
Datorren otsailaren 6an, 10:00etatik 13:00etara, “Udalerriak eta lehia” jardunaldia egingo da.
lehia-agintaritzek (CNMC eta LEA/AVC) antolatu dute, EUDELekin lankidetzan.

Datorren otsailaren 6an, 10:00etatik 13:00etara, “Udalerriak eta lehia” jardunaldia egingo da.
lehia-agintaritzek (CNMC eta LEA/AVC) antolatu dute, EUDELekin lankidetzan.
EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du atzo Barakaldon izan zen emakumearen erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.
EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.
Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), kasu honetan, familia-testuinguruan, emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.
EUDELek bat egin du Barakaldoko Udalak deitutako elkarretaratzearekin, gaur, 18:00etan, Udaletxe aurreko plazan. Euskadiko Udalen Elkarteak, bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.
2025eko urtarrilaren 4an
Karlsruhe, 2024ko abenduaren 10a. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak CEMRren (Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseilua) Batzorde Politikoaren urteko azken bileran parte hartu du atzo eta gaur, 41 herrialdetako 150 tokiko gobernuren ordezkariekin batera. Alemaniako Karlsruhe hirian egin dute bilera, eta tokiko autogobernua eta Europako agendan udalen eragin handiagoa aldarrikatzeko balio izan du, Batzordearen eta Parlamentuaren ibilbide berriarekin bat eginez.
CEMRk tokiko liderren goi-bilerarako deia egin du, “Europa indartsuago, autonomoago eta erresilienteago baten eraikuntzan tokiko gobernuek duten funtsezko zeregina eztabaidatzeko eta biltzeko aukera paregabe gisa”. Eskuin muturraren gorakadaren mehatxuaren eta gorroto diskurtsoen aurrean Europako arkitektura demokratikoaren defentsa izan da CEMRren goi-bileraren ardatz nagusia.
Esther Apraizek, erakunde horretako batzorde politikoko kideak, EUDELek sustatzen duen euskal udalen “espiritu europazale sakona” nabarmendu du: “CEMRko organoetan lan egiten dugu, demokrazian eta ongizatean, bizi-kalitatean, jasangarritasunean eta gizarte-kohesioan aurrera egiten laguntzen diguten Europako balioak babesteko”.
EUDELeko elkarteburuak, subsidiariotasun-printzipioari helduta, Europa mailan erabakiak hartzeko udalek parte-hartze aktiboagoa izan behar dutela defendatu du, gainerako erakundeekin elkarlanean. “Europa bidegurutze batean dago, eta tokiko gobernuen ahotsa entzun behar du, politika hurbilagoak diseinatzeko, maila anitzeko gobernantza- eta finantzaketa-mekanismo berriekin, pertsona guztien beharrei eraginkortasunez erantzungo dietenak, Europako udalerri guztietan”.
Esther Apraizek gogorarazi du balioen eta erakundeekiko konfiantzaren krisia “erronka handia” dela gizarte guztientzat, eta jarduera bateratua eta koordinatua eskatzen duela. “Demokrazia indartzeak herritarrekin konexio handiagoa izatea dakar, hautetsien eredugarritasunaren, gobernu onaren, gardentasunaren eta herritarrek gai publikoetan parte hartzearen bidez”.
Goi-bilerak iraun duen bi egunetan, hainbat errealitatetako eta sentsibilitatetako tokiko agintariek erronka komun handiei buruz eztabaidatu eta hausnarketak trukatu ahal izan dituzte: migrazioa eta aldaketa demografikoa, Ukrainaren inbasioa, aniztasun kulturala eta linguistikoa, berdintasuna politikan eta gizartean, trantsizio klimatiko-energetikoa, digitalizazioa eta zerbitzu publikoen hobekuntza, besteak beste.
Demokraziarako mehatxuak eta gomendioak
Karlsruheko goi-bilera honetarako, CEMRk posizionamendu politikorako dokumentu bat egin du, non Europan demokraziari egiten zaizkion mehatxu nagusiak aztertzen diren. Besteak beste, eskuin muturreko alderdiek Europako Parlamentu berrian izan dezaketen eragina aipatzen da, eta CEMRk ohartarazpena egin du Europako politikaren deriba antidemokratikoen aurrean. Aldi berean, erakunde horrek argitu du Parlamentu hautatu berriak “Europaren aldeko gehiengoa” izaten jarraitzen duela, eta interes handia duela tokiko eta eskualdeko politika publikoak indartzeko, Europak munduko eragile estrategiko gisa jardun dezan.
Ildo horretan, EUDELek bat egiten du CEMRren mezuarekin, zeinak tokiko autogobernua “deszentralizazio politiko eta fiskalaren” bidez indartzearen alde egiten baitu. Esther Apraiz elkarteburuaren ustez, hori lagungarria izango da tokiko gobernuek finantza-baliabide eta eskumen eraginkorrak izan ditzaten, “gure komunitate eta lurraldeen eraldaketa bultzatzeko, eta, aldi berean, udalerriek Europako eta Estatuko politiken eraketan duten egiturazko eginkizuna bermatzeko”.

NIK Patrika Digitala Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak garatutako zerbitzu digitala da eta helburu du pertsonen egunerokotasuna erraztea eta Administrazioaren eraldaketa digitala sustatzea. Izan ere, tresna digital honek administrazio edo zerbitzu publiko desberdinetako txartel edo zerbitzuak mugikorrean eramateko (Osakidetzaren txartela, Gaztetxartela…), bai eta abisu eta jakinarazpen garrantzitsuak jasotzeko edo Lanbide edo metaposta bezalako webguneetara sartzeko aukera ematen du, APP bakar bat erabilita.
Halaber, dagoeneko 14 udalerri batu dira zerbitzura, eta, beraz, NIK Patrika Digitalaren parte diren herrietako bizilagunek udal txartelak ere sar ditzakete APP horretan, hala nola, kiroldegiko txartela edo liburutegiko txartela. NIk Patrika Digitala zerbitzua eskaintzen duten udalak honako hauek dira: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Abadiño, Amorebieta-Etxano, Elgoibar, Galdakao, Gernika-Lumo, Legazpi, Lemoa, Mungia, Ondarroa, Santurtzi eta Zalla.
Informazio-kanpaina
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak zerbitzuari buruzko informazio-kanpaina garatu du, bi helbururekin: batetik, APPa herritarren artean ezagutaraztea eta pertsona gehiagok zerbitzua erabil dezaten lortzea. Eta, bestetik, udalerri gehiagotara zabaltzea NIK Patrika Digitala aplikazioa.
Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatua du EUDELekin, Nik Patrika Digitala tresna udalen eskura jartzeko. Orain, Euskadiko Udalen Elkartearen bidez, zirkular bateratu bat bidali da EAEko udal guztietara, atxiki gabeko udalerriek bat egin dezaten zerbitzuarekin.
NIK Patrika Digitala APPa erabili nahi duten pertsonek informazio guztia eskuragarri dute nik.euskadi.eus webgunean, eta aplikazioa Apple store-n eta Play store-n deskarga daiteke. Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, zerbitzua erabiltzeko beharrezkoa da BakQ identifikazio elektronikoa; BakQ-a online edo aurrez aurre eskuratu edo berritu daiteke.
Topaketa egin dute asteazken honetan, Nafarroako Federazioaren egoitzan
Iruñean, 2024ko abenduaren 4an. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko elkarteburu Esther Apraizek eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) lehendakari Xabier Alcuazek bilera egin dute gaur goizean Nafarroako erakundearen egoitzan, udalen elkarte bakoitzaren lankidetza-eremuak eta hainbat gairi buruzko informazioa partekatzeko. Bileran, Nagore Alkorta EUDELeko elkarteburuordea, María del Mar Zabala Elkarteko zuzendari nagusia eta Berta Enrique NUKFeko idazkari nagusia ere izan dira.
Bi udal-erakundeek beren proiektuak eta ekintzak azaldu dizkiote elkarri, udalerrien erronka komunei erantzuteko, herritarren mesedetan. NUFKen eta EUDELen eginkizun nagusia tokiko autonomia eta nahikotasun finantzarioa defendatzea da, bi zutabe horien bidez tokiko erakundeak indartzeko eta pertsonengandik hurbilen dauden politikak eta zerbitzuak hobetzen jarraitzeko.
Hala, topaketan zehar, bakoitzaren egoeraz eta aurrera eramaten ari diren ekimenez aritu dira, bestek beste, ahultasun-egoeran dauden pertsonen erroldatze-protokoloak egiteaz, migratzaileak hartu eta integratzeaz edo berdintasun-politikak eta indarkeria matxistaren aurkako politikak sustatzeko udalerri-sareen ereduez. Azken gai horri buruz, EUDELeko ordezkariek Berdinsarearen ezaugarriak azaldu dituzte. EUDELek eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta, udalek gidatzen dute sarea da Berdinsarea.
Bi udal-ordezkaritzek gai hauek ere izan dituzte hizpide: udaletako idazkaritza eta kontu-hartzailetzako langileak hornitzeko zailtasunak, trantsizio ekosozialeko politikak eta euskararen normalizazio-politikak.
Elkarri azaldu dizkioten beste gai batzuk dira toki-erakundeetako langile politiko eta teknikoen prestakuntza eta administrazio elektronikoaren digitalizazio- eta ezarpen-prozesuak.
Azkenik, EUDELeko elkarteburuak NUKFeko lehendakaria gonbidatu du etorkizun hurbilean euskal elkartearen egoitza bisitatzera.
EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du atzo Pasaian izan zen emakumearen erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.
EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.
Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.
EUDELek, Pasaiako Udalarekin batera, bat egin du mugimendu feministak deitutako elkarretaratzearekin, gaur, abenduak 1, 12:00etan, Antxoko Biteri plazan. Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.
2024ko abenduak 1.
Artziniega, 2023/11/22
Beldur Barik 2024 programaren aurkezpena egin da gaur goizean Artziniegako museoan, herri honetan egingo baita Beldur Bariken urteroko topaketa datorren azaroaren 29an. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko ekimen hau Emakundek sustatzen du eta hiru foru-aldundien eta EUDELen babesa du.
Ekitaldian parte hartu dute Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Trinidad L. Vicente Torrado, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Joana del Hoyo, Arabako Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak, Joseba Vivanco, Artziniegako alkateak, Miren Lopez Artziniegako berdintasun zinegotziak, Iñigo Pinedo Aiarako Kuadrillako presidenteak, Irantzu Apodaka. Aiarako berdintasun zinegotziak, Jon Escuza Okondoko alkateak, Estibaliz Sasiain Amurrioko alkateordeak eta Nagore Gomara Laudioko alkateordeak.
Ikus-entzunezko lehiaketak, programaren ekintza nagusia denak, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek egindako adierazpen artistikoak saritzen ditu, berdintasun ezari Beldur Barik jarrerarekin nola aurre egiten dieten erakusten dutenak, hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoa adierazten duten jarrerekin.
Miren Elgarrestak parte-hartzeari buruzko datuak eman ditu. Zehazki, 256 lan inguru aurkeztu dira, eta horietatik 190 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak. Guztira 1224 gaztek parte hartu dute, %58 neskak, %37 mutilak eta %5 beste identitate batzuk bezala identifikatzen direnak. “Garrantzitsua da lanak taldean egitea, sorkuntza-prozesua gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita”, nabarmendu du. Lan gehien aurkeztu diren adin-tartea 15-17 urte bitartean izan dira, eta lehiaketarako proposamen gehien egin dituen lurraldea Bizkaia izan da.
Lanen gai nagusiak estereotipoak ( % 27), edertasun-kanonak eta gorputzak (%13), talde-presioa eta gizarte-presioa ( % 12) eta kaleko indarkeria ( % 10) izan dira. Bestalde, proposatu diren Beldur Barik jarrerak honako hauek izan dira: sororitatea ( % 23), erantzun kolektiboa ( % 22), ahalduntze indibiduala ( % 21) eta eguneroko BB erantzunak eta estrategiak ( % 18).
Emakundeko zuzendariak gogorarazi du euskal erakundeek konpromisoa dutela gazteekin sentsibilizazio-lana lehenesteko indarkeria matxistaren aurkako borrokan. “Beharrezkoa da eduki horiek azpimarratzen jarraitzea eta indarkeria matxista eta desberdintasuna detektatzeko tresnak eskaintzea. Eta hori da Beldur Barik programaren helburu nagusietako bat “. Miren Elgarrestak gizarte osoari eskatu dio ahalegin bat egin dezala gazteengana iristen diren mezu ukatzaileak neutralizatzeko eta lanean jarraitzeko mutilek “estereotipo eta rol sexistetatik askatuko den gizon izateko beste modu bat ikas dezaten eta neskak ahalduntzen laguntzeko”.
Artziniegako Udalaren eta EUDELen izenean, Miren Lopez Berdintasuneko zinegotziak, aurtengo Beldur Barik Topaketa egiteko, Aiaraldea udalerria eta eskualdea hautatu izanaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, tokiko konpromisoaren eta udalen artean egindako ahaleginen baturaren sinboloa da, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka.
Zinegotziak eskolekin batera izandako funtsezko elkarlana nabarmendu du, neska eta mutil gazteekin egindako hezkidetza-proiektuetan, eta horiek tokiko errealitateen aniztasunera nola egokitu daitezkeen. “Gure eskualdean, gainerako kasuetan bezala, Beldur Barik gure neurrira egokitu daitekeela erakusten ari gara, herri txikiok ere berdintasun politika publikoak garatzeko ardura dugulako. Horretarako, ezinbestekoa dugu berdintasun zerbitzu bat izatea eta, era berean, gure artean koordinatzea eta proiektu asko elkarrekin antolatzea “.
Joana del Hoyo Arabako Foru Aldundiko Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendariak euskal gazteen artean “Beldur Barik jarrera” sustatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du. Gazteria hori “kontzientziatuta dago indarkeria matxistaren zantzurik gabeko gizarte bat eraikitzeko beharraz, eta, besteak beste, talentuak eta ahotsak nabarmentzen dira, erantzukizun partekatua sustatzen dutenak eta ekintza kolektiboa bultzatzen dutenak”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Nerea Isasik berretsi du gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko ezinbestekoa dela hezkuntza eraldatzailea eta berdintasunean oinarritutako balioak sustatzea. “Askotan, kontrola edo jelosia maitasunaren adierazpen gisa ulertzen dira, eta hori guztiz gainditu behar dugu. Gazteek errespetuan eta autonomian oinarritutako harreman osasuntsuak eraikitzeko tresnak eta ereduak behar dituzte, eta horretarako, guztion inplikazioa beharrezkoa da”.
Bizkaiko Berdintasunerako foru zuzendariak adierazi duenez, bestalde, “gazteek esaten digutenetik ikasten dugu, eta elkarrekin lan egiten jarraitzen dugu berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka”.
Topaketa
Datorren ostiralean, azaroaren 29an, Beldur Barik Topaketa ospatuko da Artziniegako herriko frontoian. Aurkezleak Leo Bueriberi eta MEL izango dira. Topaketari arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera eta ongi etorrian Oliba&Antxoa MJ egongo dira ekitaldia musikaz girotzen. 17:30etan batukada feministarekin kalez kale abiatu eta tailerretarako bideari ekingo zaio erritmoz beterik, helmuga kultur etxea izango delarik. Bertan 18:00 etan tailerrak hasiko dira, aurten Autoezagutza tailerra Libe Osaren eskutik, “Dantza kolektiboaren plazerra” dantza tailerra Lexlie Ortegaren eskutik, “Ikusi gure mezua” marrazketa tailerra Malen Pazosen eskutike eta “auto(re)TRATU” autorretratu tailerra Ibari Arrietaren eskutik izango ditugu. Ondoren, 19:00etan herriko frontoian batu eta sari banaketari ekingo zaio, eta gonbidatu bezala Aimarz bertan izango da bere abesti batzuk joz.
Emakumeen kontrako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna
2024ko azaroaren 20an. Azaroaren 25eko Adierazpena onartu zuten urriaren 10ean EUDELeko Batzorde Eragileko alkateek. Egun horretan berean, udal osoko bilkuren eta gobernu batzarren aurretik, EAEko udal eta mankomunitate guztiei bidali zitzaien dokumentua.
Adierazpenaren lehen paragrafoan, EUDELek, Euskadiko udalen izenean, “gaitzespen irmoa” adierazten du indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, bai eta “gainerako erakundeekin eta gizarte osoarekin batera indarkeria hori desagerrarazteko lanean jarraitzeko konpromisoa” ere.
Agiriak adierazten duenez, “emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa” dagoen arren –bai esparru legalean, bai politikoan, bai sozialean–, gaur egun “joera neomatxista gero eta handiagoa dago, bereziki adin ertaineko mutilengan eta gizon gazteengan eragina izaten ari dena eta eremu digitalean enfasi berezia duena”.
Udal esparruan proposatutako konpromisoen artean, “euste-horma kolektiboa aktibatzeko” deia egiten da, udalerrietan emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edota ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean. Nabarmentzekoa da “mezu horiei aurre egingo dien eta tokiko bizimoduan barneratuko den iritzi giroa sortzeko eragile guztiekin batera egindako lana”.
Adierazpenean proposatzen diren beste neurrietako batzuk dira gazteria sentsibilizatzea, bereziki mutilak; hezkuntza eta prestakuntza prozesuak indartzea espazio formal eta informaletan; edo Berdinsareatik udalerrien ekintza bateratua indartzea, negazionismoari aurre egiteko eta indarkeria matxistaren aurka modu kolektiboan borrokatzeko.
Azkenik, EUDELek herritarrak animatu nahi ditu azaroaren 25aren harira hainbat herritan antolatu diren ekitaldietan parte hartzera, bai eta PUNTU LILA –EUDELek 2008an sortua– ikusaraztera ere, euskal gizarteak emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztiak –negazionismoa eta indarkeria horien ezereztea barne– gaitzesten eta arbuiatzen dituela erakusteko.