Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

  • Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko datu-trukea lankidetza-hitzarmen baten bidez egingo da; truke honi esker hitzarmenari atxikitako udalerrietako herritarrek errazago eta erosoago egin ahal izango dituzte beren administrazio-izapideak.
  • Udazkenean abiaraziko dira Aldundiak eta udalek lankidetzan sortutako plataforman bideratuko diren lehen proiektuak: gizarte ekintzako modulua eta erroldako datuak partekatzeko modulua.
  • Ondoren, apurka-apurka, beste arlo batzuetako datuak sartuko dira truke-plataforman, esaterako gizarte prestazioei buruzko ziurtagiriak, DSBEri buruzko informazioa, zerga-betebeharrei buruzko ziurtagiriak, eta NANak Poliziarekin konektatuz egiaztatzeko zerbitzuak.
  • Herritarrek onura hauek izango dituzte: administrazio-izapideak errazagoak izango dira, ez dute edukiko zertan joan hainbat leihatilatara agiriak eskatzeko, eta ez dituzte aurkeztu beharko administrazioak badauzkan agiriak.

Bilbo, 2016ko uztailaren 15a. Gaur goizean 67 udalerritako alkateekin eta ordezkariekin egindako ekitaldi batean Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek elkarreragingarritasunerako hitzarmen bat aurkeztu dute; horri esker hitzarmenari atxikitako administrazioek datuak partekatuko dituzte herritarrek beren izapideak errazago kudeatu ahal izateko.

Aurkezpen-ekitaldian Getxoko alkate eta EUDELeko lehendakari Imanol Landak eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxeak azaldu dute aurtengo udazkenean bi modulu abiaraziko direla, bata gizarte ekintzako datuen trukerako eta bestea erroldako datuen trukerako.

“Elkarreragingarritasuna; alegia, administrazioen arteko lotura eta datuak nahiz informazioa trukatzea, garrantzi handiko urratsa da gure udalen berrikuntzarako eta modernizaziorako”.

“EUDELetik, beti egin izan dugun bezalaxe, udalen ondoan izango gara eta laguntza emango diegu beren eskari eta interesei erantzuten dieten ekimen guztietan; are gehiago herritarrentzat modu nabarmenean onuragarria denean. Kasu honetan, kontua da edozein herri-erakunderekin burutu behar dituzten izapide eta gestioak erraztea eta erosoago egin ahal izatea. Udalek, bereziki, gure herritarrentzako arreta eta zerbitzu gero eta irisgarriagoak, erakinkorragoak eta kalitatezkoak eskaini behar ditugu, batez ere gizarte-beharrei edo egoera zailei erantzun behar zaienean.”

Imanol Landa, EUDELeko elkarteburua.

BI MODULUAK

Gizarte ekintzako moduluaren bitartez ondokoak kudeatu ahal izango dira modu telematikoan eta datuak trukatuz: etxez etxeko laguntza zerbitzua, gizarte larrialdietarako laguntzak, gizarte-inklusioko eta haurren arloko interbentzioak, eta mendekotasunaren balorazioak, besteak beste.

Beste alde batetik, erroldako datuen moduluari esker errolda-helbidea udalerri barruan  aldatu nahi duten herritarrek ez dute edukiko ziurtagiria Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu beharrik informazio hori behar den kudeaketak egiteko, Aldundiko langileak online aztertu ahal izango du eta.

Bi modulu horiek abian jarri ondoren, apurka-apurka beste arlo batzuetako datuak sartuko dira truke-plataforman, esaterako Aldundiaren gizarte prestazioei buruzko ziurtagiriak, DSBEri buruzko informazioa, zerga-betebeharrei buruzko ziurtagiriak, eta NANak Poliziarekin konektatuz egiaztatzeko zerbitzuak.

Hitzarmenaren onurak

Elkarreragingarritasunerako hitzarmen honek hainbat onura ekarriko dizkie herritarrei, batez ere administrazioekin egin beharreko kudeaketetan, asko erraztuko dira eta. Esate baterako, ez da egongo leihatilaz leihatila agiri “eskean” ibili beharrik, herritarrek ez dituzte aurkeztu beharko administrazioak lehendik dauzkan agiriak, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestuko dira, eta espedienteen izapidetzea bizkortuko da, besteak beste.

Gainera, gure langile publikoei ere lana erraztuko diegu. Berehalako sarbidea izango dute izapidetzeetarako behar duten informaziora, eta, horrez gain, dokumentuak lortzeko herritarrek egindako eskaerak murriztuko dira. Horrela, modu eraginkorragoan, azkarrago eta modu gardenagoan lan egin ahalko dute, erantzunaren kalitatea ere hobetuz.

Imanol Landak eta Ibone Bengoetxeak udalen lana azpimarratu dute, beren ustez funtsezkoa baita 2015ean sinatutako hitzarmen bat dela bide foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak elkarri datuak linean lagatzeko erabiltzen duten egitura osatzeko. Hitzarmen honi esker Bizkaiko udalak elkarrekin konektatu ahal izango dira, bai eta gainerako administrazio publikoekin eta Estatuko Administrazio Orokorrarekin ere (Eusko Jaurlaritzaren bidez). Horrela, administrazioaren maila guztiak egongo dira konektatuta.

Aldundiaren eta Bizkaiko udalen arteko elkarreragingarritasunerako hitzarmena Bizkaiko Foru Aldundiaren modernizaziorako, gardentasunerako eta gobernu enerako estrategiaren funtsezko elementuetako bat da. Estrategia horretan oinarritzen da oraingo legegintzaldiko gobernu-proiektua, helburu hauek dauzkana: Aldundia modernizatzea egungo egoerara egokitzeko eta zerbitzu hobeak eta erabilerrazagoak eskaintzea.

EUDEL – Euskadiko Udalen Elkarteak 5 minutuko elkarretaratze isilak deitzera gonbit egiten die udal guztiei, gaur, ostirala, uztailak 15, eguerdiko 12:00etan, udaletxeen aurrean.

EUDELek gaitzespen irmoa adierazi nahi du, bart Nizan gertatu, hildako asko eta zauritu ugari eragin dituen atentatuaren aurrean. EUDELek erabateko irmotasunez gaitzesten du indarkeria terroristaren basakeria, eta dolumina eta elkartasuna helarazi nahi die biktimen senide eta hurbilekoei.

Une latz honetan, Euskadiko Udalok besarkada solidarioena eta hurbiltasun-sentipen sakonena bidali nahi dizkiegu Nizako hiriari eta Frantziako herri osoari.

Bilbon, 2016eko uztailaren 15ean.

Lana Bultzatzeko Tokiko Jardueretarako diru-laguntzen deialdiak EHAAn argitaratzea daudela eta, Euskadiko Toki Erakundeetako kargu publikoak eta teknikariak informazio-jardunaldi bat antolatu dute EUDELek eta Lanbidek gaur goizean, ekainak 16.

EUDELen aldetik, Sestaoko alkatea Josu Bergara egon da. Bera arduratu da jardunaldia irekitzeaz, 2013ko Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko Herri Erakundeen arteko Hitzarmenaren barruan kokatuta. Hitzarmen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EUDELek inbertsio publikoa azeleratzeko eta lana suspertzeko plan bereziak abian jartzeko konpromisoa hartu zuten.

Lanbideko Lan Berrikuntzako Zuzendaria Lana zuzendariak, Gotzone Sagurdui, bertatik bertara azaldu ditu Laguntzei buruzko Agindu berriaren edukia zein berrikuntzarik garrantzitsuenak eta, azalpena amaitutakoan, udal ordezkarien galderak.

EUDELeko ordezkaria, Josu Bergarak enplegu-arloko herri-erakundeen arteko lankidetza indartzen jarraitu behar dela nabarmendu du, izan ere, hura da Enplegua Suspertzeko 2013-2016 Programaren barruko printzipio estrategikoetariko bat: “Gure udalerrietan enplegua sustatzea eta sortzea guztion helburua da, beste edozeren gainetik. Arreta nagusia Lanbideko zerrendetan dauden gure herritarrengan jarri behar dugu.”

Diru kopurua: 21.000.000 euro (11.000.000 euro 2016ko aurrekontuan, eta 10.000.000 euro  2017ko aurrekontuan)

  • 15.000.000 euroko finantzaketa izango dute 1. eta 2. motako ekintzek.
  • 5.000.000 euroko finantzaketa izango dute 3. motako ekintzek, langabeziak gogorren jotako eskualdeetara eta udalerrietara bideratuta daudenek.
  • 1.000.000 euroko finantzaketa izango dute  4. motako ekintzek.

Diruz lagun daitezkeen jarduerak

1. MOTA.- Enplegua sustatzea.
2. MOTA.– Kontrataziorako laguntzak
3. MOTA.- Enplegua sortzen laguntzen duten toki-garapenerako beste ekintza batzuk
4. MOTA. – Proiektu estrategikoak.

*Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (III. eta IV. eranskinak), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zen­traletan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.

**Eskaerak aurkezteko epea hau izango da:

–. 1. motako (Enplegua sustatzea), 2. motako (Kontrataziorako laguntzak) eta 3. motako (Enplegu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk) jarduketetarako: hilabete bat, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

–. 4. motako (Proiektu estrategikoak) jarduketetarako, epea irekita egongo da 2016ko urriaren 31ra.

Laguntzen Deialdia EHAA (16/06/16): https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/p43aBOPVWebWar/VerParalelo.do?cd2016002603

Gaur goizean, Bilbon, udaletako politikariak eta teknikariak elkartu dira, Itsas Museoan ekainaren 6tik 8ra bitartean egin den Bizikidetzari, Bakeari eta Giza Eskubideei buruzko I. Jardunaldien barruan. Jardunaldiak esparru honetan lan egiten duten elkarteen Foroak antolatu ditu.

Hirugarren eta azken jardunaldian, erakunde publikoetako eta Bakearen eta Giza Eskubideen Kulturaren alde lan egiten duten erakundeetako politikari eta teknikari arduradunen artean esperientziak trukatzea proposatu zen, udal mailan bizikidetzako planak sortu eta sustatzen jarraitzeko beharra nabarmentzeko asmoz, bai eta gaiari loturiko beste ekimen batzuk ere.

Saioan, Monika Hernandok Eusko Jaurlaritza ordezkatu du, Maribel Vaquerok Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Amurrioko alkate Josune Irabienek, aldiz, EUDEL. Ondoren, Portugaleteko alkate Mikel Torresi eta Elgoibarko alkate Ane Beitiari eman zaie txanda, eta, udalerri mailako bizikidetzari dagokionez, memoria historikoari eta duela gutxiko memoriari buruzko gaietan nork bere udalean izandako esperientziak azaldu dituzte.

Hiru hautetsiek nabarmendu dute adostasun politikorako oinarria sortu behar dela, etorkizuneko ibilbidea eraiki ahal izateko, iragana bistatik galdu gabe. EUDELen ordezkari Josune Irabienek azaldu duenez, “udalok, gure eguneroko lanean, aniztasunarekin eta desberdinen arteko akordioekin lan egitera ohituta gaude”, eta, hortaz, “udal eremuan, proiektu guztiek bat egiten dute”.

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak udal mailan sustatutako zenbait ekimen berrikusi ondoren, hala nola, ‘Memoriaren Eguna’ edo ‘Memoriaren udal erretratuak’, EUDELen ordezkariak Foroa osatzen duten erakundeen ekarpena izan du hizpide. Etorkizunari begira, elkarte horien bidez udalerri askotan garatzen ari den balioetan oinarritutako hezkuntzaren kultura mantentzen jarraitzearen alde agertu da, eta, gehitu duenaren arabera, “beharrezkoa da erakunde horien feedbacka ere izatea”.

Irabienek azpimarratu du udalerri bakoitzak bizikidetzako ibilbidea modu autonomoan egin behar duela; izan ere, “ez dago bide bakarra, eta udalerrien erritmoak ere ezberdinak dira”.

Portugaleteko eta Elgoibarko esperientziak

Mikel Torres alkateak nabarmendu du udal eremua egokia dela bizikidetza jorratzeko.Inork ez ditu zauriak berriro ireki nahi, baina, sendatzeko, lehenengo ukitu egin behar dira”, gehitu du, bere Udalaren ekintza bati erreferentzia eginez; izan ere, 1936. eta 1938. urteen bitartean, Portugaleteko udal funtzionario guztiak errepresaliatu egin zituzten.

Torresek baieztatu du funtsezkoa izan dela sentsibilitate ideologiko ezberdinen muturreko jarrerak saihestea, adiskidetzea artikulatzeko beharrezkoa den borondate politikoa eskuratzeko.

Bestalde, Elgoibarko alkate Ane Beitiak adierazi duenez, bizikidetza finkatzea ez da bide erraza, baina, udalak hurbileneko gobernuak direnez, komunitate osoaren parte-hartzea sustatzeko erantzukizuna daukate, bai arlo politiko-instituzionalean, bai herritarrei eta elkarteei dagokien arloan. Beitiak Baketik erakundearekin lankidetzan abiarazitako ‘Elgoibar: bakea eraikiz’ proiektua aurkeztu du.

Udalek eredu” izan behar dutela azpimarratu du alkateak. Adostasunak lantzeari eman dio garrantzia, modu diskretuan, elkarrizketaren aldeko jarrerarekin eta indibidualismoetatik urrun, etorkizuneko belaunaldiek egoera sozial baketsuaz goza dezaten.

Informazio gehiago: www.foroderechoshumanos.org/eu/

 

Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Foroak (5 Eremu lan ildoen baitan, Bizikidetza, Bakea eta Giza Eskubideen lehenengo Jardunaldiak (Bizikidetzarako 5 eremuen lan ildoan kokatzen direnak) antolatzen ditu ekainaren 6tik-8ra. Bertan, elkarteen munduan, hezkuntza arloan eta erakundeetan bizikidetza, bakea eta giza eskubideen arloak nola lantzen diren aztertu, sakondu eta esperientziak partekatu nahi ditu Foroak.

2016ko Ekainaren 6tik 8ra bitartean Bilboko Itsas Museoan garatuko diren lehenengo jardunaldi hauetan, egun bakoitzean eremu hauek landuko dira modu monografi ko batean adituen eskutik, halaber, praktika onen adibideak ezagutuz.

Udal Eremua: 2016ko ekainaren 8an

“Bake Kultura, Bizikidetza eta Giza Eskubideen arloetako elkarteak

eta erakundeak”

Azken eguna, erakunde publiko ezberdinek egindako ekimenak ezagutu eta partekatzeko eguna izango da. Bertara Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, EUDEL, Udalak eta bake eta giza eskubideen alde lanean diharduten erakundeetako arduradun politiko nahiz teknikoak elkartzea izango da asmoa. Honela, Udaletan Bizikidetza planak eta arlo honekin lotura duten bestelako ekimenak sortu eta garatzen jarraitzeak duen garrantzia azpimarratuko da.

Azkenengo honetan EUDELeko Josune Irabien, Amurrioko alkatea, Eusko Jaurlaritzako Monika Hernando eta Gipuzkoako Foru Aldunditiko Maribel Vaquero izango dira.

Beranduago Portugaleteko alkatea den, Mikel Torres, Elgoibar-ko alkatesa den Ane Beitia, eta Carmen Barbany, Granollers-eko udaltxekoa.

Azken batez, Bizikidetza eta giza eskubideak lantzen dituzten Euskadiko elkarte, erakunde eta pertsonei zuzendutako jardunaldi hauek, topaketa eta gogoetarako gune izan nahi dute, eta bide batez, sinergiak sortu arlo honetan eskuhartzeko ereduak indartu eta berriak sustatzeko.

IZENA-EMATEA: http://foroderechoshumanos.org/eu/evento/jornadasconvivencia/

Programa Deskargatu

PRENTSA-OHARRA

———————————————————————————–

Informazioa: Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Foroarekin kontaktatu 688 80 17 94 edo foroasociacionesddhhypaz@gmail.com

 

Vitoria-Gasteizen, 2016ko ekainaren 2an. Imanol Landa Getxoko alkateak, EUDELen elkarteburu moduan, eta Maite Etxebarria Abanto-Zierbenako alkateak, EUSKAL FONDOAren presidente moduan, azken agurra eman nahi izan diote Mohamed Abdelaziz liderrari. Horregatik, gaur goizean Gasteizera etorri dira biak, Euskadiko Saharako Ordezkaritzaren eta SEADen Lagunak elkartearen ekimenez atzodanik Florida Parkeko Kultur Etxean herritarren eskura dagoen Doluminen Liburuan sinatzera.

Modu horretara, doluminak eman dizkiote, Euskadiko Udalen izenean, Saharako herri osoari; izan ere, betidanik izan da solidaritatean eta adiskidetasunean oinarritutako harreman berezia bi herrien artean, eta, horri esker, lotura estua lortu da Euskadi eta Sahararen artean.

 

EUDELen eta EUSKAL FONDOAren ordezkariek “askatasunaren eta bere herriaren eskubideen aldeko borrokalari nekaezin gisa” aintzatetsi dute Abdelaziz, bai eta “duintasunasunaren eta justizia unibertsalaren defendatzaile gisa ere”. Biek goraipatu dute “elkarrizketaren eta gatazkari konponbide baketsua bilatzearen alde Fronte Polisarioko lider historikoak izandako konpromisoa”.

Joan den asteartean, maiatzaren 31n, gaixotasun luze baten ostean hil zen Mohamed Abdelaziz, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) presidentea eta Fronte Polisarioko idazkari nagusia 1976. urteaz geroztik. Iaz Bakearen aldeko Gernika Saria jaso zuen, Giza Eskubideen defentsan eta Saharako bake prozesuaren alde egindako lanagatik.