Gaur goizean Enpleguaren aldeko Itun Soziala aurkeztu zaie euskal udalei, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan, Gasteizko Europa Jauregian antolatutako bilera batean.
EUDEL PACTO SOCIAL DE EMPLEO
Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, Idoia Mendia bigarren lehendakariordeak eta Lan eta Enplegu sailburuak, eta Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak parte hartu dute saioan.
EUDELeko ordezkariak gogorarazi du toki-erakundeek, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direnez gero, eskumen propioak dituztela tokiko ekonomia- eta gizarte-garapenaren arloan. Eskumen horiek, Toki Erakundeei buruzko Legean aitortuak, funtsezkoak dira pertsonen ongizaterako eta bizi-kalitaterako.
Esther Apraizek nabarmendu du udalek funtsezko zeregina dutela enplegu-politika aktiboetan. Tokiko enplegu-planekin eta hurbileko zerbitzuekin izandako esperientzia zabalari dagokionez, etorkizuneko enplegu-politika publikoak bultzatzeko erakundeen arteko lankidetzaren balioa azpimarratu du elkarteburuak. Ildo horretan, udal talde teknikoen eta garapen agentzien lanaren garrantzia azpimarratu du. Hori guztia alkateen eta zinegotzien lidergo politikoarekin.
Etorkizunerako enplegu politikak erronka demografikoari eta abian dauden eraldaketei erantzun behar diete. Agertoki konplexua da, eta inpaktu asko ditu, besteak beste, belaunaldien ordezteari, adinaren kudeaketari, emakumeak maskulinizatutako eremuetan sartzeari, emakumeen lidergoari eta ekintzailetzari eta kolektibo espezifikoekiko gizarteratze-proiektuei eragiten dietenak.
EUDEL PACTO SOCIAL DE EMPLEO
“Egoera konplexu bati erantzun behar diogu, inpaktu askorekin“, esan du presidenteak. Inpaktu horien artean daude, besteak beste, belaunaldien ordezteari, adinaren kudeaketari, emakumeak maskulinizatutako eremuetan sartzeari, emakumeen lidergoari eta ekintzailetzari eta kolektibo espezifikoekiko gizarteratze-proiektuei eragiten dietenak
Esther Apraizek esan du enplegua aldaketa-prozesuan dagoela, eta haren kudeaketa eragile guztien artean adostutako eta koordinatutako estrategia bateratuaren esparruan bideratu behar dela, partaidetzazko eta maila anitzekoa gobernantza oinarri hartuta. “Gauzatzeko, udalen parte-hartze aktiboa behar duen estrategia hori“, azpimarratu du.
Amaitzeko, elkarteburuak tokiko eremua aldarrikatu du espazio egokitzat enpleguaren “puzzlea”-ren pieza guztiak elkartu eta aktibatzeko: herritarrak, enpresak, prestakuntza, berrikuntza, zerbitzu publikoa.
“Euskal udalok funtsezko eragileak gara enpleguan eta gizarte-kohesioan, eta are gehiago izan nahi dugu. Euskadiko etorkizuneko enplegua sortzeko ekimen guztietan parte hartuz. Gure herri eta hirietan proiektuak bultzatuz.” Amaitu du Esther Apraizek.
2023ko azaroak 21. EUDELek ordezkari politikoentzat duen “Udalak Abian” prestakuntza-ibilbidearen esparruan, on line mintegi bat egin da gaur goizean, berdintasuna bultzatzeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko mailako azken berrikuntzak ezagutarazteko.
Burgeluko alkate eta EUDELeko Batzorde Eragileko kide Nati Lopez de Munainek jarri du abian saioa, 09:00etan, eta ia laurogeita hamar alkatek eta hainbat zinegotzik parte hartu dute. “Zalantzarik gabe, berdintasuna eta indarkeria matxistaren aurkako borroka tokiko gobernuen lehentasuna dira. Agintaldi honetan, euskal udalok kalitatezko estandar gorenekin bat datozen berdintasunerako tokiko politikak zabaltzeko ardura hartu dugu, politika publiko aurreratuenekin bat etorriz.”
Hain zuzen ere, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendari nagusiaren hasierako hitzaldiaren ardatza “Berdintasunerako toki-politiken kalitatea politika publikoen estandarretatik” izan da, Berdintasunerako Euskal Legea aldatu zenetik udalei bideraturako agindu nagusiak barne hartuta.
Emakundeko zuzendariak, bere azalpenean, estrategia bikoitza eta hainbat ekintza proposatu ditu berdintasunaren aldeko tokiko lanari eusten jarraitzeko: berdintasuna bultzatzeko arloak eta egiturak indartzea (plangintza, aurrekontua, parte-hartzea eta langile espezializatuak), eta, aldi berean, genero-mainstreaminga indartzea udal-politiken hedapenean (genero-eragina tokiko politiketan, genero-ikuspegia duten aurrekontuak, berdintasun-klausulak kontratuetan eta dirulaguntzetan, zaintza-eredu feminista eta erantzunkidea, besteak beste).
Ondoren, Zuriñe Romeo EDE Fundazioko adituak eta Eukene de Miguel EUDELeko arduradun teknikoak hitz egin dute. Lehen txostengileak emakumeen aurkako indarkeriaren forma eta eremu berriak azaldu ditu, eta horiei aurre egiteko gako batzuk eman ditu, bai ikuspegi politikotik, bai teknikotik. Koordinaziorako tokiko protokoloak eguneratzearen garrantzia azpimarratu du Romeok, biktimen/bizirik atera direnen prebentzioa, arreta eta konponketa integratuta.
Bestalde, EUDELeko arduradun teknikoak euskal udalentzako talde-lanerako eta trukerako guneak aurkeztu ditu: “Virginia Woolf Basqueskola”, Euskadiko alkate eta zinegotzi emakumezkoen sarea; berdintasunaren aldeko konpromisoa duten udalen “Berdinsarea”; eta “Gizonduz” programa, politikari gizonezkoekin batera berdintasunaren alde lan egitera bideratua.
Mintegia osatzeko, Andoaingo, Basauriko, Tolosako eta Aiarako/Aiaraldeko udalen bi esperientzia panel jarri dira. Haizea Barandiaran (Andoain), Isabel Cadaval (Basauri) eta Goiuri Ezeiza (Tolosa) Berdintasun zinegotziak izan dituzte ordezkari, Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidentearekin batera.
Udalerri horiek Berdinsarea sarearen parte dira, eta erreferentzia dira indarkeria matxistaren aurkako borrokan egindako praktika aurreratuenengatik eta udal politiketan genero-ikuspegia aplikatzeagatik.
Rol sexistak, kaleko jazarpena edo emakumearen ahalduntzea dira 12 eta 20 urte bitarteko gazteek jorratutako gaiak
Sariak abenduaren 1ean Beasainen egingo den Topaketan banatuko dira
Beldur Barik 2023 programaren aurkezpena egin da gaur goizean Beasaingo Igartza jauregian, Herri honetan egingo baita Beldur Bariken urteroko topaketa datorren abenduaren 1ean. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko ekimen honek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du, Emakunderen bitartez, eta hiru foru-aldundien eta EUDELen babesa du.
Ekitaldian parte hartu dute Nati López de Munain EUDELeko ordezkariak eta Burgeluko alkateak, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Leire Artola Beasaingo alkateak, Joana del Hoyo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, eta Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari nagusiak eta
EUDELeko ordezkariak, Nati López de Munainek, adierazi duenez, Beldur Barik “tokiko prozesuetan integratzen denean indar guztia hartzen duen hezkuntza-tresna bat da”. Eta mutil, mutiko eta nerabeekin lanean aurrera egiteko beharra azpimarratu du, “gure gazteak berdintasunaren aldeko aktibistak izan daitezen, eta beren ingurune hurbilean sexismoaren eta indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta borrokatu ahal izan ditzaten”.
Leire Artola Beasaingo alkateak bere aldetik adierazi du, pozgarria dela aurten Beasain Beldur Barik herria izatea. Datorren ostiralean, abenduak 1, Beldur Barik Topaketa ospatuko da Beasaingo Usurbe Antzokian. Sari banaketa ekitaldia Iban Garciak eta Annekdotas-ek aurkeztuko dute, eta Alarma Morea taldea izango da bertan. Egun horretarako autodefentsa feminista, sexualitatea, maskulinitateak, ziberjazarpen sexista eta ahalduntzeari buruzko tailerrak antolatu dira. Halaber, elkarretaratzea egingo da Usurbe Antzokiaren aurrean, tokiko gazteei indarkeria matxistaren aurka ahotsa emateko.
Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketa
Ikus-entzunezko lehiaketak, programaren ekintza nagusietako batek, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek egindako adierazpen artistikoak saritzen ditu, berdintasun ezari Beldur Barik jarrerarekin nola aurre egiten dieten erakusten dutenak, hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoa adierazten duten jarrerekin.
Sailburuak parte-hartzeari buruzko datuak eman ditu. Zehazki, 300 lan inguru aurkeztu dira, eta horietatik 220 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak. “Garrantzitsua da lanak taldean egitea, sorkuntza-prozesua gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita”, nabarmendu du Melgosak. Lan gehien aurkeztu diren adin-tartea 14 eta 18 urte artekoa izan da, % 70eko ordezkaritzarekin, eta lehiaketarako proposamen gehien egin dituen lurraldea Bizkaia izan da.
Honako hauek izan dira lanek jorratu dituzten gai nagusiak: rol eta estereotipo sexistak, indarkeria matxista bikotearen esparruan, kaleko jazarpena, emakumeen ahalduntzea eta eskubide- eta aukera-berdintasunaren printzipioaren aldarrikapena. Hala ere, proiektuetan nolabaiteko zailtasuna ikusten da eguneroko espazioetan gertatzen den indarkeria matxista identifikatzeko.
edizio honetan gizonezkoen korporatibismoan jarri nahi izan da arreta, indarkeria matxistaren prebentzioan eta erantzunean mutilek duten paper aktiboa bultzatzeko. Helburu hori nabarmendu du Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 15ean. Gaur goizean, Iñigo Urkullu Lehendakariak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendirekin batera, Lehendakaritzaren egoitzan hartu ditu EUDELeko Batzorde Eragileko kideak, irailaren 19an Donostian egindako Batzar Orokorrean izendatutakoak.
ERREKUTSO-BIDEOA
Batzorde Eragilea Euskadiko Udalen Elkartearen gobernu-organo nagusia da. Hiru lurralde historikoetako udalerrietako 15 ordezkari hautetsik osatzen dute, eta Esther Apraiz elkarteburua eta Nagore Alkorta eta Jose Antonio Santano elkarteburuordeak ditu buru. EUDELeko zuzendari nagusia, Mª del Mar Zabala, ere Lehendakaritzako bileran izan da gaur.
Lehendakariarekin izandako bileran, Batzorde Eragileak, Euskadiren eta bertako 251 udalerrien erronken aurrean, tokiko erakundeak indartzeko lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi du. Horretarako, EUDELeko elkarteburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinekiko lankidetza egonkorrean sakontzeko borondatea dutela, politika publikoen diseinuan eta garapenean partekatutako erantzukizunen esparruan.
Esther Apraizek udalen “hurbiltasunaren eta enpatiaren” balioak azpimarratu ditu, baita haiek tokiko komunitateen lehentasunak beste erakundeekiko lan bateratura eramateko funtsezko zeregina ere. Zentzu horretan, elkarteburuak adierazi du agintaldiaren hasierako lehen konpromisoa elkarteak udalerri txikienei ematen dien arreta eta zerbitzua indartzea dela.
Aldi berean, udaletako Gizarte Zerbitzuak nabarmendu ditu, haiek baitira herritar zaurgarrien premiei erantzuteko lehen lerroa. Gizarte-prestazioei dagokienez, Esther Apraizek proposamen zehatz bat egin du: Eusko Jaurlaritzak sailen artean eta administrazioen artean koordinatutako ibilbide bat bultzatzea, laguntza ezberdinen arteko osagarritasunari buruzko irizpideen zehaztapena errazteko; besteak beste, udalen eskumeneko Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak, DSBE, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen (ETEL) garapena izan da bileran jorratutako beste gaietako bat. EUDELen helburu nagusia udal-autonomia defendatzea da eta, agintaldi oso honetan zehar, lege hori benetan betetzen dela zaintzen jarraituko du. Zehazki, ETELek sortutako organoen balioa emanez, udalerrien iritzia arau eta politika publiko berrietan txertatzeko.
Azkenik, EUDELek Lehendakariari jakinarazi dio Euskadiko 2030 Agendaren kokapenean udalerrien parte-hartze aktiboa koordinatzen jarraitu nahi duela. Hain zuzen ere, GJHak aurrekontuetan eta udal-kudeaketan txertatzeko tresna berrien bidez; eta, era berean, udalek beren herritarren eguneroko bizitzara hurbildu ahal izateko.
EUDELeko Batzorde Eragilea, 2023-2027
Elkarteburua:
ESTHER APRAIZ FERNANDEZ LA PEÑA, Derioko alkatea
Elkarteburuordeak:
NAGORE ALKORTA ELORZA, Azpeitiko alkatea
JOSE ANTONIO SANTANO CLAVERO, Irungo alkatea
Bokalak:
ERLANTZ URRESTI OLASAGASTE, Maruri-Jatabeko alkatea
MAIALEN GURRUTXAGA URANGA, Elgoibarko alkatea
JON KOLDOBIKA LUQUI ALBISUA, Urretxuko alkatea
NATIVIDAD LOPEZ DE MUNAIN ALZOLAN, El Burgo/Burgeluko alkatea
TXERRA MOLINUEVO LAÑA, Amurrioko alkatea
IÑIGO HERNANDO ARRIANDIAGA, Galdakaoko alkatea
TXELO AUZMENDI JIMENEZ, Asparrengo alkatea
XABIER LERTXUNDI ASTEASUINZARRA, Hernaniko alkatea
Emakumeenganako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egun honetan, azaroak 25, sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa duela azpimarratu eta arreta jarri nahi dugu, indarkeria mota hori ikusezinena eta normalizatuena baita, eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu.
Hainbat txostenen arabera, sexu-delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak. Adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du. Laguntza espezializatuaren eskaerek ere gora egin duten arren, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan.
Mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dute. Era berean, ohartarazten dute adingabeen artean genero-mito eta -estereotipoak hedatzen ari direla, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu-hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, neurri handiagoan, ohiko erabilerako sare sozialetan. Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du esku-hartze goiztiarra eta erreparatzailea, adingabeei egindako sexu-abusu eta sexu-erasoen kasuetan.
Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da. Sexu-indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere.
Horren guztiaren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituzte, emakumeek eta neskek bizitza garapen osoa izan dezaten, askatasun- eta segurtasun-baldintzetan. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita.
Udalak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, udalerritan berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko arduradunak dira. Hori dela eta,…………………………… (e) ko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:
Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia eratzea/hobetzea/indartzea, adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezarriz.
Biktima adingabeen inguruan sexu-indarkerien antzematea eta arreta goiztiarra gaitzea/hobetzea, tokiko koordinazio-protokoloen bidez.
Sexu-indarkerien biktimekin esku hartzen duten profesionalen prestakuntza-programak diseinatzea/ezartzea/eta ebaluatzea
Sentsibilizazio-programak diseinatzea/garatzea/hobetzea herritarrekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, IGEen bitartez, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruzkoak.
Hezkuntza ez-formaleko espazioetatik hezkuntza-prozesuak garatzen laguntzea, adingabeen indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko.
Konpromiso horietan oinarrituta, honako ekintza hauek proposatzen dira:
Neskei eta nerabeei zuzendutako ahalduntze-programak indartzea, sexualitateari, bikote-harremanei, maitasun erromantikoari, autodefentsa feministako tailerrei eta abarrei buruzkoak
Mutiko eta mutilei zuzendutako esku-hartzeak abian jartzea, afektibitatea, harreman-ereduak, maskulinitate-ereduak edo rol sexistak eta parekidetasuna gainditzeko estrategiak lantzeko.
Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea, indarkeria matxista mota berri horiei ere aurre eginez.
Udalerriko adingabeekin hezkuntza-prozesuak indartzea, BELDUR BARIK programaren eta tokiko beste ekimen batzuen bidez.
Era berean, herritarrei dei egiten diegu, azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean, haien udalerrietan deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, hiru foru aldundiek eta EUDELek sinatu duten kanpainaren leloa da: “Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da”.
Ohartarazi dute eszena pornografikoen % 88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo ahozkoa duela, eta kontsumitzen hasteko batez besteko adina 12 urtekoa dela.
Gasteiz, 2023/11/09
Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean kanpaina bakarra izango da berriz ere aurten Euskadin. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek kanpaina bateratua sinatu dute. Erakunde guztien artean koordinatutako kanpaina bateratu horren bidez, gizartea ohartarazi nahi da gazteen sexu-hezkuntza pornografiaren esku uzteko arriskuaz. Kanpainaren leloa honako hau da: “Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da“, eta zenbait datu nabarmentzen ditu, hala nola:
Eszena pornografikoen % 88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa du.
Pornoarekin lehen kontaktua izateko batez besteko adina 12 urtekoa da.
Nerabeen % 33,4k uste du pornoek eragin handia dutela beren sexu-harremanetan.
Gaur goizeko aurkezpenean izan dira Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria; Nerea Isasi Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun zuzendaria; Jone Berriozabal Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua; Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendaria eta Esther Apraiz EUDELeko presidentea.
Nerea Melgosa sailburuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela erakunde guztiek modu koordinatuan lan egitea gizarteari mezu bakar bat helarazteko, eta herri konpromisoaren irudia erakustea emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten alde. Melgosak ohartarazi duenez, “teknologiaren aurrerapenak, Interneten nonahikotasunak, pornografia gure gizartean masiboki hedatzea eragin du, aurrekaririk ez duen moduan, eskaintza ikaragarriarekin, dohainik eta 24 orduko eskaintzarekin”. Bere hitzetan, “arazoa ez da sexua, indarkeria baizik, nagusiki kontsumitzen den pornoa emakumeen aurka bortitza delako”.
Horrela, pornografia “indarkeriaren eskola” bihurtzen ari da, “harremanetan egin behar dutenari buruzko jarraibideen liburu moduko bat”. Pornografia “imajinario erotiko kolektibo bat eraikitzen ari da, non emakumeen aurkako indarkeriazko jarrerak normalizatzen diren; imajinario bat, non beste pertsonarekiko enpatia desagertzen den, eta botere-harremanekin ordezkatzen den; menderatzen ikasten duten gizonak, men egiten eta umiliatuak izaten ikasten duten emakumeak”. Bere hitzetan, gehien kontsumitzen den pornoaren bidez, “maskulinitate bortitza eta menderatzailea indartzen da, eta feminitate atsegina, kosifikatua, beti gizonezkoen gozamenaren eskura dagoena”.
Sailburuaren iritziz, “emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea ere bada gazteek kalitatezko sexu-hezkuntza jasotzea”, eta, ildo horretan, gizarte osoari dei egin dio, baita erakundeei, gizarte-eragileei eta familiei ere, “gazteek sexua indarkeriarekin, emakumeen umiliazioarekin eta haien gauzatzearekin lotu ez dezaten”.
Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak adierazi duenez, “ezin dugu onartu indarkeria, umiliazioa eta emakumeen menderatzea erotiko eta natural bihurtzea; ezta sexua indarkeriarekin nahastea ere; ez inor behartuta egotea bere sexu-praktiketan nahi ez dituen gauzak egitera”. Elgarrestaren hitzetan, gazteek “kalitatezko sexu-hezkuntza jasotzeko eskubidea dute”. Gogorarazi duenez, Emakunde, beste ekintza batzuen artean, hezkuntza afektibo-sexualean adituak diren pertsonekin lan egiten ari da Jakitun programaren barruan, eta “gehien kontsumitzen den pornografia, indarkeriaz beteta egoteaz gain, estereotipo eta aurreiritzi arrazista eta sexistez ere beteta dagoela ohartarazten digute”.
Esther Apraiz, EUDELeko Elkarteburuak azaldu du euskal udalei zuzendutako Azaroaren 25eko Adierazpena kanpainarekin bat datorrela: “EUDELek erakunde mailako mekanismo guztiak aktibatzea proposatzen du, emakumeek beraien desioak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adierazteko aukera izan dezaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita”.
Jone Berriozabal Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak defendatu duenez, kontsumitzen den pornografiak “rol eta arketipo bortitzenak erreproduzitzen, islatzen eta sustatzen ditu”, eta, beraz, “ezin dira gazteenak horrekin hezi”. Ildo horretan, Aldundiak “familiei laguntzen jarraitzeko” konpromisoa agertu du, ikastetxeekin batera “hezkuntza afektibo-sexualari modu eraginkorrean aurre egin diezaioten”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, bat egiten du kanpaina honekin, Nerea Isasi Berdintasun zuzendariak azaldu duenez, indarkeria matxista ematen den eremu berri horietan azpimarra jartzea oso garrantzitsua delako. Adierazi duenez, “ingurune digitalean hedatu eta iraunarazi egiten dira mendekotasun-egoerak, indarkeria matxistaren dinamika berriak sortuz”. Horri arreta berezia emanez, kanpaina honekin bat egiten du aldundiak errealitate horri buruz kontzientziatzeko eta askatasunean eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza sexual eta afektiboaren aldeko konpromisoa erakusteko. “Belaunaldi berriak berdintasunean trebatu behar ditugu, haiek baitira etorkizuna”, esan du.
Azkenik, Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak gaineratu duenez, “politika publikoen, sentsibilizazio-kanpainen, gizarte zibilaren eraginaren eta aldarrikapen feministaren eragina nabaritzen dugun arren, egia da datuak hazi egiten direla, matxismoa suspertu egiten dela, indarkeriak forma berriak ere hartzen dituela, eta hauek azaroaren 25ean gogoratu behar ditugula baita ere”.
Kanpaina azaroaren 10etik 25era egingo da telebistan, irratietan, off line eta online hedabideetan, kaleko euskarrietan eta sare sozialetan.
Bigarren Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren urriaren 23ko Agindua, zeinaren bidez bermatzen baita EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOAN 2023ko urriaren 25 eta abenduaren 19rako deitutako grebak irauten duen bitartean komunitateari eman beharreko funtsezko zerbitzuak mantenduko direla.
Gaur, urriak 21, Trans Pertsonen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Eta norbaitek galdetuko dio bere buruari zer esan nahi duen hitz horrek eta zergatik den hain garrantzitsua.
Duela gutxi arte, trans pertsonak “pertsona gaixotzat” hartzen ziren, eta, horregatik, txosten medikoek eta medikuntzak paper garrantzitsua hartzen zuten trans errealitateetan; izan ere, trans izatea osasun mentaleko patologiatzat hartzen zen, eta horrek min handia, sufrimendu handia eta diskriminazio handia sortzen zituen.
Zorionez, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) neurri esanguratsuak hartu zituen trans pertsonen despatologizazioari heltzeko eta genero-aniztasuna errespetatzeko. Horrela, 2019an, Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena (GNS-11) eguneratu zuen, “genero-inkongruentzia” buru-nahaste gisa kategoriatik kenduz eta sexu- eta ugalketa-osasuneko ataleko gai bezala hartuz.
Aldaketa berak trans pertsonekiko errespetua eta begirunea azaltzen baditu ere, zoritxarrez, aurreko lotura medikoa amaitu gabe dago guztiz.
Berdinduk txalotu egiten du trans errealitatearen ikuskera berri hori, estigmatizazioa eta diskriminazioa murrizten laguntzen duelako, eta arreta medikoaren ikuspegi begirunetsuagoa eta bidezkoagoa sustatzen duelako, bai eta haren genero-identitatearen legezko aitorpena ere.
Trans pertsonen esperientziak giza esperientziaren aniztasunaren beste adierazpen bat dira. Berdinduk azpimarratzen eta errepikatzen du pertsona guztiek dutela beren genero-identitatearen arabera bizitzeko eskubidea.
Horregatik, Trans Pertsonen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Egunean, Berdindu Zerbitzu Publikoak transfobiari aurre egiteko deia egin nahi du. Pertsona guztiok merezi dugu errespetua eta duintasuna, beren genero-identitatearen alde batera utzita.
Trans pertsonek beren genero-identitatearekin bat datorren bizitza osoa garatu ahal izateko eskubidea bermatzeko beharra azpimarratzeko eguna da; hori guztia, kalitatezko arreta medikoa bermatuz eta tratu onetatik abiatuta hala nahi duten pertsonei, trantsizio-eredu bakar bat inposatu gabe.
Eta Giza Eskubideen ikuspegitik, uste dugu trans pertsonen despatologizazioan aurrera egiteak mundu bat sortzen laguntzen duela, non pertsona guztiek, beren genero-identitatea edozein dela ere, diskriminaziorik gabe eta aukera-berdintasunez bizi ahal izango duten. Despatologizazioa funtsezko urratsa da trans pertsonentzako berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokan.
(1)Genero inkongruentzia, Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenean (GNS-11) pertsona batek bere burua identifikatzeko erabiltzen duen generoa eta jaiotzean eman zaion esleipenarekin bat ez datorrena.