
- Gorka Urtaran elkarteburuak udalerriek 2030 Agendari egindako ekarpena aurkeztu du. EUDELek udalen aurrerabide koordinatua gidatuko du GJHen alorreko 15 proiektu traktoreren bitartez, garapen jasangarriko konpromisoak “gauzatzeko”.
- Udalerrietatik helburu klimatikoak bizkortzeko, Gorka Urtaranek hiru konpromisoen proposamen egin dizkie alkateei: 1) EUDELek metodologia komun bat prestatzea udal-aurrekontuak GJHekin lerrokatzeko; 2) udal-eraikinetako energia-kontsumoa % 35 murriztea 3) hiriko garraio publikoa deskarbonizatzea 2030erako
- Elkarteburuak “tokiko ekintzaren batasunera” deitu du, susperraldia udalerri guztietan pertsona guztiengana irits dadin.
Liburua: “Euskal Udalerrien ekarpena 2030 Agendari”
Aurkezpena (ppt): ekintza lerroa ‘Udalerriak 2030’
Mungian, 2021eko azaroaren 11n. Gaur goizean egin da EUDELen Batzar Orokorra, Mungiako Olalde Aretoan, eta bertan bildu dira hiru lurralde historikoetako alkateak, Euskadiko udal-gobernuetan dauden sentsibilitate guztien ordezkari. Euskal udalgintza irrikan zegoen berriz ere elkartzeko; izan ere, pandemiaren ondorioz, 2019ko martxotik telematikoki egin behar izan dira gobernu-bilera guztiak (Batzorde Eragilea, Lurralde Batzordeak, Batzar Orokorra).
2021eko Ohiko Batzarra 11:30ean hasi da, Ager Izagirre Mungiako alkatearen agurraz. Gai-zerrendako lehen puntuan, Gorka Urtaran elkarteburuak EUDELen lehentasunezko ekintza-ildoak aurkeztu dizkie udalerriei. Horiek gauzatzeko aurrekontu berria 3.000.843 eurokoa izango da. Nagore Alkortak eta Jose Antonio Santanok, bi elkarteburuordeek, 2019ko kontuak eta 2022ko aurrekontua aurkeztu dituzte, hurrenez hurren.
Pandemian ikasitakoak
Elkarteburuaren hitzaldia (PDF)
Batzarrean emandako lehenengo mezuan, EUDELen elkarteburuak aitortza egin dio alkate eta haien taldeei konpromisoari: “COVID-19a etsai ezezaguna izan da, eta, gaixotasunaz gain, ziurgabetasun handia ekarri digu. Oso proba zaila izan da guretzat, baina, beste behin ere, udalerriok egoerak eskatzen duen moduan jardun dugu, gure eskumenak ziren edo ez galdetu gabe, gure herritarren beharrei lehen lerroan erantzuteko”.
Erakundeen eta eragile guztien arteko lankidetzaren balioa azpimarratu du, eta adierazi du hori izan dela lorpenik handienetako bat Euskadin osasun-larrialdia kudeatzeari dagokionez.
2021eko BATZARREKO LABURPEN BIDEOA
Gorka Urtaranek ohartarazi du kutsatze-kopuruak gora egin duela zenbait udalerritan, eta, udalen izenean, erne jarraitzeko eta prebentzio-neurriei eusteko eskatu du, “ezin gara lasaitu”. Urtaranek esan du txertaketa dela lanabesik onena, lankidetzarekin eta gizarte osoaren erantzukidetasunezko jarrerarekin batera, normaltasun osorantz aurrera egiteko, “atzerapausorik gabe”.
Barne-mezu batean, Urtaran elkarteburuak eskatu du euskal udalek batuta egin dezatela lan, udalerrien interes komunen alde, eta gainerako erakundeekin lankidetzan jardun dezatela, herrialdeari “egonkortasuna” emango dioten akordioak lortzeko. Ildo berean, “erakunde guztiek batera” jarraitzearen alde azaldu da, gizarte-eraldaketa azkartu eta ekonomia berpizteko, eta, era berean, konfiantzazko eta itxaropenezko mezu bat helarazteko gizarteari, “onena oraindik etortzeko dago eta”.
EUDELen lehentasunak 2022an
Udal-agintaldiaren erdian egindako 2021eko batzar hau inflexio-puntua da EUDELentzat. Hori dela eta, Euskadiko Udalen Elkarteak bere lehentasunezko hiru lan-ildoak zehaztu ditu epe luzeko ikuspegi estrategikoarekin:
- Udal autonomia eta finantza-nahikotasuna
- Aliantzak Europan
- Tokiko ekintza 2030
“Tokiko ekintza bateratzeko” deia egin du Gorka Urtaranek, “gizartearentzat baliagarriak izateko, suspertzea pertsona eta udalerri guztietara iristeko, eta inor atzean ez gelditzeko”.
Tokiko ekintza erronka globalen aurrean
“Estatuek hiriei eta herriei entzun behar diete. Udalerriok planeta salbatzeko politika eraginkorrenak bultzatzen dituen akuilua izan behar dugu”.
Glasgowko COP-26 goi-bilera amaitzeko jardunaldi baten faltan, Gorka Urtaran presidenteak hiru konpromiso zehatzen proposamena egin du, euskal udalerri gisa partekatutako ibilbide-orri bat bideratzeko, berotze globala geldiarazten laguntzeko. Konpromiso horiek proposamen gisa formulatzen dira, eta udal bakoitzak eman nahi dion ibilbidea izango dute, udal-autonomia errespetatuz. Eudelek bere lantaldeetan eta lan-batzordeetan elkarrekin lan egiteko aukera eman dio bere buruari.
1.- EUDELen konpromisoa: 2023rako metodologia komun bat lantzea, toki erakundeek beren udal-aurrekontuak Garapen Jasangarriko Helburuetan oinarrituta lerrokatu ahal izan ditzaten.
EUDELen lehen konpromisoarekin batera, lehendakariak beste bi ekimen proposatu ditu alkate gisa:
2.- 2022tik aurrera udaletan energia-auditoretzak bultzatzea, 2030ean udal-instalazioen energia-kontsumoa % 35 murrizteko eta, data horretarako, kontsumo horren % 32 hornitzeko adina energia berriztagarri instalatzeko.
“ Energia gutxiago kontsumitu behar dugu, eta energia horrek, neurri handiagoan, berriztagarria izan behar du.”
Gorka Urtaranek nabarmendu duenez, helburu hori lortzeko tresna egokia da Gauzatu Energiaren 100 milioi euroko laguntza-programa, Eusko Jaurlaritzak, EUDELekin lankidetzan, abian jarri duena. Auditoretza energetikoak egiteko itzuli beharrik gabeko 10 milioiak eskuragarri daude.
3.- Hiri-garraioko zerbitzua duten udalerriei zuzenduta dago hirugarren proposamena, 2030erako deskarbonizatzeko konpromiso sendoa hartzeko. Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, mugikortasun iraunkor eta osasungarri baten alde apustu egiteak, neutraltasun klimatikoaren alde egiteak, Udalek eskaintzen dugun hiri-garraioko zerbitzuaren deskarbonizazioaren aldeko apustu irmoa eskatzen du.
15 proiektu 2030eko udalerrientzat
Euskadiko 2030 Agenda toki-mailan modu koordinatuan hedatzea, Elkartearen lan-ildoen ekintzarik berritzaileena 2022an, eta ardatz estrategiko bat agintaldiaren amaierara arte. EUDELek euskal udalerrien ordezkari gisa Lehendakaritzak bultzatutako Foro Multiagente berrian parte hartzearen barruan kokatzen da.
Gaurko batzarrean aurkeztu den “Euskal Udalerriek Euskadiko 2030 Agendari egindako Ekarpena” dokumentua izango da alkateentzako bide-orria. Dokumentu horretan jasota daude GJHen alorrean udalerrien aurrerabide bateratua koordinatzeko EUDELek erabiliko dituen metodologia eta 15 proiektu eraldatzaileen deskribapena.
Tokiko bultzadaz abiarazitako proiektuak dira, udalerri-sareen bidez garatuak, herri eta hirietatik helburu globalak “errealitate bihurtzeko” asmoz.
Gorka Urtaran elkarteburuak tokiko ekimen bateratu horrekin bat egitera dei egin die udalei: “Ahalik eta udalerri gehienek parte hartzea nahi dugu, txikienek batez ere, eta proiektuen arteko sinergiak aprobetxa daitezela, gizarteari dakarzkieten onurak biderkatzeko”. Batzarrean aurkeztea lehen urratsa besterik ez da izan. Era berean, gobernantza-eredu bat zehaztu da, EUDELek proiektu horiek monitoriza ditzan, benetan garatzen direla bermatzeko.
Sareak eta Arloak
Euskal gizarte osorengana helduko dira, hiru lurraldeetan errotuen dauden zortzi udalerri-sareen bitartez (Udalsarea, Berdinsarea, Basqueskola, Euskadi Lagunkoia, Euskal Fondoa, Garapen, Mugiment). Sare horietan udal askok hartzen dute parte, eta pertsona askori ematen diete onura (batez besteko estaldura EAEko biztanleen % 50ekoa da); 2030 Agendaren “aterkiari” esker, garrantzi eta bultzada handiagoa edukiko dute.
Hautatuko ekimenak jasangarritasunaren lau dimentsioei dagozkie: gizarte-garapena, garapen ekonomikoa, ingurumena eta gobernantza. Proiektu horien bitartez erronka globalei tokiko erantzunak ematea da asmoa, hainbat esparrutan: osasuna, gizarteratzea, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, adinekoen parte-hartzea, klima eta energia, ekonomia zirkularra, enplegua eta ekintzailetza, digitalizazioa, eta tokiko gobernuen ebaluazioa eta bikaintasuna, besteak beste.
Lan-prozesuak zazpi hilabete iraun du, apiriletik azarora, eta Batzorde Eragilea eta lau udalek eta mankomunitate batek osatutako gidaritza-batzorde bat arduratu dira bideratzeaz.
Tokiko autonomia eta finantza-nahikotasuna
EUDELen elkarteburuak udalen finantza-egoerari buruz hitz egin du, baikortasunez eta, era berean, zuhurtziaz. Gogorarazi du euskal udalen egoera ona, hein handi batean, finantza-jasangarritasuna lortzeko egin den kudeaketa zorrotzaren emaitza dela.
Gorka Urtaranek adierazi du 2022ko aurrekontuak bereziki garrantzitsuak direla gizartearen erronka berriei erantzuteko, eta hurrengo urteetan hazkunde jasangarriari eustea ahalbidetuko duten inbertsioei eusteko. Helburu horien sostengua izango dira Europako funtsetatik euskal udalerrietara iritsiko diren laguntza ekonomikoak. EUDEL finantziazio-aukera guztiei buruzko informazioa ematen ari zaie udalei.
Atal horretan, Ekarpen Legea onartzeko akordio instituzionalaren balioa azpimarratu du elkarteburuak. Akordio hori lortzeko “prozesu osoan zehar parte hartu du EUDELek”, gogorarazi du. Gorka Urtaranek azpimarratu du lege berriak aurrerapauso garrantzitsuak ekarri dituela udalentzat. Esate baterako, udal-finantziaziorako derrigorrezko gutxieneko portzentaje bat (% 39,23) –aurreko legearena baino handiagoa– bermatzea, foru-ogasunek bildutako zergetatik.
Oso garrantzitsua da, era berean, Gizarte Zerbitzuen ezohiko Funtsa 20 milioitik 35era handitzea. Horrek baliabide gehiago ekarriko ditu, udalek gizartearen premia berriei erantzun ahal izateko. Legearen hirugarren hobekuntza euskararen arloko udal-eskumenak garatzeko finantziazioa aurreikustea da.
Europako beste udalerri batzuekiko aliantzak
EUDELek Europako beste elkarteekin egindako lanari esker, euskal udalak udalerrietako Green Deal bezalako tokiko politika berritzaileenen ildoan jarduteko aukera izango dute: “Europako agenda ere gure agenda da, eta euskal udalerriok, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseilu Europarraren eta Tokiko Botereen Biltzarraren bitartez, eragile proaktiboa izan nahi dugu Europako etorkizuna definitzeko”.