
- Efemeridea gogoratzeko, ekitaldi munizipalista eta instituzionala egingo da, Lehendakaria buru izanda, apirilaren 6an (asteazkena), 11:00etan, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian.
- EUDELek Europako tokiko gobernuen arteko lankidetza proiektatuko du erronka sozialen, ekonomikoen eta klimatikoen aurrean.
- Apirilaren 5ean, arratsaldean, Gorka Urtaran Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) idazkari nagusien bileraren buru izango da; erakunde horrek 40 herrialde baino gehiagotako elkarteak ordezkatzen ditu.
2022ko martxoaren 24an. Lau hamarkada dira EUDEL jaio zenetik; 1982ko maiatzaren 8an jaio zen, Gernikako Batzar Etxean. Euskadiko Udalen Elkartea demokraziako lehen udalei (1979-1983) laguntzeko sortu zen. Gaur inoiz baino gehiago, munizipalismoaren “ahotsa” euskal gizartearen zerbitzura ari da lanean, erakundeen arteko lankidetzatik eta maila anitzeko gobernantzatik.
PRENTSA TXOSTENA JAITSI
Efemeridea ospatzeko, Elkarteak euskal udalgintzaren topaketa handi bat egingo du, apirilaren 6an (asteazkena), 11:00etatik aurrera, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Ekitaldi instituzionala izango da; Iñigo Urkullu lehendakaria izango du buru, eta gaur egungo udaletako alkate guztiak daude gonbidatuta, bai eta euskal agintari nagusiak ere.
Berrogeigarren urteurrena dela-eta, EUDELek udalen eraldaketaren alde egin duen lanaren mugarri garrantzitsuenak azalduko ditu: tokiko gobernantza ona; berrikuntza eta kudeaketa publiko aurreratua; euskara eta euskal kultura; eraginkortasun energetikoa eta ingurumen-kudeaketa, eta, funtsean, ongizatearen politiketan, giza eskubideetan, elkarbizitzan eta gizarte-kohesioan egin diren lorpenak.
“Gure Elkartea pisua eta eragina irabazten joan da, tokiko demokrazian egon diren 28.000 hautetsi baino gehiagoren kate-lanari, eskuz esku aritzeari esker”. Gorka Urtaran elkarteburuak EUDELen barruko talde-lana nabarmendu du: “Hori da gure izendatzaile komuna; askotariko tokiko identitate eta sentsibilitateek elkarrekin kooperatzen dute, helburu berberak lortzeko. EUDEL gure udalerri guztien batura da, eta herrialde gisa gehitzeko aukera ematen digu, bizi-kalitatean eta lehiakortasunean, herri eta hiri guztietan”.
Ekitaldi honetan, Elkartearekin batera egongo dira Europan eta nazioartean garrantzitsuenak diren toki-gobernuen bi erakundeak. Fabrizio Rossi, CEMR-eko idazkari nagusia (Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua), eta Emilia Sainz, UCGLko idazkari nagusia (Hiri eta Tokiko Gobernu Bateratuak); biek ere esku-hartze garrantzitsuak izango dituzte tokiko gobernuek erronka hauen aurrean duten zereginari buruz: giza garapen iraunkorra, pandemia osteko leheneratze sozial eta ekonomikoa, edo Ukrainako inbasioko errefuxiatuen harrera.
CEMR-en lehen goi-bilera Vitoria-Gasteizen
Urteurrenarekin bat eginez eta ekitaldiaren bezperan (apirilak 5, asteartea), EUDELek hartuko du Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) idazkari nagusien urteroko bilera. Saioa 14:00etan hasiko da, eta Gorka Urtaranek emango du ongietorria; batetik, Euskadiko Udalerrien Elkartearen elkarteburu gisa, eta, bestetik, hiri anfitrioiko alkate gisa. Bilera horretan aurkeztuko da ofizialki idazkari nagusi berria, Fabrizio Rossi, zeina urtarrilean izendatu zuten.
Nazioarteko egoera latzaren ondorioz, CEMR-ko tokiko delegatuen ordezkaritza handi bat etorriko da Vitoria-Gasteizera. Kontseilu horrek berrogei herrialdetako elkarte hartzen ditu bere gain. Hurrengo egunean, apirilak 6, Vitoria-Gasteizen dauden Europako ordezkariek bat egingo dute EUDELen urteurreneko ekitaldiarekin, euskal alkateekin batera.
Udalerrien goi-bilera horrek Europako toki-gobernuen aliantza erakutsiko du; guztiek Errusiaren kontrako bloke komun bat osatu dute, Ukrainan egin duen inbasio bortitz eta bidegabea dela-eta, eta laguntza eta babesa ari dira ematen Errusiaren inbasioaren ondorioz ihesi doazen ukrainarrei. Jarrera bateratu hori biltzen du CEMR-en Adierazpen Instituzionalak; EUDELen Batzorde Eragileak sinatu du, 23 herrialdetako beste 700 toki-agintarirekin batera, Europako hiriburu nagusietako alkateak barne.
Euskadiren kontingentzia-planaren testuinguruan, euskal udalek eskuragarri jarri dituzte haiek dituzten baliabideak eta bitartekoak, kasuan kasu, gainerako erakunde eta elkarte sozialekin batera, laguntza duina eta ordenatua emateko ukrainar komunitateari. Egun, udalerriek 800 harrera-plaza eskaini dituzte, hiru lurraldeetan banatuta: 154, Araban; 361, Bizkaian, eta 328, Gipuzkoan.
Gaur egungo EUDELera gidatu gaituzten pertsonak
Iragana, oraina eta etorkizuna batuko dira 1982az geroztik Elkartearen buru izan diren pertsonei eskainitako omenaldian, eta bereziki ekarriko da gogora Iñaki Oregi Goenaga, Zuiako alkatea, EUDELen sortzailea eta lehen elkarteburua (1982-1987). Euskal udalen aliantzak eta lankidetza bultzatu zituen Oregik, Victor Mentxakatorre Garai Elkartearen lehen zuzendari nagusiarekin batera (1985-1993).
Euskal udalgintzak jarraitu egin zuen Oregiren legatuarekin, eta hauek dira gerora karguan izan direnak: (1987-1989) Jose María Gorordo Bilbao, Bilboko alkatea; (1989-1999) Jose María González Zorrilla, Muskizko alkatea; (1999-2007) Karmelo Sáinz de la Maza Arrola, Leioako alkatea; (2007-2011) Jokin Bildarratz Sorron, Tolosako alkatea; (2011-2015) Ibone Bengoetxea Otaolea, Bilboko alkateordea, eta (2015-2019) Imanol Landa Jauregi, Getxoko alkatea. EUDELen historiaren protagonistak beren bizipen pertsonalak kontatuko dituzte, eta gaur egungo alkateen omenaldi beroa jasoko dute.