Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

2021etik, EUDELek zerbitzu esklusiboa eskaintzen die euskal udalei, Europako funtsei buruzko informazioaren eta laguntzaren arloan. Gaur egun, zerbitzu hau egonkortu egin da politikarien eta teknikarien 500 harpidetza baino gehiagorekin.

Berritasun gisa, eta udalen eskaerari erantzunez, EUDELek informazioaren estaldura zabaldu du, EAEn eta estatuan finantzaketa-aukera berriak identifikatzeko. Hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta Estatuko administrazio publikoek sustatutako eta toki-erakundeei zuzendutako dirulaguntzen deialdiei buruzko alertak eta fitxa deskribatzaileak jasoko dituzte harpidetutako pertsonek.

Laguntza mota bakoitza bereizteko, alertek identifikazio hau izango dute:

AUKERAK!: EAEko eta Estatuko dirulaguntzen deialdiak.

*Modalitate berria. Alerta bat bidaliko da posta elektronikoz, honako informazioarekin:

Deialdi bakoitzaren FITXA, epea eta deskribapenarekin.

NEXT!: Europako funtsen deialdiak.

*Oraingo zerbitzuari eutsiko zaio, honako informazioarekin:

Deialdi bakoitzaren FITXA, epea eta deskribapenarekin. + NEWSLETTERA (hilabetekaria):

Next deialdien laburpena

OHIKO-GALDERAK (FAQ) ETA LAGUNTZA-DOKUMENTUAK

Next funtsen kudeaketa

 

WEB: https://udalaukerak.eudel.eus/eus

Deialdi aktibo eta material lagungarri guztiak eskuragarri daude zerbitzuaren webgunean

2001etik aurrera EUDELek eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena eduki dute toki erakundeei Onomastika alorrean laguntza emateko, eta 2022an hitzarmena berriztatu egin zen eta gaur egun indarrean dago: EUDEL eta Euskaltzaindia Hitzarmena

Hitzarmenaren xedea EUDELeko toki erakundeei laguntza teknikoa ematea da, batez ere, Onomastika alorrean. Hau da, industrialdeen, auzo berrien, bizitegi-unitateen, natura-guneen, parkeen, atsedenlekuen, zerbitzuguneen, katalogatutako udal-mendien eta abarren leku-izenei buruzko aholkuak ematea, bai eta toki-erakundeok, zeinek bere lurralde-esparruko toponimia-azterketa luze-zabalagoak egiteko, baliatu behar dituzten jarraibide eta irizpide orokorrei buruz ere.

Era berean, udalek hala eskatzen dutenean, onomastika-arloari buruzko etengabeko aholkularitza emango zaie, batez ere, euskal odonimiaren -kale eta antzekoen izenak- arloan, 2019ko udal dekretuak (179/2019 Dekretua, azaroaren 19koa, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera) Akademiaren txostena eskatzen baitu. Laguntza ez da txostenak egitera mugatzen eta tokiko onomastika (izenak, deiturak edo toponimoak) ezagutarazteko lanetan ere laguntzeko prest dago Euskaltzaindia eta, esaterako, hitzaldiak ematen ditu irakaskuntza zentroetan Udalak eskatzen badu.

Udal agintariek edo zerbitzuek gaiari buruzko argibide edota informazio zehatzagoa nahi baldin badute, aski dute Euskaltzaindiaren Onomastika zerbitzuarekin harremanetan jartzea eta bertan jasoko dituzte azalpen eta zehaztapen guztiak. Lanak aurrera ateratzea erabakitzekotan, eskaerok EUDELera bidali beharko dira eta Elkarteak bideak ezarriko ditu jasotako eskaerak Euskaltzaindiari birbidaltzeko.

EUDELen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenaren emaitza garrantzitsu eta praktiko bat, Udalei laguntzeko asmoz sortua, web orrian dagoen Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak liburua da: Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak

  • Esther Apraiz elkarteburua Okzitaniako gobernuko ordezkaritza batekin elkartu da, Euskadiko Udalen Elkartearen Bilboko egoitzan.
  • Azterketa-bisita bat izan da, Eusko Jaurlaritzak koordinatua, Pirinioetako bi komunitateen berdintasun politikak aztertzeko.
  • Urtarrilaren 17an eta 18an, ordezkaritzak bilerak egin ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, Emakunderekin, SATEVIrekin, EHUren Berdintasun Zuzendaritzarekin eta, azkenik, EUDELekin.

Bilbo, 2024/01/18

EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek gaur arratsaldean topaketa bat izan du Elkartearen egoitzan Okzitaniako gobernuko eta administrazioko ordezkaritza batekin, erakusteko euskal udalek nolako esperientzia eta jarduera aurreratuak dituzten berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren arloko politiketan.

Elkarteburuaren ondoan, bileran izan dira Burgeluko alkatea, Nati Lopez de Munain, eta Portugaleteko alkateordea, M. Jose del Blanco, biak ere EUDELeko Berdintasun Batzordeko kideak. Hautetsiei lagun egiten egon dira Elkarteko zuzendari nagusia, Mar Zabala, eta Berdintasun arloko teknikari arduraduna, Eukene De Miguel.

Okzitaniako ordezkaritzaren aldetik, berriz, Nadia Pellefigue, Goi Irakaskuntza eta Ikerketa, Europa eta Nazioarteko Harremanetako ordezkaritzako presidenteordea; eta harekin batera, Nadia Bakiri, Christine Vergnes, Madeleine Denorme, Dorothee Moussu, Nathalie Douk, Gwenaelle Guerlavais, Delphine Roux, Axel Loscertales, Tolosako Unibertsitatekoa, Valerie Le Naour, Okzitaniako Jendarmeriako teniente koronela, Fatma Nakib eta Jeremie Crepin.

Urtarrilaren 17an eta 18an, ordezkaritzak bilerak egin ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, Emakunderekin, SATEVIrekin, EHUren Berdintasun Zuzendaritzarekin eta EUDELekin. Azterketa-bisita bat izan da, Eusko Jaurlaritzak koordinatua, Pirinioetako bi komunitateen berdintasun politikak aztertzeko helburuarekin. Okzitania gaur egun Pirinioetako Lan Komunitateko buru da.

Aurretiko bilerak izan ondoren, EUDELi bisita egiteko xedea zen sakonagotik ezagutzea Euskadiko udalerriek egiten duten lana, gainerako erakundeekin koordinatuta eta erreferente gisa tokian tokiko berdintasuna hartuta.

Berdinsarea

Okzitaniako ordezkaritzak, zehazki, interes handia erakutsi du Berdinsareagatik; izan ere, udalerrien sare horrek jarduera aurrendariak eta aurreratuak daramatza bere udalerrietan berdintasuna sustatu eta indarkeria matxista prebenitzeko. Berdinsareak gaur egun 88 udal ditu guztira (21 Araban, 44 Bizkaian eta 23 Gipuzkoan).

Apraiz elkarteburuak sarearen indarguneak azaldu ditu: 2006an sortu zen, lankidetza hitzarmena egin baitzuten Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakundek. EUDELek Berdinsareko batzordeak koordinatzen ditu, non lan politiko eta teknikoari esker gomendioak, ordenantzak, protokoloak, gidak eta beste material batzuk eratzen baitituzte EAEko toki erakundeekin batera.

EUDELeko hautetsiek orobat partekatu dituzte Okzitaniako ordezkariekin beren udalerrietan daramatzaten estrategia propioak. Ildo horretan, Burgeluko alkateak “Virginia Woolf Basqueskola” aipatu du erreferente gisa, emakume alkateen eta zinegotzien sarea, udal politiketan eragin eta partaidetza handiagoa izan dezaten.

Tokiko ordezkariek, herritarrenganako hurbiltasunetik, konpromiso irmoa adierazi dute emakumeentzat berdinzaleagoak, inklusiboagoak eta libreagoak izango diren udalerrietarantz egiten jarraitzeko.

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, udalerrien ordezkari gisa, Aholku Batzordeak gaur goizean Bilbon egindako bileran parte hartu du. 

Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Planaren Aholku Batzordeak (ITSASERTZA),  lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru duela, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, EUDELeko, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako, itsas kapitaintzetako eta Gobernuaren Euskadiko Ordezkaritzako arduradunek osatuak, erakundeen arteko koordinazio-lanei heldu die gaur, euskal kostaldean gerta daitekeen pellet plastikoen agerpenaren aurrean.

Bileraren ondoren, Josu Erkorekarekin batera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek, EUDELeko elkarteurua  Esther Apraizek, AZTIko zuzendari Rogelio Pozok, Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Bizkaiko Ingurumeneko zuzendari Álex Pelaezek isurketaren ezaugarrien, itsasoan izaten ari den portaeraren, eta AZTI itsas zentro teknologikoak orain arte itsasoaren egoerari buruz egindako simulazioen emaitzen berri eman dute.

Bileraren osteko agerraldian, Elkarteburua Esther Apraizek azpimarratu du EUDELek udalei informazioa elkarbanatuko diela eta gainerako erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa erraztuko duela, alertaren bilakaeraren arabera, hartu beharreko neurriak hartzeko.

“Udalok, egoera honen aurrean, adi jarraituko dugu, eta erakunde guztiak erabat koordinatuta gaude erantzun bateratuetan lan egiteko” elkarteburuak esan du.

Azkenik, Esther Apraizek lasaitasun mezua helarazi die herritarrei, eta agintarien eta adituen jarraibideak uneoro jarraitzeko deia egin du.

BIDEOA: Esther Apraiz, EUDELeko elkarteburua

Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailaren bitartez, joan den asteartean Plan horren alerta-fasea prebentzioz aktibatu ondoren egin da Aholku Batzordearen bilera, isurketaren iritsieraren balizko egoerari aurrea hartzeko. Izan ere, etengabeko jagoletza-lana lehenetsi da, baita erakundeak, organismoak eta sektoreak koordinatzekoa ere, ahalegin guztiak bateratu eta koordinatzeko helburuz.

ITSASERTZA prozedura bat da, pertsonak eta ondasun materialak arriskuan jar ditzaketen itsasoko kutsadura-egoerei aurre egiteko. Planaren lurralde-eremuak euskal lurraldeari dagokion kostalde osoa hartzen du eta, ondorio operatiboetarako, lurralde-banaketarekin bat datozen bi eremutan banatzen da: Bizkaia eta Gipuzkoa

Alerta-fasean, itsas kutsaduraren balizko gertaera baten aurrean mobilizatu daitezkeen bitartekoak eta baliabideak antolatzen dira, behar den erantzun-mailaren arabera.

Fase horretan azterketa xehatua jasotzen da, kutsadura-arrisku posibleen ebaluazioa egin ondoren egoeraren, baldintza meteorologikoen, ozeanografikoen eta ingurumenekoen arabera, eta, hala badagokio, eremu kalteberenak identifikatzen dira, aplikazio-eremuan sartutako zonen sentikortasun-mapen bidez, Plana aktibatzea eskatzen duten egoeretan babesteko.

ITSASERTZA Plana 2019ko apirilaren 9an onartu zen Gobernu Kontseiluan. Oraingo honetan aktibatzen da lehen aldiz

Informazio osoa eta prentsaurrekoaren bideoa (Irekia): https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/90802-itsasertza-larrialdi-planaren-aholku-batzordea-erakundeen-arteko-jarduera-koordinatzen-ari-euskal-kostaldean-gerta-daitekeen-pellet-plastikoen-agerpenaren-aurrean

Bilbon, 2024ko urtarrilaren 18an eta 19an, “Languages lanean. Hizkuntza kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan” izeneko kongresua egingo da, lehen egunean (18a, osteguna) Euskalduna Jauregian eta bigarren egunean Guggenheim Museoan (19a, ostirala).

Lan eremuan hizkuntzaren kudeaketak planteatzen dituen erronkak aztertzeko helburua du kongresuak, eta tokiko zein nazioarteko erreferentziazko eragileek hartuko dute parte.

Kongresua Eusko Jaurlaritzak antolatu du eta erakunde hauen babesa du: EUDEL, UEMA, Bilboko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Udalak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernua.

Kongresuak aukera emango du jarduera ekonomikoaren esparruan hizkuntzaren kudeaketak dituen erronkei buruzko esperientziak partekatzeko eta eztabaidatzeko, bai nazioartean, bai gure esparruan bertan.

Hizlariak: Lehen edizio honetan, erakunde publiko eta pribatuetako arduradunak izango dira protagonista. Tokiko zein nazioarteko entitateetako ordezkariak elkartuko dira Bizkaiko hiriburuan, baita kulturaren alorreko adituak ere. Eremu publikoari eta pribatuari eragiten dieten aztergaiak eta sektoreen araberako mahai-inguruak ere programatuko dira bi egun horietan.

Izen-ematea doakoa da, eta publiko orokorrari zabaldutako jarduera izango da. Languages Lanean kongresura, lan-eremuko hizkuntzaren erabileraren inguruan kezkak eta ezagutzak partekatu nahi dituzten enpresariei, langileei, bezeroei zein hornitzaileei egin diete bertan parte hartzeko gonbita. Izen-ematea zabalik dago eta Kongresuaren atariaren bidez sar zaitezkete.

Informazio gehiago:
Languages Lanean Kongresua (euskadi.eus)
Izen ematea

Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) Zuzendaritza Batzordea Pragan bildu zen abenduaren 6an eta 7an, eta, bere erabakiei amaiera emateko, bere jarrera adierazten duen dokumentu bat onartu zuen, 2024an Europako Parlamenturako egingo diren hauteskundeei begira: “Pragako Adierazpena: konfiantza handiagoa eta ahots sendoagoa tokiko eta eskualdeetako gobernuentzat“.

Erlazionatutako albistea, 2023/12/7: “Esther Apraizek Europako udalen lehen Batzorde Politikoan parte hartu du, EUDELeko elkarteburu gisa”

ADIERAZPENA CAS (itzulpena)

ADIERAZPENA EUSK (itzulpena)

ADIERAZPENA ENG (jatorrizko bertsioa)

Informazio-iturria: CEMRren komunikazioa

Dokumentu politiko honek tokiko eta eskualdeko gobernuek udalerriei eta eskualdeei eragiten dieten erronka handiei aurre egiteko duten funtsezko zeregina azpimarratzen du. “Pragako Adierazpenak” mezu argia bidaltzen du tokiko ahots indartsuago baten aginduzko beharrari eta Europar Batasunaren, estatuen eta tokiko eta eskualdeko gobernuen arteko lankidetza estuagoari buruz. CEMRk parte-hartze eta kontsulta aktiboagoa defendatzen du tokiko erakundeekin politikak formulatzeko prozesu osoan zehar.

Adierazpena onartu ondoren, Fabrizio Rossik, CEMRko idazkari nagusiak, honako hau adierazi zuen: “Dokumentu honek gure konpromiso partekatua islatzen du gobernantza, jasangarritasun sozial eta klimatikoa eta gure komunitateen ongizatea lortzeko. Elkarrekin, udalerriak eta eskualdeak, gure herri eta hirietako herritarrentzako etorkizun erresiliente eta oparoago baterako bidea erakitzen ari gara “.

Adierazpen hori bide-orri bat da tokiko eta eskualdeetako gobernuak ahalduntzeko, modu eraginkorrean bete ditzaten herritarrekiko dituzten erantzukizunak. Nabarmentzekoa da Europa mailan eta lurralde bakoitzean politika publikoak ezartzeko duten zeregin estrategikoa.

Bilbon, 2023ko abenduaren 14an. Joan den azaroaren 27an, Jose Antonio Santanok Irungo alkatetzari uko egin ondoren, Portugaleteko alkate Mikel Torresek hartuko du aurrerantzean EUDELeko elkarteburuorde kargua, Esther Apraiz Derioko alkatea buru dela, eta Azpeitiko alkate eta  elkarteburuorde Nagore Alkortarekin batera.

Mikel Torres Batzorde Eragileko bokala izan da 2011tik, eta, bere ordez, Cristina Laborda Irungo alkatea sartu da EUDELen gobernuan.

Batzorde Eragilea Euskadiko Udalen Elkartearen gobernu-organoa da, eta guztira hamabost tokiko hautetsik osatzen dute, hiru lurralde historikoetako udalen ordezkari gisa. EUDELeko 2023-2027 aldirako gobernu-organoak 2023ko irailaren 19an Donostian egindako Batzar Orokorrean aukeratu ziren.

EUDELeko Batzorde Eragilea 2023-2027

Elkarteburua: Esther Apraiz Fernández la Peña, Derioko alkatea

Elkarteburuordea: Nagore Alkorta Elorza, Azpeitiko alkatea

Elkarteburuordea: Mikel Torres Lorenzo, Portugaleteko alkatea

Bokalak :                                                                                                                                               

Erlantz Urresti Olasagaste, Maruri-Jatabeko alkatea

Maialen Gurrutxaga Uranga, Elgoibarko alkatea

Jon Luqui Albisua, Urretxuko alkatea

Natividad López de Munain, Burgeluko alkatea

Txerra Molinuevo Laña, Amurrioko alkatea

Iñigo Hernando Arriandiaga, Galdakaoko alkatea

Txelo Auzmendi Jimenez, Asparreneko alkatea

Xabier Lertxundi Asteasuinzarra, Hernaniko alkatea

Eneritz Azpitarte Aranzabal, Zaldibarko alkatea

Izaro Elorza Arregi, Oñatiko alkatea

Cristina Laborda Albolea, Irungo alkatea

Joseba Andoni Zorrilla Ruiz, Zallako 1. alkateordea

  • Elkarteburua den Derioko alkatea Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) zuzendaritza-batzordeko kide berri gisa aritu da, atzo eta gaur, Praga hirian egin den urteroko bileran.
  • Esther Apraiz trantsizio sozial, digital eta klimatikoari buruzko eztabaidetan parte hartzen ari da: “Euskal udalerriok Europako agendan aktiboki parte hartzen jarrai dezagun lan egiteko konpromiso irmoa dut.”
  • Goi-bilera gaur amaituko da, Adierazpen politiko batekin. Adierazpen horretan EBko eta estatuetako erakundeei, Europako politikak bultzatzeko, tokiko gobernuen rol estrategikoa aitortzeko eskatzen die.
  • Apraiz: “Europako hurrengo hauteskundeen aurrean, udalok funtsezko zeregina dugu herritarrak parte hartzera animatzeko, haien botoa funtsezkoa baita gure demokraziaren etorkizunerako. Zenbat eta pertsona gehiagok bat egin proiektu komun batean, orduan eta indartsuagoa eta baliotsuagoa izango da Europa munduan “

Praga, 2023ko abenduaren 7a. Esther Apraiz Derioko alkatea EUDELeko elkarteburu gisa sartu da Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) gobernu-organo gorenean. Erakunde horren zuzendaritza-batzordea berrogei herrialdetako tokiko eta eskualdeko 175 hautetsik osatzen dute, eta abenduaren 6an eta 7an, Pragako Udaletxean, egin dute urteroko bilera.

Goi-bileran CEMRko presidente Gunn Marit Helgesen, Pragako alkate Bohuslav Svoboda eta CEMRko presidenteorde eta Txekiar Errepublikako hiri eta udalerrien elkarteko ordezkari Richard Vereu izan dira. Mar Zabala, EUDELeko zuzendari nagusia, eta Fabrizio Rossi, CEMRko idazkari angusia, ere izan dira Europako udalgintzaren foro honetan.

Esther Apraiz ilusioz eta harro agertu da Europan euskal udalerrien ahotsa ordezkatzeagatik, eta CEMRko presidenteari adierazi dio EUDELen parte-hartze aktiboa indartzeko borondatea duela, bai batzorde politikoan, bai Europako udalerrien arteko sareko lan-organo eta lan–batzorde ezberdinetan.

CEMRk Europako 60 udalerri- eta eskualde-elkarte biltzen ditu, eta milioi bat ordezkari hautetsi ordezkatzen ditu. Bere eginkizun nagusia hirien eta herrien interesak EBko erakundeen (Kontseilua, Batzordea eta Parlamentua) aurrean defendatzea da, eta Europako estrategian eta erkidegoko politiken diseinuan aktiboki parte hartzea.

“Ekintzarako deia” 2024ko Europako hauteskundeetan

Lantaldearen bilera agertoki geopolitiko konplexuaren eta nazioarteko gatazken barruan kokatu da. Gatazka horien inpaktu ekonomiko eta sozialek gero eta eragin handiagoa dute tokiko komunitateetan eta pertsonen eguneroko bizitzan.

Esther Apraizek udalgintzaren batasunaren alde egin du, “etorkizunerako prest dagoen Europa bat eraikitzeko, gobernu indartsuago eta erresilienteagoetatik”,. etor daitezkeen ziurgabetasun eta krisien aurrean “Elkartzea eta sarean lan egitea funtsezkoa da erronkei aurre egiteko eta aukerak aprobetxatzeko” nabarmendu du.

Testuinguru horretan, CEMRren zuzendaritza politikoak azaldu du 2024an Europako Parlamenturako egingo diren hauteskundeak “Europako demokraziak aurrekaririk gabeko erronkei aurre egiten ari den unean” egingo direla. Hauteskundeen emaitzen zain egongo dela adierazi du, eta “ekintzarako deia” egin du, EUDELeko elkarteburuak ere horrekin bat egin duelarik.

Esther Apraizek hauteskunde hauetan eragile garrantzitsuak izateko gonbitea egin die bere parekideei: “Tokiko gobernuak ezin gara ikusle hutsak izan, eta Europa ere bagarela eta egiten dugula erakusteko unea da”.

Dei horretan, CEMRko zuzendaritza-batzordeak gobernantza demokratikoaren, giza eskubideen errespetuaren, subsidiariotasunaren eta jasangarritasunaren aldeko “babes irmoa” helarazi du. Era berean, “tokiko eta eskualdeko autonomiari eustearen garrantzia” azpimarratu du, ” tokiko mailan boterea murrizteko joeren aurrean”.

Esther Apraizek, bere aldetik, nabarmendu du, hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, udalek zeregin garrantzitsua dutela herritarrak Europako hauteskundeetan parte hartzera animatzeko. “Zer dagoen jokoan azaldu behar diegu, uler dezaten haien botoa garrantzitsua dela demokrazia eta giza eskubideak babesteko, gure gizarteen ongizatearen eta oparotasunaren oinarriak diren funtsezko balioak aldarrikatuz”. Azpimarratu duenez, “proiektu komun honetan zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu, orduan eta indartsuagoa eta baliotsuagoa izango da Europa munduan”.

EUDELeko ordezkariak udal politikaren euskal eredua jarri du erreferentetzat, “aniztasunean, elkarrizketan eta helburu komunen alde lan egiten duten ezberdinen arteko akordioan oinarritutako eredua”.

“Eten digitalaren” erronka

EUDELeko elkarteburua atzo eta gaur hitz egiten ari da bileraren gaietan oinarrituta antolatu diren eztabaidetan. Hautatutako gaiak, udalerri eta hirientzako erronka komunen aurrean, erantzun bateratuak bilatzen saiatzeko dira eta abian dauden hiru trantsizioak planteatzen dituzte: sozial-demografikoa (inklusioa, gizarte- eta lurralde-kohesioa), ekonomiko-digitala (enplegua eta eten digitala) eta energetiko-klimatikoa (itun berdea, klima-neutraltasuna, biodibertsitatea).

Zehazki, Esther Apraizek hainbat proposamen egin ditu tokiko administrazioetatik eraldaketa digitala bultzatzen jarraitzeko, lurraldeko eragile guztiekin lankidetzan, hala nola, gainerako erakundeekin, enpresekin, berrikuntza-zentroekin edo parke zientifiko-teknologikoekin.

Elkarteburuaren hitzetan: “Ezin dugu onartu gaur egun teknologia horietatik urrun dauden pertsonak” bazterketa digitalera “kondenatzea. Haiengandik hurbilen gauden erakundeak garen aldetik, pertsona horiek laguntzeko betebeharra dugu, pixkanaka errealitate horretan sar daitezen, eta horrek, zalantzarik gabe, digitalizazioa beren bizitzako beste esparru batzuetan integratzen lagunduko die. ”

Pragako adierazpena

CEMRk bere bilerari amaiera gaur emango dio adierazpen politiko batekin. Zuzendaritza Batzordeak dei egiten die EBko eta Estatuetako ordezkari politikoei neurriak har ditzaten “tokiko gobernuek herritarrenganako dituzten erantzukizunak bete ditzaten ahalbidetzeko, eta Europako eta lurraldeko politikak ezartzeko zeregin estrategikoa izan dezaten”.

Halaber, “gizartearen erronken larritasunaz” eta Europako politiketarako izan ditzakeen arriskuez ohartarazi du dokumentuak. Ildo horretan, udalerriek eta eskualdeek proposamen zehatzak egiten dituzte, Europako estrategia indartzeko, tokiko eragileak erabat integratuz. CEMRk eskatzen du eskumen deszentralizatuak errespetatzeko; maila anitzeko benetako lankidetza garatzeko; helburu errealistak ezartzeko eta Itun Berdea bezalako tresnen aplikazioan lurralde bakoitzaren aniztasunari erantzuteko; mugaz gaindiko lankidetza biziki sustatzeko; eta EBko programen funtsetarako sarbidean dagoen administrazio “zabala eta zorrotza” hobetzeko eta sinplifikatzeko.

Informazio gehiago: https://www.ccre.org/