Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Zer egin dezaket nik euskararen alde?” Hausnarketarako galdera luzatzen die aurten HAKOBAk herritarrei, gizarte-eragileei nahiz bere buruari

  • 500 atxikimendutik gora jaso ditu dagoeneko Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionalak; zerrenda zabalik dago oraindik, izen gehiago hartzeko
  • Bilboko Guggenheim Museoan ospatuko da aurten Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusia, abenduaren 3an

Hizkuntza Politika gaietarako Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordea (HAKOBA) osatzen duten erakundeek Euskararen Nazioarteko Egunerako elkarrekin adostu duten adierazpen instituzionala aurkeztu dute gaur eguerdiz Bilbon. Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, EUDELEk eta UEMAk galdera bat egin diote euren buruari: “Zer egin dezaket nik euskararen alde?”

Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionalak 500 atxikimendutik gora jaso ditu dagoeneko. Norbanakoak, elkarteak, arlo guztietako gizarte-eragileak, enpresak, finantza entitateak, erakundeak, sindikatuak, alderdi politikoak, unibertsitateak, euskaltegiak, museoak, hedabideak, kirolariak… daude dokumentu luze horretan. Atxikimenduen zerrenda ikusgai dago, eta izen gehiago jasotzeko irekita oraindik, www.euskararentxantxangorria.eus atarian.

Bilboko Guggenheim Museoan egin dute aurtengo adierazpen instituzional honen aurkezpena HAKOBA osatzen duten erakundeetako ordezkariek, abenduaren 3ko ekitaldi nagusia burutuko den lekuan bertan. Ekitaldian parte hartzaile izan dira: EUDELetik Koldo Iturbe, Getxoko zinegotzia, Eusko Jaurlaritzatik Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Bizkaiko Foru Aldunditik Lorea Bilbao, Kultura eta Euskara foru diputatua; Arabakotik, Joseba Perez de Heredia, Kultura eta Kirol zuzendari nagusia; Gipuzkoatik Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia; Bilboko Udaletik Koldo Narbaiza, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi ordezkaria; Donostiakotik Miren Azkarate, Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria; eta UEMAtik Josu Labaka presidentea.

Aurkezpen ekitaldian, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azpimarratu du aurtengoa dela herri-erakunde guztiak bat eginda Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala elkarrekin egiten dutena. “HAKOBA osatzen dugun 9 erakundeok eta 500 gizarte-eragilek bat egin dugu Euskararen Eguneko Adierazpenarekin eta deiarekin. Lehen urtea da hori gertatu dena: halakorik ez da sekulan izan aurten arte, azpimarratu du, atxikimendua eman duten 500 eragileei eskerrak emateaz bat.

Aurten Euskararen Nazioarteko Egunak leloan dakarren galderaz, berriz, “galdera aktibo eta aktibatzailea dela azaldu du Baztarrikak. “Lozorroan geratzeko aukerarik ematen ez duen galdera da. Gutariko bakoitzak egin baitezakegu zerbait euskararen alde. Kontua ez da besteei esatea zer egin behar duten, baizik eta norberak esatea zer egin ahal duen. Denok baitaukagu zereginik. Denok, bakoitzak, “Zer egin dezaket nik?” galderari erantzuteko pare bat minutu hartzera dei egiten dugu”.

Zer egin dezaket nik euskararen alde?”

2016ko Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionalean, euren buruari galdera bat zuzendu diote HAKOBA osatzen dute erakundeek. Zer egin dezaket nik euskararen alde?  “Adierazpen honen sinatzaileok galdera horri erantzun propioa eman nahi diogu, gure esparruan euskara modu edo neurri batean zein bestean indartzeko erantzun bat”, dio adierazpenak.

Era berean, herritar guztiak eta gizarte-eragile guztiak gonbidatu nahi ditugu galdera hori bera egitera eta nork bere neurriko erantzuna hausnartzera, guztion ekarpenak baitira baliagarri eta onuragarri euskararen biziberritzerako eta guztion arteko elkarbizitza sendotzeko”.

Galderari erantzutea eta galdera bera euskal gizarte osoan zabaltzea da aurten Euskararen Nazioarteko Egunaren asmoa.

 


  • Emakundek, EUDELek eta hiru Foru Aldundiek bultzatuta, Beldur Barik 2016 programaren amaiera ospatuko da azaroaren 26ko Topaketan.

Urtero legez, erakunde guztietako ordezkariak gaur goizeko prentsaurrekoan bildu dira programaren amaierako ekitaldia aurkezteko (Topaketa), Azaroaren 25a – Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Eguna dela eta. Bildutako ordezkariek dei bateratua egin dute puntu lila erabiltzeko, indarkeria mota hau gaitzesten duen sinbolo bezala. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.

2016eko Beldur Barik Topaketa Urdulizen (Uribe-Kosta) ospatuko da azaroaren 26ean, larunbat arratsaldean. Jaiak balioko du urte osoan zehar, euskal geografia osotik gazteekin garatutako lanari amaiera emateko. Topaketan Beldur Barik Ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Ezberdintasun egoerei aurre egite aldera, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

EUDELen aldetik, Berangoko Alkate eta Uribe-Kostako Mankomunitateko Lehendakari Maria Isabel Landak eskerrak eman dizkie erakunde antolatzaileei ekitaldiaren aurtengo herri anfitrioi gisa Urduliz aukeratu delako. Alkateak nabarmendu du zeinen garrantzitsuak diren tokiko prozesuek eta udalen ekimenak “berdintasuna udalerrietan eraikitzen da, tokiko bizitzan. Eta erakunde hurbilenak diren neurrian, tokiko gobernuetatik daukagun konpromisoa egunerokoa da.”

“Adibidea berton dugu, Uribe-Kostako Mankomunitatean eta berau osatzen duten udaletan. Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, 2009tik ari gara Beldur Barik programa lantzen eta bultzatzen. Batez ere, hezkuntza zentroekin gabiltza elkarlanean, Lehen Hezkuntzakoekin zein Bigarren Hezkuntzakoekin, bai halaber udalerri guztietako gazteentzako gizarte-guneekin.” azaldu du..

Beldur Barik programa, gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDELek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDELen babesa eta finantzaketa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

Programak gazteei indarkeria sexista identifikatzeko eta horiei Beldur Barik  Jarrerarekin aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkie.

Tokiko ekimenak udalerrietan

Edizio honetan 341 izan dira aurkeztutako lanak, 69 udalerritakoak. Horietatik 246 lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Bigarren kategoriari dagokionez, 18 eta 26 urte bitartekoa, 95 lan aurkeztu dira. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri-bozkaketarekin herria-saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere, pasa den urtean lehenengo aldiz egin zen bezala, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla (Beldur Barik webgunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa eskuragai: http://beldurbarik.org/category/lehiaketa-lokalak-2016/).

Uribe-Kosta, Beldur Barik Herria

Azaroaren 26an Urdulizen (Uribe-Kosta) ospatuko den topaketan, eztabaidak, formazio tailerrak eta ikuskizun ugari ospatuko dira. Tailerrak eta sari-banaketa Urdulizeko Kultur Etxean gauzatuko dira. Doaneko autobusak erraztuko dira publikoa hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.

Honako hauek dira programatutako ekintzak:

  • 16:30-17:00 Ongi etorria, autobusen helduera Kultur Etxera.
  • 17:00-19:00 Tailerrak (Autodefentsa feminista, Perkusioaren boterea, Gorputzak Orekan, Genitarte, Deshalduntzerako Clown tailerra mutilentzat: Galtzen ikasi, Zer dakizu sexuari buruz? 1, 2, 3… 3 ligatzeko 3 pausu eta Mezua eraldatu eta Beldur Barik abestu!
  • 19:15-19:30 Performance
  • 19:30-20:00 Lunch
  • 20:00-21:45 Sari banaketa.
  • 21:45 Autobusen irteera Urdulizetik.
Informazio gehiago:  www.beldurbarik.org

Idazkia eta erreferentzia-testua, azaroaren 2an Euskadiko udal guztietara bidalia, udal bakoitzari autonomia eta askatasun osoa ematen zaielarik berau onar dezaten, hala badagokio. Izan ere, jakitun gara udal bakoitzak biktimekiko ibilbide desberdina duela.

Idazkia (16/11/02):

EUDELek Euskadiko udalerri guztiak gonbidatzen ditu Memoriaren Eguna ospatzera, datorren azaroaren 10ean.

Horretarako, oinarrizko honako proposamena egin da:

  1. Azaroaren 10ean, 12:00etan, Udalbatzaren elkarretaratzea egitea, 5 minutukoa (isilik), udaletxearen aurrean edo udalerrian ekitaldi mota honetarako ohikoena den tokian.
  2. Ekitaldi honetarako, Udalean ahalik eta adostasun handiena lortzea udalerri bakoitzean.
  3. Elkarretaratzea aldez aurretik iragarri beharko da, eta herritarrei zein udalerriko tokiko erakunde eta eragile sozialen ordezkariei parte hartzeko gonbit egin beharko zaie. “

 

EUDELek eta Bizkaiko Foru Aldundiak .EUS domeinuaren erabilera sustatu nahi dute enpresa eta elkarteen webguneetan.

Ia bi urte dira .EUS domeinua erabilgarri dagoenetik. Eta, bi urte hauetan 6.000 enpresa, erakunde eta norbanakok komunitatearekin bat egin dute domeinu-izenak erregistratuz.

Une honetan, .EUS da Hego Euskal Herrian hazkundean dagoen interneteko domeinu bakarra, gainerako domeinu guztiak (.com, .net, .es, etab.), bataz beste, %7 jaisten ari diren bitartean .EUSek %18ko hazkundea izan du 2016ko lehen bederatzi hilabetetan.

.EUS domeinuaren hazkundea lurralde guztietan eta sektore guztietan ari da ematen. Bizkaian, esate baterako, domeinu-izenen %30 enpresek erregistratu dituzte, %16 erakunde publikoek eta %20 euskararen eta kulturaren arloko erakundeek. Webgune askok eman du .EUSerako jauzia; eta, horri esker eta webgune horien kalitateari esker, munduko 783 domeinu berriren artean egindako azterketan 4. postua lortu du .EUSek kalitateari eta SEOri dagokionean.

PuntuEUS Fundazioaren bokazioa domeinua zabaltzen eta hazten jarraitzeko lan egitea da eta egindako azken merkatu-azterketaren arabera hazkunde bidea, Bizkaiko enpresa, elkarte eta abarren parte-hartzetik etor daitekeela aurreikusi da. Izan ere, gaur gaurkoz .EUSen pisua handiagoa da, adibidez, Gipuzkoan Bizkaian baino.

Bizkaiko erakunde publiko nagusien apustua garbia da eta .EUS domeinua darabilte, Bizkaiko Foru Aldundia eta EUDEL adibide dira. Erabiltzeaz gaiz, erakunde hauek dei egin diete Bizkaiko enpresa, erakunde eta abarri haien webguneetan .EUS domeinua erabil dezaten.

Izan ere, .EUS domeinua tresna baliagarria da euskaren interneteko presentzia sustatzeko. Interneteko webguneen %15k erabiltzen du euskara Bizkaian eta domeinu nagusietan euskarazko edukia duten webguneen ehunekoa aztertuta, nabarmen gelditzen da .EUS domeinua dela euskara gehien duena. Kasu honetan euskarazko edukia duten webgune kopurua %88koa da eta euskararik ez duten domeinu-kopurua %12an kokatzen da. Esan daiteke beraz .EUS domeinua dela euskararen arnasgune digitala. Gainerako domeinuen kasuan, euskararen presentzia haien webguneetan %20aren azpitik dago kasu gehienetan. Gaur egun guztira 16.559 dira Euskal Herrian euskarazko edukia duten webguneak eta horietatik 6.000k .EUS domeinu-izena dute.

PuntuEUS Fundazioa                                      

.EUS domeinua Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da.EUS, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona.

PuntuEus Fundazioak aurkeztu zuen, 2012ko maiatzean, .eus domeinuaren eskaria ICANN erakundearen aurrean eta bera izan da, 2013ko abenduan, ICANN erakundearekin kontratua sinatu duena.

Hori horrela, PuntuEus Fundazioa da .eus domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakunde duena. PuntuEUS Fundazioaren misioa Euskara ingurune digitalean ikusgarri, erabilgarri eta baliagarri egitea da euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin.

Informazio gehiago: www.domeinuak.eus

Domeinuari buruzko diptikoa

Ordiziako Udalak (Gipuzkoa) bat egin du Euskadiko udalek berdintasunaren alde eta emakumeekiko indarkeriaren aurka sortutako Berdinsarea sarearekin. Ekimen honen helburua da gai horiei buruz udalek kudeatzen dituzten programak eta zerbitzuak sustatzea, sendotzea, koordinatzea eta ebaluatzea. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakunde-Emakumearen Erakundeak  sustatu dute ekimena, eta gai horietan udalek eskaintzen duten erantzuna hobetzea espero dute, modu koordinatuan eta taldean lan eginez. Era berean, udalen eta udalez gaindiko beste erakunde batzuen artean lotura izatea nahi dute.

Toki administrazioak 2005eko otsailaren 18ko gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako Legea betearazteko konpromisoa hartu du. Halaber, desberdintasuna eta indarkeria desagerrarazteko programak eta jarduerak gauzatzea bermatzen du. Ordiziako Udalak helburu horietako gehienen alde lan egiten duen arren, Berdinsarera atxiki ondoren, esperientziak partekatzea, koordinatzea eta jarduteko irizpideak bateratzea sustatuko du, toki esparruko ekintzak egitean. Halaber, protokolozko eta udalez gaindiko lankidetzako akordioak gehiago sustatuko dira.

Berdintasunaren aldeko 62 udalerrikosatutako Berdinsarean adostasunez egindako lana sustatzen dugu. Urtero, gero eta atxikimendu gehiago ditu sareak. 2016ean Bedia eta Ordizia atxiki direnez, Berdinsarearen estaldura Euskadiko biztanleen %75 baino gehiagora iristien da gaur egun.

X. urteurrena

2016an, hamar urte bete dira Berdinsarea sortu zenetik, eta, hori ospatzeko asmoz, abenduaren 21ean, oroitzapenezko ekitaldia egingo da. Sarea aurrera eramateko ahalegintzen diren pertsona guztiei (udalak, erakundeak, elkarteak, enpresak, etab.) egingo zaie gonbit ekitaldian parte hartzeko.

Topaketa horretan, hamar urtez udalen arteko sare-lanean tokiko bizitzan berdintasuneko politikak sustatzeko asmoz egindako aurrerapenak gainbegiratuko dira.

Urteurrenako ekitaldiaren programari buruzko informazio gehiago webgunean izango da laster.

Informazio gehiago:

EUDELeko berdintasuna

Berdinsarea

2016ko azaroaren 2a. EUDELen elkarteburu Imanol Landak harrera egin die gaur goizean, Bilbon, Pablo Ibarren senideei eta Heriotza Zigorraren aurkako Elkartearen ordezkariei. Euskadiko Udalen Elkartea izandako bisita Ibar familiak berariaz eskatu ondoren egin da, eta, bertan, Cándido Ibar eta Miren Pilare Pereda Ibar parte hartu dute, Pablo Ibarren aita eta lehengusina, hurrenez hurren, baita elkarteko bozeramaile Andrés Krakenberger ere.

Gaurko bisita elkarteak Euskadiko zein Espainiar Estatuko eta nazioarteko zenbait agintari eta erakunderekin egiten ari den harremanetarako prozesuaren barruan dago.

EUDELekin biltzeko, ordezkaritzaren helburu nagusia zen funtsak biltzeko egiten ari diren kanpainaren berri ematea Euskadiko udalerriei, eta, hartara, Ibarren defentsa letradunaren gastuak ordaintzeko babes ekonomikoa lortzea epaiketa berrirako Floridan; izan ere, aurrekontua 1.300.000 dolarrekoa da.

Horretarako, Elkarteak dohaintzak egiteko ordainketarako bidea dauka webgunean bertan, eta jasotako ekarpen guztiak eskertuko ditu, txikiak zein handiak izan:

www.pabloibar.com

‘Pablo Ibar’ Heriotza Zigorraren aurkako Elkartea

‘Pablo Ibar’ Heriotza Zigorraren aurkako Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta helburua da jendea heriotza-zigorraren eta epaiketa justua izateko eskubidearen inguruan sentsibilizatzeko jarduerak egitea. Era berean, Amerikako Estatu Batuetan hiltzera zigortuta dagoen Pablo Ibarrentzako defentsa letraduna ordaintzeko dirua lortu nahi da.

Harremanetarako datuak: Tel.: 688 68 71 75; posta elektronikoa: pabloibar@pabloibar.com

Sare sozialak: Twitter @asocpabloibar /

Facebook Asociación contra la Pena de Muerte Pablo Ibar

2016.eko urriak 28

Zenbaketaren arabera, bizitegi bazterketa larriko egoera bizi duten 285 pertsonek kalean egiten dute lo Euskadin.

Euskal erakundeek aurtengo udan sinatutako bizitegi-bazterketa larriaren fenomenoaren azterketan eta analisian sakontzeko elkarlan-protokoloaren ondorioz, zenbaketa biztanleria osoaren % 65a barne hartzen duten EAEko 24 udalerritan egin da.

Protokolo horretan finkatutakoaren arabera, aurten –eta bi urtetik behin aurrerantzean– zenbaketak egingo da, eta 2017an eta ondorengo urte bakoitietan emaitzen txosten bat osatuko da. Ondoren, txosten hori bizitegi-bazterketari buruzko jardunaldi monografikoen esparruan aurkeztuko da.

Planeta osoan hazten ari den bizitegi-bazterketa larriaren (homeless) fenomenoa Euskadin ere ematen ari da. Aste honetan EAEko 24 udalerritan aldi berean egindako zenbaketek erakutsi dute 285 lagunek kalean lo egiten dutela.  

Zenbaketa honako herri hauetan egin da:

Vitoria-Gasteiz, Donostia, Bilbo (hiriburu hauetan urte batzuk daramatzate zenbaketa hauek egiten); Barakaldo, Getxo, Irun, Laudio, Santurtzi, Sestao eta Portugalete (2014ko zenbaketan jada hartu zuten parte); eta Durango, Eibar, Erandio, Errenteria, Güeñes, Hernani, Iurreta, Legazpi, Leioa, Pasaia, Tolosa, Urduña, Zalla eta Zarautz.

EAEko udalerri nagusienetako hamarretan Eusko Jaurlaritzak 2014an sustatutako gaueko zenbaketaren arabera, 323 lagunek kalean eta 1.513 lagunek etxerik gabeko pertsonei eskainitako bizitegi-baliabide publikoren batean egiten zuten lo. Zenbatutako pertsona guztien artean, 297 Araban aurkitu zituzten (% 16,2), 904 Bizkaian (% 49) eta 635 Gipuzkoan (% 34,6).

Emaitzen aurrerapen honetan urriaren 26tik 27rako gaueko 22:00etatik 2:00etara aipatutako EAEko 24 udalerrietako kaleetan egindako gaueko zenbaketaren emaitzak baino ez dira aipatzen.  Halaber, zenbaketa hori egiten zen une berean, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei arreta emateko hiru lurraldeetan bizilekua eskaintzen duten zentroetan eta zerbitzuetan ere egin ziren zenbaketak. Zenbaketa horiek egiteko udalen, Foru Aldundien eta azterlanaren barne hartutako baliabideak kudeatzen dituzten gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko erakundeen laguntza izan dugu.

Zenbaketa hori egin ahal izateko, zenbaketaren aurreko asteetan, udalerri bakoitzean zenbaketaz arduratzen ziren taldeek hainbat zeregin burutu zituzten. Zeregin horien artean honakoak azpimarra daitezke: udalerri guztietan jarduteko jarraibide komunak ezarri ziren bilera teknikoetara joatea, boluntarioak bilatzea eta hauek antolatzea.

Zenbaketa honetan, 1.022 bolondres aritu dira lanean aipatutako 24 udalerrietan. Guztietan zenbaketa, gauez, 22:00etatik 02:00tara egin da, era koordinatuan.

Protokoloa

Lehen aldiz, EAEn bizitegi-bazterketa larriko egoerak ikertzeko, jarraitzeko eta analizatzeko erakundeen arteko lankidetza-protokoloaren esparruan egin da zenbaketa. Protokolo hori 2016ko uztailaren 26an sinatu zuten Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko, hiru Foru Aldundietako, hiru hiriburuetako (Bilbo, Vitoria/Gasteiz eta Donostia) udaletako eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariek. Protokoloaren helburu nagusia da, gizarte-bazterketa larriaren fenomenoa ikertzeko, hausnartzeko eta analizatzeko jarduerekin lotuta, elkarlanerako esparru egonkorra finkatzea.

Ikusi Prentsa-dossierra osoa

Azaroaren 21ean eta 22an, Hiriei eta Ekonomiari buruzko Nazioarteko  l. Foroa antolatuko da Bilbon, Euskalduna Jauregian eta Guggenheim Bilbao Museoan.

Foro honetan gure udalerrientzat oso garrantzitsuak diren alderdien gainean eztabaidatuko da baina ekonomiaren ikuspegitik. Bertan, zuzen-zuzenean entzun ahal izango ditugu nazioarteko adituen iritziak. Hain zuzen ere, mundu gero eta globalizatuago honetan hiri­ eraldaketak eta garapen ekonomikoak zer lotura duten azalduko digute.

Esan bezala, aitortutako ospea duten hizlariek beste hiri eta herrialde askotan izandako bizipenak erakutsiko dizkigute zenbait ikuspegitatik, hau da, agintari, enpresa, líder edo unibertsitateen ikuspegitik, besteak beste. Beren esperientzia zabalak jarriko dituzte ikusgai, baina ikuspegi praktiko batetik eta gure kasuei aplikatu ahal izango diegun mezu argi batekin.

Antolatzaileak: Bilboko Udala eta Bilbao Ekintza.

Programaren saio guztiak INGELESEZ izango dira aldibereko itzulpenarekin.

IZEN-EMATEA HEMEN

Programa osoa HEMEN

Hizlariak HEMEN

Web oficial: Bilbao Cities & Economy Forum.

http://www.investinbilbao.com/events/cities-and-economy-forum/

Global trends and cities

  • The role of a city as a generator of business opportunities
  • The digital transformation in urban environments
  • Entrepreneurship in the cities
  • Urban transformation & development of capabilities