Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Martxoaren 11n eta 12an Irungo Ficoban izango da Europa hegoaldeko erakusketarik garrantzitsuena, hiri-mugikortasun jasangarri, irisgarri, konektatu eta seguruaren arloko merkatuko azken berrikuntzekin.

EUDELekin izaten den lankidetzaren ondorioz, Euskadiko tokiko erakundeek doako sarrera izango dute azokara, izena emateko esteka honen bidez:

*Izen-ematea doan, tokiko erakundeentzat. HEMEN

  • PROGRAMA laburpena: tokiko erakundeen arduradunentzat

*Ekitaldi nabarmena: martxoak 12; 11:00-13:30.

City Market Place (“Hirien foroa”):

Europako zenbait hirik aurkeztuko dituzte hiriko muigikortasun berrian dituzten erronkak eta estrategiak. Udal-arduradunen arteko harreman informaletarako foro bat irekiko da.

-11:00-11:45 Euskal esperientziak (Irun, Donostia, Gasteiz eta Bilbo).

-11:45-13:30 Sant Cugat, Rouen, Kopenhage, Milan (+ baieztatzeko dauden zenbait hiri)

Ángela Eguiak, EUDELen ordezkari eta Gordexolako alkateak, euskal udalen izenean lehen aldiz parte hartu du Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordean, gaur goizean Lehendakaritzan egindako bileran. Iñigo Urkullu Lehendakaria bileraren buru izan da, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak lagunduta.

 Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea 2018ko uztailean eratu zen, gizarte zibilak parte hartzeko foro ireki gisa, Euskadiren nazioartekotzeari buruzko eztabaida eta aholkularitza bultzatzeko. Organo hori hainbat profiletako euskal eragileek osatzen dute gehienbat, eta nazioartean ezagutza zabala dute, hala nola gizartean, akademian, kulturan, teknologian edo enpresetan.

Gaurko bileran, Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeko kide berriei ongietorria emateaz gain, 2020-2023 Ekintza Instituzionaleko Plana onartu da. Lau urteko plan horri dagokionez, Lehendakariak azpimarratu du, batetik, Planak iazko Munduko Biltzarrean planteatutako proposamen gehienak bildu beharko dituela errealitate berri horri erantzuteko, eta, bestetik, diasporak Euskadin eta bizi garen mundu globalizatuan duen papera indartzea sustatu behar duela.

iñigo Urkullu Lehendakaria euskal diaspora aukera bat dela ziurtatu du; Kontseiluak herrialde txiki honetako diaspora handia mantentzen eta sustatzen laguntzea helburu duelarik. “Diaspora Euskadiren historiaren eta gure etorkizunaren parte da”, adierazi du.

Informazio gehiagorako IREKIA

Otsailaren 6an, ostegunarekin, Gasteizko Emakumeen Etxean (Sorginenean), Berdinsarearen batzar teknikoaren urteko lehen bilera egin zen. Abanto Zierbena, Arrigorriaga, Portugalete, Oñati, Vitoria-Gasteiz udalerrietako eta Gorbeialdea eta Urola-Garaia eskualdeetako berdintasuneko teknikariek hartu zuten parte bileran.

2020ko lehen batzarraren helburua izan zen 2019an egindako jardueren balantzea aurkeztea eta, aldi berean, ekitaldi honetarako ekintza-plana adostea. Hain zuzen, BERDINSAREAren eginkizuna –EUDELek Emakunderen bultzadarekin  koordinatutakoa– hauxe da: elkartzeko eta lan egiteko gune bat eskaintzea EAEko udalerrietako teknikariei, tokiko ekintza bateratuak diseinatzeko eta bultzatzeko.

  • Berdinsarearen balioa da batzuen artean, sareari esker, irizpide bateratuak adostu daitezke eta berdintasunaren arloan ibilbide desberdina duten zenbait tamainatako udalen artean baliabideak partekatu daitezke. Izan ere, oso lagungarria da mankomunitateetan eta kuadriletan (Araba) elkartutako udal txikienen

Ikus BERDINSAREAREN JARDUTEKO ILDOEN BIDEOA

Zer da Berdinsarea?

 

Sarearen helburua da berdintasunaren alde eta emakumeenganako indakeriaren aurka tokiko gobernuetatik kudeatutako programa eta zerbitzuak bultzatu, indartu, koordinatu eta ebaluatzea.

Gaur egun, berdintasunaren aldeko 69 udalerrik osatzen dute Berdinsarea, eta haren estaldurak EAEko biztanleen % 79 baino gehiago hartzen du barnean. CMRE-Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak praktika ontzat hartu du Berdinsarea, eta erreferentzia-eredu bat da tokiko sarean lan egiteko, hala berdintasunean nola gainerako arloetan.

Estrategia

  • BERDINSAREAk berdintasunerako eta sareko ekintzarako politikak indartzea udalerrietan.
  • EAEko udalerri txikietan berdintasun-politikak bultzatzea eta indartzea.
  • Emakumeen parte-hartze politikoa ahalduntzea eta tokiko bizitzan berdintasunerako politikak ahalduntzea.
  • CMRErekin ituna egitea, Europako instituzioetan eta tokiko gobernuetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko.

Informazio gehiagorako: eudel.eus (Berdintasuna, BERDINSAREA)

Donostia, 2020.eko otsailak 5. EUDELek, Itelazpik eta EiTBk informazio-jardunaldi bat antolatu dute Gipuzkoako udalentzat, LTD kanal autonomiko berriak piztu direlako.

  • Otsailaren 11n, Itelazpik EITBko kanal berriak piztuko ditu Gipuzkoan.
  • Jardunaldiak aukera eman du prozesuari buruzko informazio garrantzitsua Gipuzkoako alkateei hurbiltzeko.
  • Hurrengo informazio-saioa Gasteizen izango da Arabako udalei zuzendua (kate-aldaketak Martxoak 3).

 

Jardunaldiaren DOKUMENTUA

 

Datorren asteartean, otsailaren 11n, amaituko dira Gipuzkoan estatu mailako aldi bereko emisioak. Une horretatik aurrera, Itelazpik emisio autonomikoen piztea egingo du kanal berrietan (ikus irudia), eta kanal zaharrekin batera biziko dira ekainaren 30era arte. Hori izan da Gipuzkoako udalei eskainitako jardunaldi informatiboaren ardatz nagusia, eta horri esker, xehetasun handiagoz ezagutu ahal izan da beharrezko informazioa emateko eta herritarrei prozesuak sor ditzakeen zalantzak argitzeko prozesua. Jardunaldia Donostian izan da, EUDEL- Euskadiko Udalen Elkarteak koordinatu du, eta EiTBk eta Itelazpik aurkeztu dute. Itelazpik EiTBk eta Estatuko kateek hedadura-eremuetan eskaintzen dituzten emisio-zentroetako prozesuaren ardura du.

Matxalen Lauzirikak, Itelazpiko zuzendari nagusiak, Mikel Aguirre EiTBko Ingeniaritza eta Ustiapen zuzendariarekin, Iñigo Perez Itelazpiko zuzendari teknikoarekin eta Eudeleko ordezkari batekin hitz egin du. Horrez gain, Bizkaiko eta Gipuzkoako telekomunikazio instalatzaileen elkarteek, ABITELek eta ADITEGIk ere parte hartu dute bileran..

Otsailaren 11tik aurrera, EiTB taldearen emisioak (bi eduki bereizmen handiko ETB-1 HD eta ETB-2 HD, eta lau kalitate estandarreko ETB-1, ETB-2, ETB-3 eta ETB-4) 48 kanalean emititzen hasiko dira. Une honetatik aurrera, antena kolektiboa egokitu ez duten erkidegoek kanal berriak sintonizatzeko egin beharko dute, betiere aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baimena duen enpresa instalatzaile baten bidez. Eraikinaren tamainak eta antena kolektiboaren tipologiak ezarriko du egin beharreko prozedura (ikus irudia). Zalantzarik izanez gero, erkidegoa baimendutako enpresa instalatzaile batekin harremanetan jartzea gomendatzen da, hala badagokio, jarduketa mota planifikatzeko. Egokitzapenak amaituta, telebista-aparatua berriz sintonizatzea baino ez da faltako, ohiko kanalean emisioak ikusten ez diren unean egin behar baita..

Informazio gehiago nahi duenak 2. dibidendu digitalari buruzko atala.

SAKATU HAUNDITZEKO
SAKATU HAUNDITZEKO

 

  • Euskal udalerriek aktiboki hartu nahi dugu parte agenda europarrean, gure herri eta hiriak erreferente izan daitezen Europan”. EUDELen elkarteburu Gorka Urtaran Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) batzorde politikoko kide izendatu dute; kontinente osoko 41 herrialdetako toki eta eskualde mailako 175 agintarik osatzen dute batzordea.
  • Batzordeko kideak atzo arratsaldean berritu ziren, alkate jaun-andreek Frantziako Orléans hirian egin zuten batzarrean. Agintaldi berri honetan, CMREk lan egingo du Europako udalerri guztietan Garapen Jasangarrirako Helburuak aktibatzeko.
  • Demokrazioa eta Demografiako Europako komisario andreak eztabaida antolatu zuen batzarraren aurretik, Europaren erronkei eta EBren proiektuaren modernizazioari buruz tokiko gobernuek duten iritzia jasotzeko.

EUDEL, 2020ko urtarrilaren 24a. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran Europa mailako alkateen fororik garrantzitsuenen parte izango da aurrerantzean, EUDELen elkarteburu gisa. hau da, CMREren (Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua) zuzendaritza batzordearen kide. Organo betearazle hau Europa osoko 41 herrialdetako hiri eta eskualde-parlamentutako 175 kargu hautetsik osatzen dute. Xede nagusia da herritarrengandik hurbilen dauden gobernuen interesak defendatzea Batasuneko instituzioen aurrean (Kontseilua, Batzordea eta Parlamentua), eta, era berean, aktiboki parte hartzea Europaren estrategian eta politika komunitarioen diseinuan.

EUEKren bilera atzo arratsalderako deitu zuen Orléanseko Udalak, eta helburua izan zen 2020-2022 agintaldi berrirako kide betearazleak berritzea. Hurrengo bi urteetan, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek, besteak beste, Europako Lisboa, Paris, Utrecht, Brusela, Kolonia, Bordele eta Innsbruck hiriburuetako alkateekin batera hartuko du parte aipatutako batzordeko lan-mahaietan. Italiako Emilia-Romagna eskualdeko presidente Stefano Bonaccini izango da berriro CMREren presidente.

Batzarraren aurretiko adierazpenetan, Gorka Urtaran elkarteburuak CMREren parte izateak dakarren aukera baloratu zuen: “Euskal udalak Europan gaude, agenda europarrean eragin nahi dugulako eta Batasunaren etorkizunaren estrategian aktiboki parte hartu nahi dugulako. EUDELek CMREan lan egingo du, gure herri eta hiriak erreferente izan daitezen Europan”.

Gorka Urtaran AUDIOA

Europaren etorkizunari buruzko eztabaida: tokiko irtenbideak erronka globalei.

Maila goreneko topaketa politiko honen harira, Europako Batzordeak eztabaida antolatu zuen aurretiaz batzarreko kideekin, Europan dituen erronka globalei buruz. Demokrazia eta Demografiarako Europako komisario Dubravka Šuicak deia egin zuen tokiko gobernuen ekintza zuzenerako, Europaren erronka globalei erantzuteko estrategian: klima-aldaketa, demografia, inklusioa, berdintasuna, digitalizazioa, gobernu ona, gardentasuna eta parte-hartzea, besteak beste.

Informazio gehiago: https://www.ccre.org/ @CCRECEMR

  • Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea, bihar arratsaldean (osteguna), Europako Udalerrien eta Eskualdeen Batzordearen maila goreneko bilera batean izango da lehen aldiz; 41 herrialdetako tokiko buruzagiek parte hartzen dute bertan.
  • Hitzordu honen bidez agertuko da Urtaran EUDELen elkarteburu gisa nazioartean lehenengoz. Topaketa hau garrantzi handikoa da Europako tokiko erakunde guztientzat; izan ere, bihar aukeratuko dira hurrengo bi urteetarako elkartearen ordezkariak.

EUDEL, 2020ko urtarrilaren 22a. Ostegun honetan, Gorka Urtaranek EUDELen elkarteburu gisa parte hartuko du Europako Udalerrien eta Eskualdeen Batzordearen (CEMR) Zuzendaritza Batzordearen lehen bileran. Frantziako Orleans hiriko biharko hitzordua Europako lehen foro munizipalista izango da, eta Vitoria-Gasteizko alkateak Euskadiko udalen ordezkari gisa parte hartuko du, maila gorenean.

Europako Herrien eta Eskualdeen Batzordeak Europako 41 herrialdetako udalerrien elkarteak biltzen ditu; besteak beste, EUDEL. Gobernu organo gorena Zuzendaritza Batzordea (Policy Committee) da; hiri eta eskualdeetako buruzagi garrantzitsuek osatzen dute, eta urtean bi bider elkartzen dira, gaurkotasuneko eta kontinenteko tokiko gobernuentzako interes handiko gaiak lantzeko. Oraingoan, Orleans, Loira haraneko hiriburu administratiboa, aukeratu dute urtarrilaren 23an eta 24an hitzordu garrantzitsu hau hartzeko. Bertako udalak eta hango udalerrien elkarteak antolatu dute elkarlanean, hau da, EUDELen Frantziako homologoak.

Zuzendaritza Batzordearen 2020ko lehen bilera garrantzi handikoa da, 2020-2023 agintaldirako kideak berrituko direlako. Horien artean honako hauek daude: Stefano Bonaccini, Emilia Romagna eskualdeko presidentea eta Europako udalerrien eta Eskualdeen Batzordeko egungo lehendakaria, zeina berriz ere hautagai den, eta Europako zenbait hiriburutako alkateak, besteak beste, Paris, Lisboa, Utrecht eta Innsbruckekoak; beren hautagaitza aurkeztu dute Batzorde Politiko berriko exekutiboa osatzeko.

Europaren etorkizunari buruzko eztabaida: tokiko irtenbideak munduko arazoentzat.

Bozketa baino lehen, Gorka Urtaran elkarteburuak bere homologoekin hartuko du parte Europaren etorkizunari buruzko eztabaidan. Dubravka Šuica Europako Demokrazia eta Deografia komisarioa eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa izango dira buru.

Eztabaidaren xedea da udalerrien eta eskualdeen iritzia zein den jakitea –horiek baitira herritarrengandik hurbilen dauden gobernuak–, haien ahotsa entzun dadin, EB europarren ikuspegitik abiatuta modernizatzeko xedez, Europako Parlamentuak, Batzordeak eta Kontseiluak sustatzen duten Konferentzian. Hurrengo bi urteetan, 2022a bitarte, herritarren arteko elkarrizketak aktibatuko dira, eta rol garrantzitsua izango dute gazteek, gizarte zibilak eta maila guztietako erakundeek, europar proiektua biziberritzeko bazkide eta aliatu dira-eta.

Urtarrilaren 14an, Ursula von der Leyen Europako Batzordearen lehendakariak Europako Parlamentuko diputatuen aurrean aurkeztu zuen Konferentziaren egitura, egutegia eta irismena. Konferentzian aurkeztuko dira Europaren etorkizuneko sei lehentasunen berri izateko egingo diren kontsulten emaitzak.

  1. Akordio berde europarra: klimari dagokionez neutrala den lehen kontinentea izan dadin ahalegintzea.
  2. Pertsonentzat funtzionatuko duen ekonomia, ekitate sozialaren eta oparotasunaren alde lan eginez.
  3. Aro digitalerako prest dagoen Europa: pertsonak gaitzea teknologia belaunaldi berriei dagokienez.
  4. Bizi estilo europarra sustatzea: berdintasunezko Batasuna sortzea, zeinean pertsona guztiek aukeretarako sarbide bera izango duten.
  5. Europa indartsuagoa munduan: Europa gehiago, gehiagoren alde lan egiteko, gure lidergo global arduratsuaren marka berezia indartzearen bidez.
  6. Europako demokraziarentzako bultzada: gure Demokrazia elikatu, babestu eta indartu.

Hain zuzen ere, biharko Zuzendartiza Batzordearen eztabaidan, 14:45etik aurrera, EUDELeko elkarteburuak, Zuzendartiza Batzordeko gainerako kideekin batera, hirietatik Europako erronka globalei nola erantzun hausnartuko dute.

Informazio gehiago: https://www.ccre.org/   @CCRECEMR

Deialdiei buruzko informazioa www.arkauteakademia.eus webgunean dago, eta izen-ematea ere bertan egin daiteke

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduak 12

Segurtasun Sailak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenaren bi ebazpenen bidez, Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa bat eta laguntzaileen beste poltsa bat sortzeko bi hautaketa eta formakuntza prozesu deitu ditu. Prozesu horien berri azkeneko bileran eman zitzaion EUDEL — Euskadiko Udalen Elkarteari.

Horrela, lanpostu horietan dauden agente-plazak premiaz eta aldi batez bitarteko erregimenean betetzeak tokiko esparruan sortzen dituen arazoei aurre egin nahi zaie. Bestalde, laguntzaileen poltsaren bidez Udaltzaingoa, esate baterako mugikortasun-agenterik ez duten udalerrietan herrigunean trafikoa antolatzeko, osatuko duten aldi baterako premiei erantzuteko izango da.

Bi hautaketa-prozesu horietako batean parte hartzeko interesa dutenek atzo eta gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu diren oinarriak kontsulta ditzakete, eta baldintzak betez gero, www.arkauteakademia.eus webgunean eman dezakete izena abenduaren 13tik urtarrilaren 7ra bitartean, biak barne, Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsarako. Udaltzaingoko laguntzaile-poltsarako izena emateko epea, berriz, abenduaren 14tik 28ra bitartean egongo da zabalik, biak barne.

Udaltzaingoko bitarteko agenteak

Udaltzaingoko bitarteko agenteen lan-poltsarako hautaketa oposizio-sistemaren bidez egingo da, eta derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango diren bi proba egingo dira. Bat, Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agente-lanak behar bezala egiteko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehazteko proba psikoteknikoa izango da, eta test erako formatuan egingo da. Bigarrena nortasun-proba izango da, eta nortasun ezaugarri orokorrak ebaluatzeko izango da.

Oposizio-fasea gainditzen dutenak Udaltzaingoko bitarteko agente izateko formakuntza-ikastaroa egiteko onartuko dira. Formakuntza-ikastaro horrek hiru fase izango ditu: lehenengoa online egingo da eta eduki teorikoak landuko dira; bigarrena izangaien portaera eta konpetentzia egokiak zehazteko izango da; eta hirugarrena, berriz, fase praktikoa izango da. Azken bi fase horiek presentzialak izango dira.

Formakuntza praktikoaren fasearen ondoren, prozesuan parte hartzen dutenak Udaltzaingoko oinarrizko eskalako bitarteko agenteen poltsan sartuko dira Euskadiko toki-korporazioetan aldi batez zerbitzua emateko, oposizioaren azken kalifikazioan lortutako puntuazio-ordenari jarraituz.

Udaltzaingoko laguntzaileak

Udaltzaingoko laguntzaileen poltsaren kasuan ere oposizio-sistemaren bidez egingo da hautaketa. Kasu honetan ere derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango diren bi proba egingo dira: test erako formatua izango duen proba psikoteknikoan Udaltzaingoko laguntzaile-lanak eta -zereginak betetzeko gaitasunak ebaluatuko dira: hitzezko gaitasuna, arrazoitzeko gaitasuna, arreta eta pertzepzio gaitasuna eta gaitasun espazialak. Bigarrena nortasun-proba izango da.

Oposizio-fasea gainditzen dutenak Udaltzaingoko agente laguntzaile izateko formakuntza-ikastaroa egiteko onartuko dira. Ikastaroak bi fase izango ditu: lehenengoa online egingo da eta eduki teorikoak landuko dira; eta bigarren fasea praktikoa eta presentziala izango da.

Formakuntza-ikastaroa egiten eta gainditzen dutenak zuzenean sartuko dira Udaltzaingoko laguntzaileen poltsan. Poltsa formalki eratzen denean, deialdi bateratuetan parte hartu duten edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiari berariazko eskaera egin dioten eta euren poltsarik ez duten udalen eskura jarriko da.

Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza arduratuko da Udaltzaingoko bi poltsak, bitarteko agenteena eta laguntzaileena, kudeatzeaz.

Otsailetik abendura, EUDELek, IVAPek eta Foru Aldundiek elkarlanean antolatu duten Zeharkako Prestakuntza Plana 2020 garatuko da, euskal toki- erakundeeko teknikari, administrari eta idazkaritza, kontuhartzailetza eta zuzendaritzako langileentzat.

2020ko planean 295 ikastaro daude; horietatik 125 aurrez aurrekoak dira; 158 lineakoak eta 12 jardun biko tailerrak (aurrez aurreko/lineakoa).

Ikastaroen lekua: Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Tolosaldean.

Ikastaroak gaika antolatu dira: Administrazioko oinarrizko gaiak (erregimen juridikoa, kontratazioa…); hirigintza; ingurumena; gizarte zerbitzuak; enplegua; ekonomia eta ogasuna; biztanleria; berdintasuna; modernizazioa; administrazio elektronikoa; berrikuntza; datuak babesa; gobernu ona eta gardentasuna; antolakuntza; lidergoa; giza baliabideak eta zerbitzuaren kalitatea; hizkuntza prestakuntza; etab.

IZEN-EMATEAK, IVAPen web orrian dagoen “Solaskidegune” deituriko aplikaziotik egingo dituzte horretarako izendaturiko prestakuntza koordinatzaileek: