Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak


  • Gaur goizean, Galdakaoko alkate Ibon Uribek Eskoziako tokiko hautetsi garrantzitsuenen urteko konferentzian hartu du parte, Austriako eta Europako Batzordeko ordezkari politikoekin batera. Foro honetan, Nicola Sturgeon Eskoziako lehenengo Ministroak ere hartu du parte (argazki erdian, Eudeleko ordezkariarekin).
  • Eskoziako udalerriak toki autonomiaren ereduari buruzko gogoeta egiteko eta definitzeko prozesuan daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko autogobernuko sistema ezagutzeko interesa adierazi dute; izan ere, Europako deszentralizatuenetakotzat eta aurreratuenetakotzat hartzen dute.

Edinburgon, 2016ko urriaren 6an.

Euskadiko Udalen Elkarteko Batzorde Eragilearen ordezkari gisa, Galdakaoko alkate Ibon Uribek Eskoziako Toki Aginteen Konbentzioaren urteko Batzarrean (COSLA) arituko da gaur eta bihar Edinburgon. Egun hauetan, 32 kontzejutan (Scotish councils) edo tokiko unitate administratibotan hurrengo urteetan garatu beharreko toki gobernantzako eredua aztertzen eta sakontzen ari dira.

“Local Government: Leading Reform” izenburupean, gaurko programatutako hitzaldiak araudian, prozesuetan eta metodologietan oinarritzen dira, Eskoziako toki gobernantzari gidaritza berria emateko. Zehazki, toki gobernuen ‘jabekuntzari’ (empowerment) eta Europako udalerrien aniztasuneko bizikidetzan laguntzeko moduari buruzko mahai-inguruan hartu du parte Ibon Uribek, EUDELen izenean.

Eztabaidan, Uribe EBko toki erakundeetako bi ordezkari ezagunekin batera egon da taldean: Gudrun Mosler-Törnström, Austriako Salzburgoko ‘land’-eko Parlamentuko presidenteordea eta Europako Batzordeko Tokiko eta Eskualdeetako Agintarien Kongresuko presidentea, eta Andreas Kiefer, Kongresuko zuzendaria.

Bi sistemen artean ezberdintasunak egon arren, Eskoziako tokiko erakundeek EAEko instituzioen eredu berezia eta funtzionamendua xehetasunez ezagutzeko interesa adierazi dute, batez ere gobernuko mailen arteko (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) kooperazioari nahiz udal finantziazioko mekanismoei eta Kontzertu Ekonomikoaren gure eredu berdingabeari dagokienez.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen ardatz garrantzitsuenak garatu ditu Ibon Uribek. Legea Euskadiko udalen legealdi honen hasieran onartu zen, eta Toki Autonomiari buruzko Europako Gutunean oinarrituta dago. Horrez gain, udal eskumenak, finantziazioa eta erakundeen arteko kooperaziorako funtsezko organoak elkartzen dituen ikuspuntu integrala hartzen du barne.

EUDELen ordezkariak Euskadiko arkitektura instituzionala behin betiko ixteko arauak ezartzen duen garrantzia azpimarratu du, batez ere XXI. mendeko euskal udalgintzaren etorkizuneko urratsak sustatzeko tresna gisa. Ibon Uribek Euskadiko toki gobernantzaren ibilbide berria irekitzen duen Legea izatearen garrantzia defendatu du, Eskoziako homologoen aurrean. Lege horrekin, udalerriak ikusarazi eta udalerriei pisu handiagoa eman zaie. Era berean, Legea ezartzeak udalei erronka garrantzitsuak ekarri dizkie, eta EUDELen konpromisoa azpimarratu du, benetako protagonisten eskutik (alkateak eta zinegotziak) prozesuko buru izan dadin.

Eskoziarako tokiko erreforma berria

2016ko tokiko aginteen konferentzia (COSLA) Eskoziako eta Europako tokiko demokraziarentzako une erabakigarrian egin da. Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak izan eta sei hilabete baino zertxobait geroago, 2017an tokiko hauteskundeak egingo dira, eta duela gutxi izan da erreferendum britainiarra ere. Hortaz, Eskoziako erakundeek arretaz so egiten diete epe luzean erabaki horrek ekarri ditzakeen ondorioei.

Egoera politiko honetan, eta aurrekontuen doikuntza garrantzitsuek markatutako egoera ekonomikoa kontuan hartuta, tokiko konferentzian aztertzen ari diren etorkizuneko tokiko erreforma eztabaidatzeko abagunea da, bertan parte hartzen baitute Eskoziako parlamentuko alderdi guztietako ordezkariek.

www.eudel.eus

Eranskinak: COSLA 2016 Konferentziako programa. (flyer)

http://www.cosla.gov.uk/

Gaur goizean, EUDELen elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landak Deustuko Unibertsitatean Agintzari kooperatibak antolatutako “Erresilientziarako Komunitateak” delako Gizarteratzen II. Jardunaldien inaugurazioan hartu du parte. Agintzari kooperatibak 25. urteurrena ospatzen du aurten.

Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkaria Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Angel Toñarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Administraziorako eta Gizarte Sustapenerako zuzendari Gabin Azaolarekin eta Agintzariko zuzendari nagusia, Mikel Gorostizagarekin batera egon da mahaian.

Aurten 300 pertsona bertaratu dira topaketara. Gai nagusia ahultasuna prebenitzeko sare erkidea izan da, babeserako faktore gisa. Udalen izenean, Imanol Landak gizarte-laneko profesional guztiek egiten eta lehen mailako arretarekin udalek eskaintzen duten (oinarrizko gizarte zerbitzuak) “prebentzioko funtsezko lana” balioetsi nahi izan du, “hurbiltasunetik eta pertsonekiko loturaren bidez”. Era berean, hirugarren sektoreko gainerako erakundeek egindakoa ere nabarmendu du.

EUDELen elkarteburuak azken hamarkadetan gizarte eta komunitateko arretan lortutako aurrerapenak azpimarratu ditu; horrez gain, esan du udalak izan direla gizarte-zerbitzuak pertsonen ohiko ingurura hurbildu dituzten lehenengoak, babes, laguntza eta eguneroko beharrekiko hurbiltasun handiagoa eskainiz.

“Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistema osoak egindako lanak izugarrizko balioa eta meritua dauka, jarduten dugun testuingurua kontuan hartuz gero, Zorroari buruzko Dekretua onartu zenetik erronka eta desafio handiak izan baititugu. Lurralde eta udalerri bakoitzean gizarte zerbitzuak egoteak instituzioen eta hirugarren sektoreko erakunde eta elkarte guztien arteko inplikazioa eta ahaleginen batura eskatzen du”.

Imanol Landa, EUDELen elkarteburua.

Informazio gehiago:http://gizarteratzen.agintzari.com/jornada/

Herri Administrazioaren Europako Institutuaren eta Eskualdeen Europako Zentroa (HAEI-EEZ) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean (IVAP) antolatu duten mintegiari buruzko informazioa: “Belaunaldien arteko Ezagutzaren Kudeaketa”. Mintegia Donostiako Kursaal Jauregian burutuko da urriaren 27 eta 28an.

Erakundeetan progresiboki gertatzen ari den esperientzia zein adituen ezagutzen galera arazo garrantzitsua bihurtzen ari da. Erakundeak profesionalak poliki-poliki galtzen ari dira, eta hori dela medio, giza baliabideetako zein prestakuntzako arloek proaktiboki aurre egin beharreko arazoa da.

Ezagutzaren kudeaketak, erakundeen eskura, behar horiei aurre egin ahal izateko lanabes eta metodologia lagungarriak jartzen dituela. Transferentzia programak ezagutzak partekatzeko modu eraginkorrenetako bat dira, horiek, belaunaldien arteko ezagutza kritikoen transferentzia ziurtatzen dutelako.

Hitzaldi eta mahai-inguru batzuen bitartez, erakundeetako belaunaldi-txandakatzeak dakartzan erronkak jorratuko dira, bereziki herri administrazioetan. Euskadiko eta Estatuko herri administrazioaren ordezkariekin batera, hainbat hizlarik hartuko dute parte, bai Europakoek (Alemania, Belgika, Erresuma Batua), bai munduko beste leku batzuetakoek (Santiago de Chile).

  • Egunak: urriak 27 eta 28.
  • Eguna: Kursaal Jauregia. Donostia.
  • Norentzat: EAEko herri administrazioetako pertsonala, bereziki giza baliabideetako postuak.
  • Xedea: Mintegiak ezaguerak eta tresnak eskaintzen ditu belaunaldien arteko erronkari aurre egiteko prestakuntza- eta eskuhartze-programak diseinatze aldera.
  • Hizkuntzak: Gaztelania-Ingelesa.

Lantaldeek egindako lanaren berri eman dute bileran. Bilerara bertaratu dira Segurtasun Koordinazioko zuzendari Rodrigo Gartzia eta Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondo jaunak, hiru hiriburuetako segurtasuneko zinegotziak, Tomás del Hierro, Carlos Zapatero eta Martín Ibabe jaunak, eta EUDELen ordezkaritzan, Ager Izagirre jauna, Mungiako alkatea eta Joseba Goikuria, Erandioko alkatea.

Toki Mailako Poliziak Koordinatzeko Batzordea Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan bildu da, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea buru dela. Bileran hainbat gairen berri eman dute, eta gai horien artean daude Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko elkarlanerako Segurtasun Sailaren eta Udalen arteko lankidetza-hitzarmena, Bilboko Udalaren Tetra sarea Segurtasun Sailaren komunikazio-sarean txertatzeko azken hitzarmena eta ‘Datapol’ datuen truke telematikoa.

Toki Mailako Poliziak Koordinatzeko Batzordearen bileran, ekipamenduekin, hautespenarekin eta prestakuntzarekin lotzen diren gaietan lan egiten duten taldeek egindako lanaren berri eman dute. Gainera, hainbat arauzko alderdi ere izan da aztergai, eta horien artean dago Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroari buruzko dekretua, uda aurretik onartu zena.

Bestalde, Batzordean bertan Toki Mailako Poliziak Koordinatzeko Batzordeen balantzea egin da, eta Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko polizia elkarlanerako Segurtasun Sailaren eta udalen artean egin diren lankidetza-hitzarmen berriak ere aztertu dira.

Bileran, polizia-prozeduren eta -eginbideen arloko azken lege-erreformen ondoriozko egokitzapenak aipatu dira, baita Herritarren Segurtasunaren arloko zehapen-araubidearen aplikaziorako interpretazio-irizpideak eta jardunbide onak ere.

Toki Mailako Poliziak Koordinatzeko Batzordea Euskadiko udaltzaingoen buruen bileraren ondoren egin da. Bilera hori ostiralean egin zen, Erandion, eta bertan udaltzaingoen buruak bildu ziren, bertan zirela Segurtasun Koordinazioko zuzendaria, Ertzaintzako zuzendaria eta Jorge Aldekoa Ertzaintzako burua.

2016ko irailaren 27 eta 28an UHINAK Kongresuaren bigarren edizioa egingo da, Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko kongresua’, Ficoban, Irun.

UHINAK Ficoba Fundazioak eta AZTIk antolatzen dute, eta aztergai du nola eragiten dioten aldaketa klimatikoak eta muturreko fenomenoek Bizkaiko Golkoko itsasertzari, Galiziatik Bretaniaraino. UHINAKen xedea da jakitea zein diren kudeatzaileen beharrizanak aldaketa klimatikoaren aurrean, bai halaber ikustea zer ekarpen egin dezakeen mundu zientifikoak beroriei irtenbidea emateko. Horri begira, UHINAK diziplina anitzeko ikuspegia proposatzen du, inplikaturiko alde guztiak batzen dituena: zientzialariak, teknikariak eta administrazioak. Kongresuak hizlari adituen eskutik datozen 30 hitzalditik gora dauzka.

Gonbidatzen zaituztegu Kongresuko egitaraua eta izena emateko baldintzak kontsultatzera ondorengo estekan: www.uhinak.com

Toki- , foru- eta autonomia-administrazioen ordezkariek lankidetza-protokoloa sinatu dute gaur bizitegi-bazterketa larriaren fenomenoaren azterketa eta analisia sakontzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 18 urtetik gorako ia bi mila pertsona kalean bizi dira edo aldi baterako ostatu hartzen dute aterpetxeetan edo etxerik ez duten pertsonentzako ostatalekuetan.

2014an, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko udalerri nagusietako hamarrek sustatu zuten gaueko zenbaketa batek 1.836 pertsona identifikatu zituen bizitegi-bazterketa larriko egoeran: 323k kalean ematen zuten gaua eta beste 1.513k etxerik gabeko pertsonentzako bizitegi-baliabide publikoren batean hartzen zuten ostatu. Zenbatutako pertsona guztietatik, 297 Araban zeuden (% 16,2), 904 Bizkaian (% 49,2) eta 635 Gipuzkoan (% 34,6).

Bizitegi-bazterketa larriaren fenomenoa mundu osoan gora egiten ari den errealitatea da (homeless). Alabaina, arazo horrek eraginpean hartzen dituen pertsonen ezaugarri soziodemografikoak ezagutzea ahalbidetzen duen azterketa espezifikorik ez izatea da erakundeek bizitegi-bazterketa larriaren tratamenduari aurre egiterakoan aurrez aurre topatzen duten oztopo nagusietako bat.

Alor horretan aurrera egiteko, Eusko Jaurlaritzaren, hiru foru-aldundien, 3 hiriburuetako udalen (Bilbao, Donostia eta Vitoria-Gasteiz) eta EUDELen ordezkariak (bat egiteko interesa agertu duten udalen izenean) Arabako hiriburuan bildu dira gaur, dirudienez gero eta eragin sozial handiagoa duen fenomeno horri buruz egin beharreko lanen jarraitutasuna bermatuko duen lankidetza-protokoloa sinatzeko. Aurrerantzean gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko beste udal batzuek ere protokoloarekin bat egin ahal izango dute.

Akordio horri esker epe labur, ertain eta luzean garatuko diren jardueren edukia ezarri ahal izango da (zenbaketak antolatzea, aurkitutako pertsonei inkestak egitea, ikerketak eta txosten monografikoak egitea, mintegiak antolatzea, eta abar).

Protokoloak ezartzen duenez, aurten eta aurrerantzean bi urtez behin, bizitegi-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonen zenbaketak egingo dira udalerri interesdunetan. 2017an, eta hurrengo urte bakoitietan, zenbaketaren emaitzen txostena egingo da, gero bizitegi-bazterketari buruzko jardunaldi monografikoen esparruan aurkezteko.

Protokoloa sinatu duten erakundeek konpromisoa hartu dute jarduerak gauzatzeko behar diren baliabide teknikoak, ekonomikoak edo materialak jartzeko. Horiek horrela, udalek hurrenez hurrengo udal-barrutietan bizitegi-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonen zenbaketak egiteko baliabide teknikoak eta pertsonalak bideratuko dituzte; foru-aldundiek zenbaketa egiteaz arduratuko diren pertsonen eskueran jarriko dituzte zuzenean zein zeharka kudeatzen dituzten zentroak eta baliabideak eta akordioak aintzat hartzen dituen ikerketak egiteko behar diren estatistika- edo kudeaketa-datuak; Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emaitzen txostena egin eta/edo finantzatuko du, eta hori aurkezteko jardunaldi monografikoak antolatuko ditu.

EUDEL arduratuko da protokoloak babesten dituen jardueretan parte hartzen duten udalen arteko koordinazioa eta informazio-trukea ahalbidetzeaz.

 

 

  • Uztailaren 20an, 21ean eta 22an, Armeniako hamahiru udalerritako hogei bat lagunez osaturiko ordezkaritza izango dugu Euskadin, EUDELekin eta zenbait udalekin batera azterketa bisita bat egiteko.
  • Bisita Europako Kontseiluak antolatu du, Armeniako tokiko agintarien interesei erantzunez, Euskadiko udalek Gobernantza egokiaren alde egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko, etika publikoa, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bezalako gaietan, besteak beste.

Bilbon, 2016ko uztailaren 19an. Datozen egunotan, uztailaren 20an, 21ean eta 22an, Armeniako alkate eta tokiko ordezkari talde bat izango dugu bisitan, Europako Kontseiluaren babespean, Euskadiko udalek Tokiko Gobernantza Egokiaren alorrean gauzatzen dituzten kudeaketa-eremu desberdinei buruzko esperientziak ezagutu eta informazioa biltzeko asmoz. Arrigorriaga, Amurrio, Basauri, Galdakao eta Getxoko udalen kasuak aztertuko dira, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere.

Etika publikoa, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bezalako eremuak lehentasunezko ardatz estrategikoak dira EAEko udalentzat, eta, beraz, baita EUDELentzat berarentzat ere. Joan den legegintzalditik, izan ere, lankidetzarako zenbait ekimen sustatzen dihardute, hala nola, Gardentasunaren aldeko udalen Sarea edota tokiko ordezkarien Jokabide Kodea.

Armeniako ordezkaritza, zehazki, 10 alkatek eta tokiko beste horrenbeste ordezkarik osatzen dute, eta 40.000 eta 1.000 biztanle arteko 13 herri eta hiri armeniarretatik datoz. Datu hori bat dator Euskadiko udalen batezbestekoarekin, udalen ia %60 baita 2.000 biztanletik beherakoa.

EUDEL ari da Armeniako ordezkaritzaren Euskadiko egonaldia koordinatzeko lanetan. Aipatutako hiru egun horietan (uztailak 20, 21 eta 22), zenbait bisita tekniko eta elkartrukerako saioak antolatu dira Euskadiko udalekin nahiz bestelako erakundeekin.

ARMENIARREN AZTERKETA BISITAREN EGITARAUA

Asteazkena, hilak 20:

09:30-11:30. EUDELen Bilboko egoitza. Euskadiko udalen esperientzia herritarren parte-hartzean (udal aurrekontuak, hirigintzako antolamendua, ‘Auzobegiraleak’).  Parte-hartzaileak: Amurrio, Basauri eta Galdakao.

12:00. Bisita Getxoko Udalera. Esperientzia: Gardentasun-ataria eta gobernu irekia.

Osteguna, hilak 21

09:30-11:30. EUDELen Bilboko egoitza. EUDEL- Euskadiko Udalen Elkartearen egitekoa eta funtzioak. Udalen arteko lankidetza-proiektuak: Gardentasun Sarea, tokiko berrikuntza agendak eta herritarren arretarako zerbitzuak (HAZ).

13:00. Bisita Gipuzkoa Foru Aldundira.  Etika publikorako, integritaterako eta gobernu egokirako foru estrategia.

Ostirala, hilak 22

09:00. EUDELen egoitzan. Bilbao Metropoli-30 Fundazioa. Bilboren hiri-eraldaketaren aurkezpena.

10:30. Bisita Basauriko Udalera. Herritarren Arreta Zerbitzua-.HAZ

12:30. Bisita Arrigorriagako Udalera. Udalaren antolaketarako formula berritzaileak – Herritarren Arretarako Zerbitzua (HAZ).

Europako Kontseiluak tokiko europar gobernuei laguntza, euskarri teknikoa eta laguntasuna emateko zenbait egitarau edo programa-ildo desberdin ditu.  Egitarau horien baitan, aldian-aldian, azterketarako eta informazio-trukerako bisitak antolatzen dira herrialde eta eskualde desberdinetako udalerrien artean, horien errealitatea eta bizi duten esperientzia bertatik bertara ezagutzeko.  *Europako Kontseilua 47 estatukidek osatzen dute, eta Armenia da horietako bat.

www.eudel.eus