Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado eta EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraiz bildu dira gaur XIII. legealdi honen hasierako bilera-sortaren barruan. Bileran izan da, halaber, Cristina Laborda, EUDELeko elkarteburuordea eta Irungo alkatea. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, talde berriko kideak, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Aguirrezabal eta Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Clara Navas izan dira.

Bileran Sailaren eta EUDELen arteko koordinazioari heldu zaio, batez ere udal askok arautu dituzten edo arautzeko asmoa duten erabilera turistikoko etxebizitzen gaiari. 2023ko apirilaren 9an, Legebiltzarrak 9/2023 Mozioa onartu zuen. Mozio hori EUDELek eskatu zuen lantalde bat eratu zedin erabilera turistikoko etxebizitzen erregulazio orokorrerako oinarri komunak eta orientabide orokorrak jorratzeko.

EUDEL, gaur egun, azterlan bat egiten ari da, gida gisa balioko duena beren udalerrietan erabilera turistikorako etxebizitzei buruzko araudi espezifikoa landu nahi duten udalentzat. “Errespetu handia diogu udal-autonomiari; izan ere, udalak dira beren udalerrien errealitatea eta beharrak ondoen ezagutzen dituztenak”, sailburuak azaldu duenez, “eta udalekin lankidetzan jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala, erabilera turistikoko etxebizitzei buruzko informazioa kontrolatzeko eta trukatzeko”.

Esther Apraiz elkarteburuak adierazi duenez, EUDELek kontraste bat egin du hainbat udalekin, etxebizitzen eta logela partikularren erabilera turistikoa hirigintzaren aldetik arautzeko beharraz duten pertzepzioa ezagutzeko. “Udalen errealitatea askotarikoa da, eta EUDELek orientabide orokor batzuk eskaini nahi ditu interesa duten udalerriek hirigintza-erregulazio bat bultza dezaten beren tokiko errealitate espezifikoaren arabera, turismo-ostatu modalitate horrek gainerako tokiko erabilera eta politikekin nolabaiteko distortsioa sortzen duenean (alokairua, hiri-zerbitzuen saturazioa, etab.)”, azaldu duenez. Apraizek Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzearen garrantzia azpimarratu du, lantzen diren oinarriek ezin baitute erregulazio autonomikotik at egon, ez eta Estatuko eta Europako arauditik ere.

Era berean, sailburuak azaldu du nola garatu zen aurreko legealdian turismo-egonaldien gaineko zergari buruzko eztabaida eta legealdi honetan garatzeko planak. Gai horiez gain, beste batzuk ere jorratu dira, tartean turismoaren sustapena, etorkizuneko proiektuak eta beste lankidetza-bide posible batzuk.

“Streaming” zuzeneko konexioa. Ekitaldia 10:30etatik aurrera izango da, Donostiako EKINN zentroan (Donostia Sustapena)

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua eta Daniel Popescu Europako Kontseiluko ordezkaria (Toki eta Eskualde Botereen Biltzarreko tokiko demokrazia sustatzeko saila) izango dira ekitaldiko buruak.

Parte-hartzaileak: zortzi udal hautagaietako alkateak:

Eneko Goia, DONOSTIAko alkatea; Ana Azkoitia, AZKOITIko alkatea; Aitziber Oliban, ERANDIOko alkatea; Juan Carlos Abascal, ERMUko alkatea; Aizpea Otaegi, ERRENTERIAko alkatea; Cristina Laborda, IRUNgo alkatea; Ainize Gastaka, LAUDIOko alkatea; Eric Gálvez, LEGAZPIko alkatea

“ELoGE 2024 Zigilua” lortuko duten udalak ekitaldian bertan jakinaraziko dira, eta honako egitarau hau izango du:

  • 10:30   Donostiako alkatearen ongietorria. EUDELeko elkarteburuaren eta Europako Kontseiluaren hitzaldiak
  • 10:45   Zigiluaren garaikurra banatuko zaie udal bakoitzari eta alkateen hitzak
  • 11:00   Amaierako argazkia, saria jaso duten udalerriekin eta gainerako hautagaiekin
  • Azkoitia, Donostia, Irun, Errenteria, Legazpi, Erandio, Ermua eta Laudio dira Gobernu Onaren eta kalitate demokratikoaren arloko Europako bereizgarririk garrantzitsuena lortzeko hautagaiak.
  • EUDELek eta Europako Kontseiluak Zigiluaren V. edizioa sustatu dute Euskadin. Europako 300 udalerri inguruk dute aitorpena eta horietatik 12 euskaldunak dira.
  • Aintzatespenak uztailaren 18an jakinarazi eta emango dira, Donostian, EUDELeko elkarteburu Esther Apraiz eta Europako Kontseiluko ordezkari Daniel Popescu buru izango diren ekitaldian, zortzi udaletako alkateen parte-hartzearekin batera.

2024ko uztailaren 12. Datorren ostegunean, uztailaren 18an, 10:30ean, Donostia Sustapenak bultzatutako EKINN ekintzailetza-zentroan, Donostian, Europako Kontseiluaren kalitate-ziurtagiri gorena duten tokiko gobernuen “top” zerrendan sartzen diren euskal udalen izenak ezagutuko dira: Gobernantzako Bikaintasunaren ELoGE Zigilua (European Label for Governance Excellence).

2017an, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea Europako Kontseiluak zigilua emateko baimendutako lehen eskualde-plataforma bihurtu zen. Aurten, ELoGEren V. edizioa egin da Euskadin. Aurreko lau urteetan, hogei bat udalerrik parte hartu izan dute eta horietatik, 12 euskal udalek jaso dute saria. ELoGE zerrenda, orain arte, Europako 21 herrialdetako 300 udalerri inguruk osatzen dute.

ELoGE lortzeko, udal hautagaiek autoebaluaziorako metodologia zorrotza erabiltzen dute, eta horrek gobernu onaren hamabi printzipioei buruzko 72 adierazle gainditzea dakar: Partaidetza demokratikoa; Giza eskubideak; Zuzenbide estatua; Etika publikoa; Kontuak ematea; Irekitasuna eta gardentasuna; Kalitatezko administrazioa, eraginkorra eta efizientea; Lidergoa, gaitasunak eta ahalmenak; Erreakzio gaitasuna; Ekonomia eta finantza kudeaketa sendoa; Jasangarritasuna eta epe luzerako ikuspegia; Aldaketara eta berrikuntzara irekitzea.

Adierazle bakoitza justifikatzeko, dokumentu-ebidentziak eman behar dira. Udal-tresnak baloratzen dira, bai barnera begirakoak (aginte-plana, finantza-kontrolerako plana, GJHrekin lerrokatutako aurrekontuak, erosketa publiko arduratsua eta berritzailea…), bai kanpora begirakoak, horiek guztiak herritarrekiko eta tokiko eragileekiko harremanetan (parte hartzeko eta gardentasunerako bideak, etika- edo jokabide-kodea, 2030 Agenda estrategia…).

EUDELentzat eta Europako Kontseiluarentzat, azken helburua eta benetako “saria” ez da zigilua lortzea soilik, baizik eta udalak beren erakundeen etengabeko hobekuntza-prozesuan inplikatzea. Hori koordinazio politiko-teknikoaren bidez eta bere indarguneen eta garapen-eremuen diagnostikoaren bidez lortzen da.

Edizio berri bakoitzean, akreditazioa berritzera udalerriak gonbidatu nahi dira, eta praktika onak identifikatzen dira hobekuntza-planak bultzatzeko.

2024ko HAUTAGAIAK

  • Azkoitia, Donostia eta Errenteria lehen aldiz aurkezten dira
  • Erandiok hautagai gisa errepikatu Irun, Legazpi, Ermua eta Laudiorekin batera. Azken horiek, zigilu bat edo bi dituzte eta aurten beste bat eskuratzeko aukera izango dute aurten.

Zigilua duten 12 euskal udalak:

*zigilu bat / ** bi zigilu

ARABA

  • Laudio*
  • Vitoria-Gasteiz*

BIZKAIA

  • Basauri**
  • Bermeo*
  • Bilbao*
  • Ermua**
  • Leioa*

GIPUZKOA

  • Andoain*
  • Eibar*
  • Irun**
  • Legazpi*
  • Urnieta**

Informazio gehiago:

https://eloge.eudel.eus/eus/

https://www.coe.int/en/web/centre-of-expertise-for-multi-level-governance/eloge

2024ko uztailaren 5a. Gaur goizean, Ajuria Enean, Euskadiko Udalen Elkarteak lehen bilera instituzionala egin du Imanol Pradales lehendakariarekin. Bileran, Esther Apraiz elkarteburu eta Derioko alkateak, Nagore Alkorta elkarteburuorde eta Azpeitiko alkateak eta Cristina Laborda elkarteburuorde eta Irungo alkateak parte hartu dute.

EUDELeko arduradunek Eusko Jaurlaritzarekin dirauen elkarlanaren ibilbide historikoarekin jarraitzeko borondatea adierazi diote Lehendakariari. Politika publikoak gizartearekin lotzeko helburu komunetik, udal-ordezkariek “tokiko sentsibilitatea” Jaurlaritzako sail ezberdinetan txertatzea proposatu dute. Ildo horretan, herritarrengandik gertu daudenez eta udal-errealitate askotarikoa dutenez, hiru alkateek udalek Herriaren erronka handiei batera erantzuteko funtsezko zeregina dutela nabarmendu dute.

Azkenik, elkarteburuak eta elkarteburuordeek, legegintzaldi berrirako,  EUDELen lankidetzarako borondatea  helarazi diote Lehendakariari, Elkartearen eta udalen autonomia oinarri hartuta EAEko 252 udalen ahotsa eta ekintza koordinatzeko bere erakunde-eginkizunetik abiatuta.

Bilbon, 2024ko uztailaren 4an. EUDELeko elkarteburua den Derioko alkatea ACMko presidentea eta La Garrigako alkatea den Meritxell Budórekin bildu da gaur goizean. Bi erakundeen arteko lehenengo topaketa instituzionala da, iazko irailean Euskadiko eta Kataluniako bi elkarteen gobernu-organoak berritu zirenetik.

ACMk eskatutako bileraren arrazoia Euskadiko Udalen Elkartearen egitura eta funtzionamendua zuzenean ezagutzea izan da. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean oinarritutako euskal udalen eskumen-mailako eta udal-finantzaketako eredu propioarekiko interesa agertu du Kataluniako elkarteak.

Era berean, bi udal-erakundeek agintaldi honetako beren ekintza-ildoei buruzko informazioa trukatu dute, puntu komunak aztertzeko eta jardunbide egokiak ezagutzeko. Esther Apraizek bere homologoarekin partekatu ditu euskal udalek gizarte-zerbitzuen, berdintasunaren, jasangarritasunaren eta trantsizio energetikoaren edo euskararen sustapenaren arloetan dituzten lan-ardatzak. Erakunde-osotasunari dagokionez, ACMk Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigiluaren (ELoGE) proiektua hartu du erreferentziatzat eta, aurten, EUDELek eta Europako Kontseiluak sustatzen duten zigilu horrek V. edizioa izango du euskal udalerrietan.

  • 53 udalerritako ordezkariak bildu dira gaur, Jaietan indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak bultzatzeko gidaren inguruan aholkuak emateko
  • Era berean, Beldur Barik programaren barruko prebentziorako materiala bidali zaie udal guztiei.

Emakunde eta EUDEL -Euskadiko Udalen Elkartea EAEko udaletako alkate eta zinegotziekin bildu dira gaur, udan jai-guneetan eraso sexisten prebentzioa bultzatzeko. Topaketan, aurrez aurre eta online, 53 udalerrik hartu dute parte (9 Arabakoak, 32 Bizkaikoak eta 12 Gipuzkoakoak).

Topaketaren helburua informazioa eta aholkularitza eskaintzea izan da, eta, horrez gain, “Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida” bezalako materiala badagoela gogoraraztea. Aldi berean, Mungiako, Azpeitiko eta Arabako Lautadako Kuadrillako prebentzio-ekintzei buruzko hiru jardunbide egoki partekatu dira. Mungiako esperientziari dagokionez, Euskadi mailan lehenetariko udala izan zen jaietan sexu erasoen prebentziorako protokoloak lantzen, eta urte hauetako ibilbideaz aritu dira. Azpetiaren kasuan, nabarmendu dute herriko eragile ezberdinekin, eta batez ere emakumeekin eta neska gazteekin burutu dituzten prozesu partehartzaileak. Eta Lautadako kasuan, udal ezberdinen arteko koordinazioa nola landu duten azaldu dute.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak udalak zoriondu ditu jaietako erasoen prebentzioan gero eta inplikazio handiagoa dutelako, eta azaldu du gaurko topaketa udalek urte osoan egiten duten lanaren ondorioa dela. Elgarrestaren hitzetan, “gaur beste behin ere jai-guneak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen lan egiteko konpromisoa agertzen dugu. Jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela beti kontuan izatea nahi dugu “.

Bestalde, Nati López de Munain EUDELeko ordezkariak eta Burgeluko alkateak gogorarazi duenez, “EAEko udalek konpromiso sendoa dugu jaiak berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gune bihurtzeko. Gure lana da erne egotea eta sexu-erasoen aurrean edo indarkeria sexualaren edozein adierazpenen aurrean ‘zero tolerantzia’ jarrera agertzea, hainbat eragileren lankidetza oinarri hartuta”.

Emakundek, urtero bezala, hainbat material bidali ditu udaletara, erasoen aurkako irudi bateratua emateko eta sentsibilizazio-ekintzak errazteko. Hala, Emakundek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta EUDELen babesarekin sustatzen duen Beldur Barik programaren esparruan, honako baliabide hauek jarri ditu udalen eskura:

Emakundek, halaber, kanpaina bat jarri du abian uztailean eta abuztuan EITBko irratietan prebentzioa sustatzeko.

Ekainaren 28an, LGTBI kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik, eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, kolektibo honen eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz. Egun hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogorarazteko ere bada.

Berdindu!tik, Eusko Jaurlaritzaren LGTBI kolektiboari informazioa eta laguntza emateko zerbitzu publikotik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde ahaleginak batu dituzten pertsona eta erakunde guztiei. Bere dedikazioari, konpromisoari eta ausardiari esker, gaur lorpen garrantzitsuak ospa ditzazkegu giza eskubideen eta eskubide sozialen arloan. Pertsona horiek, beren eguneroko lanarekin, funtsezko zutabea izaten jarraitzen dute gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko, eta ingurune inklusiboagoa eta errespetuzkoagoa sortzen laguntzen dute.

Hala ere, pertsona guztien berdintasunean aurrerapen ukaezinak egin diren arren, oraindik diskurtso LGTBIfobikoen albiste kezkagarriak sortzen dira, lortutako lorpenetan atzerakada bat dakartenak. Diskurtso horiek, askotan ezjakintasunak eta gorrotoak elikatzen dituztenak, lortutako aurrerapenak desagerraraztea eta diskriminazioa iraunaraztea bilatzen dute. Funtsezkoa da gizarte gisa erne eta tinko egotea eskuratutako eskubideen defentsan; hala, sexu- eta genero-aniztasunarekiko duintasuna eta errespetua kaltetzeko edozein ahalegin baztertuko dugu.

Sexu- eta genero-aniztasunaren ikusgarritasunak gizarte gisa aurrera egiteko aukera ematen digu. Aniztasun hori aitortzea eta ospatzea, justizia-ekintza izateaz gain, komunitate gisa aberasten gaituen aukera ere bada. Ez dugu inolako atzerapausorik onartuko kolektibo osoko ehunka lagunen ahaleginari esker lortutako eskubideetan. Irabazitako eskubide bakoitza gizarte bidezkoago eta gizatiarrago baterako urratsa da.

Horregatik guztiagatik, ekainaren 28ak are garrantzi handiagoa hartu du. Berdindu!tik herritarrak ekintzetara animatzen jarraitzen dugu, gorroto-diskurtsoak eta giza eskubideen urraketak irmo salatzeko. Funtsezkoa da guztiok injustiziaren aurka hitz egitea eta elkarrekin lan egitea diskriminazio mota oro desagerrarazteko. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik lor dezakegu benetako aldaketa iraunkorra.

Badakigu sexu- eta genero-aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoa dela, neurri batean euskal gizarte osoaren elkarlanari esker. Lan hori funtsezkoa izan da armairurik gabe, loturarik gabe, aurreiritzirik gabe eta estigmarik gabe bizi ahal izateko, eta komunitatea eraikitzeko. Babes-keinu bakoitzak, ikusarazte-ekintza bakoitzak, mugimendu hori indartzen eta aurrera jarraitzeko gure erabakia berresten laguntzen du.

Horrenbestez, sentsibilizazio eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu leihoetatik eta balkoietatik kolore anitzeko banderak zintzilikatuz. Keinu txiki baina esanguratsu hori elkartasunaren eta babesaren erakusgarri da, eta agerian uzten du gaur aniztasunaren aldeko borroka eguna dela. Astintzen dagoen bandera bakoitza erresistentziaren eta itxaropenaren sinboloa da, atzera egiteko prest ez gaudela dioen adierazpena, hain zuzen.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu LGTBI eskubideen aldeko borroka guztion borroka dela. Ezin dugu onartu gorrotoa eta intolerantzia nagusitzea. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi ahal izango garen etorkizun baten alde lan eginez.

2024.06.25ean, ministroen kontseiluaren erabakiz, ekainaren 26ko 4/2024 Errege Lege Dekretua onartu zen, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazkek eragindako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko zenbait neurri luzatzen dituena eta zerga, energia eta gizarte arloetan premiazko neurriak hartzen dituena. (2024ko ekainaren 27ko BOE)

Sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsari-igoerei dagokienez, aipatutako Errege Lege Dekretuak, 6. artikuluan (esteka), hau arautzen du:

“Sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsari-neurriak

  1. artikulua. Sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsari-igoera 2024. urterako.
  1. 2024. urtean, sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsariek ehuneko 2ko gehieneko igoera globala izan ahal izango dute, 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, azken horietan barne hartuta 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 19.Bi.2 artikuluan aurreikusitakoaren ondoriozko igoerak, konparazioaren bi aldietarako homogeneotasunari dagokionez, bai langileen kopuruari dagokionez, bai antzinatasunari dagokionez. Ordainsari-igoera horrek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorio ekonomikoak.
  1. Halaber, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, ehuneko 0,5eko ordainsari-igoera gehigarria eta finkagarria aplikatuko da, hala badagokio, 2023ko abenduaren 31n indarrean dauden ordainsarien aldean, baldin eta 2022., 2023. eta 2024. urteetako KPI harmonizatuaren aldaketaren baturak 2022., 2023. eta 2024. urteetako ordainsari-igoera finko metatua gainditzen badu. Horretarako, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) 2024ko KPI harmonizatuaren datuak argitaratu ondoren, igoera horren aplikazioa onartuko da Ministroen Kontseiluaren Erabakiaren bidez, eta BOEn argitaratuko da (…)”

Aurrekoa ikusita, eta EUDELek aurreko ekitaldietako udaletako langileen ordainsari-igoerei dagokienez egin izan duen bezala, ordainsarien arloan egon daitezkeen interpretazioak argitze aldera, egokitzat jotzen da euskal udalei honako hau egitea:

PROPOSAMENA

Baimendutako legezko maximoaren % 2ko igoera orokorra onartzea, 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 19.Bi.2 artikuluan aurreikusitakoaren ondoriozko igoerak, konparazioaren bi aldietarako homogeneotasunari dagokionez, bai langileen kopuruari dagokionez, bai antzinatasunari dagokionez. Ordainsari-igoera horrek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorio ekonomikoak.

6.2 artikuluan araututako % 0,5eko ordainsari-igoera gehigarri eta finkagarriari dagokionez, 2024ko KPI harmonizatuaren datuak Estatistikako Institutu Nazionalean (INE) argitaratu arte zain egon beharko da, eta geroago onartuko da igoera horren aplikazioa, Ministroen Kontseiluaren Akordioaren bidez. Akordio hori BOEn argitaratuko da, eta EUDELek unean-unean emango dizue horren berri.

EUDEL, 2024ko ekainaren 27a