Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen du Berdindu Zerbitzua. Zerbitzu hori lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualei eta haien ingurukoei informazioa eta arreta ematekoa da.
Berdinduk honako hauek eskaintzen dizkie erabiltzaileei:
Arreta, informazioa eta orientazioa sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen gaietan.
Laguntza emozionala eta soziala horietaz jabetzean.
Sozializazio-sareetarako sarbidearen orientazioa.
Eskubideen defentsan eta egikaritzan laguntzea eta orientatzea.
LGTBIfobiaren eta sexu- eta genero-orientazioagatiko diskriminazioaren biktimei arreta eta laguntza ematea.
Eusko Jaurlaritzak eskura dituen zerbitzu publikoetarako sarbideari buruzko informazioa.
Senideentzako eta hurbilekoentzako aholkularitza
Familientzako laguntza-taldeak
Gainera, zeinu-mintzairan edo euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntza batean hitz egin behar izanez gero, aldi bereko itzulpen-zerbitzu berri bat dago erabilgarri.
Halaber, sexu- eta genero-aniztasunari buruzko aholkularitza eskaintzen die edozein erakunde publiko edo pribaturi.
Astelehenean, apirilaren 26an, 11:00etatik 12:00etara, EUDELek online jardunaldi bat antolatu du politikarientzat eta teknikarientzat, Euskal Udalentzako Next Generation Funtsei eta Europako programei buruzko informazioa emateko zerbitzuaren barruan.
Apirilean, Estatuko Gobernuak Next Generation Funtsak eskuratzeko mekanismoen proposamen zehatza bidaliko du. Hortik aurrera, laguntzen deialdiak aktibatuko dira, Bruselak ekainean behin betiko onartu aurretik.
Udalek hilabete gutxi batzuk izango dituzte beren proiektuak lizitatzeko, eta, horregatik, funtsezkoa da esleipen-prozesuetan epeak laburtzeko mekanismoak menderatzea.
Beste urte batez, EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak bat egin du SUM Bilbaorekin, hiru helbururekin: ikusgaitasuna ematea euskal udalen jardunbide egokiei, beste eskualde batzuetako irtenbide eta esperientzia berritzaileak ezagutzea, eta lankidetza sustatzea hiri-mugikortasun sistemak osatzen dituzten eragileen artean. Tokiko gobernuek funtsezko zeregina dute suspertze sozial eta ekonomiko jasangarria, inklusiboa eta ekologikoa lortzeko.
Hori dela eta, EUDELek bat egin du Europako Itun Berdearen ardatzekin, eta “Euskal udalerrien Green Deal” delakoa bultzatuko du, udalek gida dezaten beren komunitateen eraldaketa berde, bidezko eta erresilientea. EUDELentzat SUM Bilbao-ren bigarren edizio hau aukera paregabea da une erabakigarri batean indarrak batu eta aliantzak ehuntzeko, etorkizuneko hiri eta herriak diseinatzeko unean hain zuzen ere.
Udalek beren funtsezko kolektiboen datuak emango dituzte martxoaren 31 baino lehen. Udaltzainei eta ELZko langileei ez ezik, gizarte-langileei eta aterpetxeetakoei ere emango zaie txertoa.
2021eko martxoaren 25a. EUDELek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean jarraitzen du, COVID-19aren aurrean lehen lerroan lan egiten duten funtsezko udal-zerbitzuetako kolektiboen txertaketa mailakatua planifikatzeko. Dagoeneko AstraZenecaren txertoa ematen hasi zaie 55 urtera bitarteko Udaltzaingoetako eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuetako langileei, eta, orain, txertaketa 56 eta 65 urte bitarteko langileengana ere iritsiko da.
Bi kolektibo horiez gain (3.300 polizia-agente eta 3.200 ELZko langile, gutxi gorabehera), funtsezko beste bi zerbitzu batuko zaizkio txertatze-prozesuari: gizarte-langileak, eta bazterketa-egoeran dauden pertsonei gauez arreta emateko edo udal-aterpetxeetan hartzeko baliabideetako langileak.
EUDELek euskal udalen laguntza jasotzen jarraituko du, aipatutako 65 urtera bitarteko (2021eko abenduaren 31n beteak) adin-tartean dauden funtsezko zerbitzu horietako langileen datuak biltzeko. Horretarako, Euskadiko Udalen Elkarteak beste zirkular bat bidali die alkateei, Excel fitxategi bat barne, zeinean udal bakoitzak bere langileen datuak adierazi behar dituen (adina, harremanetan jartzeko bidea, bizilekua eta lantokia), datorren martxoaren 31 baino lehen.
Osakidetzak funtsezko kolektibo horien txertaketa-prozesua planifikatuko du, txertoen eskuragarritasunaren arabera. Orain arte bezala, Osakidetzako txertaketa-zerbitzuek deituko diete udal-langileei, txertoa emateko. Hiru hiriburuetako Udaltzaingoen kasuan, udaletako lan-prebentzioko zerbitzuek emango diete txertoa agenteei.
LABIren Aholkularitza Batzordeko kidea den aldetik, EUDELek rol aktiboa du osasun-krisiaren kudeaketan, eta EAEko 251 udalen ordezkaria eta haiekiko komunikazio-kanalik zuzenena da. Haren lehentasunezko egitekoa da, une honetan, kudeaketa erraztea beren lana birusaren aurreko lehen lerroan egiten duten udal-langileei txertoa emateko.
EUDEL Osasun Sailarekin elkarlanean ari da txertaketa-prozesu hori arintasunez, eraginkortasunez eta modu koordinatuan gauzatu dadin euskal udalerri guztietan, Osakidetzak zehaztutako epeei eta irizpideei jarraituz.
Virginia Woolf Basqueskola euskal udaletan dauden 1.200dik gora emakume hautetsiei zuzendutako ahalduntze-, prestakuntza- eta eragin-gune bat da
Tamaina eta sentsibilitate politiko guztietako udalerrietako alkateek eta zinegotziek bultzatzen dute lan-sare hori EUDELen.
Euskadiko hautetsien % 46 eta alkateen % 29 emakumezkoak dira, eta, honenbestez, Europan gizon-emakumeen arteko oreka handiena duten lurraldeetako bat da.
EUDELek eta Emakundek batera bultzatzen duten Virginia Woolf Basqueskola ekimena erreferentziazko eredu gisa aurkeztu da gaur arratsaldean Euskadiko eta Flandriako gobernuek elkarrekin antolatutako ekitaldi birtual batean. Ekitaldi horretan, Europako eskualdeetako gobernuek emakumeen ahalduntzeari eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko jardunbide egokiak erakutsi dituzte.
Ekitaldi horretan parte hartu du Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua. Sailburuarekin batera, Barne Arazoetako, Administrazio Gaietako, Integrazio zibikoko eta Aukera Berdintasuneko Flandriako ministroak, Bart Somersek, eta New Yorkeko Udaleko kanpo harremanetarako komisarioak, Penny Abeywardenak izan dira.
“Local and Regional Governments at the Forefront of Women Empowerment” (Emakumeen ahalduntzearen abangoardian dauden tokiko eta eskualdeko gobernuak) izenburupean, Artolazabalek euskal erakundeek arlo horretan sustatu dituzten jardunbide egokietako batzuk ezagutarazi ditu, hala nola Emakundek sortu zenetik emakumeen elkarteei ematen dizkien diru-laguntzak, elkarteek Eusko Jaurlaritzarekin harreman zuzena izateko organo baten existentzia, Emakunderen Aholku batzordea, eta Emakundek EUDELekin batera bultzatzen duen Virginia Woolf Basqueskola, euskal emakume hautetsien espazio propio bat, zeinean jasotzen duten prestakuntza, ahalduntzerako tresnak eta zeinetan aliantzak egiteko aukera duten, beti ere, auren eragin politikoa bultzatze aldera.
Virginia Woolf Basqueskola
EUDELek eta Emakundek 2012tik sustatzen duten Virginia Woolf BASQUESKOLA guneak aurrera jarraitzen du, emakumezko alkate eta zinegotzientzat interes handikoak diren gaiei buruzko truke-, analisi- eta elkarrizketa-guneak eratzeko helburua bete nahian.
Basqueskola sarea EAEko udaletako emakume hautetsi guztiei zuzentzen zaie. Egunero tokiko euskal politikan lan egiten duten 1.200 emakume baino gehiago dira; gobernukoak eta oposiziokoak; alderdi politikoetakoak eta herritarren plataformetakoak; udal handietakoak eta txikietakoak.
Basqueskola Sarea estrategiaren helburua politikaren ingurunean aldaketak sortzea da, euskal emakume hautetsien berdintasun erreala errazteko. Horretarako, ezbaian jarri behar dira emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte-hartze soziopolitikoa oztopatzen duten estereotipoak eta rolak.
Gaurko ekitaldi hau Eusko Jaurlaritzak EEBBetan duen ordezkaritzak eta Emakundek batera egindako lanaren eta Flandriako Gobernuaren izandako lankidetzaren emaitza izan da.
Sailburuak adierazi du duela 25 urte egindako Emakumeari buruzko Nazioarteko IV. Konferentzian erabaki zela, emakumeen ahalduntzerik gabe, ez dagoela berdintasunik, eta azpimarratu du euskal berdintasun-politikak beti egon direla lerrokatuta helburu horrekin eta arlo horretako nazioarteko esparruekin. Hala, emakumeen ahalduntzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren ardatzetako bat dela azpimarratu du. Plan hau EAEko erakunde guztiek berdintasunaren arloan duten ibilbide-orria da.
Artolazabalen hitzetan, “ez gara soilik ari emakumeek politikan eta erabakiak hartzerakoan parte hartzeko duten eskubideaz, politika egiteko beste modu batez ere hitz egiten ari gara, gure ustez posible dena”.
Sailburuak euskal berdintasun-politiken mugarri nagusiak errepasatu ditu, eta aipamen berezia egin dio 2005ean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartzeak Euskadin berdintasunaren alde eragin duenari. Zentzu horretan, legearen hurrengo aldaketa ekarri du gogora, izan ere, adierazi duenez, “berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko itun handi bat bultzatuko duela espero dugu, eta berdintasun politiketarako baliabide pertsonal, ekonomiko eta materiala
EUDELen elkarteburua izendatu berri dute Europako Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarrean (ETEBB) estatua ordezkatzeko. Vitoria-Gasteizko alkatea tokiko ganbera horretako Gobernantza Batzordean egongo da.
Urtaranen izendapena martxoaren 23 eta 24an berretsiko da, Biltzarraren 40. Osoko Bilkuran. Formatu birtualean egitera deitu dute, 2021-2025 agintaldirako gobernu-organoak berritzeko.
2021eko martxoaren 18an. Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea, Euskadiko Udalen Elkartearen elkarteburu gisa, Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarreko (ETEBB) kide berria izendatu dute. Udaletako eta eskualdeetako legebiltzarretako hautetsiek osatzen dute biltzarra.
ASAMBLEA GENERAL EUDEL 2020
Kontsultarako organismo hori 1994an eratu zen. Egoitza Estrasburgon du, eta aholku ematen die Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluari eta Parlamentu Batzarrari. ETEBBren funtsezko zeregina udalen autonomia babestea da, Europako xedapen eta arau guztiei dagokienez. Helburu hori betetzeko, txostenak egin eta aurretiazko irizpenak igortzen ditu udalerriei eragiten dieten politikei eta jarduketei buruz.
Gorka Urtaran pozik agertu da, udal-mailan Europako Kontseiluan dagoen erabakigune garrantzitsuenera euskal udalen ahotsa eramateko aukera izateagatik. “Erantzukizunez eta Europako nire homologoekin batera lan egiteko konpromiso irmoz helduko diot erronkari, hiri eta herrientzat etorkizunerako aukerak sortzeko”. EUDELen elkarteburuaren hitzetan, “COVIDaren osteko nazioarteko ordena berrian, Europak protagonismoa berreskuratu behar du bere udalen eta eskualdeen bitartez. Tokiko gobernuok funtsezko rola dugu gizartearen eta planetaren erronka handiei dagokienez: inklusioa, berdintasuna, klima-aldaketa, jasangarritasuna…”.
ETEBB 47 estatutako 324 ordezkarik eta 324 ordezkok osatzen dute, eta bi ganberatan banatuta dago: tokiko agintariena eta eskualdeetakoena. Lana hiru batzordetan antolatuta dago: Jarraipenekoa, Gaurkotasunezko Gaiena eta Gobernantzakoa. Azken horretan dago Gorka Urtaran.
Gobernantza Batzordea ustelkeriaren aurka borrokatzeaz eta udal-mailan gobernantza ona eta demokrazia garatzeaz arduratzen da. Tokiko gobernuen funtzionamendu eraginkor eta efizientearekin zerikusia duten gaiak ere jorratzen ditu, hala nola finantza publikoak, herritarren parte-hartzea, mugaz gaindiko lankidetza eta demokrazia elektronikoa.
Organo horretan kide gisa parte hartzearen garrantzia azpimarratu du EUDELen elkarteburak: “Foro guztiak baliatuko ditugu Europaren agendan tokikoen ahotsa entzunarazteko. Krisi-uneotan, ezinbestekoa da udalen funtsezko hiru lanabesak babestea: Gobernu ona, tokiko autonomia, eta gaitasun finantzarioa”.
Bereziki aipatzekoa da Gobernantza Batzordeak, bere lanerako, ETEBBren Parlamentu-biltzarreko Gizarte Gaietako, Osasuneko eta Garapen Jasangarriko Batzordearekiko elkarlan estuan jarduten duela.
Bi euskal ordezkari
ETEBBren estatuko ordezkaritzak 12 kide eta 12 ordezko ditu. Horietatik sei alkateak dira, eta beste seiak autonomia-erkidegoetako legebiltzarkideak. Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkate eta EUDELen elkarteburua, eta Rakel Molina, Eusko Legebiltzarreko kidea, ordezkaritza horretan Euskadik dituen bi kideak dira. Hauek dira gainerako ordezkariak: Abel Caballero (Vigoko alkate eta FEMPko presidentea), José Benlloch (Vila-realeko alkatea), zeina ordezkaritzako presidenta izango baita, Gema Igual (Santanderko alkatea), Ana González (Gijóngo alkatea), Jose María García Urbano (Esteponako alkatea), Lara Garlito (Extremadurako legebiltzarkidea), Pedro Puy (Galiziako legebiltzarkidea), zeinak ordezkaritzako presidenteordetza izango baitu, Josefa Navarrete (Gaztela-Mantxako legebiltzarkidea), Nayra Alemán (Kanariar Uharteetako legebiltzarkidea) eta Julio J. Díaz Robledo (Andaluziako legebiltzarkidea).
Berriztapena egiteko Osoko Bilkura
Martxoaren 23an eta 24an ezohiko Osoko Bilkura bat egingo da telematikoki, ETEBBren bi ganberetako (udalena eta eskualdeena) ordezkariak hautatzeko, hastear den eta 5 urteko iraupena izango duen agintaldi honi begira.
Europako Kontseiluko ETEBBren helburuen artean, nabarmentzekoa da udalerrien eta eskualdeen iritzia europar erakundeei helaraztekoa, tokiko politikei eragiten dieten gai guztiei dagokienez; gainera, Tokiko Autonomiari buruzko Europako Gutuna betetzen dela zaintzeko xedea ere badu. Organoa Europako Kontseiluari atxikia dago, hau da, giza eskubideak, demokrazia eta Zuzenbide Estatua defendatzeko, babesteko eta sustatzeko helburuz sortutako europar erakunderik zaharrenari (1949an eratu zen).
Euskadiko Udalen esku jartzen du EUDELek landutako ‘UDALA. Udal Finantzaketa’ argitalpenaren zenbaki berria, “Udalen parte-hartzea zerga itunduetan. 2020ko likidazioa“ gaiari buruzkoa.
Argitalpen honen bidez, otsailako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari buruzko informazioa ematen da, bai eta Finantzen Lurralde Kontseiluen azken bileretan lortutako Udal Finantzaketarako Foru Funtsen datuak ere.
UDALAren zenbaki honek lurralde bakoitzean pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko egindako ezohiko neurriak ditu.
Euskadi Turismo Bonuaren epea 2021eko abenduaren 31ra arte luzatzen da, jatetxeetan, ostalaritzan eta turismoko enpresetan erabiltzeko.
Ostalaritzako eta turismoko 466.250 bonuek gutxienez 14 milioi euro mugituko dituzte erosketetan.
Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta EUDELekin batera, akordio aitzindari bat sinatu zuten 2020an “Euskadi Bonu Denda” eta “Euskadi Turismo Bonua” kontsumo-bonuak kaleratzeko eta sektore horiei lagundu ahal izateko, gehien erasandakoak baitira pandemiaren ondorioz.
Ezarritako murrizketengatik eta mugikortasun-mugengatik, Turismo Bonua ezin izan zen aktibatu, eta, beraz, bere epea luzatzea erabaki zen pandemiaren egoera hobetu artean. Gaur argitaratu da bonuen epea luzatzeko agindua, 2021eko apirilaren 13tik abenduaren 31ra erabiltzeko. Bihartik aurrera irekiko da prozesu berri bat martxoaren 26ra arte enpresak atxikitzeko.
Hortaz, bere garaian inskribatu ez ziren enpresek, orain inskribatu nahi izanez gero, webgunean egin dezakete bihartik hasita martxoaren 26ra arte. Ondoren eguneratuko dira plataformako eduki guztiak establezimendu berriekin, eta apirilaren 13tik aurrera egongo dira erabilgarri. Ez da beharrezkoa bonuak aldez aurretik eskuratzea; aukeratzen diren establezimenduetan ‒programari atxikitakoetan‒ eskatu behar dira. Atxikitako establezimendu eta enpresa guztiak egongo dira ikusgai kontsumitzaileentzat webgune honetan: www.euskaditurismobono.eus.
Bonuen bitartez, krisiak gehien kaltetu dituen sektoreak suspertu nahi dira, baita krisi horrek berak eragina izan duen familietan kontsumoa aktibatzen lagundu ere. Jatetxeetan, ostalaritzan eta turismoan jarduera dinamizatzeko formula bat da, tokiko eta eskualdeko mailan bere eragina sustatzearren.
Bonuak 18 urtetik gorako pertsona fisikoetan aplikatu ahal izango dira, eta Euskadin bizi direnei edo beste leku batzuetatik etorritakoei daude zuzenduak. Ez da bonu fisikorik jaulkiko; horren ordez, bonuak gastatzea erabaki den establezimenduan bertan kudeatuko dira.
Bonuak deskontu-bale ereduan oinarrituak daude 3 modalitatetan. 1. eta 2. modalitateak ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta enpresetara eta interes turistikoko jardueretara daude zuzenduak, eta 5 edo 10 euroko deskontuak dira, hurrenez hurren, 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako. Hirugarren modalitatean 20 eurokoa izango da deskontua, gutxienez 60 euroko erosketetarako alojamendu turistikoetako establezimenduetan. Gehienez 2 bonu eskuratu ahal izango dira establezimendu bakoitzeko, eta gehienezko muga 40 euroko guztizko deskontua izango da pertsonako.
“Euskadi Turismo Bonua” Euskadiko mikroenpresetara, eta enpresa txiki eta ertainetara dago zuzendua, turismoarekin eta ostalaritzarekin lotutakoetara, besteren artean: alojamenduko establezimenduak; turismo-gidariak; turismo-zerbitzuen bitartekaritza eta antolakuntzako turismo-enpresak; jatetxeetako eta ostalaritzako establezimenduak; abenturako enpresak eta naturan kirol-jarduerak antolatzen dituzten enpresak —adibidez, turismo aktiboa—; turismo-garraioko enpresak; kultura-, gastronomia- eta natura-ondarea hedatzen diharduten enpresak eta jolas-zentroak.