Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Azaroaren 25a, Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna badatorrela eta, hemen duzue emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako sinboloa deskargatzeko aukera, puntu lila (sakatu hemen irudia deskargatzeko). Sinbolo hau publikoki erakusteak berarekin dakar emakume eta gizonen arteko berdintasun eza oinarri duen era honetako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa. Hilabete honetan zehar honen erabilera egin dezazuen eskatzen dizuegu, irudi hau publikoa egitea zuen mezuetan, zuen webguneetan, sare sozialetan, egoitzetan, eskutitzetan, eta bururatzen zaizuen leku guztietan.

Honekin batera, EHAAko esteka bidaltzen dizuegu; bertan dago argitaratuta, hain zuzen ere,, 185/2015 Dekretua, urriaren 6koa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzkoa. Aipatutako Dekretua gaur, ostirala, 2015eko urriaren 30ean sartzen da indarrean.

  • Honako 6 herrialdeetako ministerio eta gobernu-sailetako 20 ordezkari etorri dira: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Georgia, Moldavia eta Ukrainia.
  • Bisitaldi horretan, EAEko eredu ekonomiko finantzarioaren berezitasunak ezagutu dituzte, baita Euskadiko udaletako kudeaketan daukan ezarpena ere.
  • Gaur, nazioarteko lan-mintegia egingo da EUDELen, ordezkaritza horretako kideen eta Galdakao, Getxo, Ermua, Basauri eta Bilboko udaletako ordezkarien artean.


Bilbon, 2015eko urriaren 28an. Guztira, Europako Ekialdeko 6 herrialdetako gobernuetako 20 ordezkarik parte hartu dute EUDELek eta Europako Kontseiluak antolatutako topaketan, Euskadiko eredu ekonomikoaren berezitasunen eta Euskadiko udaletako kudeaketa finantzarioan zein aurrekontuetan daukan ezarpenaren berri emateko. Ordezkaritza horretako kideak honako arlo hauekin lotuta dauden ministerio eta sailetako ordezkari politikoak dira: ogasuna eta finantzak, kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuak, eta tokiko gobernantzaren garapena.

Gaur, EUDELeko zuzendariak, Mar Zabalak, eta Batzorde Eragileko ordezkariak, Ibon Uribe Galdakaoko alkateak, ongietorria eman diete Europako ordezkariei. Bihar, urriaren 29an, osteguna, 11:30etik aurrera, Galdakaoko alkateak 20 gobernu-ordezkari horiei ere egingo die harrera bere udaletxean, eta, bere udal-taldearekin batera, Galdakaoko Udalaren esperientzia aurkeztuko die zuzen-zuzenean.

Ekialdeko herrialdeetako ordezkarien bisitaldia EUDELek eta Europako Kontseiluak bultzatutako “Local Finance Benchmarking” (LFB) proiektu pilotuaren barruan dago kokatuta, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere parte hartzen du bertan. Proiektuak adierazleen tresna diseinatzea dauka helburu, Euskadiko udaletako kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren ebaluazioa eta jarraipena egin ahal izateko.

Hain zuzen ere, Bizkaiko 5 udalek (Galdakao, Getxo, Ermua, Basauri eta Bilbo) adierazle ekonomiko finantzarioen tresna berria jarri dute abian lehenengo fase pilotuan. Gaur EUDELen bertan egingo den mintegian, Ekialdeko herrialdeetako ordezkariek zuzenean ezagutu ahal izango dute udal horien esperientzia, proiektuko udal-arduradunek eurek emandako azalpenen bitartez.

Europako Kontseilua Euskadiko Udalen Elkarteko laguntzaile estrategikoa da, Euskadiko udaletan eta, batez ere, etikaren zein tokiko gobernantza onaren arloetan proiektu eredugarriak bultzatzeko orduan. Sarritan, esperientziak eta tokiko jarduera egokiak trukatzen dira bi erakundeen arteko lan-mintegien bitartez. Horri esker, Euskadiko udalen eta Europako auzokideen arteko harremanak sendotzen dira etengabe.

  • EUDELen eta Foru  Aldundiaren  lankidetza  hitzarmenari  esker, Bizkaiko 5 udalek proba pilotu bat egin ahal izan dute, udal ekonomiaren eta aurrekontuen inguruko informazioari buruzko 80 adierazlerekin.
  • Europako  Kontseiluko  hainbat  aditu  proiektua  gainbegiratzen ari dira; egunotan, Bilbon daude, proiektuaren nondik norakoen berri izateko, EUDELen eta parte hartzen duten udalen eskutik.
  • Tresna  proba  aldian dago oraindik ere; eta Europako Kontseiluaren metodologian oinarrituta, Euskadiko udalentzat egindako egokitzapena da.

Bilbon, 2015eko urriaren 27an. Gaur, lan jardunaldia egiten ari dira EUDELen egoitzan, Europako Kontseiluko adituen eta Galdakao, Ermua, Basauri, Getxo eta Bilboko udalen artean, finantza-baliabideen eta finantza eta aurrekontu kudeaketaren prozedurei buruzko adierazleen tresna berriaren proba-prozesua (pilotu fasea) aztertzeko.

Udalen ordezkari gisa, bertan izan dira Galdakaoko alkate Ibon Uribe, eta Basauri, Ermua, Getxo eta Bilboko ordezkari politikoak. Ibone Bengoetxeak, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, ireki du jardunaldia, Jesus García Larraganekin, Saileko zuzendariarekin, batera.

Euskadiko udalentzako tresna berri honek Europako Kontseiluaren bermea du. Izan ere, adierazleak prestatzen lagundu du, Europako ‘Toolkit Local Finance Benchmarking‘ (tokiko finantzak erkatzeko ebaluazio-tresna) izeneko adierazle-metodologia eredu gisa eskainiz.

Bilerak izan dituzte Mahaiko eta Euskadiko Udalen Lege-proiektua aztertzeko lantaldeko kideekin.

Bakartxo Tejeriak EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko Batzorde Eragileko kideak hartu ditu Legebiltzarraren sarreran. Ordezkaritzaren buru elkartearen presidentea, Imanol Landa Jauregi, etorriko da.

Osoko Bilkura aretora joan dira eta han Mahaiko kideek agurtu dituzte.

Guztien argazki bat ateratakoan, Harrera Aretora joan dira eta Euskadiko Udalen Lege-proiektua aztertzeko lantaldeko kideekin bildu dira.

Gaur goizean, EUDELen elkarteburua, Imanol Landa, eta Batzorde Eragile berriko gainerako alkateak Lehendakaritzara joan dira, Lehendakariaren aurrean aurkezpen ofiziala egiteko.

Gaur goizeko bileran, EUDELen Batzorde Eragileak Lehendakariari azaldu dio zein diren udalentzat lehentasunezko interesa daukaten gaiak. Euskadiko udalgintzaren egoerari buruzko balantze laburrean, gaur egungo testuinguru politiko, ekonomiko eta sozialean tokiko gobernuek legealdi berri honetan dituzten erronkak eta aukerak zein diren adierazi dute EUDELeko ordezkariek.

Imanol Landa elkarteburuak adierazi duenez, EUDEL bera “bete-betean laguntzeko prest dago”, “Euskadiko instituzio guztion lan kolektiboaren bidez herrialde-mailako erronka handiei aurre egiteko orduan”.

Bileraren amaieran, Imanol Landa elkarteburuak batzarra ondo joan dela adierazi du. Bertan, hain zuzen ere, “EUDELen Batzorde Eragileko alkateok, tamaina zein sentsibilitate politiko desberdinetako udaletakook, Lehendakariari azaldu ahal izan diogu tokikoaren balio handia ezarri beharra dagoela euskal sistema instituzionalaren eta bere bereizgarritasunaren barruan”.

“Tokiko gobernuok herrialde-mailako politika publikoetako engranajea sustatzen duen elementua gara, baina berezko autonomia ere badaukagu geure eginkizunak garatzeko”.

Kontzertu ekonomikoa

Landak esan du Kontzertu Ekonomikoaren gaia jorratu dutela, besteak beste. Euskadiko Udalen Elkarteko arduradun nagusiak azaldu duenez, Lehendakariari helarazi dio oso garrantzitsua dela Euskadiren eta Estatuaren arteko “akordio politiko eta ekonomiko” hori aldarrikatzea. Hain zuzen ere, Kontzertua babesteko adierazpena sinatu zuen Elkarteak joan den astean, Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiekin batera.

Lehendakariak eta Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) Elkarteburu Imanol Landak berretsi egin dute Euskal Kontzertu Ekonomikoarekiko “erabateko babesa”, akordio hori baita Euskadiren eta Espainiar Estatuaren arteko harremanen “egonkortasunareko bermea”.

Landak azpimarratu duenez, arau horrek, zeinari esker, euskal instituzioak gai baitira Autonomia Erkidegoko zergak biltzeko, herritarren “ongizatea” ziurtatzeko ere balio du, zerbitzu publikoei “eustea” ahalbidetzen baitu.

Lehentasunezko erronkak

Imanol Landaren esanetan, “garai berri honetan, etorkizuneko erronka askori ere aurre egin beharko diete tokiko gobernuek”, eta, haien artean, funtsezko 4 erronka hauek nabarmendu nahi izan ditu:

1)  Udal Legea

Landak Lehendakariari helarazi dionez, oso garrantzitsua da une honetan Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den Udal Legearen Proiektua.

Eudeleko Elkarteburuak nabarmendu du Lege hori “errealitate” bilakatu behar dela. Zera adierazi du: “35 urte igarota, bada garaia Euskadiko instituzio-sistemak udalerri-sistemaren errealitatea ere jasotzeko, instituzio komunen (Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarra) eta foru-instituzioen (Aldundiak eta Batzar Nagusiak) baldintza berekin”.

Landak azaldu duenez, Lege hau beharrezkoa da udalek ematen dituzten zerbitzuen “finantziazioa bermatzeko”, bai eta udalen eta Autonomia Erkidegoko beste bi maila instituzionalen arteko “harreman-moduak” finkatzeko ere. Gainera, Landak azaldu duenez, Lehendakariak konpromisoa helarazi dio, “funtsezko” lege hau “bultzatzeko”.

EUDELen Elkarteburuak Udal Legearen balio nagusia nabarmendu du, hau da, “Euskadin bertan tokiko berezko gobernu-sistema eratzeko aukera edukitzea, udalok herritarren premiei hobeto aurre egin ahal izateko”.

2)  Egoera ekonomikoa

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak urriaren 14an egindako bileran eta Gipuzkoako zein Bizkaiko lurralde-kontseiluek ostean egindako bileretan jakinarazi ziren datuen arabera, betiko moduan EUDELek udalei gomendatu die kudeaketa ekonomikoan eta aurrekontuetan zuhurtziaren eta erantzukizunaren irizpideak erabiltzea.

3)  Gizarte-politikak

Bestalde, bi aldeek aztertu dute zer-nolako “erronka” den “Zerbitzuen Zorroa” garatzea, tresna horrek biltzen baititu Euskadin dauden gizarte-prestazioak. EUDELen iritziz, oso egokia izan da Gizarte Zerbitzuetarako Fondo berria sortzea, tresna erabilgarria ongizate-estatua sendotzeko orduan.

Edonola ere, aldi berean nabarmendu duenez, “erakunde guztiok ahalegin osagarria egin beharko dugu, gainerako politika publikoekiko koordinaziopean, etengabe eta jasangarritasunez”.

4)  Tokiko gobernantza ona

Era berean, Eudelek Lehendakariari helarazi dio gardentasunaren, herritarren parte-hartzearen, etika eta osotasun instituzionalaren politiketan sakontzen jarraitzeko asmoa daukatela. Azaldu duenaren arabera, honakoa dute helburu: “lanean jarraitzea, herritarrek instituzioengan duten konfiantza sendotzeko”.

EUDELen Batzorde Eragile berriak aurreko agintaldian egindako lanaren lekukoa hartu du. Betiko moduan, Euskadiko udalei lagunduko diegu honako ardatz hauetan oinarritutako tokiko gobernantza onerako berezko eredua ezartzen:

  • Etika eta osotasun instituzionala
  • Gardentasuna eta partaidetza
  • Berrikuntza eta kudeaketaren modernizazioa
  • Emakumeen eta gizonen berdintasuna tokiko bizimoduan

Eusko Legebiltzarrak jardunaldia antolatu du Emakundek bultzatutako XII. Berdintasunerako gunea 2015-ren barruan. Jardunaldia urriaren 27an izango da, 18:00etatik aurrera, Eusko Legebiltzarrean (Berdintasunaren autobusa, Eusko Legebiltzarrera bisita eta hitzaldi irekia).

Eguna: urriak 27 (asteartea).

Lekua: Eusko Legebiltzarra (Becerro de Bengoa kalea. Vitoria-Gasteiz).

Ekintzak:

18:00etan: Berdintasunaren autobusa.

18:30ean: Eusko Legebiltzarrera bisita.

19:00etan: Hitzaldi irekia: “Gazteak eta berdintasuna. Zein oztopo aurkitzen dituzte? Zein baliabide dituzte? Hizlaria: Amelia Barquín. Mondragón Unibertsitateko irakaslea.