Eudel

Author

eudel

Azken berriak

HAKOBAko kide diren Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Donostiako Udalak, Gasteizko Udalak eta EUDEL-ek euskararen txantxangorria aurkeztu dute gaur Donostiako San Telmo museoan. Aurkezpen ekitaldian ere, arlo publiko zein pribatuko eragile ugarik (EAEko unibertsitateetako ordezkariak, kirolariak eta kirol taldeetako ordezkariak, kultur eragileak, enpresariak, finantza entitateetako ordezkariak…) parte hartu dute. Aipatzekoa da ordezkari hauek guztiek bere egiten dutela txantxangorriaren ekimena.

Mikel Pagolak (Urnietako alkatea), EUDEL-en izenean hitz egin du: “Udaletatik gonbidapena egin nahi diegu herritar guztiei euskara erabil dezaten: nork bere mailan; naturaltasunez eta konplexurik gabe; edozein esparru eta egoeratan”.

Beste alde batetik, Alkate Pagolak honakoa adierazi nahi izan du: “etxe barruan hartu behar ditugu konpromezuak, garrantzitsua da udaleko langileen arteko erabilera sendotzea eta lan-hizkuntza izatea. Era berean, jarraitu behar dugu ahalegina egiten herritarrekiko harremanetan ere euskara ohikoa izan dadin. Bide horretan, helburua hori izanik, gure ardura da, ipini beharreko baliabideak ipintzea.”

Gaur Donostian aurkeztu den ekimena ez da Eusko Jaurlaritzaren ekimena soilik. Ezta guxiago ere. HAKOBAk bideratutako ekimena da. Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalek, eta EUDELek bat eginda sustatutako ekimena da txantxangorriarena, hain zuzen ere. Hori bai, nahiz eta erakunde hauek ekimena bultzatu duten, txantxangorria gizarte guztiarena da. Gu guztiona, alegia.

Txantxangorriaren irudi atsegin eta maitagarri honen bitartez herritarrei gonbidapen bat egin nahi zaie: euskara erabiltzeko gonbidapena. Herritar guztientzako gonbidapena: euskaraz ondo dakitenentzat, euskaraz neurri batean edo bestean dakitenentzat, eta euskaraz ulertu bakarrik egiten dutenentzat. Denen ekarpena baita baliagarria.

Euskaraz dakitenek, euskaraz lasai eginez, euskarari bizia ematen diote. Zertxobait dakitenek, beren neurrian euskara erabiliz, euskaraz egiteko aukerak eta egoerak biderkatzen dituzte. Eta ulertzera mugatzen direnek ere, beren inguruko lagunak, etxekoak, lankideak… euskaraz egitera animatuz, berebiziko ekarpena egiten diote euskarari. Eta elkartasun txalogarria erakusten dute, euskaraz ez jakinda ere euskararen erabilerari atea zabaltzen dioten herritarrek.

Herri erakundeetako bulegoetan, era guztietako eraikin publikoetan, garraio zerbitzuetan, osasun zerbitzuetan, ikastetxeetan, enpresetan, finantza entitateetan, merkatal guneetan, hedabideetan, kirol instalazioetan, unibertsitateetan… ikusgai egotea da helburua. Baita norberak bere arropan itsatsia eramatea ere.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek honakoa adierazi du prentsaurrekoan: “batetik, zin-zinez eskertu nahi dizuet elkarlanerako jarrera eta borondatea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiei, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalei eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteari. Euskara sustatzeko eginkizunean adostasunez eta batasunez jokatzea baita aurrera egiteko modurik eragingarriena. Jarrera eredugarria erakutsi duzue denek. Bestetik, benetan eskertu nahi dizuet, nola ez, ekimen honekin bat egin nahi izan duzuen gizarte-eragile guztioi”.

Bestalde, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak honakoa adierazi nahi izan du: “irudi berria aurkeztera etorri gara gaur. Euskararekin, euskararen erabilerarekin, euskararen aldeko jarrerarekin lotuko gaituen irudi berri eta freskoa. Txantxangorria beti izan dugu maite. Betidanik izan da gure paisaiaren parte, bere irudi arin, atsegin, jostari eta airosarekin. Maitea dugu, kuttuna, baina txikia eta hauskorra da. Erakargarri gertatzen zaigu, geure sentitzen dugu, ahula dirudi baina bizia da. Euskara bezala”.

“Gonbidapena da irudi hau: borondateaz ari gara. Herritarren borondatean sinesten dugu. Herritarren gogoaren indarrean sinesten dugu. Ez dugu inor behartu nahi. Ez dugu nahi inor inoren gainetik egotea. Alderantziz, denok eroso egongo garen gizartea osatu nahi dugu”, bukatu du Baztarrikak.

Donostiako Udalaren izenean, Miren Azkaratek, Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak, hitz egin du: “Europako ahotsen itsasargian indartsu entzungo da gaur hemen bildu den txantxangorri aldraren txioa eta kantua”.

Igone Martinez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua Arabako Foru Aldundian: “Euskararen arloan, Arabako gaurko erronkak dira euskara maila guztietan sustatzea eta haren erabilera areagotzea”.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Lorea Bilbaok (Euskara eta Kultura saileko foru diputatuak) hitz egin du: “Erabileran jokatzen dugu euskararen partida. Erabiltzea da euskara indartzeko errezetarik eraginkorrena. Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuetan eta Bizkaian zehar ahaleginak eta bi egingo ditugu txantxangorria bideratzen: hasi gara. Eta ahaleginak eta bi euskararen hegaldia hauspotzen”.

Otsailetik aurrera, ‘2016ko EUDEL-IVAP-Foru Aldundien Zeharkako Prestakuntza Plana’ berriz hasiko dugu, euskal toki- erakundeeko teknikari, administrari eta idazkaritza, kontuhartzailetza eta zuzendaritzako langileentzat.

Ikastaroen lekua: Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Tolosaldean.

Planean 179 ikastaro daude; horietatik 91 aurrez aurrekoak dira; eta, 88, berriz, lineakoak. Prestakuntza planak tokiko administrazio publikoa berritzeko eta modernizatzeko funtsezko ardatz batzuk bere baitan hartu ditu: gardentasuna, herritarrentzako arreta, prozedurak erraztea eta zerbitzuen kudeaketa aurreratua.

Gainera, 2016an hizkuntza-prestakuntza indartu egin da, 24 ikastaro on line eta 59 presentzialen eskaintza berriarekin, eta horietatik guztietatik 53 ikastaro euskarazko komunikazio-gaitasunak hobetzeko dira.

Zabalik dago otsailetik azarora arteko ikastaroetan izena emateko epea

Kontaktuak: prestakuntza@ivap.eus prestakuntza@eudel.eus
www.eudel.eus/prestakuntza
www.ivap.euskadi.eus

Hartzailea: Mikel Pagola, Urnietako alkatea (HAKOBAko eta EUDELeko Batzorde Eragileko ordezkaria)

EUSKARAREN TXANTXANGORRIAREN AURKEZPENA DONOSTIAN

HAKOBAko kide diren Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Donostiako Udalak, Gasteizko Udalak eta EUDEL-ek Euskararen txantxangorria aurkeztuko dute bihar Donostiako San Telmo museoan.

Aurkezpen ekitaldian, arlo publiko zein pribatuko eragile ugarik parte hartuko dute: EAEko unibertsitateetako ordezkariek, kirolariek eta kirol taldeetako ordezkariek, kultur eragileek, enpresariek, finantza entitateetako ordezkariek, besteak beste.

EGUNA:  urtarrilak 15, ostirala

ORDUA: 12:00etan

LEKUA: Donostiako San Telmo Museoa. Zuloaga Plaza, 1. Donostia.

Eudelek eta Arabako Foru Aldundiak osaturiko erakunde arteko mahaiak lehenengo bilera egin du.

Gasteiz, 2013ko urtarrilaren 13a. Arabako Gizarte Zerbitzuen Mapa egiteko Erakunde arteko Mahaiak gaur egin du bere lehenengo bilera, eta bertan foru aldundiak eta lurraldean ordezkaritza daukaten alderdi guztietako alkateek parte hartu dute. Organo horren xedea da zerbitzu eta prestazioen eskumenak nola bananduko diren zehaztea, eta banaketa hori gauzatuko da Euskal Autonomia Erkidego osoan aurtengo urtearen bukaeran indarrean sartuko den Gizarte Zerbitzuen Kartera berria aplikatuz.

Lotutako berria: Arabako udalei Gizarte Zerbitzuen eskumen banaketa berria aurkezpena

Halaxe hasi da foru erakundearen eta Arabako udal eta kuadrillen artean egingo den lan handiaren lehenengo fasea, eta lan hori amaitu behar da adostuz zein erakundek hartuko duen gizarte prestazio eta zerbitzu bakoitzaren ardura udal bakoitzean. Azken xedea da eskubide subjektibo gisa bermatzea interesdunek modu homogeneoan eskura dezatela zerbitzuak eta diru prestazioak, haien bizilekua gorabehera.

Egun Arabako Foru Aldundiak hartzen du bere gain hiritik kanpoko zerbitzu ia denak emateko ardura, bai eta Gasteizen mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta ematekoa ere, baina nola indarrean sartu diren Gizarte Zerbitzuen Legea eta Gizarte Zerbitzuen Kartera udalek eman behar dute lehen mailako zerbitzuen hornidura. Horregatik argitu behar da zein parametro oinarri jarraitu behar duen aldundiak zerbitzuak ematen, edo ea udal bakoitzak hartu behar dituen zerbitzu horiek bere gain.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen izenean hauexek egon dira: Mar Zabala, bere zuzendari nagusia; Josune Irabien eta Natividad López de Munain (EAJ), Amurrioko eta Burgeluko alkateak hurrenez hurren; Unai Gutiérrez (EH Bildu), Zuiako alkatea; José Javier Martínez (PSE), Iruña Okako alkatea; Pedro León (PP) Guardiako alkatea, eta Aitor Abecia (AZI talde independentea), Zanbranako alkatea. Nerea Melgosa Gizarte Politiken zinegotzia izan da bileran, Gasteizko alkate Gorka Urtaran jeltzalearen ordezkaritzan.

Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatua, José Luis Alonso Gizarte Zerbitzuen zuzendaria eta (GOFE) Milagros López de Aberasturi Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko zuzendari-kudeatzailea izan dira gaur goizean lan bileran foru aldundiaren ordezkaritzan; baita saileko beste arduradun batzuk ere.

Gaur goizeko bileran parte hartu dutenek Arabako Gizarte Zerbitzuen Mapak oinarri izango duen zonifikazio geografikoa izan dute hizpide; baita lan metodologiaren oinarrizko alderdiak eta mapa hori lantzeko irizpide orokorrak ere. Prozesu honen bigarren fasean egingo dena da egun zer zerbitzu zentro eta zer diru prestazio dagoen aztertu eta haien inbentarioa egitea. Bukatzeko, hirugarren fasean eskumen banaketa doituko da udalen eta kuadrillen adostasunarekin. Mapa datorren ekainerako onartuta egon dadin nahi da, urte honen bukaeran martxan jarri ahal izateko.

Lan talde teknikoa

EUDELek eta Arabako Foru Aldundiak osaturiko mahaiaz gain; hau da, goi mailako erakundeek osaturiko mahaiaz gain, lan talde tekniko bat eratuko da, eta han udalek eta GOFEko arlo desberdinek izango dute ordezkaritza, aztertuko beharreko gaiak zein diren.

 

Urtarrilaren 26an, asteartean, EUDELek antolatu du jardunaldi bat euskadiko udaleko langilei zuzenduta, Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozeduraren erreformak (39/2015 eta 40/2015 legeak) Tokiko Administrazioan izango duen eraginari buruz.

Erronka handia da: egungo administrazioa eraldatzea, eta tokiko administrazio elektronikoa, paperik gabekoa, gardena, interkonektatua eta espedienteak izapidetzen arinagoa lortzea.

Urriaren 2ko BOEn argitara emandako Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak sakon aldatuko dute administrazio publiko guztien funtzionamendua, eta, beraz, baita gure toki-administrazioen funtzionamendua ere.

Helburua handinahia da, erronka handia baitu aurrean: Legeak adierazten duen epean, egungo administrazioa eraldatzea, eta tokiko administrazio elektronikoa, paperik gabekoa, gardena, interkonektatua eta espedienteak izapidetzen arinagoa lortzea.

Zeregin hori errazteko, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak jardunaldi bat antolatu du urtarrilaren 26an, 39/2015 eta 40/2015 Lege berriei buruz. Hala, zazpi hitzaldiren bidez, legeak arlo hauetan ekarriko dituen berrikuntzak aztertuko dira:

  • Araubide juridikoa eta antolakuntza arloko araubidea
  • Administrazioko ekintzak: formak, balioa eta eraginkortasuna
  • Administrazio Prozedura Erkidearen antolamendua eta izapideak
  • Ahalmena eta zehatzeko prozedura
  • Ondare-erantzukizuna
  • Harreman elektronikoak Administrazioarekin

Eguna: urtarrilaren 26an, asteartean

Lekua: Bilbao. BIZKAIA ARETOA (UPV/EHU eraikina)

             Mitxelena entzunaretoa (beheko solairua)

            Helbidea: Abandoibarra etorbidea 3 Bilbao

            Aparkalekua: Euskadi Plazako Parking-a da (bi minutu)

Ordutegia: 9:00 -14:00  eta 16:0018:00 Jardunaldi osoa

Lekua bete arte:  plazak iristeko ordena zorrotz hartuko da aintzat

Prezioa: 50 euro