EUDEL Euskaldiko Udalen Elkartearen hausnarketa honakoari buruz: Estatuaren Kanpo Zerbitzu eta Ekintzarako Legeari buruzko aurreproiektua (LASEE).
Aurten, zuzendaritzako karguetarako prestakuntza-programa bereziak kudeaketa ekonomiko zein finantzarioa eta pertsonen zuzendaritza nahiz kudeaketa izango ditu helburu nagusi. Horrekin batera, gainera, EUDELek eta HAEEk harreman eta trukeetarako sare honen bigarren edizioa ere dinamiatuko dute berriro, parte-hartzaileen artean eskari handia izan du-eta.
Bilbon, 2013ko apirilaren 29an. Gaur goizean, EUDELek Bilbon daukan egoitzan aurkeztu da Tokiko Zuzendaritza Publikoaren Euskal Sareko Aldizkari Digitalaren II. edizioa. Komunikaziorako tresna horren bitartez, tokiko euskal erakundeetako zuzendaritzako langile guztien arteko harreman eta topaketarako foroa suspertuko da berriro. Gaur egun, ehunetik gora parte-hartzaile ditu sareak, zuzendari profesionalak, arloetako zuzendariak eta udaletako langile funtzionarioen taldeko beste goi-kargu batzuk kontuan hartuta.
EUDELeko Ibon Uribe Galdakaoko alkateak eta Maite Iruretagoiena HAEEko zuzendariak sarearen bigarren edizio honen aurkezpen ofiziala egin dute. Ibon Uriberen esanetan, sareak oso balio handia dauka, azken urteotan gero eta zeresan handiagoa daukan kudeaketa publikoko zuzendari berriak profesionalizatzeko orduan:
“Gure erakundeetako giza kapitala funtsezkoa da berrikuntza eta lehiakortasunaren hobekuntza sustatzeko orduan. Beraz, bere talentua, esperientzia eta profesionalizazioa bultzatzea gure bidaiae-orria izan behar da, elkarren artean harremana duten udal “sustatzaileak” eduki nahi izanez gero. Une honetan, krisi ekonomiko larri hau nagusi denean, hain zuzen ere, tokiko gobernuok etorkizuneko erronka handiari aurre egin behar izango diogu”.
Alde horretatik, sareko aldizkari elektronikoak Tokiko Zuzendaritza Publikoaren Euskal Sarea osatzen duten pertsona guztien ekarpenak, iritziak eta lankidetza hartuko ditu kontuan. Izan ere, oso tresna erabilgarria da, tokian tokiko gobernuetako zuzendaritza eta kudeaketa publikoa nola dauden jakiteko.
Hori dela eta, langile publiko guztientzat oso interesgarria eta gaurkotasun handikoa den aztergaia eta eztabaidagaia aukeratu da sarearen II. edizioaren aurkezpen honetarako: “Tokian tokiko eraldaketa: antolaeran, zuzendaritza publikoan eta tokian tokiko enplegu publikoan izango dituen eraginak”. Rafael Jiménez Asensiok, aholkulari instituzional eta tokian tokiko politikako adituak, egin du agerraldia.
Sarearen helburuak
– Euskadiko udaletako zuzendarien sareko lana, taldea bultzatzea.
– Parte-hartzaileen arteko komunikazio-loturak sortzea.
– Informazioa eta esperientziak trukatzeko eremu egonkorra sustatzea.
– Behar besteko bideak eskaintzea, tokian tokiko zuzendaritza publikoaren arazoak gizarteratzeko eta irtenbide bateratuak bilatzeko.
Geure tokian tokiko erakundeak indartzea eta tokian tokiko gobernuari aldaketara egokitzen laguntzea da azken helburua, herritarrei zerbitzu hobeak eman ahal izateko.
Prestakuntzaren osagarria
Aurten, EUDEL-HAEE prestakuntza-eskaintzaren barruan, bi programa berezi berri jarri dira abian kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren eta Euskadiko udaletako zuzendaritzako karguetako pertsonen zuzendaritza eta kudeaketaren arloan.
Tokiko Zuzendaritza Publikoaren ibilbideak EUDEL-HAEEko prestakuntza-planaren barruan daude kokatuta 2008. urteaz geroztik, eta, abian jarri zirenetik, 150etik gora lagunek parte hartu dute bertan.
Batzorde Eragileak atzo, apirilaren 17an (osteguna), egindako bileran berretsia izan ostean, otsailaren 15ean Ministroen Kontseiluak jakinarazitako Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasun Legearen (TAAIL) Aurreproiektuari buruz EUDELek egin duen balorazio tekniko-juridikoa gaur goizean bidali zaie Euskadiko udal guztiei.
Hain zuzen ere, gaur, Aurreproiektuari buruzko jardunaldi bat egiten ari da Bilboko EUDELen egoitzan, Bizkaiko Idazkari, Kontu-hartzaile eta Diruzainen Elkargo Ofizialak antolatuta, EUDELen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzarekin, udaletako teknikariei zuzendutako informazio-saio hori irekitzeaz.
Jardunaldi tekniko honen aurrekaria otsailaren 21ean EUDELek deitutako saioa da. Saio hura alkateei eta udaletako kargu politikoei zegoen zuzenduta, eta helburua zen Ministroen Kontseiluak astebete lehenago jakinarazitako Aurreproiektuaren edukiari buruzko lehenengo balorazioa ahalik eta arinen eskaintzea. Saio hartan, EUDELek Euskadiko udalen jarrera instituzionalaren funtsezko ardatzak aurreratu zituen, erreforma-eredu horri dagokionez.
Gaur goizean, EUDELen Batzorde Eragileak, 15 kidek osatuta, Lehendakaritzara egin du bisitaldia, aurkezpen ofiziala egiteko Lehendakari eta Eusko Jaurlaritzako arduradun gorengoaren aurrean, legegintzaldia hasi berria duenean.
Erakundeen arteko topaketa honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du parte Eusko Jaurlaritzaren aldetik. EUDEL ordezkatuz, berriz, Ibone Bengoetxea Elkarteburua eta José Antonio Santano Elkarteburuorde eta Irungo Alkatea egon dira, Elkartearen Batzorde Eragilearen kideekin eta zuzendari nagusiarekin batera.
EUDELen Batzorde Eragileak Euskadiko udalerrientzat lehentasunezko interesa duten gaiak jakinarazi dizkio Lehendakariari. Euskadiko egungo udalgintzaren egoera aztertu ondoren, EUDELek Euskadiko udalek egungo egoera ekonomikoan, politikoan eta sozialean dituzten mehatxuak eta aukerak aipatu ditu.
BILERAREN GAIAK
> ERRONKAK:
- Egoera ekonomikoak eta ekarpenen murrizketak Euskadiko udaletan izandako eragina; eskumeneko zerbitzuak gauzatzeko zailtasunak, finantziazio nahikorik gabe edo eurenak ez diren eskumenei erantzun beharra.
- Tokiko Administrazioaren Arrazionalizazioaren eta Iraunkortasunaren Legearen (TAAIL) aurreproiektua eta Euskadiko erakundeek komunean duten kezka, aipatutako erreformak kontuan har ditzan Euskadiko udalerriek aintzatetsirik duten euskal erakundeen arkitekturaren bereizgarritasuna eta erdietsitako tokiko autonomia, bai eta emandako zerbitzuen kalitatea ere.
> AUKERAK:
- Adostasun politiko eta instituzionala duen Udal Legea gauzatzea, udal eskumenak zehaztu eta Euskadiko erakundeen arkitektura burutzeko. Hori guztiori Eusko Legebiltzarreko apirilaren 11ko osoko bilkurako hitzarmen berriari jarraiki; horren arabera, 12 hilabeteko epea ezarri da, Eusko Jaurlaritzak Lege proiektua ganberara eraman dezan.
- EUDEL, euskal udalgintza egituratzeko ardatz gisa, kohesioa duen herrialde eredu baten inguruan. Tokiko Gobernuen Elkarte gisa, 30 urtetik gorako ibilbidea egin duen Euskadiko udalen ordezkari eta bozeramaile.
JORDI JOLYK BARTZELONAKO ETA SAN CUGAT DEL VALLÉSKO ESPERIENTZIAK EKARRIKO DITU GARDENTASUNAREN ALDEKO SARERA
Asteazkenean, maiatzak 8, EUDELek honako tailerra eskainiko du, Jordi Joly adituaren eskutik:“Udal kudeaketaren eraginkortasunaren eta efizientziaren Gardentasuna”.
Gaur egun, Joly Ekonomiako eta Sustapen Ekonomikoko gerentea da Bartzelonako Udalean, eta Ekonomia eta Antolakuntzako alkateordea izan zen Sant Cugateko Udalean.
Topaketa euskadiko udaletako ordezkari politiko eta kargu teknikoei zuzenduta dago, eta EUDELen ekitaldi aretoan (Ercilla kalea 13, Bilbao) egingo da, goizeko 10:30etik 12:00etara.
*Bertaratzeko inportantea da baieztatzea: udaltransparencia@eudel.net
Tailerra Gardentasunaren Aldeko euskadiko udalen Sareak garatzen duen lanaren testuinguruan sartzen da. Sarea 2013ko urtarrilaren 30ean sortu zen.
*Sareko kide diren udalentzako lan-saioan – Jordi Jolyren hitzaldiaren ostean -, proiektu-fasean dauden bi agirien zirriborroak aurkeztuko dira, baliozkotzeko:
- Udal Gardentasunaren arloko PRAKTIKA ONAK biltzen dituen gidaliburua.
- Udal gardenagoa lortzeko eman beharreko urratsak jasotzen dituen BIDAIA-ORRIA.
Datorren apirilaren 25ean eta 26an, Lasarte-Oriako Kultur Etxean, 2013 UDALTOP Udaletako Euskara-Zerbitzuetako 5. Topaketa izango da, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Lasarte-Oriako Udala eta EUDELek antolatuta.
Urteroko topaketa horien asmoa da Euskal Herriko udaletako euskara-zerbitzuetako teknikariak biltzea eta herri-erakundeetatik euskararen erabilera soziala bultzatzeko daramagun politikaz hausnartzea eta eztabaidatzea.
Aurtengo topaketetarako planteatzen den galdera honakoa da: “Nola aktibatu herritarrak udalarekin euskaraz jarduteko? Zer eta nola egin, euskaraz ikus gaitzaten?”
Eskatu nahi da, ahal den neurrian, udalean euskara-teknikaririk edo antzeko arduradunik balego berau animatzea eta 2013 UDALTOP Topaketetan matrikulatu dadin bultzatzea, merezi du eta.
Bertara joan daitezen animatzen ditugu udaletako ordezkari politikoak ere. Aurtengo gaia bereziki interesgarria da beraientzat, hizkuntza-normalizazioaren gaia perspektiba globaletik garatzen lagundu diezaieke eta.
Informazio gehiago hemen: www.udaltop.com
EUDELek eta IVAPek Giza Baliabideen arloko zuzendari eta teknikarientzako programa berri bat abiaraziko dute maiatzaren 10ean (edizio bat, Bizkaian, eta beste bat, Gipuzkoan).
Aurrekontu neurrizkotasuna bizi dugun garai honetan, EUDELek eta IVAPek beharrezkotzat jo du udaletako langileak bideratu eta kudeatzeko prestakuntzan inbertitzea, lehiakortasuna hobetzeko eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz.
Euskadiko tokiko gobernuetako unitateen profesionaltasuna eta eraginkortasuna indartzeko landuko diren esparruak honakoak izango dira, besteak beste:
- Giza Baliabideen arduradunen eskumenak
- Enplegu publikoaren dimentsio etiko eta antolatzailea
- Plangintza
- Enplegu publikora sartzeko arazoak…
Izena emateko azken eguna 2013ko apirilaren 26a da.
EUDELek udaletan Herritarren Arretarako Zerbitzua ezartzeko oinarrizko hamar gomendio biltzen dituen dekalogo bat prestatu du, Udal Foroan eginiko gogoetetan eta esperientzia- zein iritzi-trukean oinarrituta, eta Tokiko Berrikuntza Agendaren (TBA) esparruaren barruan.
Zerbitzu hau ezartzeko prozesua hasteko gomendio horietako bi hauek dira: Udalaren beraren administrazio-prozeduren eskuliburua edukitzea eta berariazko konpromiso politiko bat izatea.
Herritarren arretarako zerbitzuak herritarrak administraziora iristea eta harekin komunikatzea eta harremanetan egotea erosotasunez gerta dadin errazteko prestatzen dira. Udal zerbitzu gehienak era integratuan eskaintzen saiatzen dira, zerbitzu horiek esku-hartze tekniko espezializatua behar ez dutenean, aurrez aurreko, telefonozko edo telematikazko bideak erabiliz.
Herritarren Arretarako Zerbitzuen (HAZ) Udal Foroa 2012ko maiatzean sortu zen, eta 14 udalerrik parte hartzen dute bertan; gaur egun, herritarren arretarako zerbitzua dute 14 udal horietan. EUDELek sustatutako udalen arteko sare honi esker, esperientziak eta praktika onak trukatzen dira udalerrien artean.
