Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Diputatuen Kontseiluak gaur goizean egindako bilkuran onetsi du erabakia; hain zuzen, gaur bertan sartu da indarrean Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen sistemako prestazio eta zerbitzuetarako eskubidearen unibertsalizazioa, hartara Gizarte Zerbitzuen Legea beteaz.

Arabako Foru Aldundiak, aurrerantzean ere, inolako aldaketarik gabe emango ditu udal eskumeneko gizarte zerbitzuak, gaur egun lurralde historikoan 20.000 biztanle baino gutxiago dauzkaten udalerrietan ematen dituenak. Halaber, bi urteko epea ezarri du baliabide juridiko, ekonomiko eta teknikoak ipintzeko, udal bakoitzarekin adosteari begira nola berrantolatu gizarte zerbitzuen arloko eskumenak.

Akordio honek udal bakoitzarentzat eragina izango badu, ordea, udal bakoitzak, datorren 2017ko otsailaren 1a baino lehen, adostasuna agertu beharko du nork bere udal organo eskudunaren bitartez.

EUDELen Arabako Lurralde Batzordearen akordioa 16/12/23

Aipatutako proposamena egituratzeko, EUDELen Arabako Lurralde Batzordea 2016ko abenduaren 23an bildu zen; EUDELen zerbitzu teknikoek aipatutako Akordioaren eragin posibleei buruz egindako txosten juridikoa ikusita, aipatutako Batzordeak egokitzat jo zuen Arabako udal guztiei agiri guztiak bidaltzea:

EUDELeko ofizioa informazioarekin IKUSI

  1. Arabako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluaren 2016ko abenduaren 26ko akordioa. AKORDIOA IKUSI

  1. EUDELen zerbitzu teknikoen txosten juridikoa, Arabako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluaren 2016ko abenduaren 26ko Akordioaren eraginari buruzkoa. IKUSI TXOSTENA

  2. EUDELeko zerbitzu teknikoek prestatutako eredua, udal-akordioa errazteko, Arabako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluaren 2016ko abenduaren 26ko Akordioarekin bat etorriz. Behin udal-akordioa hartzen denean, akordioaren egiaztagiria bidali behar da Arabako Foru Aldundira, 2017ko otsailaren 1 baino lehen. IKUSI EREDUA

EUDELek eta Emakundek udalerri txikietara zabaldu nahi dute sarea, 2018an europako erreferentea izan dadin 

ARGAZKIAK IKUSI

PHOTO-CALL IKUSI
  • Berdinsarea 2006. urtean sortu zen, arlo horretan inplikatutako euskal erakundeek udalerrietatik bertatik berdintasunerako eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako tokiko politikak sustatu behar zituztela ikusi zutenean.
  • Sarea bera udal teknikarien zein politikarien partaidetzaz eta interesen nahiz premien araberako zenbait batzorde tematikoren bidez dago abian; esate baterako, berdintasunerako ordenantzak edo emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarduketa-protokoloak.
  • Berdinsarearen balioa da udalen arteko trukerako eta tokiko berdintasun-politiken koordinaziorako eremua izatea. Beste abantaila batzuen artean, sareari esker, irizpide bateratuak adostu daitezke eta berdintasunaren arloan ibilbide desberdina duten zenbait tamainatako udalen artean baliabideak partekatu daitezke. Izan ere, oso lagungarria da mankomunitateetan elkartutako udal txikienen lanerako.
  • Gaur egun, 62 udalek osatzen dute sarea (EAEko biztanleen %77), eta gehienek 5.000 biztanle baino gehiago dituzte. Horrez gain, bete-betean lan egiten du, udal txikiagoek ere bat egin dezaten eta sareko baliabide guztiak eskuratzeko aukera eduki dezaten.
  • ‘Berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari’ buruzko Konferentzia Europarra Bilbon egingo da 2018an, eta aukera paregabea izango da sareari nazioarteko proiekzioa emateko eta Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren bidez (CMRE) Europako udal guztiak elkartzen dituen eremu erreferentea izateko. EUDEL bera da, hain zuzen ere, bertako Berdintasun Batzordeko burua.

Bilbon, 2016ko abenduaren 20an. Gaur goizean, ekitaldi hunkigarria egin da Bilboko Zabalgunean, ‘Berdinsarearen’ hamargarren urteurrena ospatzeko. Bertan, ehun bat lagunek hartu dute parte, eta gehienak udal zein mankomunitateetako teknikariak eta politikariak izan dira. Ekitaldiaren hasieran, EUDELeko ordezkari eta Galdakaoko alkate Ibon Uribek eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak sarearen 10 urteko historia berrikusi dute. Gaur egun, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka dauden 62 udal dira sare horretako kideak (EAEko biztanleen %77).

Udalen izenean, Galdakaoko alkate Ibon Uribek (EUDEL) “udal-politikak gizartea eraldatzeko duen ahalmena” nabarmendu du. “Euskadiko udalon artean elkarrekiko ikaskuntzarako etengabeko prozesua egituratzea izango da gure hurrengo erronka. Gaur egun, Euskadi Europako erreferentea da berdintasunerako tokiko politiken arloan, eta, CMREk 2018an egingo duen Konferentziatik aurrera, Berdinsarea Europako udal guztietara zabaltzeko aukera ere izango dugu”.

Bestetik, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak sarearen historia berrikusi du, eta honakoa azpimarratu du: “Udala herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea den aldetik, oso garrantzitsua da eskainitako zerbitzuak eraginkorrak izatea, baita gizon eta emakumeen berdintasunaren arloan ere. Gainera, zeregin hori behar bezala koordinatuta eta aholkatuta ere egon behar da. Hori dela eta, gure ustez, Berdinsarea bera oso tresna garrantzitsua da, gizon zein emakumeen berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria hurbiletik tratatzeko orduan”. 

EUDELek irmoki gaitzesten ditu atzo Ankaran eta Berlinen buruturiko atentatuak. Euskadiko Udalen Elkarteak dolumina eta elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimen senideei, eta espero du zauritutako pertsona guztiak ahalik eta lasterren sendatzea.

EUDELek udal guztiei gonbit egiten die 5 minutuko elkarretaratze isilak antolatu ditzaten, gaitzespen eta elkartasun gisa. Elkarretaratzeak BIHAR ASTEAZKENEAN izango dira, abenduaren 21an, eguerdiko 12:00etan, udaletxeen aurrean.

EUDELek gaitzespen irmoa adierazi nahi du, asteburuan Jordanian, Yemenen eta Turkian gertatutako atentatuen aurrean. Euskadiko Udalen Elkarteak dolumina eta elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimen senideei, eta espero du zauritutako pertsona guztiak ahalik eta lasterren sendatzea.

EUDELek udal guztiei gonbit egiten die 5 minutuko elkarretaratze isilak antolatu ditzaten, gaitzespen eta elkartasun gisa. Elkarretaratzeak GAUR ASTELEHENEAN izango dira, abenduaren 19an, eguerdiko 12:00etan, udaletxeen aurrean.

EUDELen Batzorde Eragileak, 2016/12/14ko saioan bilduta, erabaki du UDALHITZ hitzarmen kolektiboari buruzko ZIRKULAR hau bidaltzea Euskadiko udalei.

1.- EUDELen helburua UDALHITZ Akordio berria negoziatzea da, eratutako marko sektorialean; hartara, Euskadiko tokiko erakundeetako langileen lan-baldintzak osorik arautu ahal izango dira, betiere, hitzarmen kolektiboaren barruan, eta ELA-STV, LAB, CCOO eta UGT zentral sindikalekiko elkarrizketaren, negoziazio arloko fede onaren eta lankidetza zintzoaren giroan.

2.- Helburu hori lortu ahal izateko, beharrezkoa da atxikitako Euskadiko udalei eskatzea UDALHITZ 2008-2010 Akordioa bete dezaten; izan ere, betearazpen hori da Negoziaziorako Mahai Orokorraren baitan lortu daitezkeen akordio posibleen legezkotasunaren bermerik gorena, akordioa gero udal bakoitzera eraman ahal izateko.

3.- Kontuan izanik azken urteotan zenbait lege-ekimen sortu direla –8/2010 ELD, 20/2011 ELD, 20/2012 ELD eta horiekin bat datorren araudia–, eta, batzuetan, ekimen horiek eragina izan dutela UDALHITZ 2008-2010 Akordio Arautzailearen edukiarengan, edota eduki hori eraldatu ahal izan dutela, EUDELek guztiz beharrezkotzat jotzen du, bidezkoa denean, neurri horien eraginaren egoerari buruzko diagnostiko orokorra finkatzea.

Hori horrela, udalei jakinarazten zaie datozen asteotan galdetegi bat jasoko dutela, zenbait galderarekin. Inkesta horrekin batera, batzuetan, teknikarien bisitak ere izango dira, zalantzak argitzeko eta datuak hobeto jaso ahal izateko.

4.- Hurrengo UDALHITZ akordioaren negoziazioa bide onetik joango dela bermatzeko, eskatzen dizuegu ahalik eta gehien kolaboratzeko datuak batzeko ekimen honetan. Era berean, berriz ere gogorarazten dizuegu ez irekitzeko negoziazio mahai indibidualik zuen udaletan, Mahai Orokorrean egiten ari den negoziazioari oztoporik ez eragiteko.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Lege berria bete nahian, EUDELeko elkarteburu Imanol Landak azpimarratu du Ekarpenei buruzko Lege berriaren prestaketan udalen adostasuna izan behar dela, organo horretan Euskadiko erakunde guztien adostasuna erdietsi ahal izateko; izan ere, Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hiru boto dituzte.

Bilbon, 2016ko abenduaren 15ean.

Gaur goizean Eusko Legebiltzarrean Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Aspiazuk adierazitakoa bete-betean onesten du EUDELeko elkarteburu Imanol Landak; izan ere, Ekarpenei buruzko Lege berria egitean, beharrezko baldintzatzat hartu du udalek parte-hartzea.

Imanol Landak gogorarazi duenez, aurten, apirilaren 7an, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea onartu denetik, nahitaez bete beharreko marko juridikoa dago. Legearen arabera, udalek Ekarpenei buruzko Lege berriaren prestaketan parte hartu behar dute (117.4 artikulua), eta hitza zein botoa dute Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan, “hala banaketa horizontaleko eredua nola lurralde historiko bakoitzaren ekarpenaren koefiziente horizontalak ezartzeko irizpideen zehaztapenean (…)” (117.5 artikulua).

Horiek horrela, foru aldundien arteko hiru aldeko ituna ez dela nahikoa adierazi du EUDELeko elkarteburuak, udalen adostasuna ere izan behar baitu; izan ere, LHLko 28.10 artikuluak honakoa xedatzen du: erabakia hiru foru ordezkarien artean hartu behar da, baita hiru udal ordezkarien artean ere, eta gehiengo osoa izan beharko du (gutxienez 4 boto).

Minutu bateko isilunea Istanbul, Kairo eta Muqdishoko (Somalia) atentatuetan izandako biktimekin elkartasuna adierazteko, gaur goizean Maastricht-en, Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluko Zuzendaritza Batzordearen bileran. Bertan izan ziren, tokiko zein eskualdeetako beste 150 agintarirekin batera, EUDELeko Elkarteburu eta Getxoko Alkate Imanol Landa, Bilboko Alkate Juan Mari Aburto eta EUDELeko Berdintasun ordezkari eta Galdakaoko Alkate Ibon Uribe.

Bilboren izendapena ofizialtzen da, akordio honen bidez, 2018ko ekainaren 11tik 13ra bitartean egingo den Berdintasunari, aniztasunari eta gizarteratzeari’ buruzko konferentzia egoitza gisa. Konferentzian, aurreikuspenen arabera, 500 bat pertsonak hartuko dute parte.

  • Gaur, astelehena, 17:00etan izenpetu berri da Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen, Imanol Landa EUDELeko elkarteburuaren eta Stefano Bonaccini (Emilia-Romagna Italiako eskualdeko lehendakariak), Europako udalerrien lehendakari aukeratu berriaren arteko akordioa.
  • EUEK-ko lehendakari berriaren lehen egintza ofiziala den akordio honen bidez, Bilboren izendapena ofizialtzen da, ekainaren 11tik 13ra bitartean egingo den konferentzia tematikoaren egoitza gisa. Konferentzian, aurreikuspenen arabera, 500 bat pertsonak hartuko dute parte.
  • Bilboko 2018ko foroa urteko maila goreneko topaketa izango da Europa guztiko hainbat udalerri eta eskualdetako liderren artean. Hartara, funtsezko hitzordua izango da hurrengo urteetarako toki-mailako estrategia berria zehazteko, berdintasunaren eta gizarteratzearen inguruko politikei dagokienez.
  • Imanol Landa EUDELeko elkarteburuaren aburuz, Bizkaiko hiriburua egoitza gisa aukeratu izana “Europako gure homologoek gugan jarritako konfiantza-erakusgarria” da, eta, era berean, “beste aukera bat Europa guztiko udalerrien arteko sare-lana egiteko nahiz praktika onak partekatzeko”.

Gaur arratsaldean bertan, 17:00etan, izenpetu dute Maastricht hirian (Limburgeko probintzia-egoitzaren erakina), Bilboko alkateak, EUDELeko elkarteburuak eta Europako udalerrien kontseiluko (EUEK) lehendakari aukeratu berri Stefano Bonaccini Emilia-Romagna Italiako eskualdeko lehendakariak. Lider italiarra aukeratuta gertatu da Zuzendaritza Batzordean 61 botoz, bigarren hautagaiaren 34 botoen kontra, Yvan Mayeur Bruselako Alkatea.

Europako hiriburu horretaraino joan dira Bilboko alkate Juan Mari Aburto, eta, EUDELen ordezkari gisa, elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landa eta Berdintasunaren arduradun eta Galdakaoko alkate Ibon Uribe, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (EUEK) Zuzendaritza Batzordearen bileran parte hartzeko. Bilera gaur eta bihar (astelehena eta asteartea) egingo da, eta toki-mailako 150 hautetsik hartuko dute parte, EBko estatu guztiak ordezkaturik.

‘Berdintasunari, aniztasunari eta gizarteratzeari’ buruzko konferentzia 2018ko ekainaren 11tik 13ra bitartean Bilbon hartzeko akordioa izenpetzea Zuzendaritza Batzordearen bilera horren barruan sartu da, Maastrichteko Tratatuaren 25. urteurrenarekin nahiz EUEK-ko lehendakari berria aukeratzearekin bat etorriz.

Europako Kontseiluaren mendeko erakunde horri, hain zuzen, Europako udalerrien ahotsa dela irizten zaio, 150.000 agintaritza publiko baino gehiago ordezkatzen baititu, 41 herrialdetako udalerri eta eskualdeen 55 elkartetan taldekatuta. Azken horien artean EUDEL dago, Euskadiko Udalen Elkarte gisa.

Bilboko hiriaren, EUDELen eta EUEKren arteko gaurko akordioak are garrantzi handiagoa du, Italiako eskualde-lehendakariaren lehen egintza ofiziala izanik, Europako kargu berria betez.

  • Bihar, asteartean, abenduaren 13an, Maastrichteko Zuzendaritza Batzordearen bigarren jardunaldian, EUDELeko elkarteburuak eta Bilboko alkateak berak 2018an Bilbon egingo den konferentziaren aurkezpen ofiziala egingo dute. Aurkezpena 11:30etik aurrera izango da, eta Zuzendaritza Batzordeko kide diren alkate, zinegotzi eta eskualde-ordezkariei egongo da zuzenduta.

Imanol Landaren aburuz, EUDELeko elkarteburu gisa zein EUEK-ko kide gisa, gure herrian Europako toki-gobernuen foro garrantzitsu hau hartu ahal izatea mugarri historikoa da, eta, beraz, ohore handia da hala Bilborentzat, nola Euskadiko udalerrientzat, oro har”.

Elkarteburuak dioenez, Europako Kontseiluak bere konferentzia Bizkaiko hiriburuaren esku utzi izana Europako gure homologoek gugan jarritako konfiantza-erakusgarria” da, eta“beste aukera bat Europa guztiko udalerrien arteko sare-lana egiteko nahiz praktika onak partekatzeko” ekarriko du berekin. Imanol Landak nabarmendu du “EUEK-k erreferentetzat ikusten gaituela berdintasunaren eta gizarteratzearen arloko politiketan. Eta hori da, erakundeen lankidetzari eta udalen konpromiso politikoari esker, gure herri eta hirietan izandako lorpen eta aurrerapenen ezagutzarik onena”.

Gaur arratsaldean, hain zuzen, konferentziaren akordioa izenpetu orduko, EUEKren ‘Toki-mailako berdintasunerako Europako Gutuna’ delakoaren X. urteurrenari buruzko eztabaidahasi da. Gutun hori 2006an onartu zen, tokiko eta eskualdeko agintaritzen berdintasunerako konpromisoa sustatze aldera, eta gaur egun arte Europako 32 herrialdetako 1.500 agintaritzak izenpetu dute (Euskadiko 36 tokiko erakunde tartean).

Gutunari buruzko eztabaidan, Ibon Uribe EUDELen ordezkari eta Galdakaoko alkateak hartu du parte, EUEK-ko Berdintasun Batzordeko uneko batzordeburu gisa.