Eudel

[nivo effect=”sliceDownLeft” slices=”9″ directionNav=”button” width=”600″]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2017/01/delegacionCOMPLETA_ok1.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2017/01/SanJuanLuz1.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2017/01/nuevoPresidente1.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2017/01/iparralde-elkargoa_32485167815_o.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2017/01/iparralde-elkargoa_31641682314_o.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2017/01/general1.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2017/01/foto_delegacion1.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2017/01/electos_iparralde.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2017/01/delegacion_mesa1.jpg[/image]
[/nivo]Imanol Landa, Getxoko alkate eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen elkarteburua, Baionara joan zen atzo arratsaldean, Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoaren presidentea (Baionako alkate Jean-René Etchegaray) eta horren gobernu organoak hautatzeko ekitaldian egoteko.

Baionako alkate zentrista Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoaren, Iparraldeko erakunde berriaren, lehen presidentea bihurtu zen atzo. Jean René Etchegarayk urteak daramatza euskal erakunde bat sortzea aldarrikatzen. 233 ordezkariz osatutako batzorde berriaren lehenengo osoko bilkuran, botoen %73,4 lortu zuen. Erakundearen ordezkari berriak 231 botoetatik 157 lortu zituen, adeitasunak markatutako osoko bilkuran, hainbat hilabetez eztabaidan eta desadostasunean egon ondoren.

Hautetsi eta begirale askok egun historikotzat jo zuten atzokoa; izan ere, Iparraldeko hiru herrialdeetako 158 udalerriak lehen aldiz daude erakunde politiko berean bilduta.

Euskadiko Udalen Elkartearen elkarteburua, Imanol Landa, Baionako hautaketa-ekitaldira bertaratu zen Hegoaldeko erakundeen ordezkaritzako kideetako bat izan da. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariak ere izan ziren bertan.

Ekitaldiaren aurretik, EUDELeko elkarteburuak eta euskal erakundeen gainerako ordezkariek topaketa laburra izan zuten Jean-René Etchegaray Baionako alkate eta hautetsi nagusiarekin. Imanol Landak zoriondu egin zuen, Iparraldeko udalerriak biltzen dituen lehenengo erakunde politikoaren sorreragatik. Bere hitzetan, albiste bikaina da euskal udalgintzarentzat; aukera eskaintzen du Iparraldean solaskide bakarra izateko eta, era horretan, lankidetzarako eta lan partekatutako etapa berria irekitzeko, interes komuneko gaiei dagokienez, adibidez, euskarari, kulturari edo garapen ekonomikoari dagokienez”.
EUDEL- Ipar Euskal Herriko Elkagoen lehen presidentea (2017/01/23)

EKITALDIKO ARGAZKIAK IKUSI


Imanol Landaren ustez, Hegoaldeko eta Iparraldeko herrien arteko lankidetza indartuko da, herritarrengandik oso gertu dagoen tokiko esparrutik abiatuta, eta ekimenak eta esperientziak trukatzea sustatuko da”. EUDELen elkarteburuak azaldu duenez, adostasunerako eta lanerako harreman estuagoa ekarri du, ekintzarako hainbat gai eta alorretan, eta partekatzen ditugun behar eta interes komunetan oinarrituta”.

“Lan handia dugu egiteko oraindik”

Atzoko saioa erakunde berriaren 233 ordezkari hautetsien lehen topaketa izan da, urtarrilaren 1ean eratu zenetik. Atzo arratsaldean bildu ziren, presidentea eta Kontseilu Iraunkorreko kideak (69 kide) eta Batzorde Exekutiboko kideak (25 kide) hautatzeko; izan ere, Elkargoko gobernuaren organo nagusiak dira aipatutako horiek.

Elkargo berriak Iparraldean aurretik zeuden 10 interkomunalitateak biltzen ditu, eta Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa deitura hartu du. Guztira, 300.000 biztanle ordezkatzen ditu, 158 udalerritan banatuta; horietako %70 erakunde hau sortzearen alde agertu ziren.

Kargua hartzeko ekitaldian, Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoaren lehenengo presidenteak azaldu zuen Iparralde trantsizio-fasean sartu dela eta lana hasi baino ez dela egin. Etchegarayk ziurtatu zuenez, erakunde berriak hainbat gai kudeatuko ditu: euskararen eta gaskoiaren aldeko hizkuntz politika Baionako eskualdean, nekazaritza, mugaz gaindiko harremanak eta legeak ezarritako zortzi eskumenak, adibidez, garapen ekonomikoa, garraioak eta hondakin-bilketa. Etchegarayk nabarmendu zuenez, erakunde berriak orain arte eskaini dituen zerbitzu publiko berberak eskainiko dizkie Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrei. “Lan handia dugu egiteko, baina ez gara beldur. Duintasunez egingo dugu”, esan zuen, presidente hautatu ondoren.