Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Honako dokumentua erantsi da: 2018ko martxoaren 8rako deitutako greba orokorra dela-eta, komunitatean eman beharreko ezinbezteko zerbitzuak mantentzea bermatzen duen 2018ko otsailaren 27ko Agindua aldatzen duen Lan eta Justizia sailburuaren 2018ko martxoaren 7ko Agindua; jakin dezazun eta dagozkion ondorioak izan ditzan jakinarazten dizut.

Agindua, zeinaren bidez aldatzen 2018ko otsailaren 27ko agindua

Martxoaren 8a dela eta, ‘Emakumeen Nazioarteko Eguna’, EUDELek Adierazpen instituzional bat prestatu du eredu gisa eta, ohikoa den moduan,  Euskadiko udalen esku jarri da, aipatutako oroitzapen ospakizunaren aurretik. Aipatutako adierazpena udaletara igortzearen xedea da erreferentzia-eredu bat izan dezaten, baita berau udal errealitate bakoitzera egokitu ahal izatea ere.

Aurten Adierazpena proposatzen du: Zer gertatzen da emakumeek ez badute zaintzen, ez kontsumitzen, ez lan egiten, ezta parte hartzen ere?”

IKUSI Adierazpena

Bilbo, 2018ko martxoaren 1a. Gaur goizean, informazio-saio bat eskaini da udaletako politikari eta teknikarientzat, EUDELek Bilbon duen egoitzan. Bertan, Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako arduradunek aurkezpena egin dute, Udaltzaingoko oinarrizko mailako agenteen sailkapenean sartzeko bigarren hautaketa-prozesu bateratura gehitzeko –euren borondatez– aukerari buruz.

30 udaletako 60 bat pertsona, proiektuan sartutako udal alorretakoak (Alkatetzak, Segurtasuna/Udaltzaingoa, Giza Baliabideak, Idazkaritza, Zerbitzu Juridikoak, etab.), izan dira saioan, eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak, Akademiak eta Segurtasun Sailak berak antolatu dute elkarrekin. Deialdi honen xedea izan da udalei informazio zehatza eta zuzena ematea, borondatezko hautaketa-prozesuaren inguruan (abantailak, atxikitzeko moduak eta prozedura, egitura, etab.).

EUDELen Batzorde Eragilearen ordezkari gisa, Mungiako alkate Ager Izagirrek hartu du parte saioan. Euskal Akademiarekin eta Segurtasun Sailarekin batera instituzioen artean izandako lankidetza nabarmendu du, eta bigarren deialdia egitea aukera paregabea dela azpimarratu du “hautaketa-prozesu bateratu hau hobetu eta prozesuaren ibilbidea luzatzeko”, bereziki tamaina ertaineko eta txikiko udalerrientzat. EUDELen ordezkariak azaldu duenez, lehenengo deialditik urtebete igaro ondoren, hautaketa-prozesu bateratua behar bezala gauzatu dela baieztatu daiteke: “prozesu azkar eta eredugarria izan da, berdintasuna, meritua, gaitasuna eta publizitatea ziurtatzeko berme guztiekin; gainera, administrazioen baliabide publikoak optimizatzea eragin du, denborari eta kostuei dagokienez.”

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Segurtasun  koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak, Udaltzaingoak Koordinatzeko Arloko buru Aitor Letek, Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenak eta Akademiaren beraren Langileak eta Araubide Juridikoa kudeatzako Arloko buru Josu Gonzálezek hartu dute parte.

Bileran, Arkauteko Akademiako zuzendariak kronograma aurkeztu du, eta udalen lankidetza eskertu du, bai oinarri teknikoak egiteko orduan, bai hautaketa-prozesuak gauzatzeko orduan, bai hautaketa eta trebakuntzarako lan-saioak antolatzeko orduan. “Euren parte-hartzea ezinbestekoa da Udaltzaingoko hautaketa-prozesu bateratu hauek ondo gauzatu daitezen”, adierazi du Arruabarrenak.

“Eskerrak eman nahi dizkiegu gaur bilera honetara bertaratu diren 30tik gora udalei, eta deialdi honetan 180 plaza eskaini ahal izatea balioetsi nahi dugu”, adierazi du Rodrigo Gartziak.

Ordezkaritza moduko hau osatzeko landutako formula juridikoa “Kudeaketa Agindua” izan da. Modu horretan, udalek, bertako langileak hautatzeko eta deialdia onartu eta argitaratzeko eskumena duten titular bakarrak diren aldetik, agindua emango diote Akademiari, hautaketa-prozesu bateratua egin dezan, aldez aurretik adostutako oinarriekin bat etorriz.

Zentzu horretan, Lan Publikoaren Oinarrizko Estatutuak negoziaziorako eskumena esleitzen die langileen ordezkariei, lan publikoaren eskaintzen irizpide orokorrak zehazteari dagokionez. Hori dela eta, gai horiek erakunde bakoitzean dagokion ordezkaritza sindikalarekin jorratzea gomendatzen da.

  • Dokumentazioa. Interesa duten udalek prozesua hasteko beharrezko dokumentazioa aurkeztu zaie udalei, egindako saioan bertan.

►Kudeaketa Aginduaren hitzarmen-proposamena
►Hautaketa-prozesuaren oinarrien proposamena
►Prozesuaren kronograma.

  • Saria gordetzeko aukeratu dute EUDEL; izan ere, Euskadiko udalerri guztiak biltzen ditu, eta hori da, hain zuzen, eguneroko bizitza gauzatzen den espaziorik hurbilena, non elkarte, erakunde, herritarren kolektibo eta instituzioek borrokan diharduten egunez egun, indarkeria sexistak eta genero indarkeriak eragiten duten gaitz sozialari aurre egiteko.
  • Mirari eta Unairekin batera, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko elkarteburu Imanol Landa eta Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxa ere izan dira ekitaldian.

Bilbo, 2018ko otsailaren 27a. Mirarik eta Unaik Sabino Arana 2017 saria jaso zuten Bilboko Arriaga Antzokian, joan den urtarrilaren 28an, EZ beti da EZ! / ¡NO es NO! ekimenaren izenean. Saria jaso ondoren, EUDELek Bilbon duen egoitzan utzi dute, aurretik iragarri bezala. Saria euskal gizarte osoari dagokionez, EUDEL hautatu da sari hau gordetzeko leku gisa; izan ere, udal erakunde honek Euskadiko udalerri guztiak ordezkatzen ditu, eta, udalerri horietan guztietan, bertako elkarte, erakunde, herritarren kolektibo eta instituzioek egunero dihardute borrokan, genero indarkeriaren aurka.

Saria jasotzean, Mirari eta Unai Euskadiko gizarte osoaren ordezkari bihurtu ziren. Gure gizartea arazo honen aurrean kezkatuta, konprometituta eta jardunean dago, eta EZ beti da EZ! gure herrialdeko txoko guztietara eraman nahi du.

EUDELeko elkarteburu Imanol Landa eta Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxa bertan zeudela, Mirarik eta Unaik sariaren domina EUDELen Batzorde Eragilea biltzen den aretoan utzi dute. Aipatutako organoa EUDELen zuzendaritzako organo gorena da, eta Euskadiko udalak ordezkatzen dituzten 15 alkatek osatzen dute.

Ekitaldian, Imanol Landak esker ona agertu dio Sabino Arana Fundazioari: “ohore handia da EUDELentzat, udalerri guztien topagunea den aldetik, euskal gizarte osoak berdintasunaren alde eta indarkeria sexistaren kontra egindako lanagatik jasotako aintzatespenaren gordailu izatea”. Landa elkarteburuak nabarmendu du EUDELek ondo baino hobeto ulertzen dituela “Ez beti da Ez!” ekimenak saria jasotzeko arrazoiak; izan ere, “berdintasuna eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da gizarte osoaren konpromiso eta lan bateratua. Lan kolektibo honen oinarria balioen eta jokaeren transmisioa da, egunerokoan kontzientzia hartu eta berdintasuna sendotu dezagun, gure ekintza eta jokabideen bitartez, hala espazio pribatuan nola publikoan. Mirarik eta Unaik, besteak beste, etorkizuna irudikatzen dute; belaunaldi berrientzat, hain zuzen, berdintasunean oinarritutako udalerriak eraiki behar ditugu guztion artean, non gizon eta emakumeek eskubide eta aukera berberak izango dituzten.

Domina bat, aintzatespen gisa

Saria domina bat da, 26x26x5 cm-ko eskultura txiki batean txertatuta, aintzatespenaren testua grabaturik duela.

Aintzatespenaren testua:

Euskadiko bazter guztietan entzuten den EZ beti da EZ! oihu kolektiboaren zentzua aitzatetsi eta saritu nahi du Sabino Arana Fundazioak. Oihu horrek bere baitan biltzen du indarkeria sexistaren eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeen ahots nahigabetu eta ia beti isilarazia; gaitz sozial horren kontra borrokan aritu diren eta oraindik aritzen diren elkarte, erakunde herritarren kolektibo eta instituzioen ahots konprometitu eta aktibista, eta indarkeria mota oro desagerrarazteko asmoz gero eta kontzientzia eta konpromiso handiagoa agertzen duen euskal gizarte osoaren ahots irmo eta erabakigarria. EZ beti da EZ! ekimenak BAIEZKO oihu zaratsua izan nahi du, gizon eta emakumeen arteko diskriminazioaren kontra, ekintza positiboaren alde eta berdintasun eraginkorraren alde, bai mundu osoan bai Euskadin.

Ez beti da EZ! ¡NO es NO! “oihu kolektiboaz” gain, joan den urtarrilaren 28an izandako Sabino Arana 2017 sarien ekitaldian, Koopera, Ramón Barea, Gerediaga Elkartea eta Abel Barriola saritu zituzten.

  • EUDELek gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuekin negoziatzeko eta akordioa lortzearen aldeko jarrera izaten jarraitzen du, horiek 2016ko abenduaren 1eko Negoziazio Mahai Orokorrean aurkeztutako konpromisoen proposamena ukatu bazuten ere.
  • Hurrengo egunetan bi aldetako bilerak izango ditugu ordezkari sindikalekin.
  • EUDEL UDALHITZ Hitzarmenaren Mahai Orokorraren barruan batutako negoziazio kolektiboa mantentzearen aldekoa da, langile publiko guztien aldeko akordioak lortzeko eta udalen funtzionamendu onerako –herritarrei zerbitzu hobea emanez islatuko dena– bide gisa.
  • Horretarako, EUDELentzat ezinbestekoa da udaletan banakako Negoziazio Mahaiak ez irekitzea.

Bilbon, 2018ko otsailaren 27an. Sindikatuek otsailaren 28an Euskadiko udaletan lanuzteak egiteko egindako deialdiaren aurrean, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak, Euskadiko tokiko erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen UDALHITZ Akordioaren Negoziazio Mahai Orokorreko parte-hartzaile gisa, ondorengo gogoetak egin nahi ditu:

1.- EUDELek negoziazio kolektiboarekin duen konpromiso irmoa adierazten du, gure udal eta tokiko erakundeetan aurreratutako lan-harremanen marko bat egituratzeko bide bakar gisa, udalerrietatik eskaintzen dugun herritarrentzako zerbitzuaren eraginkortasun, kalitate eta espiritu maila altuan islatuko dena.

2.- EUDELek negoziatzeko duen borondatea eta eremu propioaren aldeko apustua ukaezina da eta izango da.

EUDELek, azken 30 urteetan, erabateko konpromisoa erakutsi du gure negoziazio eremuarekin lan-harremanen markoan. Antzinako ARCEPAFESetatik egun indarrean dagoen UDALHITZera arte, EUDEL lortutako sektore-akordio ezberdinetan egon da beti, eta gure udaletako lan-baldintzen egungo garapen maila lortzeko oinarrizko pieza izan da.

EUDELen eta sindikatuen arteko negoziazio leial eta zintzo horri esker, gure udaletan berezko marko bat lortu da, aitortzekoa, eta langile publiko guztientzako lan-baldintza aurreratu eta homogeneoekin, eguneratu beharrari kalterik egin gabe, banakako negoziazio kolektiboen dispertsio eta atomizazioak sortuko zituen desberdintasunik gabe.

Duela gutxiko iraganean ere, oinarrizko araudiak ezarritako arrazionalizazio neurri ezberdinak hartu diren testuinguru zail eta konplexuan, EUDELek gure negoziazio eremua eta ELKARKIDETZA prestazio pasiboen babes sistema osagarria defendatzearen aldeko borondatea agertu du, legea errespetatuz UDALHITZ akordioaren legezkotasunari, indarraldiari eta ezarpenaren printzipioari dagokienez, termino guztietan.

Legegintzaldi honetan esfortzu handia egin da negoziazio kolektiboaren eremuan. Negoziazio Mahai Orokorra askotan bildu da, baita gizarte-eragileekin bi aldetako txanda eta bilera ugari egin ere, negoziazio ireki, parte-hartzaile eta zintzo batean ordu eta esfortzu ugari emanez. Negoziazio hori proposamen trukean, estatistika lanetan, egoera diagnostikoetan, datu bilketan, zirkular bidalketan, gomendioetan, eta abarretan oinarrituz garatu da, gehienetan sindikatuekin adostutako iradokizunei eta metodologiari jarraituz.

3.- Hori dela eta, EUDELek ozen ukatzen ditu gehiengoa duten bi sindikatuek ondorengo lanuzteen arrazoien gainean adierazitako baieztapenak, non gure negoziatzeko borondatea zalantzan jarri den. Zentzu horretan, azpimarratu beharra dago Negoziazio Mahai Orokorrean EUDELen proposamen zehatza dagoela, besteak beste, ondorengo konpromisoak berariaz jasotzen zituena:

– Galdutako erosteko ahalmena errekuperatu.

– UDALHITZ egungo akordioa hobetu, lizentzia eta baimen berriekin, eta lana eta eremu pertsonala bateratzeko hobekuntza zehatzak.

– Asistentziaren arloko hobekuntzak.

– Lan egonkortasuna hobetu eta enplegu publikoa sortzeko konpromisoa.

– UDALHITZ egungo akordioa osorik berrikusi eta egokitzen hasi, horretarako egutegi zehatzarekin.

– UDALHITZ akordioaren betetze-mailaren egoeraren diagnostikoa egin.

Gehiengo sindikala izan da Negoziazio Mahai Orokorraren barruan EUDELen proposamen hau ukatu duena. 

Dena dela, ukapen honetaz gain, EUDELek negoziazioaren eta akordioaren alde egoten jarraitzen du, eremu sektorial orokorraren garrantzia langile publiko guztien aldeko akordioak lortzeko eta udalen funtzionamendu onerako –herritarrei zerbitzu hobea emanez islatuko dena-– bide bakar gisa azpimarratuz. Zentzu horretan, hurrengo egunetan bi aldetako bilerak izango ditugu ordezkari sindikalekin.

4.- Negoziazio Mahai Orokorrean bateratutako negoziazio kolektiboa mantentzearen garrantzia gogorarazi da. Horretarako, ezinbestekoa da udaletan banakako Negoziazio Mahaiak ez irekitzea. Udal bakoitzean egungo UDALHITZ 2008-2010 akordioaren gabezia posibleak jorratzeko osatu diren edo osatu daitezkeen “Jarraipen Mahaiei” kalterik egin gabe.

Greba 02/28 nahitaezko zerbitzuak

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzeko herrien izen-ematea zabalik dago. Euskal Herri osoan aldi berean abiatuko den euskararen aktibaziorako egitasmoaren lehen izen-emate fasea aurkezteko, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean bildu dira Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatea eta EUDELeko ordezkaria, Arrate Illaro, Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzailea, Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, eta baita dagoeneko izena eman eta martxan diren bi herritako ordezkariak ere: Sonia Rodriguez, Arrigorriagako Udaleko euskara zinegotzia eta Karmelo Ayesta, Arrigorriagako Euskarak 365 Egun batzordeko kidea, eta Nekane Iribar, Zarauzko udaleko euskara zinegotzia eta Maite Egiguren euskaltzalea. Bertan izan dira baita ere Mikel Arregi, Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria eta Josu Labaka, UEMA-ko lehendakaria.
Euskaraldia: 11 egun euskaraz 2017ko azaroaren 23an aurkeztu zenetik, egitasmoa herrietan aurkeztu eta lanari ekin ahal izateko batzordeak sortzen ari dira. Batzordeak elkarlanetik loratutakoak dira, izan ere Euskaraldia: 11 egun euskaraz aurrera atera dadin, herrietako erakunde publikoak, euskalgintzako eragileak, zein bestelako erakunde eta entitateek elkarrekin lanean ari dira. Komenigarria da apirilaren 8a baino lehen herrien izen-ematea egitea, baina ez da beharrezkoa batzordea sortua egotea izena eman ahal izateko.

Herriz herri batzordeak sortzen eta antolatzen hasiak direla nabarmendu du Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak. Bi ezaugarri azpimarratu ditu sortzen ari diren batzorde horietan: aktibazio sozialerako proposamena garatzen ari direla, batetik, eta tokian tokiko eragile publiko eta gizarte eragileen arteko elkarlanerako eremu izaten ari direla. Batzorde hauen egiteko garrantzitsuetako bat Euskaraldia tokiko egoera soziolinguistikora egokitzea da. Tokian tokiko egoerara egokitzeko proposamenen artean, UEMAk herri euskaldunetarako egindakoa aipatu da eredu modura.

Orain arte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herriak daude izena emandakoen artean, baina Ipar Euskal Herrian ere Euskaraldiarekin bat egingo duen dinamika abiatuta dago jadanik. Gaurko prentsaurrekoan, bi herritako batzordeetan ari diren ordezkariek parte hartu dute, herri horietako dinamiken berri emateko. Beste herri askotan gertatzen ari diren prozesuen adibide direla azpimarratu dute Euskaraldiko koordinatzaileek.

Zarautzen udalak eta hainbat euskaltzalek elkarlanean abiatutako prozesu parte hartzaile baten ondoriotako bat izan da Euskaraldiaren antolaketarako eratu den gunea. Euskaltzaleak antolatuz batera aritzeko beharretik eta euskararen erabileran eragiteko kezkatik sortu da herriko dinamika. Euskaraldia prestatzeko dinamizatzailea hasi da jadanik lanean Zarautzen.

Arrigorriagan azken bi urteetan egindako aktibazio ekimenari jarraipena emango dio aurtengo Euskaraldiak. Horrela azaldu dute eratu berri den Euskarak 365 egun batzordeko kideek eta herriko euskara zinegotziak.

Herrien izen-ematea

Herrien izen-ematea amaitu ondoren, udaberrian, euskaltzale eragile bila egingo du Euskaraldiak eta ahobizi zein belarriprestak ezagutzeko aukera izango dugu, hurrengo pausoa izango baita, irailaren 20an, alegia, udazkenean, herritarren izen-ematea abiatzea.

Hurrengo urratsen berri emanez amaitu du prentsaurrekoa Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak.

    • Urtarrilaren 24a eta apirilaren 8a artean zabalik dago herrien izen-ematea.
    • Martxoaren 14an egingo da Nafarroan Euskaraldiaren aurkezpena.
    • Martxoaren 17an Ipar Euskal Herrian aurkeztuko da Euskaraldia.
    • Martxoaren 17an, era berean, herrietako batzordeen mintegia egingo da Bilbon.
    • Irailaren 20tik aurrera abiatuko da herritarren izen-ematea.

 

Euskaraldia: 11 egun euskaraz2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean abiatuko da. Egitasmoaren helburua hizkuntza ohiturak aldatzeko eta inertziak astintzeko ariketa soziala da. Egitasmoaren protagonistak herritarrak izango da eta hizkuntzaren jakintza mailari lotutako bi rolen arabera parte hartu ahal izango dute: belarriprest eta ahobizi.

Elkarlanetik abiatutako egitasmoa da Euskaraldia, Euskal Herri osoko erakunde publikoak, euskalgintzako eragileak, hau da, herritarrak, zein bestelako erakunde eta entitateen lan eta gogoarekin ari da aurrera egiten eta dinamika berdina da Euskaraldiak herrietarako proposatzen duena.