminismoa eta berdintasuna defendatzen dutenek ez dutela bakarrik sentitu behar. “Euskal gizartea feminista dela erakutsi nahi dugu. Eta gutako bakoitza garela. Feminismoaren iraganeko bideak harrotasunez betetzen gaituela eta bere orainaren eta etorkizunaren zati izan nahi dugula “, gaineratu du.

Beijing eta Berdintasunerako Legearen urteurrenak

Aurten, berdintasun-politikak garatzeko erabakigarriak izan diren bi mugarri ospatuko dira. Alde batetik, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena ospatzen da, mundu osoko emakume eta neskatoen ahalduntzerako programarik garrantzitsuena. Halaber, 20 urte bete dira Euskadin Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lehen Legea onartu zenetik. Ildo horretan, berdintasun-politiken bidez eskubideetan egindako aurrerapenei balioa eman nahi die kanpainak.

Kanpaina otsailaren 22tik martxoaren 8ra bitartean egongo da martxan kanpoko euskarrietan, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan eta telebistan. Gainera, sare sozialetako istorioetarako txantiloi bat sortu da filtro formatuan, #NiFeministaNaiz traolarekin. Honen bidez, erabiltzaile bakoitzak selfie bat egin eta bere sare sozialetan partekatu ahal izango du.

  • “Batzen gaituena”. Gaur Agurainen (Araba) egindako Batzar Orokorrean, EUDELeko elkarteburuak “ezberdinen arteko batasunera” deitu du, udalerrien interes komunen alde lan egiteko.
  • Esther Apraizek Euskadiko alkateei azaldu die EUDELen “ibilbide-orria malgua” dela eta etorkizuneko garapenei irekita dagoela. Elkartearentzat lehentasunezko hamar lan-esparru aipatu ditu, eta horien artean honako hauek nabarmendu ditu: udalerri txikiei arreta eskaintzea; tokiko enplegu publikoa arautzeko akordioa eguneratzea; edo Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzea herri-erronka handien aurrean, hala nola etxebizitza, jasangarritasuna, pertsona migratzaileen harrera eta administrazioaren arintzea.
  • Batzarrak 2025eko urteko kontuak eta aurrekontua onartu ditu, udalentzako zerbitzua eta erakundeen arteko lankidetza indartzeko.

2025eko EUDELeko Batzarraren argazkien galeria: https://flic.kr/s/aHBqjC37Ch

Agurain, 2025eko otsailaren 20an. EUDELen 57. Batzar Orokorrak EAEko alkate guztiak bildu ditu gaur goizean Agurain herrian (Araba). Euskal munizipalismoaren urteroko bilera, aurten, udalen agintaldiaren erdialdean egin da, herri eta hiriei ere eragiten dien ziurgabetasun handiko testuinguru global konplexu batean.

Nagore Alkorta, Esther Apraiz, Cristina Laborda

Saioa 11:30ean hasi da, Aguraingo alkate Raúl Lopez de Uralderen ongietorri-hitzekin. Ohi bezala, Esther Apraiz elkarteburu eta Derioko alkateak gidatu du batzarra, bi elkartaburuordeekin batera: Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Cristina Laborda Irungo alkatea. Euskal Udalen Elkarteko gobernua osatzen duten Batzorde Eragileko hamabi kideak ere agertokian izan dira.

2016az geroztik, Estatutuak berritzeko itun politikoa egin zenetik, EUDELek aniztasunezko zuzendaritza du, Euskadiko udal-gobernuen buru diren sentsibilitate ezberdinek osatua. Adostasuna bilatzea eta erabakiak adostasunez hartzea da EUDELeko organoen (Batzorde Eragilea eta lurralde-batzordeak) lanaren oinarria.

Parte-hartze bidezko aurrekontua

EUDELeko Batzorde Eragilea

EUDELen Batzarrak Irungo alkateak aurkeztutako 2023. urteko kontuak onartu ditu, baita Azpeitiko alkateak zehaztu duen 2025erako Elkartearen aurrekontua ere. Aurrekontua 3,8 milioi eurokoa da, aurreko urtekoa (2024) baino % 2,86 handiagoa.

Aurtengo aurrekontua udalen parte-hartze prozesu baten eta adostasun eta lankidetza politikoaren emaitza izan da. Berritasun gisa, Batzorde Eragileak “entzute aktiboko” dinamika bat bultzatu zuen joan den udazkenean, non udal-bazkideek beren proposamenak helarazi ahal izan dituzten. Hala, aurtengo ekintza-planak bere partidak ditu ekitaldiko aurrekontuan: 700.000 euro “azterlanak eta lanak” egiteko (proiektu estrategikoak) eta 328.770 euro “programak” egiteko (prestakuntza, berdintasuna, euskara, gobernantza). Programa-partida, gehienbat, erakundeekin (Emakunde, Euskaltzaindia, Europako Kontseilua…) egindako hitzarmenen bidez finantzatzen da.

Esther Apraiz pozik agertu da bazkideen babes orokorrarekin, eta oso positibotzat jo du lortutako akordioa, udalentzako funtsezko laguntza izaten jarraitzeko “erantzukizun eta konpromiso ariketa” gisa. Bereziki, trantsizio sozial-demografiko, digital-teknologiko eta ekologikoaren aurrean herritarrei zerbitzua emateko lanean; eta “inor atzean gera ez dadin” bermatzeko xedez.

EUDEL

Esther Apraiz elkarteburua

Elkarteburuak euskal udalen ordezkaritza instituzionalaren maila altua nabarmendu du, Euskadiko Toki Erakundeen Legetik abiatuta lortutakoa, Elkartearen aldarrikapen historikoa, Eusko Legebiltzarrak 2016an onartua. “Erabakiak hartzeko organo guztietan gaude, eta gure rola arduraz, zuzentasunez eta adimenez jokatzen badugu, helburu berriak lortu ahal izango ditugu”, adierazi du.

Horren harira, elkarteburuak barne mezu bat helarazi die bere elkartekideei. Apraizek “desberdinen arteko batasunera eta akordiora” heltzeko deia egin du, “etapa honetan ‘helburudun EUDEL’ gidatzeko, geure interes komunak haren izateko arrazoi bihurtuta”. Eta gaineratu du Elkarteak “erabilgarri eta baliotsu” sentitzen jarraituko duela, udalerri guztientzako eta euskal gizartearen onurarako akordio zabalak ehundu ahal dituen neurrian. Elkarteburuordeen hitzaldietan ere islatu da batasun-espiritu hori.

Demokrazia eta erakundeen arteko lankidetza

Hiriburuen Alkateak

Batzarreko hitzaldi nagusian, EUDELeko elkarteburuak egungo “ziurgabetasun handiko” nazioarteko agertokia aipatu du, baita “autoritarismoek eta gorrotoaren diskurtsoek” demokraziarentzat eta ongizatearen oinarrientzat dakarten mehatxua ere. Testuinguru horretan, udal-politika “errealitatearen politika” dela adierazi du, “jendeari begietara begiratzen diona”. Eta azpimarratu du udalek “funtsezko zeregina” dutela maila anitzeko gobernantzan “erakundeekiko kohesioa eta konfiantza soziala indartzeko”.

Erakundeen arteko lankidetzaren esparruan, Esther Apraizek berretsi du udalek Euskadiren erronka handien aurrean erantzun bateratuak eta koordinatuak lantzeko borondatea dutela. Erronkak oso handiak direla adierazi du. “Eskura ditugun ahalegin eta baliabide guztiak batzea eskatzen dute”.

2025eko ardatzak eta jarduera-ildoak

Batzorde Eragileak landutako ekintzen proposamena aurkeztu die elkarteburuak alkateei. Bere Estatutuekin bat etorriz, EUDELek bi ardatz nagusi ditu: udalentzako zerbitzua eta erakundeen arteko lankidetza.

Ardatz horiek hamar jarduera-ildo dituzte:

  1. Udalerri txikienak: 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrien erronkak aztertuko dira. EAEko udalerrien % 80 dira.
  2. Toki-autonomia eta finantza-nahikotasuna: EUDELek erne jarraituko du, udalentzat betebehar berriak dakartzaten lege guztiek memoria ekonomikoa izan dezaten.
  3. Udalhitz akordioa: agintaldi honetan, 20.000 udal-langilerentzako baino gehiagorentzako hitzarmena eguneratzeko konpromisoa dago, lege-aldaketetan oinarrituta. Sindikatuekin elkarrizketa hasi da jada, negoziazio-mahaia ireki ahal izateko.
  4. Pertsonak:Ildo honek gizarte-politika guztiak biltzen ditu, baita migrazioa/aniztasuna, berdintasuna, enplegua eta segurtasuna ere. Ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: gorroto-delituetarako (arrazismoa, antigitanismoa, LGTBIfobia) tokiko jarduera-gida bat egitea; indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko tokiko protokoloak eguneratzea; zaintza feministen eta erantzukideen tokiko sistemak diseinatzeko eredua; eta, udaletan, emakumeek politikan parte hartzeko Behatokia.
  5. Hirigintza eta Etxebizitza: Hirigintzari dagokionez, etxebizitza/gela turistikoen erabilera arautzeko oinarri komun batzuk prestatzea. Etxebizitzaren arloko baterako erronka handiaren aurrean, udalerri bakoitzean “askotariko erantzunak” sortuko direla azaldu du elkarteburuak, udal-errealitatea bera oso heterogeneoa baita. Hala, EUDELek bere burua eskaintzen du etxebizitzaren arloko udal-irtenbideen sare gisa. Era berean, Eusko Jaurlaritzarekin lan egiteko borondatea duela adierazi du, hirigintzako eta etxebizitzako tokiko politikekin bat egiten duten lan-ildo guztietan.
  6. Jasangarritasuna: EEErekin eta Udalsarearekin lankidetzan aritzea, bereziki energia-komunitateen eta energia-autokontsumoaren arloan.
  7. Administrazio arina: EUDELek, gainerako erakundeekin batera, Lehendakaritzak bultzatutako “Administrazioa Arintzeko eta Digitalizatzeko estrategia” delakoan parte hartzea.
  8. Euskara: aisialdian euskara sustatzeko jardunbide egokien dekalogoa egitea.
  9. Gobernu Ona eta 2030 Agenda: ELoGE Europako Bikaintasun Zigiluaren VI. edizioa, eta udalei laguntza ematea herritarrak GJHen inguruan sentsibilizatzeko.
  10. Europa: tokiko gobernuen elkarteekin lankidetza, Europan batasuna eta demokrazia indartzeko, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz.

 

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Gasteizen otsailaren 13an egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta euskal udalek, beste gai batzuen artean, 2024ko zerga itunduen diru-bilketa ixteari buruzko akordioak hartu eta 2024ko Egokitzapenerako Funts Orokorraren behin betiko likidazioa onartu dute.

Aurten, urriko 2024ko aurre-likidazioan aurreikusi zen bezala, zerga-bilketa murriztu egin da, Auzitegi Gorenak lan-mutualitate zaharren gainean emandako epaien ondorioz foru-aldundiek PFEZn gauzatutako itzulketek eragina izan dutelako.

HDEKri buruzko informazio zabalagoa (2025/02/13): https://www.irekia.euskadi.eus/mobile/eu/news/99126-consejo-vasco-finanzas-publicas

Udalen ordezkariak

Euskal udalerrien aldetik, hiru lurralde historikoetako hiru alkatek hartzen dute parte Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan:

  • Esther Apraiz Fernandez la Peña, Derioko alkatea (EUDELeko elkarteburua).
  • Nagore Alkorta Elorza, Azpeitiko alkatea (EUDELeko elkarteburuordea)
  • Natividad López de Munain Alzola, Burgeluko alkatea (EUDELeko Batzorde Eragileko bokala)

Arrisku partekatua eta finantza-nahikotasuna

Bileraren osteko agerraldian, EUDELeko elkarteburuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen berehalako deialdiaren garrantzia nabarmendu du, zerga-bilketak (2024ko likidazioa) Udal Finantzaketarako Foru Funtsetan duen eragina ezagutzeko.

Esther Apraizek hiru mezu helarazi ditu. Lehenik eta behin, gogorarazi du udalak, gainerako erakundeak bezala, arrisku partekatuko eta “erantzunkidetasuneko” sistemaren mende daudela, eta sistema horretan erakunde guztiek diru-bilketan egon daitezkeen desbideratze negatiboak beren gain hartu behar dituztela, kasu honetan, mutualisten epaien ondorioz.

Bigarrenik, pozik agertu da likidazioaren datuak bat datozelako urriko Kontseiluan egindako balioespenekin, eta azaldu du, aurretiazko informazio horrekin, “aurreikusleak izan garela eta diru-sarrera horiek deskontatu ditugula udal-aurrekontu errealistak eta egoera ekonomikora egokituak ateratzeko. Gaur egungo testuinguru konplexuak eskatzen dituen zorroztasun-irizpide eta zuhurtasun-irizpideei eutsiz beti. ”

Azkenik, Derioko alkatea den elkarteburuak udalek finantza-nahikotasuna izatea oso garrantzitsua dela azpimarratu du, herritarrentzako oinarrizko zerbitzuei eta erronka sozial, teknologiko eta ekologiko berriei erantzuteko. “Agintaldiaren erdialdean gaude, eta proiektu asko ditugu aurrera ateratzeko, gure udalerrien eta lurraldeen garapen sozial eta ekonomikorako estrategikoak direnak” aipatuz bukatu du.

  • Gaur lehiari eta toki-erakundeen jarduera ekonomikoari buruzko jardunaldi bat egin da Bilbon, Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) antolatuta, EUDELekin lankidetzan.
  • Jardunaldia LEA/AVCk egindako ‘Toki-erakundeek jarduera ekonomikoan duten eragina’ txostenaren gainean oinarritu da. Foro honetan Bilbo, Donostia, Getxo, Erandio, Laudio eta Sopelako udal esperientziak aurkeztu dira.

Esther Apraiz elkarteburuak, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuarekin batera, Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) antolatutako “Udalerriak eta lehia” jardunaldiari hasiera eman dio gaur, Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) laguntzarekin.

Foroa EUDELen Bilboko egoitzan egin da, eta EAEko udalei LEAk egindako eta Ainara Herce presidenteak aurkeztutako ‘Tokiko erakundeen eragina jarduera ekonomikoan’ txostenaren berri emateko balio izan du. Cani Fernández CNMCko presidenteak, bere aldetik, ‘Udalerriak eta Lehia’ proiektuaren garrantzia azpimarratu du. Proiektu hori Batzordeak sustatu du, autonomia-erkidegoetako agintaritzekin batera, toki-erakundeek merkatuetan duten esku-hartzearen kalitatea hobetzeko eta ongizate orokorra murrizten duten jarduerak saihesteko.

Esther Apraizek, Derioko alkate ere badenak, Lehiaren arloko agintarien eta tokiko erakundeen arteko lankidetza estutzearen balioa eta premia azpimarratu du: “Gaurkoa bezalako jardunaldiek gure udalen artean jardunbide egokiak identifikatzen laguntzen digute; eta, EUDELen bitartez, partekatu egiten ditugu, elkarrekin ikasteko eta beste udalerri batzuetan funtzionatzen duena eredutzat hartzeko.”

“Sendatu beharrean, prebenitzea da helburua”, adierazi du Apraizek. “Lehia arautzeak lagundu egiten digu gure jarduera publikoan eta hainbat sektore ekonomikotan dituen eraginetan eraginkorragoak eta efizienteagoak izaten, jokabide okerrak edo arau-hausteak ekar ditzaketen desorekak saihestuz”. Elkarteburuak azpimarratu du garrantzitsua dela “tokiko erakundeok, ordenamendu juridikoak ematen dituen aukeren artean, aukera mesedegarrienak hartzea lehiari dagokionez. Horrek, gure udal-kudeaketaren kalitatean ez ezik, Euskadiko udalerrien ongizate orokorrean eta garapen ekonomikoan ere eragingo du”.

Nöel D’Anjou sailburuak azpimarratu du udalak funtsezkoak direla paper aktiboa eta kontzientea hartzeko, ez soilik garapenaren sustatzaile gisa, baita gizarteko sektore guztiei mesede egingo dieten bidezko baldintzen bermatzaile gisa ere.

Parte-hartze horiei esker, administrazioetako ordezkarien eta inplikatutako eragileen arteko eztabaida sortu da. Zehazki, udal esperientzien mahaian honako hauek dira parte hartu dutenak: Javier Garcinuño, Bilbao Ekintzako zuzendaria; Ander Larrinaga, Arabako Garapen Ekonomikoko zuzendaria eta Laudioko zinegotzia; Susana Bugallo; Olatz Elorza, Donostiako Kontratazio arduraduna; José Rica, Getxoko Sustapen Ekonomikoko teknikaria; eta Erandio eta Sopelako kontu-hartzaileak, Susana Bugallo eta María Cambeiro, hurrenez hurren.

‘Udalerriak eta Lehia’, lan bateratua

Irene Pinillak, MLBNko Laguntza Publikoen eta Arau Proiektuen Txostenen zuzendariordeak, lehiari eta interes ekonomiko orokorreko zerbitzuei dagokienez udal-jardueraren mugetara hurbilduz jarraitu du jardunaldia, eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen tresna bat aurkeztu du, neutraltasun lehiakorra sustatzeko. Ildo horretan, MLBNren jarduerak eta materialak ere aurkeztu ditu, hala nola dekalogoak, gidak, prestakuntzak

Azkenik, udalerriek ere beren esperientziak eta praktika egokiak partekatu dituzte. Ander Larrinaga Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako zuzendari eta Laudioko Udaleko zinegotziak zenbait kasu praktiko azaldu ditu (euskaltegia, gimnasioa, zinema…), eta azpimarratu du, udal erakundeetatik zerbitzuak ematerakoan, “funtsezkoa testuingurua eta zer behar betetzen ari garen ulertzea dela, eta koordinazioa eta osagarritasuna kontuan hartzea”.

Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak adierazi duenez, hiriko garapen ekonomikorako sozietate publikoa “merkatuaren akats bat estaltzen saiatzen” ari da, “edo interes komunak ondasun edo zerbitzu jakin hori behar duela egiaztatzen, espazioen zuzeneko lagapenaren proportzionaltasuna eta alternatibak bilatuz”.

José Ricak, Getxoko Udaleko Ekonomi Sustapen Arloko teknikariak, Getxo Sormen Hub – Industria Sortzaileen Ekintzailetza Zentroaz hitz egin du. “Mikroenpresei espazio publikoak aldi baterako lagatzean datza, udalak sektorearen jarduera sustatzeko egindako apustu gisa”.

María Cambeiro Sopelako Udaleko kontu-hartzaileak itsaso eta lehorreko jabari publikoaren erabilerari heldu dio, eta kasu zehatz batean jarri du arreta: “Sopelako hondartzako surf klaseek diru-sarrera ekonomiko handia dakarte. Zerbitzu bat eskatzen ari ez garenez, nahiz eta kontratazio-arau bat aplikatu, udalerriak ez gara bezeroa, hesia jartzen dutenak baizik. Baimen bat da, eta gu gara lehiaren aldeko ikuspegia izan behar dugunak”.

Susana Bugallo Erandioko Udaleko kontu-hartzaileak adierazi duenez, “herritarrentzako premia edo onura handiagoa bada lehia askeari egiten zaion kaltea baino, toki-erakundeek ondasun edo zerbitzu jakin batzuk eskain ditzakete”.

Azkenik, Olatz Elorzak, Donostiako Udaleko kontratazio-arduradunak, lehen pertsonan bizitako kasu batzuk kontatu ditu, eta adierazi duenez, “lehia sustatzeko, oso gogoan izan behar dira kontratazioaren printzipioak, funtsean transferentzia eta publizitatearena, tratu-berdintasunarena eta diskriminaziorik ezarena, eta konkurrentziarena”.

Jardunaldia online emititu da eta berriro ikus daiteke esteka honetan.

EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du Irunen izan zen emakumearen erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta  hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), kasu honetan, familia-barruko indarkeriaren testuinguruan, emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egin du Irungo Udalak deitutako elkarretaratzearekin (5 minutuko isilunea), gaur, 19:00etan, San Juan plazan. Euskadiko Udalen Elkarteak, bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

2025eko otsailaren 6an

2025/02/5. Esther Apraiz Alberto Martinez sailburuarekin bildu da gaur, sailburuak horrela eskatuta. Sailak udalekin lankidetzan aritzeko borondatea aurreratu dio sailburuak, osasun estrategiak jorratzeko eta komunean sustatzeko, prebentzioaren arloan dituen eskumenen bitartez.

Ildo horretan, Osasun sailburuak Euskadiko Osasun Behatokia aurkeztu dio EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateari. Behatokia azterketa, komunikazio eta ikerketarako tresna da, eta euskal herritarren osasuna monotorizatzea eta ebaluatzea du xede, ekitatearen eta generoaren ikuspegitik.

Bi erakundeek egokitzat jo dute Behatokia EAEko udal guztiei aurkeztea, eta haien eskura jartzea, osasunaren arloko informazio-tresna baliotsu gisa.