Udalhitz Akordio berriaren edukiak landuko dituen negoziazio-prozesuaren esparrua finkatu dute gaur Udalen eta sindikatu nagusien ordezkariek, enplegu publikoaren egonkortasuna eta sorrera lortzeko eta EAEko toki-erakundeetako langileen baldintzak hobetzeko.
Bilbon, 2025eko apirilaren 10ean. Gaur arratsaldean, EUDELen egoitzan, Udalen ordezkaritza politikoaren eta sindikatu nagusien arteko bilera egin da, EAEko toki-erakundeetako 20.000 langile publiko baino gehiagoren lan-baldintzak arautzen dituen Udalhitz akordio berriaren Negoziazio orokorrerako Mahaia eratzeko. Egungo akordioaren eguneraketarekin, Euskadiko udalen erronka berriei erantzun nahi zaie, herritarrentzako zerbitzu publiko hobea ekarriko duten lan-baldintza onuragarriagoen bidez.
Mahaiaren eraketan, alde batetik, EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Talde Independenteen ordezkariek osatzen duten EUDELen Negoziazio Batzordeak eta, bestetik, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek parte hartu dute.
Arratsaldeko bileran, eta Mahaia eratu baino lehen, udalek eta sindikatuek esparru-protokolo bat sinatu dute. Protokolo horretan, bi alderdiek egungo Udalhitz oinarri hartuta negoziazioari ekiteko konpromisoa jasotzen da, akordio berri bat lortzeko hobekuntzak sartzeko oinarrizko dokumentua baita. Era berean, alderdiek etorkizuneko akordioari ahalik eta atxikipen handiena aktiboki sustatzeko duten borondatea adierazi da.
EUDELek hemendik aurrera hasiko den negoziazio-prozesuari balioa eman nahi dio, Udalhitz berriaren edukiei helduko baitie. Horretarako, enplegu publikoaren egonkortasuna eta sorrera eta behin betiko estaldura lortzeko bideak aztertzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek, bai eta ordainsari-masaren gehikuntzaren maximo globalak finkatzeko ere, izan ere, langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko eta dagokion aurrekontuaren oreka eta egonkortasuna bermatzeko.
EUDELeko Batzorde Eragile berria izendatu zenean, 2023ko irailean, Euskadiko Udalen Elkarteak ezarri zuen lehentasunezko proiektua egungo Udalhitz akordioa berrikustea izan zen. Akordio hori 2008. urtekoa da, eta, beraz, eguneratu egin behar da, eta urte horietatik hona garatutako araudi berrira egokitu. Horren haritik, Negoziazio Mahaia eratzeak berebiziko garrantzia du, tokiko agintaldi honen barruan, Akordioa berritu ahal izan dezaten udaletako eta mankomunitate eta sozietate publikoetako langileek. Udalhitzek lan-harreman aurreratuen esparru bat egituratzen du, euskal toki-erakundeen herritarrentzako zerbitzu publikoaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia garatzea ahalbidetuz.
EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek udalak beren ahalmenak ahalik eta gehien garatzera animatu ditu, Euskadiko udalerriak osasun- eta bizi-iturri osasungarri bihurtzeko; eta, bereziki, gaixotasunak prebenitzeko osasuna zaintzeak duen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko.
Alberto Martinez sailburuak azpimarratu du udalek funtsezko zeregina dutela herritarren osasuna sustatzeko eta hobetzeko “Salud y Municipios. Osasuna zure herrian” jardunaldian. Jardunaldi hori hausnartzeko eta udalerrietan osasuna prebenitzeari eta sustatzeari lotutako ekintzak partekatzeko gunea da. “Osasunak batzen gaitu”, adierazi du.
Bilbon, 2025eko apirilaren 9an. Gaur goizean Osasun Sailak eta EUDELek, Osakidetzarekin lankidetzan, antolatutako eta euskal udalei zuzendutako jardunaldi bat egin da. Jardunaldiak udal-esperientziak partekatzeko eta hausnartzeko balio izan du. Topaketan hainbat tresna aurkeztu dira, hala nola, Euskadiko Osasunaren Behatokia eta Osasun Eskola+ plataforma digitala, baita udal-jardunbide onen arrakastaren hiru kasu ere: Durango, Zanbrana eta Soraluze.
EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek azpimarratu duenez, “osasun komunitarioa sustatzea udalen eskumena da, eta hori gauzatu behar dugu, Osakidetzarekin eta eskualde eta lurralde desberdinetako ESIekin batera lan eginez. EUDELek eta Sailak udalak beren ahalmenak ahalik eta gehien garatzera animatu dituzte, Euskadiko udalerriak osasun- eta bizi-iturri osasungarri bihurtzeko; eta, bereziki, gaixotasunak prebenitzeko osasuna zaintzeak duen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko”.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek nabarmendu du udalek funtsezko zeregina dutela herritarren osasuna sustatzeko eta hobetzeko, eta adierazi duenez, “Euskadi erreferente bihurtu behar dugu, baita osasuna prebenitzeko eta sustatzeko politikan ere.Osasun-baldintzatzaileek eragin handia dute udaletan, eta zuen beharra dugu”.
Gaur goizean Bilbon egin den foroan, Martinez sailburuak udalei eskatu die eragile aktiboak izan daitezen osasunaren prebentzioan eta sustapenean; izan ere, gure osasunaren kalitatearen % 10 gure osasun-sistemaren mende dago, % 20 gure genetikaren mende, % 20 ingurumenari, faktore sozioekonomikoei, herri eta hirien plangintzari, etxebizitzari, mugikortasunari eta abarri lotutako baldintzatzaileen mende, eta % 50 bizi-estiloaren eta ohitura osasungarrien mende.
Horren harira, Alberto Martinezek esan duenez “pedagogian eta sentsibilizazioan inoiz baino gehiago eragiteko unea da”. Guri dagokigu. Gauzak erraztea dagokizue. Prebentzioan eragina duten lankidetza-ekimenak bultzatzea”. Eta gaineratu du horretarako Osasun Saila eragile anitzeko eta maila anitzeko lankidetza bultzatzen ari dela osasun komunitarioaren inguruan. Lankidetza hori “erakusten ari da OSASUNA zatiketa-elementua baino gehiago lotura-elementua dela.Osasunaren prebentzio-ikuspegi horrek gizarte gisa eta, batez ere, pertsona gisa ahalduntzeko balio izatea nahi dugu. Osasunak batzen gaitu”.
Osasunaren prebentzioan eta sustapenean hobetzeko funtsezko tresnak
Hain zuzen ere, osasunaren prebentzioan eta sustapenean hobetzeko funtsezko bi tresna aurkeztu dituzte jardunaldian zehar.
Osasun Saileko Osasun Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendari Gontzal Tamayok Euskadiko Osasun Behatokia aurkeztu du. Behatoki hori azterketa-, komunikazio- eta ikerketa-tresna bat da, eta EAEko herritarren osasuna ekitatearen eta genero-ikuspegiaren arabera monitorizatu eta ebaluatzea du helburu. Hori berritasuna da estatu-mailan, horrelako tresnek normalean ez baitute genero-ikuspegia kontuan hartzen.
Tresna hori Osasun Sailari atxikita dago, eta Euskadiko 135 osasun-eremutan informazioa eta ebidentzia ematen dieosasun-sistemari berari, udalei, aldundiei eta gainerako erakundeei, baita ikerketako langileei, profesionalei eta, oro har, gizarteari ere. Hori oso baliagarria da osasun-arloko ekintzak planifikatzeko eta lehenesteko. Zehazki, bizi-itxaropenarekin eta heriotza-tasarekin, osasun-egoerarekin, haurtzaroarekin, osasun-baldintzatzaileekin edo osasun-sistemaren erabilerarekin lotutako 23 adierazle biltzen ditu.
EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek nabarmendu duenez, “garrantzitsua da udal-arduradunok gure herri eta hirietan osasunaren egoerari eta haren bilakaerari buruzko informazioa izatea”, eta positibotzat jo du udalerri bakoitzerako datu espezifikoak izatea ahalbidetuko duen Behatokiaren tresna.
Bestalde, Begoña Belarrak —Osakidetzako erizaina Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzan— Osasun Eskola + plataforma digital berria aurkeztu du. Herritarrei zuzendutako osasun-eskola da, eta Osakidetzaren webgunetik sar gaitezke; bertan, pertsona bakoitzak bere osasunaren zaintzan inplikatzeko ahal izateko eta erabakiak hartzen parte hartu ahal izateko informazioa eta tresnak ditu. Belarrak azaldu duenez, atari horren bertsio berrituak, informazioa eta tresnak eskaintzeaz gain, osasuneko profesionalak kontsultan bertan zerbait agindu edo edukiren bat adierazteko (ikastaroak, tailerrak, multimedia-materiala…) aukera izango du, paziente eta familia zaintzaileek ezagutza zabalagoa izan dezaten eta, horrela, gaixotasuna hobeto kudeatu ahal izan dezaten.
Kasu arrakastatsuak: Osasuneko jardunbide egokiak udalerrietan
Topaketa horren baitan, Zanbranako, Durangoko eta Soraluzeko alkateek, Osakidetzako profesionalekin eta udaletako teknikariekin batera, beren udalerrietan herritarren osasuna eta ongizatea sustatzeko jardunbide egokien kasu arrakastatsuak azaldu dituzte.
Zanbranan duela urte batzuetatik hona adineko pertsonei zuzendutako proiektu kolaboratibo bat garatzen ari dira, biztanleria ahulen eta aurre-ahulen zahartzea lantzeko helburuarekin. Amaia Pikazak —Osakidetzako erizaina Zanbranako kontsultategian— eta María Trinidad Zarzak —Arabako Zanbrana udalerriko alkatea— azaldu dutenez, programan parte hartzen duten adinekoek jarduera fisikoa eta jarduera kognitiboa lantzen dute, Zanbranako kontsultategiak aldez aurretik balorazioa egin ondoren. Gainera, etengabeko komunikazioa dago Udalarekin programa eta inguru horretako osasun-beharrak baloratzeko.
Soraluzen, Osakidetzaren eta Gipuzkoako udalerri horretako udalaren eskutik, JendartEKIN proiektua abian da. Carlos Cangak —Lehen Mailako Arretako erizain albokoa eta Debabarrena ESIko Osasun Komunitarioko erreferentea— eta Unai Larreategik —Soraluzeko alkatea— zehaztu dutenez, 55 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ekimen hau bizitza osoko ikaskuntzan eta berdinen arteko prestakuntzan oinarrituta dago, prebentzioarekin lotutako hitzaldiak eta tailerrak eskainiz, adibidez, loaren higieneari edo udazkenarekin eta neguarekin lotutako gaixotasunei buruz.
Programa horretaz gain, jarduera fisikoa sustatzeari buruzko “Mugi Soraluze” proiektua ere martxan dago Soraluzen. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak kirola bultzatzeko duen programaren barruan kokatzen da. Azaldu dutenez, proiektu horren helburu nagusia da osasun-zerbitzuak orientazio-zerbitzura bideratzea edozein adinetako pertsona ez-aktiboak, pertsona horiek jarduera fisikoa egitera animatzeko eta beren egoera fisikoa eta ongizate orokorra hobetzeko.
Azkenik, Mireia Elkoroiribek —Durangoko alkatea— eta Izaskun Zeberiok —Donostiako Unibertsitate Ospitaleko hematologoa— EDONOLA ikerketa-proiektuaren berri eman dute. Ikerketa horrek linfoma duten eta immuno-kimioterapia jasotzen duten pertsonen artean ariketa fisikoak dituen onurak aztertzen ditu. Ekimen horrek —180 pertsonak parte hartzen dute eta Saileko Osasun Ikerketako Institutuek, udalek eta lanbide-heziketako ikastetxeek garatzen dute— tratamendu eraginkorra eman nahi du pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko, bihotz-biriketako gaitasunaren jaitsiera eta hauskortasunaren eta nekearen areagotzea saihestuz.
EUDELeko elkarteburua elkarrizketatu dute gaur Bizkaia Irratian (“Goizeko izarretan” programa), euskal udalen gaur egungo egoera errepasatzeko. Elkarrizketako gaiak udalerri txikien erronken azterketari; udal-finantzaketaren egoerari eta Euskadiko Udalen Elkartearen aurtengo ekintza-ardatzei buruzkoak izan dira. Proiektu nabarmenen artean, elkarteburuak EAEko udalerrietan etxebizitza eta logela turistikoak arautzeko EUDELek prestatu duen gidaren gainean eta udaletako langileen Udalhitz akordio arautzailearen hurrengo eguneraketaren gainean hitz egin du. Ondoren, tokiko berdintasun-politikak bultzatzeaz ere aritu da elkarrizketan, hain zuzen ere, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko tokiko protokoloak berrikusteaz. Era berean, udalek komunitatearen osasunaren prebentzioaren eta sustapenaren arloan duten eskumena garatzeko Eusko Jaurlaritzarekin egindako aliantza aipatu du.
Euskal udalerrien BERDINSAREA sareak Osoko Bilkura politikoa egingo du gaur, aurtengo ekintza-plana onartzeko. Ardatzen artean daude udalerri txikien lan bateratua, emakumezko biktimei arreta emateko udal-mailako protokoloak eta indarkeria matxistaren prebentzioa bultzatzea.
2025eko martxoaren 24a. “Feminismoaren eta oinarrizko eskubideen aurka jotzen duen olatu erreakzionario gero eta handiagoa mehatxu larria da gure demokraziarentzat, eta Euskadiko erakundeetatik eta Europa osoan erantzun bateratua eta sendoa eskatzen du. Pandemian gertatu zen bezala, udalak birus neomatxistari aurre egiteko lehen lerroa gara. Orain, inoiz baino gehiago, berdintasunerako tokiko politikei blindatzeko konpromisoa hartzera animatzen zaituztet, gure udal baliabideak eta zerbitzuak indartuz, erakundeen arteko eta tokiko eragileekin lankidetzan arituz”. Hitz horiekin eman dio hasiera EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek Berdinsarearen osoko bilkuraren urteroko bilerari. Berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako politiken arloan Euskadiko udaletako ordezkari politiko aurreratuenek osatzen dute Berdinsarea.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak osoko bilkuraren irekieran parte hartu du, Berdinsarea sustatzen duen erakunde gisa, EUDELekin batera. Elgarrestak nabarmendu duenez, “Udala herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea izanik, berebiziko garrantzia du eskaintzen dituen zerbitzuetan eraginkorra izateak, baita gizonen eta emakumeen berdintasunaren arloan ere”. Eta azpimarratu du Berdinsarea ezinbesteko tresna dela erakunde guztiak koordinatuta egon daitezen. “Hori bereziki garrantzitsua da berdintasunaren aurka doazen eta emakumeen aurkako indarkeria matxista ukatzen edo banalizatzen duten mezuekin mundu mailan ultraeskuinaren erreakzioari aurre egin behar diogun une honetan”.
Gaurko osoko bilkura deitu da aurtengo ekintza-plana onartzeko eta “Berdinsarea 2030” estrategia kontrastatzeko. Estrategia horren helburua da udalak prestatzea gizartearen egungo erronken aurrean, 2030 Agendaren eta 5. GJHaren esparruan. Nati Lopez de Munain Burgeluko alkate eta EUDELeko berdintasun-ordezkariak aurkeztu ditu lan-ardatzak.
Sare aitzindaria
Gaur egun, 89 toki-erakundek osatzen dute sarea: Arabako 20 udalek eta 2 kuadrillek, Bizkaiko 43 udalek eta Gipuzkoako 24 udalek. Sarea EAEko tokiko berdintasun-politiken “aitzindaria” da EAEn, bai eta Euskadiko udalerri guztietan partekatzen diren jardunbide egokien eta esperientzia berritzaileen eragilea ere.
2006an sortu zen Berdinsarea, EAEko lehen Berdintasun Legea egin eta urtebetera. Aitzindaria izan zen Europan toki- eta eskualde-koordinazioaren erreferente gisa, eta udalek zuzenean gobernatuta egoteagatik koordinazio politikotik eta teknikotik.
Berdinsareak atxikipen-baldintza oso zorrotzak ditu (egitura eta teknikari propioak, berdintasun-aurrekontua, onartutako berdintasun-plana, etab.), eta horiek lortzea zaila da 5.000 biztanletik beherako udalerrientzat. Euskadin berdintasun-politiken hedapen kohesionatua bermatzeko, sareak udalerri txikienen lan bateratua sustatuko du, eta politikariei lagunduko die berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloko estrategia partekatua ahalbidetuko dieten erabakiak hartzen. Dagoeneko abiatu da lehen esperientzia pilotu bat Enkarterrin, eta parte hartu duten udalek asko baloratu dute.
2025eko ekintza-ardatzak
Sendotu beharreko lehen ildoa 5.000 biztanletik beherako eta berdintasun-arloko berezko egiturarik eta langilerik gabeko udalerri txikientzako babes espezifikoa da. Hala, sarearen barruan udal horien arteko talde-lana sustatuko da, erabaki eta estrategia bateratuak har ditzaten. EUDELen eta Emakunderen helburua Euskadin berdintasun-politika eta -baliabideen kohesioa erraztea da.
Beste proiektu azpimarragarri bat indarkeria matxistari buruzko proiektuak berrikustea izango da, herri eta hirietan. Miren Elgarrestak azaldu duenez, “garrantzitsua da tokiko protokoloak lerrokatuta egotea EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. Akordioarekin”. Emakunde izango da lan horren buru, Sailarteko Talde Teknikoaren (STT) bidez. EUDELek eta Berdinsareak udalentzako gomendio eta tresnak diseinatuko dituzte, STTren diagnostikoan oinarrituta.
Hirugarren ardatza EAEko udalen jarrera-hartze bateratua izango da, sareak sustatuta, euskal udalerrietan emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeari dagokionez.
Ertzaintzarako 473 plaza eta Euskadiko 22 udaletako udaltzaingoetako 170 dira
Ostiralean, martxoaren 21ean, irekiko da izena emateko epea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean, eta 20 egun baliodunetan egongo da zabalik
Esther Apraiz, EUDELen presidente eta Derioko alkateak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak gaur azaldu dituzte Euskal Poliziako agente izateko lehiaketa-oposizio berriaren xehetasunak. Deialdi berri honek, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak abian jarritako seigarren deialdi bateratua denak, oinarrizko eskalako agenteen 643 plaza berri eskainiko ditu Ertzaintzarako eta Euskadiko 22 udaltzaingo eta polizia-zerbitzuetarako.
Plaza horien kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuak irauten duen denboran plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean. Oraingoz, 473 plaza deitu dira Ertzaintzarako eta 170 udaltzain izateko, Euskadiko udalerri hauetan:
Abanto-Zierbena (2)
Amorebieta-Etxano (3)
Andoain (2)
Aretxabaleta (1)
Azkoitia (1)
Bakio (1)
Barakaldo (12)
Basauri (3)
Bilbao (67)
Elgoibar (2)
Erandio (1)
Etxebarri (1)
Getxo (1)
Irun (1)
Lasarte-Oria (2)
Ortuella (1)
Portugalete (8)
Tolosa (3)
Valle de Trapaga (4)
Vitoria-Gasteiz (48)
Urretxu (2)
Zarautz (4)
Bingen Zupiriak adierazi du deialdi partekatu horiei esker Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko udalek hasieratik bultzatzen dutela polizia-koordinazioa, elkarbizitza eta prestakuntzako eta jarduteko irizpideen homogeneizazioa sustatuz, herritarrei zerbitzu eraginkorra eta efizientea eskaintzeko. “Deialdi bateratu hauen bidez, Ertzaintzak eta udaltzaingoek eskaintzen duten zerbitzu publikoa indartzen dugu, eta gure poliziak gaur egungo gizarteak planteatzen dizkigun erronketarako prestatzen ditugu”, azpimarratu du Zupiriak.
Bestalde, EUDELeko presidente Esther Apraizek azpimarratu duenez, ” LEP bateratuak borondatezko tresna dira udalentzat, prozesuetan arintasuna eta eraginkortasuna irabazteko aukera ematen duena, baina, batez ere, Udaltzaingoen eta Ertzaintzaren arteko funtsezko koordinazioa indartzeko aukera ematen duena.” Eta gaineratu du lankidetza horrek “Euskal Polizia modernoa, profesionala eta oso kualifikatua” bultzatzen duela, “gure udalerrietako bizilagunekiko hurbiltasunetik eta enpatiatik zerbitzu publiko onena emateko”.
Izen-ematea eta baldintzak
Lehiaketa-oposizio berri honetan parte hartzeko interesa duten pertsonek martxoaren 21etik aurrera eman ahal izango dute izena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgune ofizialean: www.arkauteakademia.eus. Bertan izango dute inprimaki ofiziala eta normalizatua, eta, gainera, oposizioko ariketak zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi dituzten ere adierazi beharko dute.
Plaza horietako bat betetzeko aukera izateko, izangaiek honako baldintzak bete behar dituzte:
18 urte baino gehiago eta 38 baino gutxiago izatea.
Batxilergoko titulua, kidekoa edo goragoko mailako beste edozein izatea.
Kidegoaren arabera lortu nahi den plazaren baldintza guztiak betetzea.
Izena emateko epea 20 egun baliodunetan egongo da zabalik.
Hautaketa- eta formakuntza-prozesua
Akademiaren asmoa da lehenengo probak, psikoteknikoak eta ezagutzakoak, ekaina-uztailean egitea, eta uda ondoren amaitzea hautaketa-prozesua proba fisikoekin eta elkarrizketa pertsonalekin. Modu horretan, agenteek 2026. urtearen hasieran hasiko lukete prestakuntza Arkauten, eta 2026. urtearen amaieran hasiko lukete praktiketako zerbitzua.
Berrikuntza gisa, promozio honek hezkuntza-eredu berri bat izango du, curriculuma 8 hilabeteko prestakuntzan bilduko duena. Horretarako, ikasleek Akademian emango dute gaua berriz ere, modu horretan, prestakuntzako hilabeteetan, ertzainen eta udaltzainen arteko kohesioa, ezagutza eta lankidetza sustatzeko.
“Gida” osatzeko, oinarri moduan erabili dira EAEko 33 udalerritako turismo-erabileraren azterketa zorrotza, Euskadiko ETen eta LTen bilakaeraren azterketa; eta beste autonomia-erkidegoetako eta Europako eta AEBeko herrialde batzuetako egoeren eta araudien alderaketa.
Bilbo, 2025eko martxoaren 13a. Euskadiko Udalen Elkarteak gida bat bidali die gaur Euskadiko udalei, hirigintza-plangintzan erabilera turistikoa arautzeko zenbait oinarri komun era orientabide ematen dituena, arreta berezia jarrita Erabilera Turistikoko Etxebizitzetan (ET) eta Erabilera Turistikoko Etxebizitza partikularretako Logeletan (LT).
Turismo-ostatuen modalitate berriak antolatzeko beharrari erantzuteko egin da gida berria, euskal udalerrietan koordinatuta eta tokiko autonomia abiapuntu hartuta, udal bakoitzak bere diagnostiko eta bere udalerriaren beharretara egokitutako erregulazioa egin dezan.
Lan honen bitartez, EUDELek Eusko Legebiltzarrak egindako eskaerari erantzun dio, eta, erakundeen arteko lankidetza-testuinguru horretan, joan den astelehenean Esther Apraiz elkarteburuak bilera egin zuen Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuarekin, dokumentua Sailari aurkezteko.
Elkarteburu eta Derioko alkateak adierazi duenez, “Euskadiko turismoaren goraldiak (BPGraen % 6,6) eta pisu turistikoen fenomenoaren goranzko joerak udal-esparruan erregulazio bat izateko beharra eragin dute, Udalei segurtasun juridikoa emango diena eta erabilera turistikoa gainerako erabilerekin (egoitzak, hirugarren sektorea, zerbitzuak…) orekatzea ahalbidetuko duena”. Hala, erabilera turistikoak udal-plangintzaren barruan arautzea gomendatzen du EUDELek, Plan orokorra berrikusita edo aldatuta, eta ez ordenantzen bitartez, auzitegiek aurkako epaiekin erakutsi duten bezala.
Esther Apraizek adierazi duenez, “Euskadiko udalerrietan turismo jasangarriaren eta kalitatezkoaren eredu bat bultzatzeko aukera-aukerako unean gaude. Eta udalok, gure hirigintza-eskumenak baliatuta, aurrea har dezakegu, bai etxebizitza-eskubidea eta bai zerbitzu publikoekiko oreka babesteko erregulazio egoki batekin. Turisten eta gure herrietako biztanleen arteko elkarbizitza bermatzeko, herritarren eguneroko bizitza aldatu gabe”.
EUDELeko gida
Gida osoa 400 orrialde baino gehiagokoa da, Udaleko talde politiko eta teknikoei zuzendutako lan-dokumentu moduan sortua, erabakiak hartzea bideratzeko eta interesa duten udalek tokiko errealitate bakoitzari egokitutako erregulazioa izapidetu ahal izateko. Gaur egun, bi ordezko aukera daude, indarrean dagoen araudiaren arabera: erabilera turistikoa egoitza-erabileren barruan jasotzea edo hirugarren sektoreko erabilera moduan jasotzea. Dokumentuan sakon aztertuta daude bi aukera horiek, udal bakoitzak bere udalerrirako formularik egokiena diseina dezan.
Gidan hainbat neurri daude proposatuta erabilera turistiko jasangarria ahalbidetzeko, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-mailetan, nola hiri-inguruneetan hala landa-inguruneetan. Oro har, ez da “debekatzea” aipatzen, baizik eta erabilera guztiak “bateragarri bihurtzea”, “erabilera jakin bat eremu eta puntu zehatzetan metatzea saihestuz, bizitegi-erabilera babesteko, bai herritarrek etxebizitza izateko duten eskubideari begira, bai hiri-ereduaren iraunkortasunari begira”.
EUDELeko orientabideak egiteko, EAEko 33 udalerritako turismo-erabileraren erregulazioari buruzko 2024an egindako azterketa zorrotza egin da; Euskadiko ETen eta LTen bilakaera aztertu da; eta beste autonomia-erkidego batzuekin, Europako zenbait herrialderekin eta AEBrekin alderatu dira egoera eta araudiak.
Etxebizitza eta logela turistikoei dagokienez, zehazki, EUDELen azterlanaren arabera, aukerarik egokiena ez da ETen eta LTen erabilera ordenantza baten bitartez soilik arautzea. Aitzitik, udal-plangintza berraztertuz edo unean uneko aldaketak txertatuz gauzatu behar da, plan orokorra izan nahiz arau subsidiarioak izan, proposatutako erregulazioa behar bezala justifikatuta.
Beste udalerri eta eskualde batzuekiko azterketa konparatuan, bi lan-ildo bereizi dira. Alde batetik, erabilera turistikoari mugak ezartzea, aldi baterakoak batez ere, bizitegi-izaera zaintzeko. Beste alde batetik, bizitegi-erabileratik turismo-erabilerarako edo egonaldi laburreko erabilerarako aldaketa kontuan hartzea eta arautzea.
Aurreratzearen erronka
2024ko urriko EUDELen azterketan nabarmen ageri denez, turismoak onura ekonomiko handiak eragiten ditu, eta EAEko BPGaren % 6,6 da gaur egun. COVIDaren pandemiaren ondoren, ostatuen okupazioa, eskaintza eta eskaria areagotu egin dira.
Dokumentuak adierazten duenez, Euskadiko ostatu turistikoen herenaetxebizitza eta logela turistikoak dira; beraz, turismo-ostatuen eskari handiena eskaintza tradizional profesionalizatuaren bitartez asetzen dela oraindik ere.
Donostian eta Bilbon metatuta daude EAEko ETen eta LTen ia erdiak. Eskaintza askoz ere txikiagoarekin, ondoren datoz Zarautz, Getxo, Bermeo eta Hondarribia kostaldeko udalerriak. Lau horiek, guztira, ETen eta LTen 100 plazatik 17 eskainiz. Araban, aldiz, eskaintza urri-urria da, Vitoria/Gasteiz hiriburua barne. Ostatu mota horien % 1 pasatxo soilik daude han kokatuta.
Hala, azterlanaren ondorio nagusien artean, komenigarri ikusten da ETen errealitatea aztertzea, udal-etxebizitzen merkatuan dagoen tentsio-maila baloratzeko, eta, beraz, etxebizitzaren funtzio soziala eta etxebizitza-eskubidea zaintzeko.
Erregulazioa baino lehenago, EUDELek udal-errealitatearen diagnostikoa egitea gomendatzen du, aintzat hartuta ETen egoera eta horrek eragin dezakeena, genero-ikuspegitik ere bai, etxebizitza-parkean, bizilagunekiko bizikidetzan, zerbitzu publikoetan (garraioa, garbiketa…) eta beste sektore ekonomiko batzuetan (merkataritza, ostalaritza…).
Ikuspegi integrala, araudi sektoriala aintzat hartuta
Gidan udalerriek eskura dituzte jarraibide orokor batzuk, turismo-saturazioaren adierazle batzuk eta ezar daitezkeen neurrien zerrenda bat. Sektore- eta lurralde-mailetako neurri sendoak koordinatuta hartzeko beharra iradoki da, udal-erregulazioari babes eta segurtasun handiagoa emateko.
Ondorioz, azpimarratu da premia dagoela turismo, lurralde, hirigintza eta etxebizitzaren arloetako erregulazioak uztartuko dituen ikuspegi integral bat izateko, turismo-jardueren kontrola hobetuta eta sektoreko eta udalaz gaindiko araudia egokituta, turismoak tokiko erkidegoetan duen eragina kudeatzeko.
Eskuliburuko proposamenen eta orientabideen adibideak
ETen eta LTen jarduera-lizentzien baimena aldi baterako mugatzeko aukera, eskuratutako inolako eskubiderik eratu gabe.
Kopuruan eta ehunekoetan mugak ezartzea ere jasota dago. Biztanleekiko plazen ehunekoa aintzat hartzea, eta ez soilik etxebizitzekiko ET plazen ehunekoa.
Tentsio-guneak: komenigarri ikusten da ETen errealitatea aztertzea, udal-etxebizitzen merkatuan dagoen tentsio-maila baloratzeko eta, beraz, etxebizitzaren funtzio soziala eta etxebizitza-eskubidea zaintzeko.
Etxebizitza Turistikoak (hirugarren sektoreko erabilera) eta Logela Turistikoak (bizitegi-erabileraren erabilera osagarria) bereiztea, bigarrenen kasuan iruzurrezko erabilerak saihesteko.
Arauz kanpoko etxebizitzetan edo plangintzarekin bat ez datozenetan, ETen eta LTen erabilera baztertzea.
Udal-etxebizitza tasatuen udal-erregulazioa (araudia edo ordenantza), etxebizitza babestu horietan ETen eta LTen jarduerak berariaz baztertuko duena.
Eremu jakin batzuetan beste ostatu-modalitate batzuk malgutzeko aukera: Apartamentu Turistikoak eta apartahotelak. Beste bizitegi-modalitate batzuk arautzea: elkarlaneko etxebizitzak, cohousinga, colivinga, etab.
Lurzoru urbanizaezinean eta landa-guneetan ere araudia ezartzea.
Administrazio guztiek baimenen koordinazioa hobetzea, baimendu beharreko etxebizitza edo logela turistikoa kokatuta dagoen udalerriaren hirigintza-adostasuna nahitaez jaso behar duen erantzukizunpeko adierazpenari dagokionez.
EUDELeko elkarteburua Turismoko sailburuarekin bildu da gaur, EAEko udaletara bidaliko den dokumentua aurkezteko, udal-autonomiarekiko errespetuan oinarritutako orientabide komunak emateko.
“Gida” osatzeko, oinarri moduan erabili dira EAEko 33 udalerritako turismo-erabileraren azterketa zorrotza, Euskadiko ETen eta LTen bilakaeraren azterketa; eta beste autonomia-erkidegoetako eta Europako eta AEBeko herrialde batzuetako egoeren eta araudien alderaketa.
Gasteiz, 2025eko martxoaren 10a. Euskal Udalen Elkarteak Euskadiko udalentzako gida bat egin du, hirigintza-plangintzan erabilera turistikoa arautzeko oinarri komunak eta orientabideak emateko, arreta jarrita Erabilera Turistikoko Etxebizitzetan (ET) eta Erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako Logeletan (LT).
Lan honekin, Eusko Legebiltzarrak egindako eskaerari erantzuten dio EUDELek, eta erakundeen arteko lankidetza-testuinguru horretan kokatzen da Esther Apraizek, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak, eta Javier Hurtadok, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, bakoitzaren taldeekin batera, Euskadiko Udalen Elkarteak eskatuta, Sailari dokumentua aurkezteko gaur Lakuan egindako bileran.
Esther Apraizek azaldu duenez, “kontua ez da udalentzat nahitaezko erregulazio eredu bat eskaintzea, baizik eta elkarrekin egin beharreko gogoeta” jorratzea, “bai hiri-inguruneetan bai landa-inguruneetan turismo-ostatuak erabiltzearen inguruko hiri-antolamendurako“.
EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, “HAPO hirigintzak ematen digun tresna baliotsua da, herri/hiri bakoitzaren eredua diseinatzean turismoa txertatzeko, erabileren oreka bideratuz eta gune turistikoetan bizi diren herritarrei eta, oro har, bizilagunei kalte egitea saihesten ahaleginduz“.
Sailburuak azaldu duenez, dokumentuak askotariko alderdiak aztertzen ditu; “horietako asko aspalditik lantzen ari gara Sailean, adibidez, Turismoaren Lege berriak edo Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialak ekarriko duten araudia eguneratzea. Garrantzitsua da dokumentu hau eta etorkizunean egin daitezkeen garapenak baliagarriak izatea udalek hirigintza-erregulazioaren arloan turismoari dagokionez dituzten eskumenak hedatzeko. Eusko Jaurlaritzatik, gure arau-esparrua hobetzen jarraitzen dugu, baita beren eskumenak gauzatzen lagun diezaieketen tresnak ere”.
EUDELeko gida
EUDELek udal-taldeentzat sortu du gida hau, tresna eta euskarria izan dadin erabakiak errazago hartzeko eta interesa duten udalek tokian tokiko errealitate bakoitzari egokitutako erregulazioa izapidetzeko. Gaur egun, bi ordezko aukera daude, indarrean dagoen araudiaren arabera: erabilera turistikoa egoitza-erabileren barruan jasotzea edo hirugarren sektoreko erabilera moduan jasotzea. Dokumentuan sakon aztertuta daude bi aukera horiek, udal bakoitzak bere udalerrirako formularik egokiena diseina dezan.
Gidan hainbat neurri daude proposatuta erabilera turistiko jasangarria ahalbidetzeko, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-mailetan, nola hiri-inguruneetan hala landa-inguruneetan. Oro har, ez da “debekatzea” aipatzen, baizik eta erabilera guztiak “bateragarri bihurtzea”, “erabilera jakin bat eremu eta puntu zehatzetan metatzea saihestuz, bizitegi-erabilera babesteko, bai herritarrek etxebizitza izateko duten eskubideari begira, bai hiri-ereduaren iraunkortasunari begira”.
EUDELeko orientabideak egiteko, EAEko 33 udalerritako turismo-erabileraren erregulazioari buruzko azterketa zorrotza egin da; Euskadiko ETen eta LTen bilakaera aztertu da; eta beste autonomia-erkidego batzuekin, Europako zenbait herrialderekin eta AEBrekin alderatu dira egoera eta araudiak.
Etxebizitza eta logela turistikoei dagokienez, zehazki, EUDELen azterlanaren arabera, aukerarik egokiena ez da ETen eta LTen erabilera ordenantza baten bitartez soilik arautzea. Aitzitik, udal-plangintza berraztertuz edo unean uneko aldaketak txertatuz gauzatu behar da, plan orokorra izan nahiz arau subsidiarioak izan, proposatutako erregulazioa behar bezala justifikatuta.
Beste udalerri eta eskualde batzuekiko azterketa konparatuan, bi lan-ildo bereizi dira. Alde batetik, erabilera turistikoari mugak ezartzea, aldi baterakoak batez ere, bizitegi-izaera zaintzeko. Beste alde batetik, bizitegi-erabileratik turismo-erabilerarako edo egonaldi laburreko erabilerarako aldaketa kontuan hartzea eta arautzea.
Aurreratzearen erronka
2024ko abuztuko EUDELen azterketan nabarmen ageri denez, turismoak onura ekonomiko handiak eragiten ditu, eta EAEko BPGaren % 6,6 da gaur egun. COVIDaren pandemiaren ondoren, ostatuen okupazioa, eskaintza eta eskaria areagotu egin dira.
Dokumentuak adierazten duenez, Euskadiko ostatu turistikoen herenaetxebizitza eta logela turistikoak dira; beraz, turismo-ostatuen eskari handiena eskaintza tradizional profesionalizatuaren bitartez asetzen dela oraindik ere.
Donostian eta Bilbon metatuta daude EAEko ETen eta LTen ia erdiak. Eskaintza askoz ere txikiagoarekin, ondoren datoz Zarautz, Getxo, Bermeo eta Hondarribia kostaldeko udalerriak. Lau horiek, guztira, ETen eta LTen 100 plazatik 17 eskainiz. Araban, aldiz, eskaintza urri-urria da, Vitoria/Gasteiz hiriburua barne. Ostatu mota horien % 1 pasatxo soilik daude han kokatuta.
Azterlana kontuan hartuta, eta turismo-ostatuen joera horiek hazten jarraituko dutela aurreikusita dagoela jakinik, hau azpimarratu du Esther Apraiz elkarteburuak: “Aukera dago udalek aurrea har dezaten, eta erabilera horren hirigintza-erregulazioa egin dezaten, Plan Orokorra berraztertuta edo aldatuta, horren bitartez turismo-saturazioa saihestuz eta eskari handiko eremuetan bizitegi-erabilera zainduz“.
Hala, azterlanaren ondorio nagusien artean, komenigarri ikusten da ETen errealitatea aztertzea, udal-etxebizitzen merkatuan dagoen tentsio-maila baloratzeko, eta, beraz, etxebizitzaren funtzio soziala eta etxebizitza-eskubidea zaintzeko.
Erregulazioa baino lehenago, EUDELek udal-errealitatearen diagnostikoa egitea gomendatzen du, aintzat hartuta ETen egoera eta horrek eragin dezakeena, genero-ikuspegitik ere bai, etxebizitza-parkean, bizilagunekiko bizikidetzan, zerbitzu publikoetan (garraioa, garbiketa…) eta beste sektore ekonomiko batzuetan (merkataritza, ostalaritza…).
Ikuspegi integrala, araudi sektoriala aintzat hartuta
Gidan udalerriek eskura dituzte jarraibide orokor batzuk, turismo-saturazioaren adierazle batzuk eta ezar daitezkeen neurrien zerrenda bat. Sektore- eta lurralde-mailetako neurri sendoak koordinatuta hartzeko beharra iradoki da, udal-erregulazioari babes eta segurtasun handiagoa emateko.
Ondorioz, azpimarratu da premia dagoela turismo, lurralde, hirigintza eta etxebizitzaren arloetako erregulazioak uztartuko dituen ikuspegi integral bat izateko, turismo-jardueren kontrola hobetuta eta sektoreko eta udalaz gaindiko araudia egokituta, turismoak tokiko erkidegoetan duen eragina kudeatzeko.
Eskuliburuko proposamenen eta orientabideen adibideak
ETen eta LTen jarduera-lizentzien baimena aldi baterako mugatzeko aukera, eskuratutako inolako eskubiderik eratu gabe.
– Kopuruan eta ehunekoetan mugak ezartzea ere jasota dago. Biztanleekiko plazen ehunekoa aintzat hartzea, eta ez soilik etxebizitzekiko ET plazen ehunekoa.
–Tentsio-guneak: komenigarri ikusten da ETen errealitatea aztertzea, udal-etxebizitzen merkatuan dagoen tentsio-maila baloratzeko eta, beraz, etxebizitzaren funtzio soziala eta etxebizitza-eskubidea zaintzeko.
– Etxebizitza Turistikoak (hirugarren sektoreko erabilera) eta Logela Turistikoak (bizitegi-erabileraren erabilera osagarria) bereiztea, bigarrenen kasuan iruzurrezko erabilerak saihesteko.
– Arauz kanpoko etxebizitzetan edo plangintzarekin bat ez datozenetan, ETen eta LTen erabilera baztertzea.
– Udal-etxebizitza tasatuen udal-erregulazioa (araudia edo ordenantza), etxebizitza babestu horietan ETen eta LTen jarduerak berariaz baztertuko duena.
– Eremu jakin batzuetan beste ostatu-modalitate batzuk malgutzeko aukera: Apartamentu Turistikoak eta apartahotelak. Beste bizitegi-modalitate batzuk arautzea: elkarlaneko etxebizitzak, cohousinga, colivinga, etab.
– Lurzoru urbanizaezinean eta landa-guneetan ere araudia ezartzea.
– Administrazio guztiek baimenen koordinazioa hobetzea, baimendu beharreko etxebizitza edo logela turistikoa kokatuta dagoen udalerriaren hirigintza-adostasuna nahitaez jaso behar duen erantzukizunpeko adierazpenari dagokionez.
Martxoaren 8a dela eta Gernikako Batzarretxean gaur egin dan ezohiko batzarrean, Bizkaiko Batzar Nagusiek be sinatu daben EUDELen Erakunde Adierazpenaren irakurketan parte hartu daben euskal alderdi politiko guztietako alkate, zinegotzi, batzarkide, diputadu, senatari, europarlamentari eta liderrak egon dira.
Gernikan, 2025eko martiaren 7an. Gernikako Batzarretxeak Bizkaiko Emakume Hautetsien IX. Ezohiko Batzarra hartu dau gaur. Bertan, M-8aren bezperan, sentsibilidade politiko guztietako emakumeek bat egin dabe gizarte bardinzaleagoa eskatzeko. Ekitaldiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatu daben EUDELen Erakunde Adierazpena irakurteko balio izan dau barriro, eta, aldi berean, hainbat arlotan nabarmendu diran emakumeen eta erakundeen lana aintzatetsi da. Aurton, Kristina Mardaras Sedrún, Marisa Barrena Larruzea, Lorena Fernández Álvarez, Miren Gutiérrez Almazor, Ana Urkijo Elorriaga eta emakume artista eta sortzaileen ESAS sare profesionala izan dira sarituak. Azken erakunde horren aldetik Nekane Díaz Helguerak, Natalia Sánchez Abadek eta Ane Legarreta Mendezek jaso dabe saria.
Aintzatespen-ekitaldiak beste batzuetako liturgiari jarraitu deutso. Emakumeen eta gizonen arteko bardintasunean aurrera egiteko jai eta aldarrikapen giroan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) antolatutako Batzarra Gernikako Arbolaren ondoan hasi da. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Batzar Nagusietako Mahaiko kideak, Esther Apraiz Fernández la Peña EUDELeko elkarteburua, Miren Elgarresta Larrabide Emakundeko zuzendaria eta omenaldia jaso daben emakumeak, askatasuna eta bardintasuna sinbolizetan daben oroimeneko zapiakaz alkartuta sartu dira hemizikloan.
Bizkaiko herritarrek aukeratutako emakumez betetako hemizikloan (gizonak konbidauen gunean egon dira gaur), Foru parlamentuko Lehendakaria jarlekuetara hurreratu da, Emakumearen Nazinoarteko Egunaren bezperan ezohiko batzarrari hasierea emoteko. Ana Otadui Biterik azpimarratu dauenez, jardunaldia hitzordu “saihestezina” bihurtu da daborduko, batez be Bizkaiko emakumeentzat, “bizitzako esparru guztietan benetako bardintasuna eskatzeko alkartzen garelako barriro”.
Bizkaiko beste horrenbeste udalerritako bost emakume hautetsik, sentsibilidade politiko guztiak ordezkatuz (Ángela Eguía Liñero, Gordexolako alkatea EAJ-PNVtik; Guruzne Carrasson Torrontegi, Sopelako alkatea EH Bildutik; Beatriz Gamiz Mata, Ermuko alkatea PSEtik; Natalia Aranduy Zuazagoitia, Getxoko zinegotzia Alderdi Popularretik; eta Inés Unzaga Agirre, Guëñeseko zinegotzia Elkarrekin Podemosetik), EUDELek egindako martiaren 8ko Erakunde Adierazpena irakurri dabe (ikusi erantsitako dokumentua).
Bizkaiko emakume hautetsiek bat egin gura izan dabe aurton 1995ean Beijingen egin zan Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian egin zan Beijingeko Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrenaren ospakizunagaz. Akordio horreek abian jarri eben genero-bardintasuna, emakume eta neskato guztien ahalduntzea eta hareen giza eskubideen gauzatzea lortzeko mundu-mailako ibilbide-orria.