Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Egoitza Madrilen duen Herriaren Defendatzailearen jakinarazpena jaso du EUDELek, eta, bertan, Ingurumen eta Hirigintza Sailaren bitartez, udalei zuzendutako gomendio orokorraren berri ematen da, hasieran onartutako erregelamenduko arau orokorren testu osoak (ordenantzak, araudiak, aurrekontuak eta hirigintza planak) argitara ditzaten euren webgune instituzionaletan, “herritarrek modu errazagoan kontsultatu ahal izan ditzaten, agiriok jendaurrean jartzeko epeak irauten duen bitartean. Modu horretan, ez dute udal egoitzara berariaz joan beharrik izango”.

 Defendatzaileak dio, webguneetan arau orokorrak ediktuen tauletan bezala argitaratuz gero, “arreta hobea emango zitzaiela interesdunen informazio-eskariei, eta interesdunek modu errazagoan, azkarragoan eta hara joan beharrik gabe eta ordutegirik gabe ezagutu ahal izango zituzten testu horiek. Ondorioz, gehiago parte hartu ahal izango lukete toki esparruko gai publikoetan”.

 

EUDEL-IVAP 2013ko Zeharkako Planaren prestakuntza-eskaintzaren osagarri gisa, hurrengo hiruhilekoan ingelesezko ahozko eta idatzizko gramatikako maila guztietako online ikastaroak eskainiko dira. Ikastaro bakoitzaren iraupena 4 hilabetekoa izango da eta tutoretzak barne hartzen ditu ikasteko prozesuaren jarraipen eta ebaluaziorako. Gainera, hitz egiteko eskola praktikoak egongo dira.

Niveles: Beginners, Lower Intermediate, Intermediate, Upper Intermediate, Advanced, Bussiness

Ezaugarriak:

Prestakuntza-plataforma birtualeko autoprestakuntzako online ikastaroa, teoria eta praktika uztartzen dituena. Edukiak tutoretza aktiboarekin indartuko dira eta baita taldekako elkarrizketa birtualeko 8 saiorekin (saio bakoitzeko 30 minutu). Mintzamena eta entzumenari eman zaio garrantzia programa diseinatzeko orduan eta, hain zuzen ere, aipatu gaitasunen inguruan oinarritzen dira ikastaroko edukiak. Ikastaroak 24 ikasgai ditu eta ikasgai bakoitza hurrengo 8 ataletan antolatuta dago.

Izena emateko lekua: HAEE (Herri Administrazioaren Euskal Erakundea)Izena emateko epea: irailaren 12, osteguna arte.

Helburu orokorrak:

Ezagutzak eman eguneroko bizitzan eta bizitza profesionalean ere elkarrizketa errazetan aritzeko. Era berean, baliabideak erabili, ikaskuntza ebaluatu eta hobetzeko, eta hizkuntzaren erabilera errazteko.

Atsekabe-une latz hauetan  Done Jakue Compostelakoan gertatutako tren-istripuagatik, Euskadiko Udalen Elkarteak hildako guztien senide eta lagunei elkartasun eta hurbiltasuna helarazi nahi dizkie. Era berean, istripuan zauritutako eta kaltetutako guztiei  laster osatzea ere opa die.

EUDELek, Euskadiko udalen izenean, biktimengatik dolu eta elkartasunak bultzatutako ekimen guztien parte izan nahi du, eta batez ere, Galiziako herriari gertaera tragiko eta samingarri honen aurrean babes eta indar guztiak eman.

EUDELek jakinarazi nahi du uztailaren 17tik, asteazkenez, irailaren 30era arte, Udaletan, Foru Aldundian eta Euskal Herriko Unibertsitatean prestakuntza finantzatzeko laguntza-eskabideak aurkezteko epea irekita dagoela, HAEEko Zuzendaritzak onartutako ebazpenaren arabera.

Interesa duten erakundeek HAEEren webgunearen bitartez izapidea egin beharko dute: www.ivap.euskadi.net

Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek Zatoz euskarara kanpaina aurkezten dute 2013-2014 ikasturteko matrikulazioa Bizkaiko euskaltegietan bultzatzeko. Ildo beretik, euskaltegietan arian-arian euskalduntzen diren herritar eta gizatalde guztiei euskara euskaltegitik kanpo gizarte-arlo guztietan erabiltzeko gonbita luzatuko diete eragileek.

Uztailaren 12ko aurkezpenean, ondoko hauek izan dira: Josune Ariztondo, BFAko kultura diputatua, Imanol Landa, Getxoko Udaleko alkatea, EUDELen eta Bizkaiko udalen ordezkari gisa, eta Mertxe Mugika, AEKren koordinatzaile nagusia, Bizkaiko euskaltegi pribatu homologatuetako ordezkari gisa.

Zatoz euskarara kanpainaren helburu nagusiak bi dira: batetik, helduen matrikulazioa sustatzea Bizkaiko euskaltegietan 2013-2014
ikasturtera begira, eta bestetik, euskaltegietan arian-arian euskalduntzen diren herritarrak eta gizataldeak animatzea euskara eguneroko bizimoduan erabil dezaten euskaltegitik kanpo, edozein gizarteesparrutan.

Arabako Batzar Nagusietan Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa (TEFFF/FOFFEL) arautzeari buruzko 19/1997 Foru Araua aldatzeko asmoz, 2013ko uztailaren 11n eratutako ponentzian EUDELeko ordezkariek parte hartu zuten.

Era berean, 2013an, EUDELek Arabako Lurralde Batzordearen bitartez, tokiko interesak babestearen alde modu aktiboan lan egin izan du, Toki Erakundeak finantzatzearen aldeko hitzarmenak lortzeko asmoz; zehatz-mehatz, hurrengo gaietan:

1- Opor Fiskalen banaketa (Estatuaren laguntzak)

2- Obra eta Zerbitzuen Foru Planean (OZFP) atzera botatako diru-laguntzak, 12.014.791,24-€-ko zenbatekoan

3- Tokiko Erakundeen Partaidetza Egonkortzeko Funtsaren (TEPEF) saldoa Tokiko Erakundeen Foru Funtsean indibidualizatzea

4- Arabako Lurralde Historikoaren katastro higiezinaren osaketa, kontserbazio, berrikuspen eta beste funtzio batzuen kostuaren banaketa

HABEtik jakinarazi diguten informazioa bidaltzen dizuegu, 2013-14 ikasturteko aurrekontuan aurreikusten den %10,7ko IGOERAri buruzkoa.

1) Udal Euskaltegien aurrekontua 13-14 ikasturterako: 2013-2014 deialdian 11.482.000 € jarriko dira.

2) Igoera: %10,7 igo dute, orain indarrean dagoenarekin alderatuta. Izan ere, 2012-2013 deialdian 10.369.254 € izan da.

3) Deialdia: Deialdiaren izapideak hasita daude. Printzipioz, iraileko EHAAn (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) argitaratuko da.

4) Ikasleen diru-laguntzak: Ikasleentzako beka-deialdirako 700.000 € gorde dira, aurten bezala. Deialdi hau lehenago argitaratuko da, uztail amaieran edo abuztuan, irailerako egon dadin eta matrikulazioari begira eragina izan dezan.

 

EUDELek, hiru Foru Aldundiekin eta HAEErekin lankidetzan, sustatutako 2013ko prestakuntza-planaren barruan,  aurten hainbat tailer praktiko gauzatu dira udal kudeaketaren alorretan proiektuak abian ipini ahal izateko.

Berrikuntzaren alorrean prozedura administratiboei buruzko gidaliburuak prestatzera zuzendutako tailerra antolatu da. Parte-hartzaile taldearen ekarpenen ondorioz, Kudeaketa-plan bat osatzeko prozesurako 10 gomendio bildu dira.

Honako argitalpena EUDEL eta IVAPeko webguneetan eskuratu daiteke, udalei gida eta tresna erabilgarriak zein kudeatzeko laguntza eskaintzeko asmoz.

Zer da Kudeaketa-plan bat?

Dokumentu honek udalerriaren epe ertaineko ikuspegia biltzen du ( 10 urteko epekoa, gutxi gorabehera); hain zuzen ere, lurraldearen antolamendua, herritarrentzako zerbitzuak eta erakundeen antolaketa-modua jasotzen dira bertan, bai eta adierazitako horiek guztiak lortzeko estrategiak ere. Herritarrek parte hartzea eta politika- zein gizarte- alorretan adostasuna lortzea ezinbestekoak dira plan estrategikoak arrakasta izan dezan.