Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Gipuzkoako udalerriek aurreikusitakoa  baino 20 milioi euro gehiago jasoko dituzte. Bilera otsailaren 16an egin da, Donostian, eta bertan eman da 2022 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioaren berri.

Gipuzkoako udalerriek 588.224.790 euro jasoko dituzte 2022 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik (UFFF), erakunde hauek finantzaketarako duten diru iturri nagusia. Hau da, pasa den urtean baino 6 milioi euro gehiago eta aurrekontuan jasotakoa baino 20 milioi euro gehiago dira. Ondorioz, lurraldeko udalek UFFFaren hurrengo ordainketan jasoko dituzte aipatutako 20 milioi euro gehigarri hauek.

Bileraren helburua Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartu ziren erabakien berri ematea izan da, tartean 2022 urteko UFFFaren likidazioa. Topaketan parte hartu dute, Gipuzkoako udalerrien ordezkatzen, parte hartu dute Ane Beitia Elgoibarko alkateak; Izaro Elorza Oñatiko alkateak; Jon Iraola Eibarko alkateak; Gurutze Etxezabal Orexako alkateak; Kerman Orbegozo Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkariak; eta Mar Zabala, EUDELeko zuzendari nagusia.

Foru Aldundiaren aldetik, parte hartu dute Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatua; Rafaela Romero, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako foru diputatua; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendariak.

2022ko UFFFaren likidaziotik eratorritako baliabide gehigarriaren banaketaren harira, lurraldeko udalerri nagusiak honako zenbateko hauek jasoko dituzte: Donostiak aurrekontuan aurreikusitakoa baino 5,4 milioi euro gehiago; Irunen kasuan, 1,7 milioi euro gehiago; Errenteriak, bere aldetik, 1,1 milioi euro gehiago; Eibarrek 745.000 euro gehiago; Zarautzek 619.000 euro gehiago; Arrasatek 591.000 euro gehiago; Hernanik 547.000 milioi euro gehiago; eta, azkenik, Tolosak, 530.000 euro gehigarri.

UFFF (Taula)

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak otsailaren 15ean Vitoria-Gasteizen egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta euskal udalek 2022ko ekitaldia itxitakoan bildutako diru-kopuruari buruzko behin betiko datuak egiaztatu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko zerga itunduengatik jasotako diru-bilketa handiagoa izan da 2022an, guztira 17.130,7 milioi euro osatzerainokoa (+%7,3). Kopuru horren arabera, joan den urrian egindako azken aurreikuspenarekiko gauzatze-maila %100,1ekoa izan da (urrian aurreikusi baino 21,4 milioi euro gehiago bildu dira), eta aurrekontu-zifrarekiko, berriz, %105,2koa.

Arabak 2022an 2.729,2 milioi euro bildu ditu zerga itunduen bitartez, 2021ean baino %9,7 gehiago; Bizkaiak 8.803,5 milioi euro bildu ditu, 2021ean baino %8,2 gehiago; eta Gipuzkoak 5.598,1 milioi euro bildu ditu 2022an, 2021ean baino %4,8 gehiago.

2022ko diru-bilketaren itxiera ikusita, 98,3 milioi euro erabiliko dira Egokitzapenerako Funts Orokorra hornitzeko, eta Araba eta Gipuzkoaren artean banatuko da, horiei 12.367.769 eta 85.929.333 euro baitagozkie, hurrenez hurren.

Bilera osteko agerraldian, udalen ordezkari Ángela Eguía Gordexolako alkateak azpimarratu du Finantzen Lurralde Kontseiluek duten funtzio garrantzitsua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde kontseiluak bilduko dira hurrengo egunetan, udalen parte-hartzea zerga itunduetan aztertzeko eta EAEko 251 udalerrietako bakoitzerako finantzaketa zehazteko.

(2023/02/15) Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren informazioa

EUDELen Batzorde Eragileak babesa eta elkartasuna adierazten die Anatoliako failako lurrikararen hondamendia jasan duten herriei, eta erabat nahigabetuta dago hainbeste bizitzaren galera konponezinagatik.

Euskadiko Udalen Elkarteak doluminak helarazten dizkie hildakoen familiei, eta hondamendiaren ondorioak pairatzen ari direnak ahalik eta azkarren errekuperatu daitezen espero du.

EUDELek bat egiten du, une zail hauetan, lurrikarak eragin dien lurraldeetako herritarrenganako elkartasun eta maitetasun adierazpen guztiekin.

2023ko otsailaren 9an

Bi erakundeen arteko hitzarmena abiapuntu bat izango da, udalei hiru ekimenetan parte hartzeko aukera emango diena: etorkizuneko euskal nortasun kolektiboaren azterketa; “Herri Txikien Akademia” bat; eta, nabarmentzeko modukoa, GizarteLab, Euskadiko hainbat herritan dagoeneko funtzionatzen duen herritarren laborategien proiektua.

 EUDEL-EUSKO IKASKUNTZA HITZARMENAREN SINADURA

Bilbon, 2023ko otsailaren 9an. Gorka Urtaranek, Euskadiko Udalen Elkartea-EUDELeko elkarteburuak, eta Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, elkarrekiko lehen lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur. Hitzarmen horren bidez, bi erakundeek proiektuak partekatuko dituzte, ingurune hurbilenetik, udalerrietatik eta tokiko komunitateetatik, euskal gizartea murgilduta dagoen trantsizioei heltzeko.

Gorka Urtaranek nabarmendu duenez, “Hitzarmen hau berri ona da euskal udal guztientzat. Pandemia garaian, konturatu ginen egunez eguneko udal politikari zientzia eta ezagutza gehitu behar zitzaiela, gizarte eraldaketei eta herrialde gisa ditugun erronka handiei erantzuteko. Udalerriok, errealitatea behatzen dugun aldetik, lankidetzan dihardugu, eta Eusko Ikaskuntzak, ikerketa-gaitasuna emateaz gain, gure herri eta hirien etorkizuna eraikitzeko beharrezkoak diren proiektuetan parte hartzeko aukera ere ematen du.”

Ana Urkizak, berriz, azpimarratu nahi izan du hitzarmenak ahalbidetuko duela “lurralde garapena, udalek komunean dituzten beharren gainean diagnosiak egiteko eta ikerlan esparruak eratzeko. Halaber, gizarte berrikuntzarako metodologia berritzaileak aplikatzeko balioko du, lurralde esparru ezberdinetan”. Gainera, udalek Eusko Ikaskuntzak garatzen dituen egitasmoetan aktiboki parte hartu ahal izango dute. Beraz, jakintza gizartetik sortu eta gizartera itzuliko da hazkunde eta ahalduntze moldeetan, lurraldearen eta herritarren mesedetan.

Zehazki, akordioak helburu hauek ezartzen ditu: Eusko Ikaskuntzaren azterketa- eta ikerketa-programetan eta horien balioespen- eta kontraste-faseetan udalek parte hartzea, udalerrien beharrizan komunei buruzko diagnostikoak egitea ikerketa-esparru komun baten barruan, eta gizarte-berrikuntzako metodologiak eta prozedurak batera ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko eremu guztietan.

Testuinguru horretan, hitzarmenak, bere eranskinetan, elkarlanean jarduteko moduko proiektu batzuk jasotzen ditu, hala nola XXI. mendeko euskal nortasunari/ei buruzkoa. Proiektu horren bidez, gizarte plural eta moderno batean identitate komuna eraikitzeko gai diren elementuak identifikatu nahi dira, bai eta horretarako tresnak proposatu ere, honako premisa honetatik abiatuta: identitateak kohesioa sortzen du eta harremanak eta loturak errazten ditu, etorkizuneko euskal identitate plural eta integratzailera iristeko. Hain zuzen ere, EUDELek proiektuaren ikerketa-fasetik eratorritako emaitzak alderatzeko fasean parte hartuko du.

“Herri Txikien Akademia” da hitzarmenak jasotzen duen bigarren proiektua, zehazki, lurralde-orekaren arloan. EUDELek arreta berezia ematen die udalerri txikienei, 5.000 biztanletik beherako herriak EAE osoaren % 73 baitira. Horregatik da interesgarria proiektu hau, hausnarketarako, ezagutza zabaltzeko eta interes komunak dituzten udalerrien arteko lankidetzarako gunea. Izan ere, 2022an Arabako lau herritan jarri zen abian edizio pilotua: Kuartangon, Laudion, Urturin eta Zalduondon.

Akordioan jasotako hirugarren ekimena herritarren prestakuntzarako programa bat da, Eusko Ikaskuntzak diseinatu eta inplementatua, erantzunkidetasunetik eta balio sozialetatik udalerriek eta biztanleek aurre egin beharreko trantsizioei erantzuteko. GizarteLab du izena, 2019an bultzatu zen, eta, ordutik, Euskadiko hainbat udalerritan jarri da martxan, tokian tokiko ezaugarrietara egokituta. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Arrasate, Aia, Beasain, Deba, Donostia, Laudio, Orio eta, eredu gisa, Legazpi, non dagoeneko Trantsizio Erkidego batek lanean diharduen, tokiko erronkei modu autonomoan erantzuteko.

EUDELeko elkarteburuak Gorka Urtaranek eta Estatuko Idazkari Tontxu Rodríguezek bilera instituzionala egin dute gaur, Justizia antolatzeko Euskadiko udalerrien esparrurako plan berria lantzeko.

Mar Zabalak, Euskadiko Udalen Elkarteko zuzendari nagusiak, eta gobernu ordezkariak, Denis Itxaso, ere parte hartu dute gaurko bileran.

Euskadiko 2030 Agendako adierazleen sistema berri, bateratua eta erakundeartekoa Eustateko webgunean erabilgarri dago jada: https://eu.eustat.eus/adierazleak/gjh.html.

Ekimena Eragile anitzeko foroaren elkarlanaren emaitza da, eta Euskal Udalerrien parte-hartze aktiboa du EUDELen bitartez.

Tresna aitzindari horri esker, euskal erakundeek estatistika-irizpide berberekin neurtu ahal izango dute Garapen Iraunkorreko 17 helburuen eta 2030 Agendaren 169 jomugen betetze-maila. EUSTAT arduratuko da adierazle komunen multzoa eguneratzeaz, Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Udaletako politika publikoen jarraipen eta ebaluazio bateratua errazteko.

Analisi-sistema honen berrikuntza nagusia da, lehen aldiz, 53 udal-adierazlez osatutako panel bat sartu dela, EAEko 251 udalerrietako eta bertako 20 estatistika-eskualdeetako datuekin. Zehazki, udal bakoitzeko 53 estatistika-adierazle desagregatuta ikus daitezke, adierazle horiek 12 GJHri lotutako 20ri buruzko informazioa ematen dutelarik.

Hortik lortutako informazioak, udalerri mailako banaketara heltzen denak, Garapen Iraunkorrerako Helburuetarantz aurrera egiteko herrialde ikuspegia erakutsiko du. Gainera, Europa eta mundu mailako eskualdeetako eta udalerrietako beste errealitateekin aldera ahal izango da.

Sexuen arabera desagregatua:

  • EAE: 280 adierazle, 70 sexuen arabera desagregatua
  • Lurralde Historikoak: 128 adierazle eta 47 sexuen arabera;
  • Udalerriak: 53 adierazle, 14 sexuen arabera.

Bistaratzea: Plataformak jomugei eta helburuei lotutako adierazleak erakusten ditu, joerari buruzko seinale batekin eta eskuragarri dagoen azken datu eta erreferentzia-urtearekin. Udaleko 43 adierazlek ikono propioa dute.

Adierazle-sistema Euskadiko 2030 Agendaren proiektu nagusia da eta Gobernantza-taldean barneratuta dago, EUSTATekin eta EUDEL, hiriburuetako udal, Udalsarea eta hiru Foru Aldundiekin elkarlanarekin batera koordinatuta.

Erakundeen konpromisoa adierazle-multzo hori garatzen jarraitzea da, udalerri mailan desagregazioa eginez eta beste berri batzuk gehituz.

Otsailetik abendura, Zeharkako Prestakuntza Plana 2023 garatuko da, euskal toki- erakundeeko langileentzat. Saioen programa EUDELek eta IVAPek sustatu eta koordinatzen dute, foru-aldundiekin lankidetzan

Ikastaroen gaiak:
– Berritasunak, esate baterako, elkarreragintasun-tailerrak; Europako Funtsen kudeaketa; udalerriei buruzko informazio estatistikoa (Eustat); hiri-mugikortasuna (“15 minutuko hiria”); energia berriztagarriak eta autokontsumoa eraikingintzan; irisgarritasun unibertsala politika eta zerbitzuetan… Temáticas de los cursos:

-Administrazioko oinarrizko gaiak (erregimen juridikoa, kontratazioa…); hirigintza; ingurumena; gizarte zerbitzuak; enplegua; ekonomia eta ogasuna; biztanleria; berdintasuna; modernizazioa; administrazio elektronikoa; berrikuntza; datuak babesa; gobernu ona eta gardentasuna; antolakuntza; lidergoa; giza baliabideak eta zerbitzuaren kalitatea; hizkuntza prestakuntza; gaitasun digitalak; etab.

Ikastaroen lekua: Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Egitaraua eta izen-ematea:

“Solaskidegune” deituriko aplikaziotik egingo dituzte horretarako izendaturiko prestakuntza koordinatzaileek. Informazio osoa EUDELen eta IVAPen webgunean: 

www.eudel.eus/eu/prestakuntza
www.ivap.euskadi.eus

 

  • Euskal erakundeek indarkeriaren biktima iren emakumeen arreta hobetzeko III. Akordioa sinatu dute gaur
  • Arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa lortzeko eta birbiktimizazioa saihesteko aukera emango du

EUDELeko elkarteburuak, Gorka Urtaranek, gaur sinatu du Lehendakaritzan Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela egindako ekitaldi instituzional batean Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko III. Akordioa. 

Akordiaren dossierra

Akordio hau 2001ean sinatu zen lehen aldiz, eta 2009an eguneratu zen eta honen helburua da tratu txarren eta sexu-erasoen biktimen arretan inplikatuta dauden erakundeen arteko koordinazioa, haiei babes osoa bermatzeko osasun, segurtasun, eremu judizialean eta sozialean.

Sinaduran parte hartu dute, EUDELeko elkarteburuaz gain, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako ordezkari goren gisa; Ramiro González, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, hurrenez hurren; Manuel Lezertua Arartekoak; Iñaki Subijana, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak; Carmen Adán Del Río EAEko fiskal nagusiak; Gerardo López Sánchez-Saratxaga Legelarien Euskal Kontseiluko presidenteak; eta Cosme Naveda Euskal Medikuen Kontseiluko presidenteak. Ekitaldian izan dira, halaber, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria.

Hirugarren akordio hau urrats garrantzitsua izango da bere helburu nagusietako batean: biktimen beharrak erdigunean jartzea. Hala, Lehendakariak adierazi duenez, “gure konpromisoa da erakundeek indarkeria matxistaren aurrean ematen duten erantzuna humanizatzen jarraitzea; emakume bakoitzak arreta sistemaren zentroa izan behar du, eta ez alderantziz”. Lehen aldiz duela bi hamarkada baino gehiago sinatutako akordioaren izaera aitzindaria azpimarratu du Urkulluk: “Akordio honi esker, erakundeek indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen diegun erantzunaren ikuspegi integral batean aurrera egin da, eta erabakigarria izan zen biktimen arreta eta babesa garrantzi handiko leku batean jartzeko”, adierazi du.

Bere hitzetan, III. Akordioa sinatzea “etengabeko hobekuntza-prozesu honetan beste urrats bat da”. Hau egiten da, haren ustez, “berdintasunaren alde eta indarkeriaren aurka gero eta sentsibilizatuago dagoen gizartearen babesarekin eta indarkeriaren aurrean gero eta lege, profesional, zerbitzu eta erantzuteko tresna gehiago izateak dakarren bermearekin”. Ildo horretan, gogorarazi du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legeak euskal botere publikoen lehentasuntzat ezartzen duela indarkeriaren biktimei arreta integrala, errekuperazioa eta erreparazioa ematea.

Besteak beste, hirugarren akordioa aurrerapauso garrantzitsua izango da biktimei arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa emateko eta biktimak birbiktimizatzea saihesteko. Ekarriko dituen aurrerapenen artean, indarkeria matxista mota guztiak aipatzea dago, adibidez, ez bakarrik bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria, familia barrukoa eta sexu-indarkeria; baita emakumeak, haien seme-alabak eta inguruko beste pertsona batzuk biktima gisa aitortzea ere, arlo horretako arau-testuinguru berriarekin bat etorriz. Beste aurrerapen bat kasuen detekzio goiztiarrarekin lotuta dago; izan ere, akordioak eremu eta sistema guztietako erakunde guztien proaktibitatea sustatzen du, eta erakunde sinatzaileen konpromisoak zabaltzen ditu emakume biktimei arreta ematen dieten profesionalen prestakuntzari dagokionez. Akordioak erakundeen arteko koordinazio-lana indartzen du, lurralde historiko bakoitzean koordinazio-talde berriak sortuz eta urtero elkartrukerako eta prestakuntzarako topaketa bat antolatuz, hainbat eremu eta sistematako profesionalentzat. Eta beste hobekuntza bat izango da jarduera koordinatuaren protokoloak, III. Akordio honen bidez, argitasun eta zehaztasun handiagoa eskaintzen duela sistema bakoitzeko operadoreek jarraitu beharreko jarraibideei dagokienez. Edukiak eremu bakoitzeko eragileak eta horien funtzionamendua ezagutzea errazten du.

Informazio gehiago: IREKIA