Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza Saileko diputatuak, Unai Rementeriak, eta EUDELeko presidenteak, Ibone Bengoetxeak. Horren arabera, Europako Kontseiluarena den udalen erkaketa ebaluazioa egiteko ‘Local Finance Benchmarking’ tresna lurraldeko udaletan ezartzeko proba pilotua egingo da.

Bilbo, 2015eko apirilaren 13a. Gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek (Euskadiko Udalen Elkarteak) berretsi egin dute Bizkaiko udaletan modernizazioa, gardentasuna eta Gobernu Ona ezartzen laguntzeko konpromisoa; hau da, udaletako ekonomiaren eta aurrekontuen informazioari buruzko adierazleen sistema integrala sortzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute.

Lehendakaritzako diputatu Unai Rementeriak eta EUDELeko presidente Ibone Bengoetxeak sinatu duten akordioaren bidez proba pilotu bat egingo da Lurralde Historikoko udaletan udalen erkaketa ebaluazioa egiteko tresna ezartzeko.  Tresna berri honen sorrera Europako Kontseiluak bermatzen du, tokiko finantzen erkaketa ebaluazioa egiteko ‘Local Finance Benchmarking’ (LFB) izeneko programa duelako. Tresna honek adierazle ekonomiko batzuk ditu, udaletako diru-sarrerekin eta aurrekontuko kudeaketarekin erkatu direnak.

Europako Kontseilua, beraz, hirugarren kolaboratzailea da Europako tresna Bizkaiko udalen errealitatera egokitzeko proiektu pilotu hau bultzatzeko xedean. Tresna honi esker, gainera, tokiko finantzen kudeaketa politiko eta ekonomiko hobea egingo da, bi ardatz kontuan hartuta: gardentasuna eta herritarrei kontuak ematea. Ardatzok funtsezkoak dira udalen Gobernu Onerako.

 Unai_Rementeria_Eudel_finantzak_hobetzeko_akordioa (43380 Kb.)

 Ibone_Bengoetxea_Eudel_finantzak_hobetzeko_akordioa (164393 Kb.)

 Errekurtsoak_Eudel_finantzak_hobetzeko_akordioa (83400 Kb.)

 Hitzarmeneko konpromisoak

Hitzarmen honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek proiektua abian jartzeko konpromisoa hartu dute. Udaletako adierazleen sistema koordinatuko dute eta batera hausnarketa egiteko esparrua sortuko dute; horrela, lurraldeko udalen ekonomia eta aurrekontu esparruetako informazioa hobeto kudeatzen eta komunikatzen lagunduko dute.

Lankidetzaren esparruan, EUDELek zuzendu, diseinatu eta jarraituko ditu hasieran lurraldeko bost udalen adierazleen sistemari bakarrik aplikatuko zaion proiektu pilotuko ekintzak.

Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, 30.000 euro emango ditu 2015eko ekitaldian zehar proiektu pilotua gauzatu ahal izateko. Halaber, adierazleen sistemaren garapena koordinatuko du eta sistema hori ezartzeko behar diren informazioa eta proposamenak ematen lagunduko du.

Hitzarmenean jaso diren jarduerak garatzeko lankidetza eta koordinazioa hobetze aldera Jarraipen Batzorde bat eratuko da, eta Foru Aldundiak eta EUDELek izendatzen dituzten ordezkariez osatuta egongo da.

Tokiko Gobernu Onari lotutako Europako printzipioak

EUDELek urteak daramatza Europako Kontseiluarekin elkarlanean lan-esparru desberdinetan, Tokiko Autonomiaren Europako Gutunaren jarraipenari eta tokiko berrikuntzarako eta gobernu onerako estrategiari lotuta dauden esparruetan batez ere.

Europako Kontseiluak tokiko gobernu onerako ezarri dituen hamabi printzipioetatik bi oso lotuta daude proiektu honekin:

  • 6. printzipioa: jokabide etikoa, interes publikoa interes pribatuen gainetik dagoela bermatzeko.
  • 10. printzipioa: finantza-kudeaketa zintzoa, funts publikoak zuhurtziaz eta modu emankorrean erabili direla bermatzeko.

Informazio gehiago: Europako Kontseilua/tokiko demokrazia/12printzipioak:

http://www.coe.int/t/dgap/localdemocracy/Strategy_Innovation/12principles_en.asp

Jardun onak, gardentasuna eta eraginkortasuna

Europako Kontseiluaren Local Finance Benchmarking programak tokiko finantzaketari lotutako jardun onak balioztatzen ditu. Udaletako zergen esparruko politiken diseinuari arreta berezia ematen dio, eta finantzen eraginkortasuna hobetzeko gardentasuna eta herritarrei kontuak ematea bezalako balioak azpimarratzen ditu.

Era berean, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera bultzatzen du eta beste parametro batzuk aztertzen ditu, besteak beste: zergen esparruko politika; zerga administrazioaren erroldak; sistemen, tasen, diru-sarreren eta prezioen auditoretza; zerga-politikaren helburuak eta doikuntzak.

 

Lan Aktibazio Zuzendaritzak 2015eko martxoaren 25eko Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuak Administrazio Kontseiluak behin onartuta, aurreikusita dauka E.H.A.An argitaratzea enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako 2015eko ekitaldiko laguntzen deialdia martxoaren 31an, asteartea.

Diruz lagun daitezkeen jarduerak

1. MOTA.- Enplegua sustatzea.
2. MOTA.– Kontrataziorako laguntzak
3. MOTA.- Enplegua sortzen laguntzen duten toki-garapenerako beste ekintza batzuk

Eskatzaileak (erakundeak zein pertsonak)

  • Euskal Autonomia Erkidegoko udalak
  • Mankomunitateak
  • Kuadrillak

Prestazio ekonomikoa

Diru kopurua: 20.000.000 euro

  • 15.000.000 euroko finantzaketa izango dute aurreko artikuluan ezarritako 1. eta 2. motako jarduketek
  • 5.000.000 euroko finantzaketa izango dute 3. motako ekintzek, langabeziak gogorren jotako eskualdeetara eta udalerrietara bideratuta daudenek.

Informazio gehiago jasotzeko Tokiko eta Eskualdeko Garapen Arloarekin harremanetan jarri:

Tel. 945.160.601  www.lanbide.net

BOEk plazaratu du gaur, martxoak 31, udal hauteskundeak deitzen duen Errrege Dekretua:

Foru aldundien dekretuak hauteskundeetara deituz:

Informazio gehiago (Euskadi.net/2015koHauteskundeak):

Bilbo, 2015eko martxoaren 16a. Gaur goizean Irene Pardo Nekazaritza diputatuak, Ibone Bengoetxea Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) presidenteak eta Gorka Martínez BBK Banku Fundazioaren zuzendari nagusiak Bizkaian azokak eta merkatuak antolatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Foru Jauregian. Foru Aldundiko Nekazaritza Sailarentzat, zuzeneko salmentak mesede egiten dio kalitate-bereizgarriak promozionatzeko eta nekazaritzako errentak handitzeko helburu bikoitzari. BBK Fundazioak lehenengo sektorea babestu nahi du orokorrean, baita azokak eta merkatuak ere, batez ere saltokiak jarriz. Eudelen ustez, berebizikoa da azokek eta merkatuek produktuen osasun, kalitate eta jatorrizko bermeak izatea, nekazaritzaren administrazio sektorialaren eta Bizkaiko udalerrien helburuak bateratu eta erakunde antolatzaileak izan daitezen.

Hitzarmen honekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak kalitate-bereizgarrietara batu diren ekoizleen zerrenda egingo du. Liburuxka bat ere egingo du kontsumitzaileentzat, zuzenean edo Bizkaiko Landa Garapen Elkarteen Federazioarekin (Bizkaimendi) lankidetzan.

BBK Fundazioak, aldiz, antolatzen eta babesten laguntzeko konpromisoa hartu du, baita saltokiak jartzekoa ere.

Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) lankidetza-hitzarmenetik eratorritako agiri eta akordio guztiak Bizkaiko udalen artean zabaltzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu du.

Nekazaritzako produktuak saltzen dituzten ekoizleen zentsua

Merkatu eta  azoka tradizionaletan nekazaritzako produktuak eta elikagaiak saltzen dituzten ekoizleen zentsua sortzeari gehituko zaion neurria da hau. Duela gutxi Gobernu Kontseiluak onetsitako Foru Dekretuaren bidez araututako foru ekimena da. Hemendik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko merkatu eta azoka tradizionaletan Euskadiko nekazaritzako produktuak eta elikagaiak saltzen dituzten ekoizleak zentzuan argi eta garbi identifikatuta egon beharko dira.

Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Elikagaien Industriaren Zuzendaritzak ekitaldi bakoitzerako argitaratutako zerrendan edota Nekazaritza Sailak egindakoan ageri diren eta Bizkaian egiten diren tokiko nekazal merkatu eta azoka tradizional guztietan izena emanda daudela egiaztatu ahalko dute ekoizle horiek, baita udalek beren eskumenen baitan aplikatzeko eskatzen duten zerrendetan ageri direnetan ere. Hori guztia udaletxeek tokiko merkatu eta azoka tradizionalak eta oro har merkataritza ezarri, arautu, zaindu eta kontrolatzeko dituzten eskumenei kalterik egin gabe.

Onetsitako zentsuaren helburua ekoizleen inbentario eguneratua eskaintzea da, eta horien inguruko informazio eguneratua izatea. Nekazaritza Foru Sailari dagokio zentsuan izena emateko ezarritako betekizunak errespetatzen direla kontrolatzea. Era berean, saltzailearen inskripzioa ondo ikus daitekeen leku batean agertu beharko da, eta saltzen duen produktu bakoitzaren kasuan sortutako bereizgarria ere agertu beharko da.

Beste urte batez, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzatik 2015 urtean bide-segurtasunari buruzko kanpaina 2.000 biztaletik beherako udalerrietara eta herritarrei hurbiltzeko aukera dagoela jakinarazi dio EUDELi, eta informazio hau zuen udalerriarentzat baliogarria izan daitekeela uste dugu.

Aurten, 12 udalerri izango dira ekimen honen onuradunak eta euren interesen arabera aukera hauetako bat hautatu ahal izango dutenak:

  • Bide-segurtasunari buruzko informazioa eta materiala duen trafikoko autobusa udalerrira hurbiltzea, azokak, erromeriak, jaiegunak edo bestelakoak aprobetxatuz. Herritar guztiei orokorrean zuzenduta.
  • Ikastetxea duten udalerrietan bide-segurtasunari buruzko sentsibilizazio saio bat egitea, trafikoko autobusa ikastetxearen ingurura eramanez neska-mutikoak eskolatik irteten diren orduan. Gurasoei eta adin txikikoei zuzenduta.
Zuen udalak aukera horietako batean interesa baldin badauka, erantzun posta elektroniko honetara martxoaren 26a baino lehen  hurrengo datuekin: gai honetarako udaleko kontaktuaren izena eta telefonoa, hautatutako aukera, baita autobusa zuen udalerrira joatea nahiko zenuketen data ere.
*Lehenengo 12 eskariak baino ez dira kontuan hartuko.
*Eskariei arreta jarriko zaie sarrera-ordenari zehatz jarraituz.

Aurreko urteetan bezala, EUDEL eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren artean elkarlanerako Hitzarmena sinatu da, enplegua eta ekonomia sustatzeko politikak Bizkaiko lurralde mailan artikulatzeko (Behargintza Zentroak).

Hitzarmen berri hau 2016ko otsailaren 29an bukatzen da, eta gogoratu nahi dizuegu, eskualdeko jarduerak betearazteko proiektuak aurkezteko epea apirilaren 16an bukatzen dela.

Hitzarmen horren bidez  foru erakundeak 725.000 euro jarri ditu  Bizkaiko eskualde guztietan jarduten duten enplegurako eta garapenerako 21 zentroak kudeatzeko.

EUDELek eta Ekonomia Sustatzeko Sailaren ustez Behargintzak toki mailan enplegua kudeatzeko eta  ekonomia sustatzeko formularik egokienak dira, lehiakortasuna hobetuz,  eskualdearen potentzialtasun ekonomikoa aprobetxatuz eta, azken finean, enplegua hobetuz eta sortuz.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDEL, Euskadiko Udalen Elkarteak, horien kudeaketa sustatzen jarraitu nahi dute, zertarako-eta euren ahaleginak biltzeko eta enpleguan eta toki mailako egitura horien garapenean laguntzeko.

Bilboko Arriaga antzokiaren aurreko plazan, 19:00etan, astelehenean, martxoak 9, desagertutako personak gogoratzeko kontzentrazioa egingo da, Hodei Egiluz galdakoztarra oroitzapenean izango dala, 2013ko urrian bere barri galdu eta gero.

Kontzentrazio hau “Itxuraz arrazoi barik desagertu diranen eguna”ren ospakizunagaz batera egingo da. Kontzentrazioa hamar minutuz isilean izango da, eta bertan komunikadu bat be irakurriko da.

Holan aldarrikatu gura da persona desagertuek eskubidea daukiela bilatuak izateko eta horri buruzko protokolo instituzionalak eskatzeko, batez be Europar Batasunaren mailan.

  • 2014ko urrian egindako Etxegabeen zenbaketan partaide izan dira, hiru hiriburuez gain, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste zazpi udalerri. Zenbaketan partaide diren udalerri horiek guztiek EAEko biztanleriaren %55 osatzen dute.
  • Zenbaketan partaide izan dira 780 boluntario, eta lankidetzan burutu dute Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak; hiru Foru Aldundiek; Barakaldo, Bilbo, Donostia, Getxo, Irun, Laudio, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko Udalek; eta Euskal Udalen Elkarteak (EUDEL).
  • Bizitegi-bazterketa larria pairatzen duten pertsonen zenbaketa globalki berean mantendu arren, hazten ari da Donostian kalean lo egiten duten pertsonen zenbaketa, eta gutxitu egin da egoera hori bizi dutenen zenbaketa Gasteiz eta Bilbon.
  • Guztira, 1.500 pertsona baino gehiagok erabiltzen dituzte Euskadiko bizitegi-bazterketa larrirako prest dauden baliabideak. Horiei gehitu behar zaizkie kalean edo beste leku batzuetan aurkitu diren beste 323 pertsona (autoak, gune publikoak, etab.).

2012an Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalek –hiru Foru Aldundiekin bat eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren lankidetzan– burutu zuten berauen udalerri propietan bizitegi-bazterketa larria pairatzen zuten pertsonen lehenengo zenbaketa, aurretik Bilboko Udalak eta Kale Gorrian Lan Taldeak garaturiko ekimenei jarraipena emanaz (horren partaide dira, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaz gain, zenbait gizarte-erakunde). 2014ko urrian berriz burutu zen etxegabeen zenbaketa bateratuaren esperientzia hori, eta ekimen horri heldu zioten ondorengo zazpi euskal udalerriek: Santurtzi, Sestao, Irun, Portugalete, Laudio, Getxo eta Barakaldo. Honela, zenbaketa burutu zen biztanle gehien dituzten hamar euskal udalerrietan, eta bertan bizi da gutxi gorabehera EAEko biztanleriaren %53.

Ondorengo helburu bikoitza du xede zenbaketa horrek: batetik, kuantifikatu nahi da bizitegi-bazterketa larria pairatzen duen pertsonen zenbaketa, horren neurri gisara gau zehatz bat hartuz (2014ko urriaren 29a); bestetik, ezagutu eta aztertu nahi da pertsona horien egoera eta ezaugarriak ondorengo arlo hauetan: egoera administratiboa, hezkuntza-maila, jarduera eta diru-sarrerak, gizarte- eta familia-harremanak, osasun-egoera, bizitegiaren ibilbidea, droga-kontsumoa, eta zerbitzu eta prestazio sozialen erabilera, eskaria eta balorazioa egitea. Azterlan honetako esparruan, kontuan hartzen dira bizitegi-bazterketa larria pairatzen duten ondorengo bi kolektibo desberdin hauek:

  • Gau horretan zenbaketa egin zen hamar udalerrietan (Barakaldo, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Getxo, Irun, Laudio, Portugalete, Santurtzi eta Sestao) kalean lo egin zuten pertsonak.
  • Gaua hiru lurraldeetako gizarte zerbitzu eta zentroetan igaro zuten pertsonak (bizitegi bazterketa pairatzen duten pertsonei laguntzen dieten zerbitzuak).

Emaitzen aurrepenaren arabera, bizitegi-bazterketa larria oairatzen duten 1.836 pertsona identifikatu dira zenbaketa horretan, eta horietatik 323 aurkitu zituzten kalean, eta 1.513 pertsonek ostatu hartu zuten gizarte-zerbitzuetako baliabideetan (aterpe, egoitza, etxebizitzak, etab.). 1.836 pertsona horietatik 297 (%16) identifikatu zituzten Araban, 904 Bizkaian (%49) eta 635 Gipuzkoan (%34).