Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Erreminta digital honek erabiltzaileei aukera ematen die administrazio edo zerbitzu publikoko txartel edo zerbitzuak mugikorrean eramateko (Osakidetzako txartela, Gaztetxartela), jakinarazpen garrantzitsuak jasotzeko edota Lanbide edo metaposta bezalako webguneetan sartzeko
  • Jaurlaritzaren eta EUDELen arteko lankidetzari esker, dagoeneko 14 udalerri batu dira zerbitzura, eta udalerri horietako bizilagunek udal-txartelak ere digitalizatu ditzakete, hala nola liburutegiko edo kiroldegiko txartelak

NIK Patrika Digitala Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak garatutako zerbitzu digitala da eta helburu du pertsonen egunerokotasuna erraztea eta Administrazioaren eraldaketa digitala sustatzea. Izan ere, tresna digital honek administrazio edo zerbitzu publiko desberdinetako txartel edo zerbitzuak mugikorrean eramateko (Osakidetzaren txartela, Gaztetxartela…), bai eta abisu eta jakinarazpen garrantzitsuak jasotzeko edo Lanbide edo metaposta bezalako webguneetara sartzeko aukera ematen du, APP bakar bat erabilita.

Halaber, dagoeneko 14 udalerri batu dira zerbitzura, eta, beraz, NIK Patrika Digitalaren parte diren herrietako bizilagunek udal txartelak ere sar ditzakete APP horretan, hala nola, kiroldegiko txartela edo liburutegiko txartela. NIk Patrika Digitala zerbitzua eskaintzen duten udalak honako hauek dira: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Abadiño, Amorebieta-Etxano, Elgoibar, Galdakao, Gernika-Lumo, Legazpi, Lemoa, Mungia, Ondarroa, Santurtzi eta Zalla.

Informazio-kanpaina

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak zerbitzuari buruzko informazio-kanpaina garatu du, bi helbururekin: batetik, APPa herritarren artean ezagutaraztea eta pertsona gehiagok zerbitzua erabil dezaten lortzea. Eta, bestetik, udalerri gehiagotara zabaltzea NIK Patrika Digitala aplikazioa.

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatua du EUDELekin, Nik Patrika Digitala tresna udalen eskura jartzeko. Orain, Euskadiko Udalen Elkartearen bidez, zirkular bateratu bat bidali da EAEko udal guztietara, atxiki gabeko udalerriek bat egin dezaten zerbitzuarekin.

NIK Patrika Digitala APPa erabili nahi duten pertsonek informazio guztia eskuragarri dute nik.euskadi.eus webgunean, eta aplikazioa Apple store-n eta Play store-n deskarga daiteke. Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, zerbitzua erabiltzeko beharrezkoa da BakQ identifikazio elektronikoa; BakQ-a online edo aurrez aurre eskuratu edo berritu daiteke.

 

Topaketa egin dute asteazken honetan, Nafarroako Federazioaren egoitzan

Iruñean, 2024ko abenduaren 4an. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko elkarteburu Esther Apraizek eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) lehendakari Xabier Alcuazek bilera egin dute gaur goizean Nafarroako erakundearen egoitzan, udalen elkarte bakoitzaren lankidetza-eremuak eta hainbat gairi buruzko informazioa partekatzeko. Bileran, Nagore Alkorta EUDELeko elkarteburuordea, María del Mar Zabala Elkarteko zuzendari nagusia eta Berta Enrique NUKFeko idazkari nagusia ere izan dira.

Bi udal-erakundeek beren proiektuak eta ekintzak azaldu dizkiote elkarri, udalerrien erronka komunei erantzuteko, herritarren mesedetan. NUFKen eta EUDELen eginkizun nagusia tokiko autonomia eta nahikotasun finantzarioa defendatzea da, bi zutabe horien bidez tokiko erakundeak indartzeko eta pertsonengandik hurbilen dauden politikak eta zerbitzuak hobetzen jarraitzeko.

Hala, topaketan zehar, bakoitzaren egoeraz eta aurrera eramaten ari diren ekimenez aritu dira, bestek beste, ahultasun-egoeran dauden pertsonen erroldatze-protokoloak egiteaz, migratzaileak hartu eta integratzeaz edo berdintasun-politikak eta indarkeria matxistaren aurkako politikak sustatzeko udalerri-sareen ereduez. Azken gai horri buruz, EUDELeko ordezkariek Berdinsarearen ezaugarriak azaldu dituzte. EUDELek eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta, udalek gidatzen dute sarea da Berdinsarea.

Bi udal-ordezkaritzek gai hauek ere izan dituzte hizpide: udaletako idazkaritza eta kontu-hartzailetzako langileak hornitzeko zailtasunak, trantsizio ekosozialeko politikak eta euskararen normalizazio-politikak.

Elkarri azaldu dizkioten beste gai batzuk dira toki-erakundeetako langile politiko eta teknikoen prestakuntza eta administrazio elektronikoaren digitalizazio- eta ezarpen-prozesuak.

Azkenik, EUDELeko elkarteburuak NUKFeko lehendakaria gonbidatu du etorkizun hurbilean euskal elkartearen egoitza bisitatzera.

EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du atzo Pasaian izan zen emakumearen erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek, Pasaiako Udalarekin batera, bat egin du mugimendu feministak deitutako elkarretaratzearekin, gaur, abenduak 1, 12:00etan, Antxoko Biteri plazan. Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

2024ko abenduak 1.

  • Estereotipoak, edertasun irudia eta gorputzak, talde presioa eta presio soziala eta indarkeria kalean izan dira 12 eta 20 urte bitarteko gazteek jorratutako gaiak
  • Sariak azaroaren 29an banatuko dira Artziniegan egingo den Topaketan

Artziniega, 2023/11/22

Beldur Barik 2024 programaren aurkezpena egin da gaur goizean Artziniegako museoan, herri honetan egingo baita Beldur Bariken urteroko topaketa datorren azaroaren 29an. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko ekimen hau Emakundek sustatzen du eta hiru foru-aldundien eta EUDELen babesa du.

Ekitaldian parte hartu dute Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Trinidad L. Vicente Torrado, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Joana del Hoyo, Arabako Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak, Joseba Vivanco, Artziniegako alkateak, Miren Lopez Artziniegako berdintasun zinegotziak, Iñigo Pinedo Aiarako Kuadrillako presidenteak,  Irantzu Apodaka. Aiarako berdintasun zinegotziak, Jon Escuza Okondoko alkateak, Estibaliz Sasiain Amurrioko alkateordeak eta Nagore Gomara Laudioko alkateordeak.

Ikus-entzunezko lehiaketak, programaren ekintza nagusia denak, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek egindako adierazpen artistikoak saritzen ditu, berdintasun ezari Beldur Barik jarrerarekin nola aurre egiten dieten erakusten dutenak, hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoa adierazten duten jarrerekin.

Miren Elgarrestak parte-hartzeari buruzko datuak eman ditu. Zehazki, 256 lan inguru aurkeztu dira, eta horietatik 190 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak. Guztira 1224 gaztek parte hartu dute, %58 neskak, %37 mutilak eta %5 beste identitate batzuk bezala identifikatzen direnak. “Garrantzitsua da lanak taldean egitea, sorkuntza-prozesua gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita”, nabarmendu du. Lan gehien aurkeztu diren adin-tartea 15-17 urte bitartean izan dira, eta lehiaketarako proposamen gehien egin dituen lurraldea Bizkaia izan da.

Lanen gai nagusiak estereotipoak ( % 27), edertasun-kanonak eta gorputzak (%13), talde-presioa eta gizarte-presioa ( % 12) eta kaleko indarkeria ( % 10) izan dira. Bestalde, proposatu diren Beldur Barik jarrerak honako hauek izan dira: sororitatea ( % 23), erantzun kolektiboa ( % 22), ahalduntze indibiduala ( % 21) eta eguneroko BB erantzunak eta estrategiak ( % 18).

Emakundeko zuzendariak gogorarazi du euskal erakundeek konpromisoa dutela gazteekin sentsibilizazio-lana lehenesteko indarkeria matxistaren aurkako borrokan. “Beharrezkoa da eduki horiek azpimarratzen jarraitzea eta indarkeria matxista eta desberdintasuna detektatzeko tresnak eskaintzea. Eta hori da Beldur Barik programaren helburu nagusietako bat “. Miren Elgarrestak gizarte osoari eskatu dio ahalegin bat egin dezala gazteengana iristen diren mezu ukatzaileak neutralizatzeko eta lanean jarraitzeko mutilek “estereotipo eta rol sexistetatik askatuko den gizon izateko beste modu bat ikas dezaten eta neskak ahalduntzen laguntzeko”.

Artziniegako Udalaren eta EUDELen izenean, Miren Lopez Berdintasuneko zinegotziak, aurtengo Beldur Barik Topaketa egiteko, Aiaraldea udalerria eta eskualdea hautatu izanaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, tokiko konpromisoaren eta udalen artean egindako ahaleginen baturaren sinboloa da, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka.

Zinegotziak eskolekin batera izandako funtsezko elkarlana nabarmendu du, neska eta mutil gazteekin egindako hezkidetza-proiektuetan, eta horiek tokiko errealitateen aniztasunera nola egokitu daitezkeen. “Gure eskualdean, gainerako kasuetan bezala, Beldur Barik gure neurrira egokitu daitekeela erakusten ari gara, herri txikiok ere berdintasun politika publikoak garatzeko ardura dugulako. Horretarako, ezinbestekoa dugu berdintasun zerbitzu bat izatea eta, era berean, gure artean koordinatzea eta proiektu asko elkarrekin antolatzea “.

Joana del Hoyo Arabako Foru Aldundiko Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendariak euskal gazteen artean “Beldur Barik jarrera” sustatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du. Gazteria hori “kontzientziatuta dago indarkeria matxistaren zantzurik gabeko gizarte bat eraikitzeko beharraz, eta, besteak beste, talentuak eta ahotsak nabarmentzen dira, erantzukizun partekatua sustatzen dutenak eta ekintza kolektiboa bultzatzen dutenak”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Nerea Isasik berretsi du gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko ezinbestekoa dela hezkuntza eraldatzailea eta berdintasunean oinarritutako balioak sustatzea. “Askotan, kontrola edo jelosia maitasunaren adierazpen gisa ulertzen dira, eta hori guztiz gainditu behar dugu. Gazteek errespetuan eta autonomian oinarritutako harreman osasuntsuak eraikitzeko tresnak eta ereduak behar dituzte, eta horretarako, guztion inplikazioa beharrezkoa da”.

Bizkaiko Berdintasunerako foru zuzendariak adierazi duenez, bestalde, “gazteek esaten digutenetik ikasten dugu, eta elkarrekin lan egiten jarraitzen dugu berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka”.

Topaketa

Datorren ostiralean, azaroaren 29an, Beldur Barik Topaketa ospatuko da Artziniegako herriko frontoian. Aurkezleak Leo Bueriberi eta MEL izango dira. Topaketari arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera eta ongi etorrian Oliba&Antxoa MJ egongo dira ekitaldia musikaz girotzen. 17:30etan batukada feministarekin kalez kale abiatu eta tailerretarako bideari ekingo zaio erritmoz beterik,  helmuga kultur etxea izango delarik. Bertan 18:00 etan tailerrak hasiko dira, aurten Autoezagutza tailerra Libe Osaren eskutik, “Dantza kolektiboaren plazerra” dantza tailerra Lexlie Ortegaren eskutik, “Ikusi gure mezua” marrazketa tailerra Malen Pazosen eskutike eta “auto(re)TRATU” autorretratu tailerra Ibari Arrietaren eskutik izango ditugu. Ondoren, 19:00etan herriko frontoian batu eta sari banaketari ekingo zaio, eta gonbidatu bezala Aimarz bertan izango da bere abesti batzuk joz.

 

Emakumeen kontrako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

  • Emakundek eta euskal erakundeek elkarrekin egindako kanpainaren ildotik, Euskadiko Udalen Elkartearen Adierazpenak indarkeria matxistaren diskurtso negazionistetan jartzen du arreta, emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezerezten baitute.

2024ko azaroaren 20an. Azaroaren 25eko Adierazpena onartu zuten urriaren 10ean EUDELeko Batzorde Eragileko alkateek. Egun horretan berean, udal osoko bilkuren eta gobernu batzarren aurretik, EAEko udal eta mankomunitate guztiei bidali zitzaien dokumentua.

Adierazpenaren lehen paragrafoan, EUDELek, Euskadiko udalen izenean, “gaitzespen irmoa” adierazten du indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, bai eta “gainerako erakundeekin eta gizarte osoarekin batera indarkeria hori desagerrarazteko lanean jarraitzeko konpromisoa” ere.

Agiriak adierazten duenez, “emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa” dagoen arren –bai esparru legalean, bai politikoan, bai sozialean–, gaur egun “joera neomatxista gero eta handiagoa dago, bereziki adin ertaineko mutilengan eta gizon gazteengan eragina izaten ari dena eta eremu digitalean enfasi berezia duena”.

Udal esparruan proposatutako konpromisoen artean, “euste-horma kolektiboa aktibatzeko” deia egiten da, udalerrietan emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edota ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean. Nabarmentzekoa da “mezu horiei aurre egingo dien eta tokiko bizimoduan barneratuko den iritzi giroa sortzeko eragile guztiekin batera egindako lana”.

Adierazpenean proposatzen diren beste neurrietako batzuk dira gazteria sentsibilizatzea, bereziki mutilak; hezkuntza eta prestakuntza prozesuak indartzea espazio formal eta informaletan; edo Berdinsareatik udalerrien ekintza bateratua indartzea, negazionismoari aurre egiteko eta indarkeria matxistaren aurka modu kolektiboan borrokatzeko.

Azkenik, EUDELek herritarrak animatu nahi ditu azaroaren 25aren harira hainbat herritan antolatu diren ekitaldietan parte hartzera, bai eta PUNTU LILA –EUDELek 2008an sortua– ikusaraztera ere, euskal gizarteak emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztiak –negazionismoa eta indarkeria horien ezereztea barne– gaitzesten eta arbuiatzen dituela erakusteko.

Bilbo, 2024/11/13a. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eta Conrad Zellmann Europako Kontseiluko ordezkariak “Tokiko Gobernantzako esperientzia eta jardunbide aurreratuak” jardunaldia aurkeztu dute gaur goizean, euskal udaletako hautetsiei eta teknikariei zuzenduta.

Erakunde Harremanetarako sailburuorde Xabier Ochandiano ere izan da bileran. EUDELeko zuzendari nagusi Mar Zabalak eman dio amaiera bilerari. Praktika egokien trukean parte hartzaile izan ditugu Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea, Asier Iragorri Basauriko alkatea, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Eric Gálvez Legazpiko alkatea, Nagore Gomarra Laudioko zinegotzia, Sergio Javier Alzaga Irungo zinegotzia eta Rosalía Herrera Ermuko zuzendari nagusia.

Jardunaldiko udal esperientziak, proiektu bakoitzaren deskribapen-fitxekin, EUDELeko JARDUNBIDE EGOKIEN BANKUAN kontsulta daitezke: https://eloge.eudel.eus/eus/buenas-practicas.php

EUDELek eta Europako Kontseiluak bultzatutako ELoGE “Bikaintasunaren Europako Zigilua” proiektuaren barruan kokatzen da jardunaldia.

Informazio gehiago: https://noticias.eudel.eus/eu/noticia/eudel-eta-eusko-jaurlaritza-elkarlanean-ari-dira-gobernantza-onaren-praktikak-udal-politikan-eta-kudeaketan-zabaltzeko/

  • Esther Apraiz elkarteburua eta Maria Ubarretxena sailburua “Tokiko Gobernantzako jardunbide aurreratuak” jardunaldian izan dira, ELoGE Europako Bikaintasunaren Zigiluaren barruan kokatuta.
  • Arduradun politikoen eskutik, Basauri, Ermua, Azkoitia, Errenteria, Irun, Legazpi eta Laudioko esperientzia erreferenteak aurkeztu dira.
  • Zazpi kasu arrakastatsuen gaiak hauek dira: kode etikoak, kudeaketa-planen jarraipena, GJHen aurrekontuak, herritarren kexa eta iradokizunen sistemak, kontratazioko genero-ikuspegia, herritarren partaidetza-behatokiak, eta berrikuntzarako eta lankidetza publiko-pribaturako hiri-laborategiak.
  • Udalerri aitzindari horiek eta beste batzuk dira Euskadiko tokiko gobernuen jardunbide egokien lehen bankuaren ernamuina.

Bilbo, 2024/11/13a. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eta Conrad Zellmann Europako Kontseiluko ordezkariak “Tokiko Gobernantzako esperientzia eta jardunbide aurreratuak” jardunaldia aurkeztu dute gaur goizean, euskal udaletako hautetsiei eta teknikariei zuzenduta.

Erakunde Harremanetarako sailburuorde Xabier Ochandiano ere izan da bileran. EUDELeko zuzendari nagusi Mar Zabalak eman dio amaiera bilerari. Praktika egokien trukean parte hartzaile izan ditugu Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea, Asier Iragorri Basauriko alkatea, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Eric Gálvez Legazpiko alkatea, Nagore Gomarra Laudioko zinegotzia, Sergio Javier Alzaga Irungo zinegotzia eta Rosalía Herrera Ermuko zuzendari nagusia.

EUDELek eta Europako Kontseiluak bultzatutako ELoGE “Bikaintasunaren Europako Zigilua” proiektuaren barruan kokatzen da jardunaldia. Kalitatea eta berrikuntza demokratikoa ebaluatzeko sistema zorrotza da, eta 2007az geroztik arrakastaz ezarri da EAEko 23 udalerritan. Udalerri horietako hamalauk dute bikaintasunaren aitorpen gorena. Euskadin, ELoGEk erakunde arteko batzorde bat eratu du, aitortza emateko ardura izango duena, EUDELek, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek osatua.

Zigiluaren bosgarren edizioaren ondoren –aurten egin da–, EUDELek eta Sailak lankidetza egonkorrarekin jarraitzen dute, tokiko erakundeen etengabeko hobekuntzan eta kudeaketa publiko aurreratuan gobernu onaren esparruak (etika, gardentasuna, parte-hartzea, kontuak ematea…) aplikatzea sustatzeko. Hori egiten ari dira dagoeneko jardunaldian beren esperientzia aitzindariak aurkeztu dituzten zazpi udalak.

Kasu arrakastatsuek udal-politikaren eta -kudeaketaren hainbat arlo hartzen dituzte. Udal-proiektu horiek helburu komun bat dute: zerbitzu publikoetan ahalik eta kalitate eta berrikuntza handiena eskaintzea, euskal herritarren behar berriei modu eraginkor eta efizienteagoan erantzuteko gizarte-, demografia-, ekologia- eta digitalizazio-erronka handien aurrean.

EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek nabarmendu duenez, EUDELek zabaldu egin nahi du “herritarrek tokiko erakundeetan duten konfiantzaren kultura, izan ere, praktika egokien bitartez administrazio publikoa gardenagoa, etikoagoa eta eraginkorragoa dela jasotzen dute”. Apraizek Euskadin eta Europako Kontseiluarekin koordinatzeko konpromisoa azpimarratu du “Lankidetza hori beharrezkoa da; izan ere, udalok, pertsonekiko dugun enpatiatik abiatuta, funtsezko zeregina daukagu demokrazia sendotzeko, hurbilen ditugun erakundeen bidez”. Europa mailan, elkarteburuak honako hau nabarmendu du: “Europako proiektuaren abangoardian egon nahi dugu, batzen gaituzten eta ongizatean, kohesioan eta justizia sozialean aurrera eginarazi diguten Europako balio komunekiko konpromiso sendotik”.

Maria Ubarretxena sailburuak nabarmendu du beharrezkoa dela erakundeen arteko lankidetzan sakontzea, administrazioak Euskadiren behar eta erronka berrietara egokitzeko. “Pertsonen egunerokoa erraztu nahi dugu, eta, horretarako, urratsak egin behar ditugu administrazioen arteko elkarreragingarritasunerantz, leihatila bakarreko ereduak bultzatu, eta desburokratizazioa eta sinplifikazio administratiboa sustatu; aurrera egingo dugu administrazio gardenago, eraginkor eta efizienteago, hurbilago, moderno eta digitalago baterantz, bikaintasunezko zerbitzu publikoak eman ahal izateko”.

Bestalde, Conrad Zellmanek, Europako Kontseiluaren ordezkariak, hau adierazi du: “ELoGEren funtsezko alderdi bat etengabeko ikaskuntza eta udalerrien arteko jardunbide egokiaren trukea da; adibidez, herritarren parte-hartzea handitzeko erabakiak hartzean, kalitatezko zerbitzuak ematen direla bermatzeko eta administrazio ireki eta berritzailea sustatzeko. Guretzat pozgarria da EUDELi laguntzea prozesu horretan, zeinaren helburua, hain zuzen, etengabeko ikaskuntza eta baliokideen arteko trukea erraztea den.”

Jardunbide Egokien Bankua, hamabi printzipiotan

EUDELeko elkarteburuak ELoGE proiektua zabaltzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, izan ere, udalerri gehiagok dute interesa, eta udalei laguntzeko tresna berriak garatzeko konpromisoa hartu du. Besteak beste, Gobernantzako Jardunbide Egokien Lehen Bankua sortu da. Banku hori webgune honetan dago eskuragarri:  https://eloge.eudel.eus/eus/buenas-practicas.php

Esperientzia eta proiektu inspiratzaileen bilduma hau Europako Kontseiluak ezarritako gobernu onaren hamabi printzipioetan egituratzen da: 1) parte-hartze demokratikoa; 2) giza eskubideak; 3) zuzenbide estatua; 4) etika publikoa; 5) kontuak ematea; 6) irekiera eta gardentasuna; 7) kalitatezko administrazioa, eraginkorra eta efizientea; 8) lidergoa, eskumenak eta gaitasunak; 9) erantzuteko gaitasuna; 10) ekonomia- eta finantza-kudeaketa sendoa; 11) jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa; 12) aldaketarako irekitasuna eta berrikuntza.

“Jardunbide egokiak biltzen jarraituko dugu, kudeaketa publikoaren esparru guztietan gobernu onaren printzipioak txertatzeko aukera dagoela erakusten lagunduko digutenak”, adierazi du Esther Apraizek.

Basauri, Ermua, Azkoitia, Errenteria, Irun, Legazpi eta Laudioko kasuak, beste ELoGE udal batzuekin batera, ekimen estrategiko honen ernamuina dira euskal erakunde guztientzat.

Udal-esperientziak

KUDEAKETA PUBLIKO ERAGINKOR ETA JASANGARRIA

UDALA IZENBURUA LABURPENA
Errenteria “Kudeaketa Planaren jarraipena: administrazio eraginkorrago baterantz” Eraginkortasuna eta efizientzia ardatz dituen metodologia, Agintaldiko Planaren jarraipenean eta ebaluazioan oinarritzen dena eta helburuei eta emaitzei buruzko informazio-jario etengabea ziurtatzen duena.
Azkoitia “GJHekin lerrokatutako udal-aurrekontua” Udal-aurrekontua GJHekin lerrokatzeko proiektua. Horrek baliabide ekonomikoak arduraz esleitzea errazten du, baina baita ikuspegi jasangarri batekin ere (soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa).
Irun “Pertsonengan oinarritutako herritarrentzako arreta: abisuen, kexen eta iradokizunen sistema” Herritarren ekarpenak jasotzeko sistema, udalaren erantzun-gaitasuna hobetzen duena. Horretarako, emaitzen urteko ebaluazioa egiten da, ondoren hartu beharreko erabakietara eta etengabeko hobekuntzara bideratua.

 

KUDEAKETA PUBLIKO ARDURATSUA ETA BERRITZAILEA

 

UDALA IZENBURUA LABURPENA
Legazpi “Kode etikoak eta eredugarritasun instituzionala Udal batean”  

Udal osotasun publikoaren estrategiaren funtsezko elementuak, kargu publikoentzat eta udal langileentzat bereiziak. Batzorde Etikoaren garrantzia.

Basauri “Parte-hartzea: Herritarren behatokia

erabakiak hartzeko”

Herriko errealitatea ezagutzeko eta herritarrek udal zerbitzuei buruz egiten duten balorazioa ezagutzeko urteko proiektua.
Ermua Berrikuntza eta lankidetza publiko-pribatua: Ermua Urban Lab  

Hiri Laborategi Digitala: ingurune errealetan hedatu eta merkaturatu aurretik, soluzio teknologikoen (IKTak eta IoT) aplikazioak simulatzeko eta probatzeko esperimentazio digitaleko ingurunea.

Laudio Kontratazio arduratsua: genero ikuspegia kontratazio publikoan Udalak azterlan bat egitea, Udalaren kontratazio publikoan generoaren eragina hobetzeko eta, ondorioz, sektore pribatuaren erabakietan eta kudeaketa sistemetan eragiteko gaitasuna hobetzeko.

 

  • “Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko” da Emakundek, hiru aldundiek eta EUDELek azaroaren 25erako bultzatutako kanpainaren leloa
  • Aurkezpenean, Lehendakariak gazte-talde batekin hitz egin du emakumeen aurkako indarkeria ukatzen duten espazio digitalen inguruan

Azaroaren 25, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguneko kanpaina, erakunde arteko kanpaina bakarra izango da berriro Euskadin, eta aurten “herri-kanpaina” izaera indartu egin da Imanol Pradales Lehendakariak berak parte hartu duelako kanpainaren aurkezpenean, Lehendakaritzan gazteekin egindako topaketa baten bidez.

Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDELek kanpaina bateratu honen bidez herritarrei dei egiten diete indarkeria matxista denon artean geldiarazteko, gero eta ugariagoak diren indarkeria hau ukatzen duten mezuen aurrean. “”Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko” da kanpainaren leloa, eta honen bidez herritarrei eskatzen zaie indarkeria matxista hutsaltzen duten diskurtsoei aurre egiteko.

Kanpainaren iragarkiak sareetan aurki daitezkeen indarkeria ukatzen duten esaldi batzuk erakusten ditu, hala nola: “Emakumeen aurkako indarkeria asmakizun bat da”, “Indarkeriak ez du generorik” edo “Beste herrialde batzuetan matxismoa dago, ez hemen”, eta horiei datu batekin erantzuten zaie: 2023an 6.513 salaketa erregistratu ziren EAEn emakumeen aurkako indarkeriagatik.

Iragarkia ikusi ondoren, Lehendakariak elkarrizketa bat izan du gazte-talde batekin, eta haiekin batera gogoeta egin du emakumeen aurkako indarkeriari buruz, eta, bereziki, indarkeria matxista ukatzen duten eta berdintasunaren aurkako mezuei buruz, neskek eta mutilek egunero ingurune digitalean jasotzen baitituzte hauek. Lehendakariak bertaratutako neska-mutilei adierazi dienez, “indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzea lehentasuna da Eusko Jaurlaritzarentzat”, eta “erne egon behar da ultraeskuinak Europan eta munduan aurrera egin duelako eta indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak eta berdintasunaren aurkako erreakzioa sortzen ari direlako”.

Errealitate horren aurrean, Lehendakariak azpimarratu du konfiantza duela “emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde beti agertu den” euskal gazteriarengan, eta gazteriarekin elkarrizketarako guneak irekitzeko beharra defendatu du. Adierazi duenez, gaur egin den hausnarketa bateratua Jaurlaritzak herritarrei eta, bereziki, gazteei entzuteko duen borondatearen adibide da. “Asko hitz egiten dugu gazteei buruz, baina ez diegu beti entzuten”.

Gazteekin egindako dinamikan, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Elisa García Mingo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta ingurune digitaleko indarkerian adituak parte hartu dute. Azken horrek arazoa testuinguruan kokatu du, eta gazteei galderak egin dizkie interneten sortu diren erreakzioei buruz. Besteak beste, interneten ugaritu diren hitz batzuen inguruan hitz egin dute: Zer da Incel bat? Nortzuk dira tridewives izena hartzen dutenak? Eta gymbros eta criptobros izenekoak?

Miren Elgarrestak, bere aldetik, gazteek berdintasunaren aldeko eraldaketa sozialean duten protagonismoa azpimarratu du. Emakundeko zuzendaria honela zuzendu zaie gazteei: “Badakigu gazte gehienek emakumeen eta gizonen berdintasunean sinesten duzuela eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren alde zaudetela, eta horregatik, hain zuzen ere, uste dugu garrantzitsua dela mezu horiek nondik datozen jakitea eta baliabideak izatea zuengan eta gugan eraginik izan ez dezaten”.

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak nabarmendu du udalek “udalerrietan euste-horma kolektibo bat aktibatzeko” konpromisoa hartu dutela, “emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo banalizatzen duen edozein erreakzio matxistaren aurrean”. EUDELen A25eko Adierazpenak tokiko eragile guztiekin lan egitea proposatzen duela esan du, mezu horiek neutralizatuko dituen eta tokiko bizitzan harrera ona izango duen iritzi-giroa sortzeko. Bereziki gazteei dei egiten zaie, batez ere mutilei, kritikoak izan daitezen eta mezu misogino eta berdintasunaren aurkako horien aurka ager daitezen eta “puntu lila” ikusarazteko deia egin du.

Joana del Hoyo Arabako Aldundiko Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendariak esan duenez, “indarkeria matxista ukatzea, zuzenean edo zeharka, haren existentzia babestea da, eta horregatik behar dugu pertsona bakoitza, generoa edo adina kontuan hartu gabe, irtenbidearen parte aktibo bihurtzea”. “Iruzkin sexista baten aurrean isiltzen, biktima baten esperientzia minimizatzen edo berdintasun politiken beharra zalantzan jartzen dugun bakoitzean, indarkeria matxistak jarraitzea ahalbidetzen ari gara”, esan du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari Nerea Isasik adierazi duenez, “emakumeen aurkako indarkeriak forma berriak hartzen ditu eremu digitalean, haren eraginaren irismena modu kalkulaezinean zabalduz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak errealitate horri heltzeko eta indarkeria matxistari dimentsio guztietan aurre egiteko eta diskurtso ukatzaileak indargabetzeko estrategia espezifikoak garatzeko erabakia hartu du”.

Bestalde, Bizkaiko Berdintasun zuzendari Trinidad Vicentek ziurtatu du foru erakundeak bat egiten duela kanpainarekin ” gazteekin beharrezkoa den aliantza eginez, berdintasun eza eta indarkeria matxista ukatu beharrean, berdintasunezko eta emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte bat eskatzeko kalera ateratzen den gazteriarekin”.

Kanpaina gaurtik azaroaren 25era bitartean egingo da telebistan, irratian, prentsa idatzian, sare sozialetan eta beste publizitate-euskarri batzuetan.

Oraindik ez dago iruzkinik