Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Finantzen Lurralde Kontseiluak, gaur eguerdian Bilbon egin duen bileran, berretsi egin ditu Kontseiluak urrian egindako aurreko bilerako aurreikuspenak. Orduan aurreratu zen 2017ko ekitaldiko likidazioa ez zela negatiboa izango. Lehenengo aldiz 8 urtean udalek ez dute dirurik itzuli beharko eta, diru-bilketaren gehikuntzari esker, 2017ko ekitaldian kontura emandako diru kopurua baino 12.147.328 euro gehiago ordainduko dizkie Bizkaiko Foru Aldundiak udalei. 2017an konturako emateak 795 milioi euro pasatxo izan ziren, eta orain, ekitaldiko likidazioaren ostean, behin betiko zenbatekoa 807 milioi izan da, % 1,5 handiagoa.

  • Bizkaiko udalek ez diote Udalkutxari dirurik itzuli beharko lehenengo aldiz 8 urtean, eta 12 milioi gehiago jasoko dituzte
  • 2017ko ekitaldiko likidazioaren ondoren, diru-bilketaren gehikuntzari esker, 2017ko ekitaldiko konturako emateetan baino 12,1 milioi euro gehiago ordainduko dizkie Bizkaiko Foru Aldundiak udalei, hau da, udalek jaso beharreko guztizko zenbatekoa % 1,5 hazi da.

2017ko Udalkutxaren likidazioa: Udal bakoitzeko banakako datuak

Gaurko Kontseiluko bileran udal ordezkariei emandako informazioa erantsi da dokumentuan dago jasota, eta, horietan, lurraldeko udalerri bakoitzeko banakako datuak eskaintzen dira: IKUSI DOKUMENTUA

SAAD funtsak eta udalerri txikietan azpiegituretako laguntzak

Horretaz gainera, Bizkaiko udalek autonomiarako eta mendekotasuneko laguntzarako SAAD funtsetatik 10.725.125 milioi euro gehiago jasoko dituzte. Estatuko Administrazio Orokorrak transferituko ditu, kupoari buruzko akordioa sinatu eta gero. Diru kopuru hori ordainketa bakarrean jasoko da, eta 2012-2017 bitarteko SAAD funtsen atzerapenen erregularizazioaren ondorio da, Estatuarekiko Kupoaren Batzorde Mistoan adostutako mailarekin bat etorriz.

Bizkaiko Foru Aldundiak Kontseiluan jakinarazi du, halaber, joan zen urtarrilaren amaieran dekretu bat argitaratu zela lurraldeko udalerri txikietan azpiegiturak finantzatzea helburu duten 2 milioi euroko laguntzak emateko. Deialdi hori datorren martxoaren 16ra arte egongo da indarrean. Gehienez 7.500 biztanle dituzten udalerriek parte hartu ahal izango dute, eraikinetan zaharberritze obrak egiteko, oinezkoentzako eremuak atontzeko, bide publikoak eta hiri aparkalekuak egiteko eta ekipamendu publikoak estaltzeko, beste helburu batzuen artean.

*Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte hartzeko organoa da, udal finantzaketaren banaketa helburu duena, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoko jarduera ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontu-jardueraren koordinazioa ere.

Hamar kide ditu, eta horietatik bost EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen izenean parte hartzen dutenak, hau da, Balmasedako alkatea, Álvaro Parro, Bilboko Ekonomia eta Ogasun Saileko zinegotzia, Marta Ajuria, Ermuko alkatea, Carlos Totorika, Larrabetzuko alkatea, Iñigo Gaztelu eta Muskizko alkatea, Borja Liaño. Beste bost kideak Bizkaiko Foru Aldunditik datoz: Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua eta Kontseiluko burua; Ogasun eta Finantzen foru diputatua; Gizarte Ekintzako diputatua; bozeramailea eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua; eta Ogasun eta Finantza Saileko idazkari nagusi teknikoa

Donostian. Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan udal ordezkariei emandako informazioa. Kontseilua gaur (2018ko otsailaren 14a, asteartea) arratsaldean bertan bildu da, Herri Dirubideen Euskal Kontseilua atzo egindako bileraren ondoren.

Informazio hori erantsitako dokumentuan dago jasota, eta, horietan, lurraldeko udalerri bakoitzeko banakako datuak eskaintzen dira, 2017 ekitaldiko Udalak Finantzatzeko Foru Fondoaren likidazioari dagokienez.

*IKUSI TAULA: UDALERRI BAKOITZEKO DATUAK

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa

  • · 2017an, udalen finantzaketa (UFFF + konpentsazioa) 468 milioi eurokoa izan da
  • · Udalen finantzaketa (UFFF + konpentsazioa) %4,22 hazi da 2016tik 2017ra

Bestalde, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) 2017ko likidazioaren berri ere eman diete foru arduradunek batzarkideei eta, arratsaldean, zuzenean partekatu dute informazioa udaletako ordezkariekin Gipuzkoako Finantza Kontseiluan. Horrela, funtsaren 2017ko zuzkidura 468 milio eurokoa da, lurraldeko udalen artean banatzeko. Honenbestez, 2016an baino 19 milioi euro gehiago izango dituzte, %4,23ko hazkundea. Aurrelikidazioarekin alderatuz gero ez da aldaketarik egon eta, beraz, eragina neutroa da; beraz, Gipuzkoako udalek ez dute aurten itzulketarik egin beharko.

>Laster EUDELetik landutako informazio gehiago eskainiko da UDALA aldizkaria ale monografiko berriaren bidez: ‘Udal finantzaketa-2018ko otsailak ’

Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek aurten Ekarpenen Lege berria adosteko konpromisoa hartu dute. Erakunde bakoitzaren finantziazio beharrizanei buruzko txosten bat egingo dute maiatzaren 31 baino lehen.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko otsailaren 13an. Gaur arratsaldean, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren urteko lehenengo bilera egin da; izan ere, aipatutako Kontseilua bilketa kopuruak aztertu eta herrialde osoko baliabideen banaketa erabakitzeko Euskadiko erakunde organo gorena da.

HDEK-k gaur, 2018ko otsailaren 13an, euskal ogasunen 2017ko bilketa berretsi du, aurretik jakinarazi izan zen bezala, 14.473,9 milioi eurokoa, iazkoa baino %11,8 gehiago. Hori, termino absolutuetan, 1.523 milioi euro dira.

Eudeleko Elkarteburuak datu hauek aldekoak direla esan du, “agertoki positibo” bat irudikatzen dutelako 2018ko egoera ekonomiko-finantzariorako, aurreko urteekin alderatuz, non udalek lurralde bakoitzaren foru funtsei dagozkien itzulketak direla-eta zailtasunei aurre egin behar izan dieten. Dena dela, Imanol Landak adierazi du “udaletako bilketaren inpaktua zein den benetan ezagutzeko, Finantzen Lurralde Kontseiluak beharrezkoak direla“. Hurrengo egunetan Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian deituta daude, eta udal bakoitzaren banakako datuak xehetasun handiagoz aztertuko dituzte udal eta foru arduradunek, Foru Funtsei (FOFEL, Udalkutxa eta FFFM) 2017ko ekitaldirako dagokienean, eta tokiko mailan egoera zehatzago baloratzeko aukera emango dute.

18/02/13 Finantza Kontseiluak hartutako erabakiak (Iturria: EJ-Ekonomia eta Ogasuna)

Ekarpenen Lege berria, maiatzaren 31 baino lehen

Euskadiko erakunde guztiek hurrengo hilabeteetan Ekarpenen Lege berriari buruzko akordioa hartzeko konpromisoa hartu dute (2012tik atzeratzen ari da), urtea amaitu baino lehen testua Eusko Legebiltzarrera bidali ahal izateko.

Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk astearte honetan eman du erabakiaren berri, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren (HDEK) bileraren ostean. Bertan, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariak daude.

HDEK-ko bileran, maiatzaren 31rako Euskadiko hiru erakunde mailetako (autonomikoa, forala eta udalekoa) finantziazio beharrizanei buruzko txosten bat onartzea erabaki da.

Testua, zeina Ekarpenen Legea aldatzearen aurreko pauso gisa egitea Euskadiko Toki Erakundeen Legeak erregulatzen baitu, egungo Ekarpenen Legea aldatuko duen araua egiteko oinarri izango da (2012tik atzeratzen ari da).

EUDELeko elkarteburu Imanol Landaren ustez, “oso lege garrantzitsua” da, Euskadiko erakundeen arteko diru-sarreren banaketa erregulatzen duelako, eta gogorarazi du arau horren gaineko erabakia hartzeak “udalen akordioa behar duela”, LTHren 28.10 artikuluak ezartzen duenaren arabera, akordio hori hiru foru ordezkariek eta hiru udal ordezkariek hartu behar dutelako, eta gehiengo osoa behar du (4 boto gutxienez).

Erlazionatutako albistea:“Udalen botoa ezinbestekoa da Ekarpenen Lege berrian”

Hiru lurraldeetako eta tamaina ezberdinetako udalak

HDEKn, udalek erakunde maila ezberdinekin batera parte hartzen dute, Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru Foru Aldundiekin, alegia. Euskadiko Toki Erakundeen Legearen ostean, udalek aukeratutako hiru ordezkari dituzte Lurralde Historiko bakoitzeko, eta askotariko populazio-tamainako udalerrietakoak. Zehazki, hiru dira EUDELeko ordezkariak:

Imanol Landa Jauregi, #Getxoko alkatea (Bizkaia) eta Eudeleko elkarteburua

Josune Irabien, #Amurrioko alkatea (Araba)

Eneko Maioz, #Orexako alkatea (Gipuzkoa)

Eudelen elkarteburuak eta Osasun Arretako Euskal Kontseiluko ordezkariak, Bilboko zinegotzi Iñigo Pombok, 2017-2010 aldirako arreta soziosanitarioko lehentasun estrategiko berrien aurkezpenean hartu dute parte gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien, udalen, Arartekoaren eta esparru soziosanitarioko eragileen ordezkari-talde handi batekin batera.

Bere hitzaldian, Iñigo Pombo, Eudeleko ordezkariak azpimarratu du estrategia hori giltzarria da gure sistema soziosanitarioa garatzeko. “Batetik, oinarrizko gizarte-zerbitzuak definitzerakoan, esaten da gizarte-zerbitzuen sisteman sartzeko ateak direla; bestetik, osasun zentroek eta lehen mailako arreta sanitarioak irekitzen dituzte osasun sistemarako ateak. “

Iñigo Pomboren ustez “behar-beharrezkoa da bi sistemen arteko elkarlana; bat-egite hori lehen mailako arreta soziosanitarioko taldeen bitartez egituratzen da. Hasieratik oso argi egon bada ere, zenbait zirkunstantzia tarteko, ezin izan da egoera hori ondo gauzatu, eta, beraz, estrategia soziosanitario gisa definitu behar izan da. Bi sistemek badaramate jada denboratxo bat elkarlanean; arazoei elkarrekin egiten diete aurre, baina, aurrera egiteko, harremanak errazteko tresnak behar dira, era horretan, behar dutenek aukera izan dezaten bi sistemek lan egiten dutenean “koordinatuta, aldi berean eta era egonkorrean” egin dezaten. “

Aurkezteko jardunaldia

Iñigo Urkullu Lehendakaria, gaur goizean, 2017-2020 Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak aurkezteko Donostian egin den jardunaldiko buru izan da. Bertan, Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua ere izan dira, bai eta Ramiro González, Unai Rementería eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, hurrenez hurren, Imanol Landa EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko presidentea ere, euskal administrazioetako ehunka ordezkarirekin, hirugarren sektoreko profesional eta kideekin batera, eremu guztiek pertsonen gizarte- eta osasun-beharrei erantzuteko plangintza berri horri laguntzeko.

Gaur aurkeztu den dokumentuak sei lehentasun zehazten ditu, eta horiek, aldi berean, 17 proiektu estrategiko garatzen dituzte, guztira.Honako hauek dira lehentasunak:

1.- Koordinazioaren egituraketa soziosanitarioa

2.- Baliabideen egituraketa soziosanitarioa

3.- Arretaren egituraketa soziosanitarioa

4.- Prebentzio soziosanitarioa eta herritarren parte-hartzea

5.- Ebaluazio soziosanitarioa

6.- Berrikuntza soziosanitarioa.

Informazio gehiago: http://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/43792-lehendakari-reafirma-apuesta-las-instituciones-vascas-por-mantener-una-atencion-sociosanitaria-calidad-euskadi-haciendo-frente-los-retos-demograficos

Eraso sexisten aurkako APPa dela-eta, EUDELek argitu nahi du ez dela inolako erabakirik hartu berau Euskadiko udaletara zabaltzeko.

EUDELen iritziz, berdintasunaren alde eta emakumeekiko indarkeriaren kontra duen konpromiso sendotik, ezinbestekoa da tresna hori arretaz aztertzea, sektore-inplikazio ugari baititu, baita Eusko Jaurlaritzako Segurtasun  Sailarekin batera hausnarketa egitea ere, bai halaber, hala badagokio, beste eragile instituzioal batzuekin. Hala bada, EUDEL dagoeneko Sailarekin jarri da harremanetan.

Bilbon, 2018ko urtarrilak 2.

EUDELen eta Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) Berdintasun aroko ordezkaria, Ibon Uribek gaur goizean Novia Salcedo Fundazioak antolatutako ‘Herritarren arteko elkarrizketa’ eta mahai-inguruan parte hartu du, Marianne Thyssen Europako Enplegu eta Gizarte Gaietako komisario europarraren bisita dela-eta.

Jardunaldia Bilboko Euskalduna Jauregian izan da; 11:00etan hasi da gazteekin egindako topaketa batekin, eta gazteen enpleguaz eta Europako zutabe sozialaz aritu dira. Komisarioak berak eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak hartu dute parte.

Topaketaren ondoren, 12:30ean, berdintasunari buruzko mahai-inguru bat egon da, eta, bertan, Ibon Uribek –Galdakaoko alkatea eta EUDELeko ordezkaria– hartu du parte.

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (CMRE) presidentea den aldetik, Ibon Uribek hitza hartu duenean, Genero berdintasunari buruzko Europako Institutuaren (EIGE) datu batzuk eman ditu, eta egoera hobetzeko zenbait proposamen azaldu ditu, tokiko gobernuen eta berdintasunaren arloko politika publikoen bidez lortzekoak. Ezar litezkeen neurriei dagokienez, hauek dira Ibon Uribek azaldu dituen batzuk:

  • EIGEren indizearen datu estatistikoak helaraztea lurralde eta udalerriei.
  • Europa mailan, talde lana indartzea, maila desberdinetako erakundeen arteko lankidetzaren bitartez eta Europako udalerrien lankidetza eta saretzearen bitartez. EAEn jada badago erreferente bat: Berdinsarea, Berdintasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarea, Eudel eta Emakundek sustaturikoa.

Ildo horretan, udalerrietan berdintasuna sustatzeko xedez erakunde, eragile sozial eta herritarrek elkarlanean sortutako tokiko programa eta ekimenak Europako finantzaketarekin babestearen alde mintzatu da Ibon Uribe. “Genero berdintasunean aurreratzeko ahaleginak babesteko funts eta programa egokiak behar dira”. “Bereziki, Berdintasunerako Europako Gutuna eta horretarako Behatokia, bai eta berdintasunaren alorreko tokiko eta lurralde mailako beste ekimen batzuk ere.”

EGITARAUA eta informazio gehiago: http://www.noviasalcedo.es/eu/dialogo-ciudadano-con-la-comisaria-europea-marianne-thyssen-mesa-redonda-sobre-igualdad/

UHINAK Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko III. Kongresuaren hirugarren edizioa 2018.eko martxoaren 6 eta 7an izango da Ficoban, Irunen. Kongresuaren antolatzaileak Ficoba Fundazioa eta Azti Teknalia dira.

Uhinak, aldaketa klimatikoak eta muturreko gertakariek itsasertzean duten eraginari buruzko mugaz gaindiko kongresua da. Kongresuaren helburua klima aldaketari aurre egiteko kudeatzaileen beharrak ezagutzea da eta mundu zientifikoak behar horiek asetzeko zein ekarpen dituen. Horretarako Uhinak-ek alderdi inplikatu guztiak (zientzialariak, teknikoak eta administrazioak) biltzen dituen diziplina anitzeko ikuspegia proposatzen du.

Kongresuak 12 hitzaldi gonbidatu, beste 25 ahozko aurkezpen eta 8 poster izango ditu eta egitarauak entzute handiko hizlariak bilduko dituKontsultatu hemen kongresuaren egitaraua

Kongresuan izena eman ezazu uztailaren 31a baino lehen eta inskripzio aurreratuentzako prezio berezia izango duzu. Sar zaitez hemen kongresuan izena emateko

  •  “Jaiotza-tasa handitzea eta seme-alabak dituzten familientzako laguntzak areagotzea herrialdearen helburu dira”
  • Urkullu´k, Landa’k, González´ek, Rementeria´k eta Olano´k familien eta haurren aldeko ituna sinatu dute
  • Euskadin, urtean, 18 mila ume jaio dira; amatasunaren batez besteko adina 33,4 urte da, eta ugalkortasun-tasa 1,39koa
  • Itunaren funtsezko balioak honako hauek dira: errespetua, berdintasuna, aitorpena, elkartasuna eta autonomia
  • Pasa den abenduaren 20an, Familiaren Euskal Kontseiluak aho batez onetsi zuen
  • “Euskadik, Europako gizartearen parte den aldetik, biztanleen pixkanakako zahartzeari eta jaiotza-tasa sustatzeko beharrari erantzungo dieten gizarte-, kultura- eta ekonomia-politikak garatzeko erronka du”
  • Ituna legegintzaldi honetarako hiruhileko honetan onetsiko den familia eta haurrentzako laguntzen eremuko jarduera-planean zehaztuko da  
  • Planak aurreikusten du 2 eta 3 urteroko bitarteko gorakada bigarren semeagatiko edo alabagatiko laguntzetan; horrek urtean 5 milioi euro arteko inbertsio gehigarria ekarriko du

Iñigo Urkullu Lehendakariaren iritziz, gaur goizean Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta euskal udalerriek sinatutako Familia eta Haurren Itunak “erronka demografikoari eta gazteriaren aldeko apustuari erantzuten die, Euskadiren etorkizuneko ikuspegiko lehentasun partekatua dela kontuan hartuta”. Imanol Landa EUDELeko elkarteburuak, Ramiro González, Unai Rementería eta Markel Olano diputatu nagusiek, eta Lehendakariak, gizarte-erakundeetako eta hirugarren sektoreko ordezkarien aurrean, Familiaren Euskal Kontseiluak abenduaren 20an onetsitako akordioa berretsi dute.

Iñigo Urkullu´k eskerrak eman dizkie administrazio publikoei eta familiaren eta haurren eremuan lan egiten duten gizarte-erakundeei, “jasotako ekarpenengatik eta lan partekatuaren espirituagatik, auzolanagatik, itunean lagundu baitute, garrantzi handiko erakunde- eta gizarte-konpromisoan. Gure helburu partekatua da Euskadiko familia eta haurrei laguntzea eta horiek bultzatzea. Hori da sustatu nahi dugun ondasun komuna”.

“Itun hau diagnostiko partekatuan oinarritzen da, eta egiturazko bi fenomenori erantzuten dieten politiken ekintza koordinatua antolatzen du: pertsonek beren proiektu familiarra hasi ahal izatea zailtzen duten oztopoek irautea eta nahi beste seme-alaba izatea, alegia, jaiotza-tasa baxuak. Euskadin, urtean, 18 mila ume jaio dira; amatasunaren batez besteko adina 33,4 urte da, eta ugalkortasun-tasa 1,39koa” esan du Lehendakariak.

Era berean, Urkullu´k nabarmendu ditu “belaunaldien artean desberdintasunen transmisioarekin amaitzeko dauden zailtasunak, seme-alabak dituzten familiek gabezia ekonomikoak dituztelako, alegia, aukera-berdintasunaren printzipioaren eztabaida”.

BALIOAK

“Itunaren funtsezko balioak honako hauek dira: errespetua, berdintasuna, aitorpena, elkartasuna eta autonomia –esan du Lehendakariak–, eta familia-proiektuaren inguruan erabakitzeko eta hautatzeko askatasunarekiko errespetua; familiako kide guztienganako errespetua; aniztasunarekiko eta familia-mota desberdinei berdintasunean oinarritzen den tratamenduarekiko errespetua; emakume eta gizonentzako aukera-berdintasuna, eta erantzunkidetasuna; familiak belaunaldien elkartasunaren eragile gisa duen egitekoaren aitorpena; familiak askatasunaren, elkartasunaren, errespetuaren, tolerantziaren, berdintasunaren, aniztasunaren, partaidetzaren eta bizikidetzaren balioen transmititzaile gisa duen egitekoaren aitorpena; ahultasun-egoera berezian edo bazterketa-arriskuan dauden familiekiko elkartasuna; eta guztien autonomia, familia-eremuan erabateko garapen pertsonala izateko”.

Urkullu Lehendakariak, EUDELeko elkarteburuarekin, diputatu nagusiekin,  eta Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, nabarmendu du “jaiotza-tasa handitzea eta seme-alabak dituzten familientzako laguntzak areagotzea herrialdearen helburu dela. Sinatu dugun familien eta haurren aldeko itunak Europara hurbiltzen gaitu, eta helburu du gure gizarte-politikak Europako erakundeek sustatutako gizarte-inbertsioaren paradigmara egokitzea. Paradigma berri horren ezaugarria da konponketarako politika batzuetatik prestaketarako beste politika batzuetara igarotzea”.

“Euskadik, Europako gizartearen parte den aldetik, biztanleen pixkanakako zahartzeari eta jaiotza-tasa sustatzeko beharrari erantzungo dieten gizarte-, kultura- eta ekonomia-politikak garatzeko erronka du. Gaur sinatzen dugun ituna legegintzaldi honetarako urteko lehen hiruhileko honetan onetsiko den familia eta haurrentzako laguntzen eremuko jarduera-planean zehaztuko da; beste neurri batzuen artean, 2 eta 3 urteroko bitarteko gorakada aurreikusten du bigarren semeagatiko edo alabagatiko laguntzetan; horrek urtean 5 milioi euro arteko inbertsio gehigarria ekarriko du”, esan du Urkulluk.

Lehendakariak eta diputatu nagusiek Lehendakaritzan azaldu duten bezala, “gaur, Europan, familia- eta hezkuntza-politikak eta genero-berdintasuneko politikak funtsezko elementutzat jotzen dira, gizarte- eta ekonomia-garapenerako. Ikuspegi hori haurretan inbertitzeko, aukera-berdintasunerako gizarte-mugikortasunerako bide ematen duten baldintzak sortzeko, emantzipazio-prozesuei eta helduarora igarotzeko prozesuei bide emateko, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko eta emakumeak ordainpeko eta kalitateko enplegura jo ahal izateko aukera ematen duten zerbitzuetan oinarritzen da.

DEKALOGOA

Lehendakariak esan du “itun honen bidez, Familientzako IV. Laguntza Planean gauzatuko diren ekintza, konpromiso eta aurrekontu bereziei bide emango zaiela. Plana gaur geure gain hartzen ditugun konpromisoen dekalogoa lortzen aurrera egiteko ibilbide-orria da: 1.- Gutxieneko ekonomia-baliabideak bermatzea seme-alabak dituzten familia guztiei eta haur-pobrezia prebenitzea, familia-aniztasuna errespetatzen dela. 2.- Aitek eta amek beren seme-alabei behar besteko denbora guztia eskaini ahal izateko bide ematea eta, horretarako, gizarte-denbora egokiago antola dadin sustatzea eta antolamendu erantzunkideari bide ematea. 3.- Gazteen emantzipazioari eta bizi-proiektu autonomoei bide ematea, nahi izanez gero, ondorengoak izan ahalko dituzten familia-unitate berriak sortu daitezen bultzatzeko. 4.- Gurasotasun positiboko, haur-osasuneko, gatazken prebentzioko eta familia-bitartekaritzako programak sendotzea, aita eta amen guraso- eta hezkuntza-gaitasunak sendotzeko. 5.- Ume guztiek irisgarriak eta eskuragarriak diren kalitateko haurrentzako arreta-zerbitzuak jasotzeko aukera izatea.  6.- Hezkuntza-politikak birbideratzea eta eskola-sistema inklusiboan eta koedukatzailean sakontzea, zuzentasuna bermatzeko eta gizarte- eta ekonomia-egoera desabantailatsuan dauden ikasleen zailtasunak konpentsatzeko gai izanik. 7.- Ume eta gazteek, baldintza-berdintasunean, gizarte- eta hezkuntza-, kirol-, kultura- eta aisia-baliabide eta –ekipamenduen eskaintza zabalagora jo ahal izatea. 8.- Lehentasuna ematea lankidetzari, politika publikoetan eragina duten gaien dimentsio ugariko izaera kontuan hartuta: genero-ikuspegia, hezkuntza, berdintasuna, osasuna, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak, kultura edo enplegua. 9.- Gai horiekin zerikusia duten eragile pribatuak sentsibilizatzea, bereziki lan-harremanetan inplikatuak, besteak beste, sindikatuak eta enpresa-elkarteak.  10.- Familia- eta haur-politiken gobernamendua hobetzea.

“Itun honen bidez, herrialdeko erronkari erantzun nahi zaio, eta konpromiso publikoa dakar eta familiek giza harremanaren, gizarte-hezkuntzaren, hezkuntza afektiboaren eta komunitarioaren nukleo gisa duten garrantzia aitortzen du. Familia-proiektu bat bizi-baldintza onenetan egitearen aldeko apustua egiten du, eta erronka demografikoan eta gazteen aldeko apustuan zentratzen da, kontuan izanik gure Euskadiren etorkizuneko ikuspegian lehentasun partekatua dela”, esan du amaitzeko.