
Beldur Barik programaren edizio berri bati hasiera ematen zaio, ikus-entzunezko lehiaketaren epea irekitzearekin batera. Programa larunbatean aurkeztuko da, hilaren 13an, eguerdiko 12etan, Legazpin, non bailarako gazteek Beldur Barik murala osotuko duten, eta komunikabideekin hitz egiteko prest egongo diren aurreko urteetako partaideak eta programaren diseinuan parte hartu duten berdintasun teknikariak. Programa hau urtero egiten da gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin. 2009an sortu zen berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan. Emakundek antolatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDEL-en babesa eta beste erakunde batzuen laguntza jasotzen du: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saila, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB. Prentsa oharrean informazio gehiago.
INFORMAZIO GEHIAGO: WWW.BELDURBARIK.ORG
Lan horiek erakutsi behar dute nola neska eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten Beldur Barik jarrerarekin. Alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Lanak aurkezteko epea irailaren 12an irekitzen da eta azaroaren 12an itxiko da.
Kanpaina orokor honek, dena den, beste ekintza batzuk ere biltzen ditu: esaterako, ikastetxeen lana, edota azaroaren 29an Urola-Garaiko Mankomunitatean (Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Legazpi, Urretxu) egingo den topaketa nagusia. Bertan, sariak emateaz gain, trebakuntza-tailerrak, eztabaidak eta jarduera ludikoak ere izango dira gazteentzat.
Beldur Barik programak, era berean, tokian-tokiko prozesuak indartzen ditu. Izan ere, Beldur Barik mezua jende gaztearen testuinguru anitzetara moldatu nahi da. Eta, horretarako, tokian-tokiko berdintasun arloekin zuzeneko elkarlana finkatzen da, herrietan ere, Beldur Barik ekintzak eta lehiaketak antolatzeko, eta beraien komunikazio eta hedapenean laguntzeko. Laguntza teknikoa jasotzeko idatzi beldurbarik@beldurbarik.org emailera.
Horregatik guztiagatik, programa antolatu eta sostengatzen dugun erakundeok udalei ere luzatzen diogu gonbidapena, Beldur Barik! lehiaketaren bigarren edizioarekin bat egin dezan. Informazio gehiagorako, jarri harremanetan Beldur Barik lantalde teknikoarekin beldurbarik@beldurbarik.org emailera idatzita edo bisita ezazue www.beldurbarik.org web-gunea.
