Eudel
  • Jokabide Kodea gaur bertan jarriko da abian, proba pilotua egingo duten 15 udalekin.
  • Emaitzen ezarpen eta ebaluazioan EUDELek Europako Kontseiluaren eta ‘Globernance’ – Gobernantza Demokratikoaren Institutuaren adituen aholkularitza izango dute.
  • Alkate zein zinegotzien jarrera etikoa eta zintzotasun politikoa neurtzeko adierazle-fitxa bat egingo da.
  • Europako Kontseiluko metodologia hartuko da erreferentziatzat udal etika publikoa hobetzeko, izan ere hau berau beste herri batzuetan erabili da dagoeneko.

Bilbon, 20132ko ekainak 25. Eudelek gaur lehenengo lan-saioa egingo du 15 udalez osatutako talde-pilotuarekin. Pasa den maiatzaren 24ko Euskal Udalerrien Batzar Orokorrean onartutako “Jokabiderako, Gobernu Onerako eta Kalitate Instituzionalerako” erronka bere gain hartu duten udal hauek Eudelen Batzorde Eragilean dauden udal berberak dira.

Alkate, zinegotzi eta arduradun teknikoak Europako Kontseiluko ordezkariekin batzartuta daude, Eudelen koordinazio eta zuzendaritzapean, adierazitako konpromisoak praktikan jartzeko ebaluazio-tresna eta metodologia diseinatzen hasteko.

Proiektu hau ezartzeak zailtasun handia dauka, euskal udalen desberdintasunengatik eta errealitate anitzengatik (lurraldea, tamaina, biztanleria…). Horregatik EUDELek Europako Kontseiluko etika publikoan adituak direnen aholkularitza izango du, baita “Globernance” Gobernantza Demokratikoaren Institutuaren asistentzia teknikoa ere. Bi erakundeek proiektuaren ebaluatzaile independentetzat ere jardungo dute.

Ebaluazio-tresna

Euskal Udalen Jokabide Kodearen ezaugarri nagusiena, hain zuzen ere, Kode hau betetzearen ebaluazio eta jarraipena aztertzea izango da.  Udal gobernuei euren indarguneak eta alderdi ahulak identifikatzen lagunduko dien adierazle-fitxa bat egingo da. Adierazle hauek erreferentzia eta gidatzat hartuko dira eta horien bidez udalek jarrera etikoa eta Gobernu Ona hobetuko dute.

Fitxa hau Europako Kontseiluak beste herri batzuetan erabilitako ebaluazio- eta metodologia-ereduan oinarrituta dago. Talde pilotuak Europako tresnak Euskal Udalen behar eta errealitatera egokitzeko lan egingo du.

Jokabide Kodea

Jokabide Kodeak gardentasun publikoa eta diru-kontuak herritarrei jakinaraztea du ardatz. Jokabide desegokiak saihesteko tresna izateko eta euskal ordezkari politikoen zintzotasuna sendotzeko helburuarekin egin da.

Dokumentua erabiltzen eta aplikatzen duten udalek doiketak eta ekarpenak egin ahal izango dituzte.  Era honetan denborarekin hobetzen joango den etengabeko hobekuntza-prozesua sustatu nahi da.

Kodearen helburua ez da zigortzea baizik eta Euskadiko udalen lan-politikoa sendotuko duen jokabide etiko baten jarraibide batzuen glosarioa egitea.

Talde pilotuaren 15 udalak

  • Bizkaia: Basauri, Bilbao, Durango, Ermua, Galdakao, Portugalete, Santurtzi.
  • Araba: Amurrio, Arraia-Maeztu, Guardia, Iruña-Oka, Vitoria-Gasteiz.
  • Gipuzkoa: Elgoibar, Hondarribia, Irun.