Eudel

Author

eudel

Azken berriak

1990eko maiatzaren 17tik, OMEk homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuenetik, egun hori ospatzen da, eta balio esanguratsua du lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualentzat, gaur egun LGTBI kolektiboak oraindik ere aurre egin behar dien eskubideen aldeko eta diskriminazioaren aurkako jardueren ardatz katalizatzaile gisa.

COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoera eragin handia izaten ari da gure kolektiboan ere; beraz, sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako gorrotoak eragindako erasoak salatzen jarraituko dugu. Eraso horiek ez dira gure inguruan bakarrik gertatzen. Lesbiana, gay eta bisexualen lege-babesean aurrerapen handiak egin diren arren, NBEko 69 estatu kidek sexu bereko helduen artean adostutako sexu-ekintzak zigortzen jarraitzen dute, ILGAk (Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexen Nazioarteko Elkartea) adierazten duen bezala. Human Rights Watchen arabera, pandemiak desberdintasun arrakalak eragin ditu, eta kolektibo batzuk besteak baino ahulagoak dira. LGTBI kolektiboaren aurkako aurreiritziak nabarmenak izan dira Covid-19ri emandako erantzunetan munduko eskualde askotan.

Berdindu Zerbitzuak, maiatzaren 17an eta urteko egun guztietan LGTBI pertsonen eta haien ingurukoen ondoan jarraituko du, LGTBIfobiaren aurka borrokatuz. Gaur egun, oraindik ere beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzea. Gizarte osoaren erantzukizuna, diskriminazio- eta indarkeria-mota guztien aurka borrokatzeko.

Euskadi inklusiboa eta askotarikoa aldarrikatzen dugu, aniztasuna aztergai dugun esparrutik ulertuta, baina baita bere osotasunean ere. Berdindun, indarrak batuko ditugu gizarte- eta erakunde-eragile guztiekin, gizarte justuagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko. Berdintasunerako eskubidearen eta sexu-orientazio eta generoagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin.

BERDINDU

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen du Berdindu Zerbitzua.  Zerbitzu hori  lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualei eta haien ingurukoei informazioa eta arreta ematekoa da.

Informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/berdindu/

  • SUM Bilbao Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarrak eztabaida-foroa antolatu du maiatzaren 19an, asteazkena, sektore publiko eta pribatuaren ordezkariekin, pertsonen garraio masiboaren erronkak aztertzeko.
  • Euskadiko Udalen Elkartea Biltzarraren partnerra da, eta topaketetan hartuko du Lehenengo Foro honetan, EUDELen elkarteburuorde eta Irungo alkatearen ordezkari moduan, Garapen Iraunkor, Mugikortasun eta Kiroleko zinegotzi Borja Olazabalek hartuko du parte. Olazabalek, Foro honetan, bere udalerriaren esperientziaren berri emango du: “Irun: mugikortasun elektrikoa 30 km/h-ko hiri batean”
  • Modu presentzialean eta online egingo den topaketa honetan, Garraio, Mugikortasun eta Hiri-Agendaren Ministerioko (MITMA) Garraioaren arloko Azterlan eta Teknologien Dibisioko zuzendari Rocío Báguenak parte hartuko du, besteak beste.
  • Foroa zuzenean emango dute Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretotik, Alfonso Gil Bilboko Alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko Zinegotzia buru delarik, eta Irungo Garapen Jasangarri, Mugikortasun eta Kirol Saileko Zinegotzi Ordezkari Borja Olazabalek eta Bartzelonako Eremu Metropolitarreko Garraio Eta Mugikortasuneko presidenteorde Antoni Poveda Sant Joan Despí-ko alkateak parte hartuko dute.
  • Haiekin batera izango dira, Andrés Galnares, hidrogenoa ekoizteko soluzioetan espezializatutako H2SITE startupeko CEOa, eta Luciano Strucchi eta Elizabeth Obediente, Mobility as a Service (Maas) delakoa errazten duen IoMob enpresako gerentak.
  • Ekitaldia maiatzaren 19an egingo da, asteazkenez, 11:30ean, eta nahi dutenek Bilboko Udalaren wegunean eta SUM Bilbaoren YouTubeko kanalaren bitartez jarraitu ahal izango dute.

SUM Bilbao Hiri-Mugikortasun Jasangarriaren Biltzarrak aldez aurreko foroa antolatu du, hirietako pertsonen garraio masiboaren arloko berrikuntzan egindako aurrerapenei buruz eztabaidatzeko.

Topaketa modu presentzialean eta online egingo da, Alfonso Gil Bilboko Alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko Zinegotzia buru delarik, eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri-Agendaren Ministerioko (MITMA) Garraioaren arloko Azterlan eta Teknologien Dibisioko zuzendari Rocío Báguenak parte hartuko du, besteak beste.

Foroa zuzenean emango dute Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretotik, Petronorrek eta Bilboko Udalak antolatutako SUM Bilbao 2021 biltzarraren aurreko jarduera-programaren barruan.

Topaketan, Irungo Garapen Jasangarri, Mugikortasun eta Kirol Saileko Zinegotzi Ordezkari Borja Olazabalek eta Bartzelonako Eremu Metropolitarreko Garraio Eta Mugikortasuneko presidenteorde Antoni Poveda Sant Joan Despí-ko alkateak ere parte hartuko dute.

Haiekin batera izango dira, halaber, Andrés Galnares, hidrogenoa ekoizteko soluzioetan espezializatutako H2SITE startupeko CEOa; Luciano Strucchi eta Elizabeth Obediente, Mobility as a Service (Maas) delakoa errazten duen IoMob enpresako gerentak, eta Pilar Elejoste, DeustoTech-eko zuzendariordea eta DSM (Deusto Smart Mobility) Taldeko ikertzailea, azken hau moderatzaile-lanetan.

Horiek guztiek pertsonen garraio masiboari buruzko hainbat berrikuntza-proiektu azalduko dituzte hirietako mugikortasun jasangarriaren testuinguruan. Ondoren, eztabaidan jardungo dute lurraldeek mugikortasunaren arloko joera berrietara moldatzeko dituzten erronkei buruz eta joera horiek sektoreko berrikuntza sustatzeko eskaintzen dituzten aukerei buruz.

Topaketa maiatzaren 19an egingo da, asteazkenez, 11:30ean, eta nahi dutenek Bilboko Udalaren webgunean eta SUM Bilbaoren YouTubeko kanalaren bitartez jarraitu ahal izango dute:

SUM BILBAO 2021 NAZIOARTEKO BILTZARRA

Foro hau Bilbon urriaren 6an eta 7an egingo den SUM Bilbao 2021 Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarraren aurreko jarduera-programaren barruan antolatuko da. Biltzarrean mugikortasunarekin zerikusia duten gaur egungo gairik garrantzitsuenak jorratuko dira, mugikortasun jasangarriaren arloko eragile nabarmenen partaidetzarekin.

SUM Bilbaoren edizio berriak ondorengo arlo tematikoak izango ditu ardatz: batetik, trantsizio energetikoa, hidrogenoari lotutako aukerak, energia garbiak eta energiaren deskarbonizazioa. Bigarren ardatz tematikoa gobernantza eta finantzaketari buruzkoa izango da, hau da, klima-aldaketa arintzeko arau-esparruak eta aliantza publiko-pribatuak. Eta hirugarren ardatz tematikoan mugikortasuna, digitalizazioa eta berrikuntza izango dira aztergai. Izan ere, mugikortasun berria konektatua, irisgarria, planifikatua eta garraio publikoaren bidezkoa izatearen aldeko ikuspegitik aztertuko da.

  • Udalek zuzentzen dute sarea, eta EUDELek koordinatzen du, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin batera, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez.
  • Osoko Bilkura politikoak atzo onetsi zuen Ekintza Plan berriaren bi ardatzak Berdinsarea euskal erakundeen eta gizartearen aurrean berritzea eta balioestea dira, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako tokiko konpromisoaren erreferente gisa.

2021eko maiatzaren 12a. Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Euskal Udalen Sarea den Berdinsarea 2006an sortu zen, EUDELen eta Emakunderen laguntzarekin, udal-gobernuen maila goreneko konpromisoa bateratzeko. 2021 honetan, Berdinsareak hamabost urteko ibilbidea ospatuko du, gaur, maiatzaren 12an, hain zuzen, ospatzen den Tokiko Bizitzan Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko Europako Gutunaren 15. urteurrenarekin bat eginez.

Sare hori aitzindaria izan zen Euskadin eta Europan, eta udalek berek gobernatzea du ezaugarri; udal horiek dituzte, zehazki, berdintasunaren arloko politika eta praktika aurreratuenak. Berdinsarearen lana hainbat batzordetan egiten da. Batzordeek interes komuneko gaiak eta kontuak jorratzen dituzte, baina betiere tokiko aniztasunari eta, bereziki, udalerri txikiei arreta eskainiz.

Sarearen beste bereizgarrietako bat da erabakiak modu parte-hartzailean hartzen direla, maila politikoan eta teknikoan erabakita. Atzo arratsaldean, bideokonferentzia bidez, Berdinsarearen Osoko Bilkuran elkartu ziren gaur egun Berdinsarea osatzen duten 72 udalerri eta kuadrilla bateko alkateak eta zinegotziak, zeinak EAEko herritarren % 80a baino gehiagoren ordezkari diren.

EUDELen elkarteburuak eta Emakundeko zuzendariak, erakunde bultzatzaileen ordezkari gisa, Berdinsarearen osoko bilkuraren irekieran parte hartu zuten atzo arratsaldean. Osoko bilkura urtean behin izaten da gutxienez, balantzea egiteko eta euskal udalek berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzio arloan dituzten lan-ildoak eguneratzeko.

Gorka Urtaranek eta Izaskun Landaidak “balio-sare” gisa definitu zuten Berdinsarea, bai udalerrientzat eta bai gizarte osoarentzat. Bi ordezkariek nabarmendu zutenez, euskal udalerriak beti egon dira “abangoardian” berdintasunaren arloan, eta Berdinsarearen hamarkada bat baino gehixeagoko ibilbideko mugarrietako batzuk zerrendatu zituzten: erakundeen arteko koordinaziorako lehen protokoloak edo berdintasunerako udal-ordenantzak, eta indarkeria matxistaren biktimei eta biziraun dutenei erreparazioa emateko gida.

EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkateak zorionak eman zizkien udal arduradunei, egungo testuinguruan kokatzen den Berdinsarearen urteurren “garrantzitsu” honengatik: “Udalok funtsezko eginkizuna dugu berdintasunaren erronkari erantzuteko, eta udalerriak eraldaketa sozialaren eszenatoki gara”. Gorka Urtaranek balantze eta errekonozimendu garaia dela esan zuen, baina baita berritzekoa eta Sarea eguneratzekoa ere. “EUDELek eta Emakundek Berdinsareari ematen diogun laguntza berritu dugu, udaletan eta gizarte osoan erreferentziazko sare gisa finkatu dadin, euskal erakunde guztiekin lankidetzan eta koordinatuta”, adierazi zuen elkarteburuak.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, bi erakunde bultzatzaileek elkarrekin lan egingo dute, “Berdinsarea berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka Euskal Udalok dugun konpromisoaren adierazlerik handiena izan dadin”. Horretarako, EUDELen elkarteburuak Europako beste udalerri sare batzuekin lan egitearen” garrantzia azpimarratu zuen, “berdintasun-politika aurreratuenen lerroan jarraitzeko”.

Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak, ostera, nabarmendu zuen “Berdintasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarea erakundeen arteko lankidetzaren garrantziaren adibide bat” dela, helburu berarekin lan egiten denean, eta azpimarratu zuen EUDELen eta Emakunderen artean 2006an sinatutako lankidetza-konpromisoa gure herrialdeko berdintasun-politiketan aurrera egiteko beharrezkoa den maila anitzeko lankidetza horren erreferente eta eredu bihurtu dela.

Landaidak nabarmendu zuenez, EUDELekin hitzarmena berrituta, sarea egungo egoerara egokitu eta suspertu nahi da: “Helburua da duela 15 urteko konpromiso hura mantentzea, indartzea eta berdintasun-politika aurreratuenekin bat egitea”.

Era berean, Emakundeko zuzendariak NBE Emakumeak Generation equality ekimenean parte hartzera gonbidatu zituen udalak. Euskadin Emakunde da ekimen horren buru, eta Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Itun Sozial bat aktibatzea du xede.

2021ko Ekintza Plana: Berritzea eta balioa ematea

BERDINSAREAren helburuak dira berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka tokiko gobernuek kudeatutako programak eta zerbitzuak bultzatzea, indartzea, koordinatzea eta ebaluatzea. Berdinsarearen parte izateko, udalerriek zenbait baldintza bete behar dituzte, besteak beste, Berdintasunerako Tokiko Plana onartuta izatea, eta hori gauzatzeko behar diren langileak eta baliabideak izan behar dituzte.

2021ean, sareko Ekintza Plana bi ardatz nagusitan oinarritzen da, eta ardatz horien bidez, egungo testuinguruan, pandemia osteko susperraldiak eta eraldaketak markatutako tokiko berdintasun-politiken erronka berriei erantzun nahi zaie. Lehenengo ardatzak berrikuntza, estrategia berriak, irudi-nortasun berria eta komunikazio-kanal berri bat dira, Berdinsarearen lehen webgunea. Bigarren ardatza Berdinsarearen proiekzioa eta Berdinsareari balioa ematea da, barruan eta kanpoan, udalerrien “sarea” izaten jarrai dezan, eta, aldi berean, erreferente izan dadin foro instituzional guztietan eta euskal gizartearen aurrean.

Planteatzen diren ekintza zehatzen artean, honako hauek daude: EUDEL-Emakunde erakunde arteko Hitzarmena berritzea; indarkeria matxistaren prebentzioan euskal udalen jarrera lantzea; pandemia osteko biziberritzeari begira udal-kudeaketarako erabakiak hartzean genero-ikuspegia bideratzea; udalerri txikietarako berariazko berdintasun-gida estrategikoa gauzatzea, edo teknikarien prestakuntza indartzea, besteak beste, honako arlo hauetan: berdintasun-klausulak kontratazioan, emakume biktimen erreparazioa edo hirigintzan genero-eragina ebaluatzea.

Osoko Bilkuran ekintza-ildo berriak aurkezteko ardura Ane Beitia Elgoibarko alkateak eta Angela Egia Gordexolakoak izan zuten, biak ala biak EUDELeko Batzorde Eragileko berdintasun-ordezkari gisa. Alkateek beste abantaila batzuen artean nabarmendu zutenez, “sareko lanak aukera ematen digu guztiontzako irizpideak definitzeko eta udalen arteko tresnak eta jardunbide egokiak partekatzeko”, eta hori oso lagungarria da baliabide gutxien dituzten udalerri txikientzat. Biak bat etorri ziren adieraztean Berdinsareak “talde” gisa funtzionatzen duela eta “talde” gisa lan egiten duela, “aniztasuna” errespetatuta; eta, azalpena amaitzeko, sarean aktiboki parte hartzera animatu zuten: “Berdintasunerako bideak aurrera jarraitu behar du, Berdinsarearen tokiko konpromisotik, berdintasun-politiken sustapena Euskadiko udalerri guztietara heda dadin”.

AGINDUA, 2021eko apirilaren 22koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, hautaketa-prozesu baterako deialdia egiteko dena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko bertako hautagai-zerrenda bat osatuko baita Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetako Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenez betetzeko.

AGINDUA jaitsi (EHAA 2021/5/6):

https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2021/05/2102563e.shtml

Gorka Urtaran elkarteburuak esan duenez, Udalak “prest gaude Funtsak jasotzeko” eta “gainerako erakundeen arteko estrategia bateratuak udalerriekin bat egin behar du”.

Estatuak Bruselara igorri nahi duen planari dagokionez, EUDELeko elkarteburuak “gobernantza eredu berri bat” eskatu du, udalerriek, funtsen banaketan ez ezik, diseinuan ere parte har dezaten “proiektuak ditugu eta udalaren ahotsa entzun egin behar da. Lehiakorrak izateko prestatzen ari gara, gure herrien eta hirien eraldaketa jasangarri eta erresilientea gauzatu ahal izateko “.

Gorka Urtaran EUDELen Elkarteburuaren audioa

2021eko apirilaren 26an. Gaur goizean, EUDELek webinar bat antolatu du 300 udal-arduradun politiko eta teknikari baino gehiagorekin, 36/2020 Errege Lege-dekretuaren gakoak emateko. Arau hori estatu osorako izango da, eta kontratazio-, dirulaguntza-, kudeaketa- eta aurrekontu-mekanismoak arautuko ditu Europako hurrengo laguntzetan.

Informazio-saioa martxoan egindako lehenengoaren jarraipen gisa sortu zen, eta, horren bidez, hurrengo hilabeteetan euskal udaletan sortuko diren galderei aurrea hartu nahi die EUDELek. Baliteke lehenengo deialdiak uda baino lehen aktibatzea, eta Euskadiko Udalen Elkarteak udalei lagundu nahi die aldez aurretik prestatzen, sortzen diren aukera guztiak ahalik eta ondoen baliatzeko.

Webinarraren irekieran, Gorka Urtaran elkarteburua euskal udalerrientzako informazio, aholkularitza juridiko eta kontsulta esklusiboen arretarako zerbitzua eskaintzeko EUDELen ekimenaz aritu da. Europako laguntzen eta programen newsletterra aipatu du, esaterako; buletinak toki-erakundeentzako deialdi guztien “radar” gisa funtzionatuko du, eta zerbitzua udalen beharretara egokituko da.

Apirilean, estatuko gobernuak Bruselara igorriko duen planaren dokumentua aurkeztu du. “Planaren inguruko ziurgabetasunaren aurrean, eta horri aurre egiteko”, Gorka Urtaranek esan du EUDELek prozeduren inguruko “informazioa eman, argitu eta udalei lagundu” nahi diela, funtsei irtenbidea ematen zaienean “azkarrak eta eraginkorrak” izateko, estrategia abiatu aurretik.

EUDELen elkarteburuaren arabera, euskal udalak “prest gaude Europako Funtsak jasotzeko”, eta gainerako maila instituzionalekin bateratutako estrategiak “udalerriekin bat egin” behar duela eta “udal ahotsa” entzun behar dela azpimarratu du.

Urtaranen esanetan, “Estrategia bateratuak, lehenik eta behin, susperraldiaren S hizkia izan behar du, bai, baina, batez ere, eraldaketaren E hizkia”. Horretarako, Estatuko Gobernuak ezarritako 2023ko ekitalditik haragoko “denbora-muga” bat ezartzea eskatu du, Europak funtsak 2026ra arte gauzatzeko aukera ematen duelako. “EUDELen eskutik, udalak lehiakorragoak izateko prestatzen ari gara, gure herri eta hiriek behar duten eraldaketa jasangarri eta erresilientea gauzatu ahal izateko“.

Horrela, Gorka Urtaranek Europaren susperraldi- eta erresilientzia-mekanismoa egituratzen duten politikak aipatu ditu. Politika horiek udal-eskumen asko hartzen dituzte barne, hala nola ura eta saneamendua, auzoen berroneratzea, etxebizitzen birgaitzea, mugikortasuna eta garraioa, administrazioaren modernizazioa eta digitalizazioa, berdintasun-politikak eta gizarte-zerbitzuak eta gizarteratzea.

Lesbianak ikusgai eta eskubidedun

 

Apirilak 26an, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, oraindik ere zaila da ikusgarritasun hori aldarrikatzea pandemiaren testuinguru honetan. Oraindik ere ondo esan behar da lesbianak badaudela eta harro egoteko arrazoi asko daudela, sareak eta beste besteak sareak erabiliko ditugu ahotsa altxatzeko.

Oraindik ere, lesbianak ikusezinak dira gure jendarteko hainbat esparrutan; esaterako: eskolan, familian, lanean, kalean… Eta zer esanik ez lesbiana nagusiak, migratuak edo asilo-eskatzaileak direnean.

Ikusezintasuna beste indarkeria mota bat da, emakumeei sexualitate aske eta autonomoa ukatzen jarraitzen duen gizarte patriarkal batean. Hainbeste emakume lesbianaren existentziarik eza edo ikusezintasuna gaitzestea da sistema baliatzen duen mekanismoa, gizartean sexu- eta genero-aniztasuna ukatzen jarraitzeko.

Gizarte osoaren erantzukizuna dela diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzea. Lesbianen ikusgaitasuna sustatzen duten politika publikoak beharrezkoak dira, eta, batez ere, maskulinoa den LGTBI+ irudimenetik haratago doazenak.

Egun honetan, lesbiana horiek guztiak aldarrikatu nahi ditugu, ikusarazten direnak eta ez direnak. Gure helburua emakume lesbianek euren ikusgaitasuna nola bizi nahi duten askatasunez erabaki ahal izatea da eta, horretarako, baldintza egokiak sortzen jarraitzeko egingo dugu lan. Era berean,  dei egin nahi diegu pertsona, elkarte, kolektibo, erakunde eta organismo guztiei, jendarte osoari, lanean ere jarrai dezaten.

BERDINDU INFORMAZIO-ZERBITZUA (LGTBI): https://www.euskadi.eus/berdindu/

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen du Berdindu Zerbitzua.  Zerbitzu hori  lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualei eta haien ingurukoei informazioa eta arreta ematekoa da.