Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Bizkaiko katastroaren berrikusketa 2017

Katastro-berrikusketa dela eta lurraldeko udalek hartu beharreko erabakiak errazteko asmoz, EUDELek Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko zerga-ordenantza eredu bat landu du, 3/2016 eta 4/2016 Foru Arau berrietara egokitua.

Ereduak 14 artikulu eta azken xedapena dauzka. Bertan hutsune batzuk jarri dira, udal bakoitzak egokitu ahal izateko. Era berean, 21 azalpen-oharrez eta azpi-oharrez osatu da, betetzea errazagoa izan dadin.

 

Gaur goizean, Euskadiko Tokiko Erakundeen Legeari buruzko jardunaldi teknikoen lehenengo edizioa egin da. Idazkaritza, Esku-hartze eta Zerbitzu Juridikoetako ataletako hainbat langile eta, oro har, Euskadiko tokiko erakundeetako hainbat teknikari izan dira saioan; guztira, berrogeita hamar bat lagun bertaratu dira.

IVAPek eta EUDELek lehenengo  azterketa   tekniko bat egin nahi  dute Lege horrek  Euskadiko udaletan epe  laburrera,  ertainera   eta  luzera  izango  dituen eraginei buruz.

Programaren barruan, hiru hitzaldi eskaini dira, udalentzako marko arautzaile berriaren analisiari buruzko oinarrizko hiru blokeen inguruan:

  • Esparru orokorra, Tokiko Autonomia, Euskararen Araubide Juridikoa eta udal-eskumenak

Luis Elicegui Mendizabal. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Araubide Juridikoaren zuzendaria.

  • Tokiko ordezkarien Erakunde Sistema, Antolamendua eta Estatutua, Gardentasuna eta Herritarren Parte-hartzea

Rafael Jimenez Asensio. Unibertsitateko katedraduna (akr.), Politika Zientzietako Fakultatea. Universitat Pompeu Fabra

  • Udal-zerbitzu publikoen kudeaketa eta udal-finantzaketa

Sebastian Zurutuza Mujika. Kudeaketa Estrategiako zuzendari nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundia

Hurrengo jardunaldia

Ekainak 1-Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunea. Euskaraz. Egitaraua

Bizkaiko Aldizkari Ofizialean gaur (16/05/24) argitaratu dira Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren eta Higiezinen Katastroaren Foru Arauak. Arauok Lurralde Historikoko udalerrien hiri- eta landa-lurretako ondasun higiezinen katastroa berrikusteko prozesuaren zati dira.

Udaletan hartu beharreko erabakiekin zer ikusia duen barne-lana errazte aldera, EUDEL Ondasun Higiezinen gaineko Zergari begirako ordenantza-tipoa lantzen ari da. Eredu hori ahalik lasterren bidaliko da Bizkaiko udaletara.

Foru Arauak deskargatu:

Donostian, 2016eko maiatzak 19. EUDELeko elkarteburua Imanol Landak Herri Administrazioetako kudeaketa Aurreratuari buruzko VI. Biltzarrako inaugurazio-ekitaldian parte hartu du, gaur, Donostiako Kursaal Jauregian. Biltzarra Euskal Erakunde Publikoak Bikaitasunerantz, QEPEAk antolatuta dago eta maiatzak 19 eta 20 egunetan ospatuko du.

Gaur ostegunean izan da inaugurazio ekitaldia, 9:00etan, euskal erakundeetako hainbat ordezkari bertan izan direlarik, hala nola Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, eta Imanol Landa EUDELeko elkarteburua. Itxiera ekitaldia eta sari banaketa, berriz, ostiralean izango dira, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik.

 

Une liluragarria bizi dugu. Herri erakundeek aurre egiten diegu aldaketa sakon eta konplexuei, herritarrekiko elkarlan estuagoa eskatzen baitute.

“Gardentasuna, parte-hartzea eta, batez ere, etika eta osotasun publikoa dira Gobernantza onaren balioak, gaur egun gure kudeaketa publikoa bideratzeko balioak.

Imanol Landa, Getxoko alkatea eta EUDELeko elkarteburua.

Q-Epea VI. Biltzarra

Administrazio Publikoen Kudeaketa Aurreratuari buruzko Biltzarrak, Q-Epeak-ek,  bere VI. edizioa Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian. Ostegunen eta ostiralean, kudeaketa-arlo ezberdinetako erreferentziazko profesionalek esparru publikoan kudeaketa aurreratua indartzeko gakoak eskainiko dituzte.

Sektore publikoan egunerokotasun osoa duten gaiak landuko dira: lidergoa, gardentasuna, berrikuntza, talde-lana eta komunikazioa, sormena, sare sozialen erabilera, etab. Gai hauen inguruko erronkei aurre egiteko gakoak, eta hainbat erakundek garatutako praktika onak aurkeztuko dira.

Jardunaldian zehar, zona handiko profesionalak arituko dira hizlari. Horien artean egongo dira, besteak beste, Brendan Spillane, nazioarteko aitorpena lortu duen hizlari eta ‘coach’ exekutiboa; Ester Arizmendi, Gardentasuneko eta Gobernu Oneko Kontseiluko Lehendakaria; Dolors Reig, Carlos Fernandez Guerra eta Verónica del Carpio sare sozialetako aditu eta komunikatzaileak; Xavier Marcet berrikuntza estrategikoaren arloko aholkulari eta hizlaria; eta Viktor Küppers, motibaziorako prestakuntzan eta komunikazioan aditua.

Estatu osoko erakunde publiko eta pribatuak elkartu ohi dira Q-epean: Udalak, Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, enpresa publikoak, aholkularitzak, hezkuntzako profesionalak, etab.

Informazio gehiago hurrengo esteka honetan: http://www.qepea.eus/congreso2016/eu/

  •  EUDELen Batzar Orokorrak, gaur goizean Elgoibarren egindako bileran, maiatzaren 9an aurkeztutako hautagaitza bateratu eta bakarra berretsi du, Euskadiko udaletan ordezkaritza duten indarren artean adostasuna lortu ondoren.
  • Getxoko alkateak, Imanol Landak, elkarteburu kargua beteko du berriz ere.  Irungo alkate Jose Antonio Santanok elkarteburuorde izaten jarraituko du, eta Garazi López de Etxezarretak, Errenteriako alkateordeak, bigarren elkarteburuordearen kargua hartu du.
  • Izendapenaren ondoren egindako hitzaldian, Imanol Landak Elkartearen lan komunarekiko “leialtasuna” eta “konpromisoa” eskatu die kide berriei, eta berehala “jarrera eraikitzailearekin” jokatzeko gonbit egin die.
  • Elkarteburuak azpimarratu duenez, “EUDEL ez da entelekia bat”, eta alkate eta zinegotziek baino ezin dute “elkartea funtzionarazi”.

Elgoibar, 2016ko maiatzaren 16a. Euskadiko udaletako alkateek, gaur goizean Elgoibarko Herriko Antzokian izan den Batzar Orokorrean, joan den maiatzaren 9an hainbat indarrek aurkeztutako hautagaitza bateratu eta bakarra berretsi dute aho batez, EUDELen, Batzorde Eragilearen eta hiru lurralde batzordeen organo berrietan Euskadiko tokiko gobernuetako sentsibilitate guztiak gehitzeko adostasuna lortu ondoren.

Emandako 811 botoen 808 botorekin (3 zuriak) onartu da hautagaitza bateratua. Getxoko alkatea, Imanol Landa, EUDELen elkarteburu aukeratu dute berriro, 2016-2019 aldirako. Irungo alkate Jose Antonio Santano 1. elkarteburuordea izango da berriro ere, eta Errenteriako alkateorde Garazi López de Etxezarreta 2. elkarteburuordea izango da.

Elkarteburuaz eta bi elkarteburordeez gain, Batzorde Eragile berria 12 kidek osatuko dute: 12 emakume eta gizon, hiru lurraldeetako zinegotziak, tamaina guztietako herrietakoak eta kolore guztietako tokiko gobernuetakoak.

Batzorde Eragileaz gain, gaurko Batzarrean EUDELen Lurralde Batzorde bakoitzeko (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) 9 kideak ere berritu dira. Horietako bakoitzean, aurkeztutako hautagaitza bateratu eta bakarra berretsi da.

Egun historikoa eta hasiera berria

Berriro ere elkarteburu izendatu ondoren eman duen hitzaldian, Imanol Landak EUDEL indartzen duten “pluraltasun zabala eta adostasuna” nabarmendu ditu, “indar guztien eskuzabaltasunari eta adostasunerako borondateari esker”.

Landaren iritziz, gaurkoa “egun historikoa” da EUDELentzat, baita “hasiera berria” ere, Euskadiko Udalen Elkarteak egiten duen lanerako.

Udalek eta EUDELek une honetan dituzten bi erronkarik garrantzitsuenak ere aipatu ditu Getxoko alkateak. Lehenengo erronka Euskadiko Tokiko Erakundeen Legea abian jartzea da. Imanol Landak azaldutakoaren arabera, “zeregin garrantzitsua” ematen dio EUDELi, araudi berria udaletan ezartzeko xedez; izan ere, oso beharrezkoa da, “Euskadiko tokiko autogobernurako berezko markoa” gauzatu ahal izateko.

EUDELen balioak

Bigarren erronka gisa, udalek tokiko gobernantza onaren balioekin duten konpromisoa azpimarratu du elkarteburuak, hau da, berdintasuna, etika eta erakunde osotasuna, gardentasuna, parte-hartzea eta herritarrekiko hurbiltasuna.

Imanol Landak euskara nabarmendu du EUDELen funtsezko balioen artean, eta “udalen berezko eskumen gisa onartzea” aurrerapausotzat jo du. Azaldu duenez, Lege berriak “segurtasun juridiko osoa ematen dio, eta, aldi berean, udalek ekitaldi eta izapide administratiboak euskaraz egin ahal izatea sustatzen du”.

Baina, batez ere, adostasuna EUDELen balio nagusi gisa zaintzeak duen garrantzia azpimarratu du. “Posible izan da beste esparru batzuetan lortzeko zailak izan diren akordioak lortzea udaletan. Era berean, EUDELen araua adostasunean lan egitea izan da, eta etorkizunerako printzipioa eta konpromisoa ere bada. “

Hiru mezu, etapa berrirako

Imanol Landak aukera baliatu nahi izan du Batzorde Eragileko eta lurralde batzordeetako kide berriei ongietorria emateko; hiru mezu helarazi dizkie, EUDELen hasiko duten etapa berrirako.

Lehenik eta behin, EUDELekiko “leialtasuna” eskatu die, eta lan komunari “jarrera eraikitzaileaz eta bestearen tokian jartzeko enpatiaz” berehala ekiteko gonbit egin die.

Bigarrenik, zera gogorarazi die kide berriei: “EUDEL ez da entelekia bat. Alkateak eta zinegotziak gara EUDEL”. Beraz, “guk geuk soilik funtzionarazi dezakegu, denok bat”, gaineratu du.

Azkenik, “jabetzeko eta guregan konfiantza izateko” animatu ditu Landak tokiko gobernuak. Azaldu duenez, “tokiko autonomiari esker, adin nagusikoak garela sinetsi eta sentituko dugu, inork eskatu arte zain egon gabe, eta beste erakunde batzuen tutoretzaren beharrik gabe”.

“Lurraldea eta Hizkuntza. Oraina & geroa” maiatzaren 12an

Lurralde-antolakuntzaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harreman kezkagarria mahaigaineratu genuen 2014ko Lurraldea eta Hizkuntza I. jardunaldietan  (Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea), hirigintza-proiektuen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) izeneko tresna baten beharra agertuz.

2015eko Lurraldea eta Hizkuntza 2. jardunaldietan (Lurraldea eta Hizkuntza. Erronkak & Tresnak) ELE tresna horren lehen bertsioa aurkeztu genuen.

Eta, oraingoan, gaiaren lanketa akademikoari jarraipen logikoa emanez, ELE tresnaren oraina eta etorkizuna irudikatu nahi dugu LuHi3 jardunaldietan, esperientzia zehatzak aurkeztuz, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileez hausnartuz, eta ELE tresnaren txertaketa legal posiblea iradokiz.

Ikusi programa: Lurraldea eta Hizkuntza. Oraina eta geroa.
Jardunaldiak DOAN dira, baina izena eman behar da www.ueu.eus web gunean, maiatzak 8a baino lehen.

Noiz: 2016ko maiatzaren 12an
Non: Donostian, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan
Nori zuzendua: Euskararen indarberritzearekin arduratuta dauden profesional eta teknikariei

Antolatzaileak: UEU, UEMA, Kontseilua eta GFA

“Euskadiko udaletan izango dituen eraginei buruzko lehenengo azterketa”. 

Hogeita  hamabost  urte  luze zain egon  ondoren, euskal toki-erakundeak eta zehazkiago, udalerrien  autonomía, arautzen  dituen  Legea jarri da indarrean  Lege hori  EHAAn argitaratu ondoren.

IVAPek eta  EUDELek lehenengo  azterketa   tekniko bate gin nahi  dute Lege horrek  Euskadiko udaletan epe  laburrera,  ertainera   eta  luzera  izango  dituen eraginei buruz.

Helburu  horrekin  antolatu dira  arau-esparru  horren gai garrantzitsuenei buruzko azterlanaren gaineko Jardunaldi Tekniko horiek, betiere udalek berehalako eta hurbileko etorkizunean aurre egin beharko dieten arazo eta erronken dimentsio praktikoari eragiten dionari dagokionez.

Izena-emateko helbidea (Dohanik) eta egitaraua

Jardunaldietara joateko interesa duenak edizio bakoitzeko egitarauan aipaturiko epea edukiko du, onlineko  helbidean eskabidea egiteko.

  • BILBO – Ejainak 8 (*edizio berria)
    • PDF egitaraua
    • Lekua: Foru Agiritegi Historikoa. Areto nagusia (Maria Díaz de Haro 11, 1). Bilbo
    • Ordutegia: 09:30 – 14:15h.

“Nueva Ley de Espectáculos Públicos y Actividades Recreativas“ izeneko jardunaldia (bigarren edizioa), datorren maiatzaren 17an izango da, 10:00etatik 12:30etara(Lakua II, Vitoria-Gasteiz). EUDELek eta IVAPek elkarrekin antolatu dute jardunaldi hau.

Jardunaldia, Euskadiko tokiko erakundeetako teknikariei dago zuzendua, eta bertaratuek ez dute ezer ordaindu beharko, dohainik da.

Bertaratzeko asmoa baduzu, mesedez bidali konfirmazioa, helbide elektroniko honetara, maiatzaren 10a baino lehenago: miriam-berasategi@ivap.eus

Izenburua: “Nueva Ley de Espectáculos Públicos y Actividades Recreativas”

Eguna: Maiatzaren 17an

Ordutegia: 10:00-12:30

Tokia: Euskaldun Berria Aretoa. Lakua 2. Donostia-San Sebastian, 1. Vitoria-Gasteiz

EGITARAUA

10:00-10:15 Aurkezpena

Ponentziak

  • María Pilar Etxezarreta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Gipuzkoako arduraduna
  • Isabel García, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Arlo Juridikoko arduraduna

10:15-12:30 Programa

  1. Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jardueren legearen berrikuntzak
  2. Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jardueren Erregelamendu Proiektuaren aurrerapena
  3. Galderak eta arazoen bateratzea