- Imanol Landa, EUDELeko Elkarteburuaren eta udalerri anfitrioiaren alkateak mezu horrekin egin die harrera gaur goizean Euskadiko Udalen Elkarteko urteko Batzarrean bildu diren Euskadi osoko alkateei; batzarra goizeko 11.00ak geroztik egiten ari da itsas bidaia-ontzien itsas terminal berrian, Getxoko portuan bertan.
- Ekitaldiaren inauguraziorako, EUDELek udalerriekin lankidetzan diharduten lehen mailako bi erakunde gonbidatu ditu: Eusko Jaurlaritza, Josu Erkoreka sailburu eta bozeramaileak ordezkatua, eta Europako Kontseilua, Gudrun Mosler-Törnström andreak, Toki eta Eskualde Botereen Kongresuko (CPLRE) agintari gorenak ordezkatua.
- Biek bilera pribatua izan dute Elkarteburuarekin eta EUDELeko Batzorde Eragileko gainerako kideekin, eta bertan izan dira, halaber, hiru euskal hiriburuetako alkateak; bilkura hori terminalean bertan egin da, Batzarraren aurretik.
- “Udalen ahotsa entzun behar du Europak, errealitatera lotuta egoteko eta herritarrekin konfiantzan oinarritutako harreman berri bat sortzeko. Tokiko demokrazia da Europa berritzeko giltzarria. Iritsi zaigu ahalduntzeko unea”, egin die dei Landa Elkarteburuak euskal udalei.
- Udal legealdia erdibidean den honetan eta datozen urteei begira, Imanol Landak elkartearen egiturazko bi erronka nagusiak zein diren azpimarratu du: Euskadiko Toki Erakundeen eta organo berrien Legea garatzeko bidean “udalei bultzada, gidaritza eta laguntza ematea”; eta EUDELek “udal eremuko kontsentsuaren erreferente gisa betetzen duen zeregina sendotzea”.
EUDEL, 2017ko ekainak 1. “EUDELek bere burua eskaintzen die udalei Europarekiko lotura-portua izateko eta Euskadin tokiko autonomiaren zaindari izateko”. Horixe izan da Imanol Landa Elkarteburuak eta Getxoko alkateak adierazitako konpromisoa EUDELen Batzar Nagusian bildu diren hiru lurraldeetako udalerrietako alkateei egin dien harrera-hitzaldian. Batzarra gaur goizeko 11:00etatik aurrera egiten ari da, Getxoko portuan inauguratu berri den itsas bidaia-ontzien itsas terminal berrian.
Hitzaldiarekin hasi aurretik, Imanol Landak maitasunezko eta elkartasunezko mezu bat helarazi die euskal udalerrien izenean Kabulgo eta Manchesterreko azken sarraskietan hil eta zauritu diren biktimei. “Sakon nahigabetuta gaude Europako eta munduko gainerako lekuetako herriak behin eta berriz kolpatzen dituzten eraso terroristengatik eta indarkeriaren espiralagatik. Hori dela eta, balio konpartituen defentsa inoiz baino beharrezkoagoa da gaur egun” azpimarratu du Landak.
Europa une erabakigarrian da, erronka handiei buru egin beharrean, hala nola Brexitari, nazioarteko terrorismoari eta errefuxiatuen krisiari, eta, hain zuzen, 2017. urte honetan, EUDELek lehen mailako bi erakunde gonbidatu ditu urteko Batzarraren irekieran parte hartzeko, udalerriekin lankidetzan diharduten bi erakunde nagusi: Eusko Jaurlaritza bera eta Europako Kontseilua.
Imanol Landak eskerrak eman dizkio Josu Erkoreka Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuari, bertan egoteagatik, eta “EUDELi laguntzeko beti prest egoteagatik, horrela egin baitu eskatu izan diogun guztietan”. Uneotan, Departamentua eta EUDEL elkarlan estuan ari dira aurreko urtean Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskadiko Toki Erakundeen Legean jasotako lankidetza-mekanismoak eta -organoak martxan jartzeko.
Europako Kontseiluaren aldetik, berriz, Toki eta Eskualde Botereen Kongresuaren (lehendakaria, Gudrun Mosler-Törnström andrea, izan da batzarrean. Elkarteburuak eta alkate anfitrioiak ongietorria egin dio Getxora eta EUDELera, “euskal udalerri guztien etxera”. Mosler-Törnström andreak ibilbide luzea egina du erakundeetan, hala Kongresuaren agintari goren gisa nola Salzburgoko eskualdeko Legebiltzarreko lehendakariorde gisa, eta esperientzia zabal horren berri eman die euskal alkateei, eta, halaber, deszentralizazioari, tokiko autonomiari eta tokiko gobernantza eredu egokiei buruzko bere ikuspegi aditua eskaini die.
Euskadira lehen bisita instituzionala zuen Mosler-Törnström andreak, eta aurtengo Batzar Nagusiko ohorezko gonbidatua izanik, EUDELek aurreko bilkura bat antolatu du 10:30ean, eta hor bildu dira CPLREko lehendakaria, Imanol Landa Elkarteburua, Josu Erkoreka Sailburua eta haren Departamentuko kideak, eta EAEko hiru hiriburuetako alkateak.
Batzarraren ondoren, Gudrun Mosler-Törnströmek bilera erronda bat izango du euskal erakunde nagusiekin; besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin berarekin, gaur 12:00etan, Bilboko alkatearekin gaur arratsaldean; eta bihar, ostirala, Eusko Legebiltzarreko lehendakari andrearekin Gasteizko kontroleko osoko saioaren aurretik, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariarekin, Gernikan, goiz erdian.
Tokiko Autonomia eta Udalerrien Elkartea
Tokiko autonomiaren defentsa izan da Batzarreko gai nagusia, eta horri buruzkoak izan dira erakundeetako hiru ordezkarien esku-hartze gehien-gehienak. Gehien sakondu duena EUDELeko Elkarteburua bera izan da. Halaxe gogorarazi du Landak: “Toki Autonomiaren Europako Gutuna Europako toki boterearen funtsezko zutabea da, eta alkateok beti gidaritzat hartu behar dugu gure eguneroko zereginean”.
CPLREk berak 1985an bultzatua, Europako Gutuna tokiko gobernuen eskubideak bermatzeko lehen tresna juridikoa da. Imanol Landak zehazki Gutunaren 10. artikulua aipatu du, Udalerrien Elkarteen misioa zein den onartzen baita berariaz artikulu horretan, “udalen interes komunak babestea eta sustatzea”, hain zuzen.
Gutuna inspirazio-iturri zuzena izan da Euskadiko Toki Erakundeen Legea hezurmamitzeko. Gutunaren oinarriekin guztiz bat dator euskal Legea, eta, alde horretatik, Europako abangoardian dago, batetik, udal eskumenak eta horien finantzazioa bateratzen dituelako; eta bestetik, toki autonomia bermatzeko mekanismoak finkatzen dituelako erakunde-arteko hainbat lankidetza-organo berriren bidez.
Imanol Landak azpimarratu duenez, tokiko autonomia “funtsezko tresna da udal kudeaketa eraginkor eta efizientea gauzatzeko, eta herritarrei zerbitzu publikorik onena eskaintzeko. Hori nola? Kudeatzeko eta erabakitzeko gaitasun propioak izanda, eta gure baliabideak baliatuta. Hori esan nahi du tokiko autonomiak”.
EUDELen proiektu estrategikoak eta erronkak
Hitzaldiaren azken aldera, Imanol Landak EUDELek Europan martxan dituen zenbait proiektu estrategiko aipatu ditu; besteak beste, Europako Kontseiluarekin eta euskal udal talde batekin batera ‘Gobernantza egokiaren alorrean Bikaintasunaren europar Zigilua’ ezartzea euskal udalerrietan; edo Bilbok 2018an hartuko duen Berdintasun, aniztasun eta inklusio politikei buruzko Europako Biltzarra.
Elkarteburuak EUDELen egiturazko bi erronkak ere aipatu ditu udal legealdi honetarako eta hurrengoetarako: Euskadiko Toki Erakundeen eta organo berrien Legea garatzeko bidean “udalei bultzada, gidaritza eta laguntza ematea”; eta EUDELek “udal eremuko kontsentsuaren erreferente gisa betetzen duen zeregina sendotzea”.
Bi erronka horiei buruz zehaztasun eta sakontasun handiagoz jardungo dira Batzarraren bigarren zatian. Saio hori barnekoa izango da, udalentzat soilik, eta ateak itxita egingo da 12:00etatik aurrera. Halaber, bazkideek saio horretan bozkatuko dituzte 2016ko urteko kontuak eta 2017 ekitaldi berriari dagokion aurrekontua.
Ostegun honetako Batzarrak euskal udaletan agintzen duten sentsibilitate desberdinetako ordezkariak bildu ditu. Hain zuzen, 2016ko maiatzean Elgoibarren izan zen ezohiko Batzarrean EUDELeko zuzendaritza-organoak (Batzorde Eragilea eta Lurralde Batzordeak) berritzeko lortu zen adostasunaren emaitza izan da batasun hori. Elgoibarkoa baino hilabete lehenago, Gasteizko ohiko batzarrean, EUDELek Estatutuak eta antolaketa araudia aldatzea erabaki zuen, bi testuak errealitatera egokitzeko.
Landa Elkarteburuak, orobat, aipamen berezia egin nahi izan die Batzorde Eragileko lankideei, eta eskerrak eman dizkie, egindako lan eskergagatik, eta modu berezian kide berriei, “beren leialtasunagatik, bete-betean inplikatu baitira Elkartearen lanean, erantzukizunez eta jarrera guztiz eraikitzailearekin”.
“Udal gobernuen batasuna, ahots bakar bat, horixe da gure indar nagusia gainerako erakundeen aurrean”, amaitu du Landak.