- ‘Virginia Woolf Basqueskolak’ orain arteko lanari ekin dio berriro ere legegintzaldi berrian, Euskadiko udalerrietako emakumezko hautetsien artean sareak eta aliantzak eratuz, eta hiru lurraldeetan estrategia parte-hartzaile nahiz deszentralizatua sustatuz.
- Ekimena aitzindaria izan zen 2012. urtean; halaber, Berdintasunerako Europako Gutunaren Behatokiak ‘praktika on’ izaera eman zion. 2016ko edizioak bat egingo du EUDEL Europako Udal eta Eskualdeen Berdintasun Batzordeko presidentetzan izango den urtearekin.
www.eudel.eus/destacados/basqueskola #basqueskola @basqueskola
Bilbon, 2015eko abenduaren 17an. Gaur osteguna, Euskadiko emakumezko alkateak eta zinegotziak bildu dira Virginia Woolf Basqueskola 2016 ikasturte berriaren aurkezpenean. Programak “gune propioa” eskaintzen die Euskadiko udaletan politikan diharduten emakumeei. Eskolak berriro ekin dio lanari legealdi berriaren hasieran, berriz ere sare bat sortzeko asmoz euskal emakume hautetsien artean: gobernuan edo oposizioan daudenak, udalerri handietan edo txikietan ari direnak, eta sentsibilitate edo joera politiko ezberdinak dituztenak.
Izaskun Landaidak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, eta Ibon Uribek, Galdakaoko alkate, EUDELen ordezkaria eta Europako Udal eta Eskualdeen Berdintasun Batzordeko (CMRE) presidente denak, ikasturte berriari ongietorria eman, eta tokiko emakume hautetsiei gonbidapena egin diete, berdintasunaren alde kontzientzia politikoa “aktibatzeko” egunero lan egiten duten emakumeei esker handituz doan sarera gehitu daitezen.
Basqueskola 2012an sortutako ekimen aitzindaria da, eta EUDELen eta Emakunderen arteko lankidetzaren emaitza da. Programaren ardatz nagusiak informazioa, prestakuntza, gaitasunen garapena eta ahalduntzea dira, bakarka zein taldeka.
Honako ikastaro hauek eskaintzen dituzte, besteak beste: coaching mintegiak, tailerrak, eta emakumezko hautetsi ohiekin mahai-inguruak. Horietan, ikasleek politikan sartzean eta jardutean aurre egin beharreko oztopoei buruzko iritziak eta bizipenak partekatzen dituzte.
Emakume hautetsientzako harrera-eskuliburua
Jardunaldian, “Politika pentsatzea: Emakume hautetsientzako harrera-eskuliburua” liburua aurkeztu da.
EUDELek eta Emakundek argitaratutako eskuliburuak genero ikuspegitik jardun politikoa eta emakumeen egitekoa ezagutzeko eta ulertzeko gakoak ematen ditu, bai eta emakumezko politikarien gaitasuna indartzeko hausnarketarako elementuak ere.
Emakume hautetsien arteko elkarrizketa mahaia
María Pilar Legarra, Asteasuko (Gipuzkoa) alkatea, Nati López de Munain, Burguko (Araba) alkatea, eta Amaya Rojas Ruiz, Barakaldoko (Bizkaia) zinegotzia, hirurak ere Basqueskolako ikasleak, elkarrizketa-mahai batean aritu ziren; bertan, tokiko politikan izan dituzten bizipenez eta eskolaren helburuez jardun zuten.
Donostia, abenduak 16. Gizarte zerbitzuen alorrean erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu eta islatzeko, Maite Peña Gizarte politikako diputatuak lan bilera egin du Gipuzkoako alkateekin eta udal ordezkariekin, gizarte zerbitzuen bidean aurrera egiteko eman beharreko urratsak zeintzu diren azaldu eta lanerako estrategiak finkatzeko.
Gipuzkoako 40 bat herritako ordezkariak izan dira bileran; Donostia, Irun, Errenteria, Andoain, Tolosa, Eibar, Elgoibar, Hernani edo Beasaingoak, batzuk aipatzearren. EUDELek – Euskadiko Udalen Elkarteak ere saioan parte hartu du, Eusko Jaurlaritzako Lide Amilibia, gizarte zerbitzuetako sailburuordearekin batera.
EUDELeko ordezkariak (Gipuzkoako lurralde batzordea):
Elgoibarko alkatea, Ane Beitia (Eragileko batzordeko bocala)
Eibarko alkatea, Miguel de los Toyos
Hondarribiko alkatea, Txomin Sagarzazu
Legazpiko alkatea, Koldobike Olabide
Peña diputatuak argi utzi du erakundeen arteko elkarlana garatzea legealdiko helburu nagusienetako bat dela:” udalei lagunduko diegu, lankidetzan eta koordinatuta arituz, baina norbere eskumenak errespetatuz”, azaldu du diputatuak.
Koordinazioa jo du Peñak helburu nagusi: “Gipuzkoako lurralde antolaketa udalekin batera adostu behar dugu, 2015-2017 rako aurrikusitako gizarte zerbitzuen mapa zabaltzeko”, esan du diputatuak eta bide horretan udalen papera azpimarratu nahi izan du: ” udalen presentzia gehitu behar da , lankidetza sendotu eta negoziazio mekanismoak ezarri”.
Zentzu horretan, erakunde ezberdinak jasoko dituen lantaldea osatzea proposatu die diputatuak udalei: ” mahaiak anitza eta plurala behar du, Gipuzkoako herri ezberdinen beharrak ongi ordezkatuko dituena, eta aldi berean eraginkorra, gizarte zerbitzuen alorrean aurrera egitea ahalbidetuko duena”, deskribatu du Maite Peñak.
Gizarte zerbitzuetarako, berriki, Eusko Jaurlaritzak onartu duen hiru milioi eurotik gorako funtsaren inguruan, diru hori nola banatuko den azaldu dute bileran Eudeleko ordezkariek eta funts hori banatu ahal izateko, aurrez, udalek egin behar dituzten etxeko lanetarako eta adosten dituzten ekintzak koordinatzeko orientazioa eta aholkularitza eskeini dizkiete udalei.
Eusko Jaurlaritzaren 2008ko gizarte zerbitzuen legeak helburua finkatzen du: 2016ko abenduaren 26tik aurrera, herritar orok gizarte zerbitzuak izateko eskubide subjektiboa izango duela, alegia. Eta helburu hori lortzeko bidean eratu nahi dute gaur lehen urratsa eman duen erakundeen arteko lantaldea.
Eudelek ekimena txalotu du eta prozesuaren garrantzia azpimarratu: lurraldeko zein udalerrietako herritarren berehalako eta etorkizunerako ongizatea bermatzeko ezinbesteko urratsa dela esan du Euskadiko udalen elkarteak.
Artium Museoan egin da Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen Saileko diputatua, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Natividad López de Munain, Burgeluko alkatea eta Eudeleko Batzorde eragileko ordezkaria buru izan dituen ekitaldia, non Arabako 51 udalerriren hausnarketak jaso baitira.
Gasteiz, 2015eko abenduaren 16a. Arabako Foru Aldundiak gaur goizean egin die harrera Arabako udal guztietako alkateei, Gizarte Zerbitzuen Kartera berria aplikatzearen ondorioz egingo den zerbitzuen eta prestazioen eskumen banaketaren berri emateko ekitaldi batean.
Artium Museoan egin da ekitaldia, non Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen Saileko diputatuak azaldu baitu zein epe eta lan metodologia proposatzen dituen Arabako Foru Aldundiak “Arabako udal guztien artean bat etortzea eta adostasuna erdiesteko”. “Gizarte zerbitzu eta prestazioak berriz ere antolatu eta homogeneizatuko dira, lehentasuna emango zaiolarik lurralde orekari, eta hori egingo da soilik tartean diren eragile guztiek parte hartuta”, esan du argi eta garbi Artolazabalek lan plana aurkeztean, non gainera Arabako udal eta kuadrillen hausnarketak jaso baitira.
EUDELen partez, Burgeluko alkateak, Natividad Lopéz de Munain, azpimarratu du “Orain, udalok geure zerbitzuak non kokatuko ditugun erabaki, eta ados jarri beharko dugu, mapa hori gure udaletako errealitatearen araberakoa izan dadin”. “Inolako zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da berehalako orainari eta, batez ere, gure herritarren etorkizuneko ongizateari begira.” halaber eragin du.
Orain arte bezala, EUDELek ibilbide osoan lagunduko die udalei, hau da, baliabideak koordinatzen eta antolatzen, eta, beharrezkoa denean, orientazioa nahiz aholkularitza tekniko eta juridikoa ematen.
