Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • “Virginia Woolf BASQUESKOLA” Euskal Udaletako Hautetsien Sareak Generation equality izeneko nazioarteko proiektuari buruzko lan-jardunaldia antolatu du larunbat honetan, irailaren 25ean, Donostian. Nazio Batuen Erakundeak diseinatu du proiektu hori, Beijingeko Emakumeen Asanbladaren hogeita bost urteen barruan.
  • EUDELek eta Emakundek udaletako emakumezko hautetsiekin sustatutako prozesuaren barruan dago topaketa. Helburua haien gaur egungo egoeraren diagnostikoa egitea eta Basqueskolaren Ekintza Planean 2023ra bitarteko erronka berriak ezartzea da.
  • Elgoibarko (EUDEL) alkate Ane Beitia eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida izango dira jardunaldiaren buruak. Bestalde, hitzaldi inspiratzaile bat emango du Marina Subirats Martorik. Ekitaldia 10:30ean hasiko da, eta modu irekian emango da YouTuberen bitartez:

2021eko irailaren 23an. Euskal Udaletako emakume hautetsiak buru dituen BASQUESKOLA sareak, EUDELen eta Emakunderen bultzadarekin, “Emakumeak eta lidergoak” jardunaldia antolatu du larunbat honetan, irailaren 25ean, Donostiako udaletxean. Saioan emakumezko alkate eta zinegotziek bakarrik hartuko dute parte, beren gaur egungo egoera aztertzeko helburuarekin, ahalduntzeari, parte-hartze politikoari eta gizartean duten eraginari dagokienez, berdintasunaren alorrean aurrerapausoak lortze aldera. Hori izango da abiapuntua, Basqueskolak euskal tokiko politikan diharduten emakumeen lidergo eta aliantza berrien bide-orria diseina dezan.

Topaketa munizipalista hau urtea bukatu bitartean egingo den hausnarketa- eta partaidetza-prozesu handinahi baten barruan dago, NBE Emakumeak-en Generation Equality Beijing +25 nazioarteko proiektuaren esparruan. Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hauspotzen eta koordinatzen du ekimena, Emakumearen Euskal Erakundearen bidez; helburua gizartearen eta herritarren itun handi bat sustatzea da, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka. Beste urrats bat izango da udal-politikaren eremuan 2026ari begirako zenbait konpromiso eraldatzaile ezartzeko prozesuan, Beijing +25 Berdintasunaren aldeko Euskal Konpromisoaren testuinguruan.

Hala, datorren larunbatean, Basqueskolak antolatutako jardunaldian parte hartzen duten hautetsiek aukera izango dute hausnarketa egiteko, azken 25 urteetan emakumeen parte-hartze politikoaren alorrean egindako aurrerapausoez eta etorkizuneko erronkez.

Euskadin, duela bi legegintzalditik hona, batez besteko parekotasuna dago, hauteskunde-legeei esker, neurri batean. Hala ere, aztertu beharra dago zer-nolako presentzia duten emakumeek tokiko erakundeetan, zein baldintzatan gauzatzen duten lidergoa eta zein berdintasun faltarekin egiten duten topo politikara iristeko bidean.

Jardunaldiaren egitaraua

Ekitaldia 10:30ean hasiko da, Udaletxeko bilkura-aretoan. Han, Ane Beitia Elgoibarko alkateak erakunde-ongietorria egingo die bertaratutakoei, EUDELen izenean. Jarraian, Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, Generation Equality proiektua eta hark Euskadirentzat duen proposamena aurkeztuko die hautetsiei.

11:00etan jardunaldiko une garrantzitsuenetako bat izango da: Marina Subirats Martori soziologo eta filosofo feministaren hitzaldi inspiratzaileaMarina Subiratsek Beijingo Konferentzian izan zuen bizipenaren berri emango du, eta gaur egungo testuingurua aztertzeko zenbait gako azalduko ditu. Subirats Europako Batzordearen bozeramailea izan zen Emakumeei buruzko IV. Mundu Konferentzian, eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan zen Emakumearen Institutuko zuzendari gisa (1993-1996); Europako ordezkaritzaren koordinatzailea izan zen, halaber. Gainera, Subiratsek ondo ezagutzen ditu Basqueskolako toki-hautetsien esperientzia eta ikuspegia, Bartzelonako Udaleko zinegotzia izan baitzen 1999 eta 2006 bitartean.

Euskal emakumezko hautetsien lidergoaren egoera

Subiratsen hitzaldiaren ondoren, toki-hautetsien arteko truke- eta eztabaida-dinamika bat egingo da, Beijingetik bi hamarkada igaro diren honetan Emakumeen Lidergoa udal-politikan zein egoeratan dagoen aztertzeko.  Era berean, datozen urteei begira egin daitezkeen ekintzak edo konpromisoak jasotzen hasiko dira. Hori guztia Basqueskola sarearen ekintza-planean islatuko da (2021-2023), bere lan-batzordeen bidez: prestakuntza eta coaching-a, datozen udal-hauteskundeen ondoren hautetsi berriei laguntza, transferentzia eta harrera ematea.

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (EUEK) ordezkaritza politikoari buruz egindako azken txostenak dioenez, euskal udalak emakume eta gizonen arteko oreka handiena duten toki-gobernuen artean daude, emakume hautetsiak % 46 baitira; aurretik, Islandia baino ez dago, (% 47), eta oso atzetik datoz Europako % 29ko batez bestekoa eta Espainiako Estatuko % 36koa.

Alkateei dagokienez ere europar batez bestekoa gainditzen du Euskadik, % 30 baitira emakumeak (76 emakumezko alkate, 251 udaletan); Europan, berriz, % 15ekoa da portzentajea. Horrenbestez, Euskadi emakumezko alkateen ehuneko handiena duten herrialdeen artean dago, Islandia, Suedia, Finlandia, Norvegia eta Suitzarekin batera.

Generation Equality

Beijingen egindako Emakumeen Nazioarteko IV. Konferentziatik 25 urte bete diren honetan, NBE Emakumeak-ek proiektu berri bat jarri du martxan, gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuneranzko eraldaketei bultzada emateko ostera ere. Nazio Batuen Erakundearen lekukoa hartuz, Emakundek euskal eragile sozial, ekonomiko eta politiko guztiei zuzendutako prozesu bat abiarazi du, gizartearen eta herritarren itun bat lortzeko berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka.

Ekimen horren helburua da mundu konferentzian parte hartu zuten emakume haien ondarea belaunaldi berriek jasotzea, etorkizunean berdintasunak aurrera egingo duela bermatzeko.

Informazio gehiago: http://www.virginiawoolfbasqueskola.eus/eu/

BEIJING +25 – Sentsibilizazio soziala | Emakunde (euskadi.eus)

  • “Zahartzea ez da arazo bat, aukera bat baizik”. Euskofederpenek antolatutako EHUren ikastaroan parte hartu du Gorka Urtaranek gaur. Ikastaro horren xedea adinekoentzako gizarte-zentroek Euskadin duten etorkizuna aztertzea da. Foroan, zahartze aktiboaren eta belaunaldien arteko bizikidetzaren erronkei heldu behar dieten adinekoen elkarteak, erakundeak eta entitateak bildu dira.

2021eko irailaren 15ean. EUDELeko elkarteburu eta Vitoria-Gasteizko alkatea izan da hizlarietako bat EHUren eta Euskofederpenen Los Centros Sociales de Personas Mayores. ¿Es necesario un cambio?(Adinekoen Gizarte Zentroak. Aldaketa bat behar da?) ikastaroan. Ikastaroa gaur goizean egin da, Donostia/San Sebastiáneko Miramar jauregian, eta bertan izan dira euskal adinekoen elkarteen, erakundeen eta entitateen ordezkari ugari, baita arlo horretako profesional adituak ere.

Gorka Urtaranek “adinekoen zentroen erronka eta behar berriei” eskainitako mahai-inguruan hitz egin du, hain zuzen ere, 12: 15ean. Euskadiko zahartzeari buruzko datuak eman ditu presidenteak, eta “lau adinekoetatik bat bakarrik” bizi dela eta hori “gure udalerrietako kezka nagusietako bat” dela azpimarratu du. “Pertsonak eta haien ongizatea dira Udalen helburu nagusia”, adierazi du Gorka Urtaranek.

EUDELeko presidenteak zenbait gogoeta eta proposamen partekatu ditu udalerrietan zentro horien erabilera sustatzeko “barrurako eta kanporako espazio dinamiko gisa, adinekoen parte-hartze aktiboa, aldi berean, tokiko komunitate osorako jarduera-eragile bihur dadin”.

EUDELeko elkarteburuak nabarmendu du balioak eta denen ongizatearen aldeko elkarlana funtsezkoak izan direla COVID-19aren ondoriozko larrialdiari aurre egiteko. Gorka Urtaran “komunitatea ehuntzen duten balioak zaindu eta sustatzearen alde” azaldu da. Elkarteburuaren esanetan, “adina ere balioa da”. Hala, “adinekoen talentua” gizartearen eta komunitatearen garapenerako aktibo modura baliatzeko proposatu du.

Ildo berean, Gorka Urtaranek aintzat hartu du arreta sozio-sanitarioaren alorreko profesionalek pandemian egindako “lan baliotsua”. Era berean, bereziki eskertu du bakarka zein asoziazionismoaren bidez beren auzoen jardueran inplikatu eta auzotarrei laguntzen dieten adineko boluntarioen konpromiso soziala.

EUDELeko elkarteburuak esan du egoitza soziokulturalen etorkizuna “birpentsatzeko” unea dela, “adinekoentzako arreta-eredu guztiak (etxez etxeko laguntza zerbitzua, telelaguntza…) birpentsatzen ari garen ildo berean”. “Eta kontuan izanda gehien-gehienek nahiago dutela, ahal izanez gero, beren etxeetan egon, esaten digutenez”, gaineratu du Gorka Urtaranek.

Vitoria-Gasteizko “BIZAN” sarearen partaidetza-eredua

Vitoria-Gasteizko alkatea den aldetik, Arabako hiriburuko adinekoen zentro soziokulturalen sarean egindako eraldaketa-prozesua aurkeztu du Gorka Urtaranek. Izenaren aldaketa (“BIZAN”, “bizi” eta “izan” elkartuz sortua) bat dator hiriko 16 zentroen egitura- eta funtzionamendu-ereduan egindako aldaketarekin. Batzorde eta talde eragileek osatutako egituraren bitartez, adineko erabiltzaileek zuzenean parte hartzen dute zentroen jardueran, eta, era horretan, beren auzoetako jardueren eta bizilagun guztien arteko lankidetzaren “motor” bihurtzen dituzte.

Gorka Urtaranek adierazi duenez, oraindik garatzeke dagoen eredu berri hori abian jartzeari esker nabarmen handitu da zentroetako erabiltzaileen eta jardueren parte-hartzaileen kopurua. Alkateak azaldu du emakumeak parte hartzen hasi direla, eta zentroetako giroa eta bizikidetza hobetu egin direla.

Alkateak Gasteizko adinekoei zuzendutako beste ekimen batzuk ere partekatu ditu, hala nola “aktiba ezazu zure auzoa” programa, hiriaren hobekuntzan parte hartzera bultzatzeko, edo “osasun-parkeak”, kirolerako guneak eta adin guztietako herritarren arteko topaketa osasungarria.

Ikastaroaren helburuak

Euskofederpen Euskadiko Adinekoen Elkarteen Federazioa da. UPV/EHUren udako programaren barruan antolatutako ikastaroan, gaiarekin zerikusia duten eragileen (adinekoen elkarteak, erakundeak, entitate sozialak, enpresak…) esperientzien eta jardunbide egokien zenbait adibide erakutsi dira, jarduera-eremu guztiei dagozkienak (osasuna, zaintza, zahartze aktiboa, parte-hartzea, berrikuntza…).

Hizlarien zerrendan, inplikatutako erakunde guztietako ordezkariak egon dira, baita zahartze aktiboan, osasunaren sustapenean eta adinekoen parte-hartze sozialean lanean diharduten entitate eta elkarte garrantzitsuenetakoak ere.

  • Emakundek bultzatuta eta euskal erakunde guztien laguntzarekin, gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexista eta matxistaren prebentziorako jarrerak sustatzen ditu
  • Kai Nakai artista gasteiztarrak programarako sortutako “Nahikoa dela” kantuaren estreinaldiarekin aurkeztu da gaur

Beldur Bariken bideo promozionala

 

Vitoria-Gasteiz, 2021/09/09

Beldur Barik Lehiaketaren 12. edizioari hasiera eman zaio gaur Gasteizen Kai Nakai artista gasteiztarrak Beldur Barik programarako sortutako “Nahikoa dela” kantuaren zuzeneko estreinaldiarekin. Beldur Barik lehiaketak gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzeko helburua du. Emakundek gidatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesa eta laguntzarekin. Proiektua 2009an sortu zen Berdinsarearen baitan, Emakundek eta EUDELek bultzatzen duten berdintasunaren aldeko euskal udalen sarean.

Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusietako bat da. Aurten Kai Nakai artista gasteiztarrak kantu bat sortu du Beldur Barik Jarrera sustatzeko, ‘Nahikoa dela’ izenburupean. Berak iazko lehiaketan ‘Gure Misioa’ hirugarren kategoriako aipamen berezia jaso zuen. Horrez gain, Uxue Bereziartua ilustratzaile feministak sortu du aurtengo irudia, berak ‘Errebelazioa’ lanarekin ikus-entzunezko saria irabazi zuen. Biak izan dira gaurko aurkezpenean, eta beraiek azaldu dituzte lehiaketaren nondik norakoak.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexista eta matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Kultura matxista eta indarkeria sexistaren formak eraldatzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa islatu behar dute lanek.

Edizio honetan, gehienez 3 minutuko iraupena dituzten ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dira. Horrez gain, bideoetan hitz egiten bada gaztelerazko edo euskarazko azpitituluak jartzea derrigorrezkoa izango da. Bideoak aurkezteko epea irailaren 10etik azaroaren 5era bitartean zabalik egongo da. Parte-hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko partehartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-26 urte bitarteko gazteak. Urtero bezala, lehiaketan bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat…) parte hartu daiteke.

Guztira zortzi sari banatuko dira. Hauek izango dira: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita ikusentzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaizkio. Kalitate artistikoari lan onenaren saria eta herri bozketan boto gehien lortu duen lanari ere saria emango zaio. Herri-bozketa azaroaren 11tik 12ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus web-gunearen bidez

Agurain, Beldur Barik herria

Aurten, lan sarituak 2021ko azaroaren 26an ezagutzera emango dira Agurainen, Arabako herri hau izango baita aurten Beldur Barik programaren hiriburu, bertan ospatuko baita Beldur Barik Topaketa. Topaketa www.beldurbarik.eus webgunearen bidez ere jarraitu ahal izango da zuzenean streaming bidez.

Gainera, euskal artista ezberdinek sari-banaketa girotuko dute.

Informazio guztia www.beldurbarik.eus webgunean eta sare sozialetan

Kontaktua: komunikazioa@beldurbarik.eus eta emakunde.prentsa@euskadi.eus

Gorka Urtaran elkarteburuak komunikabideen galderei erantzun die gaur goizean, Bilbon EUDEL eta Euskaltzaindiaren arteko Hitzarmena aurkeztu ondoren.

Gorka Urtaranek euskal alkateen “kezka bikoitza”ren berri eman die, pandemiaren egungo egoeraren aurrean. Alde batetik, udalerrietan kutsatze-tasek gora egin dutela-eta, elkarteburuak beste behin ere gizarte osoaren ardura indibidual nahiz kolektiboa eskatu ditu. Gorka Urtaranek herritarrei dei egin die “pazientzia” izan dezaten, “gutxiago falta baita” talde-immunitatea lortzeko. Halaber, “zentzuz eta burua erabilita” jokatzeko eskatu die, indarrean dauden gaur egungo neurriak betez (maskara erabiltzea, distantzia zaintzea eta pilaketak saihestea); birusa ez hedatzeko “neurri eraginkorrak” direla nabarmendu du.

Bigarrenik, EUDELen elkarteburua arduratuta agertu da azken egunetan zenbait euskal udalerritan gertatu diren gizalegerik gabeko ekintzen eta indarkeriazko gertakarien ondorioz; “gutxiengoa” badira ere, atsekabea eta alarma ari dira eragiten gizartean. Urtaran elkarteburuak “gaitzespen irmoa” erakutsi du udalerri batean gazte talde batek gazte bati egindako indarkeriazko erasoaren aurrean. Horri dagokionez, azpimarra jarri du “berdintasunaren, askatasunaren eta giza eskubideen errespetuan, batez ere, pertsonen duintasunaren errespetuan, indarkeriazko gertakari oro saihesteko”.

Azkenik, gogora ekarri du “ezin dela jarri udaltzain edo ertzain bat biztanle bakoitzaren atzean”. Etxeratze-aginduei dagokienez, EUDELen elkarteburuak berretsi du “neurri horiek ez direla Euskadiko ezein arduradun politikoren gustuko”, baina, zenbaitetan, “hori da neurri bakarra biztanleen artean arrisku-egoerak eragozteko”.

  • Euskal Udalen Elkarteak (EUDEL) eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena berritu dute. Hitzarmenaren xede nagusia da EUDELen kide diren toki erakundeei laguntza teknikoa ematea, batez ere, Onomastika alorrean, eta  2024ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.
  • Azken hamarkadan, alor horretako ehunka kontsulta jaso ditu Euskaltzaindiak toki-erakundeetatik.
  • Gaurko ekitaldian, EUDELek eta Euskaltzaindiak Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak liburuaren berrargitalpena aurkeztu dute.

BILBO (2021-07-28). Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) eta Euskaltzaindiak hitzarmena berritu dute gaur, Akademiaren egoitza nagusian. Hitzarmenaren xedea Euskadiko toki erakundeei laguntza teknikoa ematea da, batez ere, Onomastika alorrean. Hau da, industrialdeen, auzo berrien, bizitegi-unitateen, naturaguneen, parkeen, atsedenlekuen, zerbitzuguneen, katalogatutako udal-mendien eta abarren leku-izenei buruzko aholkuak ematea, bai eta toki-erakundeok zeinek bere lurralde-esparruko toponimia-azterketa luze-zabalagoak egiteko baliatu behar diren jarraibide eta irizpide orokorrei buruz ere.

Era berean, udalek hala eskatzen dutenean, onomastika-arloari buruzko etengabeko aholkularitza emango zaie, batez ere, euskal odonimiaren -kale eta antzekoen izenak- arloan.

Toki-erakundeek egiten dituzten eskaerak modu eraginkorrean koordinatu eta bideratzeko, eskaerok EUDELera bidali beharko dira eta elkarteak bideak ezarriko ditu jasotako eskaerak Euskaltzaindiari birbidaltzeko.

Hitzarmen hau 2021eko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta esanbidez luzatu ahal izango da urterik urte, gehienez ere, lau urtera arte.

EUDELen ekarpenaren bidez, 15.000 euro urtean, toki erakundeei Euskaltzaindiaren laguntza teknikoa ematea bermatzen du. Hitzarmenak jasotzen duen bezala, Euskaltzaindia izango da lan honetatik sortutako datu-basearen egilea, eta horren jabetza intelektual osoa berea izango da. Hori bai, Euskararen Akademiak datu-basea kontsultatzeko sarbide zuzena bermatu beharko dio EUDELi, eta horretarako behar diren neurriak hartuko ditu.

Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak hitzarmenaren onurak azpimarratu ditu prentsaurrekoan: “Euskaltzaindiarekiko eta gainerako erakundeekiko lankidetza funtsezkoa da udal-eskumenak osotasunean garatzeko eta euskararen erabileran aurrera egiten jarraitzeko, bai administrazioaren barruan zein kanpoan. Gure hizkuntza pertsonen arteko topagunea da; beraz, gizarte osoaren zeregina da euskara bizirik eta batuta mantentzea herri eta hiri bakoitzeko txoko guztietan”.

Andres Urrutia euskaltzainburuak ere erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta adierazi du hitzarmen honekin etorkizuneko erronkak bideratzeko “oinarri sendoak” jarri direla: “Aspaldikoa da EUDELen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza. Ekitaldi honek berresten du ibilbide hori, eta premia berriei erantzuna ematen zaie, gero eta zeresana eta zeregin handiagoa baitauka euskarak udal eskumenetan, hur-hurreko bizitza euskalduna bermatzeko herritar guztiei. Horra bada, gure hurrengo urteetako helmuga eta xedea, hitzarmen honek ahalbidetuko duena”.

Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak

Gaurko agerpenean Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak eskuliburuaren berrargitalpena ere aurkeztu dute erakundeek, eta ondoko asteetan EUDEL elkarteko kide diren toki-erakundeetan banatuko da.

Liburua 2019an aurkeztu zuen Euskaltzaindiak, mendeurreneko ospakizunen baitan eginiko Onomastika jardunaldian, Gasteizen.

Gogoratu behar da Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak euskal izenen ikerketa duela helburu, bai antroponimoena (pertsona izenak, deiturak…) bai toponimoena (toponimia nagusia, txikia, exonimia, kale izendegiak, etxe izenak…). Izen horiek bildu, sailkatu, ikertu eta arautu ondotik, beharrezkotzat jotzen da Euskaltzaindiak izenen forma zuzenak plazaratzea, euskararen erabileran eta normalizazioan eragina izan dezaten. Liburu honen helburuak zeregin horri erantzuten dio: urte askotan metatutako eskarmentua baliaturik, karrika-izenetarako emandako irizpideak agertzen dira bertan, izen horiek eguneratzeko, osatzeko eta xeheago deskribatuta berridazteko baliagarri direnak.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak irmoki gaitzetsi eta arbuiatzen ditu Berrizen emakume batek bikotekidearen eskutik jasandako erasoa eta Xixonen bi emakumek (bat, Bergarakoa) jasandako sexu-erasoa. EUDELek elkartasuna helarazi nahi die biktimei, haien familiei eta inguruko pertsonei.

EUDELek gogorarazten du erasoek eta heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da. Emakumeenganako indarkeria era guztietan   (psikologikoa, ekonomikoa,  fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek babestu egiten ditu Berriz eta Bergarako udalek egin dituzten gaitzespen-adierazpenak, eta eraso horiek gaitzesteko antolatuko diren ekitaldi guztiekin bat egingo du, esate baterako, gaur arratsalderako Berrizko Udalak deitu duen kontzentrazioarekin. 19:00etan izango da, Urtiaga plazan.

2021eko uztailak 27.

  • Metodologia berriak legez ezartzen du toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekoa % 39,23 izatea tributu itunduetan, eta gomendio izatetik betebehar izatera igaro da. Gainera, gaur egungo ehunekoaren aldean igoera dakar (% 54,70; % 37,64ren parekoa).
  • Gorka Urtaran elkarteburuaren arabera, “mugarririk garrantzitsuena da, ETELen ondoren. Lege berri honek gainerako erakundeen maila berean jartzen gaitu, eta udalen funtsezko zeregina finkatzen du, herrialdearen egonkortasunean eta erronketan laguntzeko”.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 15ean. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren gaur arratsaldeko bileran, indarrean dagoen Ekarpenen Legearen metodologia berritzeko erabakia berretsi dute Udalek, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek; orain, Eusko Legebiltzarrak onetsi beharko du, indarrean sar dadin. Lege berriak erakunde desberdinen eskaerak eta, bereziki, euskal udalgintzaren ikuspegia jasotzen ditu, Euskadiko Toki Erakundeen Legearen (ETEL) aginduak barnean baititu. Zehazki, lehen aldiz, udal-finantziazioari buruzko berariazko kapitulu bat sartu da.

Bileraren ondorengo prentsaurrekoan, erkidegoko erakunde guztien artean erdietsitako akordioaren garrantzia nabarmendu du EUDELen elkarteburuak, Ekarpenen Legean udalerrien finantziazioa “hobetu eta blindatzeko”. Hain zuzen, Gorka Urtaranek “mugarririk garrantzitsuentzat” jo du akordio hau, ETELen ondoren, “udalak erakunde gisa herrialdearen arkitekturan kontsolidatuko baititu, beste bi mailetako erakundeen pareko”.

Elkarteburuak azaldu du Ekarpenen Legearen zein hiru aurrerapen diren garrantzitsuenak euskal udalgintza indartzeko, eta horiek aurrerapauso handia dira Euskadiko Toki Erakundeen Legea praktikan jartzeko. ETELen garapena lehentasuna da udalentzat; horregatik, EUDELen zeregin nagusia lege horrek agindutakoa benetan gauzatzen dela zaintzea da.

Hiru aurrerapen udalerrientzat, Ekarpenen Legean

1.- Toki-erakundeen finantziazioa hobetu eta blindatzen du: gutxieneko partaidetza-ehuneko handiagoa, eta finantziazio handiagoa gizarte-zerbitzuentzat eta euskararentzat.

20.2 artikuluak % 39,23 ezartzen du toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekotzat, lurralde historikoaren baliabide erabilgarriei dagokienez. Indarrean dagoen 2/2007 Legearen aldean, tributu itunduetan, toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekoa handitu egiten da, bai eta legez kontsolidatu ere, hau da, lehen gomendio zena, orain nahitaez bete beharrekoa da. Gainera, ehuneko hori indarrean dagoen legeak gomendatutako % 54,70ko ehunekotik gora dago (% 37,64ren baliokidea).

EUDELen elkarteburuak balioa eman dio “aurrerapauso garrantzitsu” horri, udalerrien finantziaziorako bermea areagotzen baitu, Batzar Nagusiek ezin izango dutelako ezarri foru-arauetan ehuneko hori baino finantziazio txikiagorik. Halaber, Gorka Urtaranek esan duenez, “ezkutu gisa balioko du, gure finantziazioa babesteko eta gure herritarrek hurbilen dituzten erakundeengandik behar eta espero duten une nahiz egoera bakoitzari erantzun ahal izateko”.

Bestalde, baliabideak banatzeko ereduan sartu da Gobernuak Lurralde Historikoei ematen dien finantziazioa, gizarte-zerbitzuen politikak finantzatzeko (24.514.000 euro), eta euskara sustatzeko tokiko politikak eta udal-mailako normalizazio-planak egiteko (900.000 euro).

2.- Udalerriak Euskadiko arkitekturako gainerako bi erakundeen maila bereko toki-erakundetzat finkatzen ditu.

Lehen aldiz, udal-finantziazioak kapitulu propio bat (V) du Legearen barruan. Bertan, herrialdeko baliabide ekonomikoen banaketa-egiturako partaidetza ezartzen eta aitortzen zaio.

Udalek Egokitzapenerako Funts Orokorrean ere parte hartuko dute, Eusko Jaurlaritzarekin eta foru aldundiekin batera, koefiziente bertikal eta horizontalen arabera. Funts horren gehieneko muga euskal erakundeen artean banatu beharreko baliabideen % 1,45era igotzen da, egungo legeak finkatutako % 1aren aldean.

3.- Udalen funtsezko zeregina indartzen du gainerako euskal erakundeekin erabaki eta kolaboratzeko herrialdearen egonkortasunaz den bezainbatean, eta gizarte gisa ditugun erronkei elkarrekin erantzuteko.

Gorka Urtaranek baieztatu du Euskadiren erakunde- eta finantza-egonkortasuna “erabakigarria” dela erantzun koordinatu, efiziente eta efikazak emateko suspertze- eta eraldaketa-erronkei, garapen jasangarriari dagokionez. “Eraldaketa lankidetzazko gobernantzaren bitartez egin behar da, behetik gora, udalerri eta lurraldeetatik”, gaineratu du elkarteburuak.

LHEKren bilerari buruzko informazioa (oharra, argazkiak, bideo/audioa) hemen dago eskuragarri: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/departments/105-ekonomia-eta-ogasuna/news#middle

HAEE-EUDEL prestakuntza-planaren esparruan, Osalanek antolatutako ikastaro hau udal edo udalaz gaindiko teknikariei zuzenduta dago, batez ere Hirigintza, Mantentze eta Laneko Arriskuen Prebentzio arloetakoei eta zeharkako beste arlo batzuetakoei.

EGITARAUA

Hiru ikastaro ematen dira, lurralde historiko bakoitzeko bat, honako xehetasunen arabera:

Donostia (irailak 16, 23 eta 29)
https://www.ivap.euskadi.eus/z16-a2prest/eu/contenidos/evento/2021_2_10_1/eu_def/index.shtml

Bilbo (irailak 16, 22 eta 30)
https://www.ivap.euskadi.eus/z16-a2prest/eu/contenidos/evento/2021_2_10_2/eu_def/index.shtml

Vitoria-Gasteiz (irailak 16 eta 24 eta urriak 1)
https://www.ivap.euskadi.eus/z16-a2prest/eu/contenidos/evento/2021_2_10_3/eu_def/index.shtml

Ikastaroaren helburu nagusiak parte-hartzaileak kontzientziatzea eta jarraibideak ematea dira:

  • Amiantoaren udal-inbentarioak egitea.
  • Amiantoa kentzeko administrazio-izapideak.

Ikasleentzako helburuak honako hauek izango dira:

  • Amiantoaren ezaugarriak ezagutzea

o  Identifikazioa, kokapena eta erabilera nagusiak;

o  Amiantoa kentzeko administrazio-izapideak.

o  Obra-proiektuen ezaugarriak.

  • Udal inbentarioak egiteko GIS tresnak erabiltzeko jarraibideak izatea.

Amaitu ondoren, ikasleek honako ezagutza hauek eskuratuko dituzte:

  • Amiantoa duten materialen aurretiazko identifikazioa egitea.
  • Bere eskumen-eremuan edo erantzukizun-eremuan amianto-arriskua duten jarduerak identifikatzea.
  • Amiantoaren udal-inbentarioaren ezaugarriak definitzea.
  • Geoeuskadi amiantoaren inbentarioa aztertzeko eta bistaratzeko tresna gisa erabiltzea eta horretan laguntzea.