Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Gaur egingo da “Genero ikuspegia normaltasun berrian” berdinlana lehen bilera, COVID-19ak eragindako egoeran berdintasun politikei eusteko EUDELek egindako azken gomendioen ildotik. Batzorde honetan hiru lurraldeko hogei bat udalerrik parte hartzen dute.
  • Udal txikien berdinlana eta indarkeria matxistarena dira ekainetik abian egongo diren beste bi batzorde.
  • Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako Euskadiko udalen Sarea 2006an sortu zen; EUDELek koordinatzen du, Emakunderekin elkarlanean. Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) esperientzia eredugarritzat jo du.
  • Berdinsarean, 69 udalerritako teknikari eta politikariek diseinatu eta adosten dituzte ekintza eta irizpide komunak, eta udal guztietara hedatzen dira EUDELen bitartez. Sareari atxikitako udalerriak

Bilbo, 2020ko ekainaren 25a. BERDINSAREAK ez du jarduna eten alarma egoerak iraun duen bitartean. EUDELek eta Emakundek bultzatutako sare hau udalentzako erreferente nagusia da, eta oso aktibo egon da alarma egoeran eta itxialdian. Hilabete hauek balio izan dute hausnarketa estrategikoa abiarazteko bi batzorderen bitartez: bata politikariekin martxoan, eta bestea berdintasuneko teknikariekin maiatzean.

Berdinsareak “normaltasun berriaren” etapari aurre egiten dio, berdintasuneko tokiko politiken norabide berria eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako borroka diseinatzeko aukera bat bezala.

EUDELek ekainaren 11n emandako azken gomendioen ildotik, berehalako helburua da udaletan Berdintasun politikak, baliabideak eta programak eustea eta indartzea, atzerapausorik egon gabe, COVID-19 pandemiak sortutako egoeran.

Berdinlan: “Genero ikuspegia normaltasun berrian

Gaur, osteguna, 10:30ean, lehen saioa egingo da modu telematikoan. Batzorde hori hogei bat udalerrik osatzen dute Abadiño, Azkoitia, Elorrio, Elgoibar, Galdakao, Getxo, Oñati, Ordizia, Urduña, Vitoria-Gasteiz eta Zallako Udalen, Urola Garaiako mankomunitatearen eta Aiarako eta Gorbeialdeko koadrilen artean.

  • Abiapuntua: emakumezkoen eta gizonezkoen artean dauden eragin bereizgarriak aztertzea eta egungo egoeran berdintasuneko udal politikek zer eragin duten ikertzea, pandemiaren ondoriozko eraginak eta ezarritako kontrol-neurriak kontuan hartuta.
  • Helburua: udal politikak bideratu eta indartzea, pandemiaren eragin negatiboa konpentsatzeko eta, bereziki, genero-arrakala saihesteko COVIDaren osteko etapan aplikatuko diren ekintzetan.

Irizpide komunak eta jardunbide onak

Berdinsarea EUDELen baitan koordinatzen da, zenbait batzorderen bitartez, udaletako politikari eta teknikarien parte-hartzearekin. Batzorde bakoitzak gai zehatz bat jorratzen du, eta udalen talde batekin egiten du lan. Une honetan, hiru batzorde daude aktibo: udal txikiei babesa emateko batzordea, genero ikuspegia udal politikan batzordea eta indarkeria matxistaren kontrako batzordea.

Batzorde bakoitzaren emaitzak askotarikoak dira: gidak, gomendioak edo adierazpen instituzionalak ‒A25 eta martxoak 8, adibidez‒ eta tokiko ekintzako programa eta protokolo bateratuak ‒ Irizpide komunak eta jardunbide onak EAEko udal guztiekin partekatzen dira EUDELen bitartez.

Berdinsarea “esperientzia eredugarritzat” jo du Tokiko Bizitzan Berdintasunaren aldeko Europako Gutunaren Behatokiak (CMRE https://charter-equality.eu/). Daukan ibilbide luzean, Euskadiko sarea inspirazioa eta erreferentzia izan da Europako eta Estatuko udalen sare batzuentzat.

Zer da Berdinsarea: https://www.eudel.eus/destacados/berdinsarea/eu/

 

Gomendio-dokumentu hau antolaketa-neurri orokor, higieniko eta teknikoen bilduma gisa ulertzen da, eta adinekoen zentro bakoitzaren berezitasunetara egokitu beharko dira.

Langile guztien erantzukizuna da ezarritako babes-neurriak zorrotz betetzen laguntzea, COVID-19 gaitzaren zabalpena kontrolatu eta murrizteko.

 

COVID-19 pandemiaren bilakaerak sortutako egoeraren ondorioz, herritarren osasuna babesteko ezohiko neurriak hartu behar izan dira; besteak beste, Euskadiko adinekoen zentroetan jarduera etetea.

Aldi hori igaro eta gero, egoera epidemiologikoaren ondorioz, martxan jarri da deseskalada, normaltasun berrira itzultzeko, oinarritzat hartuta hala araudia nola Eusko Jaurlaritzako Bizi Berri Plana. Izan ere, helburua da apurka-apurka kentzea neurri bereziak, mugikortasuna eta kontaktu soziala murrizteko jarriak.

2020ko ekainaren 19an, Osasun sailburuaren agindua argitaratu zen, zeinak jasotzen baitzuen zer prebentzio neurri hartu behar ziren COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren III. fasea gainditu eta gero.

 

JEITSI GOMEDIOEN DOKUMENTUA (PDF)

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egindako dokumentua

 

XEDEA

Adinekoentzako zentroetara itzultzean COVID19 gaitzaren transmisioa minimizatzeko eta kontrolatzeko prebentzio-neurri orokorrak ezartzea.

 

ERANTZUKIZUNAK

Inplikatutako pertsona guztien ardura da, bai erabiltzaileena, bai langileena, bai zentrora joaten direnena, COVID-19 gaitzaren transmisioa kontrolatu eta murriztera bideratutako prebentzio-neurriak betetzen laguntzea.

 

SEGURTASUN- ETA HIGIENE-NEURRIAK

Adinekoentzako zentroetan, COVID19 gaitza kutsatzea prebenitzeko, arnas-tanten bidezko transmisio zuzenean jardun behar da, eta azalera kutsatuen bidezko kontaktuko zeharkako transmisioan.

 

Badira hainbat ekintza, batuta, oso murriz dezaketenak SARS-CoV-2 gaitza transmititzea, eta bost ildotan batu daitezke:

  1. 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantentzea pertsonen artean. Oinarrizko neurria da, infekzioa transmititzen duten arnas-tanten eremutik kanpo egoteko. Tanta horiek hitz egitean edo doministiku edo eztul egitean sortzen dira.
  2. Maskarak erabiltzea eta arnas-higienea. Arnas higienekoari eusteko eta infekzioa zabal ez dadin, maskarak erabili behar dira jendea hurbil dagoenean eta ezin zaionean 1,5 metroko segurtasun-tarteari eutsi pertsonen artean. Maskararik ez badaukagu doministiku edo eztul egitean, garrantzitsua da erabili eta botatzeko musuzapiak erabiltzea, ahoa eta sudurra estaltzeko; bestela, ukondoa tolestuta jarri behar da horretarako.
  3. Esku-higienea. Neurri garrantzitsua da, eskuek gainazaletatik transmiti dezaketelako birusa. Uraz eta xaboiaz garbitu daitezke, edota disoluzio hidroalkoholikoekin.
  4. Garbitzea, desinfektatzea eta aireztatzea. Sarritan garbitu eta desinfektatu behar dira pertsonekin kontaktuan dauden azalerak. Aldian-aldian eta egokiro aireztatzea ere garrantzitsua da espazio itxietan kutsatzeko arriskua gutxitzeko.
  5. Kontaktu-kopurua murriztea. Mugatu egin behar da talde-jardueretan parte hartzen duten pertsonen kopurua. Ahal dela, jarduerak talde txikiagoetan egin behar dira, talde egonkorrak osatuz eta distantziei eutsiz pertsonen artean.

 

ANTOLAMENDU-NEURRIAK

Sarrerak kudeatzea. Jendea sartu eta irteten denean, ahal dela, ez da aglomeraziorik sortu behar, eta segurtasun-tarteei eutsi behar zaie. Pertsonen arteko harremanak murrizteko alternatibak aztertu behar dira, adibidez, zentrora aurrez ezarritako orduetan joatea.

Espazioak okupatzeko maiztasunak eta txandak (areto komunak). Espazio batean pertsonen arteko 1,5 metroko distantziari eustea ezinezkoa denean, ordutegietan eta okupazio-denboretan (iraunkortasuna) aldaketak ezarriko dira, eta espazio horien erabilera ahal den neurrian mailakatzen saiatuko da.

Talde txikiak eta egonkorrak. Ahal den neurrian, jarduerak talde txiki eta egonkorretan egin daitezen saiatu behar da. Taldeak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta txikiagoa izango da transmisio-probabilitatea, eta kontaktuen miaketa eraginkorragoa izango da. Talde bakoitzak egunean zehar instalazioaren eremu bera erabiltzeko ahalegina egingo da.

Espazio komunetako altzariak egokitzea. Altzari finkoak jarrita bermatuko da segurtasun-tarteei eustea. Espazio komunetatik kendu beharko dira beharrezkoak ez diren altzariak.

Saihestea objektuak partekatzea. Ahal den neurrian, objektuak (kartak, tresnak, teklatuak) partekatzea mugatu eta ez partekatu talde desberdinetan. Maiz garbitu eta desinfektatuko dira, betiere talde desberdinek erabili aurretik. Beharrezkoak ez diren objektuak eta garbitzeko zailak diren itemak ezabatzea.

Maskarak erabiltzea. Zentroko erabiltzaile eta langile guztiek erabili beharko dituzte maskarak.

 

GARBIKETA- ETA DESINFEKZIO-NEURRI PREBENTIBOAK

Esku-higienea erraztea Bermatu behar da ura eta xaboia dagoela komunetan, bai langileentzat, bai erabiltzaileentzat. Eskuak lehortzeko, berriz, airea edo papera erabili behar dira, eta, ahal dela, zakarrontziek tapa eta pedala izan behar dute. Soluzio hidroalkoholikoak emango dira hainbat lekutan.

Garbiketa- eta desinfekzio-lanak areagotzea. Programa bat egin behar da garbiketa-lanak areagotzeko. Behin eta berriro desinfektatu behar dira objektuak eta azalerak, baldin eta sarritan badaude pertsonen eskuetan.

Honako hauek hartu beharko dira kontuan: AGINDUA, 2020ko apirilaren 2koa, Osasuneko sailburuarena, gainazalak garbitzeko eta desinfektatzeko neurriak eta bestelako higiene-neurriak hartzen dituena SARS-CoV-2 (Covid-19) birusak eragindako pandemia dela eta; eta haren jarraibide teknikoak. https://cutt.us/RozMO

Bermatuko da behar besteko maiztasunaz garbitu eta desinfektatzen direla gehien ukitzen diren gainazalak (etengailuak, eskumuturrak, eskudelak …).

Aireztatzea. Lokalen aireztapen naturala eta mekanikoa areagotu beharko da, barruan airea berritu ahal izateko. Ahal den neurrian, kanpoko airearekin lan egingo da, birzirkulazioa minimizatuz eta barneko aire-korronteak saihestuz.

Arropa garbitzea.

Ahal den guztietan, langileen arropa 60º-ko tenperaturan garbituko da egunero.

INFORMAZIO- ETA PRESTAKUNTZA-NEURRIAK

Funtsezkoa da langileek eta erabiltzaileek zentroan ezarritako prebentzio-arauak eta -jarduerak ezagutzea.

 

COVID-19 GAITZAREKIN SINTOMA BATERAGARRIAK DITUEN PERTSONA BATEN AURREAN BETE BEHARREKO JARRAIBIDEAK

COVID-19rekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonek (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna …) autoisolamendua egin behar dute etxean, eta telefonoz eta atzerapenik gabe jarri behar dute harremanetan osasun-zentroarekin.

Talde egonkorrak dituzten zentroetan, COVID 19rako kontingentzia-planak izango dira, egoiliarren, langileen eta euren kontaktuen artean egon daitezkeen kutsatze-kasuak garaiz identifikatzeko, eta, hala badagokio, kasuan kasuko osasun-zerbitzuaren egiturarekin koordinatzeko prozedurak aktibatuko dira.

Erabiltzaileren batek gaixotasunaren sintomak izan ditzakeela susmatuz gero (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna…), etxera joan behar duzu, ahal izanez gero, edo familiari deitu behar dio bila joan daitezen. Bitartean, gainerako taldearengandik bereizita egongo da, aireztatzeko eta sortutako materiala eta hondakinak biltzeko baldintza egokiak dituen gela batean. Erabiltzaileak eta harekin kontaktuan dagoenak maskara kirurgikoa erabiliko dute

Ekainaren 18ko Lehendakariaren 14/2020 Dekretua  gaur ostiralean EHAAn argitaratu da. Haren bidez, deklaratzen baita deseskaladarako planaren 3. fasea gainditu dela. Horrenbestez, indargabetuta geratuko dira alarma-egoeraren esparruan hartutako neurriak, eta 2020ko ekainaren 19ko 00:00etan hasiko da «normaltasun berria».

14/2020 DEKRETUA JEITSI

Dekretuaren batera,  gaur, ostirala, sartuko da indarrean Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.

OSASUN SAILBURUAREN AGINDUA JEITSI

Herrismartik-Udalerri Adimendunak proiektuaren esparruan, EUDELek elkarreragingarritasun-gida bat egin du Euskadiko udaltzentzat, batez ere txikientzat eta ertainentzat, udalen beren artean eta gainerako herri-administrazioekin datuak trukatzerakoan prozesuaren kudeaketan eta lotutako zereginetan sor daitezkeen zalantzak argitzeko.

Gidak Euskadiko datuak trukatzeko lege-esparrua eta eredua jasotzen ditu, bai eta EUDELek parte hartu duen Eusko Jaurlaritzak koordinatutako administrazioarteko taldean landu diren jarraibideak ere.

Dokumentuak informazio-zerbitzuak eskatzeko, kontsumitzeko eta hornitzeko gomendioen eta jardunbide egokien zerrenda bat ere aurkezten du.

Gida Eudeleko (https://www.eudel.eus/eu/publicaciones) eta ‘Herrismartik’ proiektuaren webgunean ere eskura daiteke:

Gida eta beste materialak ‘Herrismartik’ ikusteko:

http://www.herrismartik.eus/eus/documentos.php

EUDELeko Berdintasun Batzordeak eginda eta Batzorde Eragileak 2020/06/11ko bilkuran onartutako dokumentua.

Gomendio hauek arduradun politikoei zuzendutako daude, udal-autonomia errespetatuz, Euskadiko udalek berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikei eusteko eta pandemiaren inpaktuek eragindako egoeran aurrera egiteko duten konpromisoa bideratzeko eta/edo indartzeko.

Dokumentuak garai honetan udal-agendaren lehentasunen artean berdintasun-politikei eustearen garrantzi kritikoa nabarmentzen du, genero-desberdintasunak areagotzea saihesteko, eta COVID 19ren krisiak emakumeengan izan dituen ondorio negatiboenak arindu ahal izateko, talde ahulenei arreta berezia jarriz, hala nola indarkeria matxistaren biktimei, bakarrik dauden adineko emakumeei, emakume zaintzaileei, dibertsitate funtzionala duten emakumeei eta egoera irregularrean migratutako emakumeei, besteak beste.

Dokumetua jaitsi (PDF)

Gorka Urtaran buru duen Batzorde Eragileak erabaki du baliorik gabe uztea ekitaldi eta jarduera soziokulturalei buruz EUDELek maiatzaren 14an emandako gomendioak.

Udal-mugapean antolatzen diren zerbitzu eta jarduera guztiek osasun-irizpideak eta unean uneko araudia bete beharko dituzte, betiere udalen iritzia kontuan hartuta.

 

GORKA URTARANen AUDIOAK:

 

 

“EUDELen GOMENDIOAK” 

 

“EZOHIKO FUNTSAK COVID19”

 

UDALENTZAKO GOMENDIOAK (ZIRKULARRA)

Bilbon, 2020ko ekainaren 11n. Gaur egin den bilera telematikoan, EUDELen Batzorde Eragileak –Gorka Urtaran buru duenak eta Euskadiko udalerrietako sentsibilitate guztietako hamalau alkatek osatzen dutenak– hainbat akordio garrantzitsu hartu ditu EAEko udalentzat, normaltasun berrira igarotzeko udal-eskumenari dagokionez, eta, orobat, COVID-19ak eragindako inpaktuetatik udalerriak gizarte- eta ekonomia-aldetik suspertzeko prozesua bultzatzeko eta gauzatzeko behar den finantziazioa lortzeari dagokionez.

Lehenengo akordioak EUDELen gobernu-organoak maiatzaren 14ko aurreko bileran, deskonfinamendua hastearekin batera, onartutako gomendioekin du zerikusia. Horien bidez, udalei irizpide komunak eta oinarrizkoak eskaini nahi zitzaizkien, ekitaldiak eta era guztietako udako jarduera soziokulturalak antolatzeko edo baimentzeko, eta modu ordenatuan, seguruan eta herritarren osasunerako berme osoarekin garatu ahal izateko.

EUDELEN GOMENDIOAK JAITSI

Zehaztu zen bezala, orientazio horiek irekiak ziren, eta osasun-jarraibideen eta une bakoitzean emandako araudiaren arabera eguneratuko ziren. Beraz, gaurko egunean, EAEk 3. fasean normaltasun osorantz aurrera egiten duela ikusita, Batzordeko alkateek aho batez erabaki dute EUDELek emandako gomendioak indarrik gabe uztea. Udal bakoitzak bere erabakiak hartuko ditu, udal-autonomiaren arabera eta indarrean dauden arauak –bai Estatukoak, bai autonomia erkidegokoak– betez, bai eta etorkizuneko garapenak edo aldaketak ere, egoeraren bilakaeraren arabera. Horri dagokionez, EUDELek arretaz eta zuhurtziaz jokatzea gomendatzen du, jarduera horiek baimentzean edo antolatzean, egoera edozein unetan alda daitekeela kontuan hartuta. Lehentasun nagusia beti izango da pertsona guztien osasuna eta segurtasuna bermatzea, bai antolakuntzakoena, bai erabiltzaile eta parte-hartzaileena.

Ildo horretan, EUDELen Batzorde Eragileak uste du oso garrantzitsua dela deskonfinamenduari eta normaltasunera itzultzeari buruzko araudian aintzat hartzea udalek duten erantzukizuna udalerrian garatu beharreko zerbitzu eta jarduera publiko eta pribatu guztietan. Udalerria da bizitza normalera igarotzeko lekua, eta tokiko erakundeek erantzukizunik zuzenena dute ordena zibikoa eta segurtasuna zaintzeko, herritarrekin berekin lankidetza estuan arituta.

Udalekuak

Indarrean dagoen araudiaren arabera antola daitezkeen udalekuen kasuan, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek azaldu duenez, udalek aurreko urteetako antolatze-denbora bera ez dutela kontuan hartuta, egokia eta bidezkoa izan daiteke udalekuak bideratzea familiarik ahulenei gizarte-laguntza ematera, eta dauden plazetan baliabide gutxien dituzten familietako haurrak lehenestea.

COVID19 Funts Bereziak

Batzorde Eragilearen bigarren akordioa izan da Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren deialdia eskatzea, Estatuarekiko harreman aldebikoaren esparruan, Estatuan eta Europan sustatuko diren COVID ondoko berpizterako ezohiko funtsetan Euskadik izango duen partaidetza zehaztu ahal izateko (Next Generation EB Plana). Euskadiren eta Estatuaren arteko harreman aldebikoaren esparruan, EUDELek eskatzen du oso kontuan hartu behar dela udalen aldarrikapena, hau da, Euskadiko udal guztiek izan behar dutela suspertze sozial eta ekonomikoaren eragile aktibo, eta, beraz, Europak eta Estatuak abian jarriko dituzten aparteko funtsen zati bat jaso behar dutela.

Gaur arratsaldean bertan, EUDELen elkarteburuak eskaera hori helaraziko die Europako kideei, Europako udalerrietako elkarteetako presidenteei. Gorka Urtaran Europako topaketa telematiko batean parte hartzen ari da, 15:00etatik aurrera. CMRE-Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak antolatu eta Emilia-Romagna eskualdeko Stefano Bonnaccini presidenteak zuzentzen du. Topaketan, besteak beste, Frantzia, Italia, Alemania, Erresuma Batua, Grezia eta Suediako elkarteetako ordezkariek hartuko dute parte, eta baliagarria izango da gizartearen eta ekonomiaren aldetik iraunkorra den suspertze-prozesua bultzatzeko tokiko gobernuek, Europa osoan, udalerri guztietatik, duten funtsezko zeregina indartzeko baterako ikaskuntzak eta ekintza-proposamenak trukatzeko.

 

EUDELeko Batzorde Eragileak gaurko egunean (ekainak 11, osteguna) ospatutako bilkuran, udalen aldetik antolatu daitezkeen ekitaldi, ekintza soziokultural eta kirolezkoen inguruan hurrengo oinarrizko gomendio hauek onartzea ahobatez adostu du.

  • Osasun-krisiaren bilakaerari eta deseskaladaren faseetan emandako pausoei erreparatuta, indarrik gabe uztea Batzorde Eragileak maiatzaren 14an emandako gomendioak.
  • Normaltasun berrira igarotzeko planaren fase bakoitzean araudiak udal-instalazioetan egitea edo ematea ahalbidetzen duen jarduera eta zerbitzu guztietan osasun-agintariek jarduera eta zerbitzu horietako bakoitzerako emandako gomendioak kontuan hartzea.
  • Zuhurtasunez jokatzea udalek beren autonomia eta eskumenak erabiliz antolatzen edo baimentzen dituzten jarduera guztietan.
  • Gainerako erakundeei eskatzea hartzen diren jarduera, programa eta neurrietan udalen iritzia kontuan har dadila.

Europatik eta Estatutik datorren ezohiko finantzazioa udaletara iristea eskatzen dut, EAEko udalerri guztietan banatzeko, txikienetik handienera”

Gorka Urtaranek erakunde hurbilenen “funtsezko eginkizuna” nabarmendu du, “udalerria da normaltasun berrira igarotzea gertatzen den tokia”

Bilbao, 2020ko ekainaren 9a. EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek, gaur goizean eskatu du EAEko udalen parte-hartze eraginkorra Europako instituzioek bultzatutako ezohiko funts guztietan, bai eta estatu- eta autonomia-eremukoetan  ere, Covid osteko susperraldi ekonomiko eta sozialerako neurriak finantzatzeko.

Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketan, Gorka Urtaranek ziurtatu du “arintze-faseak udalentzat gainkarga direla, erantzukizun erantsia”, eta toki-erakundeak gehiagotan kontuan hartzeko eskatu du “aktore giltzarriak” izanik, eta baieztatu du “udalerria dela normaltasun berrira igarotzea gertatzen den tokia”.

Ildo horretan, Urtaran elkarteburuak ohartarazi du EUDELek zainduko duela udalek  ezohiko funtsen bilketan parte-hartu ahal izatea, eta lan egingo duela “finantzazio-banaketak udaletara iristeko, udalerri guzti-guztietara, txikienetik handienera”. Europako Batzordeko presidenteak eta  Espainiako Gobernukoak iragarritakoaren arabera, Europako planaren funtsak (oraingoz zehazteke) lehenik Estatuari transferitu ahal izango litzaizkioke, eta, ondoren, EAEri, bai mailegu gisa, bai itzuli beharrik gabeko laguntza gisa. Elkarteburuaren hitzetan, “udalok eskua altxatzen dugu berriro ere, gizartearen beharretatik hurbilen daudenak gara, eta hortaz, pandemiaren ondorioen ostean suspertzeko ezohiko finantzazio-funts guztietan parte-hartzea eskatzen dugu”.

Urtaran elkarteburuak defendatu du “ezohiko” finantzazioa euskal ekonomia-itunaren ereduaren arabera eta Kupoaren metodologia aplikatuz banatu behar dela. Europako plan, kopurua eta Europako plana nola egituratzen den oraindik baieztatu gabe, EUDELen elkarteburuak adibidetzat jarri du Espainiak itzuli beharrik gabeko laguntza gisa jaso lezakeen 77.000 milioiko funtsa. Gorka Urtaranen arabera, “Kupoaren % 6,24 kenduta, eta Eusko Jaurlaritza eta Lurralde Historikoen barne-banaketa aplikatuta, koefiziente bertikal eta horizontalen arabera, udaloi 800 milioi euro inguru iritsi beharko litzaizkiguke Europako funtsetatik”. Urtaranek uste du kopuru hori igo daitekeela toki-erakundeak suspertzeko estatu-funtsaren proposamena burutzen bada. Horrek, lehen informazioen arabera, 5.000 milioi euro izango lituzke “Kontzertuaren formula bera aplikatuta, Euskadiko Udalei 300 milioi euro baino gehiago egokituko litzaizkiguke”, aurreratu du.

Horren harira, Urtaran elkarteburuak aldebikotasun-harremana defendatu du Estatuarekin, eta bat egin du euskal erakundeek Euskadiren berezitasuna eta Ekonomia Itunaren erregimena errespetatzeko egindako deialdiarekin. Ildo horretatik, Gorka Urtaranek Batzorde Mistoaren bilera urgentea eskatu du, finantzazio autonomikoari eta ezohiko funtsen xedeari “ahalik eta azkarren” ekiteko. “Erabakiak hartzeko une erabakigarrian gaude, alkateok jakin behar dugu zer baliabide ditugun tokiko ekonomia bultzatzeko neurriak aktibatzeko eta ehun produktibo eta sozialari eusteko”.

Euskadiko polizien eta hiritarren jokabide eredugarria

Hirugarren arintze-fasearekin batera, EUDELeko elkarteburuak azpimarratu du udalek “funtsezko zeregina” izan dutela osasun-larrialdian, eta haien jarduera funtsezkoa dela udalerri bakoitzean normaltasunera itzultzeko “Udalek lehen lerroan egoten jarraituko dugu, eguneroko bizitzara era ordenatuan, seguruan eta berme osoz itzultzeko”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Gorka Urtaranek Udaltzaingoen, Ertzaintzaren eta administrazio publikoetan lan egiten duten langile guztien lan eredugarria goraipatu du. Udalen ordezkariak eskerrak eman dizkie herritarrei, eta nabarmendu du haien laguntza funtsezkoa izan dela osasun-gomendioak betetzeko eta gaixotasuna zabaltzea saihesteko. EUDELen elkarteburuak argi adierazi du: “Euskal gizarteak, gehien-gehienak, jokabide eredugarria eta erantzunkidea duela frogatuta dago; joko-arauak bete nahi ez dituenak zehapena jaso beharko du. Salaketa guztiak izapidetu behar dira, ezin dugu onartu gutxi batzuen jokabide txarrak guztioi kalte egitea “.