Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Gaur goizean, Lakuan, 2018-2021 Etxegabeentzako Euskal Estrategiaren Jarraipen Batzordea eratu da, eta batzordeak berak “erabat salatu eta gaitzetsi ditu etxegabeen aurkako erasoak, intolerantzia eta gorrotoa”. Taldea publiko-soziala da, eta, bertan, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako eta udalerrietako erakunde publikoek parte hartzen dute, bai eta EUDELeko eta hirugarren gizarte-sektoreko -EAPN Euskadi-, FEDEAFESeko eta Astialdi Sareko ordezkariek ere.

2018-2021 Etxegabeentzako Euskal Estrategiari Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila eta Osasun Saila atxiki zaizkio, bai eta hiru foru-aldundiak, EUDEL eta Vitoria-Gasteizko, Bilboko, Donostiako, Barakaldoko, Getxoko, Irungo, Portugaleteko, Santurtziko eta Laudioko udalak ere. Estrategiak honako helburu hau planteatzen du, besteak beste,  Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak gogora ekarri duen bezala: “bizitegi-bazterketaren gizarte-pertzepzioan eragina izatea, eragile komunitarioek horrelako egoeretan esku hartzeko inplika daitezen bultzatzea eta pertsona horien biktimizazio-egoerak prebenitzea.

Etxerik gabeko pertsonen kontrako eraso, intolerantzia eta gorrotoaren aurkako adierazpena

Gaur Jarraipen Batzordeak etxegabeen aurkako eraso, intolerantzia eta gorrotoaren aurka egin duen gaitzespenaren adierazpena, Lide Amilibiak azaldu duenaren arabera, “azken hileotan etxegabeen aurka eginiko erasoetan oinarritzen da; horietako batzuk ustezko lesio- eta gorroto-delitu gisa tipifikatu dira. Gorroto-delituaren motiboa talde jakin baten aurkako intolerantzia izan daiteke, kontuan hartuta taldekide horiek funtsezko ezaugarri bat partekatzen dutela, kasu honetan etxegabetasun egoera eta muturreko gizarte-bazterketa”.

“Nahiz eta gure ingurunean horrelako gertakaririk sarritan izaten ez den, ez dira kasu isolatuak”. Bizitegi-egoera larrian dauden pertsona-kopuruaren 2016ko datuen arabera, inoiz kalean lo egin duten gizonen % 22 eta emakumeen % 30 inoiz eraso fisikoen biktima izan dira. Gizonen % 44 eta emakumeen % 49 irain eta mehatxuen biktima izan dira, eta % 40 lapurreten biktima; eta inoiz kalean lo egin duten emakumeen % 20 sexu-erasoen biktima izan da”. “Etxegabeen herenak baino ez du esan ez duela eraso fisikorik, sexu-indarkeriari, iruzurrik, lapurretarik edo irainik sekula jaso”.

“Errealitate horren aurrean, Etxegabeentzako Euskal Estrategiaren Jarraipen Batzordea eratzen dugun erakunde publikook eta irabazi-asmorik gabeko erakundeok salatu eta gaitzetsi egin ditugu etxegabeen aurkako erasoak, intolerantzia eta gorrotoa. Etxegabeen aurkako gorroto-delituek nabarmen hausten dituzte giza eskubideak; eraso horiek ikusaraztea eta salatzea da horiei aurre egiteko lehen urratsa”.

Gaur goizean onetsitako adierazpenean esan da “herritarrak eta erakunde publikoak etxegabeen aurkako gorroto-delitu horien inguruan sentsibilizatu behar direla, eta sendotu egin behar dela gizarte-erakundeen, laguntza-baliabideen eta polizia-kidegoen prebentzio-lana –koordinatua eta bateratua–.

“Gure ustez, halaber, ezinbestekoa da fiskaltza probintzialeko gorroto-delituen eta diskriminazioaren atala gertakari horien jazarpenean inplikatzea. Halaber agerian utzi nahi dugu erakunde guztiek eraso horien egileei modu eredugarrian jazartzeko eta zigortzeko duten antolamendu irmoa, bai eta horrelako gertakarien biktima izan direnek behar duten laguntza legal eta material guztia ematekoa ere”.

2018-2021 Etxegabeentzako Euskal Estrategiak honako helburu hau planteatzen du, besteak beste: “bizitegi-bazterketaren gizarte-pertzepzioan eragina izatea, eragile komunitarioek horrelako egoeretan esku hartzeko inplika daitezen bultzatzea eta pertsona horien biktimizazio-egoerak prebenitzea.

“Estrategia hau bultzatzen dugun erakunde eta entitate publikook gizarte kohesionatua eraiki nahi dugu, eta hori erabat bateraezina da horrelako erasoen tolerantziarekin, kontuan hartuta horiek inolaz ere ez direla zigorgabe geratuko Euskadin”, dio amaitzeko Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan sinatutako adierazpenak.

IKUSI ADIERAZPENA

Kultura Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedratik “Ondarea leheneratzeko sustapen ekintza. Euskal Herriko erakundeentzat zabalik dauden aukerak” Euskal tokiko erakundei hitzaldian parte hartzera gonbidatu nahi zaituzte; maiatzaren 9an izango da hitzaldia, asteazkenarekin, 11:30ean, Getxoko Punta Begoñako galerietan.

Bertan, Antonio Aguilar Sustapen Ministerioko Arkitektura, Etxebizitza eta Lurzoru zuzendari nagusiak bere sailean ondarea leheneratzeko egiten ari diren ekintzak eta ekintza horiek gure lurraldea kudeatu eta kontserbatzeko ardura dutenei zabaltzen dizkieten aukerak aurkeztuko dizkigu.

Hitzaldiaren aurretik, bisita gidatu bat egingo da Getxoko Punta Begoñako galerietara, galeriak leheneratzeko eta balioan jartzeko proiektu konplexuaren arduradunen eskutik, eta Euskadiko proiektu estrategikoetako baten xehetasunak ezagutuko ditugu, zuzenean.

Ekitaldia doakoa da, baina leku dela-eta, izena eman behar da aldez aurretik. Lekuak izen-emate hurrenkeraren arabera banatuko dira.

UNESCO KONFERENTZIA esteka

IKUSI EGITARAUA

Informazio gehiago eta izen emateak: catedra.unesco-paisajes@ehu.eus

www.catedraunesco.eu

Hamarkadetakoa da berdintasun soziala gehiago zabaltzeko egindako borroka, eta helburua, norberaren sexu nahiz genero joerari begiratuko ez dion gizarte bat, baina hala ere, asko dira oraindik irabazteko ditugun erronkak ere, haietako bat, lesbianismoaren agerpen soziala ageriagokoa izatea, lesbianek aitortu ez zaien ikusgaitasun publikoa eskuratzea, homosexualitatea bera ere gizonezko kontua baita oraindik gizartearen begietara.

Ez da gauza erraza ikusgaitasuna, esanahi sozialez kargatutako egintza bat da, non eta testuinguru sexista eta aurreiritzietara makurtu batean azaleratu behar duena. Oztopo gaitza da hori, eragozten diona norbanakoari gizarte-baliabideak beste herritarren pare erabiltzea, gizakia ikusgai agertzeko beldurrez dabilenean uko egiten baitie bere-bereak dituen eskubideei. Eta, hala, lesbiana asko kaltedun suertatzen dira, bere aukera ederki ordainduta, ezin dituztelarik baliatu urte askoko ahaleginez eskuratutako eskubide juridiko eta sozialak, batzuetan etsi egiteraino ere.

Lesbianen ikusgaitasuna, hartara, aitortu egin behar zaien zerbait da, ezer izatekotan: legitimotasun sozialez ari gara, oinarrizko eskubide demokratikoez, oinarrizkoak izateagatik gizarteko norbanako ororenak diren eskubideez. Gogora ekarri nahi dugu sexuaren adierazpen emozionala eskubide sexualetako bat dela, eta, arrazoi beragatik, funtsezko Giza Eskubideetako bat.

Ez dago inork lesbianismoa bere osoan bizitzerik ezin badu ikusgai jokatu. Bistan da gizaki bat ezkutuka ibiltzen bada, beldurrez edo lotsez dagoelako, edo bere sexualitateak errua sentiarazten diolako, gizarte hori ez dela ez askotarikoa ez orotarra.

Gizarte eragileontzat, eginbeharra bezainbeste, aukera da gizarte errespetuzkoago, bidezkoago eta harkorrago bat eraikitzea, eta, hala izan dadin, txertatu behar dugu gure zereginen agendan konpromisorik erabatekoena lesbianengana, haien ikusgaitasuna erraztuko duen testuingurua sustatzeko ahaleginduz.

Esandako guztiagatik, Berdindu zerbitzu publikoak dei egiten die, bai gizarteari berari bai alorreko gizarte-eragileei, beren egin dezaten konpromiso hori, sexu- eta genero-aniztasunaren adierazpen diren gaiak jorratuz eta lesbianak ikusgai agertzeko moduko giroa bultzatuz gizarte-eremu guztietan.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gaitzespen irmoena azaldu du Vitoria-Gasteizen gertatutako bi emakumeren hilketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die senideei eta biktimen hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egiten du gaitzespena adierazteko Vitoria-Gasteizko Udalak deitu duen elkarretaratzearekin, gaur, ostirala, apirilak 20, 19:30ean, Udaletxe aurreko plazan.

Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

Bilbon, 2018ko apirilak 20.

  • Helburua da erkidegoko udalerri handietan modu esanguratsuan murriztea –gutxienez %20– kalean lo egiten duen pertsona-kopurua
  • Gaur egun, euskal erakundeek eta hirugarren gizarte-sektoreak 47 milioi euro bideratzen dituzte urtean etxegabeen arretarako
  • Erakunde sinatzaileek 12 hileko epea dute beren plana diseinatzeko, jarduketa zehatzekin
  • Estrategiak zazpi helburu orokor ditu, eta 50 jarraibide zehatz proposatzen ditu; horiek bederatzi ardatzen inguruan taldekatzen dira

Vitoria-Gasteiz, 2018/04/16

Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Osasun Sailaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, EUDELek eta Bilboko, Vitoria-Gasteizko, Donostia-San Sebastiango, Barakaldoko, Getxoko, Portugaleteko, Irungo, Santurtziko eta Laudioko udalek, gaur, erakunde arteko akordioa sinatu dute, 2018-2021rako Etxegabeentzako Euskal Estrategia garatzeko. Horren bidez, nabarmen murriztuko da –gutxienez % 20– kalean, Euskadiko udalerri handietan, lo egiten duen pertsona-kopuruak, 2020rako. Horretarako, pertsona horiei laguntza emateko politika integralak garatuko dira.

Imanol Landa Getxoko Alkatea eta EUDELeko presidenteak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Natxo Urkixo Laudioko alkateak, Mikel Torres Portugaleteko alkateak eta Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak; Aitziber San Roman Donostiako zinegotziak, Sergio Corchón Irungo zinegotziak; Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Jon Darpón Osasun Sailburuak; Teresa Laespada, Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatuak, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru-diputatuak, eta Miren Saratxaga Arabako Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Zuzendariak; akordioa sinatu dute, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan.

Estrategia horretarako, aurretik Euskadiko etxegabeen ezaugarriak eta beharrak aztertu dira, euskal erkidegoan ezarritako arreta-sistemaren indarguneak eta ahuluneak, eta, halaber, inguruneko herrialdeetan bizitegi-bazterketaren aurrean esku hartzeko ereduak hartu dira kontuan.

Dokumentu honi atxikitzea borondatezkoa eta loteslea da. Orientatzailea da dokumentua; izan ere, tartean diren erakundeen jarduketa zentzu jakin batean orientatzeko prestatu da. Gida gisa antolatu nahi da, aurretik adostutako printzipio, helburu eta jarraibide batzuekin; horiek, aurrerantzean, erakundeek adostuko dituzte, jarduketa zehatzetan.

Kalitateko baliabideak

Beatriz Artolazabal sailburuak zera azaldu du: “ez gara hutsetik hasiko; izan ere, hirugarren euskal gizarte-sektoreko erakunde eta entitateok esperientzia dugu, gure erkidegoan handia baita etxegabeentzako arreta emateko sareko baliabideen hornidura. Estatuan buru gara, ostatu-plazak betetzeari dagokionez”.

Euskadik, guztira, 47,5 milioi euro bideratzen ditu urtean etxegabeei arreta ematera; horietatik, 40,2 milioi diru-kutxa publikoetatik. “Ez gara autokonplazienteak, eta, estrategia hau antolatzeko, gure eredua aztertu dugu eta, horretarako, ahulune nagusiak eta hobekuntza-eremuak nabarmendu ditugu. Funtsean gizarte-zerbitzuetan oinarritzen den eredua dugu. Prebentzio-arloko esku-hartzeen garapen urria dugu”, esan du Artolazabalek.

“Inguruneko herrialdeetan bizitoki-bazterketaren aurrean esku hartzeko ereduak eta Euskadiko etxegabeen ezaugarri eta beharrak eta gure erkidegoan ezarritako arreta-sistemaren indarguneak eta ahuluneak aztertu ondoren, Bizitegi Bazterketa Larria Prebenitzeko eta Murrizteko Euskal Estrategia zehaztu dugu”, esan du sailburuak.

“Etxegabeak, gaua eta eguna hirietako kaleetan ematen dutenak, bizitegi-bazterketaren modurik agerikoenen eta gordinenen erakusle direlako” ideia partekatzen dute erakundeek eta, ondorioz, estrategia prestatzeko aurretiko lana bateratu dute eta, horretarako, Euskadiko etxegabetasunari buruzko diagnostikoa izan dute.

Ondorio nagusietako bat izan da “oraindik egozten zaien irudi estereotipatua gorabehera, etxegabeak ez direla talde homogeneoa, ez dituztela ezaugarri egonkorrak denboran”. Etxegabetasuna lau kausa-multzo handien arteko elkarreragin dinamikoaren ondorioz sortutako prozesua da –egiturazkoak, instituzionalak, erlazionalak eta pertsonalak–, eta horiek, normalean, aldi berean edo elkarren artean konbinatuta ageri dira.

Estrategia

Euskadi ez da hutsetik hasi; izan ere, esperientzia handia du pertsona horien babeserako ekintzetan, erakunde publikoen inplikazioari esker, bai eta hirugarren euskal gizarte-sektoreko erakundeei esker ere. Horrela, Estatuan, ostatu-plazak betetzeari dagokionez, buru da autonomia-erkidegoen artean; guztira, 47 milioi euro bideratzen ditu urtean, etxegabeei arreta ematera.

Estrategia berri horren bidez, urrats berriak emango dira. Erakunde sinatzaile bakoitzak 12 hileko epea du bere plana diseinatzeko, Estrategian adostutako jarraibideak gauzatzeko jarduketa zehatzekin.

Jarduketa horiek berriak edo beste batzuen jarraipenak izan daitezke, eta tartean den erakunde bakoitzak banaka edo erakunde baten edo gehiagoren arteko lankidetza-akordioen bidez egin daitezke; horrela, besteak beste, osasuneko, enpleguko, etxebizitzako edo diru-sarreren bermerako arloen arteko lankidetzan oinarrituta garatu daitezke jarduketak.

Estrategia honen helburu orokorrak honako hauek dira:

  • Etxegabetasuna prebenitzeko politikak sendotzea.
  • Euskadin etxegabeentzako egungo arreta-eredua berrorientatzea, pertsona oinarri duen eta etxebizitzara orientatzen den arreta-eredua sortzeko.
  • EAEko Gizarte Zerbitzuen Maparen zabalkundearekin amaitzea eta, horretarako, lurraldeetan baliabideen banaketa egokia egiten dela bermatzea, eta, bereziki, gizarte-bazterketarako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako lehen mailako arretarako gizarte-zerbitzuak sendotzea, gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko kasuak eta esku-hartzeak kudeatzeko eginkizunei dagokienez eta ostatu-zerbitzuei eta goizeko eta gaueko harrera-zerbitzuei dagokienez.
  • Etxegabeek, osasun-eremuan, diru-sarrerak bermatzeko eremuan eta lan-aktibazioaren eremuan dituzten eskubideetara jotzen dutela bermatzea, bizitokia edozein dutela ere.
  • Premia bereziak dituzten etxegabeei ematen zaien arreta hobetzea eta, zehazki, bizitegi-bazterketa larrian dauden emakumeei ematen zaiena.
  • Etxegabeen problematikaren inguruko ezagutza koordinatzeko, ebaluatzeko eta kudeatzeko gailuak hobetzea.
  • Fenomeno horren gizarte-pertzepzioan eragitea, eragile komunitarioen inplikazioa sendotzea egoera horiei heltzeko eta pertsona horiek jasan ohi dituzten biktimizazio-egoerak prebenitzea.

Estrategiak 50 jarduketa zehatz proposatzen ditu, eta horiek honako bederatzi ekintza-ardatz nagusi hauen inguruan antolatzen dira:

  1. Bizitegi-bazterketa larriko egoerak prebenitzea.
  2. Etxebizitzan oinarritzen den ikuspegia garatzea.
  3. Gizarte-zerbitzuen eremuan gizarte-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonetara orientatutako baliabide eta programak hobetzea.
  4. Bizitegi-bazterketa prebenitzeko eta horri heltzeko politiketan genero-ikuspegia sendotzea.
  5. Etxegabeek herritarren eskubideetara jotzen dutela bermatzea eta, horretarako, beren administrazio-egoera erregularizatzea.
  6. Hobekuntza sektorialak osasunean, diru-sarreren bermean eta enplegura jotzean.
  7. Etxegabeek aisiara, hezkuntzara, gizarte- eta politika-partaidetzara jotzeko bide ematea.
  8. Erkidegoak bizitegi-bazterketako egoerak prebenitzeko eta horiei heltzeko sentsibilizazioaren eta inplikazioaren eremuan hobekuntzak egitea.
  9. Ezagutza koordinatzeko, haren segimendua egiteko, hura ebaluatzeko eta kudeatzeko neurriak hartzea.

Estrategia 2017ko urriaren 11n onetsi zen, eta, gaur, erakundeek hari atxikitzeko akordioa sinatu ondoren, harekiko lotura ezarri da eta, aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzari, aldundiei eta udalei dagozkien jarduketak ezartzen hasiko da.

EUDELek udalen esku jartzen du Udala aldizkariaren edizio berria: “Udal finantzaketa. Udalen partaidetza zerga itunduetan, 2017ko likidazioa”.

Zenbaki honetan, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileraren (2018ko otsailak 13) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen bileren ondoren lortutako Udal Finantzaketarako Foru Funtsei buruzko hiru lurraldekako Udalen  banantze-datuak daude bilduta.

Argitalpen honekin, EUDELek Euskal Toki erakundei aldizkako informazioa eskaintzeko konpromisoari erantzuten dio, betiere, kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontu-kudeaketaren arloko lana errazteko.

Ikusi 2018ko otsailako-martxoko Udala

 Ikusi udalei bidalita txostena (18/03/09) informazioa aurreratzea  (2017ko likidazioaren buruz)

UDALA aldizkariaren Hemeroteka

 

2018ko martxoaren 21a

Martxoaren 21ean, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailak informazio-jardunaldi baterako deia egiten zuten, xede izanik euskal udalei EUSKARALDIA edo Euskarak 365 egun ekimena aurkeztea, bai halaber 2018ko jardunbideak zehaztea, euskara aktibatzeko ekimen hau toki-mailan garatu dadin.

Berrogeita hamar bat arduradun politiko bertaratu ziren. Beasaingo Alkate Aitor Aldasorok, EUDELeko euskara ordezkari gisa, aurkezpena egin zuen. Aldasorok hainbat alkate eta zinegotzia bertaratu izana eskertu zuen, eta adierazi zuen horrek argi erakusten duela udalek euskararekiko duten konpromisoa. 

EUDELen ordezkariak EUSKARALDIA goraipatu zuen, jarduteko marko komuna den neurrian, maila askotakoa; izan ere, ekimenean barne daude erakundeak, gizarte-eragileak eta norbanakoak. Beasaingo Alkateak azpimarratu zuen ibilbide luzeko dinamika dela, 2018tik haragokoa, eta gogorarazi zuen hizkuntza-aldaketek denbora-ikuspegi zabala eskatzen dutela. Era berean, adierazi zuen ziurtasun osoa duela hizkuntzaren erabilera soziala apurka eta urratsez urrats indartuko dela.

Zentzu honetan, Batzorde Eragilearen ordezkari gisa, Aitor Aldasorok nabarmendu zuen EUDELek prestutasun osoa duela gainerako eragile sozial eta politikoekin batera euskararen erabileraren normalkuntza sustatzeko.

Sarreraren ostean, EUSKARALDIA ekimenaren ezaugarri zehatzak zein diren azaldu zuten honako arduradunek: Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Estibaliz Alkorta, Euskaren Sustatzeko zuzendaria; eta Jasone Mendizabal, TOPAGUNEA elkarteko zuzendaria.

EUSKARALDIA ekimenaren helburua da hizkuntza-ohituretan aldaketa eragitea, nola-eta herritar euskaltzaleak aktibatuz, alegia, euskara sustatzearen aldeko jarrera duten pertsonak. Lana bi esparrutan oinarritzen da: pertsonak eta erakundeak.

 

Informazio gehiago: www.euskaraldia.eus

 

2018rako MUGARRIA:

2018: Euskaraldia: 11 egun euskaraz.

Helburua: pertsonak aktibatzea. Euskaltzaleak aktibatzea, beren egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten.

Horretarako, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimena gauzatuko da Euskal Herri osoan.

Udalen parte-hartzeari begira, izena emateko epea apirilaren 8ra artekoa izango da.

EUSKARAK 365 EGUN DINAMIKAREN HELBURU NAGUSIAK:

  • Hizkuntza-ohiturei astindu bat ematea eta ahalik eta pertsona gehienek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea.
  • Tokian tokiko euskalgintza aktibatzea, praktika linguistikoak erraztuko dituzten neurriak sustatu eta herritar euskaldunak martxan jar ditzaten.
  • Era guztietako entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten babes neurriak hartzea eta oztopo diren egoerak arintzea eta bideratzea.
  • Ekimenetik abiatuta emango diren urrats berriak eta sortuko diren euskarazko harremanak ekimenaren ostean mantentzea.

EUSKARALDIA: 11 EGUN EKIMENAREN BOKAZIOA:

  • Osagarritasuna: Euskarak 365 egun dinamikak euskararen erabilera sustatzeko abian dauden horrenbeste ekimen eta programen osagarri izateko bokazioa dauka. Euskararen erabilera programetan txertagarria eta horiekin uztargarria izan daiteke, eta hala egiteko gonbidapena luzatzen dugu.
  • Malgutasuna: Euskarak 365 egun dinamika herri edo eremu bakoitzeko egoera soziolinguistikoaren eta lehentasunen arabera moldatu behar da.
  • Abiatzea: Proposamena egin nahi diegu herriko euskalgintzako eragileei elkarrekin harremanetan jar daitezen ekimena elkarlanean diseinatu eta garatzeko; izan euskalgintza soziala zein instituzionala.
  • Marko komuna: Euskarak 365 egun dinamikak malgua izan behar du herrien errealitateetara egokitu eta funtzionatuko badu. Hala ere, marko komuna behar du herritarrentzako nahasgarria izan ez dadin. Herrietan oinarrizko ezaugarriak mantentzea komeni da: helburuak, izena eta irudia, ahobizi eta belarriprest figurak izatea eta gauzapen garaia

  • EUDELek eta Europako Kontseiluak sustatu dute proiektu pilotu bat. Bertan, bederatzi udalek euren maila neurtu dute, kalitate eta eraginkortasun demokratikoari dagokionez. Neurketa Gobernantza Onaren hamabi printzipioetan oinarrituta eta ebaluaziorako 97 adierazleren bitartez egin da.
  • Horrenbestez, bost Euskadiko udalak Gobernantza onaren arloko abangoardiako bereizgarri hau daukaten Europako lehen 200 udalen artean sartu dira.
  • Parte hartu duten gainerako lau udalek (Beasain, Elgoibar, Galdakao eta Mungia) euren konpromisoa berriztu dute, etengabeko hobekuntzarako eta praktika onak elkartrukatzeko tresna honekin.
  • Sortu duen interesa ikusita, proiektua Europako zigilua lortzeko hurrengo deialdiren batean parte hartu nahi duten udal gehiagori ere ireki zaie. Bigarren fase honetarako, EUDELek erakunde arteko ELoGEko batzorde bat eratu du, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiak elkarrekin.

Donostia, 2018ko martxoaren 20a. Gaur goizean, Basauri, Leioa, Ermua, Irun eta Urnietako udalek Europako Kontseiluak ematen duen Gobernantzaren alorreko Bikaintasuneko Europako Zigilua (ELoGE) lortu dute. Zigilua emateko, gobernantza onaren 12 printzipioetan oinarritu dira: gardentasuna, herritarren parte-hartzea, portaera etikoa, eraginkortasuna eta efizientzia, finantza-kudeaketa osasungarria, berrikuntza, berdintasuna, giza eskubideak eta aniztasuna, besteak beste. Modu horretara, Euskadiko udalak Europako 200 udaleko talde txiki bati batu zaizkio (Estatuan bat bakarrik), non udalek aipatutako bereizgarria duten, abangoardiako posizioan egoteagatik, gobernantza onari eta kalitate demokratikoari dagokienez.

IMANOL LANDAREN HITZAK

PRENTSA OHARRA JEITSI

Zigilua EUDELek 2017an eta 2018an Gipuzkoako eta Bizkaiko 9 udaletan sustatutako proiektu pilotu baten amaierako aintzatespena da, aipatutako bost udalez gain, Beasainen, Elgoibarren, Galdakaon eta Mungian. Denek hartu dute euren gain, euren borondatez, 97 adierazletan eta bi galdeketatan oinarritutako autoebaluazio prozesu zorrotz bat egiteko konpromiso politikoa; galdeketetako bat gobernuko eta oposizioko zinegotzientzat izan da, eta bestea, herritarrentzat.

Donostiako Koldo Mitxelena aretoa agertoki izan da gaur goizean, 2017ko ELoGE Zigilua emateko ekitaldian: kristalezko dodekaedro bat, 12 printzipioen betetze-maila orokorrean kalifikaziorik altuena lortu duten bost udalak dira, adierazle bakoitzarentzat eskatutako puntuazioa beteta. Bost udalen alkateek saria jaso dute: Jose Antonio Santano (Irun), Mikel Pagola (Urnieta), Andoni Busquet (Basauri), Maria del Carmen Urbieta (Leioa) eta Carlos Totorika (Ermua). Peru Bazako, Erakunde Harremanetarako Sailburuordeak, eta beste Foru Aldundien ordezkariek parte hartu dute ekitaldian.

Ekitaldia EUDELeko elkarteburu Imanol Landak eta Europako Kontseiluko ordezkari Alina Tatarenkok gidatu dute, eta proiektu pilotuko eta proiektuan interesa duten beste hainbat udaletako ordezkari tekniko eta politiko ugari bertaratu dira.

Europako Zigiluaren xedea “tokiko eragileen ekintzak mobilizatu eta suspertzea” da, “herritarrek gobernantza on eta demokratiko batez goza dezaten, zerbitzu publikoak etengabe hobetuz, herritarren parte-hartzearekin eta espero bezalako ordezkari politikoekin”. (Helburu hau Europako Kontseiluaren 2007ko Valentziako Adierazpenean dago adierazita, eta 2010ean zigiluaren abiapuntu izan zen).

ELoGE Zigilua lortzeko hurrengo deialdiak

Lehenengo aldiz eman dute ELoGE Zigilua Euskadin, eta, sortu duen interesa ikusita, hemendik aurrera, aldizkako deialdiak egitea espero da. Horretarako, EUDELek lurralde plataforma bat sortu du Zigilua emateko eskumenarekin, eta, aurten, 2018an, udalen bigarren talde bat eratzea da asmoa, lanean has daitezen hurrengo deialdietan, urtero ahal baldin bada, banatuko den bereizgarria lortzeko.

Proiektuaren jarraikortasuna sendotu eta bermatzeko, ELoGErako erakunde arteko batzorde bat eratu da, EUDELeko, Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko eta lurralde bakoitzeko foru aldundietako ordezkariek osatuta. Xede nagusia Zigilua merezi duten udal hautagaiak onartzea, sor daitezkeen gatazkak konpontzea, eta etorkizunerako hobekuntza planak aztertu eta horien jarraipena egitea izango da.

ELoGE Europako Zigilua ©EuropeanLabelforGovernance’ Excelence

Europako Zigiluak zerbitzu publikoak hobetzea bilatzen du, eta tokiko gobernuak aintzatesten ditu, kudeaketa politikoan euren praktikek duten kalitateagatik eta udalen kudeaketagatik, kanpo harremanei dagokienez, herritarrekin, bereziki.

Zentzu horretan, esaterako, iruzurrari aurre egiteko neurriak ebaluatzen ditu hainbat arlotan –kode etikoen edo jokabide kodeen bitartez–: kontratazio publikoa, baimenak eta lizentziak ematea, gardentasuna eta udaleko informazioaren eskuragarritasuna sustatzea, kontuak ematera bideratutako baliabideak, edota inklusio eta kohesio sozialaren garapen maila. Alderdi horiek guztiek tokiko gobernuen heldutasun maila adierazten dute, bai eta aipatutako helburuak betetzeko bertako ordezkari politikoek duten konpromisoa ere.

Zigilua aintzatespenerako eta etengabeko hobekuntzarako tresna da, inola ere ez tokiko erakundeak kontrolatzeko. 2 urteko denbora-tarte mugaturako emango da. Behin iraungita, Udalak ziurtagiria modu errazean berriztu ahal izango du, adierazleak modu egokiagoan betetzeko hobekuntza planak ezarriz.

Gobernantza Onaren 12 printzipioak

Valentziako (2017) eta Utrecheko (2009) adierazpenen markoan, Europako Kontseiluko 47 estatu kideetako ministroek Zigiluaren oinarri diren tokiko mailako Gobernantza demokratiko onaren 12 printzipio ezarri zituzten.

12 european principles: www.coe.int/good-governance

  1. Hauteskundeak eta ordezkaritza eta parte-hartze bidezkoak
  2. Erantzuteko gaitasuna
  3. Efizientzia eta eraginkortasuna
  4. Irekiera eta gardentasuna
  5. Zuzenbide-estatua
  6. Portaera etikoa
  7. Eskumenak eta gaitasunak
  8. Berrikuntzaeta aldaketaren aurrean irekita egotea
  1. Jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa
  2. Finantza-kudeaketa osasungarria
  3. Giza eskubideak, dibertsitate kulturala eta kohesio soziala
  4. Kontu ematearen beharra