Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

EUDELek gaitzespen irmoa adierazi nahi du, asteburuan Istanbulen, Kairon eta Mogadiscion izan diren atentatu odoltsuen aurrean, eta erabateko irmotasunez gaitzesten du indarkeria terroristaren basakeria. Era berean, Euskadiko Udalen Elkarteak dolumina eta elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimen senideei, eta espero du zauritutako pertsona guztiak ahalik eta lasterren sendatzea.

EUDELek udal guztiei gonbit egiten die 5 minutuko elkarretaratze isilak antolatu ditzatengaitzespen eta elkartasun gisa. Elkarretaratzeak, abenduaren 13an (asteartea),  izango dira eguerdiko 12:00etan, udaletxeen aurrean.

Bilbon, 2016ko azaroaren 29an. Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu Ibone Bengoetxeak eta Eudeleko elkarteburu Imanol Landak informazio-jardunaldi bat aurkeztu dute gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri duen Kontratazio Zentralarekin bat egiteko prozesuaren berri emateko. 90 bat pertsonak eman dute izena jardunaldi horretarako; besteak beste, Bizkaiko udaletako alkateak, idazkariak eta udal langile teknikoak.

EUDELeko elkarteburuak, Imanol Landak, oso modu positiboan baloratu du Kontratazioko Zentral berria, “Foru Aldundiaren eta lurraldeko udalen arteko laguntza eta lankidetza juridiko eta teknikorako tresna egoki gisa.” nabarmendu du Landak.

“Udal gobernu guztien lehentasuna da tokiko kudeaketa modernizatzea eta hobetzea. Norabide horretan, denbora eta baliabideak aurreztuz, eraginkortasun handiagoa lortu nahi dugu batik bat.” esan du Elkarteburuak.

Bestalde, foru diputatu Ibone Bengoetxeak Kontratazio Zentraleko onurak azpimarratu nahi izan ditu: “Ziur gaude Kontratazio Zentralak onurak ekarriko dizkigula bertan parte hartzen dugun entitate eta erakunde guztiei. Era askotako onurak izango dira gainera: dirua aurreratzea, denbora eta barne-kostuak aurreratzea, burokrazia administratiboa murriztea, trazabilitatea eta gardentasun nahiz segurtasun handiagoa kontratazio publikoan. Baina enpresa hornitzaileek ere izango dituzte abantailak (enpresa txiki eta ertainek batez ere), prozesu bakar baten bidez erakunde gehiagotara iritsi ahal izango baitira, eta aurrerapen horrek kostu administratiboen murriztea ere ekarriko baitie”,

Joan den uztailaren 20an, Bizkaiko Foru Aldundiak kontratazio zentral bat sortzea erabaki zuen, eta kontratazio publiko zentralizatuaren 35 ondasun eta zerbitzu lizitatzeko, esleitzeko eta kudeatzeko mahai bakar gisa jarduten du. Kontratazio zentral berria apurka-apurka ari da zabaltzen, eta berdin-berdin funtzionatzen du hala Bizkaiko Foru Aldundiarentzat eta foru-sektore publikoko entitateentzat nola euren borondatez harekin bat egin nahi duten Bizkaiko udal, mankomunitate eta partzuergoentzat.

Amaitzeko, Imanol Landak gogorarazi nahi du: “EUDELen, bat egiten dugu baliozko edukia eskaini, kudeaketa aberastu eta udalentzako euskarria eman dezaketen tresnen erabilerari loturiko ekimenekin, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz, betiere.”

 

Zer egin dezaket nik euskararen alde?” Hausnarketarako galdera luzatzen die aurten HAKOBAk herritarrei, gizarte-eragileei nahiz bere buruari

  • 500 atxikimendutik gora jaso ditu dagoeneko Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionalak; zerrenda zabalik dago oraindik, izen gehiago hartzeko
  • Bilboko Guggenheim Museoan ospatuko da aurten Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusia, abenduaren 3an

Hizkuntza Politika gaietarako Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordea (HAKOBA) osatzen duten erakundeek Euskararen Nazioarteko Egunerako elkarrekin adostu duten adierazpen instituzionala aurkeztu dute gaur eguerdiz Bilbon. Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, EUDELEk eta UEMAk galdera bat egin diote euren buruari: “Zer egin dezaket nik euskararen alde?”

Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionalak 500 atxikimendutik gora jaso ditu dagoeneko. Norbanakoak, elkarteak, arlo guztietako gizarte-eragileak, enpresak, finantza entitateak, erakundeak, sindikatuak, alderdi politikoak, unibertsitateak, euskaltegiak, museoak, hedabideak, kirolariak… daude dokumentu luze horretan. Atxikimenduen zerrenda ikusgai dago, eta izen gehiago jasotzeko irekita oraindik, www.euskararentxantxangorria.eus atarian.

Bilboko Guggenheim Museoan egin dute aurtengo adierazpen instituzional honen aurkezpena HAKOBA osatzen duten erakundeetako ordezkariek, abenduaren 3ko ekitaldi nagusia burutuko den lekuan bertan. Ekitaldian parte hartzaile izan dira: EUDELetik Koldo Iturbe, Getxoko zinegotzia, Eusko Jaurlaritzatik Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Bizkaiko Foru Aldunditik Lorea Bilbao, Kultura eta Euskara foru diputatua; Arabakotik, Joseba Perez de Heredia, Kultura eta Kirol zuzendari nagusia; Gipuzkoatik Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia; Bilboko Udaletik Koldo Narbaiza, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi ordezkaria; Donostiakotik Miren Azkarate, Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria; eta UEMAtik Josu Labaka presidentea.

Aurkezpen ekitaldian, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azpimarratu du aurtengoa dela herri-erakunde guztiak bat eginda Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala elkarrekin egiten dutena. “HAKOBA osatzen dugun 9 erakundeok eta 500 gizarte-eragilek bat egin dugu Euskararen Eguneko Adierazpenarekin eta deiarekin. Lehen urtea da hori gertatu dena: halakorik ez da sekulan izan aurten arte, azpimarratu du, atxikimendua eman duten 500 eragileei eskerrak emateaz bat.

Aurten Euskararen Nazioarteko Egunak leloan dakarren galderaz, berriz, “galdera aktibo eta aktibatzailea dela azaldu du Baztarrikak. “Lozorroan geratzeko aukerarik ematen ez duen galdera da. Gutariko bakoitzak egin baitezakegu zerbait euskararen alde. Kontua ez da besteei esatea zer egin behar duten, baizik eta norberak esatea zer egin ahal duen. Denok baitaukagu zereginik. Denok, bakoitzak, “Zer egin dezaket nik?” galderari erantzuteko pare bat minutu hartzera dei egiten dugu”.

Zer egin dezaket nik euskararen alde?”

2016ko Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionalean, euren buruari galdera bat zuzendu diote HAKOBA osatzen dute erakundeek. Zer egin dezaket nik euskararen alde?  “Adierazpen honen sinatzaileok galdera horri erantzun propioa eman nahi diogu, gure esparruan euskara modu edo neurri batean zein bestean indartzeko erantzun bat”, dio adierazpenak.

Era berean, herritar guztiak eta gizarte-eragile guztiak gonbidatu nahi ditugu galdera hori bera egitera eta nork bere neurriko erantzuna hausnartzera, guztion ekarpenak baitira baliagarri eta onuragarri euskararen biziberritzerako eta guztion arteko elkarbizitza sendotzeko”.

Galderari erantzutea eta galdera bera euskal gizarte osoan zabaltzea da aurten Euskararen Nazioarteko Egunaren asmoa.

 


  • Emakundek, EUDELek eta hiru Foru Aldundiek bultzatuta, Beldur Barik 2016 programaren amaiera ospatuko da azaroaren 26ko Topaketan.

Urtero legez, erakunde guztietako ordezkariak gaur goizeko prentsaurrekoan bildu dira programaren amaierako ekitaldia aurkezteko (Topaketa), Azaroaren 25a – Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Eguna dela eta. Bildutako ordezkariek dei bateratua egin dute puntu lila erabiltzeko, indarkeria mota hau gaitzesten duen sinbolo bezala. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.

2016eko Beldur Barik Topaketa Urdulizen (Uribe-Kosta) ospatuko da azaroaren 26ean, larunbat arratsaldean. Jaiak balioko du urte osoan zehar, euskal geografia osotik gazteekin garatutako lanari amaiera emateko. Topaketan Beldur Barik Ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Ezberdintasun egoerei aurre egite aldera, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

EUDELen aldetik, Berangoko Alkate eta Uribe-Kostako Mankomunitateko Lehendakari Maria Isabel Landak eskerrak eman dizkie erakunde antolatzaileei ekitaldiaren aurtengo herri anfitrioi gisa Urduliz aukeratu delako. Alkateak nabarmendu du zeinen garrantzitsuak diren tokiko prozesuek eta udalen ekimenak “berdintasuna udalerrietan eraikitzen da, tokiko bizitzan. Eta erakunde hurbilenak diren neurrian, tokiko gobernuetatik daukagun konpromisoa egunerokoa da.”

“Adibidea berton dugu, Uribe-Kostako Mankomunitatean eta berau osatzen duten udaletan. Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, 2009tik ari gara Beldur Barik programa lantzen eta bultzatzen. Batez ere, hezkuntza zentroekin gabiltza elkarlanean, Lehen Hezkuntzakoekin zein Bigarren Hezkuntzakoekin, bai halaber udalerri guztietako gazteentzako gizarte-guneekin.” azaldu du..

Beldur Barik programa, gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDELek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDELen babesa eta finantzaketa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

Programak gazteei indarkeria sexista identifikatzeko eta horiei Beldur Barik  Jarrerarekin aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkie.

Tokiko ekimenak udalerrietan

Edizio honetan 341 izan dira aurkeztutako lanak, 69 udalerritakoak. Horietatik 246 lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Bigarren kategoriari dagokionez, 18 eta 26 urte bitartekoa, 95 lan aurkeztu dira. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri-bozkaketarekin herria-saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere, pasa den urtean lehenengo aldiz egin zen bezala, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla (Beldur Barik webgunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa eskuragai: http://beldurbarik.org/category/lehiaketa-lokalak-2016/).

Uribe-Kosta, Beldur Barik Herria

Azaroaren 26an Urdulizen (Uribe-Kosta) ospatuko den topaketan, eztabaidak, formazio tailerrak eta ikuskizun ugari ospatuko dira. Tailerrak eta sari-banaketa Urdulizeko Kultur Etxean gauzatuko dira. Doaneko autobusak erraztuko dira publikoa hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.

Honako hauek dira programatutako ekintzak:

  • 16:30-17:00 Ongi etorria, autobusen helduera Kultur Etxera.
  • 17:00-19:00 Tailerrak (Autodefentsa feminista, Perkusioaren boterea, Gorputzak Orekan, Genitarte, Deshalduntzerako Clown tailerra mutilentzat: Galtzen ikasi, Zer dakizu sexuari buruz? 1, 2, 3… 3 ligatzeko 3 pausu eta Mezua eraldatu eta Beldur Barik abestu!
  • 19:15-19:30 Performance
  • 19:30-20:00 Lunch
  • 20:00-21:45 Sari banaketa.
  • 21:45 Autobusen irteera Urdulizetik.
Informazio gehiago:  www.beldurbarik.org

Idazkia eta erreferentzia-testua, azaroaren 2an Euskadiko udal guztietara bidalia, udal bakoitzari autonomia eta askatasun osoa ematen zaielarik berau onar dezaten, hala badagokio. Izan ere, jakitun gara udal bakoitzak biktimekiko ibilbide desberdina duela.

Idazkia (16/11/02):

EUDELek Euskadiko udalerri guztiak gonbidatzen ditu Memoriaren Eguna ospatzera, datorren azaroaren 10ean.

Horretarako, oinarrizko honako proposamena egin da:

  1. Azaroaren 10ean, 12:00etan, Udalbatzaren elkarretaratzea egitea, 5 minutukoa (isilik), udaletxearen aurrean edo udalerrian ekitaldi mota honetarako ohikoena den tokian.
  2. Ekitaldi honetarako, Udalean ahalik eta adostasun handiena lortzea udalerri bakoitzean.
  3. Elkarretaratzea aldez aurretik iragarri beharko da, eta herritarrei zein udalerriko tokiko erakunde eta eragile sozialen ordezkariei parte hartzeko gonbit egin beharko zaie. “

 

EUDELek eta Bizkaiko Foru Aldundiak .EUS domeinuaren erabilera sustatu nahi dute enpresa eta elkarteen webguneetan.

Ia bi urte dira .EUS domeinua erabilgarri dagoenetik. Eta, bi urte hauetan 6.000 enpresa, erakunde eta norbanakok komunitatearekin bat egin dute domeinu-izenak erregistratuz.

Une honetan, .EUS da Hego Euskal Herrian hazkundean dagoen interneteko domeinu bakarra, gainerako domeinu guztiak (.com, .net, .es, etab.), bataz beste, %7 jaisten ari diren bitartean .EUSek %18ko hazkundea izan du 2016ko lehen bederatzi hilabetetan.

.EUS domeinuaren hazkundea lurralde guztietan eta sektore guztietan ari da ematen. Bizkaian, esate baterako, domeinu-izenen %30 enpresek erregistratu dituzte, %16 erakunde publikoek eta %20 euskararen eta kulturaren arloko erakundeek. Webgune askok eman du .EUSerako jauzia; eta, horri esker eta webgune horien kalitateari esker, munduko 783 domeinu berriren artean egindako azterketan 4. postua lortu du .EUSek kalitateari eta SEOri dagokionean.

PuntuEUS Fundazioaren bokazioa domeinua zabaltzen eta hazten jarraitzeko lan egitea da eta egindako azken merkatu-azterketaren arabera hazkunde bidea, Bizkaiko enpresa, elkarte eta abarren parte-hartzetik etor daitekeela aurreikusi da. Izan ere, gaur gaurkoz .EUSen pisua handiagoa da, adibidez, Gipuzkoan Bizkaian baino.

Bizkaiko erakunde publiko nagusien apustua garbia da eta .EUS domeinua darabilte, Bizkaiko Foru Aldundia eta EUDEL adibide dira. Erabiltzeaz gaiz, erakunde hauek dei egin diete Bizkaiko enpresa, erakunde eta abarri haien webguneetan .EUS domeinua erabil dezaten.

Izan ere, .EUS domeinua tresna baliagarria da euskaren interneteko presentzia sustatzeko. Interneteko webguneen %15k erabiltzen du euskara Bizkaian eta domeinu nagusietan euskarazko edukia duten webguneen ehunekoa aztertuta, nabarmen gelditzen da .EUS domeinua dela euskara gehien duena. Kasu honetan euskarazko edukia duten webgune kopurua %88koa da eta euskararik ez duten domeinu-kopurua %12an kokatzen da. Esan daiteke beraz .EUS domeinua dela euskararen arnasgune digitala. Gainerako domeinuen kasuan, euskararen presentzia haien webguneetan %20aren azpitik dago kasu gehienetan. Gaur egun guztira 16.559 dira Euskal Herrian euskarazko edukia duten webguneak eta horietatik 6.000k .EUS domeinu-izena dute.

PuntuEUS Fundazioa                                      

.EUS domeinua Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da.EUS, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona.

PuntuEus Fundazioak aurkeztu zuen, 2012ko maiatzean, .eus domeinuaren eskaria ICANN erakundearen aurrean eta bera izan da, 2013ko abenduan, ICANN erakundearekin kontratua sinatu duena.

Hori horrela, PuntuEus Fundazioa da .eus domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakunde duena. PuntuEUS Fundazioaren misioa Euskara ingurune digitalean ikusgarri, erabilgarri eta baliagarri egitea da euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin.

Informazio gehiago: www.domeinuak.eus

Domeinuari buruzko diptikoa

Ordiziako Udalak (Gipuzkoa) bat egin du Euskadiko udalek berdintasunaren alde eta emakumeekiko indarkeriaren aurka sortutako Berdinsarea sarearekin. Ekimen honen helburua da gai horiei buruz udalek kudeatzen dituzten programak eta zerbitzuak sustatzea, sendotzea, koordinatzea eta ebaluatzea. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakunde-Emakumearen Erakundeak  sustatu dute ekimena, eta gai horietan udalek eskaintzen duten erantzuna hobetzea espero dute, modu koordinatuan eta taldean lan eginez. Era berean, udalen eta udalez gaindiko beste erakunde batzuen artean lotura izatea nahi dute.

Toki administrazioak 2005eko otsailaren 18ko gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako Legea betearazteko konpromisoa hartu du. Halaber, desberdintasuna eta indarkeria desagerrarazteko programak eta jarduerak gauzatzea bermatzen du. Ordiziako Udalak helburu horietako gehienen alde lan egiten duen arren, Berdinsarera atxiki ondoren, esperientziak partekatzea, koordinatzea eta jarduteko irizpideak bateratzea sustatuko du, toki esparruko ekintzak egitean. Halaber, protokolozko eta udalez gaindiko lankidetzako akordioak gehiago sustatuko dira.

Berdintasunaren aldeko 62 udalerrikosatutako Berdinsarean adostasunez egindako lana sustatzen dugu. Urtero, gero eta atxikimendu gehiago ditu sareak. 2016ean Bedia eta Ordizia atxiki direnez, Berdinsarearen estaldura Euskadiko biztanleen %75 baino gehiagora iristien da gaur egun.

X. urteurrena

2016an, hamar urte bete dira Berdinsarea sortu zenetik, eta, hori ospatzeko asmoz, abenduaren 21ean, oroitzapenezko ekitaldia egingo da. Sarea aurrera eramateko ahalegintzen diren pertsona guztiei (udalak, erakundeak, elkarteak, enpresak, etab.) egingo zaie gonbit ekitaldian parte hartzeko.

Topaketa horretan, hamar urtez udalen arteko sare-lanean tokiko bizitzan berdintasuneko politikak sustatzeko asmoz egindako aurrerapenak gainbegiratuko dira.

Urteurrenako ekitaldiaren programari buruzko informazio gehiago webgunean izango da laster.

Informazio gehiago:

EUDELeko berdintasuna

Berdinsarea

2016ko azaroaren 2a. EUDELen elkarteburu Imanol Landak harrera egin die gaur goizean, Bilbon, Pablo Ibarren senideei eta Heriotza Zigorraren aurkako Elkartearen ordezkariei. Euskadiko Udalen Elkartea izandako bisita Ibar familiak berariaz eskatu ondoren egin da, eta, bertan, Cándido Ibar eta Miren Pilare Pereda Ibar parte hartu dute, Pablo Ibarren aita eta lehengusina, hurrenez hurren, baita elkarteko bozeramaile Andrés Krakenberger ere.

Gaurko bisita elkarteak Euskadiko zein Espainiar Estatuko eta nazioarteko zenbait agintari eta erakunderekin egiten ari den harremanetarako prozesuaren barruan dago.

EUDELekin biltzeko, ordezkaritzaren helburu nagusia zen funtsak biltzeko egiten ari diren kanpainaren berri ematea Euskadiko udalerriei, eta, hartara, Ibarren defentsa letradunaren gastuak ordaintzeko babes ekonomikoa lortzea epaiketa berrirako Floridan; izan ere, aurrekontua 1.300.000 dolarrekoa da.

Horretarako, Elkarteak dohaintzak egiteko ordainketarako bidea dauka webgunean bertan, eta jasotako ekarpen guztiak eskertuko ditu, txikiak zein handiak izan:

www.pabloibar.com

‘Pablo Ibar’ Heriotza Zigorraren aurkako Elkartea

‘Pablo Ibar’ Heriotza Zigorraren aurkako Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta helburua da jendea heriotza-zigorraren eta epaiketa justua izateko eskubidearen inguruan sentsibilizatzeko jarduerak egitea. Era berean, Amerikako Estatu Batuetan hiltzera zigortuta dagoen Pablo Ibarrentzako defentsa letraduna ordaintzeko dirua lortu nahi da.

Harremanetarako datuak: Tel.: 688 68 71 75; posta elektronikoa: pabloibar@pabloibar.com

Sare sozialak: Twitter @asocpabloibar /

Facebook Asociación contra la Pena de Muerte Pablo Ibar