Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Jardunaldi honen helburua da topaketarako eta gogoetarako gune bat izatea, non Trafiko Zuzendaritzak eta tokiko erakundeen ordezkariok, bide segurtasunerako politiken oinarrian dituzuen ildo estrategikoak adierazteko aukera izango baituzue. Zeregin honekin zerikusia duten pertsona guztiak, eta batik bat gure udalerrietako bide segurtasunerako politiketan erabakiak hartzeko eskumena duzuenok, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoa 2015-2020an ezarritako erronka handiaren protagonistak zarete. Hain justu, errepideetako hildakoen guztizko kopurua erdira murriztea da erronka -2010eko datuak oinarri hartuta-.

  • Eguna: abenduak 2, asteazkena.
  • Lekua: Bilbao. Euskadiko Artxibo Historikoa (María Díaz de Haro, 3)
  • Ordutegia: 9.00-13.30

Mahai ingurua: 12.00-13.30.

Ager Izagirre Loroño. EUDELeko ordezkaria eta Mungiako alkatea
Alfonso Gil Invernón. Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Zirkulazio Politiken koordinatzailea.
Pilar Arana Pérez. Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio arloko zinegotzi ordezkaria.
Álvaro Iturritxa Vélez de Elburgo. Gasteizko Udaleko Hirigintza, Ingurumen eta Espazio Publikoaren Arloko koordinatzaile nagusia.
Modetzailea: Luis Murguía Urreta. RACVNko Mugikortasun eta Bide Segurtasuneko Aholkularia.

  • 2008. urtean Tolosa aitzindari izan ostean, guztira 16 udal izan dira lehenak, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko Berdintasunerako udal Ordenantza eta/edo Ordenantza mankomunatua onartzen.
  • Ordenantza sortzeko edo onartzeko prozesuan daude beste bost udal eta mankomunitate bat.
  • Tokiko arau berriak emakumezkoen kontrako diskriminazioari aurre egiteko eta berdintasun printzipioa bultzatzeko neurriak ezartzen ditu. Erreferente sinbolikoa izan nahi du, herritarrak eta udaletako langileak kontzientziatzeko.
  • Udalaren barne-funtzionamenduari zein bertako politikei (diru-laguntzak eta kontratazio publikoak, komunikazioa, hiri-plangintza, segurtasuna, indarkeria matxista) eragiten die.

Bilbo, 2015eko azaroaren 17a. Proiektu pilotu bati esker, hainbat udal ertain eta txiki lehenak izan dira, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako ordenantza bat abian jartzeko konpromiso politikoa hartzen. Prozesuak bi urte baino zertxobait gehiago iraun du, eta bertan aritu izan dira modu koordinatuan lanean berdintasun sailetako, idazkaritzetako eta udal zerbitzu juridikoetako langileak.

2008an, Tolosak onartu zuen lehenengoz  Berdintasunerako ordenantza bat. 2012an, EUDELek eta Emakundek ordenantza hori sortzeko lehenengo gidaliburua editatu zuten, eta, bertan, ordenantzaren eredu bat eskaintzen zen. Ordutik aurrera, bi erakundeek koordinatuta, udaletako talde eragile bat modu aktiboan inplikatu da, udaletarako berdintasunerako ordenantza bat sortzeko prozesuan. Marko arautzaile egonkorra finkatzea dakar Berdintasunerako ordenantza onartzeak; emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunari goi mailako estatusa ematen dio, bai praktikan bai esparru sinbolikoan, eta berdintasunerako tokiko politikaren oinarriak finkatzen ditu.

Proiektuaren ondorioak gaur aurkeztu dira EUDELen (Bilbo), “Berdintasunerako ordenantzak. Esperientziak eta erronkak” jardunaldian, EUDELleko egoitzan izan den Berdintasunerako 2015eko Foroan. Jardunaldiaren hasiera-ekitaldian, Ibon Uribe, Galdakaoko alkate eta EUDELeko Berdintasun Saileko ordezkaria, eta Izaskun Landaida, Emakunderen zuzendaria, izan dira.

Berdintasunerako Ordenantza bultzatzen ari diren udalerriak:

  • Tolosa, udal aitzindaria 2008an.
  • 16 udal, udal ordenantzarekin eta/edo ordenantza mankomunatuarekin 2015ean.
    • 7 udal ordenantza: Abadiño, Barrika, Kanpezu, Gorliz, Lemoiz, Plentzia eta Urduliz.
    • Ordenantza mankomunatua: Arratiako Mankomunitatea (9 udalek osatuta: Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide, Zeanuri).
  • Prozesuan (5 udal eta Mankomunitate 1): Berango, Ermua, Ondarroa, Sestao, Sopela, eta Uribe Kostako Mankomunitatea (6 udal: Barrika, Lemoiz, Plentzia, Urduliz, Gorliz eta Sopela).

 

EUDEL – Euskadiko Udalen Elkarteak euskal gizartearen aldarriarekin bat egin nahi du, eta, lehendakariaren deiari eutsita, udalei eskatu nahi die datorren astelehenean, azaroak 16, eguerdiko 12:00etan bost minutuko gaitzespenerako isiletara kontzentrazioak antolatzeko instituzioen aurrean.

EUDELek erabateko irmotasunaz gaitzesten ditu bart Parisen gertatutako atentatu izugarriak. Era berean, biktimen senideei eta adiskideei ere adierazi nahi die elkartasuna. EUDELek bete-betean arbuiatzen du indarkeria terrorista.

Une latz honetan, Euskadiko Udalok besarkada solidarioena eta hurbiltasun-sentipen sakonena bidali nahi dizkiegu Pariseko hiriari eta Frantziako herri osoari.

Gobernu-kontseiluak (15/11/10) Euskal Sektore Publikoaren Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren Legearen eta Euskal Sektore Publikoaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Legearen proiektuak onartu ditu. Horiek onartuta, Eusko Legebiltzarrean hartutako konpromisoa bete du Gobernuak; hain zuzen, bi arau desberdinetan euskal Administrazio Publikoaren eraberritzeari eta modernizazioari ekiteko giltzarri diren bi konturi heltzea: haren antolamendu eta egitura berria arautzea, eta herri-partaidetzarako eta gardentasunerako eskubide berriak legalki taxutzea.

Bi testuon berritasun nagusia haien aplikazio-eremua hedatu izana da: Euskadiko hiru erakunde-mailei eragingo die, baita haien mendeko erakunde instrumental guztiei ere, ezertan kaltetu gabe euskal erakunde publiko bakoitzak autonomoki antolatzeko dituen eskumenak.

Euskal Sektore Publikoaren Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren Lege-proiektuak sektore publikoaren funtzionamenduaren funtsezko ardatzak arautzen ditu, herritarren eskubide berrien inguruan. Hau da: politika publikoak ebaluatzeko eskubidea, gai publikoetan parte hartzekoa eta Euskadiko administrazio publikoek sortutako informazio guztia libreki eta gardentasun osoz eskuratzekoa. Berritasunen aipagarrienak Gardena-Gardentasunaren Euskal Agentziaren sorrera da. Agentzia horrek izango du herritarren informazio-eskubidea babesteko ardura izango du. Gainera, araua onartzen denetik aurrera, Euskadiko administrazio publiko guztiek erantzun beharko dituzte herritarrek egindako informazio-eskaerak, 15 egunetik beherako epean.

Bestalde, Euskal Sektore Publikoaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektuak euskal sektore publikoa zehazten, antolatzen eta egituratzen du. Lege-proiektuaren berritasunen artean, EAEko sektore publikoa arrazionalizatzeko eta dimentsionatzeko erakundearteko batzordea sortzea aurreikusi da: hiru erakunde mailetako ordezkariak izango dira bertan. Zehazki, administrazioaren inefizientzia eta gainjartze arazo posibleak konpontzeko foro bat da.

(Irekia)

Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) 1997an onartu zirenetik, ia hogei urte igaro dira. Ildo horretatik, uztailaren 29an, Gobernu Kontseiluak LAGak berrikusteko prozesu bati ekitea erabaki zuen. Prozesu horren bidez, hartutako esperientziak ekarritako irakaspenak baliatuko dira eta lurralde-antolamenduaren erronka berriei erantzuna emango zaie. Gainera, prozesu parte-hartzaile zabal batean oinarrituko da; parte-hartze hori bai herri administrazioena, bai eragile sozioekonomikoena, politikoena eta herritarrena izango da.

Lurralde-antolamenduaren arloan kultura parte-hartzailea finkatzeko lana egiteaz gain, egokitzat jo da zenbait gaitan lurralde-ikuspuntutik abiatutako hausnarketa irekitzea, hala nola honako hauetan: klima-aldaketa bezalako zeharkako gaiak, generoa, osasuna eta euskara. Gai horiek ingurune fisikoarekin lotuta daude, adibidez, antolamendua eta erabileren matrizea eguneratzea, naturagune babestuak eta Natura 2000 Sarea, azpiegitura berdeak, ekosistemen zerbitzuak eta paisaia; mugikortasuna, ura eta energia; landa-eremua; eta, hiri-eremua. Gainera, honako hauei arreta berezia eskainiko zaie: hiri-berroneratzea, metropolialdeak eta transformazio-ardatzak, hiri-hazkundearen perimetroa, bizitegi-kuantifikazioa eta jarduera ekonomikoak jasaten dituen lurzoruko lurralde-jasangarritasuna.

Euskal Hiria 2015 Kongresuaren oraingo edizioak LAGen berrikuspenerako prozesu parte-hartzailea abian jartzea dakar.

Noiz: Azaroak 23/24

Non: EHU/UPV Bizkaia Aretoa. Abandoibara etorbidea, 3 (48009-Bilbo) (PDF, 120 KB)

Aurreko kongresuak

Hartzaileak: Udaletako arduradun politikoak

Azaroaren 18an (ostirala), egun osoan.

ikastaroa doakoa da. Lekua erreserbatzeko, izena eman behar da.

Ordutegia: 09:00etatik 19:00etara (10 ordu)

Lekua: HONDARRIBIko Jaizkibel hotela. Baserritar etorbidea 1, 20280 Hondarribia.

http://www.hoteljaizkibel.com/

EUDELek, SPRI-Eusko Jaurlaritzarekin batera, ‘Barnetegi Teknologikoa’ antolatu du, udaletako arduradun politikoak Interneten, teknologia berrietan eta gailu teknologikoen erabileran trebatzeko helburuarekin.

Informazio gehiagorako: Alex Crespo, acrespo@spri.es Tel. 94 403 70 39

EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak gutuna bidali du udal guztietara. Gutunean, jarraian datorren oinarrizko proposamena egin da, azaroaren 10eko Oroimenaren Egunari dagokiona.

  1. Azaroaren 10ean, 12:00etan, Udalbatzaren elkarretaratzea egitea, 15 minutukoa (isilik), udaletxearen aurrean edo udalerrian ekitaldi mota honetarako ohikoena den tokian.
  2. Ekitaldi honetarako, Udalean ahalik eta adostasun handiena lortzea udalerri bakoitzean.
  3. Elkarretaratzea aldez aurretik iragartzea, eta gonbit egitea herritarrei, baita udalerriko tokiko erakunde eta eragile sozialen ordezkariei ere.

Proposamen hau egitean, udal-autonomia eta udal bakoitzak oroimenaren arloan egindako ibilbidea errespetatu dira, eta, adostasunerako ekimen unitario moduan, lehenengo urratsa izan nahi du helburu den elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko orduan.

Lehenetsi beharreko irizpidea udal-mailan ahalik eta adostasun handiena lortzea izango da, eta 2013ko martxoaren 14an lau talde parlamentario handien babesaz Eusko Legebiltzarrean onartutako akordioaren izpiritua hartu da erreferentziatzat: “Bakea eta bizikidetza lortzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, egindako mina onartzea eta biktimak duintzea; izan ere, biktima guztiek merezi dute egia, justizia eta konponbidea lortzeko eskubidea.”