Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

EUDELek eta EEEk jardunaldia antolatu dute, udal eta mankomunitateei EAEko tokiko erakundeek eskura dituzten energiaren alorreko laguntza programen hasieraren berri emateko.

Saioa ekainaren 19an (asteazkena) izan zen Eudelen Bilboko egoitzan. Helburua tokiko ekintzak proposatzea zen, hainbat esparrutan: energiaren aurrezte eta eraginkortasuna, energia berriztagarriak, energia zerbitzuetako enpresak eta bestelako laguntza motak, adibidez, garraio eta mugikortasun eraginkorra sustatzeko.

Euskadiko udalerriek ibilbide luze eta garrantzitsua dute energiaren alorrean, bai plangintza energetikoari buruzko Europar Batzordearen Alkateen Ituna sinatu dutenek, bai klima aldaketarekin eta energiarekin lotutako etengabeko ekintza-lerroak dituzten Tokiko Agendek.

Laguntza-programari buruzko informazio gehiago:

EEErekin harremanetan jartzeko:
Tel.:  944 035 600
Bizkaia plaza eraikina
Urkixo zumarkalea 36 – 1.a
48011 BILBAO

2013ko ekainaren 19ko jardunaldiaren programa
EEE eta EUDEL
Lekua: Eudelen areto nagusia (Ercilla 13 – Bilbao)

12:00 – Aurkezpena
12:15 – Tokiko Erakundeetako Eraginkortasun Energetikorako Laguntzen Programa
12:35 – Energia Berriztagarriei buruzko Tokiko Inbertsioetarako Laguntzen Programa
12:55 – Zerbitzu Energetikoen Enpresen (ZEE) tokiko kontratazioaren bidezko Laguntza Programa
13:15 – Laguntzarako beste Programa batzuk.
13:30 – Zerbitzu Energetikoen Enpresen Biltzarra (2013ko urriaren 1a eta 2a)

Dokumentuak jaisteko:

EUDELEN BATZORDE ERAGILEKO UDALERRIAK IZANGO DIRA JOKABIDE KODEA APLIKATUKO DUTEN LEHENAK

Ekimena Eudelek eta Europako Batzordeak koordinatutako programa pilotu batekin abiaraziko da

EUDELen Batzorde Eragilea osatzen duten 15 udalerriak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Tokiko Politikaren Kalitate Instituzionalerako Konpromiso, Jokabide eta Gobernu Onerako Kodea aplikatzen lehenak. Aipatutako kodea joan den maiatzaren 24an Iruña Okan (Araba) izandako 2013ko Batzarrean aurkeztu zen Euskadiko udalerri guztien aurrean.

Kodea ezarri, jarraipena egin eta ebaluatzeko proiektua zehazteko, EUDELek Europako Batzordearen abala eta lankidetza dauka; izan ere, erakunde horren gobernu onerako eta demokraziaren kalitaterako helburuak bat datoz Euskadiko udalerrien ekimenarekin. Euskadiko kodea aurrekaririk gabeko proiektua da Europako esparruan: alde batetik, tokiko hautetsiek duten konpromiso eta eskakizun mailagatik; eta, bestetik, daukan udalgintza-izaera nabarmenagatik.

Jokabide Kodearen ezarpena /
Programa pilotuko udalerriak:

ARABA: Amurrio, Arraia-Maeztu, Iruña Oka/Iruña de Oca, Laguardia, Vitoria-Gasteiz (2. elkarteburordea).
BIZKAIA: Bilbao (elkarteburua), Basauri, Durango, Ermua, Galdakao, Portugalete, Santurtzi.
GIPUZKOA: Elgoibar, Hondarribia, Irun (1. elkarteburuordea).

 

Basqueskolak 2013ko ikastaroetan izena emateko epea ireki du; ikastaroak iraila eta abendua bitartean emango dira, eta Euskadiko tokiko emakumezko hautetsiei daude zuzenduta.

2013ko trebakuntza-eskaintzak urrats bat gehiago eman du estrategiak eta baliabideak garatzeko orduan, eta, modu horretan, emakumezko alkate eta zinegotziek tokian tokiko kudeaketari egin ahal izango diote aurre eta berdintasuna ezarri ahal izango dute euren udalerrietan.

Parte hartzeko ariketa praktikoetan, coaching eta hausnarketa tekniketan eta talde-eztabaidan oinarritutako aurreko urteko metodologiari jarraiki, honako gaiak jorratuko dira:

  • Coaching-a eta komunikazioa: “Generoaren lidergoa” ikastaroa.
  • Coaching-a eta komunikazioa: “Jendaurrean hitz egiteko teknikak“ ikastaroa (euskaraz).
  • Ateneoa: “Eraikitzen dizkiguten rolak: emakumezkoen identitatea eta erantzukizun politikoa” tailerra.
  • Berbetan:  “Politikagintza aldapa gora egiten denean II: karguan aritzeko gakoak” tailerra.

IZEN-EMATEA ETA KONTAKTUA:

Ikastaroetan parte hartu ahal izateko, izena emateko inprimakia bete eta basqueskola@eudel.net helbide elektronikora bidali behar da.

Datorren ekainaren 28an, Eudelen Bilboko egoitzan, Basqueskolako urteko azken hiruhilerako ikastaroen programa berria aurkeztuko da, “Emakumeen arteko aliantzak eta itunak: beste politika beterantz” jardunaldiaren markoan.

Saioan, Ibone Bengoetxeak, Eudelen elkarteburuak, eta Izaskun Landaidak, Emakunderen zuzendariak, hartuko dute parte, eta berdintasunean adituak diren bi hizlari ere izango dira: Marcela Lagarde, antropologo eta soziologo mexikarra, eta Sara Berbel, psikologia sozialean aditua den doktore katalana.

Zergatik dira beharrezkoak emakumeen arteko itunak, zein da horien helburua eta nola egituratzen dira tokiko politikan izango dira bereziki Euskadiko emakumezko alkate eta zinegotzientzat zuzendutako jardunaldian jorratuko diren gaietako batzuk.

Gune hau balantze positiboaz abian jarri eta urtebetera, Virginia Woolf Basqueskolak Euskadiko emakumezko hautetsien prestakuntza eta sareko lana zabaltzen eta dibertsifikatzen jarraitzen du. Eskolak lotura estua dauka Europako beste herrialde batzuetako hautetsien sareekin, hain zuzen ere, Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) bitartez.

Ekainaren 28ko (ostirala) jardunaldiak sarrera librea izango du, eta 11:00etatik 13:00etara bitartean izango da, Eudelek Bilbon duen egoitzan (Ercilla kalea 13).

Dohainik da jardunaldian parte hartzea, baina ekainaren 14a baino lehen erreserbatu behar da honako helbide elektronikoan: basqueskola@eudel.net

*Tokiko hautetsiek lehentasuna izango dute izen-ematean.

IZEN-EMATEA: basqueskola@eudel.net

 

JARDUNALDIAREN EGITARAUA

Eguna: ekainak 28 (ostirala)
Ordua: 11:00 – 13:00
Lekua: EUDEL Bilbao (Ercilla kalea 13)
Programa:
• 11:00. Basqueskola: 2013ko helburuak
Ibone Bengoetxea. EUDELen elkarteburua
Izaskun Landaida. Emakunderen zuzendaria
• 11:30. “Kristalezko sabaia apurtzen duten emakumeak”
Sara Berbel. Psikologia sozialean doktorea
• 12:15. “Emakumeen arteko itunak udal politikan”
Marcela Lagarde. Antropologoa eta soziologoa.
• 13:00. Solasaldia eta amaiera
IREKIA, baina asistentzia konfirmatu behar da. IZENA EMATEKO azken eguna ekainaren 14a da.

Ostiralean, 2013ko maiatzaren 24an, EUDELek ohiko Batzar Nagusia egin zuen Iruña Oka/Iruña de Ocan (Araba). Topaketa horretan, urtean behin biltzen dira Euskadiko udaletako alkate jaun-andreak.

Lan-saioa 10:30ean hasi eta 13:30ean amaitu zen, eta EUDELen elkarteburu Ibone Bengoetxeak eta Irungo alkate Jose Antonio Santanok zuzendu zuten. Era berean, ekitaldian udalerri antolatzaileko alkate Jose Javier Martínezek eta Ermuko alkate Carlos Totorikak hartu zuten parte; azken horrek elkartearen 2012ko aurrekontuaren likidazioa eta 2013rako aurrekontua aurkeztu zituen.

Ohikoa denez, saioak bi zati izan zituen. Lehenengoan, Eguneko Aztergaien Zerrendako gaiak landu ziren; gai horien artean, nabarmentzekoa da aurrekontuen aurkezpena. Lehenengo zatia ixteko, EUDELen elkarteburuak hitzaldia eskaini zuen.

Euskadiko udalerrien mehatxu, indargune eta aukerak

Elkarteburuak tokiko gobernuentzat une honetan lehentasunezkoak diren gaurkotasunezko zenbait gai izan zituen hizpide. Udalerrien egoeraren diagnosi baten bitartez egituratu zuen hitzaldia, honako ataletan oinarrituta:

  • Mehatxuak: krisi ekonomikoa eta Tokiko Administrazioaren Erreforma (ARSAL).
  • Indarguneak: EUDELen lan instituzionala eta ekintzen estrategia berria Berrikuntza, Gardentasuna eta sareko lana udalekin egitasmoan.
  • Aukerak: Udal Legea eta lotura Europarekin (CMRE eta CPLRE)

Jokabide Kodea

Batzarraren bigarren zatian, EUDELen Batzorde Eragileak gobernantza etikoaren eta erakunde kalitatearen esparruan Euskadiko udalentzat garrantzi handikoa den proposamen bat aurkeztu zien bildutako alkateei: “Euskal Autonomia Erkidegoko Tokiko Politikaren Kalitate Instituzionalerako Konpromiso, Jokabide eta Gobernu Onerako Kodea”. Elkarteburuak eta elkarteburuordeak Kodea aurkeztu zuten bertaratutakoen aurrean, testuaren idazketan parte hartu duten alkateen laguntzarekin.

Ekimen honek Europako Batzordearen babesa jaso du; izan ere, gobernantza demokratikoaren eta tokiko eta Europako eskualdeetako gobernuetan kode etikoak bultzatzearen esparruko 2013-2016 estrategiarekin bat dator.  Erakunde horren bi ordezkarik hartu zuten parte Batzarrean, EUDELekin Kodearen ezarpena, jarraipena eta ebaluazioa egiteko lankidetza aurkezteko.

Kodearen testua alkateen batzorde ordezkari batek 6 hilabetean baino gehiagoan egindako lanaren emaitza da, eta horren edukia gaian adituak diren hainbat pertsonak egiaztatu dute, besteak beste, Rafael Jiménez Asensio aholkulariak eta Transparencia Internacional erakundeko Manuel Villoriak.
Kodea programa pilotu baten bitartez hasiko da aplikatzen EUDELen Batzorde Eragilea osatzen duten 15 udalerrietan.

  • ARABA: Amurrio, Arraia-Maeztu, Iruña Oka/Iruña de Oca, Laguardia, Vitoria-Gasteiz (2. elkarteburordea).
  • BIZKAIA: Bilbao (elkarteburua), Basauri, Durango, Ermua, Galdakao, Portugalete, Santurtzi.
  • GIPUZKOA: Elgoibar, Hondarribia, Irun (1. elkarteburuordea).

Europako Batzordeko laguntzaileen ordezkariak

  • Manuel Lezertua. Europako Toki eta Eskualde Botereen Kongresuaren zuzendaria (CPLRE).
  • Alina Tatarenko. Tokiko Administrazioaren Erreformako Esperientzia Zentroaren zuzendariondokoa

 

Maiatzaren 27an, astelehenez, EUDELeko ordezkaritza batek, Ibone Bengoetxea elkarteburua eta Jose Antonio Santano elkarteburuorde eta Irungo Alkatea buru zirelarik, bilera egin zuen Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarekin, elkarren intereseko hainbat alderdi aztertzeko.

Herri Administrazio eta Justizia Sailaren aldetik, honako hauek ere bertaratu ziren: Erakunde Harremanetarako sailburuorde Peru Bazako, Toki Administrazioekiko eta Administrazio Erregistroekiko Harremanetarako zuzendari Elixabete Etxanobe eta Herri Administrazio eta Justizia Saileko kabineteburu Tatiana González.

EUDELeko lantaldearen ordezkari gisa, Manuel Uriarte Vitoria-Gasteizko zinegotzia  eta Mar Zabala EUDELeko zuzendari orokorra ere izan ziren bileran.

Herri Administrazio eta Justizia Sailaren eta EUDEL Elkartearen arteko topaketan, elkarren intereseko hainbat gai jorratu zituzten. Besteak beste:

  • Legegintzaldi honetan Euskadiko Udalen Legearen Aurreproiektua egiteko aurretiazko lanen prestaketa.
  • Espainiako Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko Legearen Aurreproiektuaren ondorioak.
  • Legebiltzarrean EUDELi aitorpen instituzionala ematea.

EUDELek irmo gaitzesten du Laudioko (Araba) gaztearen hilketa, indarkeria matxistaren biktima. Era berean, gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta lagunei; era berean, gertatutakoa azkar argitzea espero du, eta bat egiten du udalek zein erakundeek deitu ditzaketen elkarretaratze eta ekintza guztiekin.

Bilbon, 2013ko maiatzak 23.