Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Euskal udalerrien BERDINSAREA sareak Osoko Bilkura politikoa egingo du gaur, aurtengo ekintza-plana onartzeko. Ardatzen artean daude udalerri txikien lan bateratua, emakumezko biktimei arreta emateko udal-mailako protokoloak eta indarkeria matxistaren prebentzioa bultzatzea.

2025eko martxoaren 24a. “Feminismoaren eta oinarrizko eskubideen aurka jotzen duen olatu erreakzionario gero eta handiagoa mehatxu larria da gure demokraziarentzat, eta Euskadiko erakundeetatik eta Europa osoan erantzun bateratua eta sendoa eskatzen du. Pandemian gertatu zen bezala, udalak birus neomatxistari aurre egiteko lehen lerroa gara. Orain, inoiz baino gehiago, berdintasunerako tokiko politikei blindatzeko konpromisoa hartzera animatzen zaituztet, gure udal baliabideak eta zerbitzuak indartuz, erakundeen arteko eta tokiko eragileekin lankidetzan arituz”.  Hitz horiekin eman dio hasiera EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek Berdinsarearen osoko bilkuraren urteroko bilerari. Berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako politiken arloan Euskadiko udaletako ordezkari politiko aurreratuenek osatzen dute Berdinsarea.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak osoko bilkuraren irekieran parte hartu du, Berdinsarea sustatzen duen erakunde gisa, EUDELekin batera. Elgarrestak nabarmendu duenez, “Udala herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea izanik, berebiziko garrantzia du eskaintzen dituen zerbitzuetan eraginkorra izateak, baita gizonen eta emakumeen berdintasunaren arloan ere”. Eta azpimarratu du Berdinsarea ezinbesteko tresna dela erakunde guztiak koordinatuta egon daitezen. “Hori bereziki garrantzitsua da berdintasunaren aurka doazen eta emakumeen aurkako indarkeria matxista ukatzen edo banalizatzen duten mezuekin mundu mailan ultraeskuinaren erreakzioari aurre egin behar diogun une honetan”.

Gaurko osoko bilkura deitu da aurtengo ekintza-plana onartzeko eta “Berdinsarea 2030” estrategia kontrastatzeko. Estrategia horren helburua da udalak prestatzea gizartearen egungo erronken aurrean, 2030 Agendaren eta 5. GJHaren esparruan. Nati Lopez de Munain Burgeluko alkate eta EUDELeko berdintasun-ordezkariak aurkeztu ditu lan-ardatzak.

Sare aitzindaria

Gaur egun, 89 toki-erakundek osatzen dute sarea: Arabako 20 udalek eta 2 kuadrillek, Bizkaiko 43 udalek eta Gipuzkoako 24 udalek. Sarea EAEko tokiko berdintasun-politiken “aitzindaria” da EAEn, bai eta Euskadiko udalerri guztietan partekatzen diren jardunbide egokien eta esperientzia berritzaileen eragilea ere.

2006an sortu zen Berdinsarea, EAEko lehen Berdintasun Legea egin eta urtebetera. Aitzindaria izan zen Europan toki- eta eskualde-koordinazioaren erreferente gisa, eta udalek zuzenean gobernatuta egoteagatik koordinazio politikotik eta teknikotik.

Berdinsareak atxikipen-baldintza oso zorrotzak ditu (egitura eta teknikari propioak, berdintasun-aurrekontua, onartutako berdintasun-plana, etab.), eta horiek lortzea zaila da 5.000 biztanletik beherako udalerrientzat. Euskadin berdintasun-politiken hedapen kohesionatua bermatzeko, sareak udalerri txikienen lan bateratua sustatuko du, eta politikariei lagunduko die berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloko estrategia partekatua ahalbidetuko dieten erabakiak hartzen. Dagoeneko abiatu da lehen esperientzia pilotu bat Enkarterrin, eta parte hartu duten udalek asko baloratu dute.

2025eko ekintza-ardatzak

Sendotu beharreko lehen ildoa 5.000 biztanletik beherako eta berdintasun-arloko berezko egiturarik eta langilerik gabeko udalerri txikientzako babes espezifikoa da. Hala, sarearen barruan udal horien arteko talde-lana sustatuko da, erabaki eta estrategia bateratuak har ditzaten. EUDELen eta Emakunderen helburua Euskadin berdintasun-politika eta -baliabideen kohesioa erraztea da.

Beste proiektu azpimarragarri bat indarkeria matxistari buruzko proiektuak berrikustea izango da, herri eta hirietan. Miren Elgarrestak azaldu duenez, “garrantzitsua da tokiko protokoloak lerrokatuta egotea EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. Akordioarekin”. Emakunde izango da lan horren buru, Sailarteko Talde Teknikoaren (STT) bidez. EUDELek eta Berdinsareak udalentzako gomendio eta tresnak diseinatuko dituzte, STTren diagnostikoan oinarrituta.

Hirugarren ardatza EAEko udalen jarrera-hartze bateratua izango da, sareak sustatuta, euskal udalerrietan emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeari dagokionez.

  • Ertzaintzarako 473 plaza eta Euskadiko 22 udaletako udaltzaingoetako 170 dira
  • Ostiralean, martxoaren 21ean, irekiko da izena emateko epea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean, eta 20 egun baliodunetan egongo da zabalik

Esther Apraiz, EUDELen presidente eta Derioko alkateak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak gaur azaldu dituzte Euskal Poliziako agente izateko lehiaketa-oposizio berriaren xehetasunak. Deialdi berri honek, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak abian jarritako seigarren deialdi bateratua denak, oinarrizko eskalako agenteen 643 plaza berri eskainiko ditu Ertzaintzarako eta Euskadiko 22 udaltzaingo eta polizia-zerbitzuetarako.

Plaza horien kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuak irauten duen denboran plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean. Oraingoz, 473 plaza deitu dira Ertzaintzarako eta 170 udaltzain izateko, Euskadiko udalerri hauetan:

  • Abanto-Zierbena (2)
  • Amorebieta-Etxano (3)
  • Andoain (2)
  • Aretxabaleta (1)
  • Azkoitia (1)
  • Bakio (1)
  • Barakaldo (12)
  • Basauri (3)
  • Bilbao (67)
  • Elgoibar (2)
  • Erandio (1)
  • Etxebarri (1)
  • Getxo (1)
  • Irun (1)
  • Lasarte-Oria (2)
  • Ortuella (1)
  • Portugalete (8)
  • Tolosa (3)
  • Valle de Trapaga (4)
  • Vitoria-Gasteiz (48)
  • Urretxu (2)
  • Zarautz (4)

 

Bingen Zupiriak adierazi du deialdi partekatu horiei esker Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko udalek hasieratik bultzatzen dutela polizia-koordinazioa, elkarbizitza eta prestakuntzako eta jarduteko irizpideen homogeneizazioa sustatuz, herritarrei zerbitzu eraginkorra eta efizientea eskaintzeko. “Deialdi bateratu hauen bidez, Ertzaintzak eta udaltzaingoek eskaintzen duten zerbitzu publikoa indartzen dugu, eta gure poliziak gaur egungo gizarteak planteatzen dizkigun erronketarako prestatzen ditugu”, azpimarratu du Zupiriak.

Bestalde, EUDELeko presidente Esther Apraizek azpimarratu duenez, ” LEP bateratuak borondatezko tresna dira udalentzat, prozesuetan arintasuna eta eraginkortasuna irabazteko aukera ematen duena, baina, batez ere, Udaltzaingoen eta Ertzaintzaren arteko funtsezko koordinazioa indartzeko aukera ematen duena.” Eta gaineratu du lankidetza horrek “Euskal Polizia modernoa, profesionala eta oso kualifikatua” bultzatzen duela, “gure udalerrietako bizilagunekiko hurbiltasunetik eta enpatiatik zerbitzu publiko onena emateko”.

Izen-ematea eta baldintzak

Lehiaketa-oposizio berri honetan parte hartzeko interesa duten pertsonek martxoaren 21etik aurrera eman ahal izango dute izena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgune ofizialean:  www.arkauteakademia.eus. Bertan izango dute inprimaki ofiziala eta normalizatua, eta, gainera, oposizioko ariketak zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi dituzten ere adierazi beharko dute.

Plaza horietako bat betetzeko aukera izateko, izangaiek honako baldintzak bete behar dituzte:

  • 18 urte baino gehiago eta 38 baino gutxiago izatea.
  • Batxilergoko titulua, kidekoa edo goragoko mailako beste edozein izatea.
  • Kidegoaren arabera lortu nahi den plazaren baldintza guztiak betetzea.

Izena emateko epea 20 egun baliodunetan egongo da zabalik.

Hautaketa- eta formakuntza-prozesua

Akademiaren asmoa da lehenengo probak, psikoteknikoak eta ezagutzakoak, ekaina-uztailean egitea, eta uda ondoren amaitzea hautaketa-prozesua proba fisikoekin eta elkarrizketa pertsonalekin.  Modu horretan, agenteek 2026. urtearen hasieran hasiko lukete prestakuntza Arkauten, eta 2026. urtearen amaieran hasiko lukete praktiketako zerbitzua.

Berrikuntza gisa, promozio honek hezkuntza-eredu berri bat izango du, curriculuma 8 hilabeteko prestakuntzan bilduko duena. Horretarako, ikasleek Akademian emango dute gaua berriz ere, modu horretan, prestakuntzako hilabeteetan, ertzainen eta udaltzainen arteko kohesioa, ezagutza eta lankidetza sustatzeko.

  • “Gida” osatzeko, oinarri moduan erabili dira EAEko 33 udalerritako turismo-erabileraren azterketa zorrotza, Euskadiko ETen eta LTen bilakaeraren azterketa; eta beste autonomia-erkidegoetako eta Europako eta AEBeko herrialde batzuetako egoeren eta araudien alderaketa.

Bilbo, 2025eko martxoaren 13a. Euskadiko Udalen Elkarteak gida bat bidali die gaur Euskadiko udalei, hirigintza-plangintzan erabilera turistikoa arautzeko zenbait oinarri komun era orientabide ematen dituena, arreta berezia jarrita Erabilera Turistikoko Etxebizitzetan (ET) eta Erabilera Turistikoko Etxebizitza partikularretako Logeletan (LT).

Turismo-ostatuen modalitate berriak antolatzeko beharrari erantzuteko egin da gida berria, euskal udalerrietan koordinatuta eta tokiko autonomia abiapuntu hartuta, udal bakoitzak bere diagnostiko eta bere udalerriaren beharretara egokitutako erregulazioa egin dezan.

Lan honen bitartez, EUDELek Eusko Legebiltzarrak egindako eskaerari erantzun dio, eta, erakundeen arteko lankidetza-testuinguru horretan, joan den astelehenean Esther Apraiz elkarteburuak bilera egin zuen Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuarekin, dokumentua Sailari aurkezteko.

Elkarteburu eta Derioko alkateak adierazi duenez, “Euskadiko turismoaren goraldiak (BPGraen % 6,6) eta pisu turistikoen fenomenoaren goranzko joerak udal-esparruan erregulazio bat izateko beharra eragin dute, Udalei segurtasun juridikoa emango diena eta erabilera turistikoa gainerako erabilerekin (egoitzak, hirugarren sektorea, zerbitzuak…) orekatzea ahalbidetuko duena”. Hala, erabilera turistikoak udal-plangintzaren barruan arautzea gomendatzen du EUDELek, Plan orokorra berrikusita edo aldatuta, eta ez ordenantzen bitartez, auzitegiek aurkako epaiekin erakutsi duten bezala.

Esther Apraizek adierazi duenez, “Euskadiko udalerrietan turismo jasangarriaren eta kalitatezkoaren eredu bat bultzatzeko aukera-aukerako unean gaude. Eta udalok, gure hirigintza-eskumenak baliatuta, aurrea har dezakegu, bai etxebizitza-eskubidea eta bai zerbitzu publikoekiko oreka babesteko erregulazio egoki batekin. Turisten eta gure herrietako biztanleen arteko elkarbizitza bermatzeko, herritarren eguneroko bizitza aldatu gabe”.

EUDELeko gida

Gida osoa 400 orrialde baino gehiagokoa da, Udaleko talde politiko eta teknikoei zuzendutako lan-dokumentu moduan sortua, erabakiak hartzea bideratzeko eta interesa duten udalek tokiko errealitate bakoitzari egokitutako erregulazioa izapidetu ahal izateko. Gaur egun, bi ordezko aukera daude, indarrean dagoen araudiaren arabera: erabilera turistikoa egoitza-erabileren barruan jasotzea edo hirugarren sektoreko erabilera moduan jasotzea. Dokumentuan sakon aztertuta daude bi aukera horiek, udal bakoitzak bere udalerrirako formularik egokiena diseina dezan.

Gidan hainbat neurri daude proposatuta erabilera turistiko jasangarria ahalbidetzeko, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-mailetan, nola hiri-inguruneetan hala landa-inguruneetan. Oro har, ez da “debekatzea” aipatzen, baizik eta erabilera guztiak “bateragarri bihurtzea”, “erabilera jakin bat eremu eta puntu zehatzetan metatzea saihestuz, bizitegi-erabilera babesteko, bai herritarrek etxebizitza izateko duten eskubideari begira, bai hiri-ereduaren iraunkortasunari begira”.

EUDELeko orientabideak egiteko, EAEko 33 udalerritako turismo-erabileraren erregulazioari buruzko 2024an egindako azterketa zorrotza egin da; Euskadiko ETen eta LTen bilakaera aztertu da; eta beste autonomia-erkidego batzuekin, Europako zenbait herrialderekin eta AEBrekin alderatu dira egoera eta araudiak.

Etxebizitza eta logela turistikoei dagokienez, zehazki, EUDELen azterlanaren arabera, aukerarik egokiena ez da ETen eta LTen erabilera ordenantza baten bitartez soilik arautzea. Aitzitik, udal-plangintza berraztertuz edo unean uneko aldaketak txertatuz gauzatu behar da, plan orokorra izan nahiz arau subsidiarioak izan, proposatutako erregulazioa behar bezala justifikatuta.

Beste udalerri eta eskualde batzuekiko azterketa konparatuan, bi lan-ildo bereizi dira. Alde batetik, erabilera turistikoari mugak ezartzea, aldi baterakoak batez ere, bizitegi-izaera zaintzeko. Beste alde batetik, bizitegi-erabileratik turismo-erabilerarako edo egonaldi laburreko erabilerarako aldaketa kontuan hartzea eta arautzea.

Aurreratzearen erronka

2024ko urriko EUDELen azterketan nabarmen ageri denez, turismoak onura ekonomiko handiak eragiten ditu, eta EAEko BPGaren % 6,6 da gaur egun. COVIDaren pandemiaren ondoren, ostatuen okupazioa, eskaintza eta eskaria areagotu egin dira.

Dokumentuak adierazten duenez, Euskadiko ostatu turistikoen herena etxebizitza eta logela turistikoak dira; beraz, turismo-ostatuen eskari handiena eskaintza tradizional profesionalizatuaren bitartez asetzen dela oraindik ere.

Donostian eta Bilbon metatuta daude EAEko ETen eta LTen ia erdiak. Eskaintza askoz ere txikiagoarekin, ondoren datoz Zarautz, Getxo, Bermeo eta Hondarribia kostaldeko udalerriak. Lau horiek, guztira, ETen eta LTen 100 plazatik 17 eskainiz. Araban, aldiz, eskaintza urri-urria da, Vitoria/Gasteiz hiriburua barne. Ostatu mota horien % 1 pasatxo soilik daude han kokatuta.

Hala, azterlanaren ondorio nagusien artean, komenigarri ikusten da ETen errealitatea aztertzea, udal-etxebizitzen merkatuan dagoen tentsio-maila baloratzeko, eta, beraz, etxebizitzaren funtzio soziala eta etxebizitza-eskubidea zaintzeko.

Erregulazioa baino lehenago, EUDELek udal-errealitatearen diagnostikoa egitea gomendatzen du, aintzat hartuta ETen egoera eta horrek eragin dezakeena, genero-ikuspegitik ere bai, etxebizitza-parkean, bizilagunekiko bizikidetzan, zerbitzu publikoetan (garraioa, garbiketa…) eta beste sektore ekonomiko batzuetan (merkataritza, ostalaritza…).

Ikuspegi integrala, araudi sektoriala aintzat hartuta

Gidan udalerriek eskura dituzte jarraibide orokor batzuk, turismo-saturazioaren adierazle batzuk eta ezar daitezkeen neurrien zerrenda bat. Sektore- eta lurralde-mailetako neurri sendoak koordinatuta hartzeko beharra iradoki da, udal-erregulazioari babes eta segurtasun handiagoa emateko.

Ondorioz, azpimarratu da premia dagoela turismo, lurralde, hirigintza eta etxebizitzaren arloetako erregulazioak uztartuko dituen ikuspegi integral bat izateko, turismo-jardueren kontrola hobetuta eta sektoreko eta udalaz gaindiko araudia egokituta, turismoak tokiko erkidegoetan duen eragina kudeatzeko.

Eskuliburuko proposamenen eta orientabideen adibideak

  • ETen eta LTen jarduera-lizentzien baimena aldi baterako mugatzeko aukera, eskuratutako inolako eskubiderik eratu gabe.
  • Kopuruan eta ehunekoetan mugak ezartzea ere jasota dago. Biztanleekiko plazen ehunekoa aintzat hartzea, eta ez soilik etxebizitzekiko ET plazen ehunekoa.
  • Tentsio-guneak: komenigarri ikusten da ETen errealitatea aztertzea, udal-etxebizitzen merkatuan dagoen tentsio-maila baloratzeko eta, beraz, etxebizitzaren funtzio soziala eta etxebizitza-eskubidea zaintzeko.
  • Etxebizitza Turistikoak (hirugarren sektoreko erabilera) eta Logela Turistikoak (bizitegi-erabileraren erabilera osagarria) bereiztea, bigarrenen kasuan iruzurrezko erabilerak saihesteko.
  • Arauz kanpoko etxebizitzetan edo plangintzarekin bat ez datozenetan, ETen eta LTen erabilera baztertzea.
  • Udal-etxebizitza tasatuen udal-erregulazioa (araudia edo ordenantza), etxebizitza babestu horietan ETen eta LTen jarduerak berariaz baztertuko duena.
  • Eremu jakin batzuetan beste ostatu-modalitate batzuk malgutzeko aukera: Apartamentu Turistikoak eta apartahotelak. Beste bizitegi-modalitate batzuk arautzea: elkarlaneko etxebizitzak, cohousinga, colivinga, etab.
  • Lurzoru urbanizaezinean eta landa-guneetan ere araudia ezartzea.
  • Administrazio guztiek baimenen koordinazioa hobetzea, baimendu beharreko etxebizitza edo logela turistikoa kokatuta dagoen udalerriaren hirigintza-adostasuna nahitaez jaso behar duen erantzukizunpeko adierazpenari dagokionez.
  • EUDELeko elkarteburua Turismoko sailburuarekin bildu da gaur, EAEko udaletara bidaliko den dokumentua aurkezteko, udal-autonomiarekiko errespetuan oinarritutako orientabide komunak emateko.
  • “Gida” osatzeko, oinarri moduan erabili dira EAEko 33 udalerritako turismo-erabileraren azterketa zorrotza, Euskadiko ETen eta LTen bilakaeraren azterketa; eta beste autonomia-erkidegoetako eta Europako eta AEBeko herrialde batzuetako egoeren eta araudien alderaketa.                                                                                

Gasteiz, 2025eko martxoaren 10a. Euskal Udalen Elkarteak Euskadiko udalentzako gida bat egin du, hirigintza-plangintzan erabilera turistikoa arautzeko oinarri komunak eta orientabideak emateko, arreta jarrita Erabilera Turistikoko Etxebizitzetan (ET) eta Erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako Logeletan (LT).

Lan honekin, Eusko Legebiltzarrak egindako eskaerari erantzuten dio EUDELek, eta erakundeen arteko lankidetza-testuinguru horretan kokatzen da Esther Apraizek, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak, eta Javier Hurtadok, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, bakoitzaren taldeekin batera, Euskadiko Udalen Elkarteak eskatuta, Sailari dokumentua aurkezteko gaur Lakuan egindako bileran.

Esther Apraizek azaldu duenez, “kontua ez da udalentzat nahitaezko erregulazio eredu bat eskaintzea, baizik eta elkarrekin egin beharreko gogoeta” jorratzea, “bai hiri-inguruneetan bai landa-inguruneetan turismo-ostatuak erabiltzearen inguruko hiri-antolamendurako“.

EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, “HAPO hirigintzak ematen digun tresna baliotsua da, herri/hiri bakoitzaren eredua diseinatzean turismoa txertatzeko, erabileren oreka bideratuz eta gune turistikoetan bizi diren herritarrei eta, oro har, bizilagunei kalte egitea saihesten ahaleginduz“.

Sailburuak azaldu duenez, dokumentuak askotariko alderdiak aztertzen ditu; “horietako asko aspalditik lantzen ari gara Sailean, adibidez, Turismoaren Lege berriak edo Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialak ekarriko duten araudia eguneratzea. Garrantzitsua da dokumentu hau eta etorkizunean egin daitezkeen garapenak baliagarriak izatea udalek hirigintza-erregulazioaren arloan turismoari dagokionez dituzten eskumenak hedatzeko. Eusko Jaurlaritzatik, gure arau-esparrua hobetzen jarraitzen dugu, baita beren eskumenak gauzatzen lagun diezaieketen tresnak ere”.

EUDELeko gida

EUDELek udal-taldeentzat sortu du gida hau, tresna eta euskarria izan dadin erabakiak errazago hartzeko eta interesa duten udalek tokian tokiko errealitate bakoitzari egokitutako erregulazioa izapidetzeko. Gaur egun, bi ordezko aukera daude, indarrean dagoen araudiaren arabera: erabilera turistikoa egoitza-erabileren barruan jasotzea edo hirugarren sektoreko erabilera moduan jasotzea. Dokumentuan sakon aztertuta daude bi aukera horiek, udal bakoitzak bere udalerrirako formularik egokiena diseina dezan.

Gidan hainbat neurri daude proposatuta erabilera turistiko jasangarria ahalbidetzeko, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-mailetan, nola hiri-inguruneetan hala landa-inguruneetan. Oro har, ez da “debekatzea” aipatzen, baizik eta erabilera guztiak “bateragarri bihurtzea”, “erabilera jakin bat eremu eta puntu zehatzetan metatzea saihestuz, bizitegi-erabilera babesteko, bai herritarrek etxebizitza izateko duten eskubideari begira, bai hiri-ereduaren iraunkortasunari begira”.

EUDELeko orientabideak egiteko, EAEko 33 udalerritako turismo-erabileraren erregulazioari buruzko azterketa zorrotza egin da; Euskadiko ETen eta LTen bilakaera aztertu da; eta beste autonomia-erkidego batzuekin, Europako zenbait herrialderekin eta AEBrekin alderatu dira egoera eta araudiak.

Etxebizitza eta logela turistikoei dagokienez, zehazki, EUDELen azterlanaren arabera, aukerarik egokiena ez da ETen eta LTen erabilera ordenantza baten bitartez soilik arautzea. Aitzitik, udal-plangintza berraztertuz edo unean uneko aldaketak txertatuz gauzatu behar da, plan orokorra izan nahiz arau subsidiarioak izan, proposatutako erregulazioa behar bezala justifikatuta.

Beste udalerri eta eskualde batzuekiko azterketa konparatuan, bi lan-ildo bereizi dira. Alde batetik, erabilera turistikoari mugak ezartzea, aldi baterakoak batez ere, bizitegi-izaera zaintzeko. Beste alde batetik, bizitegi-erabileratik turismo-erabilerarako edo egonaldi laburreko erabilerarako aldaketa kontuan hartzea eta arautzea.

Aurreratzearen erronka

2024ko abuztuko EUDELen azterketan nabarmen ageri denez, turismoak onura ekonomiko handiak eragiten ditu, eta EAEko BPGaren % 6,6 da gaur egun. COVIDaren pandemiaren ondoren, ostatuen okupazioa, eskaintza eta eskaria areagotu egin dira.

Dokumentuak adierazten duenez, Euskadiko ostatu turistikoen herena etxebizitza eta logela turistikoak dira; beraz, turismo-ostatuen eskari handiena eskaintza tradizional profesionalizatuaren bitartez asetzen dela oraindik ere.

Donostian eta Bilbon metatuta daude EAEko ETen eta LTen ia erdiak. Eskaintza askoz ere txikiagoarekin, ondoren datoz Zarautz, Getxo, Bermeo eta Hondarribia kostaldeko udalerriak. Lau horiek, guztira, ETen eta LTen 100 plazatik 17 eskainiz. Araban, aldiz, eskaintza urri-urria da, Vitoria/Gasteiz hiriburua barne. Ostatu mota horien % 1 pasatxo soilik daude han kokatuta.

Azterlana kontuan hartuta, eta turismo-ostatuen joera horiek hazten jarraituko dutela aurreikusita dagoela jakinik, hau azpimarratu du Esther Apraiz elkarteburuak: Aukera dago udalek aurrea har dezaten, eta erabilera horren hirigintza-erregulazioa egin dezaten, Plan Orokorra berraztertuta edo aldatuta, horren bitartez turismo-saturazioa saihestuz eta eskari handiko eremuetan bizitegi-erabilera zainduz“.

Hala, azterlanaren ondorio nagusien artean, komenigarri ikusten da ETen errealitatea aztertzea, udal-etxebizitzen merkatuan dagoen tentsio-maila baloratzeko, eta, beraz, etxebizitzaren funtzio soziala eta etxebizitza-eskubidea zaintzeko.

Erregulazioa baino lehenago, EUDELek udal-errealitatearen diagnostikoa egitea gomendatzen du, aintzat hartuta ETen egoera eta horrek eragin dezakeena, genero-ikuspegitik ere bai, etxebizitza-parkean, bizilagunekiko bizikidetzan, zerbitzu publikoetan (garraioa, garbiketa…) eta beste sektore ekonomiko batzuetan (merkataritza, ostalaritza…).

Ikuspegi integrala, araudi sektoriala aintzat hartuta

Gidan udalerriek eskura dituzte jarraibide orokor batzuk, turismo-saturazioaren adierazle batzuk eta ezar daitezkeen neurrien zerrenda bat. Sektore- eta lurralde-mailetako neurri sendoak koordinatuta hartzeko beharra iradoki da, udal-erregulazioari babes eta segurtasun handiagoa emateko.

Ondorioz, azpimarratu da premia dagoela turismo, lurralde, hirigintza eta etxebizitzaren arloetako erregulazioak uztartuko dituen ikuspegi integral bat izateko, turismo-jardueren kontrola hobetuta eta sektoreko eta udalaz gaindiko araudia egokituta, turismoak tokiko erkidegoetan duen eragina kudeatzeko.

Eskuliburuko proposamenen eta orientabideen adibideak

ETen eta LTen jarduera-lizentzien baimena aldi baterako mugatzeko aukera, eskuratutako inolako eskubiderik eratu gabe.

Kopuruan eta ehunekoetan mugak ezartzea ere jasota dago. Biztanleekiko plazen ehunekoa aintzat hartzea, eta ez soilik etxebizitzekiko ET plazen ehunekoa.

Tentsio-guneak: komenigarri ikusten da ETen errealitatea aztertzea, udal-etxebizitzen merkatuan dagoen tentsio-maila baloratzeko eta, beraz, etxebizitzaren funtzio soziala eta etxebizitza-eskubidea zaintzeko.

Etxebizitza Turistikoak (hirugarren sektoreko erabilera) eta Logela Turistikoak (bizitegi-erabileraren erabilera osagarria) bereiztea, bigarrenen kasuan iruzurrezko erabilerak saihesteko.

Arauz kanpoko etxebizitzetan edo plangintzarekin bat ez datozenetan, ETen eta LTen erabilera baztertzea.

Udal-etxebizitza tasatuen udal-erregulazioa (araudia edo ordenantza), etxebizitza babestu horietan ETen eta LTen jarduerak berariaz baztertuko duena.

– Eremu jakin batzuetan beste ostatu-modalitate batzuk malgutzeko aukera: Apartamentu Turistikoak eta apartahotelak. Beste bizitegi-modalitate batzuk arautzea: elkarlaneko etxebizitzak, cohousinga, colivinga, etab.

– Lurzoru urbanizaezinean eta landa-guneetan ere araudia ezartzea.

– Administrazio guztiek baimenen koordinazioa hobetzea, baimendu beharreko etxebizitza edo logela turistikoa kokatuta dagoen udalerriaren hirigintza-adostasuna nahitaez jaso behar duen erantzukizunpeko adierazpenari dagokionez.

  • Martxoaren 8a dela eta Gernikako Batzarretxean gaur egin dan ezohiko batzarrean, Bizkaiko Batzar Nagusiek be sinatu daben EUDELen Erakunde Adierazpenaren irakurketan parte hartu daben euskal alderdi politiko guztietako alkate, zinegotzi, batzarkide, diputadu, senatari, europarlamentari eta liderrak egon dira.

Gernikan, 2025eko martiaren 7an. Gernikako Batzarretxeak Bizkaiko Emakume Hautetsien IX. Ezohiko Batzarra hartu dau gaur. Bertan, M-8aren bezperan, sentsibilidade politiko guztietako emakumeek bat egin dabe gizarte bardinzaleagoa eskatzeko. Ekitaldiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatu daben EUDELen Erakunde Adierazpena irakurteko balio izan dau barriro, eta, aldi berean, hainbat arlotan nabarmendu diran emakumeen eta erakundeen lana aintzatetsi da. Aurton, Kristina Mardaras Sedrún, Marisa Barrena Larruzea, Lorena Fernández Álvarez, Miren Gutiérrez Almazor, Ana Urkijo Elorriaga eta emakume artista eta sortzaileen ESAS sare profesionala izan dira sarituak. Azken erakunde horren aldetik Nekane Díaz Helguerak, Natalia Sánchez Abadek eta Ane Legarreta Mendezek jaso dabe saria.

Aintzatespen-ekitaldiak beste batzuetako liturgiari jarraitu deutso. Emakumeen eta gizonen arteko bardintasunean aurrera egiteko jai eta aldarrikapen giroan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) antolatutako Batzarra Gernikako Arbolaren ondoan hasi da. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Batzar Nagusietako Mahaiko kideak, Esther Apraiz Fernández la Peña EUDELeko elkarteburua, Miren Elgarresta Larrabide Emakundeko zuzendaria eta omenaldia jaso daben emakumeak, askatasuna eta bardintasuna sinbolizetan daben oroimeneko zapiakaz alkartuta sartu dira hemizikloan.

Bizkaiko herritarrek aukeratutako emakumez betetako hemizikloan (gizonak konbidauen gunean egon dira gaur), Foru parlamentuko Lehendakaria jarlekuetara hurreratu da, Emakumearen Nazinoarteko Egunaren bezperan ezohiko batzarrari hasierea emoteko. Ana Otadui Biterik azpimarratu dauenez, jardunaldia hitzordu “saihestezina” bihurtu da daborduko, batez be Bizkaiko emakumeentzat, “bizitzako esparru guztietan benetako bardintasuna eskatzeko alkartzen garelako barriro”.

Bizkaiko beste horrenbeste udalerritako bost emakume hautetsik, sentsibilidade politiko guztiak ordezkatuz (Ángela Eguía Liñero, Gordexolako alkatea EAJ-PNVtik; Guruzne Carrasson Torrontegi, Sopelako alkatea EH Bildutik; Beatriz Gamiz Mata, Ermuko alkatea PSEtik; Natalia Aranduy Zuazagoitia, Getxoko zinegotzia Alderdi Popularretik; eta Inés Unzaga Agirre, Guëñeseko zinegotzia Elkarrekin Podemosetik), EUDELek egindako martiaren 8ko Erakunde Adierazpena irakurri dabe (ikusi erantsitako dokumentua).

Bizkaiko emakume hautetsiek bat egin gura izan dabe aurton 1995ean Beijingen egin zan Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian egin zan Beijingeko Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrenaren ospakizunagaz. Akordio horreek abian jarri eben genero-bardintasuna, emakume eta neskato guztien ahalduntzea eta hareen giza eskubideen gauzatzea lortzeko mundu-mailako ibilbide-orria.

Bilbon, 2025eko martxoaren 7an. Elkarteburu eta Derioko alkatea Onda Vascako mikrofonoen aurrean jarri da udalerrien gaurkotasunaz hitz egiteko, otsailaren 20an egin berri den Euskadiko Udalen Elkartearen Batzarraren testuinguruan. Apraizek hizpide izan ditu udalen zenbait erronka garrantzitsu, EUDELen 2025eko Ekintza-planean jasotakoak: Udalhitz akordioa eguneratzea, tokiko enplegu publikoa hobetzeko; Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetza etxebizitza-eskubidearen alorrean; eta udalerrietan etxebizitza turistikoak arautzea, besteak beste.

Gernikan Bizkaiko Emakume Hautetsien IX. Batzarra egin den egun berean, Esther Apraizek nabarmendu egin ditu euskal udalek berdintasunaren alde hartutako konpromisoak, EUDELen M8ko adierazpenean  azaltzen direnak, eta behar beste baliabide erabiltzeak duen garrantzia azpimarratu du, feminismoaren lorpenei jarraipena emateko eta gaur egungo bolada erreakzionario eta neomatxistari aurre egiteko.

Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena; hiru hamarkada berdintasunaren bidean

Martxoaren 8rako adierazpena jeitsi

Gaur, 2025eko martxoaren  8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat egin nahi dugu. 1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zuten.

Ibilitako azken 3 hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna. Hala eta guztiz ere, berdintasun-indizeek aurrerapena nabarmena izan dela erakusten dute, berdintasun-politiken araudi- eta erakunde-garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan.

  1. urteurren horrek konpromisoak eta borondateak berritzeko aukera ematen digu, Beijingen adostutako berdintasunaren helburuak lortzeko, beharrezkoak diren baliabideak bideratuz, erronkei eta oraindik dirauten oztopoei aurre egiteko.

Euskal erakundeek eta, bereziki, tokiko gobernuek, 30 urte hauetan metatutako ebidentzia dute, eta horrek agenda feminista globalean oinarritutako berdintasun-politiken bermatu eta legitimatu egin du.

Euskal udalek genero-berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu-mugimenduarekin bat egin dute, emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko apustua eginez. Tokiko eremutik arlo kritiko globaletan aurrera egiten laguntzeko,……. Udalak  ondorengo konpromisoak hartuko ditu:

  • Sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate-Estandarren arabera.[1]
  • Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.
  • Tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.[2]
  • Tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko.
  • Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz.
  • Zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik.
  • Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko tokiko ekintza-planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian.

[1] Ikus 2018ko abenduaren 12koa, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako Erakunde arteko Batzordearena, zeinaren bidez Berdintasun Politiken Kalitate Estandarrak ezartzen diren

[2] Ikus “Udalentzako gomendioak, emakumeek tokiko gobernuetan parte hartzeko baldintzak errazteko”, EUDELek udalei bidalitakoak 2023ko maiatzaren 29an.

  • Ukazio eta desinformazio olatuaren aurrean, Emakundek, hiru aldundiek eta EUDELek beharrezkotzat jotzen dute feminismoari buruzko pedagogia egitea eta berdintasun-politikei balioa ematea
  • Aurten Beiing-eko adierazpenaren 30. urteurrena eta Euskal Berdintasunerako lehen Legearen 20. urteurrena ospatzen dira

Gasteiz, 2024/2/21

“Ni feminista naiz” da Emakundek, hiru foru aldundiek eta EUDELek bultzatzen duten martxoaren 8ko erakundeen arteko kanpainaren leloa. Goiburua “Feminismoa zurekin doa” esaldiarekin osatzen da, eta feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena aldarrikatu eta berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenei balioa eman nahi die. Honekin batera, feminismoaren balioek pertsonen eguneroko bizitzan botere eraldatzailea dutela erakutsi nahi du.

Kanpainaren spota: https://youtu.be/Ie1bbjKZFAM

Kanpainaren MATERIALAK (Kartelak, bideoak, bannerrak)

Kanpainaren aurkezpenean parte hartu dute Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, eta Trinidad Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak.

Mundu mailan ematen ari den ultraeskuinaren erreakzio-testuinguru batean, zeinak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza ukatzen duen, emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzen duen eta berdintasun-politikak mespretxatzen dituen, euskal erakundeek beharrezkoa ikusten dute feminismoaren pedagogia egitea eta nabarmentzea haren ekarpena ongizateari eta eguneroko bizitzaren hobekuntzari. Miren Elgarrestaren hitzetan, “feminismoari eta bere agendari buruzko desinformazioa, beti egon da, baina areagotu egin da azken urteotan, Interneten eta sare sozialen erabilera zabaldu denean albisteak kontsumitzeko”. Nazio Batuek ere alerta horren berri ematen dute, eta, beraz, inoiz baino beharrezkoagoa da berdintasunean eta emakumeen eskubideen alde egindako lana nabarmentzea. Emakundeko zuzendariaren arabera, “feminismoak ongizateari, berdintasunari eta pertsonen eskubideei egiten dien ekarpena aitortzeko unea da, une honetan feminismoa zalantzan jartzen dutenak beren ideiak zabaltzeko bide garrantzitsuak aurkitzen ari baitira, bereziki gazteei zuzenduak”.

Elgarrestaren ustez, gizarteak jakin behar du “feminismoaz ari garenean, eskubideez, askatasunaz, ongizateaz, elkartasunaz, sare eta aliantzez, demokraziaz, ahalduntzeaz, hezkuntzaz eta jakinduriaz, errespetuaz, pertsona guztientzako aukera-berdintasunaz” ari garela. Elgarrestaren iritziz, kontzeptu eta balio horiek guztiak aldarrikatzeko feminismoa berretsi behar da: “Beharrezkoa da publikoki esatea: Ni feminista naiz”.

Bestalde, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak adierazi duenez, “hurbilen ditugun erakundeetatik mekanismo guztiak sustatuko ditugu gizarte berdinzaleago, anitzago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baten aldeko lanean atzerapausorik egon ez dadin. Orain, inoiz baino gehiago, diskurtso neomatxistak gelditu behar ditugu”.

Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak nabarmendu duenez, feminismoak “guztiak hartzen ditu barne, berdintasunaren alde borrokatzen baitu, eta emakumeen eta gizonen helburua da”. Eta aldarrikatu du kanpainaren mezuak herritarrak “ekintzara” bultzatzen dituela, “pertsona guztien eskubideak defendatzeko, batez ere historikoki isilaraziak izan direnenak”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Nerea Isasik bat egin du berdintasunarekiko konpromisoarekin eta feminismoaren defentsarekin, gizarte askeago, bidezkoago eta demokratikoago baten funtsezko zutabe gisa. “Ezin dugu onartu diskurtso erreakzionarioek lortutako aurrerapausoak zalantzan jartzea, ezta benetako berdintasunerako bidea geldiarazten saiatzea ere”, berretsi du. “Feminismoa tresnarik boteretsuena izan da eta da guztiontzat eskubideak, justizia eta aurrerapena bermatzeko. Horregatik, gaur inoiz baino gehiago, feminismoa aldarrikatzen dugu harrotasunez eta argitasunez “.

Bere hitzaldian, Bizkaiko Berdintasun zuzendari Trinidad Vicentek ziurtatu du feminismoa eta berdintasuna defendatzen dutenek ez dutela bakarrik sentitu behar. “Euskal gizartea feminista dela erakutsi nahi dugu. Eta gutako bakoitza garela. Feminismoaren iraganeko bideak harrotasunez betetzen gaituela eta bere orainaren eta etorkizunaren zati izan nahi dugula “, gaineratu du.

Beijing eta Berdintasunerako Legearen urteurrenak

Aurten, berdintasun-politikak garatzeko erabakigarriak izan diren bi mugarri ospatuko dira. Alde batetik, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena ospatzen da, mundu osoko emakume eta neskatoen ahalduntzerako programarik garrantzitsuena. Halaber, 20 urte bete dira Euskadin Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lehen Legea onartu zenetik. Ildo horretan, berdintasun-politiken bidez eskubideetan egindako aurrerapenei balioa eman nahi die kanpainak.

Kanpaina otsailaren 22tik martxoaren 8ra bitartean egongo da martxan kanpoko euskarrietan, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan eta telebistan. Gainera, sare sozialetako istorioetarako txantiloi bat sortu da filtro formatuan, #NiFeministaNaiz traolarekin. Honen bidez, erabiltzaile bakoitzak selfie bat egin eta bere sare sozialetan partekatu ahal izango du.