Apirilaren 26an, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, oraindik ere beharrezkoa da lesbianen ikusgarritasunaren aldeko adierazpen argia egitea: gaur egun oraindik ere, lesbiana asko ez dira ausartzen beren bizitzaren esparru guztietan lesbiana direla esatera.
Familia, lana, lagunartea edo aisialdirako guneak oraindik ere ez dira beti espazio seguruak lesbiana askorentzat. Sarritan, aurreiritziak edo ondorio negatiboak agertzen dira haien bizitzetan. Ikusezintasunak, gainera, kostu handia du: askotan, eskubideak modu libre eta berdinean baliatzea eragozten du.
Zertarako balio du eskubideak izateak, eskubide horiek baliatzeko baldintzak betetzen ez badira? Zergatik dirudi oraindik ere LGTBIQ+ pertsonek eta, kasu honetan, emakume lesbianek dutela agerian jarri beharraren garrantzia?
Herritar guztien eskubideen aldeko borroka erantzukizun kolektiboa da. Gizarte anitza eta irekia eraikitzea dagokigu, sexu- eta genero-aniztasuna errespetatuko duen gizartea. Pertsona guztiek eskubide berak aitortuta izan behar dituzte, eta, gainera, eskubide horiek askatasunez eta beldurrik gabe baliatzeko aukera erreala izan behar dute. Hori guztion ardura da.
Gizarte osoari dagokio, halaber, lesbofobiari eta lesbianek jasaten dituzten diskriminazio- eta indarkeria-mota guztiei aurre egitea. Adinekoek, gazteek, migratuek, aniztasun psikikoa dutenek, kalteberatasun-egoeran daudenek eta abarrek oso zaila izango dute beren eskubideez baldintza berdinetan gozatzea, beharrezko baldintzak betetzen ez badira.
Gaur, lesbiana guztiak aldarrikatu nahi ditugu, bai ikusgarri direnak bai ez direnak. Era berean, euskal gizarte osoari —pertsonei, elkarteei, kolektiboei, erakundeei eta organismoei— dei egiten diegu elkarrekin lan egin dezagun, lesbiana bakar batek ere ikusgarri izateak merezi ez duela pentsa ez dezan.
Apirilaren 26a. Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguneko manifestua
Gaur, apirilak 26, Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna da.
Egun hau garrantzitsua da, emakume lesbiana askok oraindik ez dutelako esan hala direnik, eta beren bizitzako espazio batzuetan beldurra dutelako.
Emakume lesbiana batzuek arbuioa sentitzen dute familiaren, lanaren, lagunen edo aisialdiaren esparruan. Hori gertatzen da aurreiritzi edo ondorio negatiboen beldurragatik.
Ikusgai ez izateak, hau da, bat den bezala ez agertzeak ondorioak izan ditzake. Esan nahi du eskubideak ezin erabiltzea edo beldurrez edo segurtasunik gabe bizitzea. Eskubideak izatea ez da nahikoa ezin badira erabili.
Ikusgarritasun lesbikoa ez da soilik LGTBIQ+ pertsonen erantzukizuna. Gizarte osoak errespetatu behar du aniztasunaeta pertsona guztiei erakutsi behar die babesa.
Helburua da gizarte irekia, errespetuzkoa eta beldurrik gabea lortzea. Horregatik da garrantzitsua lesbofobiaren, diskriminazioaren eta indarkeriaren aurka borrokatzea.
Emakume lesbiana guztiek berdintasunez bizitzeko aukera izan behar dute: gazteek, adinekoek, migratzaileek, gaitasun desberdinak dituztenek, edo kalteberatasun-egoeran daudenek.
Gaur lesbiana guztiak babestu nahi ditugu. Aho betean esan dutenei. Eta esaten ez dutenei. Euskal gizarte osoa gonbidatzen dugu:
pertsonak, elkarteak, kolektiboak, erakundeak eta organismoak, emakume lesbiana bakar batek ere pentsa ez dezan ikusteak ez duela merezi.
Lesbiana: Emakume homosexuala, emakumeenganako
erakarpen sexual, fisiko eta sentimentala sentitzen duena.
Aurreiritzia: ezagutu aurretik pertsona bati
edo gai bati buruz izaten den ideia da.
LGTBIQ+: Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual,
Intersexual, Queer eta beste batzuen siglak dira (+).
Lesbofobia: emakume lesbianen aurkako
arbuioa, diskriminazioa edo gorrotoa.
Kalteberatasuna: pertsonak bizitzan
zailtasun gehien dituen egoera
(ekonomikoak, osasunekoak, familiakoak, etab.)
eta babes eta laguntza handiagoa behar duena.