“Esparru estrategiko eta laguntza tresnak udalerrietan GJHen kokapena bizkortzeko”gidan hamar bat baliabide proposatzen dira udalerrietan GJHak aplikatzeko. Udal bakoitzak zein laguntza mota eta hura bere tokiko errealitatera nola egokitu nahi duen erabakiko du.
Esther Apraiz, EUDELeko Elkarteburua: “2030 Agenda gizarte- eta lurralde-kohesiorako tresna baliotsua da, pertsonak gure ekintza politikoaren erdigunean kokatzen laguntzen baitigu”
Jonan Fernandez, Euskadiko 2030 Agendako idazkari nagusia: “2030 Agendak GJHak instituzionalizatzeko, sozializatzeko eta pertsonalizatzeko konpromiso handiagoa behar du”.
2023ko urriaren 3a. Euskadiko 2030 Agendaren esparruan, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak udalei laguntzeko lan-tresna multzo bat aurkeztu dute gaur goizean, elkarrekin eta koordinatuta aurrera egin dezaten Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko bidean. Baliabide guztiak maila anitzeko gobernantzaren euskal sistemaren barruan daude, lurraldeko erakunde eta eragileen arteko lankidetzarako.
Udal ordezkariekin bilera Bilbon egin da, Nazio Batuek 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritza berria barne hartzeko aukeratu duten egoitzan. Herrialdeak garapen jasangarri, bidezko eta inklusiboago baten aldeko aliantza globalarekin duen konpromisoa nazioartean hedatzeko plataforma da.
Aldaketa eta ziurgabetasun handiko garai honetan, bi erakundeak bat datoz 2023-2027 agintaldia “herrietan eta hirietan GJHen kokapena bizkortzeko” aukera bat dela eta tokiko gobernuek “funtsezko zeregina” dutela beharrezko eraldaketa sozial-demografiko, digital eta ekologikoetan laguntza emateko.
Modu bateratuan aurkeztutako GJHetarako lan-tresnek planetaren erronka handiei erantzun nahi diete, adibidez, emakumeen eta gizonen berdintasunari edo klima-egokitzapenari. Baina, era berean, tokiko erakundeak etorkizuneko krisien aurrean indartsuagoak eta erresilienteagoak izan daitezen “argi gidari” bat dira.
Parte-hartzea, kontuak ematea, aliantzak eta lankidetza funtsezko ardatzak dira udalek baliabide horiek eraginkortasunez eta efizientziaz erabil ditzaten.
Bere hitzaldian, EUDELeko Elkarteburu eta Derioko alkate denak, Euskadiko Agendak, bere berezitasunetik, proposatzen duen lan kolektiboarekin bat egiteko eta udal errealitate ezberdinetara egokitzeko deia egin die bere parekideei.
Esther Apraizek esan duenez, “ez gara hutsetik abiatzen”, eta euskal udalerrien esperientzia eta ibilbidea, beraien tokiko agendak bultzatuz, balioetsi ditu, hala nola, Hiri Agendak edo beste tresna batzuk. EUDELek ematen duen zerbitzutik, Apraizek hau adierazi du: ”Hurrengo lau urteotan, lan egingo dugu udal gehiago has daitezen garapen jasangarrirako helburuak udal-gobernuan eta -kudeaketan txertatzen, eta, hartara, horiek herritarrengana hurbiltzen lagun dezaten”.
Era berean, udaletako arduradunek egiten duten sentsibilizazio-lana azpimarratu du, bizilagunengandik gertu baitaude. Eta honako hau nabarmendu du: “GJHak soilik gauza daitezke herritar bakoitzak ulertzen eta bere gain hartzen baditu, hau da, gure eguneroko bizitzan praktikan jartzen baditugu. Erronka eta eraldaketa handiek ekintza txiki askoren batura behar dute”.
Jonan Fernandezek, Trantsizio Sozialerako eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak, New Yorken joan den irailean egin zen Nazio Batuen GJHen goi-bileran aurkeztu zuen proposamenaren berri eman du: “Gobernuetatik GJHak sutsuago instituzionalizatzeko eta sozializatzeko proposamena”.
Instituzionalizazio handiagoari dagokionez, GJHen garapen exekutiboa konprometituko duten eta gu konprometituko gaituen lau gobernantza-azpiegitura eratzea proposatu du: lehenengoa, GJHen arloko gobernu-ekintzaren zeharkako koordinaziorako eta zuzendaritzarako organo betearazle bat sortzea; bigarrena, printzipioak, irizpideak, helburuak, egutegia eta jarduera-plana zehaztuko dituen plangintza-exekutiboko dokumentu bat izatea; hirugarrena, ebaluatzeko tresna eraginkorrak prestatzea: adierazleen panela eta urteko jarraipen-txostenak egitea; eta, laugarrena, erakundeen eta gizartearen arteko gobernantza- eta lankidetza-egitura bat eratzea.
Gizarteratze handiagoari dagokionez, 2030 Agenda kontratu sozial berri gisa aurkeztea planteatu du, eta gobernuek GJHei buruzko sustapen-programak bultzatzea: informazio-kanpainak, ikastaroak, gidak edo tresna didaktikoak.
Udalerrira egokitzen diren lan-tresnak
Euskadiko Udalen Elkartearen eta Lehendakaritzaren arteko lankidetza-hitzarmenari jarraiki, 2021. urtetik hona, hainbat lan-tresna prestatu dira udalek Euskadiko 2030 Agendan aktiboki parte hartzeko. Ekintza batzuk EUDELek sustatzen ditu udalerriekin batera, eta beste batzuk Eragile Anitzeko Foroko erakunde guztien arteko lankidetzaren emaitza dira.
Orain arteko baliabide aktibo guztiak (proiektuak, programak edo materialak) dokumentu bakar batean antolatu eta multzokatu dira, “tresna-kutxa” gisa. Bertan, udal bakoitzak laguntza mota aukeratu eta bere ibilbide propioa egin dezake. Lan-tresna guztiek udal-autonomiarekiko proposamen- eta errespetuzko- izaera dute.
Horregatik, EUDELek tresna horiek erabiltzera animatzen ditu udalerriak, tokiko errealitatera eta berariazko beharretara egokituz.
Gainera, EUDELek bultzatutako ekimenak udalekin aztertu dira, proiektu pilotuen bidez edo haien ekarpenak bilduz. Horien artean, nabarmentzekoak dira ELoGE Europako Gobernantzaren Bikaintasunaren Zigilua, edo 2030 Agendari udalek egindako ekarpenez osatutako 15 proiektu bultzatzaileak, udalerrien sareen bidez koordinatu direnak eta aurrerapenak sustatzen dituztenak tokiko politika hauetan: berdintasuna, lankidetza, gizarte-zerbitzuak, adinekoak, kirola, jasangarritasuna eta ingurumena, eraldaketa digitala edo tokiko garapena.
Berrikiago, EUDELek lan-tresna aitzindari bat prestatu du, estatu mailan, udal-aurrekontuak GJHekin lerrokatzeko. Leioako Udala bere udal aurrekontuaren lerrokatzea aplikatzen lehenetarikoa izan da, eta, horren berri emateko, Eider Sarria udal kontu-hartzailea gonbidatua izan da jardunaldira.
Topaketan, Javier Cortések ere parte hartu du. Nazioarteko aditua da 2030 Agenda GLOBALean eta aliantza publiko-pribatuen eraikuntzan. Cortések udalei azaldu die zer onura dakarzkien garapen jasangarrirako helburuek udal politika eta kudeaketaren hobekuntzan txertatzean.
Informazio gehiago:
Dokumentua: “Esparru estrategiko eta laguntza tresnak udalerrietan GJHen kokapena bizkortzeko”
2030 AGENDA TOKIKO APLIKAZIORAKO LAGUNTZA-TRESNAK:
Udaletan erabiltzeko:
- “TOKIKO 2030 Agenda. Nola heldu Garapen Iraunkorreko Helburuei toki-eremutik” Gida Praktikoa
- Udal-aurrekontuak GJHekin lerrokatzen hasteko gida praktikoa
- 2021-2024 udal-sustapeneko proiektu kolaboratiboak, Euskadiko 2030 Agendari laguntzeko
- 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko adierazleak (EUSTAT)
- Tokiko Gobernantzaren Bikaintasuneko ELoGE Programa
- EUDELen informazio- eta laguntza-zerbitzua, Europako fondoen arloan
- 2030 Agendari buruzko prestakuntza espezifikoko programa, udaletako teknikarientzat (Zeharkako Prestakuntza Plana)
Beste erakunde batzuetan erabiltzeko: gizarte-erakundeak, enpresak, herritarrak:
- Enpresetan eta erakundeetan 2030 Agenda garatzeko gida. (EJ-GV)
- 2030 Agenda ulertzeko prestakuntza-ikastaroak, Eusko Jaurlaritzak sustatuak. Oinarrizko ikastaroak, enpresei, gizarte-erakundeei eta herritarrei zuzenduak.
Donostian, 2023ko irailaren 19an. Euskadiko Udalen Batzar Orokorreko alkateek gaur goizean aukeratu dituzte, Donostian, hurrengo lau urteetan EUDELen Gobernutik maila instituzionalean udal guztiak ordezkatuko dituzten pertsonak.
Derioko alkateak esan du indartsu sentitzen dela, eta badakiela karguak erantzukizun handia eskatzen duela. “EUDEL udalerrien ahotsa da, plurala eta partaidetzazkoa, eta tokiko autonomiaren eta finantza-beregaintasunaren berme-lana egiten du”.
Biztanleria urriko udalerri bateko agintari gisa, Derioko alkateak “pertsonengandik hurbilen dagoen politikaren” balioa defendatu du, eta erantzukizun berritik horri lagundu egingo diola esan, udalen zerbitzuan eta, bereziki, udalerri txikiagoen zerbitzuan. “EUDEL hurbiltasuna da”, nabarmendu du. “Euskadiko herri eta hiri guztietako pertsonak, herritarrak, dira erdigunea eta gure udalen izateko arrazoia. Euskal gizartearen isla onena gara, hark gure bizilagunen aurpegia baitu”.
Emilia Saiz UCGLko (Munduko Hiri eta Tokiko Gobernu Batuak) idazkari nagusiak ere partekatu du mezu hori, eta bideo bat bidali du New Yorketik, EUDELeko Elkarteburua eta gobernu berria zoriontzeko. Idazkari nagusia New Yorken da aste honetan, Nazio Batuek GJHei buruz egiten ari diren goi-bileran parte hartzeko: “EUDEL gure munduko erakundearen bazkide sortzailea da, eta bertatik gizartearen eraldaketa bultzatzen saiatzen gara, belaunaldi horien eta etorkizuneko belaunaldien beharrak kontuan har daitezen erabaki politiko bakoitzean”.

Euskadiko Udalen Elkartearen Bilboko egoitzan bildu dira gaur Bizkaiko udaletako politikariak eta teknikariak, udan zehar jai-guneetan eraso sexisten prebentzioa bultzatzeko xedez.
Bi ordezkariek Emakundek eta EUDELek tailer hauekin dituzten helburuak azaldu dituzte: “Espero dugu udalerri inklusiboagoak eta berdintasunezkoagoak garatzeko toki-mailan egiten ari den etengabeko lana indartzeko balioko dutela, zuen berdintasun-planen, jarduera-protokoloen eta indarkeria matxista prebenitzeko beste tresna batzuen bidez”.
Bestalde, Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak eta udalek konpromisoa dutela “jai-guneak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen lan egiteko”. Elgarrestak nabarmendu duenez, herri askotan “aurrerapauso garrantzitsuak eman dira arlo horretan azken urteetan, baina erasoak gertatzen dira oraindik ere eta oso erne egon behar dugu”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak hiru saio antolatu dituzte EAEko udal eratu berrietako politikariekin eta teknikariekin, udan jai-eremuetan eraso sexistak prebenitzea sustatzeko. Lehen bilera gaur egin da Gasteizen, Arabako udalekin, eta ekainaren 26an eta 27an beste bi bilera egingo dira Bilbon eta Donostian, hurrenez hurren, lurralde bakoitzeko udalekin.