Martxoaren 31n Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Egun hori funtsezkoa da trans pertsonen errealitatea, duintasuna eta eskubideak aitortzeko, bai eta gizartea sexu eta/edo genero-identitateagatiko edozein diskriminazio-moduren aurrean sentsibilizatzen jarraitzeko ere.
Azken urteotan aurrerapen nabarmenak egin dira transen eskubideen aitorpen juridikoan, bai nazioartean, bai estatuan eta autonomian. Alde batetik, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI eskubideak bermatzeko Legea, eta, bestetik, genero-identitateagatik ez baztertzeari eta Euskadin trans pertsonen eskubideak aitortzeari buruzko 4/2024 Legea onartzea urrats sendoa izan da legezko berdintasuna sendotzeko bidean.
Hala ere, arau-esparru bermatzaile bat egotearekin batera, hura modu eraginkorrean aplikatu behar da, eta trans pertsona guztien eta haien inguruneen ongizatea sustatuko duen gizarte-konpromiso iraunkor bat izan behar da. Ikusgarritasuna ez da soilik gai sinboliko bat: babesteko, aitortzeko eta gizartea eraldatzeko tresna bat da. Trans errealitateak ikusaraztea lagungarria da aurreiritziei aurre egiteko, estereotipoak desmuntatzeko eta bizitzako esparru guztietan ingurune seguruak sortzeko. Ikusgarritasun horrek belaunaldi guztiak hartu behar ditu barne, trans txikien, helduen eta adinekoen esperientziak aitortuz, eta horietako bakoitzak babesa, errespetua eta laguntza egokia izatea bermatuz.
Berdindu LGTBI Euskal Zerbitzutik, Eusko Jaurlaritzak sustatuta, trans pertsonen eskubideak defendatu eta sustatzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, baita behar dutenei laguntza eta babesa ematekoa ere. Euskal gizarte osoa animatzen dugu komunitate inklusibo bat eraikitzen jarraitzera, aniztasuna balio demokratiko gisa eta erabateko bizikidetzaren oinarri gisa uler dadin.
Aniztasunak gizarte gisa indartzen gaitu. Pertsona guztien eskubideak bermatzea ez da aukera bat, erantzukizun kolektibo bat baizik.