Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Gaurtik, martxoaren 3tik, “.EUS” domeinua herri-erakundeen webguneen eta posta elektronikoen izen ofizialarekin erregistratzea eskatzeko epearen azken epealdia hasiko da.

Herri-erakunde bakoitzari dagokion izenarekin domeinua erregistratutakoan, herri-erakunde horiek bakoitzaren domeinuaren jabe bakarra izango da. Gainera, berehala edo, aukeran, geroago erabiltzen hasteko modua izango dute, egoki deritzoten bezala.

2014tik Euskadiko beste herri-erakunde batzuek haien webguneak aldatu dituzte .eus domeinura. Esate baterako, hala egin dute EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak edo Eusko Jaurlaritzak berak, ildo horretan 2014ko uztailaren 29an egindako Gobernu Kontseiluan hartutako erabakian oinarrituta.

Nola erregistratzen da domeinua?

“.EUS” domeinua erregistratzeko zerbitzu informatikoen betiko hornitzailearengana jo behar duzu edo, aukeran, hurrengo webgunean eskura dauden erregistratzaileen berri eduki dezakezu:

Zer gertatzen da erregistroa egin ezean?

Ezarritako epean domeinua erregistratu ezean, Interneteko edozein erabiltzailek erregistratu ahal izango du eta nahi duenerako erabili. PuntuEUS Fundazioaren eskumenetatik kanpo dago domeinu-izen hori blokeatzeko edo berreskuratzeko aukera.

Domeinua eskatzeari buruzko informazio gehiago edukitzeko, PuntuEUS Fundazioaren gutuna erantsita bidaltzen dizuegu. Erakunde horrek .EUS domeinua egiaztatzeko eta kudeatzeko ardura dauka.

Informazio gehiago lortzeko jarri harremanetan Fundazio horrekin:

teléfono 943.085.051 / info@domeinuak.eus

Otsailaren 27an, gaixotasun arraroen Nazioarteko Eguna (otsailak 28) ospatzearekin batera, Eusko Legebiltzarrak aho batez bat egin du EAEko FEDERrekin (Gaixotasun Arraroak Jotakoen Federazioarekin) lan egiteko konpromisoa berresten duen adierazpen instituzionalarekin.

EAEko FEDERen lana

FEDERen webgune ofizialaren informazioa: www.federpaisvasco.org

EAEko FEDER Gaixotasun Arraroen Federazioaren ordezkaritza da. Federazio horren xedea Gaixotasun Arraroen garrantzia eta herritarrengan duten eragina erakustea da, eragindako pertsonak eta haien familiak gizarteratzeko asmoz. Hala, Euskadin duten bizi-kalitatea hobetuko da.

Ez ohiko gaixotasunak 10.000 herritarretik 5engan baino gutxiagorengan eragina dutenak dira. Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, Euskadin, 40.000 lagun daude zuzenean eraginda eta 150.000 baino gehiago zeharka. EAEko FEDERek pertsona guzti horien alde lan egiten du, laguntza eta orientabidea, baliabide, prestazio eta laguntzei buruzko informazioa eta desgaitasunari lotutako gaiei buruzko orientabidea eskainita.

Gaur goizean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuen Udal sareko topaketa berri bat egon da, eta oraingo honetan herritarrak ardatz dituen zerbitzuak berdiseinatzeko ikuspegi berritzailea hizpide izan dute. Bilboko EUDELeko egoitzan dibulgaziozko hitzaldia egon da ‘The Young Foundation’ britainiar aholkularitzako Rowena Young adituaren eskutik. Arlo publikoaren berrikuntzari dagokionez, Europan arrakasta izandako joera eta praktikak aurkeztu dizkie udal arduradunei. Azalpena amaitutakoan, tailer teknikoa (worklab) eskaini dute, taldeka antolatuta. Bertan, parte-hartzaileek praktikan jarri dituzte hainbat teknika eta metodologia herritarren ikuspegiaren araberako zerbitzua birdiseinatzeko asmoz.

Beste berriak:

Nondik gatozen

Euskal Udalerriek herritarrekiko harremanetan sakontzeko duten interesari erantzuteko asmoz, 2012an EUDELek Herritarrentzako Arreta Zerbitzua duten Euskadiko Udalen SAREA eratu zuen.

Gaur egun, Sarean Herritarrentzako Arreta Zerbitzua duten 5.000 herritar baino gehiagoko 24 udal daude.

Sarearen esparruan, 2014ko amaieran hiru Udal berrik (Abanto-Zierbena, Etxebarri eta Galdakao) Herritarrentzako Arreta Zerbitzua ireki dute hurrengo izena duen programan parte hartu ostean: PRESTAKUNTZA ETA LAGUNTZA, HERRITARRENTZAKO ARRETA ZERBITZUAK EUSKAL UDALETAN EZARTZEKO PROZESUAK GARATZEKO (EUDEL-HAEE/IVAP). Laster beste bat sartuko da: Gernika.

Gainera, otsailaren bigarren astean amaitu berri da laguntza barne duen HAZei buruzko prestakuntza-programa horren edizio berria. Bigarren edizio honetan, hurrengo hilabeteetan haien HAZ irekiko duten beste 6 udalek parte hartu dute: Elorrio, Gueñes, Ortuella, Trapagaran, Zumaia eta Zarautz.

Hori lankidetzari eta elkarrengandik ikasteari esker egin ahal izan dugu. SAREKO udal batzuen (Urnieta, Arrigorriaga, Ermua, Irun eta Zalla) lankidetza aktiboaren barruan, HAZ ipini nahi izan duten udalei prozesuan lagundu dute (instalakuntzak bisitatzea, zalantzak argitzea, etab.).

HAZen ESTRATEGIA

Orain arte, Udalek Herritarrentzako Arreta Zerbitzua -HAZ- oso-osorik ipini dezaten ahalegindu da EUDEL: erabilterrazagoa, erakargarriagoa eta herritarrentzat “atseginagoa”, udalaren atari gisa.

Baina bide horretan oraindik zati handia ibili behar dugu. 5.000 herritar baino gehiagoko 70 udalerrietatik 25ek HAZ dute eta laster beste 7 udaletan irekitzeko asmoa dago.

Herri-erakunde, Segurtasun eta Justiziako Legebiltzarreko Batzordearen aurrean Legebiltzarrean tramitatzeko prozesuan legebiltzarreko taldeek eskatutako (14) agerraldiak burutu dira. Ondoren, legebiltzarreko taldeek emendakinak aurkezteko epea hasi da (2015/02/13). Araudiari jarraiki, epe hori 15 egunekoa da. Emendakinak haien izaeraren arabera onartuko dira (emendakin osoak izanez gero edo kreditua handitzea eskatzen badute), Legebiltzarreko Osoko Bilkuran eztabaidatu baino lehen.

  • 2015eko otsailak 13. Udal legearen proiekturako emendakinak egiteko epea Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

EUDELeko agerraldiak

  • 2015eko otsailak 10. EUDELeko Lehenengo Lehendakariordearen agerraldia, Batzordeak eskatuta, Euskal Sozialistak taldeak egindako eskaerari erantzunez, Euskadiko udal legearen proiektuaren berri eman dezan.
  • 2015eko otsailak 11. EUDELeko Lehendakariaren agerraldia, Batzordeak eskatuta, Euskadiko Popularrak taldeak egindako eskaerari erantzunez, Euskadiko udal legearen proiektuaren berri eman dezan.

Martxoak 25 eta urriak 20

On-line izena emateko epea hasi da: www.eudel.eus

Mintegi-Tailer berrian izena emateko deialdia. EUDELek antolatu du eta, haren bidez, arlo juridiko-instituzionaleko araudiaren, jurisprudentziaren eta dokumentuen eguneraketa jorratu nahi da Arabako lurralde historikoaren 5.000 herritar baino gutxiagoko tokiko herri-erakundeetan.

Mintegia (guztira 6 ordu) 2 saioz osatuta dago: martxoaren 25ean eta urriaren 20an, 10:00etatik 13:00ak arte (bakoitza 3 ordukoa da). Mintegia egingo den lekua zehaztu barik dago eta eskariari erantzuteko jarlekuen araberakoa izango da.

Rafael Jimenez Asensio jaunak (UPFeko Aholkularia/Irakaslea) zuzenduko du mintegia.

Izena emateko aukera egongo da martxoaren 5era arte EUDELeko webgunearen bitartez:

esteka: www.eudel.eus

2014ko Udalen Gardentasun Indizea (UGI) argitaratu da, Espainiako Nazioarteko Gardentasun erakundeak egindakoa. Indize honetan, Gardentasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sareko hainbat kideak lehendik zuten lekua sendotu edo hobetu dute. Transparency International erakundearen Espainiako atala 2008az geroztik egiten ibili da aipatutako indize hori. UGIren bosgarren edizio honetan (2014), Espainiako 110 udal handienen gardentasuna ebaluatu dute, 80 adierazleren bitartez.

Zehazki, sareko kide diren udaletako hiruk –Bilbok, Getxok eta Gasteizekpuntuazio gorena eskuratu dute (ehun puntutik ehun) Transparency Internationalen Espainiako atalak egindako Udal Gardentasun Indizearen bosgarren edizioan (2014). Gardentasun Sarean parte hartu dute, orobat, Barakaldoko eta Donostiako udalek. Lehenengoak 92,5 puntu lortu ditu, eta bigarrenak, berriz, 98,8, eta horiek izan dira, hain zuzen, sailkapeneko puntuaziorik altuenetakoak.

UGI tokiko gobernuen gardentasun-maila neurtzeko tresna da eta, besteak beste, EUDELeko Gardentasunaren aldeko Sarearen erreferentzia nagusietakoa izanik, bere lan-metodologia prestatzeko orduan.

Gardentasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarea 2013ko urtarrilean sortu zen EUDELen barruan, erreferente ziren udalen talde pilotu batekin. Gaur egun, 31 udal eta mankomunitate 1 (Txorierri) agertzen dira sareko kide aktibo gisa Udal Gardentasunaren aldeko lanean. Sarean arlo teknikoan zein politikoan egindako lanari esker, bi urtetan gardentasunean batera aurre egiteko estrategia sendotu da euskal udalerrien artean.

2014ko UGI sailkapeneko emaitzak:

http://www.transparencia.org.es/ITA_2014/INDICE_ITA_2014.htm

EKINTZEN BALANTZEA

Sarearen barruan egindako elkarlanari esker, Udal Gardentasunean aurrera egiteko gogoa zuten udaletarako material baliagarria sortu zuten. Honako hauek egin zituzten, besteak beste: gardentasunerako Kudeaketa-adierazleak jasotzen dituen gida, udalen antolamendurako barneko lana errazteko; 80 praktika on, EAEko eta Espainiako udalerrietan sortuak; eta 26 txantiloi-eredu, Gardentasunaren atarietan udal informazioa argitaratzeko, besteak beste, honako arlo hauei buruzkoa:

  • Ordezkari politiko eta aldi baterako langileei buruzko informazioa
  • Udal langileria eta antolabidea
  • Informazio ekonomiko-finantzarioa
  • Udal kontratazioa
  • Udal laguntzak eta diru-laguntzak
  • Izenpetutako hitzarmen eta kudeaketa-mandatuak

Dokumentu guztiak ikusgai daude, hemen:

www.eudel.eus/gardentasuna

Hemendik aurrerako erronkak: euskal udalak prestatzen ari dira ‘Publizitate aktiboan’ aurrera jarraitzeko (Web Atariak) ; bai eta ‘Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea’ betetzearen arloan aurrera egiteko ere.

  • Bizkaiko mankomunitate eta udaletako Berdintasun arloko politikarien eta teknikarien arteko aurrez aurreko topaketa egin da gaur EUDELeko egoitzan Bilbon.
  • Hausnarketarako eta lan parte-hartzaileko tailer batean (workshop), udalak hainbat gairi buruz eztabaidatu dute: hizkuntza eta irudiak, genero-ikuspegiko aurrekontuak, bateratzea eta erantzunkidetasuna, edo sexuaren aldagaia datu publikoetan.
  • Udalerri txikiek eta handiek Bizkaian egindako tokiko esperientzien eta praktika onen berri emango diete elkarri.
  • ‘Berdinbidean Bizkaia’ programa 2011n sortu zen, eta babeserako tresna instituzional gisa sendotu da, udalerri txikietan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko politikak abiarazteko orduan.

Bilbon, 2015eko urtarrilaren 29an. Berdintasun arloko hainbat teknikari eta politikari elkartu dira gaur EUDELen Bilboko egoitzan, ‘Berdinbidean Bizkaia’ sarea osatzen duten udal eta mankomunitate guztien arteko lan-topaketan parte hartzeko, udalerri txikietako berdintasun arloko tokiko politikak sustatu eta garatzeko asmoz. Gaur egun, sarea oso zabala da, eta bertan bilduta daude Bizkaiko udalerri txiki guztiak (5.000 biztanletik beherako 79 udalerri) eta 7 mankomunitate.

Gaur goizeko jardunaldi-irekieran, 50 parte-hartzaile baino gehiago bertan zirelarik, hiru erakundeetako ordezkariak egon dira jardunaldiaren irekieran: Ibon Uribe, Galdakaoko alkate eta Eudelen Batzorde Eragileko Berdintasun Saileko ordezkaria; Izaskun Landaida, Emakunderen zuzendaria; eta Xabier Legarreta, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria.

‘Berdinbidean Bizkaia’ programa 2011tik dago martxan, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak bultzatuta eta Eudelen koordinazio teknikoarekin, tokiko ekimenak dinamizatzen dituen Berdinsarea udalerrien Saretik. Emakundek programako ekintzen errefortzu gisa ere kolaboratzen du, Araba eta Gipuzkoako udalerri txikietara ere iristen den ‘Berdinbidean Ekintzak’ hitzarmenaren bitartez.

Hiru euskal erakundeen arteko lankidetzari esker, lan-sare egonkorra eta kontsultarako eta aholkularitzarako zerbitzu iraunkorra sendotu ahal izan da Bizkaian, eta udal txikiek etekina ateratzen diote horri, ez dutelako baliabide nahikorik eta babes teknikoa behar dutelako Berdintasun arloko lanerako. ‘Berdinbidean Bizkaia’ ekimenari esker, sinergiak sor ditzakete, eta ahaleginak ere elkartu ditzakete, Berdintasun arloko ekintza bateratuak egiteko eta, ondorioz, udalerri horietako bizilagun guztiei on egiteko.

Era berean, gaur goizean egiten ari diren topaketak Bizkaiko udal handi eta txikien arteko lotura sendotu nahi du; horrela, azken 4 urte hauetan (programa ordutik baitago martxan Bizkaian) lortu diren tokiko esperientziak eta praktika onak elkartrukatzeko espazioa ahalbidetzen da. Horretarako, bertaratutakoek taldeka eztabaidatu dituzte denei interesatzen zaizkien hainbat gai; esate baterako, genero-ikuspegiko aurrekontuak, hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-baztertzailea, bateratzea eta erantzunkidetasuna, edota sexuaren aldagaia sartzea datu publikoak jaso eta aztertzeko prozesuetan.

Jardunaldiaren amaieran lortutako ondorioei esker, “Berdinbidean Bizkaia” ekimenetik erantzun daitezkeen gaur egungo beharrizanak eta etorkizuneko erronkak identifikatu ahal izango dira. Eta hori guztiori, lurralde mailako estrategia bateratuari forma ematen jarraitu ahal izateko, eta Bizkaiko udalerrietan (edozein direla ere bertako populazioa eta baliabideak) emakumeen eta gizonen arteko Berdintasuna inplementatzeko

Sarearen azken lan-saioan gogora ekarri genuenez, duela gutxi EUDEL Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren (DBEB) Zuzendaritzarekin batzartu zen, jendaurreko informazioa eskuratzeko eskubideari buruz egindako azken jarduera hobeto ezagutzeko.

Ildo honetan, DBEBk informazioa eskuratzeari, gardentasunari eta datuen babesari lotutako 31 irizpeneko sorta bat prestatu duela jakinarazi nahi diegu Sareko kide guztiei. Bilduma horrek Bulegoaren doktrina dakar, 2004 eta 2014 bitartean ateratako irizpenen bitartez. Gainera, arlo horretan aurrera jo nahi duten Euskal Udalentzat erabilgarria izan daiteke.

DBEBren webgunean ipinitako dokumenturako esteka:

Informazioa, gardentasuna eta datuen babesa.

GARDENTSUNAREN ALDEKO EUSKADIKO UDALEN SAREA

www.eudel.eus/gardentasuna