Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

EUDEL eta IVAPen arteko lankidetzako akordio-markuan, eta HAZI, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko Saila eta EVEren partaidetzarekin, ondoren aipatzen diren jardunaldiak antolatu dira: “Aukera energetikoak eraikin publikoetan: Biomasa”

Jardunaldiak, lurralde historikoko udaletan arduradun politikoei eta teknikariei daude zuzenduak, eta bertaratuek ez dute ezer ordaindu beharko, dohainik da.

Lurralde bakoitzean ikastaroaren edizio bat burutuko da, eta honenbestez, aukera eman nahi dizugu batera edo bestera joateko. Jardunaldiak ondorengo lurralde eta egunetan izango dira:

  • Araba: Maiatzak 9
  • Gipuzkoa: Maiatzak 23
  • Bizkaia: Ekainak 6

Izen ematea

Jardunaldiaren hiru edizioetarako batera bertaratzeko asmoa baduzu, mesedez bidali eskaera, garbi adieraziz zeinetara etorriko zaren, maiatzak 6a baino lehenago. Helbide elektroniko honetara bidali beharko duzu eskaera:

miriam-berasategi@ivap.es

Argibideren bat behar baduzu, harremanetan jarri telefono zenbaki honetan: 945 017 653

 

Bilbon, 2014ko apirilaren 10ean. Argitalpen honen bidez, udalen jendaurreko erantzuna erraztu eta hobetu nahi da, indarkeria matxistako eraso edo hilketa bat ematen denerako. Kasu hauek hedabideetara erraz heltzen dira, gertatu direneko udaletan inpaktua eta alarma sorrarazita. Iturri ofizial nagusi gisa, politikaria bereziki arazotsua den informazioa zabaltzeko eta bere mezuak ondo hautatzeko erronkaren eta erantzukizunaren aurrean dago, indarkeria matxistaren aurrean gaitzespenaren gizarte-kultura sortzeko.

Eginkizun horretan laguntzeko eta gidaliburua gauzatzeko asmoz, EUDELek gaur Durangon prestakuntzako tailerra antolatu du hiru lurralde historikoetako hogeita hamar bat alkate zein Berdintasuneko zinegotzirekin. Saioaren irekiera Ibon Uribe Galdakaoko Alkatearen esku egon da, EUDELeko Berdintasuneko ordezkari gisa. Tailerra dinamizatzeko Norma Vázquez egon da, indarkeria matxistaren alorreko aholkulari aditua.

EUDELek “Indarkeria matxista ematen denerako jendaurreko jarduerarako gomendioak” izenburupeko gidaliburua landu du, Emakunderekin lankidetzan, Berdinsarera udalen sarearen esparruan.

Politikarientzako gomendioak

  • Herri-erakundeen adierazpenak prestatzea.
  • Emakumeen elkarteekin elkarretaratzeak deitzeko prozedurak.
  • Biktimarekiko eta bere ingurunearekiko harremana: intimitatea gordetzeko eskubidearen babesa, batez ere adingabea denean, atentzio eta babeserako baliabideak antolatzea, laguntza…
  • Hedabideekiko harremana: mezuen eta erantzuteko denboraren hautaketa, kasuari buruzko datuak zabaltzea (gertakizunaren lekua, erasotzailearen soslaia, etab.).

EUDELek udalen esku jartzen du UDALA aldizkariaren edizio berria.

Zenbakiaren izenburua “Euskal udalen egoera ekonomikoa 2014an” da, eta, bertan, otsailean izandako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileraren eta martxoan izandako Finantzen Lurralde Kontseiluen bileren ondoren lortutako Udal Finantzaketarako Foru Funtsei buruzko lurraldekako banantze-datuak daude bilduta.

Argitalpen berezi honekin, EUDELek Euskal Toki erakundei aldizkako informazioa eskaintzeko konpromisoari erantzuten dio, betiere, kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontu-kudeaketaren arloko lana errazteko.

Hona hemen 2013ko Udal Berrikuntzako Agendak sustatzeko prozesuari buruzko ebaluazioaren emaitzak eta ondorioak dakartzan txostena.

Analisia aberasteko, aztertutako alderdi ugari 2009-2013 aldian sustatutako Berrikuntzako 41 Agendenekin alderatu dira, besteak beste, Udalarenak.

Udal berrikuntzarako agenda burutzen ari diren udalerrietako bizilagunei emandako zerbitzuak eguneratzeko eta hobetzeko konpromisoa eta lana aitortu nahi ditu EUDELek. Ildo horretan, EUDELek bide horretan sakontzeko asmo irmoa berretsi nahi du.

Jarraian, 2013ko txostenaren ondorio nagusietako hamar aurreratzen dira:

  1. 2013an lagundutako 8 Agendetan 35 proiektu gehitu dira, hau da, 4,4 proiektu Agenda bakoitzeko.
  2. Kudeaketa-sistematikak ezartzea xede duten proiektuak dira bereizgarrienak (11 proiektu), eta ondotik datoz prozesuen sinplifikazioa eta kudeaketa helburu dutenak (10 proiektu) eta herritarrentzako arretan aurrera egin nahi dutenak (4 proiektua).
  3. Agenden osaketak argi utzi du, parte hartu duten udalen interesgune nagusia antolakuntza indartzea dela.
  4. 122 pertsonaren parte-hartzea sustatu zuten; horietatik 21ek profil politikoa dute, 99k profil teknikoa eta 2 pertsonak zerbitzuak ematen dituzte sozietate publikoetan.
  5. Agenda bakoitzean 15 pertsonak parte hartu dute
  6. Prozesuaren iraupena (3 hilabete) gehienbat laburtzat jo da.
  7. Aurreikuspenen betetze-maila handia izan da. Parte hartu duten udalen %100ak erabilgarri deritzote garatutako TBAri eta beste udalei ere gomendatuko liekete.
  8. Partaidetza politiko eta teknikoa tarteko duten lankidetzazko lan-esparruak garatzea.
  9. Udalen %60k Agenda Udalbatzarraren aurrean aurkeztuko dute; gainontzeko %40ek Informazio Batzordearen aurrean.
  10. Ekarpen esanguratsuenak: “Sailen arteko harremana hobetzea”; “Proiektu egingarrien zehaztapena”; “Lan-prozesua epe luzeagora zehaztea”; “Aldatu beharraren pertzepzioa handitzea”.

 

 

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua (CMRE) toki eta eskualde mailako administrazioen elkarterik antzinakoena eta handiena da Europan. 41 herrialdetako toki eta eskualde mailako agintarien elkarte nazionalak biltzen dituen erakunde bakarra da, eta, horien bitartez, lurralde-maila guztiak ordezkatzen ditu: tokikoa, bitartekoa eta eskualdekoa.

1951n sortu zenetik, CMREk Europa batuagoa, baketsuagoa eta demokratikoagoa eraiki nahi du, tokiko autogobernuan oinarrituta eta subsidiariotasun printzipioa zein herritarren partaidetza errespetatuta.

    “Europako Parlamentuko kideak herritarrek aukeratzen dituzte zuzenean, eta instituzio hori da, hain zuzen ere, Europar Batasunean hala jokatzen duen bakarra. Europako Parlamentuak onartzen dituen zuzentarauen %70 inguru toki eta eskualde mailan aplikatzen dira, eta herritarrentzat funtsezkoak diren esfera politiko eta zerbitzu ugaritan izaten dute eragina. Beraz, 2014ko hauteskundeak aukera aparta dira Europaren etorkizunari buruzko eztabaida publikoa sustatzeko gobernu-esferen eta herritarren artean.”

Annemarie Jorritsma Almereko alkatea, CMREko presidentea

CMREren kide diren 57 sekzio eta elkartetako ordezkari hautetsiek aho batez onartu zuten manifestu hau Pragan, 2013ko abenduaren 3an.

9 mezu Europa biziberritzeko

  • Gazteen enpleguari lehentasuna ematen jarraitzea. Manifestuko 1. puntua, 11. orrialdea.
  • Egiturazko funtsen betearazpena zaintzea, lurraldearen kohesioa hobetzeko, batez ere elkartze-printzipioa eta Jarrera Kodea aplikatuz. Manifestuko 2. puntua, 13. orrialdea.
  • Araudi arin eta sinpleagoari lehentasuna ematea. Sarrera, 9. orrialdea.
  • Subsidiariotasun eta proportzionaltasun printzipioak errespetatzea. Manifestuko 3. puntua, 14. orrialdea.
  • 2030. urtea baino lehen, energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa garatzeko eta berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko helburu handinahiak finkatzea. Manifestuko 4. puntua, 16. orrialdea.
  • Europa Programaren aurrekontua herritarrekin handitzea, Europar Batasuneko herritarren jabekuntza sustatzeko asmoz. Manifestuko 5, 6 eta 7. puntuak; 18, 20 eta 21. orrialdeak.
  • Europar Batasunaren zilegitasun demokratikoa eta integrazio handiagoa defendatzea, eta Europar Batasuneko Oinarrizko Legea idazteko hitzarmena proposatzea. Manifestuko 8. puntua, 22. orrialdea.
  • Europar Batasunaren zabalkundea babestea eta negoziazio-prozesuan toki eta eskualde mailako agintari guztien inplikazio handiagoa sustatzea. Manifestuko 9. puntua, 23. orrialdea.
  • Ikuspuntu integratu eta globalak ahalbidetzea. Manifestuko 10. puntua, 24. orrialdea.

 

 

Otsailaren 27an, gaixotasun arraroen Nazioarteko Eguna ospatzearekin batera, Eusko Legebiltzarrak aho batez bat egin zuen EAEko FEDERrekin (Gaixotasun Arraroak Jotakoen Federazioarekin) lan egiteko konpromisoa berresten duen adierazpen instituzionalarekin.

Eusko Legebiltzarreko Adierazpen instituzionaletik ateratako konpromisoa:

“Eusko Legebiltzarrak bere babesa adierazten die eragindako pertsona guztiei eta Federri Gaixotasun Arraroen Munduko Egunean, eta inplikatu egiten da 2014. urte honetarako 14 proposamenen bidez planteatu diren helburuak lortzeko, oso ohikoa ez den gaixotasunen batek eragindako pertsonen osasun- eta gizarte-eskubideen babesari eutsiz.”

EAEko FEDERek egindako lana sustatzeko asmoz, EUDELeko Batzorde Eragileak 2014ko martxoaren 20an egindako bileran aipatu Adierazpenarekin bat egiteko eta Euskadiko Udalen artean zabaltzeko erabakia hartu zuen. Hala, udal gobernuek haren berri eduki eta aintzat hartzeko aukera izango dute, betiere udal autonomiari zor zaion begirune osoa gordeta.

EAEko FEDERen lana

FEDERen webgune ofizialaren informazioa: www.federpaisvasco.org

EAEko FEDER Gaixotasun Arraroen Federazioaren ordezkaritza da. Federazio horren xedea Gaixotasun Arraroen garrantzia eta herritarrengan duten eragina erakustea da, eragindako pertsonak eta haien familiak gizarteratzeko asmoz. Hala, Euskadin duten bizi-kalitatea hobetuko da.

Ez ohiko gaixotasunak 10.000 herritarretik 5engan baino gutxiagorengan eragina dutenak dira. Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, Euskadin, 40.000 lagun daude zuzenean eraginda eta 150.000 baino gehiago zeharka. EAEko FEDERek pertsona guzti horien alde lan egiten du, laguntza eta orientabidea, baliabide, prestazio eta laguntzei buruzko informazioa eta desgaitasunari lotutako gaiei buruzko orientabidea eskainita.

Bilbon, 2014ko martxoaren 27an. EUDELek Euskadiko Udal Kontseiluaren laneko lehenengo bileran parte hartu du. Martxoaren 27an, ostegunean egin zuten, eta bertan herri-erakundeetako hiru mailak egon ziren (Gobernua, Foru Aldundiak eta euskal Udalak), etorkizuneko Euskadiko Udal Legea eta Tokiko Administrazioa Arrazionalizaziorako eta Iraunkortasunerako Legeak ekarriko dituen eraginak jorratzeko asmoz.

Lehendakaria bera topaketa honetan egon da. Bertan, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta EUDELek lan-talde murritzagoa osatzea adostu dute, Batzorde Eragileak koordinatuta, Kongresuan onartutako Legean zehaztutako berehalako erronkak argitzeko eta haiei erantzuteko asmoz. Bilera horren ostean, zazpi lagunez osatutako taldea eratuko da: Gobernuko kide bi, EUDELeko bi eta Foru Aldundi bakoitzeko bana.

Euskadiko Udalen Kontseilua EUDELek deitu du eta Udalen Elkartearen lehenengo bilera honetarako ordezkaritza anitza izendatu dute, Euskadiko udaletan dauden alderdi eta sentsibilitate guztietako ordezkariez osatuta.

EUDELen izenean Batzorde Eragileko hiru kideak egon ziren: Ibone Bengoetxea Lehendakaria, Jose Antonio Santano Lehenengo Lehendakariordea eta Irungo Alkatea eta Aitor Kerejeta Hondarribiako Alkatea. Gainera, Udalen izenean Manu Uriarte Vitoria-Gasteizko zinegotzia, Aitor Abecia, Zanbranako Alkatea eta Eneko Maioz, Orexako Alkatea egon ziren.

Lehenengo topaketa honetan izan zuten xedea Udal Legeari buruzko laneko lehentasunezko ardatzak aztertzea izan zen. Euskadiko udalek epe labur eta ertainean dituzten erronkak aztertu ziren, batik bat, Arrazionalizazio eta Finantza Iraunkortasunerako Legearen berehalako inpaktuen aurrean erantzunak bilatzea.

Euskal Udalen iritziz, Legea inoiz baino beharrezkoagoa da eta Tokiko Erreforma Euskadiko herri-erakundeen berezko esparruari eta bere berezitasunei egokitzeko aparteko aukera osatzen du. EUDELek inplikatu guztien mesedetarako araua lortzeko adostasunak landu ditu, betiere euskal herritar guztien onerako. Hiru lurralde daudenez gero, EUDELek irizpide bateratuak zehazteari egoki deritzo, gure herriaren partekatutako ikuspegi ordenatua helarazteko asmoz, ahalik eta hemogeneoa eta, gainera, tokiko autonomiaren nahiz lurralde bakoitzaren berezitasunen errespetuan.

Udal Legea herri-erakundeen arkitekturaren gailur gisa hartzeari dagokionez, EUDELeko ordezkariei beste herri-erakundeei euskal udalen hiru aldarrikapen historikoak helarazi dizkiete: eskumenen mugapen zehatza; horiek burutzeko finantzak nahikoak izatea eta udalerriek Finantzan Euskal Kontseiluan parte-hartze aktiboa edukitzea; eta, halaber herri-erakundeetako hiru mailen arteko harremana, koordinatzako organo berrien bitartez, esate baterako, Politika Publikoen Kontseilua.

Bileraren gai ordena

  • Etorkizuneko Euskadiko Udal Legean jorratu daitezkeen gai nagusien azterketa.
  • Euskadiko Udal Legearen Aurreproiektua idazteko lanak dauden fasea.
  • Galde-eskeak.

Herri-erakunde bakoitzeko joandakoak:

  • EUDELen izenean: Ibone Bengoetxea, Lehendakaria; Jose Antonio Santano, Irungo Alkate eta Lehenengo Lehendakariordea; Aitor Kerejeta, Hondarribiako Alkatea; Aitor Abecia, Zambranako Alkatea; Eneko Maioz Orexako Alkatea; eta Manuel Uriarte Vitoria-Gasteizko Udalaren Ogasun eta Funtzio Publikoko zinegotzia.
  • Gobernuaren izenean, Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzaren Bozeramailea eta Administrazio Publikoko eta Justiziako Sailburua; Peru Bazako, Herri-erakundeen Harremanen Sailburuordea; Elixabete Etxanobe, Herri-administrazioekiko Harremanetarako Zuzendaria; eta Joseba Alcalde, Ogasun eta Finantza Saileko ordezkaria.
  • Arabako FAren izenean: Aitor Uribesalgo, Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen Foru Ahalduna; eta Javier Ruiz de Arbulo, Tokiko Administrazioko Foru Ahalduna.
  • Bizkaiko FAren izenean: Unai Rementeria, Lehendakaritzako Foru Ahalduna eta Joseba Escribano, Udal Harremanen eta Hirigintzako Zuzendaria.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean: Garbiñe Errekondo, Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko Foru Ahalduna; eta Helena Franco, Ogasun eta Finantzako Foru Ahalduna.

Euskadiko Udal Kontseilua hurrengoek osatzen dute: EUDELen izenean sei lagun; foru aldundien izenean sei lagun (lurralde bakoitzeko bi); eta Eusko Jaurlaritzako sei gehienez.

Organo hau 1994an sortu zen eta herri-erakundeen hiru mailen artean elkar topatzeko, adosteko eta laguntzeko kontsultarako gunea da.