Udalerri txikienek UFFFean jasotzen duten kopurua arautzen duen 15/1994 Foru Arauaren artikulu bat eguneratuko dute, euren egoera berezituari erantzun eta finantziazio egokiago bat izan dezaten
Udal Finantzaketarako Foru Funtsean (UFFF) egokitzapen bat egitea adostu dute EUDELek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek azken urteotan egindako eskaerari erantzun eta udalerri horien finantzaketa indartu asmoz. Azken asteotan udalek eta foru ogasunak burututako elkarlanaren ondorioz, EUDELen Gipuzkoako Lurralde Batzordeak erabaki zuen gaur egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluari eskatzea UFFF arautzen duen 15/1994 foru arauko 3.1 a) artikuluan jasotako banaketa eguneratu eta egokitu dezan. Aldundiak bere egingo du proposamen hori eta, 2024ko lehen seihilekoan bertan, egokitzapen horri bidea emango dion foru arau proiektua onartzeko konpromisoa hartu du. 2025eko UFFFaren banaketan sartuko da indarrean neurri hori.
Adostasunez eta elkarlanean landutako neurri honen berri eman dute, gaur goizean emandako prentsaurrekoan, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Izaro Elorza Oñatiko alkate eta Eudelen Lurralde Batzordeko ordezkariak. Erabaki honen bitartez, 1994ko araudia eguneratu egingo da, Gipuzkoako udalerri txikienen mesedetan. Izan ere, azken 30 urte hauetan, biztanleriaren arabera herri guztiek jasotzen duten kuotaz gain, 1.100 biztanle arteko herrietako udalei kopuru gehigarri finko bat esleitu izan zaie, herri txikiak izateak dakartzan zailtasun eta egoera berezituari aurre egiteko. Banaketa gehigarri hori, baina, berrikusi gabe zegoen 1994tik hona. Beraz, bide ematen zaion aldaketa honek UFFFaren garapenak islatuko ditu.
Egokitzapen honen bidez, lurraldeko udalerri txikienetatik azken urteotan egindako eskaerari erantzunez, gainontzeko herriek bezala biztanlegoaren arabera jasotzen duten kuota hortaz gain, urte bakoitzeko UFFFren %1,2 gordeko zaie eta ehuneko hori zati berdinetan banatuko da 1.100 biztanle arteko udalerri horien guztien artean.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, neurri honek oinarrian duen “adostasun eta elkarlan” eredugarria nabarmendu du eta Gipuzkoak “lurralde gisa ezaugarri duen orekan urrats garrantzitsu” moduan definitu du. “Finantzaketaren ikuspegitik azken urteotan udalerri txikienek egindako eskaera horri erantzuten diogu, horrela, beren etorkizunaren alde eginez. Diru banaketa egokiago bat jasoko dutelako aurrerantzean; haien egoera berezituari erantzuteko eta herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua indartzeko balioko die, zalantzarik gabe”, gogoeta egin du.
Mendozak gogoratu du lurralde oreka “funtsezko balioa” dela Gipuzkoaren etorkizunerako, herri txikiak “funtsezkoak” diren bezala. “Ezinbesteko papera jokatzen dute, gipuzkoar askoren bizitoki diren heinean. Gainera, gure hizkuntzaren eta kulturaren arnasgune eta gordailu dira, landa ingurune bizia dute eta berau zaintzen dute, ekonomia aktibitatearen eta enpleguaren ikuspegitik ere oreka bermatuz”, adierazi du eta, horregatik, neurri honekin udalerri txikiekiko herri erakundeok “erantzukizun eta konpromisoari erantzungo dio foru ogasunak.
Izaro Elorza Oñatiko alkateak, EUDELen izenean, aldiz, azpimarratu du akordio honi esker Gipuzkoako 32 udalerri txikienek “baliabide gehiago” izango dituztela “zerbitzuak modu eraginkor eta efizientean emateko eta auzokideen eskaerei hobeto erantzuteko”.
Alkateak Gipuzkoako udalen autonomian eta nahikotasun finantzarioan egindako aurrerapena baloratu du: “gure ustez, bide baten hasiera da, non hausnarketa zabalagoa egin behar den. Gipuzkoaren ordezkaritza EUDELen garenok adostasuna oinarri hartuta bidea urratzen jarraituko dugu eta gainerako erakundeekin elkarlanean”.
Elorzak nabarmendu du proposamena EUDELen Lurralde Batzordean landu dela: “Elkarrekin lan egiten dugun alkateak gara Gipuzkoako herritar guztiei mesede egingo dieten akordioak lortzeko, lurraldeko udalerri guztien aurrerapen sozial eta ekonomikoaren alde, txikienetik handienera”.
150 biztanleko udalerri baten adibidea
Esate baterako, biztanleriaren araberako kuotaz gain, gaur arte 150 biztanleko udal batek atal honetan jasotzen zuen kopuru finkoa 1994tik hona urtero 84.141,69 €koa izan da, UFFFren garapena goranzko edo beheranzko joera kontuan izan gabe. Orain proposatzen den aldaketa honekin, udal honek 244.395,67 euro jasoko lituzke aurten.
1994ko foru arauak kopuru finko bat –momentu hartako %1,2aren arabera kalkulatutakoa– ezartzearen arrazoia izan zen UFFFren balizko jaitsiera batek udalerri txikiak ez kaltetzea. Denboraren poderioz, ordea, Udal Finantzaketa Foru Funtsak gora egiten jarraitu du eta, gaur egun, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek %0,32 soilik jasotzen dute atal honen bitartez.
Donostia, 2024ko martxoaren 22a.
Ostegunean, Martxoak 21, 19:40ak inguruan, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak Korrikaren 23. edizioaren lekukoa hartu zuen Bilbon, Poza kaleko 65 zenbakian.
EUDELek, dirulaguntza eskaintzeaz gain, jardunaldien hedapenean sustapen lana egiten laguntzen du. Horren ordez, Udaltopeko antolakuntzak eskerrak eman ditu euskara zerbitzuen arteko esperientziak trukatzen, esperientzia horiek nola hobetu hausnartzen eta esperientzia berriak elkarlanean abiatzen laguntzen jarritako hondar-alearengatik.
Gernika, 2024ko martxoaren 1a. Gernikako Batzar Etxean egin da, berriro ere, azken hamarkada honetan genero berdintasunaren aldeko borrokaren ikur den ekitaldia. Ekitaldi horretan, arlo horretan nabarmendu diren erakundeen edo emakumeen lana goraipatu ohi da.
Ondoren, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Legebiltzarreko lehendakaria, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko ahaldun nagusia, Legebiltzarreko Mahaiko kideak, Esther Apraiz Fernández la Peña EUDELeko elkarteburua, Miren Elgarresta Larrabide Emakunderen zuzendaria, eta omendu diren eta hizlari jardun duten emakumeak sartu dira hemizikloan, askatasuna eta berdintasuna sinbolizatzen duten oroimenezko zapiez elkartuta.
Bizkaiko bost udalerritako emakume hautetsiek, pentsamolde politiko guztien ordezkari (Karmele Tubilla Artetxe, Santurtziko alkatea; Ima Garrastatxu Urbaneja, Durangoko zinegotzia; María Jose Blanco Gavieiro, Portugaleteko alkateordea; Natalia Aranduy Zuazagoitia, Getxoko zinegotzia, eta Alba Gutiérrez Gómez, Amorebieta-Etxanoko zinegotzia), irakurri dute EUDELek egindako Martxoaren 8ko Adierazpen Instituzionala.
Aurretik, Batzarrak tarte bat utzi dio Tania Llasera Alberdi bilbotar komunikatzaile eta antzezleari, kontziliazio erantzunkideak zer esan nahi duen azal zezan, jarduera profesional biziko ama eta emakumearen ikuspegitik.
Bilbon, 2024ko otsailaren 23an. EUDELeko Batzar Orokorrak EAE osoko alkateak bildu ditu, gaur goizean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Agintaldi berriaren lehen Batzar Nagusia da, iazko irailean Donostian hautatutako Batzorde Betearazlea buru duena.
Bilera, goizeko 9:30ean hasi da, Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkatearen ongietorriarekin. Esther Apraiz elkarteburuak esku-hartze nabarmena izan du elkartearen ardatzak eta jarduera-ildoak aurkezteko. Apraizekin batera, Nagore Alkorta elkarteburuorde eta Azpeitiko alkatea eta Mikel Torres elkarteburuorde berri eta Portugaleteko alkatea, Jose Antonio Santanoren ordezkoa dena, izan dira.
Batzarreko bere hitzaldian, EUDELeko elkarteburuak “tokiko lidergoa” euskal gizartearen zerbitzura jartzeko deia egin die euskal udalei, “erakundeen lankidetzatik, transakzio handietan, sozial-demografiko, digital, ekologiko eta feministetan laguntzeko”.
Gaur goizean, Euskal Poliziako 280 lanpostuko deialdi berria aurkeztu dute EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek eta lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak. Plaza horien artean daude bai Euskadiko herritarren segurtasunerako Ertzaintzaren oinarrizko eskalarako eta 21 Udaltzaingoetarako nahiz polizia-zerbitzuetarako lanpostuak, bai eta Ertzaintzaren Trafiko eta Bide Segurtasuneko unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan zuzenean sartzeko espezialitatekoak ere. Bihar, otsailaren 22an, ostegunez, deialdi hau EHAAn argitaratuko da, eta hilaren 23an, ostiralez, hasiko da eskaerak aurkezteko epea. Zabalik izango da
Lehiaketa-oposizio hau Udaltzaingoentzat modu bateratuan deitzen den zortzigarrena da: Udaltzaingoentzat bakarrik egindako 3 deialdi bateratu eta Ertzaintzarekin batera (“Euskal Polizia”) egindako beste 5 deialdi. Horietan, guztira, 64 udalek hartu dute parte, eta Udaltzaingoetarako 1.325 plaza eskaini dira, Euskadiko Udaltzaingoen egungo plantillaren % 40.
Halaber, LEP bateratu horietan aurrerapausoa ematea lortu da emakumea Euskal Polizian sartzeko bidean. Une honetan, Arkautin lanean ari diren emakumeen ehunekoa % 37tik gorakoa da.