Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Urtarrilaren 25ean eguneratutako dokumentua: “Ohiko galderen erantzunak. Koronabirusari aurre egiteko neurri zehatzak”

DOKUMENTUA JAITSI

Dokumentu honen 2021ko urtarrilaren 25eko zortzigarren edizioa da eta herritarrek planteatutako zalantza berriekin eguneratu da. Galdera eta erantzun berriak sartu dira, eta erantzun batzuk zehaztu edo zuzendu dira, hobeto uler daitezen.

Dokumentua egitura honen arabera ordenatuta dago:

  • Oinarrizkoa galderak
  • Mugikortasuna
  • Ostalaritza
  • Kirola
  • Besteak

Herritarren zalantzak, orain arte egin den bezala, ZUZENEAN herritarrentzako zerbitzuaren bidez bideratuko dira: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/

  • Hezkuntza Sailak 2,5 milioi euroko ezohiko funtsa sortu du, udalek Covid-19k ikastetxeetan eragindako garbiketa-gastu gehigarriei aurre egin diezaieten
  • Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen instalazioen titular diren 170 udalei zuzendua da laguntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuarekin bilera izan du gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Batzarrean, Hezkuntza Sailak sortu duen 2,5 milioi euroko aparteko funtsaren inguruko akordio instituzionala zehaztu dute bi arduradunek. Funts honen  xedea, EAEko udalak ikastetxeetan Covid-19ri aurre egiteko izaten ari diren garbiketa-gastu gehigarria ordaintzea da.

Akordio horren arabera, Hezkuntza Sailak 2.594.875 euroko funts honen bidez diruz lagunduko ditu udal-titulartasuneko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan Covid-19ren aurkako prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten garbiketa-neurriak aplikatzearen ondorioz sortu diren gastu gehigarriak, 2020-2021 ikasturte honetan.

Gastu gehigarri horien artean sartzen dira garbiketako langileak kontratatzea eta lehendik daudenen ordu kopurua handitzea (langile propioak edo azpikontratatuak izan), bai eta garbiketa-produktuak erostea ere, baldin eta Covid-19ren aurkako prebentzio-protokoloak betetzeko neurriek hala eskatzen badute.

Guztira, euren titulartasuneko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako instalazio publikoak dituzten EAEko 170 udalek jasoko dituzte laguntza hauek.

Garbiketa-neurri gehigarriek udaletan sor dezaketen gainkostuaz jabetuta, Hezkuntza Sailak horiek finantzatzen laguntzen du, ezohiko laguntza hauen bidez. Zuzeneko dirulaguntza hauek aipatutako protokoloek eskatutako neurriak aplikatzearen ondoriozko garbiketa-gastu gehigarrien %60 finantzatzen dute. Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarteko aldian eginak izan beharko dira.

Bileraren ostean, Jokin Bildarratz sailburuak Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko lankidetza estuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, batez ere hezkuntza arloari dagokionez: “Pandemiak segurtasun eta higiene neurriak zorroztera behartzen gaitu arlo guztietan, baita hezkuntzan ere. Gure lehentasuna ikasleen eta langileen segurtasuna da, baina baita udalen eta familien lehentasuna ere. Jakitun gara hezkuntza-guneak intentsitate handiagoz garbitzeak erakundeei ahalegin ekonomikoa eskatzen diela, eta akordio honen bidez lan horretan lagundu nahi diegu, udalak egiten ari diren ahaleginari aitortza egitearekin batera”.

Bestalde, Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak adierazi duenez, “Alkateak kezkatuta gaude egoerarekin eta helburu komun bat dugu: gure bizilagunen osasuna babestea, udalerriko gune guztietan eta are gehiago ikastetxeetan. Udalok aparteko ahaleginak egiten ari gara, funts propioen bidez, Covid-19aren aurkako protokoloak aplikatzeko hezkuntza-jarduerarako udal-instalazioen garbiketan. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiot Bildarratz Sailburuari eta, hedaduraz, Eusko Jaurlaritzari, gure eskaria entzun eta aintzat hartzeagatik. Horixe da erakundeen arteko norabide bikoitzeko lankidetza-eredua, Herri gisa kohesionatzen gaituena eta euskal udalerri guztientzat defendatzen duguna”.

Covid-19aren aurkako protokoloak

Hezkuntza Sailak 2020-2021 ikasturterako koronabirusaren aurrean jarduteko prestaturiko protokoloek, besteak beste, ikastetxeetan higiene eta garbitasun-neurriak zorrozteko eta indartzeko beharra azpimarratzen dute. Horren ondorioz, aipaturiko  protokoloak eta horietan jasotako neurriak behar bezala aplikatzeko, hezkuntza-instalazioen titular diren udalek garbiketako langileak kontratatu behar izan dituzte edo lehendik zeudenen ordu kopurua gehitu, Haur eta Lehen Hezkuntzako udal-titulartasuneko eraikinetarako.

Hezkuntza Sailak ikasturte honetarako aurrez aurreko hezkuntza-jardueraren aldeko apustua egin du, eta horixe da lehentasun nagusietako bat. Horregatik, eta ikasgelek gune seguruak izaten jarrai dezaten, ikasturte honetan erakusten ari diren bezala, garbiketa funtsezko elementua da ikastetxeetan.

 

Bigarren Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko Sailburuaren Agindua, 2021ko urtarrilaren 22koa, zeinaren bidez bermatzen baita komunitatearentzako funtsezko zerbitzuei eutsiko zaiela Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko zaintzaren esparruan (hirugarren adinekoen egoitzak, etxebizitza komunitarioak eta eguneko zentroak; desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko zentroak eta zerbitzuak; etxez etxeko laguntza; telelaguntza; esku-hartze soziala) 2021eko urtarrilaren 26 eta martxoaren 4rako deitutako greban.

Jaitsi Agindua

  • EUDELek eta Emakundek sustatzen duten Basqueskola sareak antolatuta, Silvia Soriano ikertzailearekin solasaldia egingo da bihar, urtarrilaren 26an, arratsaldez, emakumezko alkate, zinegotzi eta berdintasun-arloko langileei zuzenduta.
  • EAEko udaletan dauden 1.200dik gora emakume hautetsiei zuzendutako ahalduntze-, truke- eta eragin-gune horrek bere trebakuntza-programaren barruan antolatu du jardunaldia.  
  • Euskadiko hautetsien % 46 eta alkateen % 29 emakumezkoak dira, eta, honenbestez, Europan gizon-emakumeen arteko oreka handiena duten lurraldeetako bat da.

2021eko urtarrilaren 25ean. Emakumezko euskal alkate eta zinegotziak buru dituen Basqueskola sareak gonbidapena egin dio Silvia Soriano irakasle eta ikertzaileari, politikaren eremuan emakumeen aurkako bortizkeriaren kontzeptua ezagutzen hasteko eta hura identifikatzeko gakoak emateko.

Tokiko emakume hautetsien bizipenei buruz Latinoamerikan egin dituen azterketetan oinarriturik, bortxakeria-mota horren adierazpideez jardungo du Sorianok, baita hura agertzen deneko egoera zehatzez ere. Hitzaldian, azpimarratu egingo da zer-nolako oztopoak eta berdintasun faltak jasaten dituzten erakundeen barruan erantzukizun publikoko karguak dituzten emakumeek.

Izan ere, gaia ez da oso ezaguna eta gutxitan aztertzen da udal-eremuan, hau da, herritarrengandik gertukoenean; horrek interesa piztu die Basqueskolaren talde eragileko hautetsiei, eta horregatik prestatu dute trebakuntza-saioa. Antolatzaileen esanetan, indarkeria-moldeak identifikatzea, baita botere-gune eta erabakiguneetan ere, egiteke dagoen lana da, eta lagunduko luke hobekuntza-ekintzak sustatzen, emakumeek politikan parte hartzeko baldintzak lortze aldera.

Lehenbiziko saio horren helburu nagusia bertaratuko diren emakume hautetsien artean hausnarketa eta eztabaida sustatzea da. Hala, parte-hartzaileek aukera izango dute hizlariari galderak egiteko, osteko solasaldian. Sareak asmoa du etorkizunean azterketa bat egiteko emakumezko hautetsiekin, politikan jardutean desberdintasunak nola atzematen dituzten galdetzeko. Izan ere, kontzientzia hartzea da lehenbiziko urratsa berdintasunik ezaren aurka borrokatzeko.

Hizlaria

Silvia Soriano Konstituzio Zuzenbideko irakaslea eta Extremadurako Unibertsitateko berdintasun-bulegoko zuzendaria da. Ikertzaile modura ibilbide luzea egin du hainbat lantaldetan, Konstituzio Zuzenbideko Sare Feministan adibidez, eta espezializatutako artikuluak argitaratu ditu Politikaren eremuan emakumeen aurkako Bortxakeria aztertuz.

Gaur egun, Soriano ikerketa bat egiten dabil Extremadurako landa- eta udal-eremuko genero-berdintasunari buruz, diagnostikoa eta proposamenak barne.

Emakumezko euskal Alkate eta Zinegotzien Sarea

Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluak (EUEK) 2019ko abenduan egindako azken azterketaren arabera, Euskadi eskualderik aurreratuenetakoa da emakumeek toki-gobernuetan duten ordezkaritzaz den bezainbatean. Emakumezko hautetsien portzentajea % 46koa du Euskadik, eta, horrenbestez, Islandia baizik ez du aurretik (% 47). Aitzitik, Europako (% 29) eta Estatuko (% 32) batezbestekoen oso gainetik dabil.

EUDELek eta Emakundek 2012tik sustatzen duten Virginia Woolf BASQUESKOLA guneak aurrera jarraitzen du, emakumezko alkate eta zinegotzientzat interes handikoak diren gaiei buruzko truke-, analisi- eta elkarrizketa-guneak eratzeko helburua bete nahian.

Basqueskola sarea EAEko udaletako emakume hautetsi guztiei zuzentzen zaie. Egunero tokiko euskal politikan lan egiten duten 1.200 emakume baino gehiago dira; gobernukoak eta oposiziokoak; alderdi politikoetakoak eta herritarren plataformetakoak; udal handietakoak eta txikietakoak.

Basqueskola Sarea estrategiaren helburua politikaren ingurunean aldaketak sortzea da, euskal emakume hautetsien berdintasun erreala errazteko. Horretarako, ezbaian jarri behar dira emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte-hartze soziopolitikoa oztopatzen duten estereotipoak eta rolak.

Joan den 2020/12/31n, Estatuko 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legea argitaratu zen BOEn.

Lege horrek, III. tituluko I. kapituluan, sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuak arautzen ditu, eta, zehazki, 18. artikuluan, 2021eko ekitaldirako ordainsari-igoeren mugei heltzen die, eta honako hau arautzen du:

  1. artikulua. Jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa, sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuen arloan.

(…)Bi. 2021. urtean, sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsariek ezin izango dute ehuneko 0,9ko igoera baino handiagoa izan 2020ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko, bai langile kopuruari, bai antzinatasunari dagokienez, alderaketaren bi aldietarako homogeneotasuna mantenduz. Gizarte-ekintzako gastuak, oro har, ezin izango dira handitu 2020koen aldean. Horri dagokionez, gizarte-ekintzako gastuak egindako lanagatiko kontraprestazioez bestelako onurak, osagarriak edo hobekuntzak direla jotzen da, sektore publikoaren zerbitzura dauden langile horien inguruabar pertsonalen ondoriozko premia jakin batzuk asetzea helburu dutenak.

Aurrekoa ikusita, abenduaren 30eko 11/2020 Legea indarrean sartu ondoren, eta Eudelek aurreko ekitaldietako ordainsari-igoerei dagokienez egin duen bezala, egin ditzakeen interpretazioak argitze aldera, egokitzat jotzen da euskal udalei honako hau egitea:

GOMENDIOA

11/2020 Legearen 18 Bi artikuluaren edukiari dagokionez, Eudelek gomendatzen du sektore publikoko langileen ordainsariak handitzea, 2021/01/01etik aurrerako ondorioekin, legez onartutako gehienekoa, hau da, 2020ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko % 0,9, konparazioaren bi aldietarako, bai langile kopuruari, bai antzinatasunari dagokionez, homogeneotasuna mantenduz.

Gomendio horren bidez, Eudelek lege-agindu horren irismen juridikoa argitu nahi du, eta horrek guztiak negoziazio kolektiboaren esparruan etorkizunean aurrera egiteko bidea erraztuko duelakoan, UDALHITZ Akordio arautzaile berri bat lortu ahal izateko.

Era berean, EUDELek berretsi du garrantzitsua dela “UDALHITZ 2008-2010 Akordioa” bere terminoetan betetzea, lortutako akordioak benetan betetzean baitago haren berme nagusia, eta, gainera, sektoreko akordio berri bat lortzeko legitimazio gisa balio du. Ildo horretan, gaur egungo UDALHITZ 2008-2010 betetzeak izan ditzakeen hutsuneak konpontzeko tresnak, azken zirkularretan gogorarazi dizuegun bezala, erakunde bakoitzean gaitutako “jarraipen-mahaiak” izan beharko luke. Gogorarazten dizuegu mahai hauen xedea dela, soil-soilik, egungo UDALHITZ

2008-2010 Akordioan gerta daitezkeen balizko ez-betetze puntualak konpontzeko akordioak erraztea, eta ez dutela ireki behar kanpoko gaiei buruzko edozein negoziazio-prozesu, zeinaren aplikazio-eremua EUDELen eta sindikatuen arteko UDALHITZ Negoziazio Mahai Orokorrean dagoen.

 

Urtarrilaren 12an eguneratutako dokumentua: “Ohiko galderen erantzunak. Koronabirusari aurre egiteko neurri zehatzak”

Dokumentu honen 2021ko urtarrilaren 12ko zazpigarren edizioa da eta herritarrek planteatutako zalantza berriekin eguneratu da. Galdera eta erantzun berriak sartu dira, eta erantzun batzuk zehaztu edo zuzendu dira, hobeto uler daitezen.

Dokumentua egitura honen arabera ordenatuta dago:

  • Oinarrizkoa galderak 3. orr.
  • Mugikortasuna 4. orr.
  • Ostalaritza 7. orr.
  • Kirola 9. orr.
  • Besteak 12. orr.

Herritarren zalantzak, orain arte egin den bezala, ZUZENEAN herritarrentzako zerbitzuaren bidez bideratuko dira: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/

Jaitsi dokumentua

Bilbon, 2020ko abenduaren 30ean.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak atzo onartutako Euskadiko Berreskuratze eta Erresilientzia 2021-2026 Programari (‘Euskadi Next’) dagokionez, Gorka Urtaranek EUDELen elkarteburu den aldetik zer balorazio egiten duen jakinarazi du gaur, hiru mezu hauen bidez:

Gorka Urtaranen, EUDELen Elkarteburuaren, balorazioa

  1. Lehenik, EUDELen elkarteburua pozik dago “Euskadi Next” proiektuak aintzat hartzen duelako EAEko udalek egindako eskaera, alegia, Europako ezohiko funtsetan beraien parte-hartzea bermatuko duten mekanismoak arbitratzeko aukera izatea eta finantzaketa funts horiek Euskadiko udalerri guzti-guztietara iristea.
  2. Bigarrenik, funts horiek eskuratzeko udalek izango dituzten hiru bideak azpimarratu ditu Gorka Urtaranek:
  • Lehenengoa Euskadiko udalerrientzako zuzeneko laguntzen deialdia da. Laguntza horiek zuzenean kudeatuko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurraldeetako foru aldundiek.
  • Bigarrena Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen udal izaerako proiektuak dira, hala nola Uraren Euskal Agentziak egin ditzakeen obrak, bai eta udalerrietan degradazio handiena duten auzoetan etxebizitzak birgaitzeko eta berroneratzeko beste batzuk ere, etab.
  • Hirugarren bidea Estatuko leihatila da; bertan, Estatuko Aurrekontu Orokorren arabera, 1.483 milioi euro emango dira 2021ean Estatuko toki erakunde guztietarako.
  1. Hirugarrenik, Urtaran elkarteburuak oso positibotzat jo du ‘Euskadi Next’ programak jarraipen batzorde bat sortzea eta EUDELek bertan parte hartzea. Izan ere, horrela, EUDELen beraren bitartez emango zaie Euskadiko udalerri guztiei, zuzenean, hemendik aurrera emango den urrats ororen berri.
  • Ertzaintzaren XXX. Promozioko oinarrizko eskalako agenteetarako 700 plaza eta Euskadiko 18 udaletako udaltzaingoetako beste 51 dira
  • Plaza-kopurua handitzeko aukera duen deialdi honekin, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek aurrera egin nahi dute Euskadiko polizia-kidegoen belaunaldien txanda bermatzeko eta erroldak gaztetzeko prozesuan
  • Deialdi honen beste helburu estrategiko batzuk dira emakumeek euskal polizian duten presentzia eskasa zuzentzea eta euskararen erabilera sustatzea lanerako eta herritarrekiko harremanetarako hizkuntza gisa

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak eta EUDELeko lehendakari eta Gasteizko alkate Gorta Urtaranek Euskadiko Poliziako agenteentzako deialdi bateratu berria aurkeztu dute gaur. Lehiaketa-oposaketa librea izango da eta Ertzaintzaren XXX. Promoziorako 700 ertzain plaza eta Euskadiko 18 udaltzaingoetako 51 plaza hornituko dira.

Plaza kopurua handitzeko aukera ere onartu da, eta gutxienez, beraz, oinarrizko eskalako agenteetarako 751 plaza berri deituko dira eta prozesu bateratu bakarrean hautatu eta prestatuko dira. Horrela, bateratuta, egiteak eraginkorragoak izaten, baliabide publikoak aurrezten eta Euskadiko Polizia osatzen duten kidegoen artean beharrezkoa den koordinazioa hobetzen lagunduko die Eusko Jaurlaritzari eta Euskadiko udalei. Bestalde, positiboa da formakuntza eta hautaketa irizpideak bateratu ahal izatea ere, herritarrei Euskadin zerbitzu publiko homogeneoa eman ahal izateko.

HELBURU HIRUKOITZA:

Josu Erkorekak eta Gorka Urtaranek adierazi dutenez, deialdiak helburu hirukoitza du:

  • Euskadiko poliziak ematen duen oinarrizko zerbitzu publikoa behar bezala betetzeko beharrezko eta behar adinako baliabideak bermatzea. Deialdi honekin aurrera egingo da belaunaldien txanda eta erroldak gaztetzea bermatzeko konpromisoan.
  • Emakumeak deialdi honetara aurkez daitezen sustatzea, emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa zuzentzeko. Emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa da, baina baita zerbitzu publikoa hobetzeko konpromisoa ere, esate baterako delitu matxisten biktimak artatu behar direnerako.
  • Polizien erroldaren % 100 euskalduna izateko azken helburura iristeko bidean aurrera egitea, euskara ohiko harremanetarako hizkuntza izan dadin, bai laneko hizkuntza gisa bai herritarrei arreta emateko hizkuntza gisa.

DATAK ETA BETEKIZUNAK

Deialdi bateratu berri hau datorren urteko urtarrilaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Izena emateko epea hurrengo egunean, urtarrilaren 12an, hasiko da, eta 20 egun balioduneko iraupena izango du. Formularioa, ofiziala eta normalizatua, www.arkauteakademia.eus webgune ofizialean egongo da eskuragarri.

Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen kalkuluen arabera, lehenengo probak 2021eko udaberrian egingo dira. Aurreikusten da promozio berri honetako agenteek datorren urteko udazkenean hastea prestakuntza, eta Euskadiko Polizian praktiketan lanean 2022ko bigarren seihilekoan hastea.

Adierazitako 751 plaza horietako bat betetzeko aukera izateko, izangaiek honako baldintzak bete behar dituzte:

  • 18 urte beteta eta 38 urte bete gabe izatea,
  • Gizonek gutxienez 1,65 metroko garaiera izatea eta emakumeek 1,60koa,
  • Batxilergoko titulua, kidekoa edo goragoko mailako beste edozein izatea,
  • Kidegoaren arabera, bete nahi den plazaren baldintza guztiak betetzea: euskara-maila, eskatutako gidabaimenak indarrean, eta abar.

POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIA

Oraingoan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia arduratuko da Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente berrientzako deialdi, hautaketa eta prestakuntza prozesu berri honetaz. Prozesu konplexua, zorrotza eta integrala izaten da, eta izena emateko epea irekitzen denean hasten da eta agente berriak behin betiko karrerako funtzionario izatera iristen direnean amaitzen da. Prozesuak pare bat urte irauten ditu, eta hiru une garrantzitsu izaten ditu:

  • Hautaketa-prozesua: izen-ematea, kanporaketa-proba guztiak egitea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
  • Prestakuntza-fasea: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek 9 hilabeteko ikasketa-prozesua hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da.
  • Praktikaldia: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskadiko Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Sartzen diren polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.

Deialdi hau erronka berezia izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarentzat, une hauetan dugun osasun-krisi globalaren ondorioz egoera zalantzazkoa baita. Pandemia-egoeraren eta birusa hedatzea geldiarazteko neurrien ondorioz, kutsatzea eragozteko protokolo zorrotzak sortu behar izan dira eta Akademiaren aurrekontua 3,2 milioian gehitu da prestakuntza-garaian lansariak ordaintzeko, obrak egiteko eta eremuak higienizatzeko beharrezko materiala erosteko, azpiegiturak distantzia berrietara egokitzeko, prestakuntza-gela birtualak abian jartzeko, eta abar.

ERTZAINTZAREN XXX. PROMOZIOA

Ertzaintzari dagokionez, 700 plazak XXX. Promoziorako dira. Ertzaintzaren egiturazko errolda 8.000 agentekoa da. Une hauetan, 7.419 daude jardunean, eta 581 profesionaleko defizita dago, beraz.  Legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du 779 agentek hartuko dutela erretiroa, eta lehentasunezkoa da, beraz, belaunaldien arteko txanda bermatzea behar diren efektiboak izan ahal izateko. Alde horretatik, Josu Erkorekak zehaztu duenez, helburua da 2021 eta 2025 artean 4 hautaketa-prozesu deitzea, urtean bat.

Ertzaintzako 700 plaza berri horiei dagokienez, honakoa da helburua:

  • 3 plazatik 1 emakumeek betetzea, era horretara gizonen eta emakumeen arteko berdintasun errealera iristeko konpromisoa betetzeko.
  • 3 plazatik 2k derrigorrezko B2 hizkuntza-eskakizuna izatea, era horretara hurrengo promozioan 462 agente euskaldun sar daitezen Ertzaintzaren erroldan.

UDALTZAINGORAKO DEIALDIA

Udaltzaingoari dagokionez, Gorka Urtaranek azaldu du udaltzaingoetako 51 plazak honako udaletan lan egiteko direla:

  • Azkoitia
  • Basauri
  • Bermeo
  • Bilbo
  • Donostia
  • Durango
  • Etxebarri
  • Getxo
  • Hondarribia
  • Irun
  • Laudio
  • Lekeitio
  • Pasaia
  • Portugalete
  • Tolosa
  • Vitoria-Gasteiz
  • Zarautz
  • Zumaia