Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Aurrekariak

EUDEL Udalen Elkartea jakitun da zeinen sasoi garrantzitsua bizi duen Euskadiko udalgintzak, etengabeko lege- eta arau-aldaketa sakonekin. Hala, egokia deritzo estatutuak eta araudia berritzeari, hala badagokio.

Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da EUDELen papera ahots eta solaskide bakar gisa sendotzea udal interesen ordezkaritzan, gainontzeko erakundeen aurrean tokiko autonomia babeste aldera. Izan ere, horrelaxe sendotuko da euskal udalen presentzia Euskadiko egitura instituzionalean.

Horregatik guztiagatik, proposatzen da honako

Erabakia

  1. 2014ko abenduaren 31ko muga-egunarekin, Ezohiko Batzarra Orokorra egitea, xedea delarik EUDELeko Estatutuen eta Antolakuntza eta Funtzionamendu Araudiaren berrikuntza jorratzea eta onartzea, hala badagokio.
  2. Batzorde Eragileari prozedurari eta egutegiari buruzko beharrezko neurriak har ditzan eskatzea, EUDELeko Antolakuntza eta Funtzionamendu Araudiaren 41. artikuluarekin bat etorriz.
  3. Udal bazkideei zabalik den prozesuari buruzko unean uneko informazioa helaraztea.

Gizarte Laneko Kontseilu Nagusiak Bizkaiko Gizarte Langintzaren Elkargo Ofizialarekin elkarlanean antolatutako jardunaldiak Barakaldoko BECen egingo dira, ekainaren 12, 13 eta 14an.

Programak lau lan-ardatz ditu oinarri. Bertan aztertu, hausnartu eta eztabaidatu ahal izango da udaleko gizarte-zerbitzuei lotutako arautegi berriaz, Tokiko Erreforma Legea onartu ostean.

Informazio gehiago eta IZEN-EMATEA:

Izen-ematea web honen bidez egin behar da:

www.serviciossocialesmunicipales.com

Jardunaldien edukiari buruzko informazio zabalagoa izateko egitaraua jaitsi daiteke.

Egitarauaren laburpena:

Osteguna, ekainak 12

12:00 – 16:00  Akreditazioa

16:00 – 17:00  Ekitaldi ofiziala

17:00 – 19:30  1. Ardatza “Gizarte-zerbitzuen sistema publikoa toki-administrazioaren erreformaren 

                    aurrean”

Ostirala, ekainak 13

09:30 – 10:30  2. Ardatza: “Gizarte-politika berriek gizartegintzan duten eragina”

10:30 – 11:30  3. Ardatza: “Politika berriek herritarrengan duten eragina”

11:30 – 12:00  Atsedenaldia

12:00 – 14:00  Gizarte-zerbitzuen foro soziala

16:00 – 17:00  4. ardatza: “Oinarrizko ildoak gizarte-zerbitzuen sistema publikoaren eredu berrirako”

17:00 – 18:00   2 ardatzak lan-taldeetan

18:00 – 19:00  3 ardatzak lan-taldeetan

LANEKO AFARIA

Larunbata, ekainak 14

09:30 – 11:30  4 ardatzak lan-taldeetan

11:30 – 12:00  Atsedenaldia

12:00 – 13:30  Ardatzen azterketa dokumentuaren aurkezpena

13:30 – 14:00  Amaiera

Hartzaileak:

Jardunaldiak hurrengo hartzaileei zuzenduta daude:

  • Gizarte Laneko profesionalei eta ikasleei.
  • Beste profesional batzuei, hain zuzen ere gizarte-babeserako sistemetan (gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, osasuna, menpekotasuna, justizia) eta gizartegintzan (emakumeak, adin txikikoak, etorkinak…) dihardutenei.
  • Administrazio publikoko sailetako arduradun politikoei.
  • Herritarrei, sindikatuei, gizarte-ekimeneko entitateei, elkarteei, fundazioei eta GKEei.

Maiatzaren 9an, Europako Eguna dela-eta, EBko Eskualdeen Batzordeak (CDR) «Europako Multimailako Gobernantzaren Gutuna» sinatzeko gonbidapena egin die tokiko eta eskualdeko agintariei. Europako Parlamenturako hauteskundeak maiatzaren 23tik 25era bitartean egingo direnez, CDRk «multimailako gobernantza» erabiltzeko gonbita egiten die gobernu-maila guztiei, politikak lantzeko printzipio gidari gisa. Modu horretan, elkarrengandik ikasiko dute, praktikarik onenak partekatuko dituzte eta demokrazia parte-hartzailea hobeto garatuko dute. Gutuna online dago eskuragarri, eta, sinadura elektronikoren bitartez, hiri zein eskualdeek bertan sina dezakete, www.cor.europa.eu/mlgcharter helbidean.

Zer da Multimailako Gobernantzaren Gutuna?

Gutuna CDRk onartu zuen 2014ko apirilaren 3an, eta Europako Kontseiluko Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarraren babesa ere badu. Europako hiri eta eskualdeetako manifestu politikoa da; bertan, agintari publiko guztiak gonbidatuta daude «multimailako gobernantza» errealitate bihurtzera, politiken eguneroko prestaketan eta aplikazioan. Horren ondorioz, lehenengo eta behin, gobernu maila guztien artean (tokikoa, eskualdekoa, estatukoa eta europakoa) elkartuta lan egin behar da, eta zenbait printzipio aplikatu behar dira, politiken prestaketa eraginkorra gidatzeko. Printzipio horien artean daude parte-hartzea, lankidetza, irekiera, gardentasuna, integrazioa eta politiken koherentzia, eta denak dira funtsezko baldintzak politika publikoen arrakasta bermatzeko, herritarren intereserako.

CDR-ren presidente Ramón Luis Valcárcelek hauxe adierazi zuen: «Europako Egunean, 2014ko maiatzaren 9an, Europako hauteskundeak baino bi aste lehenago, CDR-ren Multimailako Gobernantzaren Gutuna sinatzeko kanpainaren hasierak agerian jartzen du Europa osoko eskualdeetako eta tokiko agintariek EBko politiken prestakuntzan buru-belarri parte hartzeko borondatea dutela. Gobernuetako maila guztietako arduradunek batera arituz baino ezin izango dute konpondu «betearazpenaren defizita», eta, modu horretan, bermatuta geratuko da EBk zenbait helburu lortuko dituela: garapen iraunkorra, kalitatezko lanpostuen sorrera eta lurraldearen kohesioa, hain zuzen ere».

Juridikoki loteslea ez bada ere, Gutuna sinatzen dutenek konpromisoa hartuko dute multimailako gobernantza erabiltzera politika publikoen kudeaketarako, sektore publiko eta pribatuekin batera proiektuak abiarazteko, lurralde mailako lankidetza garatzeko eta administrazioa modernizatzeko. Hori guztiori CDR-ren konpromisoaren parte da. Modu horretan, «subsidiariotasun» printzipioaren aplikazio egokia bermatuko da, horrek herritarrekiko mailarik eraginkorrenera eta hurbilenera eramaten baititu erabakiak.

Nork sina dezake?

  • Europar Batasuneko tokiko eta eskualdeetako agintari guztiek sina dezakete Gutuna, hau da, hiri, konderri, barruti, metropolialde, probintzia, eskualde eta abarretako agintariek.
  • Tokiko eta eskualdeetako agintarien Europako zein estatuetako elkarteek, bai eta tokiko eta eskualdeetako agintarien sareek ere, babes ofiziala eman dezakete.
  • Gobernantza-maila guztietako politikariek eman dezakete babesa, Gutuna sinatuz.

Zein helbururekin?

Gutunarekin bat eginez gero, sinatzaileek erronka hauek lortzeko ahalegina egingo dute:

  • multimailako gobernantza erabiltzea «ikuspuntu europarra» sustatzeko euren eskualde edo hirian, tokiko mailatik Europako mailara bitarteko organo politiko eta administratiboekin lankidetzan arituz, eta alderantziz;
  • mugaz gaindiko lankidetza sustatzea beste eskualde eta hiri batzuekin, oztopo administratiboak eta muga geografikoak gaindituz;
  • administrazioa modernizatzea, aukera digital eta berritzaileak erabat aprobetxatuz, gardentasuna eta irekiera handituz, eta herritarrek erraz eskura ditzaketen kalitatezko zerbitzu publikoak eskainiz;
  • herritarren eta gizarte zibilaren partaidetza sustatzea prozesu erabakigarrian, demokrazia parte-hartzailea gehiago garatuz.

Zeintzuk dira onurak?

Atxikimenduari esker, Gutunarekin bat etorriz egiten diren sinatzaileen ekimenek ikusgarritasun handiagoa izango dute. Ekimen horiek Gutunaren webgunean erakutsiko dira, bai eta tokiko eta eskualdeetako, kide diren estatuetako eta Europako instituzioetako agintarientzat antolatutako goi mailako ekitaldietan ere.

Gutunaren webgunea eta ekitaldiak trukerako plataforma gisa erabiliko dira, helburu hauek lortzeko:

  • beste sinatzaile batzuek abiarazitako praktika onak eta proiektu berritzaileak identifikatzeko;
  • bazkide potentzialak bilatzeko, ekimen bateratuak abiarazi aurretik;
  • EBren politikak toki eta eskualde mailan prestatu eta gainbegiratzeko, baina Europako instituzioekin batera ere bai.

Zer egin behar da atxikimendua emateko?

CGutuna sinatu edo babesteko, tokiko eta eskualdeetako agintariek eta bertako sareek/elkarteek online formulario labur bat bete beharko dute. Formularioa hemen dago eskuragarri: www.cor.europa.eu/mlgcharter

Aurrekariak

2009ko Multimailako gobernantzaren Liburu Zuria delakoaren bitartez, CDRk kontsulta-prozesua abiarazi zuen Multimailako Gobernantzaren Gutuna egiteko, Europar Batasuneko balio komunen multzoan europar gobernantzaren ulermen bateratu eta partekatua integratzeko. Kontsulta publikoaren amaieran, CDRk bere konpromisoa berritu zuen «Multimailako gobernantzaren kultura europarra garatzea: Eskualdeetako Batzordearen Liburu Zuriaren jarraipena» Irizpenean. Geroztik, multimailako gobernantzaren erabilera gainbegiratzeko metodo bat modu aktiboan garatzen ari da, eta, aldi berean, horren inguruko adierazleen koadroa modu erregularrean aurkezten dabil; era berean, multimailako gobernantzaren praktika onak biltzen ari da, Europar Batzordearekin lankidetzan.

Aitortu da multimailako gobernantza printzipio gidaria dela EBren arau berrietan, 2014-2020 Egitura eta Inbertsio Funtsen kudeaketarako.

Informazio gehiagorako:

  • Eudel, Euskadiko Udalek Gobernu Onaren alorrean izandako esperientzia aurkeztera eta Europako tokiko eta eskualdeetako beste gobernu batzuekin partekatzera gonbidatu dute Innsbruck Austriako hirian maiatzaren 8an eta 9an izango den hitzaldian.
  • Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarrak, Eskualdeetako Batzordeak eta Tiroleko Gobernuak berak antolatu dute Nazioarteko topagune hau.
  • Hitzaldiaren barruan, Maximiliano Enperadorearen Europako Sariaren 16. edizioa emateko ospakizuna egingo da.

Ibone Bengoetxea EUDELeko lehendakariak inauguratzeko ekitaldian parte hartuko du maiatzaren 8an, ostegunean, Herwing Van Staa Tirol eskualdeko Parlamentuaren Lehendakariarekin eta Winfried Bausback Bavariako Justizia Ministroarekin batera. Euskadiko Udalen izenean, Ibone Bengoetxeak gardentasun, Gobernu On eta etika publikoaren alorrean, ustelkeriari aurrea hartzeko Euskadiko tokiko gobernuetan ezartzen ari diren erabakiak azalduko ditu. Tokiko hautetsien Jokabide Kodea edo Gardentasunaren aldeko Euskal Udalen Sarea EUDELek berak duela gutxi sustatutako esperientziak dira eta Eudeleko Elkarteburuak hizpide izango ditu.

Egun bietan hitzaldiak tokiko eta eskualdeetako gobernuen arteko eztabaidagunea irekiko du eta probetxuzkoa izango da diagnostikoa egin eta proposamenak partekatzeko, ustelkeriaren aurka prebentzio neurri gisa Gobernatzeko Era Ona sendotzeko asmoz.

Biltzarrean ustelkeriaren aurkako borrokaren Europako erakunde nagusietako ordezkariek parte hartuko dute: Ustelkeriaren aurkako Estatuen Taldea (GRECO), Europako Batzordearen Iruzurra Borrokatzeko Bulegoa (OLAF), Ustelkeriaren aurkako Nazioarteko Akademia, Sektore Publikoaren Kanpo Kontrolerako Eskualdeetako Instituzioen Erakundea (EURORAI), edo Luxenburgoko Justizia Auzitegi bera.

Maximiliano Enperadorea Saria

Europako agintari ugari bilduko dituen topagunea izateko aukeraren aurrean, Tiroleko gobernuak Nazioarteko Hitzaldi hau Maximiliano Enperadorearen Europako Sariaren 16. edizioarekin batera ipini du. Aurten garaikurra Herwing Van Staa Eskualdeko Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren Biltzarraren Lehendakariari emango diote, Europako tokiko eta eskualdeetako politikari emandako ekarpenagatik. Saria emateko ekitaldian EUDELeko Elkarteburua egongo da eta maiatzaren 8an bertan, arratsaldez, egingo da Innsbruckeko Gaztelu Inperialean bertan.

Hezkuntza eskubidea bermatzeko Programa: Eskolagabetzea eta eskola-absentismoa ezabatzea Bizkaiko lurraldean” delakoan aurreikusitako jarraipen batzordearen 2012-2013 ikasturteari buruzko txostena.

**Ikasturte honetan Portugaleteko Udalak ere parte hartu du absentismoaren jarraipena eta kontrola egiteko lanetan.

Jarraipen Batzordeak iragan bederatzi ikasturteetan zehar txostenak egin zituen Programa horretan parte hartzen duten hiru Erakundeen jokabideari buruz; hona hemen erakundeok: Hezkuntza Saila (Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza), Bizkaiko Foru Aldundia (Gizarte Ekintza Saila) eta EUDEL (Euskadiko Udalen Elkartea). Txosten horien bitartez jakin ahal izan da absentismoaren eta eskolagabetzearen dimentsioa Bizkaiko Lurraldeko Oinarrizko Hezkuntzako ikasleei (Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) dagokienez, baita Haur Hezkuntzako etapako bigarren zikloari (3-6 urte) dagokionez ere. Bestalde, parte hartzen duten pertsonen iritzia ere jaso da, faktore hori gakoa baita hobetzeko proposamenik egokienak ezartzeko xedez.

Jarraian aurkezten den txostenak –hamargarren urteari dagokio (2012-13 ikasturtea) Programa ezarri zenez geroztik– berriro ere jakinarazi nahi du absentismoaren eta eskolagabetzearen dimentsioa ez ezik bere bilakaera ere bai. Izan ere, aurreko ikasturteetan jasotako datuek erreferentzia gisa balio dute konparaketak ezarri ahal izateko.

Programaren helburuak:

  • Derrigorrezko eskolatze aldian dauden adingabeen hezkuntza eskubidea bermatzea, eskolagabetzea eta eskola absentismoa saihestuz.
  • Gizarte esparru behartsuetatik datozen familien jokabidea sustatzea hiru eta sei urte bitarteko adingabeak eskolatzeko.
  • Familia horien eskariak lehenestea hiru urtetik beherako seme-alabak Haur Eskoletan sartzea xede dutenean.
  • Gai horren larritasunari buruz sentsibilizatzea parte hartzen duten profesionalak, gizartea oro har eta zeregin horretan zuzenean diharduten pertsonak bereziki.
  • Zerikusia duten erakundeek (Enplegu eta Gizarte Gaietarako Saila; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Udalak; Foru Aldundia eta Fiskaltza) koordinaturik lan egitea prebentzioan eta eskolagabetzearen eta eskola absentismoaren aurkako esku-hartzean.
  • Eskolagabetzearen eta eskola absentismoaren egoera nahiz abian jartzen diren esku-hartzeak ebaluatzea.

EUDELek Gardentasunaren Aldeko Euskadiko Udal Sareko Aldizkari elektronikoaren edizio berria jartzen du Euskadiko Udalen esku.

Edizio berri honekin, aldizkako informazioa eskaintzeko konpromisoari erantzuten da.

2013ko urtarrilean eratu zenetik, Gardentasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarea udalei esperientzia, estrategia, metodologia, tresna eta materialak elkarri trukatzeko espazioa eskaini die, Gardentasuna gure udaletako gobernu eta administrazioetan hobetzeko xedez. Gaur egun, dagoeneko Euskadiko hiru lurralde historikoetako 26 udalek eta Mankomunitate batek osatzen dute.

Informazio gehiago: www.eudel.net/gardentasuna

Erakundeen arteko lankidetza sortu da jardunaldi hau, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak antolatua, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintzako Sailarekin lankidetzan datorren maiatzaren 8an Bilboko Euskalduna Jauregian. Udalak gonbidatzen dira konponbideetako baterako bilaketa bultzatzeko jardunaldi honetan parte hartzera.

Herritarren zahartzea gero eta ageriago dagoen errealitatea da, eta Administrazio guztiak hainbat ikuspegitatik eta arlotatik ari dira lantzen gaia, helburu argi batekin: gure adinekoen ongizatea bermatzea.
Arlo honetan berebiziko garrantzia du bideetako erabiltzaileak adinean gero eta aurrerago daudela azpimarratzea, ez soilik oinezkoak, baita auto gidariak ere, eta horrek eragina du ezbehar eta istripu kopuruetan.

Ertzaintzak emandako datuen arabera, 2013an, 64 urtetik gorako 809 gidarik zirkulazio istripuren bat izan zuten Euskadin. Eta, guztira, trafiko istripuetan hildako 56 pertsonen artean, 17 pertsona 64 urtetik gorakoak ziren.

Egitaraua eta informazio gehiago: http://seguridadvialeuskadi.com/index.php?idpagina=1&idioma=ale

PROGRAMA LABURRA

9:15 – 9:30:          Agintaritzek egindako aurkezpena.

9:30 – 10:00:        64 urtetik gorako pertsonen istripu kopurua. Egoera, Euskadin.

10:00 – 10:30:      Gerontologia eta gidatzea, Europan.

10:30 – 11:00       Adineko pertsonei eta bide segurtasunari buruzko azterlana.

11:00 – 11:30:      Etenaldia.

11.30 – 12:00:      Ezbehar kopurua murrizteko erronka berriak.

12:00 – 12:30:      Bide istripuen prebentzioa, adineko pertsonengan.

12.30 – 13:45:      Mahai ingurua: Bide segurtasunari begira, zer ondorio dakartza geroz eta urte gehiago bizitzeak? Esperientziak.

13:45:                  Agurra eta amaiera.

Izena ematea

Herritarren Zahartzea eta Bide Segurtasuna jardunaldirako inskripzioa dohainik da, eta inprimaki hau bete behar da horretarako.
http://seguridadvialeuskadi.com/index.php?idpagina=3&idioma=ale

Maiatzaren 6an, goizeko 10:00etan informatzeko bilera bat egingo da EUDELeko Bilboko egoitzan (Zabalgune plaza, 5) Euskadiko Udalei hurrengo urrian programatutako bizitegi-bazterketako egoeran bizi diren herritarrei buruzko gaueko zenbaketa bateratuan parte har dezazuen.

2013ko lehenengo esperientzia

2013ko urrian Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteizko udalen gizarte-zerbitzuetako arduradunek Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken Sailarekin eta hiru Foru Aldundiekin lankidetzan, Euskal Autonomia Erkidegoan bizitegi-bazterketako egoeran bizi diren herritarrei buruzko txosten bateratua aurkeztu zuten.

Txosten horretan hiru udalerrietan iaz kalean lo egin zutenen zenbaketa jaso da, bizitegi-bazterketako egoera larrian dauden herritarrak nahiz burututako ikerketaren emaitza nagusiak neurtzeko eta haren ezaugarriak marrazteko asmoz.

Baterako zenbaketa hori egiteko, erakunde eta pertsona askoren laguntza egon zen; izan ere, eurek burutu zuten “hasierako zenbaketa bateratua”.

Lana “s gauak” deiturikoen esperientziatik dator –ingelesez, shelter and street-night–, errolda osatzeko asmoz, gure inguruko hirietan gero eta ohikoagoak diren gaueko etxe gabekoen zenbaketak izendatzeko.

Zenbaketa 2014ko urrian berriro egitea pentsatu da. Helburua da baloratzea, besteak beste, Euskadin bizitegi-baztekertako egoeran bizi diren herritarrak urte biko epean nolako hazkundea izan duen.

Informazio bilera

Eguna: Maiatzak 6, asteartea

Ordua: 10:00etan

Lekua: Eudel egoitza (Zabalgune plaza, 5 Bilbon)