Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Erakundeen eta gizarte-eragileen artean 2030 Agendaren gobernantza partekatua bultzatuko duen foroa eratu da.

Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak euskal udalerri guztiak ordezkatuko ditu Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroan. Bilera gaur arratsaldean egin da, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, Miñaon, Arabako Parke Teknologikoaren eraikin nagusian.

Lehendakariaz gain, honako hauek ere organo horretako kideak dira: Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak; hiru foru-aldundiak; EUDEL eta hiriburuetako udalak; hiru euskal unibertsitateetako errektoreak; Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeen ordezkaritza bat Sareen Sarearen bitartez; bai eta lankidetza publiko-pribatuko ordezkariak ere, Basque Center for Climate Change (BC3), Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergo zientifiko-teknologikoa edo ACLIMA Basque Environment Cluster direlakoen bitartez.

Lehenengo bilera horretan, “Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroaren egitura, lehentasunak eta laneko lehen agenda” izeneko dokumentua onartu da. Edukiaren arabera, Foroak organo hauek izango ditu: Osoko Bilkura, Batzorde Iraunkorra eta bost lantalde –Gobernantza; Euskadi Bultzatu 2050 Hiri Agenda; Eraldaketa Soziala; Eraldaketa Energetiko-klimatikoa; eta Eraldaketa Ekonomiko-digitala.

Bost lantalde horietako bakoitzak lehentasunen panel bat eta horien inguruko agenda bat ditu lotuta. Talde horien osaerak aukera emango du parte hartzeko aukerak eremu bakoitzeko gizarte-eragile kopuru handi batera zabaltzeko.

Lehendakariak azpimarratu du foro hori bateratze-espazio bat dela, erakundeen arteko baterako gobernantza-eremu bat eta erakundeen eta gizarte-eragileen arteko elkarlaneko gobernantza-esparru bat. 2030 Agenda partekatzeko borondatea adierazten du, herrialdearen lehentasun gisa”. Haren lehen helburua da “koordinazioa eta ituna optimizatzea 2030 Agendaren gobernantza-jardunbide egokia eraikitzeko eta eskaintzeko”.

2030 Agendaren Foroaren lehen bilera hau 17. GJHri buruzkoa izan da, eta aliantza-metodologia bat eskatzen du. Ildo horretan adierazi duenez, “foro hori eratzeak berariaz erantzuten dio 17. helburuari. Lankidetza ezinbestekoa da. Aurrera egin ahal izango dugu, errealitatea hobetu eta eraldatu ahal izango dugu, lankidetzan aritzeko eta aliantzak egiteko gai bagara”.

Lehendakariak adierazi duenez, “2030 Agendak mundu osoan adostasun handia lortu duen neurrian, Euskadin ere adostasun handia lortu behar du. GJHek gizarte-kontratu berri bat eskaintzen dute, ikuspegi global eta lokala, dimentsio politiko eta pertsonala eta gizarte-justiziarako bokazio inklusiboa jasota.

Bileran zehar, Lehendakariak Foroaren Lehendakaritzaren Lehen Adierazpena aurkeztu du, “Agenda 2030: beharra eta aukera. Euskadiren konpromisoa” izenburupean . Diagnosian adierazi duenez, “munduak aurrez aurre du zalantzazko bidegurutze berri bat”, eta horri erantsi behar zaio “pandemia bat, zeinak globalizatu baitu bere eragin sanitario, ekonomiko eta sozial larria”. 2030 Agenda “erantzun egokia da gure errealitate globala eta tokikoa eraldatzeko beharrari eta aukerari begira”.

Gogorarazi du nazioartean Euskadi herrialde aitzindaria eta erreferentea izan dela Garapen Jasangarriko Helburuen konpromisoan eta garapenean. “2030 Agendaren sustapenean nazioarteko lidergoaren parte izaten jarraitzeko erabakia hartu dugu. Agenda horrek erakunde, eragile sozial eta ekonomiko guztiak eta gizarte osoa interpelatzen ditu, eta justiziaren, iraunkortasunaren, elkartasunaren eta nazioarteko lankidetzaren ikuspegi globala eta tokikoa eskatzen du”.

Lau erronkak

Lehendakariak aurkeztutako Adierazpenaren edukiak foro honen lau erronkak zehaztu ditu:

Lehenengoa. Klima-aldaketari buruzko nazioarteko akordioei balio erantsia ematea. Glasgowko COP 26ren akordioak gutxienekotzat hartu ditugu eta Euskadik anbizioa gehitu nahi du helburu hauetan: deskarbonizazioan, berotegi-efektuko gasak ezabatzean, karbono-neutraltasunean, energia berriztagarrietan eta biodibertsitatean.

Bigarrena. Hiri Agenda bat koordinatzea eta sustatzea, hiria, mugikortasuna eta hirigintza berdea eta inklusiboa bultzatzeko.

Hirugarrena. Ekitatean oinarritutako trantsizio ekonomiko digital inklusiboaren erronkei irtenbidea emango dieten proiektu eta ekimen teknologikoak identifikatzea, partekatzea eta bultzatzea.

Laugarrena. Elkarlanean aritzea giza duintasuna eta giza eskubideak defendatzeko, pobreziarekin eta bazterkeriarekin amaitzeko, genero-berdintasuna bermatzeko eta erronka demografikoari elkarrekin erantzuteko.

Adierazpenaren amaieran, Lehendakariak premiaren eta aukeraren kontzeptu bikoitza azpimarratu du: “Mundua krisian dago. Behar bat eta aukera bat ditugu. 2030 Agenda Nazio Batuen akordio bat da, mundu bidezkoagoa, ekologikoagoa, oparoagoa eta baketsuagoa lortzeko nazioarteko ahaleginik onenak batzen dituena. Premia eta aukera planetarentzat eta pertsonentzat. 2030 Agenda Euskadiren konpromisoa da”.

Foro horren hurrengo osoko bilkura martxoaren 29an izango da. Bereziki 11. helburuari begira egongo da: hiri eta komunitate jasangarriei; horregatik, gai-zerrendako puntu bat eskainiko dio hiri-agendari.

Gaurko osoko bilkuraren eta datorren martxoan egingo denaren artean, Batzorde Iraunkorraren eta Foroko bost lantaldeen bilerak deituko dira. Horrela, beren zereginak hasiko dituzte, eta Osoko Bilkurari horien berri emango diote, gaur onartutako gobernantza-ereduaren arabera.

 

 

  • EAEko Udalen Elkarteak EAEko alkate guztiak bilduko ditu, pandemia hasi zenetik egingo duten aurrez aurreko lehen topaketan.
  • Gorka Urtaran elkarteburuak EUDELek Euskadiko 2030 Agendari egindako ekarpena aurkeztuko du Batzarrean: udalen arteko eta toki-ekintzako proiektuen panel bat, Garapen Jasangarrirako Helburuak udalerrietan modu koordinatuan aplikatzeko.

2021eko azaroaren 5a. EUDELek berriz bilduko ditu udalen ordezkari nagusiak 2021eko ohiko batzar nagusian. EAEko Udalen Elkartearen Batzarra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alkateen urteko bilerarik garrantzitsuena da. Euskal udalentzat garrantzi handiko foroa da, eta aurten aurrez aurre egingo da berriro ere, pandemiaren ondoren normaltasunera pixkanaka itzultzearekin bat.

Batzarra azaroaren 11n egingo da, ostegunean, Mungiako Olalde Aretoan, 11:30ean hasita. Alkateak 11:00etatik aurrera hasiko dira iristen, akreditazioa jasotzeko, eta, ekitaldia hasi baino lehen, Batzorde Eragileak hileko bilera egingo du toki berean.

Batzarra EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gidatuko du, Azpeitiko alkatea den Nagore Alkorta eta Irungo alkatea den Jose Antonio Santano elkarteburuordeekin batera. Elkarteburuaren mahaiarekin batera, Batzorde Eragileko beste hamabi kideak egongo dira, hiru lurralde historikoetako udalerrien ordezkari gisa.

Ager Izagirre Mungiako alkatearen ongietorriaren ondoren, Elkarteburuak bilkurako gai-zerrenda aurkeztuko du. Gai-zerrendak lau puntu ditu: EUDELen 2022ko jardueraren aurkezpena, aurreko bilkuraren akta, 2020ko ekitaldiaren itxierako urteko kontuak eta 2022ko ekitaldiko aurrekontua.

Batzarra urriaren 8an deitu zen, Batzorde Eragileak hala erabakita, eta urriaren 11n, hilabete lehenago, EUDELek gai bakoitzari dagokion dokumentazioa bidali zien udalei.

Paperezko dokumentazioa euskarri digitalarekin ordeztu ondoren, EUDELek aurrera jarraitzen du Batzarraren berrikuntzarekin, eta aurten bozketa elektronikoa egingo da. Batzarraren mekanika EUDELen Estatutuek eta Antolakuntza eta Jarduera Erregelamenduak arautzen dute.

Lehentasunezko ekintza-ildoak

EUDELen Batzar hau bereziki garrantzitsua da udalentzat, bat baitator udal-agintaldiaren erdialdearekin (2019-2023), eta 2022ko ekitaldia une erabakigarria izango baita gizartearen eta ekonomiaren susperraldia finkatzeko.

Udalerriak ere eraldaketa iraunkorraren agertoki izango dira, eta, erronka handi horiei erantzuteko, EUDELek udalei laguntzeko ildoak indartuko ditu, lehentasunezko bi frontetan: lehenengoa, toki-autonomia eta finantza-nahikotasuna indartzea, udal-politikak eta -zerbitzuak hobetzen jarraitzeko; bigarren ardatza, hau ere behar-beharrezkoa, tokiko gobernuen funtsezko eginkizuna finkatzea, Euskadi udalerrietatik kohesionatzeko eta gainerako instituzioekin lankidetzan aritzeko “Herrialdeak” dituen erronken aurrean.

Helburu horiekin bat etorrita, Gorka Urtaran elkarteburuak ekintza-ildo estrategiko berri bat aurkeztuko dio alkateen Batzarrari: Tokiko ekintza koordinatzea Euskadiko 2030 Agendan, udalek sarean eta beste instituzio batzuekin lankidetzan bultzatutako GJHen trakzio-proiektuen bidez. Ekimen horrekin, EUDELek udalen parte-hartze proaktiboa bideratuko du 2030 Agendaren eragile anitzeko foroan.

 

Aurtengo edizioaren leloa honakoa izango da: «Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko!»

Iturria Gogora: https://www.gogora.euskadi.eus/albisteak/-/albistea/2021/memoriaren-eguna-2021-bakearekin-konprometitutako/

Eusko Jaurlaritzak Memoriaren Egunaren harira ekitaldia egingo du, datorren azaroaren 10ean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Donostian, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak oroitzeko.

Aurtengo edizioaren leloa «Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko! | A todas las personas que os comprometisteis con la paz, ¡gracias!» izango da, bakearen alde egin zuten pertsona, elkarte eta mugimenduei eskerrak emateko. Egoera txarrenetan ere, bizikidetza demokratikoa eta giza eskubideen eta bakearen defentsan oinarritutako gizartea eraikitzen eta defendatzen ahalegindu diren pertsonen konpromiso zibikoa nabarmendu nahi da.

Memoriaren Eguna – kartela  (PDF, 1 MB) (leiho berri batean irekitzen da)

Era berean, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu nahi du, urteen poderioz, gizarte-mobilizazioaren goranzko bilakaera eta terrorismoaren aurkako jarrera erabakigarria izan zirela terrorismoaren eta indarkeriaren amaieran. Ekitaldia 11: 00etan izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jargi Aretoan, Donostian, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren parte-hartzearekin. Ekitaldi hau batera antolatu dute Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gaur arratsaldean, Finantzen Lurralde Kontseiluan Udalkutxa udal finantzaketaren foru funtserako aurreikuspena onartu da, 937,4 milioi euroan. Hala, % 13ko igoera egon da aurten jasotako zenbatekoaren aldean, eta % 4,8koa 2021eko ekitaldiko likidazioaren aurreikuspenen aldean.

Horrez gain, Bizkaiko udalek 8,8 milioi euro jasoko dituzte Gizarte Zerbitzuen Funts berritik, aurrekontuei buruzko Foru Arauan ezarriko den bezala.  

Otsailean izango dugu 2021eko ekitaldiaren itxieraren berri, baina, aurreikuspenen arabera, likidazioa positiboa izango da, 65,2 milioi euroan.

Bilbon, 2021eko urriaren 22an. Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak gaur arratsaldean egindako bileran, 2022. urtean lurraldeko udalerriei emango zaizkien funtsen kalkulua egin da, eta, zenbaki orokorretan, 946,2 milioi euro izango dira: 937,4 milioi euro Udalkutxatik eta 8,8 milioi euro Gizarte Zerbitzuen Funtsaren bidez.

Hala, Udalkutxa Foru Funtsa % 13 igo da 2021eko ekitaldiko aurrekontuan balioetsitakoaren aldean, eta % 4,8, aldiz, 2021. urteko likidazioaren aurreikuspenaren aldean (azken datu hori datorren urteko otsailean jakingo da).

Udalkutxa udal finantzaketarako foru funtsa arduratuko da kopuru hori Bizkaiko udalerrien artean proportzionalki banatzeaz. Gainera, datu erabakigarria dugu udalek datorren urteko ekitaldirako aurrekontuak prestatu ahal izateko. Udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle kopurua, langabezia tasa, ahalegin fiskala, ikastetxeen kopurua edo biztanleen sakabanatzea.

Bilera horretan bertan, Udalkutxa funtsaren 2021eko ekitaldi honetarako likidazioaren aurreikuspenak ere egin dira. Nahiz eta behin betiko datuak Finantzen Lurralde Kontseiluaren otsaileko bileran ezagutuko diren, itxura guztien arabera likidazioa berriz ere izango da positiboa, 65,2 milioi euroan. Zenbateko hori udalen artean banatuko da, 2022ko otsaileko behin betiko likidazioaren ostean.

Foru finantzaketaren arau testuinguru berrira egokitzea

Iragan urriaren 7an, Ekarpenen Lege berria onartu zen. Horren arabera, udalaren gutxieneko partaidetza % 54,70etik % 39,23ra pasatu da. Hala, eszenatoki berri bat zabaldu da, eta, beraz, foru erakundeak tokiko finantzaketaren araudia egokitu beharko du. 2022an banaketa neutraltasun egoeran egiten dela bermatu ahal izateko, behin-behinean ezarri da, aurrekontuen Foru Arauaren bidez, lehen eskuragarri zeuden baliabideen % 56 ordez orain udalerrietan eskuragarri egongo diren baliabide berriak % 39,66 izango direla, bi funtsen bidez: Udalkutxan eskuragarri dauden baliabideak % 56tik % 39,29ra pasatuko dira eta Gizarte Zerbitzuen Funtsean % 0,37ra. Hartara, 2022an Bizkaiko udalek 937,4 milioi euro jasoko dituzte Udalkutxatik eta 8,8 milioi euro Gizarte Zerbitzuen Funtsetatik.

Aurrekontu egonkortasunaren eta finantza jasangarritasunaren arloan, 2022ko ekitaldirako zerga arauek etenda jarraituko dute, 2020ko eta 2021eko ekitaldietan bezala. Halaber, Foru Aldundiko eta Bizkaiko udalerrietako ordezkariak bat etorri dira orain eta etorkizunean egin beharreko gastuetan zuhurrak eta arduratsuak izaten jarraitu beharrarekin, eta finantza jasangarritasunaren printzipioa zorrotz bete beharrarekin.

Finantzen Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia eta finantza jarduera eta aurrekontu jarduera zaindu ere. Hamar kide daude: bost Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak dira eta gainerako bostak EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkariak dira (Bilboko Udala, Fruizko Udala, Larrabetzuko Udala, Plentziako Udala eta Portugaleteko Udala).

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseilua urtean bi aldiz biltzen da gutxienez,  Finantzen Euskal Kontseiluaren ostean, eta Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Udal finantzaketa Bizkaiko Lurralde Historikoan modu egokian banatzen dela bermatzen du.

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF), Gipuzkoako udalen finantzaketarako mekanismo nagusiak, 553 milioi euroko zuzkidura izango du 2021 urtean, aurreikusitakoa baino 55 milioi euro gehiago, betiere urte amaierako aurreikuspenak betetzen badira. Honela, funts honek inoiz baliabide kopururik handiena izango da.

Datu horien berri eman zitzaien EUDELeko ordezkariei elkartu ziren urriaren 18an egin zen Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan. Bertan izan ziren, lurraldeko udalen ordezkariak: Ane Beitia Elgoibarko alkatea; Izaro Elorza Oñatiko alkatea; Jon Iraola Eibarko alkateak; Gurutze Etxezabal Orexako zinegotzia; eta Jaime Domínguez-Macaya Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkaria.

Topaketan parte hartu zuten, Foru Aldundia ordezkatzen, Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak; Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatuak; Rafaela Romero, Mugikortasun eta Ingurumeneko foru diputatuak; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendariak.

Ondorioz, UFFFak 553 milioi euro izango ditu 2021ean, eta 568 milioi euro 2022an. Azkenik, bileran Aldundiak udalei jakinarazi die beraiekin partekatuko duela 2022 urterako Gipuzkoari dagokion defizit muga. Hau da, Gipuzkoak erabilgarri dituen 53 milioi horietatik, %40 udalei utziko zaizkie (21 milioi).

 

Datuak udalen arabera (2021ko foru funtsaren aurrelikidazioa)

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak gaur goizean Vitoria-Gasteizen egin duen bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru aldundiek eta Udalek 2021eko ekitaldirako zerga itunduen ondoriozko diru-bilketaren likidazioaren aurreikuspenak onartu dute, 15.580 milioi euro, hau da, 2021eko aurrekontuan aurreikusitakoa baino % 9,3 gehiago.

Espero da zerga itunduen ondoriozko diru-bilketa bat etortzea 2022rako aurreikusitako susperraldi ekonomikoarekin. Hartara, zenbatetsi da Foru Aldundiek zerga itunduen ondorioz guztira 16.290 milioi euro biltzea 2022an, hau da, 2021erako aurreikusitako itxierako diru-bilketa baino % 4,6 gehiago.

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari buruzko informazio osoa ikusi

Bileraren ondoren, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek gogora ekarri du Udal Finantzaketarako Foru Funtsetako datu zehatzak eta udal bakoitzaren kontura emango diren kopuruak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen bileretan emango direla argitara, datorren astean.

EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, tokiko erakundeek baliabide gehiago izango dituzte datorren urtean, eta “hori albiste ona da udalerrientzat”.

Gorka Urtaranek baloratu duenez, egungo egoera, hein handi batean, Euskadiko Udalen kudeaketa eraginkorraren ondorio da; “sentsibilitate handiz eta, aldi berean, zorroztasun handiz jokatu dugu, eta horrek aukera emango digu funts hauen erabileran eragile aktibo izateko, gainerako erakundeekiko lankidetzatik, herrialdearen erronka handiei erantzuteko.

Elkarteburuak gaineratu duenez, zorroztasunaz gain, “oso garrantzitsua da herritarren beharrekin enpatia izatea, eta hori da gure zeregin garrantzitsua gizartetik hurbilen dauden erakundeak garen heinean”.

Udalen ordezkariak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartzen dute EUDELek, Euskadiko udalen ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.

Udalerrien ordezkariak hauek dira:

  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELen elkarteburua)
  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (elkarteburuordea)
  • Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (Batzorde Eragileko kidea)
  • ‘Jaso nahiko genukeena eskaintzea’ kanpainak abenduaren 18ra arte iraungo du, Migratzaileen Nazioarteko Egunera arte, eta, kanpainari amaiera emateko, erakunde-ekitaldia egingo da

2021/10/15

Migraziorako Euskadiko Itun Sozialak bere ekintza-eremua zabaldu eta toki-mailara hedatu da, udaletara. Eusko Jaurlaritza atxikipen-kanpainarekin hasi da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien artean, “Euskadin demagogia populistari aurre egiteko diskurtso partekatua eta batasuneko irudia finkatzeko”, esan du Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak.

Legarretak berak sinatu duen gutun bat bidali zaie Euskadiko alkate guztiei eta, haren bidez, udalak Migraziorako Euskadiko Itun Sozialari atxikitzeko gonbita egiten die. Proposamena da dokumentua dagokion udalaren osoko bilkuran aurkeztu eta onartzea.

BIDEO/AUDIO Adierazpenak (Artolazabal, Urtaran)

Proposatutako dokumentuak honako hau dakar: “Xenofobiaren edozein erabilera populistaren aurrean, konpromisoa hartzen dugu gehiengo demokratikoaren pisua eraginkorra izateko batasunari eusteko”.

Atxikipen-kanpainaren lema Jaso nahiko genukeena eskaintzea da, eta kanpainak berak abenduaren 18ra arte iraungo du, Migratzaileen Nazioarteko Egunera arte. Kanpainari amaiera emateko, erakunde-ekitaldi bat izango da eta, hartan, atxikitzen diren gobernu guztiei egingo zaie aintzatespena. Era berean, toki-ordezkariei zenbait ekimen eta  jardunbide egokien gida bat emango zaizkie, 2022an zehar Migraziorako Euskadiko Itun Sozialaren edukia beren elkarte eta erakundeen eta egokitzat jotzen dituzten toki-taldeen artean zabaldu ahal izateko.

Elkarlana EUDELekin

Lan-lerro horretan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, asteon, Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuarekin eta Vitoria-Gasteizko alkatearekin izan du topaketa bat, eta udalei bidalitako gutuna eman dio, eskura.

Artolazabalek Urtarani azaldu dio bere Sailaren helburua honako hau dela: “itun hau Euskadiko udalerri guztietara iristea, haien udalen atxikipenaren bidez, Euskadi solidarioagoa eta erosoagoa izateko urratsak ematen jarraitzeko”. Sailburuak, era berean, honako hau esan du: “Migratzaileek Euskadin beren bizi-proiektuak errealitate egin ahal izatea nahi dugu”. Eta, gogorarazi duenez: “milaka euskal herritarrek ere babesa eskatu behar izan zuten beste nazio batzuetan, 1936ko Gerra Zibilaren ondoren, eta Euskadik, gaur egun, asilorako eta harrerarako lurralde solidarioa izan nahi du”.

Bestalde, Urtaranek ekimen horri ahalik eta udalerri gehien atxikitzeko erakunde-elkarlanaren balioa nabarmendu du: “EUDELetik euskal udal guztiak animatzen ditugu Migraziorako Itun Sozial hau sinatzera”. Gorka Urtaranek nabarmendu du “Euskadiko gizartea plurala eta askotarikoa” dela, eta, beraz, “aniztasuna zentzuz kudeatu” behar dugula, “aniztasunaren kulturatik abiatuta, gure gizarte-kohesioa eta ongizatea bermatzeko, eta garapen ekonomiko jasangarriaren aldeko apustua egiteko”.

Migraziorako Euskadiko Itun Soziala

Xabier Legarretaren gutunean jasotzen den bezala, Migraziorako Euskadiko Itun Soziala aurreko legegintzaldietan eginiko parte hartzeko lanaz elikatu da. Iñigo Urkullu Lehendakariak berak aurkeztu zuen dokumentua 2019ko azaroaren 30ean, Euskadiko gizarteko instituzio- eta erakunde-ordezkaritza zabalarekin.

Migraziorako Euskadiko Itun Sozialak aniztasuna, elkartasuna eta beharrizana ditu abiapuntu, migratzaileen prebentziozko arreta humanitarioan konpromisoa hartzeko, nagusiki kalteberatasun-egoeran daudenen kasuan, besteak beste bakarrik dauden emakumeen edo ardurapean adingabeak dituztenen eta giza eskubideen indarkeriaren biktima direnen kasuan.

Ituna sei hizkuntzatara dago itzulita (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiera eta errumaniera), eta Eusko Jaurlaritzaren https://labur.eus/5iLS7 webgunean dago eskuragarri, pertsona eta erakundeen atxikipenak lortzeko.